EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2015228

AGINDUA, 2015eko azaroaren 23koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, zeinen bidez iragartzen eta arautzen baita 2016. urterako «Kultura Ondarea» Saria.

Xedapenaren data: 2015-11-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201505103
Maila: Agindua
Deialdi honen xedea da saritzea 2015-2016 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan matrikulatuta dauden eta Euskal Kultura Ondarearen ezagutza hobekien zabaltzen laguntzen duten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak
Sari honen bidez sustatuko da, batetik, ikasleen talde-lana, zeina ikastetxeetako irakasleek gidatuko baitute, eta, bestetik, kultura-ondarearen ezagutza zabaltzea sare sozialen bidez, zeinei euskarria eman nahi baitzaie sariaren web-orrian (www.kulturaondarea.eu).
Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan aurreikusitakoaren ondorioetarako, zeinen bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea arautzen baita, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan.
Horregatik guztiagatik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskumenen esparruan, «Kultura Ondarea» Saria iragarri eta arautzen da.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.1.– Agindu honen xedea da «Kultura Ondarea» Saria iragarri eta arautzea. Sari horren helburua da saritzea Euskal Kultura Ondarearen ezagutza zabaltzen hobekien laguntzen duten 2015-2016 ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
1.2.– «Kultura Ondarea» Sariaren helburua da ekimena, berrikuntza, ekintzailetza-gaitasuna, sormena eta gizarte-garapena bultzatzea hezkuntza-alorreko eremu guztietan, Euskal Kultura Ondare materialaren zein ez-materialaren forma guztiak ezagutuz eta horiei balioa emanez. Zehazki:
a) Kultura berritzailea eta Euskal Kultura Ondarearen gaineko ezagutza ikertu, berreskuratu eta eraikitzeko esfortzuaren aintzatespena bultzatzea.
b) Euskal Kultura Ondarea ezagutzera ematea, euskal hezkuntza-sistematik eta euskal hezkuntza-sistemarako.
c) Hezkuntza alorrean ekimen berritzaileak martxan jartzea bultzatzea.
d) Euskal Kultura Ondareari atxikitako ezagutzaren balorazioan eta eraikuntzan gazteek duten papera aitortzea.
e) Gazteen artean tresna teknologikoen erabilera sustatzea jabari publikoko kultura- eta hezkuntza-edukiak sortzeko.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Aurreko artikuluan aurreikusitako xederako 30.000 euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Baztertzeak.
Sariketa honetatik baztertuko dira, eta, beraz, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukerarik gabe geldituko, zigor administratibo edo penalak dituzten parte-hartzaileak edo horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekuak dituztenak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko apirilaren 18ko 4/2005 Legearen arabera, sexu-bereizkeria dela-eta gertatu direnak barne.
4. artikulua.– Saria.
Hiru bideorik onenak egin dituzten lantaldeetako kideei emango zaie saria, tutorea barne, eta hauek izango dira sariak:
a) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak antolatutako Irlandarako bisita kultural batean parte hartzeko eskubidea (7 egunekoa). Bertako gidari batek lagunduko ditu pertsona sarituak Irlandako toki enblematikoenetako zenbait bisitatzeko eta haien kulturako adierazpen esanguratsuak ezagutzeko ibilbidean. Bidaiak barne hartzen ditu hegaldia, ostatua, otorduak eta gidaria, eta ekainean egingo da, ikasturtea amaitu eta gero.
Saritutako ikasleek Gazte Txartela indarrean izan beharko dute bidaian parte hartu ahal izateko. Txartel honek arriskuak estaltzeko asegurua du. Gainerako parte-hartzaileek asegurua izateko eskubidea izango dute.
Talde irabazleen tutoreak edo tutoreek izango dute taldea osatzen duten adingabeen tutoretza, eta haien ardurapean egingo dute bidaia. Tutoreak edo tutoreek ezin badute bidaia antolatuan parte hartu, ikastetxeak, dagokien baimena bildu eta gero, pertsona bat izendatuko du haren ordez joan eta lan hori egiteko.
b) Oroigarri bat talde irabazlearen ikastetxearentzat.
