EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2015240

AGINDUA, 2015eko abenduaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinek garapen-lankidetzarako erakundeei dei egiten baitie Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2016ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkez ditzaten.

Xedapenaren data: 2015-12-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201505298
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskadiko Autonomia Erkidegoak eskumen osoa du gazte-politikaren alorrean. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuak Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari esleitu zizkion gazteriarekin lotuta dauden funtzioak.
Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzeko, eta Euskadiko garapen-lankidetzarako erakundeek Hegoaldeko herrialdeen garapenarekin loturik egiten dituzten hainbat lankidetza-ekintza aintzat hartuta, urtero egiten da «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako deialdia, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez.
2016. urteari begira, lankidetzaren kontzeptura hurbiltzeko helburuari eutsiko dio gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko araubideari lotuta dagoen deialdi honek, bai eta ekintza horiek bertatik bertara ezagutzeko aukerari ere. Esperientzia hori aberasteko eta osatzeko, informazio eta orientazio jardunaldiak antolatuko dira. Beraz, Euskadiko hainbat garapen-lankidetzarako erakundek Hegoaldeko herrialdeen garapenarekin loturik egiten dituzten lankidetza-ekintzak beharrezkotzat jo behar ditugu, deialdi honetan adierazten den bezala.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen bidez ezarri nahi dira Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2016ko «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako lankidetza-proiektuak aurkezteko arauak, bai eta proiektu egokienak aukeratzekoak ere. Agindu honen helburua da, orobat, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak partaide direneko proiektuak dituzten erakunde onuradunei diru-laguntza bat emateko baldintzak ezartzea.
2. artikulua.– Diru-kopuruak.
Aurreko artikuluan xedatutako helburuari begira bideratuko diren diru-kopuruak horretarako berariaz ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira, eta 60.000 euro egingo dute.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Edozein erakundek aurkeztu ahal izango ditu lankidetza-proiektu bat edo bat baino gehiago, honako baldintza hauek betez gero.
a) Dagokion erregistroan formalki eratuta eta inskribatuta egotea.
b) Estatutuetan beren-beregi adieraztea erakundearen helburuetako bat dela Hegoaldeko herrialde pobreetako garapena bultzatzeko proiektuak egitea, edo, bestela, dokumentazio frogagarriaren bitartez egiaztatzea erakundeak bi urte jarraian gutxienez daramatzala alor horretan lanean.
c) Irabazi-asmorik ez izatea.
d) Euskadiko Autonomia Erkidegoan egoitza zentrala edo ordezkaritza iraunkorra edukitzea. Horri dagokionez, erakundeak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-oinarriko (bazkideak, boluntarioak edo antzekoak) egitura esanguratsuak dituenean (eta hori agiri bidez egiaztatzen duenean) ulertuko da ordezkaritza iraunkorra duela. Kasu horretan, ordezkaritza iraunkorrak eskaera aurkezteko erantzukizun zuzena hartzen du bere gain, bai eta erakunde onuradun moduan dagozkion konpromisoak ere.
e) Zigorrik ez izatea, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, diru-laguntzak edota laguntza publikoak lortzeko; baita sexu-bereizkeria dela-eta zigorrik ez izatea edota laguntza horiek eskuratzeko gaitasuna kentzen dien legezko debekurik ez izatea ere.
f) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta edukitzea.
g) Era berean, erakunde eskatzaileak diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.
2.– Garapen-lankidetzarako erakunde batek baino gehiagok batera ere aurkeztu ahal izango dituzte beren proiektuak. Kasu horretan, erakunde guzti-guztiek bete beharko dituzte aurreko atalean adierazitako baldintzak, honako salbuespen hauek eginda.
a) Erakunde guztien ordezkaritza duenak, gutxienez, bere egoitza soziala edo ordezkaritza iraunkorra Euskadin izan beharko du; gainerakoentzat ez da nahitaezkoa.
b) Erakunde guztien ordezkaritza duenak, gutxienez, irabazi-asmorik gabeko erakundea izan behar du; gainerakoentzat ez da nahitaezkoa. Kasu horretan, irabazi-asmodun erakundeek proiektuan zuzeneko edo zeharkako irabazi-asmorik gabeko interesa dutela edo izango dutela bermatu beharko dute, eta esku-hartzearen nondik norako teknikoak direla-eta parte hartzen dutela justifikatu.
