EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015241

AGINDUA, 2015eko azaroaren 30ekoa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Euskal Herriko mendiko zaldiaren arautegia onartzekoa.

Xedapenaren data: 2015-11-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201505312
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • 1999/08/16an argitaratutako 1999/07/21eko AGINDUA indargabetzen du [199903549]

Etxeko abereen dibertsitatea funtsezkoa da agrodibertsitaterako. Inguruneak nahiz gizakiak eragindako hautapen-prozesuetatik sortu dira arrazen arteko desberdintasun genetikoak. Etxeko abere-espezie eta -arrazen behar desberdinek, bai eta jokabide eta produktu desberdinek ere, ondorioak dituzte ekoizpen-ingurune bakoitzean. Denetariko ingurune horiek jasangarriak izango badira, denetariko mota genetikoak egon behar dute. Etxeko abereen dibertsitatea eboluzionatuz joan da 12.000 urte baino gehiagoan, gure ondarearen zati bat da, eta zutik eutsi behar diogu hurrengo belaunaldientzat.
1993ko Biologia Dibertsitatearen Konbentzioak lehenengo aldiz heldu zien biologia-dibertsitatearen alderdi guztiei; lehenengo aldiz aitortu zuen, halaber, biologia-dibertsitatea kontserbatzea gizaki guzien ardura dela eta garapen-prozesuaren zati integral bat dela.
Kontserbazioa eraginkorra izan dadin, besteak beste, bi zutabe behar ditu: lehenik, arrazak identifikatzea eta haien zerrenda egitea; eta, bigarrenik, haiek deskribatzea eta karakterizatzea, haien berezitasunak ezagutzeko eta etorkizunik aberatsena zein arrazatatik letorkeen jakiteko.
Gizarteak eta erakundeek urteak daramatzate Euskal Herriko arraza autoktonoen ondare genetikoaren alde egiten. 1999an egin zen, hain zuzen ere, Euskal Herriko mendiko zaldiaren arautegia. Ordutik hona gertatu diren arautegi-aldaketek beharrezkoa egin dute Genealogia Liburuaren egitura eta kudeaketa moldatzea.
Horiek horrela, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko mendiko zaldia arrazaren Genealogia Liburuko arautegia onartzea (Agindu honen I. eranskina da, eta II. eranskina da, berriz, Kalifikazio Orria).
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabetu egin da 1999ko uztailaren 21eko Agindua, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena, «Euskal Herriko mendiko zaldia» arrazaren arautegia onartzekoa.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 30a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
I. ERANSKINA
«EUSKAL HERRIKO MENDIKO ZALDIA» ARRAZAREN GENEALOGIA-LIBURUAREN ARAUTEGIA
Sarrera
Hemengo zaldiak ingurune jakin batera moldatzetik sortu zen «Euskal Herriko mendiko zaldia» arraza. Haragitarako erabili izan dira eta mardulak dira. Modu estentsiboan ustiatu dira, eta, beraz, landa-guneari oso loturik egon dira beti. Udan mendian bizi ohi dira, eta neguan larre eta urertzetara jaisten dira. Zaldi-taldeak urtean behin biltzen dira mendian, gobernatzeko. Naturak emandakotik bizi dira, osagarririk gabe, non eta ez den urtaro oso gogorretan edo ugaltzeko une jakinetan.
I. KAPITULUA
ARRAZA-PROTOTIPOA
1.– Definizioa.
Euskal Herriko mendiko zaldia" arrazakoak dira agindu honetako arraza-prototipoarekin bat datozenak.
2.– Barietateak.
Ez dago barietaterik "Euskal Herriko mendiko zaldia" arrazaren barruan.
3.– Ezaugarri morfologikoak.
3.1.– Orokorrak.
Arraza honetako zaldien egitura orokorra harmonikoa eta proportzionatua da. Tamainaz ertainak dira, txikirako joerarekin, itxura mardula eta landatarra. Euren gorpuzkera trinkoak haragitarako erabiltzea ekarri du: animalia eumetrikoak, lerro laburrekoak eta profil zuzen-subkonkabokoak dira.
