EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2015219

EDIKTUA, ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurrien gainean bideratutako 62/2015 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2015-10-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201504912
Maila: Ediktua
Barakaldoko Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegia (Familia).
Judizioa: 62/2015 ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Demandatzailea: H P O.
Abokatua: Rafael Del Molino Martin.
Prokuradorea: Begoña Lopez Del Hoyo.
Demandatua: Rolando Reinaga Grageda.
Gaia: Ezkontzaz kanpoko seme-alabentzako neurriak.
Judizio horretan, epaia eman da 2015-07-02an. Hona hemen epaitza:
EPAITZA
Partez baiesten dut H P O andreak Rolando Reinaga Grageda jaunaren aurka aurkeztutako demanda. Hortaz, alderdien eta XXXXX seme adingabearen arteko harremanak arautzeko neurri hauek onartzen ditut:
Amak izango du seme adingabearen zaintza eta jagoletza; guraso-ahala, berriz, bi gurasoena izango da.
– Zaintza ez duen gurasoaren aldeko bisita-, komunikazio- eta egonaldi-erregimena ezartzen dut, bi fasetan garatuko dena: adingabeak hiru urte bete arte, zaintza ez duen gurasoa astean bi arratsaldetan egon ahal izango da harekin; adostasunik ez badago, astearte eta ostegunetan izango da, arratsaldeko bostetatik zortzietara.
Eskola-oporrak erdibanatuko dira: amak urte bikoitietan aukeratuko du, eta aitak bakoitietan. Lehenago aipatutako erregimena bertan behera geratuko da amaren oporraldi-zatian, eta bere horretan jarraituko du aitarenean.
Adingabeak hiru urte bete ondoren, aipatu erregimena zabaldu egingo da, era honetan: aste barruko bi arratsalde –astearte eta ostegunetan, adostasunik ezean–, eta bi asteburutik behin, larunbateko 11etatik igandeko 20:00etara; ordu horretan, familia-etxean behar du berriz ere adingabeak.
Hiru urte bete ondoren, halaber, aitak Gabonetako eskola-oporraldiaren erdia eman ahal izango du adingabearekin. Hortaz, Gabonetako oporrak ere bitan banatuko dira: lehenengoa, oporren hasiera-egunetik, hau da, adingabea haurtzaindegitik edo ikastetxetik ateratzen denetik, abenduaren 30eko 20:30ak arte; bigarrena, abenduaren 30eko 20:30etik eskolara itzuli aurreko egunaren 20:30ak arte.
Urte bikoitietan, aitarentzat izango da oporraldiaren lehenengo zatia, eta, bakoitietan, berriz, amarentzat.
Antzera jokatuko da Aste Santuko oporretan ere: lehenengo zatia eskola-oporren lehen egunean hasiko da, adingabea haurtzaindegi edo ikastetxetik atera ondoren, eta Pazko Asteleheneko 20:30ean bukatuko da.
Azkenik, udako eskola-oporraldian, adingabeak hilabete emango du aitarekin. Hilabete hori ondoz-ondokoak ez diren 15 eguneko bi alditan banatuko da, uztailean eta abuztuan. Aitak urte bikoitietan aukeratuko ditu bere zatiak, eta amak urte bakoitietan.
Ezkontideen semearentzat mantenu-pentsio bat ezartzen dut, zaintza ez duen gurasoaren kargura, hilean kontzeptu guztiengatik jasotzen dituen diru-sarrera garbien % 25ekoa, eta, betiere, gutxienez hileko 200 eurokoa, hileko lehen bost egunetan ordaindu beharrekoa. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, Estatistikako Institutu Nazionalak aldian-aldian argitaratzen duen Kontsumoko Prezioen Indizearen aldaketen arabera, eta zenbatzen hasteko oinarri-datatzat ebazpen honen data hartuko da.
Seme adingabearen ezohiko gastuak, ebazpen honen zuzenbideko oinarrietan adierazitako eran, bi gurasoek ordainduko dituzte erdibana. Dena dela, premiazkoak ez diren ezohiko gastuak biek baimendu beharko dituzte. Baimena emantzat joko da, baldin eta beste alderdiak jakinarazpen fede-emailea egin eta hurrengo 10 egunetan berariazko eragozpenik jartzen ez bada (jakinarazpen horretan adieraziko da zer gastu egin nahi den, zergatik den beharrezkoa eta zenbatekoa den, eta, gainera, dagozkion agiriak jasoko dira han). Eta hori guztia auzialdian sortutako kostuei buruzko berariazko erabakirik hartu gabe.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Rolando Reinaga Grageda demandatuaren egungo bizilekua ezezaguna denez, aipatutako ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ediktu bidez jakinaraztea erabaki da, Prozedura Zibilaren 1/2000 Lege 497.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
Ebazpen horren aurka, apelazio-errekurtsoa aurkez dezake azi-ihesean den demandatuak.
Jakinarazten den ebazpenaren testu osoa eskuragarri du interesdunak, epaitegi honetako bulego judizialean.
Barakaldo (Bizkaia), 2015eko urriaren 26a.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.