EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2015225

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruz bideratutako 971/2013 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2015-11-03
Hurrenkenaren zenbakia: 201505049
Maila: Ediktua
Donostiako lehen auzialdiko 3 zenbakiko epaitegia.
Judizioa: Adostasunik gabeko dibortzioa. 971/2013.
Demandatzailea: Rosa Maria Da Costa Pereira.
Abokatua.
Prokuradorea: Uriz Martin Gonzalez.
Demandatua: Antonio Teixeira Marques.
Gaia: adostasunik gabeko dibortzioa.
Aipatutako judizioan, epaia eman da 2014-10-24an. Xedapen-zatiak hau dio:
ERABAKITZEN DUT:
Osorik baiestea Uriz Martín González auzitegietako prokuradoreak Rosa Martía Da Costa Pereira andrearen izenean eta ordez aurkeztutako demanda, Antonio Teixeira Marques jaunaren aurkakoa, eta, ondorioz,
Rosa María Da Costa Pereira andrearen eta Antonio Teixeira Marques jaunaren arteko ezkontza –1990eko abenduaren 23an ezkondu ziren, Cabeceiras de Basto-ko Refojos de Basto-n (Portugal)– dibortzio bidez desegindakotzat deklaratzen dut. Legezko ondorio guztiak izango ditu horrek, epai hau irmo bihurtzen denetik aurrera, baina ez du fede oneko hirugarrenik kaltetuko, harik eta Erregistro Zibilean inskribatzen den arte. Eta, bereziki, neurri hauek hartzea erabakitzen dut:
1.– Zaintza eta jagoletzaren gaineko araubidea. Ezkontideen alaba adingabeak, XXXXX eta XXXXX, Rosa María Da Costa Pereira andrearekin eta beraren jagoletzapean geratzen dira.
2.– Guraso-ahalaz baliatzea. Guraso-ahala elkarrekin baliatuko dute bi gurasoek. Gurasoek guraso-ahala elkarrekin baliatzeak zera dakar: adingabeei dagozkien erabaki garrantzitsu guztiak guraso biek elkarrekin adostuta hartzeko beharra. Erabakiak hartzeko, egokien zaien komunikazio-bidea hautatu beharko dute; komunikazio-bide hori errespetatzera eta betetzera behartuta daude. Besterik adierazi ezean, komunikazioa posta elektronikoz edo burofaxez gauzatuko da, eta hortaz, beste gurasoak ere bide horiek baliatuta erantzun beharko du; hala egiten ez badu, ados dagoela ulertuko da. Adostasunik ez badago, Epaitegiak erabakiko du Kode Zibilaren 156. artikuluan ezarritako izapidearen arabera. Guraso-ahalaren arloan hartu beharreko erabakien artean, honako hauek daude, besteak beste:
a) Adingabearen egoitza hark ohiko bizileku duen udalerritik kanpora aldatzea, eta adingabea atzerrira eramatea; ez dira kontuan hartzen oporraldiko bidaiak.
b) Ikastetxea aukeratzea eta, behar bada, ikastetxea aldatzea.
c) Eskolaz kanpoko jarduerak edo jarduera osagarriak zehaztea.
d) Gizarte- eta erlijio-ospakizun garrantzitsuak; hala nola, bataioa, lehen jaunartzea eta beste erlijio batzuetako antzeko ekitaldiak.
e) Premiazkoak ez diren ekintza medikoak, ebakuntza egitea edo tratamendu mediko luzea dakartenak, edo tratamendu psikologikoak.
Alabekin dagoen gurasoak eurei buruzko erabakiak hartzerik izango du beste gurasoari aldez aurretik galdetu gabe, baldin larrialdiko egoerarik gertatu bada, edo erabakiak adingabearen eguneroko bizimoduko gorabehera arrunt eta ohikoei buruzkoak eta garrantzirik gabekoak badira.
3.– Egonaldi-, komunikazio- eta bisita-araubidea. Jagoletza ez duen gurasoaren aldeko bisita-, komunikazio- eta egonaldi-araubidea ezartzeko, alaba adingabeei dagokienez, adingabeen nahia eta gurasoen arteko akordioa hartuko dira oinarritzat.
