EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015220

EBAZPENA, 2015eko azaroaren 10ekoa, Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendariarena. Horren bidez, Zalduondoko eta Añanako udalerriek osatutako elkartea eratzen da, gaikuntza nazionala duten funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bat elkarren artean mantentzeko.

Xedapenaren data: 2015-11-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201504940
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2011/05/02an argitaratutako 2011/04/04ko EBAZPENA [201102382]

Herri Administrazioetarako Ministerioko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren 1988ko martxoaren 16ko Ebazpenaren bidez, behin betikotu egin zen gaikuntza nazionala duten toki-administrazioko funtzionarioentzat gordetako lanpostuen sailkapena (1988ko martxoaren 22ko EAO, 70. zk.). Ebazpen horren arabera, Añanako Udala salbuetsita dago estatu mailako gaikuntza duten funtzionarioentzat lanpostu bat gordetzeko betebeharretik.
Era berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen zuzendariaren 2011ko apirilaren 4ko Ebazpenaren bidez, estatu mailako gaitasuna duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Zalduondoko Udaleko lanpostua sortu eta sailkatu zen (2011ko maiatzaren 2ko EHAA, 81. zk.)
2015eko uztailaren 22an eta 3an izandako bileretan, hurrenez hurren, Zalduondo eta Añanako udaletako osoko bilkurek onartu zuten, gaikuntza nazionala duten Toki Administrazioko funtzionarioentzat gordetako Idazkaritzako lanpostu bakarra elkarrekin mantentzeko helburuz, bi udalerrien arteko elkartea eratzeko prozedurari hasiera ematea.
Udalek aurreko akordioak onartu zituzten, Tokiko Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 47.2 artikuluan adierazitako gehiengoaren bidez.
Toki Administrazioko gaikuntza nazionaleko funtzionarioentzat gordetako lanpostuak betetzeari buruzko uztailaren 29ko 1732/1994 Errege Dekretuaren 3.b) artikuluaren arabera, autonomia erkidegoei dagokie berezko dituzten arauei jarraituz beren lurralde eremuan elkarteak eta erakundeak sortu eta desegiteko erabakia hartzea (esan beharra dago, Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen zazpigarren xedapen iragankorrari jarraikiz, lege hori indarrean jarri –2013ko abenduaren 31- baino lehenago hasitako Estatuko gaikuntza duten funtzionarioei dagozkien administrazio-prozedurak izapidetzen jarraituko direla eta ebatziko direla hasi zirenean indarrean zeuden xedapenen arabera).
Prozeduraren instrukzio fasean, Arabako Foru Aldundiak, 2015eko urriaren 20an jasotako txostenaren bidez, adierazi zuen Elkarte hau eratzearen alde zegoela. Gainera, esan beharra dago, ez aipatutako udalek, ezta Zalduondoko Udaleko oraingo idazkari-kontuhartzaileak ere (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluaren arabera bete beharreko entzunaldiaren izapidea eman ondoren) ez dutela fase honetan alegazio bat ere aurkeztu.
Biztanleria eta elkartu beharreko udalerri bakoitzak kudeatzen duen aurrekontua kontuan hartuta, bidezkoa da Zalduondo eta Añanako udalerriek osatutako Elkartearen Idazkaritza hirugarren mailakotzat sailkatzea, 1732/1994 Errege Dekretuaren 2. artikuluari jarraituz.
Hori dela eta, uztailaren 29ko 1732/1999 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluari eta Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 10. artikuluari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Zalduondo eta Añanako udalek Idazkaritzako lanpostu bat elkarren artean mantentzeko Elkartea eratzea, zeinak Zalduondon izango baitu hiriburutza.
2. artikulua.– Zalduondo eta Añanako udalek osatutako Elkartearen Idazkaritza hirugarren mailakotzat sailkatzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio bukaera ematen administrazio-bideari, eta beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal zaio Erakunde Harremanetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan, eta ez zaio uko egiten errekurtsoa aurkezteko xedez zuzenbidean onartutako edozein bideri.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazioarekiko Auzietako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluari jarraituz, herri-administrazio interesdunek ez dute administrazioarekiko errekurtsorik jartzerik izango ebazpen honen aurka. Hala ere, ebazpen hau errekurritu daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, 29/1998 Legearen 45. eta hurrengo artikuluen arabera. Halaber, aurretiaz eta epe berean, Administrazio Erregistroen eta Toki Araubidearen Zuzendaritzari eskatu ahalko diote ebazpena deuseztatu edo atzera bota dezala, hala xedatuta baitago 29/1998 Legearen 44.1. artikuluan.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 10a.
Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria,
ELIXABETE ETXANOBE LANDAJUELA.