EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-12-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2015230

EBAZPENA, 2015eko azaroaren 25ekoa, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiarena, Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako eta Ikuskapen Eskalako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedurarako dei egiten duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren data: 2015-11-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201505141
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Prestatu eta trebatzeko ikastaroak)
Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko ekainaren 28ko 15/2012 Legearen 23. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz eta Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 52. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera, eta Erakunde Autonomoko Kontseilu Errektoreak 2014ko martxoaren 31ko bileran onetsitakoarekin bat etorriz eta, ildo horretatik, Segurtasuneko sailburuordeak egindako eskaerari erantzunez, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritzak Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako eta Oinarrizko Eskalako karrerako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzeko hautaketa-prozedura rako dei egiten du, ondorengoak kontuan harturik.
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
1.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako eta Oinarrizko Eskalako funtzionarioentzat Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroan sartzeko, oposizio-lehiaketa sistema bitartez, hautaketa-prozedura rako deia egiten da.
Deitutako ikastaroak espezializazio-ikastaro izaera du, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onesten duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuko 54. eta ondorengo artikuluetan ezarritakoaren arabera.
2.– Deitutako plaza kopurua guztira 130 izango dira, honako eran banaturik:
95 plaza, Ertzaintzaren agente kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
20 plaza, Ertzaintzaren agente lehena kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
5 plaza, Ertzaintzaren ofizialondoko kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
10 plaza, Ertzaintzaren ofizial kategoriako karrerako funtzionarioentzat.
Deitutako plazen kopurua handitu ahal izango da Bide Segurtasuneko espezialitateari atxikitako kategoria desberdinetan hutsik dauden lanpostuen arabera, hautaketa prozesu honen garapenean zehar gerta daitekeen edozein arrazoirengatik. Kopurua handituz gero, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki taulan argitaratuko da Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariaren Ebazpenaren bidez, Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartzen duen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 40.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
Plaza-gehikuntza oinarri hauen bidez arautuko da eta hamaikagarren oinarriko 3. puntuan aurreikusitako izapidearen aurretik ezarri beharko da.
Bigarrena.– Izangaien betekizunak.
1.– Hautaketa-prozedura n parte hartu nahi duen pertsona onartua izateko, ondoren zehazten diren baldintzak bete beharko ditu:
a) Aldez aurretik eskabidea betetzea.
b) Ondoko egoeretako batean izatea:
b.1.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente Kategoriako 95 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
b.2.– Ertzaintzaren Oinarrizko Eskalako agente lehena Kategoriako 20 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
b.3.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizialondoko Kategoriako 5 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
b.4.– Ertzaintzaren Ikuskapen Eskalako ofizial Kategoriako 10 erreserbatutako plazetako hautaketa-prozeduran parte hartzeko, kategoria horretan karrerako funtzionario izendatuta egotea eta kategoria horretako administrazio-egoera aktiboan izatea.
c) Ebazpen hau argitaratzen denean, izangaia atxikitako lanpostuan gutxieneko iraunaldi baten menpe ez egotea, aldi hori beteta ez badago, edo eskudun organoak errenuntzia onartu ez badu, edo atxikipen bera eskatzen den beste lanpostu baterako parte hartu nahi ez bada, uztailaren 17ko 4/1992 Legearen 65.5 eta abenduaren 22ko 388/1998 Dekretuaren azken paragrafoko 5.3 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
d) Lehentasunezko edo ibilgailu baliokideak errepideetatik gidatzeko baimen administratiboa (BTP gidabaimena) izatea, Gidarien Araudi Orokorra onesten duen maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
e) Edozein potentzia eta pisutako motozikletak errepideetatik gidatzeko baimen administratiboa (A motako gidabaimena) izatea, Gidarien Araudi Orokorra onesten duen maiatzaren 8ko 818/2009 Errege Dekretuarekin bat etorriz.
f) Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroetan sartzeko hiru deialdi baino gehiagotan parte hartu gabe egotea. Deialdi bat agortutzat emango da, eta zenbagarritzat joko da, funtzionarioa ikastaroan parte hartzeko ontzat ematen den kasuan. Ez ordea, deia egiten duen organoak ikusten badu, nahi gabeko kausa dela-eta, izangaia ikastarora ez dela bertaratu edo ikastaroa ez duela amaitu. Hala denean, behar bezala justifikatuta egon beharko du.
2.– Prozeduran parte hartu nahi dutenek aurreko puntuan jasotako baldintza guztiak bete beharko dituzte eskariak aurkezteko epea amaitu aurretik.
