EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2015225

AGINDUA, 2015eko azaroaren 5ekoa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoan lan-kontratuen edukia eta haien oinarrizko kopiak bitarteko elektronikoen bidez helarazteko prozedura egokitzen duena.

Xedapenaren data: 2015-11-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201505044
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 12.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, EAEri dagokio Estatuko lan-arloko legeak betearaztea, Estatuak eremu horretan lan-harremanetarako dituen ahalmen eta konpetentziak bere gain hartuta.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginean (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintza Dekretuaren bidez onartua), 16. artikuluan, xedatzen da enpresaburuek egiten dituzten lan-kontratuen berri edo luzatzen dituztenen berri eman beharko dietela Enplegu Zerbitzu Publikoei. Xedapen horiek bete ahal izateko, abenduaren 27an, 1424/2002 Errege Dekretua onartu zen. Hain zuen ere, lan-kontratuen edukiak eta haien oinarrizko kopiak Enplegu Zerbitzu Publikoei jakinarazteko prozedura eta haiekiko bitarteko telematikoen erabilera arautzen ditu Dekretu horrek, zeina uztailaren 23ko 1715/2004 Errege Dekretuak aldatu baitzuen.
Errege Dekretu horretako azken xedapenetako bigarrenean, arautzen da kontratuen edukia bitarteko telematikoen bidez jakinarazteko prozedura (Errege Dekretuan eta hura garatzeko arauetan ezarria) autonomia-erkidegoetan aplika daitekeela, baldin eta lan-, enplegu- eta heziketa-arloko kudeaketa bere gain hartu badute, betiere jakinarazpen horietan erabiltzeko beren programak, aplikazioak, diseinuak, datu-egituraketak eta inprimatzeak onartzen dituzten arte.
Irailaren 17ko ESS/1727/2013 Aginduak aldatutako martxoaren 14ko TAS/770/2003 Aginduak (abenduaren 27ko 1424/2002 Errege-Dekretua, lan-kontratuen edukiak eta horien oinarrizko kopiak Enplegu Zerbitzu Publikoei jakinarazteko prozedura eta horrekiko bitarteko telematikoen erabilera arautzen dituena, garatzen du Agindu horrek) arautu zuen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren aplikazio telematikoa, «Lan-kontratuak Internet bidez helaraztea» izenekoa. Aplikazio horren bidez, enpresek bitarteko telematikoen bidez jakinaraz ditzakete egiten edo luzatzen dituzten lan-kontratuen datuak, bai eta haien oinarrizko kopiak bidali ere.
Aplikazio hori efektiboa dela eta gehienek erabiltzen dutela ongi egiaztatu ondoren, egokia iruditu zaigu Lanbideren webgunean erabilgarri egotea, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoan nahitaez erabili beharrekoa izatea ere, enpresaburuek komunikazio horiek izapidetzeko eta egiteko kanpora atera beharrik izan ez dezaten, eta horrela, administrazio-lanen karga arintzeko eta komunikazio elektronikoen erabilera bultzatzeko, herritarren mesedetan, hala adierazten baita Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legean, zioen azalpenen atalean.
Era berean, ekainaren 22ko 11/2007 Lege horretako 27.6 artikuluan honela adierazten da: «Erregelamendu bidez herri-administrazioek ezarri ahal izango dute haiekiko harremanetan herritarrentzat baliabide elektronikoak erabiltzea derrigorrezkoa dela honako kasuetan: interesatuak pertsona juridikoak direnean, edo pertsona fisikoak izanda ere beren gaitasun ekonomiko edo teknikoagatik edo bere lan-jardueragatik edota beste arrazoi batzuengatik egiaztatuta dagoenean bermatuta dutela behar diren baliabide teknologikoetara sartzea eta erabiltzea».
Horixe adierazten du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak ere.
Bestalde, kontuan hartu behar da Eusko Jaurlaritzak Berrikuntza Publikoaren 2014-2016 Planean hartutako konpromisoa, herri-administrazio berritzailea, irekia, eraginkorra eta efizientea egiteko bidean aurrera egiteko, eta horretarako beharrezkoa da administrazio elektronikoa hedatzea.
