EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2015240

EBAZPENA, 2015eko abenduaren 10ekoa, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, Gobernu Irekia / Open Government arloko profesionalak espezializatu eta prestatzeko beken deialdia egiten duena 2016rako.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2015-12-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201505294
Maila: Ebazpena
Uztailaren 26ko 173/2011 Dekretuak arautzen ditu Gobernu Irekia / Open Government arloko profesionalak espezializatzeko bekak. Gerora, maiatzaren 20ko 78/2014 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori.
173/2011 Dekretuaren 2. artikuluak adierazten du beken deialdia aldian-aldian egingo dela, Lehendakaritzako idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez. Ebazpen horretan zehaztuko dira deialdiaren xedea, deitutako beken kopurua eta mota, hautaketa-probak, beken diru-kopurua eta ordaintzeko modua, baloratzeko erabiliko diren azpi-irizpideak, horien haztapena eta, beharrezkoa bada, egin beharreko probak, bai eta eskaerak aurkezteko tokia eta epea eta eskabide-eredua ere.
Beraz, ebazpen honen bitartez 2016. urtean Gobernu Irekia / Open Government arloan espezializatzeko bi beken deialdia egiten da, eta kudeaketa arintzeko, gastu-espedienteen aldez aurreko izapideak egingo zaizkio deialdi honi, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorren kontura.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen helburua da Gobernu Irekiaren arloan profesionalak espezializatu eta prestatzeko beken deialdia egitea, 2016. urterako.
2. artikulua.– Deitutako beken kopurua eta mota.
Bi dira deitutako bekak:
– Gobernu Irekia, Gardentasuna eta Herritarren Interneteko Parte Hartzearen arloko beka bat.
– Kazetaritza Digitalaren arloko beka bat.
3. artikulua.– Diru-zenbatekoa eta ordainketa.
1.– Bi beka horietako bakoitzaren zenbatekoa 14.280 eurokoa izango da. Zenbateko horri dagokion atxikipena egingo zaio (fiskala eta gizarte segurantzakoa), egindako jardueraren arabera.
2.– Bekak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretan, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa da agindu hori.
3.– Bekak 12 hilabeterako izango dira, eta honela ordainduko dira:
– Zenbateko guztiaren % 20 bekaren hasieran ordainduko da.
– 2016ko urriaren 31 baino lehen beste % 30 ordainduko da.
– Gainerako % 50a 2017an ordainduko da, beka amaitzean.
4. artikulua.– Eskabideen izapideak.
1.– Prozedura honen izapide guztiak eskatzeko, kontsultatzeko eta egiteko, interesdunek baliabide elektronikoak erabil ditzakete.
2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak aurrez aurre zein elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak egoitza elektroniko honetan (URL) eskura daitezke:https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/gobernu-irekia-bekak/
3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak –hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak– ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera; edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea. Eskabidearen osteko izapideak, bide elektronikoz, honako webgune honetan egin daitezke: http://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5. artikulua.– Non, nola eta noiz aurkeztu eskabideak.
1.– Eskabideak eta uztailaren 26ko 173/2011 Dekretuaren 8.3 artikuluan zehazten diren agiriak Gobernu Irekiaren Zuzendaritzara bidali behar dira; hau da, Lehendakaritzara, Nafarroa kalea 2 – 01007, Vitoria-Gasteiz (Araba). Honako modu hauetan aurkez daitezke:
a) Aurrez aurre, Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetan (Zuzenean Zerbitzua) edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan zehaztutako lekuetan, eskabide normalizatu baten bidez, eta atal guztiak behar bezala beteta. Eskabide-eredua I. eranskinean ikus daiteke, baita www.euskadi.eus egoitza elektronikoan ere, aurreko artikuluan aipatutako URL helbidean.
b) Elektronikoki, www.euskadi.eus egoitza elektronikoaren bidez, aurreko artikuluan adierazitako URL helbidean.
2.– Deitutako beken modalitate batean baino gehiagotan interesatutako pertsonek modalitate bakoitzeko eskabide bat aurkeztu behar dute.
3.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.
4.– Beken eskatzaileek beren eskabideen bidez berariaz baimendu dezakete uztailaren 26ko 173/2011 Dekretuaren 8.3 artikuluan aipatutako zenbait datu eta agiri organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, hala aurrez aurreko baliabideak nola baliabide elektronikoak erabiltzean. Baimen horrek ez ditu ezertan eragotziko Administrazio Publikoak egiaztatzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko dituen ahalmenak.