3.1.1.– Ilajea: gaztainkara eta beilegia da, barietate guztietan, nahiz eta hein txikiagoan agertu ilaje beltza, muxika-kolorekoa, eta arre eta zuria. Hobetsiko dira ilaje gaztainkara eta beilegia. Ez da onartzen ilaje pintorik ez zuri-beltzik.
3.2.– Eskualdekoak edo espezifikoak.
3.2.1.– Burua zuzena edo subkonkaboa, oro har piramide-formakoa eta harmonikoa. Tamainaz ertaina eta proportzionatua. Badira buru handi samarrekoak ere, baina ez da eduki nahi den ezaugarria.
a) Kopeta zabala, laua edo apur bat konkaboa.
b) Masailezur sendoak eta iletsuak (batez ere neguan).
c) Sudurzulo zabalak eta ezpain lodiak. Kanpoko muki-mintzak ilunak.
d) Begi biziak eta adierazkorrak, orbita nabarmenekoak.
e) Belarri ertainak, oso mugikorrak eta adierazkorrak.
f) Ile gandor ugaria (batik bat garañoetan, begien gainera erortzen da).
3.2.2.– Lepoaren luzera ertaina, piramide-formakoa eta gihartsua, trinko-itxurakoa. Lotune onak ditu buruan eta enborrean.
Zurdak lepo guztia hartzen du, gurutzeraino; ugaria eta ertain-luzea da. Zurda soila nahiz zurda bikoitzak onartzen dira.
3.2.3.– Gurutzea ez da nabarmena.
3.2.4.– Lerro dortsolunbar zuzena eta gihartsua. Bizkarralde zabalak.
3.2.5.– Bular zabal eta gihartsua.
3.2.6.– Bizkarralde sendoa, enborrari ongi lotua.
3.2.7.– Torax handia, sakona, saihetsak ongi kakotuak.
3.2.8.– Buztan iletsua eta luzea, kuartillarainokoa.
3.2.9.– Enbor indartsu eta sendoa, upel-formakoa.
3.2.10.– Abdomen handia.
3.2.11.– Genitalak: barrabil garatuak eta jaitsiak. Errape ongi osatuak, ilunak.
3.2.12.– Gorputz-adarrak: egiturarekin proportzionatuak. Inoiz ez dira luzeak. Gihartsu eta mardulak. Hezurdura bikaina. Hazkoskorretako ile ez oso ugaria.
3.2.13.– Apo ertainak, txikirako joerarekin.
3.3.– Honako hauek dira arrazaren ezaugarri zoometriko nagusiak:
3.4.– Ezaugarri kanporatzaileak:
– Goiko edo beheko prognatismoa.
– Monorkidia.
– Anorkidia edo kriporkidia.
– Ilaje pintoa eta zuri-beltza.
3.5.– Akatsak. Akats morfologikoak dira:
– Buru handia.
– Hanka-jarrera akastunak (kuartillak motzegi edo luzeegi).
II. KAPITULUA
EUSKAL HERRIKO MENDIKO ZALDIEN KALIFIKAZIO MORFOLOGIKOA
Kalifikatzaile baimendunek egingo dute, kapitulu honen 2.1. puntuak dioenaren arabera.
1.– Animaliak identifikatzea.
Behar bezala identifikatuta egongo dira, eta espezie honen arautegiko elementuak edukiko dituzte:
a) Marka: Banakako marka elektronikoa (lepoko muskulubarneko transponderra).
b) Nortasun-agiria edo pasaportea.
c) Errenta- eta hazkuntza-erakundearen datu-baseko erregistroa, eta animalien banakako identifikazio-erregistroa.
d) Ustiapen Koadernoko erregistroa.
Inskribatzeko orduan, identifikatuta egon behar du Genealogia Liburuko edozein erregistrotan. Jaiotza-erregistroetan (JE eta JE-EOA), B Erregistro Osagarrian (EOB) eta Behin Betiko Erregistroan (BBE) inskribatzeko, ordezko nortasun-agiriarekin edo pasaportearekin identifikatzeak ez du balio.
2.– Kalifikazioa morfologikoa.