3.– Hautaketa-prozeduran onartua izateko eta parte hartzeko, nahikoa izango da izangaiek, beren eskabide orrian, eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela adieraztea; beti ere, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako bete beharko dituzte eta egiaztatze hori deitzen duen organoak egingo du ofizioz. Horretarako, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren artxiboetan ez dauden datuei dagokienez, Giza Baliabideen Zuzendaritzak dagokion agiria eskatuko du.
4.– Aurrekoa hala bada ere, hautaketa-prozedura ren edo prestakuntza ikastaroaren edota praktika-aldiaren uneren batean, onartutako eta baztertzeko zerrenda egiten duen eskudun organoak jakingo balu izangaietako bati deialdian parte hartzeko eskatutako baldintzen bat falta zaiola, hautaketa-prozedura tik kanpo utziko luke, eta hala badagokio, prestakuntza ikastarotik baztertu egingo luke, beti ere, interesdunari entzun ondoren.
Hirugarrena.– Eskabideak.
1.– Hautaketa-prozeduran parte hartu nahi dutenek eskabide-orria bete beharko dute departamentuko Intranetaren –Gurenet– bitartez, helbide horretan eskuragarri dagoen eskabide eredua betez.
2.– Eskabideak aurkezteko epea, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita 20 egun baliodunekoa izango da.
3.– Eskabidean zehaztu egin beharko dute zein hizkuntzatan egin nahi dituzten oposaketa-probak, gazteleraz edo euskaraz. Eskabide hori loteslea izango da oposizioko proba guztietarako.
4.– Merezimenduak eskabide-orrian alegatu beharko dira. Aurrekoa hala bada ere, Administrazio eragileak dituen merezimenduak ez dira egiaztatu behar izango, berak ofizioz egiaztatuko baititu.
Laugarrena.– Izangaiak onartzea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak Ikuskapen Eskalako eta Oinarrizko Eskalako plazetako hautaketa-prozedura n onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendak onetsiko ditu. Aipatutako zerrendak, Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko dira.
2.– Bazter utzitako izangai bakoitzari buruz, bazter utzi izanaren arrazoiak eman beharko dira aditzera behin-behineko zerrenda horretan. Erreklamazioak aurkezteko eta eskaerak izan ditzakeen akatsak zuzentzeko 10 asteguneko epea izango dute interesdunek.
3.– Aurkeztutako erreklamazioak onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrendari behin betikotasuna ematen dion Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenean bertan onartu edo ezetsiko dira. Zerrenda horiek Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko dira.
Bosgarrena.– Epaimahai Kalifikatzailea.
1.– Uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren eta Euskal Herriko Poliziaren 4/1992 Legean aurreikusitakoen arabera, oposizio probak erabakitzeko, garatzeko eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzaile bat izendatuko da. Epaimahai hori mahaiburu batek, lau bokalek eta idazkari batek osatuko dute.
Epaimahai Kalifikatzailea osatzen duten kideen eta ordezkoen izendapena Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko da, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez.
Otsailaren 4/2005 Legean xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai horretan emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango da.
2.– Epaimahai Kalifikatzailearen jardunak organo kolegiatuen funtzionamenduko araudi erregulatzailean indarrean diren xedapenak aintzat hartuko ditu.
Epaimahai Kalifikatzailea osatuko duten kideei Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 28. eta 29. artikuluetan bildutako abstentzio eta errefusatze kausak ezarriko zaizkie.
3.– Hautaketa sistema osatzen duten proben garapena eta ebaluazioa Epaimahai Kalifikatzaileari dagozkio, autonomia osoz jokatuz. Epaimahai hori prozeduraren objektibotasunez arduratuko da eta deialdiaren oinarriak betetzen direla bermatuko du.
4.– Epaimahaiak aholkulari edo adituak hartu ahal izango ditu bere lanetarako, nahiz hautaketa proba guztietarako, nahiz baterako. Aipatutakoek euren espezialitateen barruan aholkuak eta laguntza teknikoa emango dituzte.
5.– Hautaketa sistema garatzeko beharrezko diren neurriak hartu ahal izango ditu Epaimahaiak deialdi honetan finkatuta ez dauden guztietan, eta gainera, deialdiko oinarriak interpretatzean eta aplikatzean eta beren lanetarako jardunetan.