Elkartutako erakundeek proiektuaren baterako erantzukizuna onartzen dute, eta helbide bakarra izendatuko dute espedientearen administrazio-jakinarazpenetarako. Eskabidea aurkeztearekin batera, hitzarmen bat ere aurkeztu beharko dute elkarturiko erakunde horiek, non alderdi hauek jasoko diren: erakunde guztiak ordezkatzen dituenaren izendapena, erakunde bakoitzak zein partaidetza-ehuneko duen proiektuan, eragile parte-hartzaile bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, eta baliabideak kudeatzeko eta gatazkak ebazteko sistema. Hitzarmen horretan, esanbidez adierazi beharko da erakunde bakoitzak proiektu osoaren erantzukizun zuzena eta solidarioa bere gain hartzen duela.
4. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak.
1.– Diru-laguntza jasotzeko, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte.
a) Lankidetza-ekintzak egin 2016ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak inkorporatzen diren garaian, kontuan hartuta lankidetza-jardun horrek –ahal dela uztailean hasita– hiru bat hilabete iraungo duela, aparteko salbuespenak salbuespen.
b) Proiektuko jardueretan behar bezalako integrazioa ahalbidetzea 2016ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteei, kontuan hartuta programa horren helburua dela 23 eta 30 urte arteko Euskadiko gazteen artean elkartasunaren balioa sustatzea eta garapenarekin loturiko lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea, ekintza horiek bertatik bertara ezagutzearen bitartez.
c) Berariaz aipatzea zein diren aurkezturiko proiektu bakoitzerako profil egokienak. Laguntza gisa, programaren aurreko edizioetan izandako esperientziaren argitan, hautatutako gazteak integratzen direneko garapen-proiektuetarako lanbide aproposenetakoak hauek izaten dira: informatikariak, ekonomialariak, kontulariak, medikuak, farmazialariak, erizainak, osasun-laguntzaileak, pedagogoak, monitore eta gizarte-hezitzaileak, sistema-ingeniariak, industria ingeniariak eta ingeniari agronomoak, psikologoak, elebitasunean espezializatutako hezitzaileak, albaitariak, tornulari-mekanikariak, argiketariak, zurginak, iturginak, gizarte-langileak, industria diseinatzaileak, nutrizionistak.
d) Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari bidaltzea deialdi honetan eskatzen den dokumentazioa.
2.– Honako proiektu hauek ez dira onartuko.
a) Xede diren pertsonen pobreziaren kontrako borroka-estrategian bidezkoak ez direnak.
b) Koherenteak ez direnak, hau da, loturarik ez dagoenean, batetik, planteatzen den arazoaren, arazo hori gainditzeko finkatu diren helburuen eta emaitzen eta, bestetik, antolatutako jardueren artean.
c) Adierazle ebaluagarririk ez dutenak.
d) Bideragarriak ez direnak, hau da, espero diren emaitzen lorpena bermatzen ez dutenak.
e) Iraunkorrak ez direnak.
f) Genero-ikuspegia kontuan hartzen ez dutenak.
g) Tokiko gaitasunak indartzen ez dituztenak.
h) Xede diren pertsonen parte-hartzea bermatzen ez dutenak.
i) Giza eskubideen kontra egiten dutenak.
j) Ekologia-arloan jasangarriak ez direnak.
k) Deialdi honetan eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez dutenak, edo erakunde eskatzaileei dekretu honen kapituluetan eskatzen zaizkien baldintzak betetzen ez dituztenak, behin dokumentazio hori zuzentzeko eskaera egin zaienean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan ezarritakoa betez.
5. artikulua.– Hautaketa-prozesua.
Hautaketa-prozesuak bi fase ditu: gehienez 220 profil aurrez hautatzeko fasea, deialdi honen bidez arautzen dena, eta gehienez 100 gazte boluntario hautatzeko fasea, 2016ko Gazteak Lankidetzan programaren bidezko deialdian arautzen dena.
6. artikulua.– Aurretiko Hautaketa Batzordea.