II. eranskineko kalifikazio-orria erabiliko da, eta, sinatu ondoren, kalifikazio-aktatzat balioko du.
2.1.– Baimendutako kalifikatzaileak:
– Genealogia Liburuko Batzordeak urteko ohiko bilkuran proposatuko ditu haren izenean kalifikazioa egiteko baimendutako pertsonak: Baimendutako kalifikatzaileak. Genealogia Liburua eramateko baimendutako erakundeko Batzorde Betearazleak izendatuko ditu, egoki irizten badio.
– Gutxienez kalifikatzaile bat izendatuko da Genealogia Liburua daraman elkartekoa den hazle-elkarte bakoitzeko, bigarren mailako erakunde batek daramanean.
– Baimendutako kalifikatzaile batek edo batzuek egin ahal dute animalien kalifikazioa.
2.2.– Ezaugarri kanporatzaileen ebaluazioa.
Ezingo da sartu genealogia-liburuko ezein erregistrotan, hauetakoren bat balego:
– Goiko edo beheko prognatismoa.
– Monorkidia.
– Anorkidia edo kriporkidia.
– Ilaje pintoa eta zuri-beltza.
2.3.– Kalifikazio morfologikoko ezaugarrien ebaluazioa.
1etik 10era kalifikatuko da 2.1 taulako ezaugarri bakoitza. Ezaugarri bakoitzaren balorazioa bider zaldiaren izaerari eta sexuari dagokion haztapen-koefizientea egingo da.
Ezaugarri bakoitzeko puntuen batura izango da kalifikazio morfologikoaren A Guztizkoa.
2.1 taula Euskal Herriko mendiko zaldiaren ezaugarri morfologikoen balorazioa.
Zaldiek 3 urte baino gehiago izan behar dituzte eta identifikatuta egon behar dute, kapitulu honen 1. atalari jarraituz.
3.– Kalifikatzea.
Ordenan gauzatuko dira jarduera hauek:
a) Banakako identifikazioa egiaztatzea.
b) Ezaugarri kanporatzailerik dagoen finkatzea.
c) Kalifikazio morfologikoa; puntuazio osoaren kalkulua.
d) Genealogia Liburuko erregistroan inskribatzea: puntuazio osoa 75 eta 70 edo gehiago bada (arra edo emea izan, hurrenez hurren).
e) Kalifikazio-akta betetzea eta sinatzea.
III. KAPITULUA
EUSKAL HERRIKO MENDIKO ZALDIAREN GENEALOGIA-LIBURUAREN EGITURA
Euskal Herriko mendiko zaldiaren Genealogia Liburuak ondoren aipatutako erregistroak ditu. Erregistro hauetako edozeinetan inskribatzeko, zaldiak banaka identifikatu behar dira.
1.– Fundazio Erregistroa (FE).
1) Baldintza hauek bete behar dira:
a) 3 urtetik gora izatea.
b) Lurralde bakoitzeko hazle-elkarteen erregistroetan inskribatuta egotea.
Emeak: 2008ko uztailak 8 baino lehen.
Arrak: 2009ko abenduak 31 baino lehen.
c) Arraza-prototipoaren baldintzak betetzea eta 70 eta 75tik gorako puntuazioa lortzea -arrak eta emeak, hurrenez hurren- kalifikazio morfologikoan.
2) Animalia bat erregistro horretatik kendu ahal da baldin eta bere ondorengoek ezaugarri kanporatzaileak edo aski ez diren kalifikazioak badituzte.
3) FEtik irtete hori kalifikatzaileak proposatu eta Batzorde Betearazleak berretsiko du.
4) Federazioko Batzar Nagusiak -edo Liburua kudeatzen duen organo baliokideak- fundazio-liburua berriz irekitzeko eska dezake, bertan sartu ahal izateko genealogia ezagutu ez arren ustez arraza mantentzen lagundu dezaketenak (aldakortasun genetikoa dakarten garaño berriak).
2.– Erregistro Osagarria (EO).
Fundazio Erregistroa ixten denerako dago Erregistro Osagarria (EO) , baldintza hauek betetzen dituzten animalientzat:
a) 3 urtetik gora izatea.
b) Emea izatea (behorra).
c) Banaka identifikatuta egotea, edo inskribatzeko uneak identifikatzea, arautegiari jarraituz. Ordezko nortasun-agiria edo pasaportearen bidez egon daiteke identifikatuta.
d) Arraza-prototipoaren baldintza betetzea, gutxienez 75 puntuko kalifikazio morfologikoarekin.
e) Ezaugarri kanporatzailerik ez edukitzea.