6. artikulua.– Hautaketa Batzordea.
Beken bi modalitateetan, hauek izango dira Hautaketa Batzordeko kideak:
Batzordeko buru Luis Petrikorena Arbelaiz jauna, Gobernu Irekiaren zuzendaria, izango da. Kargu hori hutsik badago, titularra ez badago edo gaixorik badago, edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada, Andoni Aldekoa de la Torre jauna, Komunikazioko zuzendaria, izango da ordezkoa.
Bi batzordekide:
– Jon Olaizola Azkarate Azkarate jauna, Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiko Gobernu Irekiaren Zuzendaritzarako komunikazio-arduraduna. Kargu hori hutsik badago, titularra ez badago edo gaixorik badago, edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada, Jasone Vicandi Enbeitia andrea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Komunikazio eta Zabalkundeko arduraduna, izango da haren ordezkoa.
– Josu Oses Zurbano jauna, Arabako Unibertsitate Ospitaleko komunikazio burua. Kargu hori hutsik badago, titularra ez badago edo gaixorik badago, edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada, Lurdes Ubetagoyena Amado andrea, Donostia Unibertsitate Ospitaleko komunikazio burua, izango da haren ordezkoa.
Batzordeko idazkaria Concha Dorronsoro Pérez de Cárcamo andrea, Lehendakaritzako Komunikaziorako Zuzendaritzako teknikaria, izango da; hitz egiteko eskubidea izango du, baina ezin izango du botorik eman. Kargu hori hutsik badago, titularra ez badago edo gaixorik badago, edo legezko beste kausaren bat gertatzen bada, Jon Olaizola Azkarate jauna, Lehendakaritzako Gobernu Irekiaren Zuzendaritzarako komunikazio arduraduna, izango da ordezkoa.
Gainera, genero, komunikazio eta partaidetzaren alorrean ezagutza duen pertsona baten laguntza eta aholkua jaso ditzake Hautaketa Batzordeak.
7. artikulua.– Baloraziorako azpi-irizpideak eta probak.
A) Gobernu Irekia, Gardentasuna eta Herritarren Interneteko Parte Hartzearen arloko beka:
1.– Gobernu irekiari buruz eta teknologia berri aplikatuei buruz behar adinako ezagutza izatea (partaidetza-prozesuak, gardentasuna eta Open Data). (gehienez 40 puntu).
Ezagutza horiek idatzizko bi probaren bidez ebaluatuko dira: bat, teorikoa; eta bestea, praktikoa.
a) Egin beharreko proba teorikoak (20 puntu, gehienez ere) 30 minutu iraungo du, eta ondorengo modu honetan ebaluatuko den galdera-sorta bat izango du:
– Gardentasunari eta Open Datari buruzko ezagutza eta kritika-gaitasuna: 2 galdera, galderako 5 puntukoak; beraz, gehienez 10 puntu lor daitezke.
– Herritarren parte-hartzeari buruzko ezagutza eta kritika-gaitasuna: 2 galderako sorta bat, galderako 5 puntukoa; beraz, gehienez 10 puntu lor daitezke.
b) Proba praktikoak (20 puntu, gehienez ere) 30 minutu iraungo du, eta bekadungaiari honi buruzko ariketa praktikoa planteatuko zaio:
– Herri administrazioen irekitze prozesua (gehienez 20 puntu):
– Gehienez 10 puntu, irekitze estrategiaren planteamenduarengatik.
– Gehienez 10 puntu, estrategia faseka inplementatzearen planteamenduarengatik.
2.– Ingurune digitalen kudeaketari buruzko ezagutzak (gehienez 20 puntu).
30 minutu iraungo duen idatzizko proba teoriko baten bidez ebaluatuko da, eta proba horrek ondorengo modu honetan ebaluatuko den galdera-sorta bat izango du:
– Gizarte-sareetako estrategiari buruzko ezagutza teorikoak: galdera bat garatu beharko da; gehienez 10 puntu lor daitezke.
– Gizarte-sareetako profil korporatiboen kudeaketaren inguruko ezagutza, baita gizarte sareak eta horiek gobernuen komunikazioetan erabiltzearen ingurukoa ere: 5 galderako sorta bat, galderako 2 puntukoa; beraz, gehienez 10 puntu lor daitezke.