6.– Epaimahaiak ezin izango du deklaratu honako hau: onartutako izangaien kopuruak deialdiaren gai izango diren lanpostuen zenbatekoa gainditzen duela, alegia. Muga horretaz kanpo leudekeen proposamenak erabat legez kanpo egongo lirateke.
7.– Epaimahai Kalifikatzailearen Akordioak Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko dira.
8.– Aipatutako Epaimahai Kalifikatzailean parte hartzen duenak, legez aurreikusitako ordainsaria izango du.
Seigarrena.– Hautaketa-prozedura.
1.– Hautaketa-sistema oposizio-lehiaketa izango da eta, horretan parte hartzen dutenen gaitasuna eta lehentasun-ordena zehazte aldera, oposizio- eta lehiaketa-prozedurak bata bestearen atzetik burutuko dira.
2.– Lehiaketa-fasea ez da baztertzailea izango eta horretan lortutako puntuak ez dira kontutan hartuko oposizio ariketa gainditutzat emateko ezta ariketotan lortutako emaitzak aldatzeko ere.
3.– Oposizio-lehiaketaren guztirako puntuazioa bere bi aldien gehiketatik lortutakoa izango da. Puntuazio hori gehitu egingo da euskararen ezagupenaren merezimendutik ondorioztatutako puntuazioagatik eta hautaketa-sisteman parte hartzen dutenen lehentasun-ordena zehaztuko du.
Zazpigarrena.– Oposizioa.
Oposizioa ondorengo probek osatuko dute:
1.– Lehenengo proba, nahitaezkoa eta baztertzailea: jakintza proba bat izango da eta test erako galdetegia idatziz erantzun beharko da.
Probaren edukia ebazpen honen I. eranskinean zehaztuta dago.
Test erako galdetegiko galdera bakoitzean lau erantzun aukera izango dira. Lau aukera horietatik bat bakarrik izango da erantzun zuzena.
Proba honetan, erantzun zuzen bakoitzagatik puntu bat emango da, eta gaizki emandako erantzun bakoitzagatik 0,333 puntu kenduko dira. Erantzun bat baino gehiagoko galderak erantzun gabetzat hartuko dira. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.
Proba honetan, 0 puntutik 60ra emango dira, eta kanpoan geratuko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dutenak.
Hautaketa sistemaren hurrenkera onari begira, Epaimahai kalifikatzaileak, eskatu beharreko gutxiengo maila kontuan izanik, proba honetan erakutsitako ezagutza-maila eta hautagaien identitatea jakin baino lehen, proba gainditzeko beharrezko gutxieneko puntuazioa non ezarri erabaki ahal izango du eta akordio hori argitaratuko du. Horrelakoan, proba honetako puntuazioa lortzeko, aurreko paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriz, Epaimahai kalifikatzaileak ondorengo formula aplikatuko du:
HAP = (APgeh / 2) x (1 + (PZ - m) / (PZgeh - m))
Hau da:
HAP = Hautagaiak lortutako azken puntuazioa.
APgeh = Proban gehienez lor daitekeen azken puntuazioa (Deialdiaren oinarrien arabera, proban lor daitekeen puntuazio gehiena: 60 puntu).
PZ = Hautagaiak lortutako puntuazio zuzena:
PZ= Zuzenak – (Hutsegiteak x 0,333).
m = Epaimahaiak ezarritako proba gainditzeko gutxienez lortu beharreko puntuazioa.
PZgeh = Probaren gehieneko puntuazio zuzena (Proban gehienez lor daitekeen puntuazioa zuzena = azterketa baten erantzun zuzenen kopurua, erantzun guztiak zuzen emanda).
2.– Proba psikoteknikoa.
Polizia eginkizunetan bide segurtasuneko funtzioak betetzeko pertsonen gaitasuna eta egokitasuna zehazteko izango da. Test psikoteknikoak egingo dira ondorengoak ebaluatzeko: hitzezko arrazoitze-ariketa, arrazonamendu abstraktua eta gaitasun espezialei buruzko ariketa.
Test erako galdetegi bakoitzeko galdera bakoitzak lau erantzun aukera izango ditu eta bat bakarra izango da zuzena.
Proba honetan gaizki emandako erantzun bakoitza erantzun zuzen bakoitzari emandako baliotik % 0,333rekin zigortuko da. Erantzun bat baino gehiagoko galderak erantzun gabetzat hartuko dira. Erantzun gabeko galderak ez dira zigortuko.
Proba hau, nahitaezkoa, gehienez 40 punturekin baloratuko da.