1.– Gehienez 220 profil aztertzeko, ebaluatzeko eta aurrez hautatzeko, Aurretiko Hautaketa Batzorde bat osatuko da. Bertako kideak izango dira:
– Batzordeburua: Josu Gerediaga Egurrola, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
– Bokala: Paul Ortega Etcheverry, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria. Ordezkoa: Nicolás Basarrate Hormaetxea, Administrazio eta Zerbitzu Arduraduna.
– Bokala: Silvia Torre Goikoetxea, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria. idazkaria izango da, hitzarekin eta botoarekin. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocáriz Sorolla, Gazteria eta Kirol Zuzendaritzako teknikaria.
Egoki iritziz gero, gai horretan adituak diren beste pertsona batzuen lankidetza, hitzarekin baina botorik gabe, eskura dezake Aurretiko Hautaketa Batzordeak.
2.– Proiektuen azterketa eta ebazpen-proposamena: hurrengo artikuluan ezarritako irizpideetan oinarrituta, Aurretiko Hautaketa Batzordeak bidezko ebazpen-proposamena bidaliko dio Gazteria eta Kiroletako zuzendariari. Gainera, proiektuak aurkeztu dituzten erakundeekin adostuta, haiek proposatutako datak aldatzea erabaki ahal izango da, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako eskaintza egokitu ahal izateko.
7. artikulua.– Proiektuak baloratzeko irizpideak.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, proiektuen aurretiko hautaketa egiteko, haien arteko konparazioa egingo da, ondoren adierazten diren balorazio-irizpideen arabera. Guztira 220 profilen aurretiko hautaketa egingo da. Hona Aurretiko Hautaketa Batzordeak zein irizpide erabiliko dituen:
a) Erakunde eskatzaileak dituen jarraipena, egonkortasuna eta kaudimena, lankidetzarako garapenari dagokionez: 10 puntu gehienez.
b) Erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean izan duen ibilbidea: 5 puntu gehienez.
c) Proiektuaren interes soziala: 25 puntu gehienez.
d) Profilak zenbateraino egokitzen diren Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren ezaugarrietara: 25 puntu gehienez.
e) Hautatutako gazteak destinoko tokian izango duen egonaldiaren baldintza materialak: 25 puntu gehienez.
f) Proiektuan genero-ikuspegia integratzea: 10 puntu gehienez.
Aurretiko Hautaketa Balorazioak eskubidea izango du gazte boluntarioentzako arrisku larriegia duten herrialdeetako lankidetza-proiektuetarako profilak ez onartzeko.
8. artikulua.– Aurretiko hautaketa ebaztea.
1.– Batzordearen aurretiko hautaketa-proposamena ikusi eta gero, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kiroletako zuzendariak bidezko ebazpena emango du, Batzordeak proposamen hori jakinarazi eta handik zazpi egun balioduneko epean. Ebazpenean aurrez hautatzen diren proiektu eta profilak agertuko dira, bai eta aurretik hautaketa horretatik kanpo gelditu direnak ere.
2.– Ebazpen hori sei hilabete baino lehen jakinaraziko zaie erakunde interesdun guztiei, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatuta. Argitalpen horretan, halaber, erakunde onuradunen zerrenda agertuko da, jende guztiak horren berri izan dezan.
3.– Ebazteko epea amaituta, erakunde interesdunari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea ezetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.
9. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
Agindu honen bidez arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
a) Lankide gaztea erakunde onuradunarekin harremanetan jarri orduko, eta lankidetza-jarduerak irauten duen bitartean, elkartzen diren tokitik lankidetza-jarduera gauzatzen den lekurainoko garraioa. Horretaz gainera, hautatutako gaztearen ostatu eta mantenu gastuak, nahiz eta gazteak ere bere diru-ekarpena egin beharko duen bere baliabideen arabera.
b) Aparteko kasuetan –adibidez, lankidearen istripuak eta gaixotasunak–, lankideak behar bezalako arreta jasotzeko moduko tokiraino garraiatzeko konpromisoa, bai eta gorabehera horien berri agintari diplomatikoei edo kontsulari ematekoa ere, lankidea aberriratzea beharrezkoa bada ere, horretan laguntzeko. Baldin eta jarduera gauzatzen den tokian bestelako gorabehera larririk baldin badago, lankidea bertan egotea oso arriskugarri bihurtzen duenik, garapen-lankidetzarako erakundeak lankidea arriskutik kanpoko toki batera eramaten lagunduko du, bere esku dagoen neurrian.
c) Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari jakinaraztea esleitutako jardueran pertsona lankidea ariko den denboran zehar gerta daitezkeen gorabehera guztiak.
d) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde onuradun bakoitzak esperientziari buruzko txosten bat aurkeztuko du hura amaitutakoan. Bertan, nahi izanez gero, argazkiak ere gehitu ditzake.
e) Datu pertsonalak babesteko eta erabiltzeko araudian xedatutakoa bete dadila begiratzea.
f) Diru-laguntzen fiskalizazio-lanetan eskatzen dioten informazio guztia ematea Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari.
g) Halaber, aplikatzekoak zaizkion diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan jasotzen diren betebeharrak.
10. artikulua.– Proiektuak aurkeztea.
1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakunde onuradunek lankidetza-proiektu bat edo gehiago aurkeztu ahal izango dituzte, eta bertan proiektuotako lankidetza-jardueretan integratu daitezkeen gazteen profilak sartuko dira.
2.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen denetik aurrera.
3.– Eskabideak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Gazteria eta Kiroletako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta aurkez daitezke Herritarrentzako Arretarako Guneko bulegoetan (Zuzenean), erregistro osagarrien bulegoetan (bulego horiek zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan), edota 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
a) Erakunde eskatzaileari dagokion dokumentazioa:
– Estatutuen fotokopia (pertsona juridikoaren izaera dela-eta estatutuak edukitzea beharrezkoa bada indarreko legeriaren arabera) edo, erakundearen izaeraren arabera eratze-eskriturarena.
– Erakundearen ordezkaritzaren fotokopia eskaera egiten den egunean, bai ahalordetze-eskrituraren kopiaren bidez bai, hala badagokio, dagokion organoak emandako ziurtagiriaren bidez.
– Erakundearen ordezkariak baimena ez badu ematen Administrazioak nortasun-datuak Barne Ministerioan konproba edo egiazta ditzan, NANaren fotokopia aurkeztu beharko du.
– Identifikazio Fiskalaren Zenbakiaren txartelaren fotokopia.
Eskatzaileak aurreko lau ataletan aipatutako agiriak aldez aurretik Administrazio honetan aurkeztu baditu eta indarrean badaude, ez ditu berriz aurkeztu beharko. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz konprobatuko du. Horretarako, nahikoa izango da eskatzaileak adieraztea zein Sailean edo Zuzendaritzan aurkeztu zituen agiriak (II. eranskineko ereduaren arabera).
– Eskabide-inprimakia (I. eranskineko ereduaren arabera). Bertan, erakunde eskatzailearen datuak agertuko dira, legezko ordezkariaren datuak eta ordainketak agintzeko dokumentazioa ere. Inprimakia, behar bezala beteta, erakunde eskatzailearen legezko ordezkaria den pertsona fisikoak sinatu beharko du.
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela zigorrik diru-laguntzak edota laguntza publikoak lortzeko, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik, barne hartuta sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penalik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez (II. eranskineko ereduaren arabera).
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena helburu bererako diru-laguntzak edo diru-sarrerak jaso dituela (II. eranskineko ereduaren arabera).
– Erakunde eskatzailearen jarraitasuna, egonkortasuna eta kaudimena egiaztatzen dituen dokumentazioa. Bertan jasoko da, gutxienez, erakundeak garapenerako lankidetzarekin izandako esperientzia eta kudeatu dituen proiektuak, bakoitzaren hasiera eta amaiera datak zehaztuz.
– Erakunde eskatzaileak emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean izan duen ibilbidea egiaztatzen duen dokumentazioa.
– Administrazioak diru-laguntzen ordainketa egin ahal izateko, erakunde eskatzailea Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datubasean jasota egon beharko da.