3.– Eskatzailearen ibilbide akademikoa eta haren profil akademikoa bekaren helburuari egokitzea (gehienez 10 puntu).
a) Ibilbide akademikoagatik gehienez ere 5 puntu emango dira, unibertsitate-ikasketen azken bi urteetako batez besteko nota kontuan hartuta. Nota hori dokumentu bidez egiaztatu beharko da. Honela emango dira puntuak:
– Puntu 1, batez besteko nota 5 eta 5,99 bitartekoa bada.
– 2 puntu, batez besteko nota 6 eta 6,99 bitartekoa bada.
– 3 puntu, batez besteko nota 7 eta 7,99 bitartekoa bada.
– 4 puntu, batez besteko nota 8 eta 8,99 bitartekoa bada.
– 5 puntu, batez besteko nota 9 eta 10 bitartekoa bada.
b) Komunikazio digitalarekin, gizarte-sareekin edo antzekoren batekin lotutako graduondoko ikastaro edo masterrik izanez gero, gehienez ere 5 puntu emango dira, modu honetan:
– 2 puntu, 400 orduko iraupena izan duen ikastaro bakoitzeko.
– Puntu 1, 60 orduko iraupena izan duen ikastaro bakoitzeko.
4.– Lan-ibilbidea (gehienez 10 puntu).
Lan-ibilbidea dela-eta gehienez 10 puntu lor daitezke, eta modu honetan ebaluatuko da:
– Komunikazio digitalean, erredakzio digitalean, herritarren parte-hartzean edo antzekoetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,8 puntu.
– Bekaren gaiarekin lotutako arloetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,2 puntu.
5.– Euskararen ezagutza (gehienez 12 puntu).
Egiaztagiria aurkeztuz egiaztatuko da:
– C1: 6 puntu.
– C2: 12 puntu.
6.– Ingelesaren ezagutza (gehienez 8 puntu).
Egiaztagiria aurkeztuz egiaztatuko da:
– B1: puntu 1.
– B2: 2 puntu.
– C1: 4 puntu.
– C2: 8 puntu.
B) Kazetaritza digitaleko bekak.
1.– Datuen kazetaritzari buruzko ezagutzak eta aplikazio praktikoak (gehienez 50 puntu).
Ezagutza horiek idatzizko bi probaren bidez ebaluatuko dira: bat, teorikoa; eta bestea, praktikoa.
a) Proba teorikoak (gehienez 20 puntu) ordubete iraungo du gehienez ere, eta bertan, bekadungaiari idatzizko galdera-sorta bat egingo zaio, arlo hauei buruz bere kazetaritza-ezagutzak egiazta ditzan:
– Informazioaren egungo egoera (gehienez 10 puntu): EAEko, Espainiako eta nazioarteko politikan, ekonomian, kulturan eta gizartean gaurkotasuna duten gaiak behar bezala ezagutzea. 10 galderako idatzizko proba baten bidez ebaluatuko da. Galdera bakoitzak puntu bat balioko du.
– Datuen hautaketa, bilketa eta tratamendua (gehienez 10 puntu): datuen kontzeptuak eta horien kudeaketa behar bezala ezagutzea. 10 galderako idatzizko proba baten bidez ebaluatuko da. Galdera bakoitzak puntu 1 balioko du:
b) Proba praktikoak (gehienez 30 puntu) 30 minutu iraungo du, eta bertan, datu-sorta batetik informazioa hautatzeko eta albisteak sortzeko zer-nolako ezagutzak dituen frogatu beharko du bekadungaiak, ariketa praktiko baten bidez. Ariketa, besteak beste, honako egiteko hauek osatuko dute: datuen hautaketa, idazketa, datuen irudikapen infografikoaren zirriborroa eta eduki horiek Interneten eta gizarte-sareetan banatzeko estrategiaren planteamendua. Era berean, ariketan genero ikuspegia nola txertatzen den baloratuko da. Ariketa hori gehienez 30 punturekin baloratuko da, eta banaketa honela egingo da:
– Gehienez ere 5 puntu, informazioaren hautaketagatik.
– Gehienez ere 5 puntu, kazetaritza-testuak egiteagatik.
– Gehienez ere 8 puntu, infografiaren zirriborroagatik.
– Gehienez ere 10 puntu, eduki hori Interneten eta sareetan banatzeko estrategiagatik.