Zortzigarrena.– Oposizio-proben garapena.
1.– Probak ezin izango dira hasi, harik eta deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik bi hilabete igaro arte.
2.– Lehenengo ariketa egiteko eguna, ordua eta tokia, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki taulan iragarriko dira, zazpi egun natural lehenago gutxienez. Gainerako ariketen segidako iragarpenak gutxienez hirurogeita hamabi ordu lehenago argitaratuko dira Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran.
3.– Aurreko paragrafoan ezarritakoa gorabehera, Epaimahai Kalifikatzaileak erabaki ahalko du deialdi hau osatzen duten probak eta ariketa guztiak finkatutakoaz bestelako hurrenkera batean egitea, baita egun berean proba batzuk burutzea ere. Bakar-bakarrik argitaratuko dira aurreko ariketak gainditu dituztenen proba bakoitzaren emaitzak.
4.– Automatikoki hautaketa-prozeduratik kanpo geratuko dira Epaimahaiaren deiaren arabera ezarritako ordu, egun eta lekuan nahitaezko probak egitera agertuko ez direnak, ez aurkezteko arrazoi gaindiezinak izanda ere. Arau bera aplikatuko zaie nahitaezko edozein proba hasi ondoren azalduko direnei.
Nahitaezko probaren batek ariketa bat baino gehiago balu, ez agertzetzat joko da haietariko batera ez aurkeztea edo berandu azaltzea.
5.– Parte-hartzaileak proba guztietara aurkeztu beharko du bere nortasuna egiaztatzen duen agiria aldean daramala. Epaimahai Kalifikatzaileak edozein unetan agiri hori erakusteko eska diezaioke.
6.– Proben emaitzak Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko dira Epaimahai kalifikatzailearen Akordioaren bitartez.
Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten izangaien emaitzak bereiziko dira.
Bederatzigarrena.– Lehiaketa.
1.– Lehiaketa fasearen kalifikazioa oposizioa gainditu dutenei baino ez zaie ezarriko.
2.– Bakarrik ebaluatu ahal izango dira eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehenago lortutako merezimenduak.
3.– Euskal Herriko Poliziaren Hautespen eta Prestakuntza araudia onartu zuen uztailaren 19ko 315/1994 Dekretuaren 13.3 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, merezimendutzat ezin izango dira hartu deialdian parte hartzeko eskatutako eskakizunak eta baldintzak.
4.– Oposizio fasean gainditutako pertsonen behin betiko zerrenda argitaratu eta batera, lehiaketa fasean baloratzeko egoki iruditzen zaizkion merezimenduak alegatzeko eta egiaztatzeko, eta Segurtasun Sailean egiaztatu gabe badaude, 10 egun balioduneko epea ezarriko zaie izangaiei, baita ere, hala dagokionean, euskararen ezagupenak egiaztatzeko ere. Gainditutakoek, Segurtasun Sailean lehenago egiaztatu gabe dauden agiriak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian aurkeztu beharko dituzte baloratu beharreko merezimenduak egiaztatzen dituzten jatorrizko agiriak edo horien kopia konpultsatuak.
5.– Lehiaketa fasean merezimenduak guztira 45 punturaino baloratuko dira, baremo honen arabera:
5.1.1.– Lanbide-historiala baloratuko da eta, horretan, Trafikoko Lurralde Unitateetan atxikitakoena ere bai, Bide Segurtasuneko zein Ikerketa Kriminaleko espezialista bezala aritu izan bada-, Euskal Herriko Polizia Kidegoetako funtzionarioen lanpostuak betetzeko araudia onartzen duen 388/1998 Dekretuaren II., III. eta IV. kapituluetan aurreikusitako moduetako edozein erabiliz lortu badira.
Lanpostu bakoitza Ertzaintzaren lanpostu-zerrendan jasotako lanpostu-kodeaz identifikatuko da. Lanpostu-kode baten dotazio desberdinak ez dira lanpostu desberdintzat joko.
Atal hau gehienez 25 punturekin baloratuko da, hain zuzen, zerbitzu-hilabete bakoitzeko 0,30 punturekin (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita).
5.1.2.– Era berean, lanbide-historialean, 10 punturekin baloratuko da Errepideko Motozikletak Gidatzeko Trebakuntza ikastaroa egin badute eta gainditu badute. Horrela kontsideratuko eta baloratuko da Bide Segurtasunean Espezializatzeko ikastaroaren «Dotazioko Ibilgailuak Gidatzea» deitutako 3. Moduluan sartzen den «Motozikleta Gidatzea» ikasgaia egin badute eta gainditu badute.