Saria emango da baldin eta aurrez kreditu egokia eta nahikoa badago EAEko 2016rako aurrekontu orokorretan.
5. artikulua.– Eskatzailea eta pertsona onuradunak.
Ikasleak matrikulatuta daudeneko ikastetxeko tutorea izango da eskatzailea, eta bideoak aurkezten dituzten taldeetako kide diren ikasleen ordezkaritzan jardungo du.
Hobekien baloratutako hiru bideoak egin dituzten taldeetako kideak izango dira sariaren onuradun, denak ere 2015-2016 ikasturteko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleak.
6. artikulua.– Baldintzak.
Baldintza hauek betetzearen mende egongo da pertsona onuradunei laguntzak eman, eta, hala dagokionean, ordaintzea:
a) Balizko onuradunek egunean egon beharko dute zerga-betebeharrei eta Gizarte Segurantzarekikoei dagokionez. Kultura Ondarearen Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko du baldintza hau betetzen dela.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo beraren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita, oraindik izapidetzen ari den itzulketa- edo zehapen-prozedura oro amaitzea.
7. artikulua.– Partaidetza eta tutoretza.
7.1.– 2015-2016 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe ofizialetan matrikulatuak dauden Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako hirugarren eta laugarren mailetako, Batxilergoko lehenengo mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehenengo mailako ikasleek parte hartu ahal izango dute «Kultura Ondarea» Sariketan; gutxienez 3 ikaslek eta gehienez 6k osatutako talde batek landutako bi bideo aurkeztuko dituzte.
7.2.– Ikasle parte-hartzaileak matrikulatuta dauden ikastetxeko tutore bat izango da haien ordezkari; hark beteko ditu ordezkaritza-egitekoak, eta, gainera, parte-hartzaileen lanaren lanketa motibatu, gidatu eta koordinatuko du, baina ez du inolaz ere lan horretan zuzenean parte hartuko.
8. artikulua.– Lehiaketaren mekanika.
8.1.– Sariketan parte hartu ahal izateko, parte hartzen duen talde bakoitzak bi bideo igo behar izango ditu «Kultura Ondarea» sariaren web-orrira (www.kulturaondarea.eu), "Fitxategiak igotzea" atalaren bidez, eta agindu honen 10. artikuluaren araberako eskabidea ere aurkeztu beharko du.
Euskal Kultura Ondareko elementu bat izango da lehenengo bideoaren gaia, eta, ahal izanez gero, ikasleen ingurukoa.
Bigarren bideoak, aldiz, lehenengo bideoa egiteko jarraitutako prozesu osoa (making-off-a) jasoko du, eta bereziki azpimarratuko da zein helburu lortu nahi izan den eta zein metodologia erabili den.
8.2.– Parte hartzen duten taldeek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza teknikoa izango dute eskabideak aurkezteko eta beharrezko agiriak prestatzeko.
8.3.– Bideoaren gaia librea da, betiere zerikusia badu Euskal Kultura Ondarearekin, izan materiala zein ez-materiala.
8.4.– Edozein grabaketa-ekiporekin egin ahal izango dira bideoak, sakelako telefonoak barne, eta, gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Jatorrizko lan argitaragabea izatea.
b) Gutxienez 3 minutu eta gehienez 10 minutu irautea.
c) Gb1 baino txikiagoa izatea.
d) Eskubideetatik libre dauden edukiak (idatzia, soinua edo irudia) erabiltzea, edo, bestela, dagokion jabeak emandako berariazko baimena izatea. Kasu horretan, dagokion baimen-agiria helarazi beharko da inskripzio-eskabidearekin batera.
e) Eskola-curriculumean onartutako edozein hizkuntza erabiltzea.
f) Eusko Jaurlaritzari ematea aurkeztutako bideoen zabalkunde- eta ustiaketa-eskubideak, zeinak jabari publikoan ezarriko baititu.
g) Pertsonen oinarrizko eskubideak errespetatzea; ez da onartuko indarkeriarekin, sexismoarekin edo arrazakeriarekin zerikusia duten indarkeriazko edukirik.