Erakunde eskatzaileak bide elektronikoa erabiltzen badu, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko du alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, honako helbidean https://www.euskadi.net/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
Erakunde eskatzaileak bide presentziala erabiltzen badu, alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko formularioa bete eta adierazitako tokietan aurkeztu beharko du. Hirugarrenaren datuen alta/aldaketa atalean daude argibideak, honako helbidean http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, behar adina aldiz, laguntzak eskatu dituzten erakundeek beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da beharko erakunde eskatzailearen oniritzirik, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak, xedatutako baldintzetan. Eskaeraren erakunde titularraren helbide fiskala Nafarroako Foru Erkidegoan dagoenean, ordea, berariaz egiaztatu beharko du erakunde. Erakunde eskatzaileak lurralde batean baino gehiagotan jarduten badu, zerga-betebeharren konplimendua helbide fiskala duen lurralde guztietako organo eskudunek emandako ziurtagirien bidez egiaztatu beharko du.
b) Proiektuari buruzko dokumentazioa:
– Hautatutako boluntarioak inkorporatzen diren proiektuen deskripzioa eta proiektuon kokapena destinoko herrialdean.
– Hala badagokio, harrerako garapen-lankidetzarako erakundea identifikazioa, garapen-lankidetzarako erakunde eskatzailearekiko lotura azaltzen duen agiri-froga nahikoa barne duela.
– Proiektuaren interes sozialaren justifikazioa.
– Hautatutako gazteak destinoko tokian egingo duen egonaldiaren baldintza materialen deskribapena.
– Proiektuan genero-ikuspegia integratzea.
c) Profilari buruzko dokumentazioa:
– Boluntarioak egingo dituen lanen deskribapena.
– Titulazio akademikoa, lanbide-kualifikazioa eta eskatzen diren beste ikasketak.
– Bete beharreko zereginekin lotutako trebetasunak eta gaitasunak.
– Hala badagokio, hizkuntzaren bat edo gehiago jakitea.
– Hala badagokio, egin beharreko lanekin lotuta boluntarioak aurrez eduki beharreko esperientzia.
11. artikulua.– Eskabidean egindako akatsak zuzentzea.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen diren dokumenturen bat falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
12. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
600 euroko laguntza emango zaio deialdi honen bidez aurrez hautatutako proiektuan inkorporatutako gazte bakoitzari, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteen egonaldi eta mantenu gastuak zati batean ordaintzeko.
Erakunde onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte. Halaber, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, diru-laguntza itzularazteko ebazpena eman bada, ezingo da diru-laguntza oman, eta hala badagokio, ordaindu, harik eta diru-laguntza hura itzuli arte.
13. artikulua.– Laguntzaren ordainketa.
Entitate onuradun bakoitzari emandako laguntza edo laguntzak ordainketa bakar batean gauzatuko dira, behin gaztearen esperientziari buruzko txostena aurkeztu eta gero.
14. artikulua.– Emandako laguntza justifikatzeko aurkeztu behar diren dokumentuak.
Garapen-lankidetzarako erakunde onuradun bakoitzak gaztearen esperientziari buruzko txosten bat aurkeztuko du hura amaitu eta bi hilabete baino lehen. Bertan, nahi izanez gero, argazkiak ere gehitu ditzake.
15. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.
Gazteria eta Kirol Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzak kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
16. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak.
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, beti ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen.
3.– Halaber, diru-laguntza moduan jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira, eta diru-laguntza eman zenetik itzuli behar dela erabaki arte sortutako berandutze-interesa eskatu, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan aurreikusitako arrazoiren bat betetzen denean. Kasu horietan, jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli beharko da, eta sortutako berandutze-interesak.
17. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak edo diru-sarrerak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Gazteria eta Kirol Zuzendaritzak jakinarazten dizu ezen zuk ematen dituzun eta deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen diren datuak honako fitxategi honetan jasoko direla: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko «Gazteriarako laguntzak eta diru-laguntzak» izenekoan, zeina 2010eko azaroaren 9ko Aginduaren bidez arautu baitzen, honako hau aldatzen duena: Kulturako sailburuaren 2006ko uztailaren 27ko Agindua, Kultura Saileko eta Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundearen (HABE) Datu Pertsonaletarako fitxategiak arautzen dituena. Izan ere, fitxategi horren xedea hauxe da: diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta bai horri lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo espedientea kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri; datuen segurtasun osoa bermatzeko segurtasun-neurriak ditu, eta datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalak babesteko araudiaren arabera, DPBLk berariaz aitortzen dituen datuak eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta aurkatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarriz (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko, laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren pentzutan egingo diren gastu espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egoki egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 10a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.