EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2015235

EBAZPENA, 2015eko azaroaren 20koa, Eusko Jaurlaritzako Gazteria eta Kirol Zuzendariarena, Euskal Mendizale Federazioaren Estatutuen 1., 17., 18., 19., 20., 26., 33. eta 74. artikuluetan egindako aldaketak onartu eta Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzen duena.

Xedapenaren data: 2015-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201505221
Maila: Ebazpena
Euskal Mendizale Federazioaren estatutuen zenbait artikulu berriro idatzi dira. Federazio hori 1985/12/20an inskribatu zen EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan, 47. zenbakiarekin.
Euskal Mendizale Federazioak, 2014ko azaroaren 8an egindako ezohiko batzar orokorrean, bere estatutuetan egindako aldaketak onartzeko erabakia hartu zuen, eta onarpen hori agiri bidez egiaztatu da.
Estatutuen aldaketa horiek bat datoz urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuan eta Euskadiko Kirolaren ekainaren 11ko 14/1998 Legean xedatutakoarekin.
Ondorioz, nire eskumenak erabiliz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Euskal Mendizale Federazioaren estatutuen 1., 17., 18., 19., 20., 26., 33. eta 74. artikuluen aldaketak onartu eta EAEko Kirol Erakundeen Erregistroan inskribatzea. Artikulu horiek honela idatzita gelditzen dira:
1. artikulua.– Euskal Mendizale Federazioa [aurrerantzean EMF (Euskal Mendizale Federazioa)] nortasun juridiko propioa eta jarduteko gaitasuna dituen irabazteko asmorik gabeko erakunde pribatua da. Euskal Autonomia Erkidegoan mendiko modalitatean kirola egiten, sustatzen eta antolatzen aritzen diren kirol-elkarteak, klubak, kirolariak, teknikariak eta epaileak biltzen ditu, lankidetza-araubidean.
Kirol modalitateei eta diziplinei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuaren eranskinarekin bat etorrita, honako hauek dira mendiko kirola osatzen duten diziplinak: orientazioa, mendiko eskia, mendi lasterketak, eskalada haitzetan, kirol eskalada, alpinismoa, mendiko ibilaldiak, martxak, arroilen jaitsierak eta espeleologia.
Diziplina berriak txertatu ahal izango dira, betiere indarrean dagoen legediarekin bat etorriz.
17. artikulua.– 1.– Lurralde federazioetako estamentuen ordezkariek osatuko dute Batzar Nagusia, lurralde federazioetako batzarretan hautaketa prozesua egin ondoren; proportzio hauek beteko dira:
Kluben eta kirol elkarteen estamentuaren ordezkaritza batzarreko kide guztien % 85ekoa izango da.
Kirolarien estamentuaren ordezkaritza batzarreko kide guztien % 7,5ekoa izango da.
Teknikarien eta epaileen estamentuen ordezkaritza batzarreko kide guztien % 7,5ekoa izango da.
2.– Aurreko araua aplikatu ondoren, Batzar Nagusia osatzeko, Hauteskunde Batzordeak lurralde federazio bakoitzari ordezkari kopuru bat esleituko dio; horretarako, lurralde federazioek estamentu bakoitzean dituzten kideen kopurua EMFn (Euskal Mendizale Federazioa) izena emanda dauden kide guztien kopuruarekin alderatuko da, eta kopuru proportzionala esleituko zaie.
3.– Gehienez ere 300 kidek osatuko dute EMFren (Euskal Mendizale Federazioa) Batzar Nagusia. Hauteskunde Batzordeak zehaztuko du kideen kopuru osoa. Horretarako, eta, betiere, kopuru osoak gehieneko kopurua gainditzen ez badu eta lurralde federazio bakoitzeko kirol kluben eta taldeen banaketa proportzionala errespetatzen bada, kirol kluben eta taldeen estamentuari dagozkion tokiek aukera emango dute lurralde federazioetako Batzorde Nagusietako kide guztiek parte har dezaten, estamentu horri dagokionez. Gainerako estamentuetako kideen kopuruak artikulu honetako 1. paragrafoan zehaztutako ehunekoak aplikatuta zehaztuko dira.
18. artikulua.– 1.– Batzar Nagusian, kluben eta kirol elkarteen estamentuan, boto haztatua aplikatuko da edozein erabaki hartzeko, zentsura mozioaren kasuan izan ezik.