– Gehienez ere 2 puntu, genero ikuspegia txertatzeagatik.
2.– Inguru digitalen kudeaketari buruzko ezagutzak (gehienez 20 puntu).
Idatzizko proba teoriko baten bidez ebaluatuko da, eta 30 minutu iraungo du. Proba horrek galdera-sorta bat izango du, eta modu honetan puntuatuko dira galderak:
– Kazetaritza digitalari buruzko ezagutza teorikoa: galdera bat garatu beharko da, gehienez 10 puntu lor daitezke.
– Enpresetan gizarte-sareak kudeatzeari buruzko ezagutza: galdera bat garatu beharko da, gehienez 10 puntu lor daitezke.
3.– Eskatzailearen ibilbide akademikoa eta haren profil akademikoa bekaren helburuari egokitzea (gehienez 5 puntu).
a) Ibilbide akademikoagatik gehienez ere 3 puntu emango dira, unibertsitate-ikasketen azken bi urteetako batez besteko nota kontuan hartuta. Nota hori dokumentu bidez egiaztatu beharko da. Honela emango dira puntuak:
– 0,5 puntu, bataz besteko nota 5 eta 5,99 bitartekoa bada.
– Puntu 1, bataz besteko nota 6 eta 6,99 bitartekoa bada.
– 1,5 puntu, bataz besteko nota 7 eta 7,99 bitartekoa bada.
– 2 puntu, bataz besteko nota 8 eta 8,99 bitartekoa bada.
– 3 puntu, bataz besteko nota 9 eta 10 bitartekoa bada.
b) Komunikazio digitalarekin, gizarte-sareekin edo antzekoekin lotutako graduondoko ikastaro edo masterrik izanez gero, gehienez ere 2 puntu emango dira, modu honetan:
– Puntu 1, gutxienez 400 orduko iraupena duen ikastaro bakoitzeko.
– 0,5 puntu, gutxienez 60 orduko iraupena duen ikastaro bakoitzeko.
4.– Lan-ibilbidea (gehienez 5 puntu).
Lan-ibilbidea dela-eta gehienez 5 puntu lor daitezke, eta modu honetan ebaluatuko da:
– Komunikazio digitalean, erredakzio digitalean, herritarren parte-hartzean edo antzekoetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,8 puntu.
– Bekaren gaiarekin lotutako arloetan lan egindako hilabete bakoitzeko: 0,2 puntu.
5.– Euskararen ezagutza (gehienez 12 puntu).
Egiaztagiria aurkeztuz egiaztatuko da:
– C1: 6 puntu.
– C2: 12 puntu.
6.– Ingelesaren ezagutza (gehienez 8 puntu).
Egiaztagiria aurkeztuz egiaztatuko da:
– B1: 2 puntu.
– B2: 3 puntu.
– C1: 5 puntu.
– C2: 8 puntu.
8. artikulua.– Esleipena eta argitalpena.
1.– Deialdiaren ebazpena Lehendakaritzako idazkari nagusiak emango du, Hautaketa Batzordeak proposatuta.
2.– Ebazpen horrek administrazio-bidea agortuko du, eta I. eranskinean beken esleipendunen zerrenda izango du. Banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaileei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta www.euskadi.eus webgunean ere argitaratuko da, guztiek izan dezaten horren berri.
3.– Esleipenaren ebazpenak II. eranskina ere izango du, eta bertan, esleitutako beken modalitate bakoitzerako bi ordezko izendatuko dira. Ordezko horiek, arlo bakoitza eta ordezkotza-hurrenkera kontuan hartuta, lehentasuna izango dute bekadun izateko, ukoren bat edo beste edozein gorabehera gertatzen denean.
4.– Ebazpen hau dela-eta egindako eskabideak ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Epe horretan interesdunari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du horrek, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan adierazitakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta uztailaren 26ko 173/2011 Dekretuan –gerora, maiatzaren 20ko 78/2014 Dekretuak aldatukoan– arautu ez den guztirako, honako legeetan xedatutakoa aplikatuko da: Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori– eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio-bideari bukaera ematen dio. Ebazpenaren aurka egiteko, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke ebazpena eman duen organoari hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa ere aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean ebazpen hau.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 10a.
Lehendakaritzako idazkari nagusia,
JESÚS MARÍA PEÑA MARTÍNEZ.