EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2015231

218/2015 DEKRETUA, abenduaren 1ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematen diona Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201500218
Xedapenaren data: 2015-12-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201505161
Maila: Dekretua
Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren Administrazio Kontseiluak, 2015eko urriaren 29an egindako bilkuran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari proposatzea sozietatearen kapitalari 5.000.000 euro gehitzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Orokorrak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, betiere Kapital Sozietateei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen uztailaren 2ko 1/2010 Legegintzako Errege Dekretuaren 304. artikuluan agindutakoarekin bat etorriz.
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina ematen den egunetik aurrera izango du indarra.
Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak, doako eskuraketa ez baldin bada behinik behin, nahitaezkoa izango du sozietatearen xedea adieraztea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskuratze horretan zuzenean nahiz zeharka izango duen partaidetzaren ehunekoa ere.
Hauxe da Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ren helburua:
«a) Enpresa-sustapenean laguntzea, kudeaketaren, ekonomiaren eta teknikaren arloetan eta interes enpresarialeko beste arlo batzuetan zerbitzu-aholkularitza emanez eta ikerketak eginez.
b) Enpresa berrien sorrera eta jada martxan daudenen zabalkundea sustatzea, garapen teknologikoari eta esportazioari arreta berezia eskainiz.
c) Enpresen arteko jarduera komunak eta kooperaziokoak sustatzea, horrek lehiakortasuna indartzera eramaten duenean.
d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutako alderdien indarrak era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun baldintza objektiboak biltzen badituzte.
e) Ikerketako eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu berrietan eta horiei loturiko zerbitzuetan.
f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.
Gainera, sozietateak, bere helburuak betetze aldera, honako hauek egin ahal izango ditu:
1.– Enpresei diru-laguntzak, kredituak –epe luze edo ertainera, baita interes-mota berezian ere– eta abalak eman, betiere Eusko Jaurlaritzak ematen dituen arauak betez.
2.– Interes bereziko enpresen kapital sozialean parte hartu, eta enpresaren xedea osatzen duten jarduerak garatu –osorik edo partez, zeharka–, xede bera duten sozietateen akzio edo partaidetzen titularitatearen bidez (baita xede hori sozietatearen helburuaren zati bat bada ere, edo antzeko xedea bada ere). Jarduera horiek aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzaren baimena behar da, eta kasu bakoitzean zehazten diren baldintzak bete behar dira.
3.– Erakundeen aurrezkiko funts publikoen koefizientean konputagarriak izan daitezkeen obligazioak edo antzeko tituluak jaulki.
4.– Finantza-erakunde publiko eta pribatuetatik maileguak jaso. Aurrezki-kutxek emandako maileguak arauketa bereziko mailegutzat jo daitezke, indarrean dagoen legerian ezarritako moduan eta baldintzetan.
5.– Diru-laguntzak eta bermeak jaso, EAEko Ogasun Nagusitik eta Euskal Autonomia Erkidegoko beste instituzio eta erakunde publikoetatik, bai eta estatuko sektore publikotik ere».
Ondorioz, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren eta Ogasun eta Finantzetako sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko abenduaren 1ean egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietateko Akziodunen Batzar Orokorrak erabakitzen duen kapital-gehikuntzan parte hartzeko. Partaidetza hori bost milioi eurokoa (5.000.000) izango da. Halaber, baimena ematen zaio ordainketa aipatu batzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko eta sozietatearen estatutuetan dagokion aldaketa egiteko. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak % 99,05eko parte-hartze zuzena izango du Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. sozietatean.
2. artikulua.– Ondare eta Kontratazioko zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko abenduaren 1ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.