9. artikulua.– Emateko prozedura.
Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak erkatuz emango dira sariak, eta, 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, lehentasunen arabera ordenatuko dira. Hobekien baloratutako 3 bideoak aurkeztu zituzten taldeetako partaideei bakarrik emango zaie saria.
10. artikulua.– Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea eta tokia.
10.1.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2016ko apirilaren 8an bukatuko.
Eskabideak, hurrengo atalean ezarritako agiriekin batera, zuzenean aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzan (Donostia 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), Zuzenean herritarrei arreta emateko bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak) bere 38.4 artikuluan aipatutako edozein gisatan.
2016ko apirilaren 22an argitaratuko da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzen iragarki-tauletan onartutako eta baztertutako eskabideen behin-behineko zerrenda, eta taldea osatzen duten ikasleak zein diren adieraziko da. Eskabideetan akats edo ez-egiterik atzemanez gero, horien arrazoia eta konpontzeko epea ere jakinaraziko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz. Ikusiz gero akatsak daudela baloratzeko aurkeztutako agirietan, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, ulertuko dela haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela; betiere, dagokion ebazpena emango da aurrez.
2016ko maiatzaren 13an, akats edo ez-egite posibleak konpontzeko epea amaitu ostean, onartutako eta baztertutako eskabideen behin betiko zerrenda argitaratuko da lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian, eta, ahal dagokionean, eskabideak baztertzeko arrazoiak azalduta.
10.2.– Tutoreak agiri hauek aurkeztuko ditu:
a) Eskabidearen eta erantzukizunpeko adierazpenaren inprimakia beteta (I. eranskina). Inprimaki horretan berariazko adostasuna eman ahal izango da Kultura Ondarearen Zuzendaritzak datuak eta agiriak eskuratu edo egiazta ditzan, hargatik eragotzi gabe Administrazio Publikoak esleituta dituen egiaztatu, kontrolatu eta aztertzeko gaitasunak. Inprimaki horrek jasoko dut, halaber, erantzukizunpeko adierazpena, adieraziz eskabidean jasotzen diren datuak eta agiriak egiazkoak direla eta betetzen dituztela laguntza hauen onuradun izateko indarreko araudian ezarritako baldintzak.
b) Tutorearen ordezkaritza egiaztatzeko agiriak (II. eranskina).
11. artikulua.– Balorazio-batzordea.
Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da. Hauek izango dira kideak:
Presidentea: – Imanol Agote Alberro jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona bat, batzordeko lehendakari izango dena.
Batzordekideak:
– Francisco Etxeberria Gabilondo jauna, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea, edo horrek izendatutako pertsona bat.
– Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, edo horrek izendatutako pertsona bat.
– Agustin Azkarate Garai-Olaun jauna, UPV-EHUko katedraduna, edo horrek izendatutako pertsona bat.
– Maite Iturbe Mendialdua andrea, EITBko zuzendari nagusia, edo horrek izendatutako pertsona bat.
– Amaia Goikoetxea Marqués andrea, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako teknikaria, edo berak ordezkatzen duen teknikaria; idazkari-lanak egingo ditu.
Batzordearen lehendakariak baimena eman dezake, bere bileretan –edo horien zati batean– aztertzen diren gaietan espezializatuak diren pertsonak egoteko, zeintzuk hitz egiteko eskubidez baina botorik gabe jardun ahal izango baitute.
Batzorde horrek, agindu honen 12. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, ebazpen proposamena emango dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari.
12. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
12.1.– Aurkeztutako eskabideak irizpide hauei jarraikiz ebaluatuko ditu Balorazio Batzordeak:
Ebaluatzeko eta barematzeko irizpideak:
– Edukiak berrikuntza dira Kultura Ondarearen tratamenduan: ikuspegi eta 'begirada' berriak: Sormena, bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak.
– Informazio-iturri ezberdinak erabiltzea: dokumentazio-prozesua, aurkeztutako materiala lantzeko hautatutako gaiari buruzko informazioa biltzeko informazio-iturri ezberdinen bilaketa eta jarraipena.
