EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2015230

EBAZPENA, 2015eko azaroaren 23koa, Langileak Kudeatzeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-kargua egikaritzeari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedurarako deialdia egiteko dena. Otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan ezarritakoaren ondorioz zuzendari-kargua bete duten pertsonek jasoko dute berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori.

Xedapenaren data: 2015-11-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201505149
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/10/26an argitaratutako 2012/10/16ko 201200204 DEKRETUA

Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoarenak, ikastetxe publikoetako zuzendarien esku uzten du ikastetxeen kudeaketa orokorraren eta funtzionamenduaren ardura, eta bereziki nabarmentzen du irakaskuntza-jarduerari eman behar dioten arreta. Lege horrek zuzendariaren figura indartzeko asmoa adierazten du, eta, horretarako, eginkizun horiek betetzeko behar den prestakuntza duten langileak sustatu nahi ditu.
Hain zuzen, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana arautzen duten oinarrizko printzipioak, zuzendaritza-karguen eskumenak eta egitekoak, zuzendariak hautatzeko prozedura eta zuzendaritza-funtzioaren aintzatespena ezartzen dira honako bi lege hauen bidez: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa; eta 3/2008 Legea, ekainaren 13koa, otsailaren 19ko 1/1993 Legea, Euskal Eskola Publikoarena, aldatzen duena.
Lege horiek ezarritakoa betetzeko, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitako Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetako zuzendariak aukeratzeko, eta pertsona bakarreko gainerako gobernu-organoak izendatzeko eta kargugabetzeko prozedura arautzen du.
Dekretu horretako 18. artikuluak arautzen du ebaluatu egingo direla izendatutako zuzendariek betetzen duten kargua eta egiten dituzten jarduerak, betiere izendapenaren aginte-aldia betetzen badute. Dekretuak berak arautzen duen prozedura betez egingo da izendapen hori, lau urterako.
Halaber, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuak arautzen ditu eta honako hau ezartzen du 22.artikuluan: Lanbide-heziketako ikastetxe publiko bateratuetako zuzendari, ikasketa-buru eta idazkariak, hezkuntzaren arloan eskumena duen sailekoak, euren agintaldiaren amaieran, hots, lau urteko agintaldiaren amaieran, ebaluatu egingo dira, otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuan eta hura garatzen duten xedapenetan ezartzen den prozedurari jarraikiz.
Bestalde, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, 139. artikuluan, unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetako zuzendaritza-lana aitortzen du. Artikulu horren 4. paragrafoak dio, ikastetxe publikoetako zuzendariek, hezkuntza-administrazio bakoitzak finkatzen duen denboraldian kargua balioespen positiboarekin betetzen badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean; betiere, hezkuntza-administrazioek finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.
Halaber, otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoarenak, 33 sexies artikuluko 4. paragrafoak, ekainaren 13ko 3/2008 Legeko laugarren artikuluak xedapen horrentzat arautu duen idazketan, honako hau ezartzen du: Euskal Eskola Publikoko ikastetxeetako zuzendariek, arau bidez finkatzen den denboraldian kargua balioespen positiboarekin bete badute, dagokien ordainsari-osagarriaren zati bat jasotzen jarraituko dutela aktibo dauden bitartean, betiere, araudi bidez finkatutako neurriak, baldintzak eta betekizunak errespetatuta.
Orobat, apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuak arautzen ditu eta honako hau ezartzen du 22. artikuluan: Karguaren ebaluazioan balorazio positiboa lortu duten zuzendariek, jardunean dauden bitartean, dagokion lansari-osagarriaren zatia jasotzen jarraituko dute, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarritako prozeduraren eta zenbatekoaren arabera.
Horrenbestez, 204/2012 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-kargua egikaritzeari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko modua arautu zen. Ordainsari-osagarri hori zuzendari-kargua betetzen duten pertsonek jasoko dute, betiere, zuzendariak hautatzeko otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak arautzen duen prozesuari jarraituz izendatuak izan badira.
Urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarri ziren berariazko ordainsari-osagarriaren zati hori finkatzeko baldintzak, bai eta dituen bateraezintasunak, prozedurak eta zenbatekoak ere. Izan ere, 4. artikuluak esaten duenez, Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpen batean ezarritako deialdian adieraziko da zein den eskariak aurkeztu eta ebazteko prozedura. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Hori guztia dela eta, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Deialdia.
Horrenbestez, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren urriaren 16ko 204/2012 Dekretuaren arabera (2012ko urriaren 26ko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoetan zuzendari-kargua egikaritzeari dagokion berariazko ordainsari-osagarriaren zati bat finkatzeko prozedurarako deialdia egin behar da. Ordainsari-osagarri hori zuzendari-kargua betetzen duten pertsonek jasoko dute, betiere, zuzendariak hautatzeko otsailaren 3ko 22/2009 Dekretuak arautzen duen prozesuari jarraituz izendatuak izan badira, Dekretu horrek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren mendeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxeetako zuzendaria aukeratzeko, eta pertsona bakarreko beste gobernu-organoak izendatzeko eta kargua uzteko prozedura arautzen du.
Bigarren artikulua.– Betebeharrak.
Deialdi honetan araututako aintzatespena jasotzeko, urriaren 16ko 204/2012 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira eskaera aurkezteko epean, kalte egin gabe Lehenengo Xedapen Gehigarrian ezarritakoari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako Ikastetxe Bateratuak arautzen dituen apirilaren 1eko 46/2014 Dekretuak 22.3 artikuluan ezarritakoari.
Hirugarren artikulua.– Eskaerak aurkezteko modua eta epea.
Eskatzaileek dagokien Ebazpen honen eranskinean argitaratutako eskaera eredua beteko dute (I eranskinean orokorra, eta II eranskinean ikastetxeak bat egiteko, integratzeko edo bateratzeko prozesu baten ondorioz desagertutako ikastetxe bateko zuzendaria izatekotan) eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu beharko dute, edo 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako edozein erregistrotan (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Eskabide-orria aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Laugarren artikulua.– Ebazpena.
Behin bukatuta eskabide-orriak aurkezteko epea, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Lurralde Ordezkaritzetatik, saileko Langileak Kudeatzeko Zuzendaritzara bidaliko dituzte jasotako eskaerak, horiekin batera eskatzaileak deialdian ezarritako eta baita betebeharrak betetzen dituela adierazten duen txostena.
Eskabide-orriak eta dagozkien txostena jaso ostean, Langileriaren Kudeaketako zuzendariak deialdi honen barruan eskatutako aintzatespena emateko edo ukatzeko berariazko ebazpena emango du. Ebazpena aldekoa izanez gero, finkatutako osagarria ordaintzea edo atzeratzea aginduko da 204/2012 Dekretuaren hirugarren atalak ezarritako bateraezintasunen erregimenaren arabera.
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik aurrera.
Bosgarren artikulua.– Datu pertsonalen babesa.
Eskatzaileek ematen dituzten datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko dira; fitxategi horren helburua deialdi hau kudeatzea izango da. Fitxategiaren arduraduna Langileak Kudeatzeko Zuzendaritza izango da eta datuak atzitu, zuzendu, ezereztu eta aurka egin nahi izanez gero, bertara jo behar da: Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz.
Fitxategi horren erabilera eta funtzionamendua, betiere, izaera pertsonaleko datuen babesari eta titulartasun publikoko izaera pertsonaleko datuen fitxategiei buruzko legediko aurreikuspenetara egokituko da (15/1999 Lege Organikoa, abenduaren 13koa, izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzkoa; 2/2004 Legea, otsailaren 25ekoa, Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa; eta garapeneko araudia).
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Helegiteak:
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 23a.
Langileriaren Kudeaketako zuzendaria,
KONRADO MUGERTZA URKIDI.