Beraz, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea eta Xedapen Orokorrak egiteko Prozeduraren abenduaren 22ko 8/2003 Legea betetzeko, eta Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak proposatuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
Agindu honen helburua da bitarteko telematikoen bidez kontratuen edukia eta haien oinarrizko kopiak helarazteko prozedura Euskal Autonomia Erkidegoaren berezitasunetara egokitzea, hala arautzen baitu lan-kontratuen edukiak eta haien oinarrizko kopiak Enplegu Zerbitzu Publikoei jakinarazteko prozedura eta horrekiko bitarteko telematikoen erabilera arautzen dituen 1424/2002 Errege Dekretuak, zeina uztailaren 23ko 1715/2004 Errege Dekretuak aldatu baitzuen.
2. artikulua.– Lan-kontratuak eta haien oinarrizko kopiak bitarteko telematikoen bidez helaraztea.
Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari egiten edo luzatzen diren lan-kontratuen edukia jakinarazteko eta haien oinarrizko kopiak igortzeko betebeharra derrigorrez bete behar da, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren http://www.lanbide.euskadi.eus atarian ezarritako konexio telematikoaren bidez. Hain zuzen ere, horretarako sortu da «Contrat@ Lan-kontratuak helaraztea» izeneko web-aplikazioa.
3. artikulua.– Jakinarazpenak egiteko betebeharra duten subjektuak.
1.– Hauek dute Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuari bitarteko telematikoen bidez lan-kontratuen edukia jakinarazteko betebeharra: enpresek, administrazio publikoek, eta lan-kontratuak, kontratuen luzapenak eta haien oinarrizko kopiak helarazteko betebeharra duten gainerako erakunde publiko nahiz pribatuek.
2.– Baimendutako pertsona fisikoen bitartez erabiliko dute horiek zerbitzua. Horretarako, haientzat aurrez baimena eskatu eta lortu beharko da, agindu honetako 4. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
4. artikulua.– Eskatzaileak bere burua identifikatu eta bera dela egiaztatu beharra.
1.– Enpresek, administrazio publikoek eta gainerako erakunde publiko nahiz pribatuek izendatutako pertsona fisikoek aplikazioa erabiltzeko baimena lortu behar dute, aplikazio bereko funtzionalitate honen bidez, eta bertan adierazten den bezala: «Erabiltzeko baimenak eskatzea eta ematea».
2.– Lan-kontratuak eta haien oinarrizko kopiak bitarteko elektronikoen bidez helarazteko baimena duten pertsona fisikoek, edo prozedurarekin lotutako izapideak egiteko baimena dutenek –haien edukiari buruzko kontsultak egiteko eta kopiak lortzeko, adibidez–, aplikazioan sartzen direnean, identifikatu eta berak direla egiaztatu behar dute.
5. artikulua.– Helarazi beharreko dokumentuak eta datuak.
Jakinarazi beharreko dokumentuak abenduaren 27ko 1424/2002 Errege Dekretuaren 1. artikuluan ezarritakoak dira. Jakinarazpen horretan, 1424/2002 Errege Dekretua garatzen duen martxoaren 14ko TAS/770/2003 Aginduaren I. eranskinean (irailaren 17ko ESS/1727/2013 Aginduan idatzita geratu zen bezala) adierazten diren datuak helarazi behar dira.
6. artikulua.– Epeak zenbatzea.
Lan-kontratuen eta haien oinarrizko kopien komunikazio telematikoa eguneko 24 orduetan egin ahal izango da, eta une oro legez ezarritako epeak kontuan hartuta egingo da.
Epeen zenbaketarako, komunikazioa egun baliogabe batean egiten bada, hurrengo egun baliodunean egina izan balitz bezala hartuko da kontuan.
7. artikulua.– Kontratuen edukia bitarteko elektronikoen bidez izapidetzearen ondorioak.
Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuaren 27. artikuluaren 3. paragrafoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak lan-kontratuen edukiaren eta haien oinarrizko kopien komunikazio telematikoaren balioa eta efikazia onartzen du, baldin eta komunikazio horiek egiteko baimenduta dauden pertsonek eginak badira.
8. artikulua.– Dokumentuak inprimatzea eta kontsultatzea.
Aplikazioaren bidez, dokumentu guztiak inprimatu ahal izango dira, eta datuen baliozkotasuna ziurtatu ahal izango da, segurtasuneko marka elektroniko baten bidez, hirugarrenen aurrean izan ditzaketen ondorioetarako.
Behin komunikazioa aurkeztu denean, interesa duenak aplikazio informatikoan bertan kontsultatu ahal izango ditu bere dokumentuak.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean sartzea.
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 5a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.