EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2015218

AGINDUA, 2015eko azaroaren 10ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-11-10
Hurrenkenaren zenbakia: 201504888
Maila: Agindua
Deialdi hau bat dator Euskal Autonomia Erkidegoan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza arloan indarrean dauden arauekin, eta helburu du kalitatezko ikerketa sustatzea; izan ere, jarduera horiek nazioartean egiten dira, emaitzak argitaratzen dira eragin zientifiko eta teknologiko handiko foroetan, eta, bestalde, lagungarri dira Euskadiko eta Europako gizarteek XXI. mendean dituzten arazo sozial, ekonomiko eta teknologikoak konpontzeko. Ikerketa-taldeek fragmentaziorako duten joera haustearren, talde horiek euskal ikerkuntzak Europako Ikerketa Eremuan dituen erronkei aurre egiteko behar besteko tamaina eta masa kritikoa lortuko dute, arlo desberdinetako adituen arteko batasuna sustatuz, aditu horiek prestakuntza handia baitute, eta ikerketa-proiektuetan, ezagutza-transferentzian eta graduondoko prestakuntza-programetan buru-belarri baitihardute.
Programa honen bidez lagundu egin nahi zaie euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeei. Horretarako, finantziazio osagarria eskaintzea aurreikusten da, beste deialdietako finantziazioaz gain, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko ikerketa-taldeak aintzatestea ere. Deialdi honekin, 2007an hasitako jardunbide bati jarraipena eman nahi zaio, eta zuzenduta dagoena unibertsitateko ikertaldeak sendotzera, eta, azken finean, ezagutza, berrikuntza eta ikerkuntzaren emaitzen transferentzia bultzatzera, horrek ahalbidetuko baitigu Europako Ikerketa Eremuan guztiz txertatzea, bai eta talde horiek ikerkuntzan duten prestakuntza indartzera ere. Halaber, agindu honetan kontuan izan dira RIS3 Adimendun Espezializaziorako Estrategian jasotako jarraibideak. Estrategi horren bitartez, gure herrialdean bultzatu egiten da sektore publikoaren eta sektore pribatuaren arteko lankidetza, eta bai honako hauek ere: nazioarteko sare eta partzuergoetan integratzea, atzerriko ikertzaileak erakartzea, gizarteri jakintza transferitu eta helarazteko jarduerak, eta 2020 Euskadiko Zientzia eta Teknologia Planean diseinatutako estrategiak. Plan horren bitartez, maila europarrean markatutako helburuekiko –2020 Europa Estrategia– koherentzia lortu nahi da; betiere, honako helburu hauek lortzearren: jakintza oinarrituriko ekonomiak, zehazki, lehiakor eta dinamikoak izateaz gain modu jasangarrian hasiko direnak garatzea, eta enplegua kantitatez eta kalitatez hobetzea.
Herri-administrazioek diru-laguntzen inguruan burutzen duten jarduera arautzen duten printzipioen arabera ebatziko da deialdi hau; betiere, bat etorriz honakoa hauekin: Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako zehaztapenekin, eta, orobat, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean ezarritako oinarrizko araudiarekin, lege horren Erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuarekin, eta laguntzei eta diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainontzeko xedapenekin (Azaroaren 11ko aipatu dekretuaz, onartu egin zen: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina).
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiko izapideak arautu dituen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz,
Adierazitako horregatik guztiagatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea eta helburua.
1.– Euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko laguntza ekonomikoetarako deialdia egitea eta oinarriak ezartzea da agindu honen xedea (talde horiek, betiere, ondoko arloetako ikerketa-programak garatzen badituzte: Arteak eta Humanitateak, Zientziak, Osasun Zientziak, Gizarte eta Lege Zientziak, eta Ingeniaritza eta Arkitektura).
Hori guztia, oinarrizko finantzaketa bermatzeko, honako hauek lor daitezen: ikerketa-jarduerak sustatu eta erraztea; eta kalitate zientifikoa, inpaktu soziala eta nazioarteko ikusgarritasuna areagotzea, hain justu ere, EAEn egoitza duten unibertsitateetako departamentu eta institutuetako taldeek egindako ikerketei dagokienez.
2.– Ebaluazio positiboa gainditu ondoren, Eusko Jaurlaritzak errekonozitutako ikerketa-taldearen izaera lortuko da edo, bestela, izaera horri eutsiko zaio. 5. artikuluan seinalatutako laguntza gauzatzeko epeak amaitu arte, eutsi egingo zaio errekonozimenduari, salbu eta hura aldatzeko berariazko xedapena eman.
