EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2015235

AGINDUA, 2015eko abenduaren 2koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzkoa.

Xedapenaren data: 2015-12-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201505215
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/01/23an argitaratutako 2011/11/30reko AGINDUA indargabetzen du [201200333]

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren xedea da pertsona fisikoen askatasun publikoak eta eskubideak bermatzea eta babestea, horrelako datuen tratamenduari begira. Lege hori aplikatzekoa da euskarri fisikoan erregistratuta dauden eta tratatu daitezkeen izaera pertsonaleko datuen kasuan, bai eta gerora sektore publikoaren nahiz pribatuaren aldetik egin daitezkeen datu horien erabilera mota guztietan ere.
Otsailaren 25eko 2/2004 Legearen 4. artikuluan (lege horrek izaera pertsonaleko datuen titulartasun publikoko fitxategiak eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren sorrera arautzen ditu) xedatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren fitxategiak sortzeko, aldatzeko edo ezabatzeko beharrezkoa dela fitxategia atxikita dagoen saileko titularraren agindua, aginduak indarrean dagoen legerian ezarritako aipamen guztiak jaso behar dituela, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu behar dela; hori guztia, 15/1999 Lege Organikoaren 20.1 artikuluan eta lege hori garatzekoa den abenduaren 21eko 1720/2007 Errege Dekretuaren 54. artikuluan xedatutakoarekin bat.
Urriaren 18ko 308/2005 Dekretuaren 2. artikuluan (dekretu hori otsailaren 25eko 2/2004 Legea garatzekoa da) ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Datuak Babesteko Euskal Bulegoari jakinaraziko diotela izaera pertsonaleko datuen zer fitxategi sortu, aldatu edo ezabatu diren, Datuak Babesteko Erregistroan inskribatzeko.
Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Aginduaren bidez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautu ziren.
Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioaren egitura arautzen du, 2. artikuluan; eta 8. artikuluan, ordea, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren funtzioak eta jardun-arloak xedatzen ditu.
Abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, organo hauek osatzen dute aipatutako Sail hori: jada desagertutako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko organo eta unitate guztiek; eta jada desagertua den Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko organo eta unitate guztiek, Lurzoru eta Hirigintzako Zuzendaritzak izan ezik, azken hori egungo Garraio eta Herri Lanetako Sailburuordetzari atxikita geratu baita.
Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailen egitura berrantolatzearen eta eskumenen esleipena aldatzearen ondorioz, beharrezkoa da Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila osatzen duten organo eta unitateei atxikitako fitxategi guztiak bateratzea, haiei buruzko araudia jada desagertu diren jatorrizko sailek emandako aginduetan barreiatuta baitago.
Halaber, araudi honen xedea da aipatutako Sailari atxikita geratuko diren fitxategi berriak sortzea, bai eta orain arte zeuden beste batzuk aldatzea edo ezabatzea ere.
Bestalde, agindu horrek barnean hartzen ditu Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak ere; erakunde hori Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari atxikita dago.
Horregatik guztiagatik, lehen aipatutako Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legea, eta Xedapen Orokorrak Egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legea betetzeko, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoak kudeatzen dituzten izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzea; agindu honen IV. eranskinean zerrendatu dira fitxategi horiek.
2.– Aurreko zerrendatik, I. eranskinean zehaztutako izaera pertsonaleko datuen fitxategiak sortu dira.
3.– Aldatu diren fitxategiak II. eranskinean zerrendatu dira.
4.– Ezabatu diren fitxategiak III. eranskinean zerrendatu dira, eta fitxategi horietan jasotako datuak nora bideratuko diren zehaztu da.
2. artikulua.– Datu-lagapena.
1.– Fitxategi bakoitzerako aurreikusitako datu-lagapenak baztertu gabe, bertan jasotzen diren datuak laga ahal izango dira, Administrazio publikoaren esparruan, ordenamendu juridikoak euren gain utzitako eginkizunak betetzeko, betiere eskumen berdin-berdinak edota gai berberen gaineko eskumenak gauzatzeko.
2.– Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko eta beste Administrazio Publikoetako organoei eta estatistika-zerbitzuei laga ahal izango zaizkie, Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikari buruzko apirilaren 23ko 4/1986 Legean eta Estatistikako Funtzio Publikoaren maiatzaren 9ko 12/1989 Legean xedatutakoarekin bat.
3.– Halaber, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 11.2 artikuluari jarraituz, Arartekoari, Fiskaltzari, epaileei edo auzitegiei, edota Kontu Auzitegiari laga ahal izango zaizkie izaera pertsonaleko datuak, esleitutako eginkizunak gauza ditzaten.
3. artikulua.– Segurtasun- eta kudeaketa-neurriak.
Fitxategi bakoitzaren ardura duten organoek beharrezko neurriak hartuko dituzte, fitxategiak sortu diren helbururako erabiltzen direla bermatzeko, izaera pertsonaleko datuen segurtasuna zaintzeko, eta datuak aldatzea, galtzea edo baimenik gabe tratatzea edo eskuratzea eragozteko, bai eta Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzen duten arauetan aintzat harturiko bermeak, betebeharrak eta eskubideak gauzatzeko beharrezkoak diren neurriak ere.
4. artikulua.– Datuak tratatzeko zerbitzuak ematea.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren nahiz Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren mende izaera pertsonaleko datuen tratamenduan zerbitzuak ematen dituztenek betebeharra dute datu horiek tratatzeko ardura duen pertsonak emandako jarraibideak betetzeko, esleitu zaizkien funtzioak betetzean, eta betebehar hori horretarako egindako kontratuan jaso beharko da; eta ezin izango dituzte datu horiek beste helburu baterako erabili, ez eta haien berri eman beste pertsona batzuei ere, ezta kontserbatzeko ere, abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoko 12. artikuluan xedatutakoa betez.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Agindu hau indarrean jartzearekin batera, indargabetuta geratzen da Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2011ko azaroaren 30eko Agindua, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren eta Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakunde Autonomoaren izaera pertsonaleko datuen fitxategiak arautzen dituena, bai eta arau honetan xedatutakoaren aurka egiten duen maila bereko edo beheragoko beste edozein xedapen ere.
AZKEN XEDAPENetatik lehenengoa
Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak Datuak Babesteko Euskal Bulegoari igorriko dio Agindu honen kopia bat, bertan jasotako fitxategiak inskriba, alda edo ezaba ditzan, kasu bakoitzean dagokiona, horretarako ezarritako prozeduraren bidez.
Osalan Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen kasuan, erakunde horren Zuzendaritzak izango du fitxategi horien berri emateko ardura.
AZKEN XEDAPENetatik bigarrena
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 2a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.