Aita –Teixeira jauna– alabekin harremanetan jarri ahalko da telefonoz, eskutitz bidez, SMSa, posta elektronikoa, Interneta, sare sozialak, bideokonferentzia edo komunikatzeko beste edozein bitarteko erabiliz, betiere fede onez eta adingabeen atseden-, jarduera- eta ikasketa-ordutegiak errespetatuz.
4.– Mantenu-pentsioa. Jagoletza ez duen gurasoak alaba adingabeen mantenu-pentsioa ordaindu beharko du. Pentsio hori hilean laurehun (400) eurokoa izango da, 200 euro alaba bakoitzeko, eta urteko hamabi hilabeteetako lehenengo hamar egunetan ordaindu beharko dio jagoletza duen gurasoari. Pentsioa urtero eguneratuko da, horretarako errekerimendua egin beharrik izan gabe, Estatistikako Institutu Nazionalak edo horren ordezko erakundeak ezarritako Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera; lehen eguneratzea urtarrilaren batean gauzatuko da, 2015etik aurrera.
Harik eta alaba bakoitza adin nagusikoa izanik ekonomikoki burujabea den arte ordaindu beharko da pentsioa.
Jagoletza ez duen gurasoak zuzenean eta bere aldetik ordaintzen dituen era horretako gastuak ez dira kenduko ebazpen honen arabera ordaindu behar duen pentsiotik.
Alaba ekonomikoki ez burujabeek dituzten aparteko gastuak erdibana ordainduko dituzte gurasoek, betiere ados badaude eta modu sinesgarrian agiri bidez hala egiaztatzen badute; adostasunik ez bada, epailearen baimena beharko da. Aurretiaz agiri hori edo baimen hori eskuratu beharko dira, premiazko egoeretan izan ezik. Aparteko gastuen kontzeptu horretan sartzen dira –katalogo posible osoa adierazteko asmorik gabe– honako hauek: gastu medikoak, kirurgikoak, ospitalekoak, ortopedikoak, dentistarenak, psikologikoak, farmazeutikoak, ortodontziakoak, logopediakoak, eta, oro har, osasun-sistema publikoan edo dagokion aseguru pribatuan sartzen ez diren gaixotasun fisiko edo mentalei lotutakoak, bai eta, prestakuntza-arloan, eskolan atzeratuta egonez gero, derrigorrezko ikasgaiei buruzko klase partikularretakoak ere, eta, zehazki, gaztelaniazko klaseak. Egin beharreko gastua medikoa bada eta Gizarte Segurantzak edo dagokion erakunde medikoak ordaintzen ez badu eta beharrezkoa bada, erdibana ordainduko dute gurasoek.
Epaiaren aurka aurkeztutako errekurtsoek ez dute etengo aurreko neurrien eraginkortasuna.
Prozesuko kostuak ez zaizkio berariaz inori ezartzen.
Epai hau irmo bihurtzen denean edo aurkaratzeak soilik neurrien gainean badu eraginik, dibortzioaren gaineko erabakiaren irmotasuna lortuta, Idazkaritza Judizialak erabakiko du Erregistro Zibilari ofizioz jakinaraz dakiola, dagozkion idazpenak egin daitezen (Prozedura Zibileko Legearen 755. artikulua).
Aurkaratzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, honako hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den, apelatutako ebazpena zein den, eta zer erabaki aurkaratzen diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua jarri behar da, eta, hori egin ezean, ez da errekurtsoa izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailuan eta zainpean uzteko kontuan. IBAN zenbakia hauxe da: ES55 0049 3569 92 0005001274; eta kontzeptua: 1847 0000 00 0971 13. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «Errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Diru-kopuru hori zainpean jarri izana egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOko 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. paragrafoan aipatzen direnak, eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta lehen auzialdi honetan behin betiko epaituz, erabaki eta sinatu dut.
Antonio Teixeira Marques demandatua gaur egun non bizi den ez dakigunez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratutako ediktu baten bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Legearen (PZLb) 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake auzi-ihesean den demandatuak.
Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, auzitegi honetako bulego judizialean.
Donostia, 2015eko azaroaren 3a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.