3.– Diru-laguntzak aurrekontuen erabilgarritasunaren arabera emango dira, eta sei urterako (2016-2021) edo hiru urterako (2016-2018) izango dira, 5. artikuluan xedatuta dagoen bezala.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
2016. urteko aurrekontu-ekitaldia eta 2017, 2018, 2019, 2020, 2021 eta 2022rako konpromiso-kredituak kontuan hartuta, deitutako diru-laguntza programaren guztizko zenbatekoa 26.000.000 euroko da, EAEko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-partidaren kontura.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Laguntza hauen onuradun izango dira egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateak, betiere horietara atxikita baldin badaude ikerketa-talde nagusiak.
2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzaren onuradun kondizioa ezin izango dute erdietsi honako zirkunstantziaren baten dauden erakundeak: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13.3 artikuluan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.5 artikuluan zehaztutakoak (azaroaren 11ko aipatu dekretuaz, onartu egin zen: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina).
4. artikulua.– Ikerketa-taldeak.
Laguntza horiek jasotzeko, erakunde eskatzaileetako ikerketa-taldeek eta euretako taldekideek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
1.– Taldeek honako kide hauek izango dituzte:
a) Doktoreak:
– Estatutuz edo kontratuz Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateei lotutako ikertzaileak edo irakasleak.
– Zientziaren Euskal Fundazioa/Ikerbasque (Research Professor o Research Fellow) delakoaren bitartez kontratatutako ikertzaileak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateren baten badute destinoa.
– Osakidetzaren sare publikoko ospitaleei atxikitako ikertzaileak. Aipatutakoek parte hartu ahal dezaten, kontuan izango dira: direlako ospitaleei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateen eta Osakidetzaren artean ezarritako hitzarmenetan hizpatutakoa.
Ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia: doktoreen kolektibo horretako kide bat izango da, eta kontratu iraunkorra eta dedikazio osoa edo asmilatua izan beharko ditu.
Ikertzaile nagusi honako hauek ere izan daitezke: alboko irakaslearen kategorikoa izanik dedikazio osoa edo asimilatu duten doktoreak, baldin eta –eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean– egiaztaturik badute irakasle titular edo agregatu direla Kasu horietan, beharrezkoa izango da koikertzaile nagusi bat, zeinak bete egin beharko baititu goragoko paragrafoetan jasotako eskakizunak.
b) Doktore ez direnak:
– Estatutuz edo kontratuz Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dute unibertsitateei lotutako ikertzaileak edo irakasleak.
– Kontratuz Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dute unibertsitateei lotutako ikertzaileak, prestatzen ari direnak.
2.– Ikerketa-taldeko kide gehienek lan-ibilbide bateratua egina izango dute 2010. urtetik eskabidea egin den egunera arte, eta erakutsi beharko dute euren ikerlerroen kohesioa eta bateratasuna, dela elkarrekin egindako zientzia-argitalpenen bidez, dela elkarrekin egindako proiektuen bidez, dela teknologia transferitzeko jarduera partekatuen bidez, dela ezagutza gizartera zabaltzeko jardueren bidez.
3.– Taldeetan gutxienez kideetarik hiru doktore izango dira.
4.– Taldeak ekoizpen hau izan behar du, gutxienez:
a) Bi zientzia-argitalpen doktore bakoitzeko, 2010. urtetik laguntza-eskabidea egiten den egunera arte.
Lankidetzan argitaratutakoak behin baino ez dira zenbatuko. Horretarako, zientzia-argitalpentzat joko dira liburuak, liburu kapituluak, aldizkariak, ebaluazioa egiten zaien argitalpen elektronikoak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak. Liburuei eta liburuko kapituluei dagokienez, ISBN dutenak baino ez dira hartuko kontuan. Berrikuspenetan, argitalpen elektronikoetan eta zientzia-aldizkarietako artikuluetan, kanpo-ebaluazioa jasotzen dutenak eta Web of Science edo Scopus direlakoetan indexatuta daudenak baino ez dira zenbatuko.
Betekizun hori honelaxe egiaztatu beharko da:
– Betekizuna konplitu dela egiaztatzeko aurkeztutako argitalpenen zerrenda, hala nola artikuluak, liburuak, liburuen kapituluak, etab.; betiere, haiek zer urtetan eta zein aldizkari/liburu/argitaletxetan argitaratu ziren jasoz. Ikertzaile nagusiak sinatua.
– Artikulu zientifikoak. Artikuluen lehen eta azken orrialdeak jasotzen dituen dokumentua; aldizkariaren liburukiari edo zenbakiari buruzko informazioa ez bada jasotzen lehen orrialdean, hura egiaztatuko duen aurkibidea edo beste orrialde batzuk erantsiko dira.