Erregistro Osagarriak (EO) kategoria hauek ditu:
2.1.– EOA kategoria.
Lehen aipatutako baldintza guztiak betetzen dituzten emeak (oinarrizko emeak).
EOA erregistro horrek jaiotzen atal bat ere izango du (JE-EOA), eta bertan inskribatuko dira, behin-behinean, baldintza hauek betetzen dituzten emeak:
a) 6 hilabetetik beherakoa izatea edo titia kendu gabe egotea.
b) EOAko amen eta BBEko edo FEko aiten ondorengoak izatea. Gurasoak identifikatzen dituen jaiotza-agiriaren bidez ziurtatuko da.
c) Lehen adierazitako moduan identifikatuta egotea. Ezingo dira jaiotzen atal honetan inskribatu ordezko nortasun-agiria edo pasaportea dutenak.
2.2.– EOB kategoria
Kategoria honetan inskribatu ahal dira honako eme hauek:
a) 3 urtetik gorakoak.
b) Ama EOA kategoriakoa eta aita BBEn edo FEn inskribatuta dutenak, lehendik JE-EOAn inskribatuta daudenak.
c) Arraza-prototipoaren baldintzak betetzea, gutxienez 70 puntuko kalifikazio morfologikoarekin.
3.– Jaiotza Erregistroa (JE).
Bi sexuetako animaliak inskribatu ahal dira erregistro honetan, baldintza hauek betez gero:
a) 6 hilabetetik behera izatea edo titia kendu gabe egotea.
b) Gurasoak ugalketarako gaitzat kalifikatuta egotea, Fundazio Erregistrokoak edo Behin Betiko Erregistrokoak edo amak EOB dituztenak, arrazaren ezaugarriak badituzte. Moxalaren gurasoak identifikatzen dituen jaiotza-agiriaren bidez ziurtatuko da, estalketa naturalez nahiz intseminazio artifizialez jaioak izan.
c) Arautegiari jarraituz identifikatuta egotea. Ezingo dira jaiotzen erregistro honetan inskribatu ordezko nortasun-agiria edo pasaportea dutenak.
Ama EO eta aita FE edo BBE duten arrak ezin dira sartu Genealogia Liburuko ezein jaiotza-erregistrotan.
4.– Behin Betiko Erregistroa (BBE).
JEko animaliak bakarrik inskriba daitezke erregistro honetan, eta baldintza hauek bete behar dituzte:
a) 3 urtetik gora izatea.
b) Jaiotzen Erregistroan inskribatuta egotea.
c) Kalifikazio morfologikoan 70 eta 75 puntu baino gehiago lortzea (emea edo arra, hurrenez hurren).
d) Filiazio genetikoaren kontrol bat edukitzea, Batzorde Betearazleak eskatzen duen bakoitzean.
e) Ezaugarri kanporatzailerik ez edukitzea.
f) Arautegiari jarraituz identifikatuta egotea.
Animalia bat erregistro horretatik kendu ahal da baldin eta bere ondorengoek ezaugarri kanporatzaileak edo aski ez den puntuazioa badute.
IV. KAPITULUA
GENEALOGIA-LIBURUAREN BATZORDEA
1.– Genealogia Liburuaren Batzordea eratzea.
Euskal Herriko mendiko zaldiaren Genealogia Liburuaren Batzordea eratu da.
2.– Genealogia Liburuaren Batzordearen eginkizunak.
Euskal Herriko mendiko zaldiaren Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek ditu:
a) Genealogia Liburuko funtzionamendu- eta lan-arauak idaztea eta onartzea, eta eginkizunak zehaztea liburua eramatea aitortu zaion erakundeari eta erakunde horren barruan egon litezkeen elkarteei.
b) Aitortutako erakundearen jardueren jarraipena egitea, batez ere lege-betebeharrena.
c) Genealogia Liburuaren funtzionamenduko gorabeherak aintzat hartzea eta konpontzea.
d) Hobekuntza Planeko Kudeaketa Batzordearen barruan egongo den genetika-zentroa ezartzea.
e) Baimendutako kalifikatzaileak proposatzea.