2.– Hauteskunde Batzordeak ezarriko du kluben eta kirol elkarteen estamentuko kide bakoitzari dagokion boto haztatua, Hauteskunde Araudian adierazten diren irizpideen arabera, baina estamentu horren boto kopuruak ezingo du Batzar Nagusiko boto guztien % 90 gainditu. Esleitzen den boto haztatuak Batzar Nagusiaren agintaldi osorako balioko du.
3.– Kirolarien estamentua ordezkatzen duten pertsonak hemezortzi urtetik gorako kirolarien artetik hautatuko dira, hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean dutenen eta aurreko denboraldian ere lizentzia indarrean izan zutenen artetik. Lehen azaldutako baldintzak betetzen dituzten hamasei urtetik gorako kirolariek aukeratuko dituzte ordezkariok.
4.– Teknikarien ordezkariak hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean dutenen eta aurreko denboraldian ere lizentzia indarrean zutenen artean hautatuko dira, lizentziaren kategoria edozein izanik ere.
5.– Epaileen ordezkariak hauteskundeak egingo diren denboraldirako lizentzia indarrean dutenen eta aurreko denboraldian ere lizentzia indarrean zutenen artean hautatuko dira, lizentziaren kategoria edozein izanik ere.
6.– Hautatutakoek betetzen duten epealdian Batzar Nagusiko kideen artean posturen bat hutsik geldituko balitz, Batzar Nagusirako azken hauteskundeetan estamentu bakoitzeko ordezkoen zerrendaburuak beteko du hutsik dagoen tokia, kasu horretarako Hauteskunde Arautegiak ezarritako prozedurarekin bat etorriz, betiere.
7.– Lurralde Federazio batean ordezkaririk ez duen estamenturen bat badago, edo estamentua osatzen duen kide kopurua ez bada Lurralde Federazio horri ezarritako ordezkaritza kopuru gutxienekora iristen, estamentu horren postu hutsak Lurralde Federazio horren beste estamentuei proportzionalki egokitu ahal izango zaizkie.
19. artikulua.– 1.– Batzar Nagusia ohiko eta ohiz kanpoko bileretan biltzen da.
2.– Batzar Nagusiaren ohiko bilera urtean bi aldiz egingo da gutxienez, bata urteko lehen seihilekoan, honetarako:
a) Kontuen egoera onartzeko.
b) Jarduera plana onartzeko.
Bestea urteko bigarren seihilekoan, honetarako:
a) Hurrengo denboraldiko jardueren eta lehiaketen egutegi ofiziala onartzeko.
b) Aurrekontua onartzeko.
3.– Bere eskumenekoak diren bestelako gaiak ere ohiko bileran aztertuko dira, ondorengo paragrafoan aurreikusitakoak izan ezik.
4.– Batzar Nagusia ohiz kanpoko saioan bilduko da, honako gai hauek jorratzeko:
a) Hauteskundeak egitea.
b) Zentsura mozioa.
c) Arautegiak onartzea eta/edo aldatzea.
d) Estatutuak onartzea eta/edo aldatzea.
e) EMF (Euskal Mendizale Federazioa) desegitea.
20. artikulua.– 1.– Ohiko eta ohiz kanpoko Batzar Nagusiak biltzeko deia egitea EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) lehendakariari dagokio ofizioz, Zuzendaritza Batzordeak hala eskatzen duenean edota Batzar Nagusiko kideen % 5ek, gutxienez, eskatzen duenean. Ezinezkoa balitz, edo lehendakariak Batzar Nagusia biltzeko deia egiteko betebeharra beteko ez balu, Zuzendaritza Batzordeak edota Batzar Nagusiko kideen % 5, gutxienez, ordezkatzen duen kide-talde batek deialdia egin ahal izango dute.
2.– Deialdia egiteko ahalmena duten taldeek deialdirako eskaria egiten dioten egunetik, lehendakariak Batzar Nagusia deitzeko gehienez 15 egun naturaleko epea izango du. Deialdia egiten den egunetik Batzarra egiten den egunera ezingo dira 30 egun natural baino gehiago igaro.
26. artikulua.– 1.– Zuzendaritza Batzordearen kide kopurua bakoitia izango da, eta gutxienez honako hauek osatuko dute:
a) Lehendakaria: EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) lehendakaria bera izango da.
b) Lehendakariordea: lehendakaria ez dagoenean edo kargua hutsik dagoenean, lehendakari funtzioak beteko ditu.
c) Diruzaina.
d) Idazkaria.
e) Lurralde Federazioetako Lehendakariak Zuzendaritza Batzordeko eskubide osoko kide izango dira.