– Liburua eta liburuetako kapituluak: Dokumentu bat, zeinetan jasotzen baitira portada eta titulua, egileak (edo argitaldariak) liburuaren kredituak (argitaletxea, ISBN), aurkibidea, argitalpenaren urtea. Liburuetako kapituluen kasuan, honako hauek ere jaso beharko dira: kapituluaren lehen eta azken orrialdeak; eta kapituluen aurkibidea, zeinetan eskatzailearen ekarpena jasotzen baita.
b) Bi doktore-tesi bukatuta eta defendatuta eduki beharko ditu, 2010. urtetik laguntza-eskaria egiten den egunera arte.
Ikerketa-taldeko Ikertzaile nagusiak, 2015eko abenduaren 31n, 41 urtetik behera izan beharko ditu. 2010. urtetik eskabidea egin den egunera arte, zuzenduak izan beharko ditu, gutxienez, bi doktore-tesia, amaituak eta defendatuak, edo, bestela, 2010az geroztik inskribatutako doktore-tesiaren proiektudun, gutxienez, bi doktore-tesia zuzentzen ariko da. Bi baldintza horiek konbinatu egin daitezke (amaitutako eta defendatutako tesi bi eta inskribatutako tesi bat).
Unibertsitate eskatzaileek emandako dokumentuaren bidez egiaztatuko da tesia. Gutxienez, honako hauek jaso beharko dira: titulua, egilea, unibertsitatea, departamentua, data, helbidea eta kalifikazioa, adieraziz tesia nazioartekoa den ala ez.
c) Ikerketa-proiektu bat izan beharko da jardunean, norgehiagokako deialdietan, 2013-2015 epealdian. Honako hau jotzen da norgehiagokako deialditzat: aurkeztutako eskabideak konparatzeko sistema batez gauzatzen dena, balorazio handiena lortu dutenak aukeratzearren, betiere bat etorriz deialdian aldez aurretik ezarritako irizpideekin.
Unibertsitate eskatzaileek emandako dokumentuaren bidez egiaztatuko da. Gutxienez jaso behar dituenak: proiektuaren titulua, ikertzaile nagusia, emandako diru-laguntza, erakunde finantzatzailea, erreferentzia eta indarraldia.
5.– Taldeak kanpoko kolaboratzaileak izan ditzake, baldin eta ikerketa-taldeak proposatu helburuekiko ibilbide komun-koherenteak demostratzen badituzte. Kanpoko laguntzaileak: irakasle bisitariak edota eskaria egin duen erakundekoak ez diren ikertzaileak izan daitezke. Kolaboratzaileak ez dira joko taldeko kidetzat, eta ez dira kontabilizatuko goragoko 4. paragrafoan aipatu produktibitatearen mailan.
6.– Administrazio-laguntzarako langileak eta ikertzaile ez diren ikerketa-laguntzarako teknikariak ez dira taldekide moduan zenbatuko.
7.– Ikerketa-taldeak ikertzaile nagusi bakarra izango du. Salbuespen moduan, 4.1.a puntuan jasotako kasuetan onartu egingo da koikertzaile nagusi bat.
Laguntza exekutatzen den bitartean (2016-2021) ikertzaile nagusiaren titulartasunean aldaketak egingo direla aurreikusiz gero, aldaketa horiek jaso eta justifikatu beharko dira, taldearen jarduera-programan.
8.– Ikertzaile bakoitzak deialdi honetako eskabide batean baino ezin izango du parte hartu.
9.– Deialdi honetan parte hartzetik bazter utziko dira ikerketa-taldeak eta euretako kideak, baldin eta –eskabideak aurkezteko epea amaitzen denean– 2016-2018 epealdiari dagokionez honako laguntza honen onuradun badira: Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen 2013ko martxoaren Ebazpenaz emandako laguntza (ebazpen horren bitartez, 2013-2018 unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak bultzatzeko laguntzak esleitzen dira).
10.– Eskaria egiten duen taldeko kideak unibertsitate desberdinetakoak izan daitezke, baina administrazio-ondorioetarako, taldea ikertzaile nagusia atxikita dagoen unibertsitateari lotuta egongo da.
11.– Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten edo betetzen dituztela garaiz eta forma egokian frogatzen ez duten ikerketa-taldeak.
5. artikulua.– Diru-laguntza exekutatzeko aldia.
