EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015220

ERABAKIA, 2015eko azaroaren 5ekoa, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluarena, UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko seigarren xedapen iragankorra aldatzeko dena, hauteskunde partzialak deitu ahal izateko kasuan kasuko zerrendako ordezkoekin bete ezin den leku hutsik geratuz gero berrantolaketa prozesuak eragindako ikastegietan.

Xedapenaren data: 2015-11-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201504928
Maila: Akordioa

Aurreko erreferentziak:
  • 2011/05/18an argitaratutako 2011/04/19ko EBAZPENA aldatzen du [201102687]

AURREKARIAK
Gobernu Kontseiluaren 2014ko azaroaren 27ko bileran UPV/EHUko ikastegiak berrantolatzeko proposamena onartu zen; proposamenaren txosteneko 12. puntuan («Egitura berria ezartzeko prozedura») esaten denez, ikastegien egitura berria ezartzeak eragina izango du unibertsitateko hainbat arautegi eta egituratan, eta horregatik pixkanaka ezartzea proposatzen da, Autonomia Erkidegoak egitura berriaren proposamena onartu ondoren.
Ikastegiak berrantolatzeko prozesua burutu eta ikastegi berrietako organoak eratu artean, badirudi zentzuzkoa dela oraingo ikastegietako batzarretako eta dekanotza eta zuzendaritzetako kideek beren karguetan jarraitzea; hau da, agintaldia amaitzen bazaie organo horiek ikastegien berrantolaketa berriaren arabera eratu aurretik, ez da hauteskunderik egingo Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 16 eta 18. artikuluetan markatzen diren epeetan (kide anitzeko organoetarako eta kide bakarreko organoetarako epeak, hurrenez hurren). Horregatik, Gobernu Kontseiluaren 2015eko otsailaren 5eko erabakiaren bidez (otsailaren 24ko EHAA), seigarren xedapen iragankor bat gehitu zitzaion UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorrari, ikastegietako batzarretako eta dekanotza eta zuzendaritzetako kideek beren karguetan jarrai dezaten. Ondoren, eta Gobernu Kontseiluaren 2015eko uztailaren 9ko erabakiaren bidez (uztailaren 24ko EHAA), beste paragrafo bat gehitu zitzaion seigarren xedapen iragankorrari, zehazteko lehenengo paragrafoan xedatutakoa ez zaiola ezarriko ikastegiko batzarretan ikasleen ordezkariak berritzeko prozedurari.
Aipatutako seigarren xedapen iragankorrean esandakoa gorabehera, batzarrek dauden-daudenean jarraitzen badute eta, ondorioz, ezinezkoa bada hauteskundeak deitzea, gerta liteke batzarreko talderen bat ordezkaririk gabe geratzea, ez izateagatik ez hautetsirik ez ordezkorik; talde horrek, hortaz, ordezkari gutxiago izango lituzke ikastegi berriko batzarrerako hauteskundeak deitu arte. Horregatik, egoera berezia denez, badirudi egokia izango litzatekeela hauteskunde partzialak deitu ahal izatea berrantolaketa prozesuak eragindako ikastegietan.
Hori guztia kontuan hartuta, idazkari nagusiaren proposamenari jarraituz, Gobernu Kontseiluak honakoa
ERABAKITZEN DU:
Lehenengoa.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko seigarren xedapen iragankorrari paragrafo hau gehitzea:
«Lehenengo paragrafoan xedatutakoa gorabehera, berrantolaketa prozesuak eragindako ikastegietan hauteskunde partzialak deitu ahal izango dira, baldin eta kasuan kasuko zerrendako ordezkoekin bete ezin den leku hutsik geratzen bada talderen batean eta, ondorioz, ezin badira bete talde horri dagozkion leku guztiak Ikastegien Oinarrizko Arautegiari jarraiki sortuko den aldi baterako gobernu organoan. Kasu honetan ez dira eskatuko hauteskunde partzialak deitzeko Ikastegien Oinarrizko Arautegian zehazten diren ehunekoak. Modu horretara hautatutakoek ordezkari eginkizunak beteko dituzte ikastegi berriko batzarra eratu arte».
Bigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Aldaketa hau indarrean sartuko da argitaratzen den egunean bertan.
Leioa, 2015eko azaroaren 5a.
Errektorea ez dagoelako, 2013-01-30eko Ebazpena (2013-02-13ko EHAA).
Ikerketaren arloko errektoreordea,
FERNANDO PLAZAOLA MURUGURUZA.
Idazkari nagusia,
JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.