2.– Zuzendaritza Batzordean federazioko idazkari teknikari batek, kudeatzaile batek edo administrari batek ere lagundu dezakete; kide horiek hitz egiteko eskubidea dute, baina ezingo dute botorik eman.
3.– Lehendakariorde eta diruzain karguak pertsona berak bete ditzake.
4.– Zuzendaritza Batzordeko kargu oro ohorezko karguak dira, idazkari eta diruzain karguak izan ezik; azken horiek ordaindutakoak izan daitezke.
5.– Batzar Nagusiko kide ez diren Zuzendaritza Batzordeko kide guztiek Batzar Nagusian parte har dezakete; kide horiek hitz egiteko eskubidea izango dute, baina ezingo dute botorik eman.
33.– Artikulua.– 1.– Batzar Nagusiak erantzukizuna eskatu ahal izango dio Zuzendaritza Batzordeari. Horretarako, zentsura mozioa onartu beharko du, Batzar Nagusira bertaratzen diren kideen gehiengo osoz, helburu horrekin deitzen den bileran.
2.– Lehendakariak, idatzia jasotzen duenetik, hamabost egun naturaleko epea izango du gehienez Aparteko Batzar Nagusia deitzeko, eta gai hori izango da gai-zerrendako bakarra. Deialdia egiten den egunetik Batzarra egiten den egunera ezingo dira 30 egun natural baino gehiago igaro.
3.– Zentsura mozioa onartzen denean, Zuzendaritza Batzordeko kideek eta EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) lehendakariak kargua utzi beharko dute, Lurralde Federazioetako lehendakariak salbu; horiek Zuzendaritza Batzorde berrian eskubide osoko kide izango dira.
4.– Zentsura mozioa onartu ondoren, Hauteskunde Batzordea deituko da, gehienez ere hamabost eguneko epean, Zuzendaritza Batzorde berria hautatzeko hauteskunde-prozesua abiaraz dezan.
74.– Artikulua.– 1.– EMFk (Euskal Mendizale Federazioa) urtero onartuko ditu ekitaldiko aurrekontuak.
2.– Zuzendaritza Batzordeari dagokio aurrekontuen proiektua gauzatzea, eta Batzar Nagusiari dagokio onartzea.
3.– Aurrekontuan EMFk (Euskal Mendizale Federazioa) gehienez onar ditzakeen betebeharrak eta dagokion ekitaldian likidatuko dituen eskubideak adierazi beharko dira (zifraz horniturik, era bateratuan eta sistematikoki). Era berean, kirol modalitate horretan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna sustatzeari lotutako betebeharrak ere adierazi beharko dira EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) aurrekontuan.
4.– Aurrekontu bakarra egongo da, eta EMFko gastu eta diru-sarrera guztiak jasoko ditu, organo osagarrienak eta horien erakunde instrumentalenak barne.
Alde horretatik, Pyrenaica aldizkaria, komunikatzeko, informatzeko eta prestatzeko tresna den aldetik eta federazioaren beraren egituraren eta funtzionamenduaren funtsezko elementua denez, EMFren erakunde instrumentaltzat hartuko da.
5.– Aurrekontua orekatua izango da, eta inolaz ere ez da defizita sortzen duen aurrekonturik onartuko aldez aurretik Eusko Jaurlaritzaren baimena eskuratu gabe.
6.– Behin Batzar Nagusiaren onarpena lortutakoan, aurrekontua eta aurreko ekitaldiko likidazioa Eusko Jaurlaritzari helaraziko zaizkio.
7.– EMFko (Euskal Mendizale Federazioa) Zuzendaritza Batzordeak guztizko aurrekontuaren % 20 gainditzen ez duten kreditu aldaketak erabaki ahal izango ditu.
Bigarrena.– Legez ezarritako epean jakinarazteko agindua ematea.
Hirugarrena.– Ebazpen hau eta bere eranskina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Laugarrena.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotzen denaren arabera, administrazio-bidea amaitzen ez duen ebazpen honen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, jakinarazpenetik hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 20a.
Gazteriako eta Kiroletako zuzendaria,
JON REDONDO LERTXUNDI.