1.– Exekutatzeko aldia hirutik sei urtera bitartekoa izango da, laguntzak emateko ebazpenean ezartzen denaren arabera. 2016ko urtarrilaren 1ean hasi, eta, betiere, 2021eko abenduaren 31n amaituko da.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Agindu honetan ezarritako ondorioetarako, honako gastuak lagun daitezke diruz: diruz lagundutako jarduera motari erantzuten diotenak, baldin eta ezinbestekoak badira eta oinarri arautzailea hauetan ezarritako epearen barruan burutzen badira.
Diruz lagun daitezkeen gastuen kontua ez da izango, sekula ere, merkatuan duten baliotik gorakoa.
2.– Laguntza hauen ondorioetarako, honako hauek joko dira egindako gastutzat: 5. artikuluan seinalatu exekuzio-epea bukatu aurretik pagatutakoak.
3.– Honako gastu hauek jaso dezakete diru-laguntza:
a) Ikertzaileen kontratazioa, alegia, doktore titulua duten ikertzaileak edo prestakuntza hartzen ari diren ikertzaileak. Azken kasu horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzari buruzko ekainaren 1eko 14/2011 Legeaz araututako doktorego aurreko kontratu baten bidez egin ahal izango da kontratua. Ikerketa-laguntzarako langileen kontratazioa ere sartzen da. Langile horiek goi-mailako titulazioa, lanbide-heziketa edo beste titulazioren bat izan dezakete.
b) Ekipamendu txikia erostea, zientifikoa nahiz bibliografikoa. Ekipamendu horren unitate bakoitzak 18.000 eurotik behera balio behar du, BEZik gabe. Laguntza honen kargura eskuratutako material inbentariagarria jaso egin beharko da erakunde onuradunaren inbentario orokorrean, eskuratu zenetik hara gutxienez bi urtez, betiere bat etorriz Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31.4 artikuluarekin. Informatikako eta bulegoko ekipamendua erosteko ez da diru-laguntzarik emango.
c) Jarduera-programa betearazteko egin behar diren beste gastu batzuk. Atal honek barruan hartzen ditu material suntsikorra, ikerketa-taldea nazioarteko bihurtzeko sartu diren sustapen-jarduerak, prestakuntzako eta ikerketaren zabalkundeko jarduerak, espedizioak edo landa-lanak, azpikontratazioak, ikerketa-zerbitzu orokorrak eta taldearen ikerketa-helburuekin zerikusia duen beste edozein gastu, baldin eta lan-planean sartu badira.
4.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko estatutuz edo kontratuz erakunde onuradunekoak diren langile finkoen ordainsariek.
5.– Diruz lagun daitezkeen gastuei dagokienez artikulu honetan aratu gabeko arloan, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 31. artikulua zehaztutakoa errespetatu beharko da.
7. artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa formalizatzea.
1.– Ikerketa-talde bakoitzak bide telematikoz bete beharko du eskabide-orria, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioa erabilita. Horretarako, taldeko ikertzaile nagusiak alta eman beharko du erabiltzaile moduan, eta aplikazio horretan ematen zaizkion jarraibideak bete. Aurreko deialdietako batean (2010-2015 edo 2013-2018) akreditutako talde baten kasuan, ikertzaile nagusiak berreskuratu ahal izango du aurreko eskabidean aurkeztutako informazioa.
2.– Aplikazioan, taldeetako bakoitzari dagokionez erakunde eskatzaileek honako informazioa sartu beharko dute:
a) Eskabideko datuak:
– Erakunde eskatzailearen datu orokorrak.
– Ikertzaile nagusiaren datuak.
– Ikerketa-taldearen osaera eta datu orokorrak.
– Taldearen zientzia-jardueraren oroitidazkia (2010etik laguntza eskatzen den egunera artekoa): zientzia-ekoizpena, trebakuntza-ahalmena, ikerketaren finantziazio-iturriak eta jakintza-transferentziarako jarduerak.
– Lan-egitasmo, helburu eta jardueren programa, zeinak honako hauek hartuko dituen ezinbestean: laguntza-exekutatzeko epe maximoa (2016-2021), horren kronograma eta mugarri nagusiak. Ekoizpen zientifikoari, prestakuntzari, transferentziari eta finantzaketa-bideei dagokienez, taldearen helburuak kuantifikatu egin beharko dira, hirurtekoetarako (2016-2018 eta 2019-2021) lortu behar diren adierazleen bitartez.
