EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015241

226/2015 DEKRETUA, abenduaren 15ekoa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Xedapenaren zenbakia: 201500226
Xedapenaren data: 2015-12-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201505313
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: irudiak eta soinuak sortzea eta transmititzea da eta, zuzen-zuzenean edo aldez aurretik grabaturik, emisio erradioelektrikoen, uhinen edo kableen bidez transmititzea, herritar guztiei helarazteko, helburua informazioa, kultura, artea, aisialdia, mezu komertzialak eta publizitatea zabaltzea izanik, bai eta hezkuntza sistemei laguntzeko bitartekoa izatea ere, euskal kultura eta, batik bat, Euskara sustatzeko eta garatzeko.
Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoak, 2015eko azaroaren 11ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala zortziehun eta berrogeita hamar mila euro eta hogeita hamaika zentimo (850.000,31) gehitzea; eta, horretarako, sei koma zero bat (6,01) euroko balio nominala duten ehun eta berrogeita bat mila laurehun eta hogeita hamaika (141.431) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 7.781.507tik 7.922.937ra zenbakituak, biak barne.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.
Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari atxikita dago.
Horren ondorioz, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 15ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, zortziehun eta berrogeita hamar mila euro eta hogeita hamaika zentimotan (850.000,31); eta, horretarako, sei koma zero bat (6,01) euroko balio nominala duten ehun eta berrogeita bat mila laurehun eta hogeita hamaika (141.431) akzio berri jaulkitzeko.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza izango du: 47.616.851,37 eurokoa, 7.922.937 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 6,01 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 15ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.