EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2015237

219/2015 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari baimena ematen diona Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, bere lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiteko.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201500219
Xedapenaren data: 2015-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201505247
Maila: Dekretua
Sprilur, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 22an egindako bileran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari sozietatearen kapitala gehitzeko (5.000.000,00 euro) proposamena egitea.
Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 29an egindako bileran, Eusko Jaurlaritzara jotzea erabaki zuen, Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateari buruzko 5/1981 Legearen 4. artikuluko 2. puntuan jasotakoaren arabera, baimena eman ziezaion, Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko, akzioak harpidetuz. Guztira, bost milioi (5.000.000,00) euro harpidetuko ditu, hau da, % 100eko partaidetza.
Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua sorrarazteari buruzko ekainaren 10eko 5/1981 Legearen 4.2 artikuluak dioenez (egun izen hau du: Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.), sozietateak parte hartu ahal izango du interes bereziko enpresen sozietate-kapitalean. Horretarako, lehenago Eusko Jaurlaritzak baimena eman beharko du, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzak errespetatu beharko dira.
Sprilur, S.A. sozietatearen xedea helburu hauetakoren bat edo batzuk gauzatzea da, betiere industria-eraikinak eta lurzorua sustatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean:
a) Azterlanak egingo ditu, haietan edozein motatako hirigintza-plan eta -proiektuak jasoz. Bere zeregina izango da, halaber, plan eta proiektu horiek izapidetzeko eta onartzeko dagozkion zereginak gauzatzea, betiere hirigintza-arloan indarrean dauden legeen arabera.
b) Industria-lurra prestatzeko egin behar diren hirigintza-jarduerak gauzatuko ditu; haien artean, azpiegitura- eta urbanizatze-lanak, zerbitzuen horniketa, eta hirigintza-planeamendua gauzatzeko egin beharreko gainontzekoak.
c) Industrien kokaleku izango diren eraikinak eta instalazioak egiteko beharrezkoak diren eraikuntza-jarduerak egingo ditu, bai eta hirigintza-planeamenduan aurreikusten den ekipamendu komunitarioa jartzeko behar direnak ere.
d) Egiten dituen hirigintza- eta eraikuntza-jardueren ondoriozko obra eta zerbitzuen kudeaketa-, ustiaketa- eta mantentze-lanak egingo ditu.
e) Bere xedea betetzearren, sozietateak interes bereziko enpresen kapitalean parte hartu ahal izango du, kasuan kasurako zehazten diren baldintzetan.
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 1ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Sprilur, S.A. sozietate publikoan dituen titulartasun zuzeneko akzioen ordezkariari baimena ematea, hain zuzen ere izapidetzen ari den kapital sozialaren gehikuntzan akzioen lehentasunezko harpidetza-eskubideari uko egiteko Administrazioaren izenean. Gehikuntza hori 5.000.000,00 eurokoa da.
2. artikulua.– Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ri baimena ematea Sprilur, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Gehikuntza bost milioi eurokoa da (5.000.000,00). Halaber, baimena ematen zaio aipatu partaidetza ordaintzeko harpidetza egiten duen unean. Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.k % 92,93ko partaidetza izango du Sprilur, S.A.n.
3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren titularitatekoak diren akzioen ordezkariei baimena ematen zaie kapital-gehikuntzaren ondorioz Sprilur, S.A. sozietatearen estatutuen aldaketa onar dezaten.
4. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 1ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.