5.2.– Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza baloratuko da, gaztelera merezimendu gisa baloratuko dena izan ezik. Atal honetako puntuazioa gehienez 5 puntukoa izango da. Hizkuntzako 2,50 puntu emango zaizkie, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219 zk.) mailekin bat datozen B-2 edo maila altuagoko ezagutzak egiaztatzen dituztenei.
Merezimendu hauek onartuko dira bakarrik titulu ofizialen bitartez aurkeztutako ziurtagiriak izanda. Ez da egingo Europar Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutzak egiaztatzeko probarik.
5.3.– Antzinatasunaren merezimendua Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritzan dauden datuen arabera baloratuko da. Hori hala izanik, Ertzaintzan emandako antzinatasun-urtebete bakoitza 0,5 punturekin baloratuko da (unitatea baino txikiagoak diren zatikiak baztertuta utzita), eta gehienezko puntuazioa inola ere ezin izango da 5 puntutik gorakoa izan. Ertzaintzan igarotako antzinatasuna Akademian sartzen denetik kontatzen hasita baloratuko da.
Hamargarrena.– Euskararen ezagutza maila baloratzea.
Euskararen ezagutza agiri bitartez egiaztatuko da. Hautaketa prozesuaren garapenean ez da euskararen ezagutza egiaztatzeko inolako probarik egingo.
Euskara-ezagutzaren balorazioa egiteko eskaerak aurkezteko epe-muga erreferentziatzat hartuko da, ondorengo apartekotasunekin bat etorriz:
a) Ertzaintzako ofiziale Kategoriako plazetan sartu nahi dutenei:
Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko zaie eta 10 puntu emango zaizkie Ertzaintzaren 2. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen ezagutza-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219 zk.) Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
5 puntu emango zaizkie Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen ezagutza-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219 zk.) Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
b) Ertzaintzako ofizialondoko Kategoriako plazetan sartu nahi dutenei; agente lehenei eta agenteei:
Euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratuko zaie eta 10 puntu emango zaizkio eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean Ertzaintzaren 1. hizkuntza-eskakizuna egiaztatuta dutenei edo hala baliokidetu zaienei, euskararen jakite-maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia Marko Bateratuko mailekin parekatzeko azaroaren 9ko 297/2010 (2010eko azaroaren 15eko EHAA, 219 zk.) Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Hamaikagarrena.– Oposizio-lehiaketako azken kalifikazioa.
1.– Oposizio-lehiaketako azken puntuazioa bi faseetan lortutakoaren batuketa izango da, baina horri gehituko zaio merezimendu gisa euskara-ezagutzaren ebaluaziotik sortuko dena eta horrexek zehaztuko du hautaketa-prozedurako parte-hartzaileen lehentasun-ordena.
2.– Sailkapeneko ordenan puntuazio berdinketak ondorengo irizpideen arabera ebatziko dira, hain zuzen ere, irizpideak ezartzen diren ordenan:
a) Otsailaren 18ko 4/2005 Legea, Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunerakoa.
b) Lortutako puntuazio hobea ezagupenen proban.
c) Lortutako puntuazio hobea gaitasun proban.
3.– Hautaketa-prozedura osatzen duten proba eta merezimenduen sailkapena amaituta, Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran argitaratuko dira eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariari bidaliko dizkio:
a) Hautaketa-prozedura gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuaziorik altuenetik baxuenera ordenatuta.
b) Hautatutako pertsonen zerrenda, hautaketa-prozedura gainditu dutenek eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen direnek osatzen baitute.
c) Hautatuak izan ez diren pertsonen zerrenda, hautaketa-sistema gainditu dutenek, sailkapen ordena jarraituz, eta deitutako plaza-kopuruaren barruan sartzen ez direnek osatzen dutena. Kategoria desberdinetako plazetan parte hartzen duten pertsonen emaitzak desberdinduko dira.
4.– Aipatutako argitalpenaren eta Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroan sartzearen artean, hautatutako izangaien zerrendan edozein zirkunstantziagatik aldaketaren bat izanez gero, aldaketa hori zehazten duen Ebazpena edo Akordioa, Hamalaugarren oinarrian aurreikusitako eran jendeaurreratuko litzateke.
Hamabigarrena.– Bide-segurtasunean espezializatzeko ikastaroa.