– Proposamenaren interesa eta dibulgazio-izaera. Aurkeztutako materialaren argitasuna, interesa eta ahalegin komunikatiboa.
– Interakzioa ingurune sozialarekin, bai informazioaren bilketan eta bai aurkeztutako grabaketaren materialean. Ikerketa-prozesuan, informazioaren bilketan eta grabaketan inguruneko eta hautatutako giarekin zerikusia duten pertsona eta eragile garrantzitsuekin elkarreragitea.
– Sormena: bideoa egiteko prozesuari edo azken emaitzari originaltasuna eta freskotasuna emango dioten alderdiak baloratuko dira.
– Irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitatea: irudiaren, soinuaren eta edizioaren kalitate teknikoa baloratuko da, kontuan izanik, betiere, bideo ez-profesionalak direla.
– Bideoaren inpresio orokorra: balorazio orokorra: bideoak ikus-entzuleengan uzten duen inpresio orokorra.
– Lehiaketan zehar izaniko jarrera parte-hartzailea, ideia berriak ekartzea: parte-hartze prozesua, talde bat sortzea eta lan-dinamika anitza, zeinetan kide guztiek berdin eta aktiboki parte hartzen baitute lan-prozesuaren fase guztietan. Proiektua nola aurreratzen den jakinaraztea (irudiak bidaltzea, making-off-ari buruzko bideo txikiak...), ideia berriak eta iradokizunak aurkeztea; horretarako, Kultura Ondarea Sariaren sare sozialak zein erakundearekin kontaktu zuzena erabili ahal izango dira (kulturaondarea@gmail.com).
Puntuazio gehigarria
Badago irizpide gehigarri bat, zeinak bideo bakoitzarekin eskuratutako puntuazioa handitu ahal izango baitu:
Ikus-entzuleen bozketa: puntuazio gehigarria jasoko dute lehiaketaren Facebook-eko gunetik (www.facebook.com/kultura.ondarea) boto gehien («atsegin dut» gehien) jasotzen dituzten hiru bideoek, eta 5, 3 eta 2 puntu gehigarri jasoko dituzte, hurrenez hurren.
13. artikulua.– Ebazpena.
13.1.– Sarien emate-ebazpena Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordeak helarazitako proposamena aintzat harturik, eta, gehienez, hilabeteko epean jakinaraziko du agindu honek eragina sortzen duenetik aurrera.
13.2.– Ebazpen hori Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren web-orrian argitaratuko da denek horren berri izan dezaten.
14. artikulua.– Sariak ematea.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak iragarriko duen jendaurreko aintzatespen ekitaldian egingo da sari-ematea. Ekitaldi horretan, bidaiari buruzko agiriak eta ikastetxearentzako, tutorearentzako eta saritutako ikasleentzako egiaztatzeko diplomak emango dira
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatuarekin bat etorriz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarean Zuzendaritzak jakinarazten dizu ezen honako fitxategi honetan jasoko direla zuk ematen dituzun eta deialdi honetako eskabidean eta fitxategietan agertzen diren datuak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru Laguntzak. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 27ko Aginduan arautu zen (irailaren 11ko EHAA, 73. zk.), eta haren xedea da diru-laguntzen deialdi hau eta honekin zerikusia duen prozedura edo administrazio-espediente oro kudeatzea. Datuak Babesteko Euskal Bulegoari lehendik eman zaio fitxategi horren berri, eta baditu datuen segurtasun osoa bermatzeko beharrezko diren segurtasun-neurriak; datu horiek ez zaizkie hirugarrenei jakinaraziko, legez agindutako kasuetan izan ezik.
Bat etorriz izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko arautegiarekin, datu horiek eskuratzeko, ezabatzeko, zuzentzeko eta horien aurka egiteko aukera dute interesdunek, halaxe onartzen baitu beren-beregi Datu Pertsonalak Babesteko Legeak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek Administrazioari baimena ematen diote emandako datuak konparatzeko eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon zein beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), betiere, laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo horiei eusten zaiela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdiei dagokienez, hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluko aurreikuspenak, eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 23a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.