3.– Genealogia Liburuaren Batzordeko kideak.
Honako hauek izango dira Genealogia Liburuaren Batzordeko kideak, Euskal Herriko mendiko zaldiaren Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundea ordezkatuz:
a) Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko presidentea izango da Batzordeko presidentea.
b) Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko 3 ordezkari. Lurralde Historiko bakoitzeko batzordekide eta hazle-elkarteen ordezkari izan behar dute. Elkarte horietako bakoitzari kontsultatu ahal zaie izendapena, eta beren arautegiei jarraituz jokatuko dute.
c) Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko edo hura osatzen duten hazle-elkarteetako lantalde teknikoko gutxienez kide bat.
Kide horien artean hautatuko da Batzordeko idazkaria.
Batzordeko presidenteak egoki jotako autonomia- edo lurralde-administrazioko teknikariak gonbida ditzake bileretara, bere ekimenez edo bi kidek edo gehiagok eskatuta. Teknikari horiek bileran parte hartuko dute, ahotsa bai baina botorik gabe.
4.– Genealogia Liburuaren Batzordearen funtzionamendua.
a) Ohiko bilkura bat egingo du urtean behin.
b) Ezohiko bilkura deitzeko baldintzak:
– Batzordeko buruak eskatzea, edo
– Kideen gutxienez % 66k eskatzea.
Ezohiko deialdi hori gutxienez 15 egun lehenago egingo da. Deialdian agertuko da gai-zerrenda, eta gai bakoitzean erabiliko den dokumentazioa banatuko da.
c) Genealogia Liburuaren Batzordeko kideen % 66 da gutxieneko quoruma.
V. KAPITULUA
HOBEKUNTZA-PLANAREN KUDEAKETA-BATZORDEA
1.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordea eratzea.
Euskal Herriko mendiko zaldia arrazaren Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordea sortu da.
2.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordearen eginkizunak.
Honako hauek dira Batzordearen eginkizunak:
a) Arrazaren Kontserbazio Programa eta helburuak finkatzea, edo Hautapen Programa, lehen helburua betetakoan.
b) Arrazaren Hedapen Programa eta helburuak finkatzea.
c) Arrazaren mantentze-, sustatze- eta hobetze-programak garatzea, koordinatzea eta jarraipena egitea.
d) Euskal Herriko mendiko zaldiaren arraza-prototipoa aldatzeko proposatzea.
3.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordearen osaera.
Honako kide hauek osatuko dute Batzordea:
a) Euskal Herriko mendiko zaldiaren Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundea ordezkatuz:
– Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko presidentea izango da Batzordeko presidentea.
– Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko 3 ordezkari. Lurralde Historiko bakoitzeko batzordekide eta hazle-elkarteen ordezkari izan behar dute. Elkarte horietako bakoitzari kontsultatu ahal zaie izendapena, eta beren arautegiei jarraituz jokatuko dute.
– Genealogia Liburua eramatea aitortu zaion erakundeko edo hura osatzen duten elkarteetako lantalde teknikoko kide bat.
Ordezkari horietako bat izango da Batzordeko idazkari.
b) Genealogia Liburuaren Batzordeak hautatutako genetika-zentroko gutxienez teknikari bat.
4.– Hobekuntza Planaren Kudeaketa Batzordearen funtzionamendua:
a) Batzordea urtean behin bilduko da gutxienez.
b) Ezohiko bilkura deitzeko baldintzak:
– Batzordeko buruak eskatzea, edo
– Kideen gutxienez % 66k eskatzea.
c) Gutxienez 15 egun lehenago egin behar dira deialdiak, eta jorratuko diren gaien berri eman behar da. Deialdiko gai bakoitzean erabiliko den dokumentazioa banatuko da.
d) Batzordeko kideen % 66 da gutxieneko quoruma. Betiere, genetika-zentroko teknikariak egon behar du bertan, edo, bestela, hark egindako txosten bat, proposamenekin bat datorrela adierazten duena.