1.– Hautatutakoak, 11.3.b) Oinarrian xedatutakoaren arabera, Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa egiteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak deituko ditu bere Ebazpenaren bitartez.
2.– Hautatutakoak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendariak banatu ahal izango ditu, Akademiako irakasleen eginkizunen eta Ertzaintzaren zerbitzuaren eta bere antolaketaren arabera.
3.– Plazak 11.3.b oinarrian aipatutako pertsonen zerrendarekin bete ezin diren kasuan, 11.3.c oinarrian aipatutako zerrenda osatzen duten pertsonekin beteko dira, Oinarri honetako bigarren puntuan ezarritako lehentasun-ordenarekin bat etorriz.
4.– Hautatuei ikastarorako sartzearen berri Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusiak emango die Giza Baliabideen Zuzendaritzaren bitartez.
5.– Bide Segurtasunean Espezializatzeko Ikastaroa Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian edo Akademiako zuzendariak izendatzen duen zentroan egingo dira, Ikasketa plangintzan aurreikusitakoaren arabera.
6.– Ikastaroaren azken kalifikazioa hamalaugarren oinarrian aurreikusitakoaren arabera argitaratuko da, Ikasketa plangintzan aurreikusitakoaren arabera.
Hamahirugarrena.– Espezialitate-zortasuna eta Bide-segurtasunean espezializatzeko lanpostu hutsak betetzea.
1.– Deialdi honetan parte hartzea borondatezkoa denez, ikastaroa gainditzen duten pertsonak, zerbitzu eginkizun bitartez, Bide Segurtasuneko espezialitatearekin betetzea eskatzen duten plazetan atxikitu ahal izango dira eta horrek ez du inolako kalte-ordain eskubiderik izango.
Aldi berean, jasotako prestakuntza errentagarri bihurtzeko eta optimizatzeko, eta baliabideen ekonomiari buruzko printzipioa ezarriz, Bide segurtasunean Espezializateko ikastaroari dagokion prestakuntza amaitu duten pertsonak bide segurtasuneko espezialista izendatuko dira, aurreko paragrafoan aurreikusitakoa aplikatuz.
2.– Bide Segurtasuneko ikastaroa gainditzeak ez du ekarriko espezialitate hori betekizuntzat bezala daukan lanpostu zehatz batean behin betiko atxikita geratzeko eskubidea. Hala ere, gainditzen dute pertsonak behartuta egongo dira, lehenengoz egingo den deialdian – 4/1992 Legearen 65. artikuluan agertzen diren ohiko sistemen zein 72. artikuluko ohiz kanpoko sistemaren bitartez- Bide Segurtasuneko espezialitatea eskatzen den lanpostuak betetzeko lanpostu huts guztiak eskatzera. Horrela egin ezean, edozein lanpostu huts betetzera derrigortu ahal izango dira. Azken kasu honetan ez da izango inolako diru-konpentsazio eskubiderik.
Hamalaugarrena.– Argitalpenak.
Hala adierazten den kasuetan izan ezik, argitalpenak Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholean egingo dira, Gurenet korporazioko intranetean kontsultatu ahal izango direnaren kaltetan izan gabe. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Iragarki-oholeko argitalpen datak mugatzaileak izango dira epe-konputuetarako.
Hamabosgarrena.– Azken xedapenak.
1.– Hautatutako izangaiak ikasle gisa daudenean, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Barne Araudiaren Erregelamenduko barne erregelamendu eta diziplinazkoaren arauen menpe izango dira. Araudi horrek gehigarrizko izaera edukiko du, hain zuzen, Euskal Herriko Poliziaren Kidegoen Diziplinazko Erregelamenduko Arauetan, egintza ikasle-diziplina baino gehiago izan ahal den kasuetan.
2.– Ebazpen honen kontra, bide administratiboari amaiera ematen baitio, interesdunek Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute, hain zuzen, eskumena duen Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzenduta. Hori guztia, Administrazio Auzigaietako Jurisdikzioari buruzko Legearen 14. artikuluaren arabera egingo da, eta horretarako, bi hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.
Deialdi honi, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako organoei, Epaimahai Kalifikatzailearen jardunari eta beroni darion edozein ekintza administratiboei aurka egin ahal izango die interesdunek, administrazio prozedura erkidearen araudi erregulatzailean aurreikusitakoen arabera.
Arkauti, 2015eko azaroaren 25a.
Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako zuzendari nagusia,
MALENTXO ARRUABARRENA JULIÁN.