– 2016-2021 epealdirako eskatutako aurrekontua. Diruz lagun daitekeen bakoitzerako –6. artikuluan zehaztuak– eskatutako zenbatekoak kontsignatu egin beharko dira Horrez gain, aipatu zenbatekoak justifikatu egin beharko dira, izan duten destinoari buruzko deskripzio zehatzaren bitartez.
b) Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculuma. Taldeko ikertzaile nagusiaren curriculuma aurkeztu beharko da unibertsitate edo ikerketa gaietan eskuduntza duen edozein administrazioren formatu normalizatuan. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztu beharko da, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan.
Gainerako taldekideen zientzia-ekarpen nagusiak jaso beharko dira eskaera-inprimakiko taldearen zientzia-jardueraren oroitidazkian. Zientzia Politikako Zuzendaritzak edozein taldekideri eskatu ahal izango dio dokumentazio gehigarria ekar dezan.
c) 4.4 artikuluan zehaztu gutxieneko produkzioaren betekizunak konplitu izana egiaztatzeko dokumentazioa. Dokumentazio hori pdf formatuan aurkeztu beharko da, http://www.ikerketa-taldeak.net aplikazioan.
3.– Behin eskabidea osorik beteta eta datuak aurkeztu ostean, hura inprimatu egin beharko da eta ateratzen den inprimakia taldeko ikertzailea nagusiak sinatu beharko du, eta gero entregatu egin beharko zaio unibertsitate-erakundeko ikerketa errektoreordetzari, horrek ezarritako epearen barruan. Azkenean, unibertsitate-erakundeak formalizatu eta aurkeztuko du eskabidea, artikulu honetako hurrengo ataletan ezarritako eran.
4.– Unibertsitateek eskabide-ofizio bat bidaliko dute, taldeak zenbakiturik dituen zerrenda barne duela. Eta hartan, taldeetako ikertzaile nagusien izenak ere jaso dira, eta, orobat, aurreko paragrafoan aipatutako inprimakiak. Halaber, talde bakoitzeko kideen zerrenda, haiek kontratuz zein egoeretan dauden zehaztuz, eta bai, halakorik bada, daukaten doktore kondizioa ere. Ofizioak data izan beharko du, eta unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetu beharko du.
Azkenik, erantzukizunezko adierazpena ere sartu behar da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50. artikuluaren 6. paragrafoan aiaptzen dena (legegintza-dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen da, Euskadiren 2011ko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2010 Legearen bidez sartu dena). Aipatu adierazpenak honako hauek jaso beharko ditu:
– Ea erakunde eskatzaileak eskatu duen edo lortu duen honakorik: helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo beste baliabide batzuk, hain justu ere bete administrazio batetik edo beste erakunde pribatu zein publikoren batetik.
– Zehapen- edo itzulketa-prozeduraren baten dagoen ala ez erakunde eskatzailea, eta, kasua bada, ea eguneraturik duen diru-laguntzak itzultzeko obligazioen ordainketa.
– Ea erakunde eskatzaileak administrazio-zehapenik edo zehapen penalik izan duen, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dionik, edo ea legezko debekurik duen, horretarako desgaitzen duenik.
– Erakunde eskatzailea ea sartua dagoen ala ez Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 13. artikuluan ezarritako galerazpenen baten.
5.– Unibertsitateek zuzenean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan jasotako edozein bide erabilita aurkeztu beharko dituzte eskabideak, honako helbide honetan:
Eusko Jaurlaritza
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila.
Zientzia Politikarako Zuzendaritza.
Erreferentzia: Euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeak
Donostia kalea, 1
01010 Vitoria-Gasteiz.
Eskariak posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian eramango dira. Horrela, eskariaren goiko aldean adierazi ahal izango da zer egunetan eta ordutan onartu diren postetxean.
Eskabide-orriak aurkezteko eta informazioa eskatzeko, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuko bulegoetara ere jo ahal izango da: Bizkaian (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo), Gipuzkoan (Andia 13, 20003 Donostia), eta Araban (Ramiro Maeztu 10 beh., 01008 Vitoria-Gasteiz).
Aurkeztu ahal izango dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan zehaztutako edozein bulegotan.
Ikertzaile nagusia Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanez gero, erregistro-bulego hauetan formalizatu ahal izango da eskaera: Arabako 01 erregistro-bulegoa (Arabako Campuseko Errektoreordetza, Izardui komandantea 2, 01005 Vitoria-Gasteiz), Gipuzkoako 02 erregistro-bulegoa (Ignacio M.ª Barriola gelategia, Elhuyar plaza 1, 20018 Donostia), Bizkaiko 03 erregistro-bulegoa (Errektoretza, Sarriena z/g, 48940 Leioa) eta Bizkaiko 84 erregistro-bulegoa (Larrako Etxea, Agirre Lehendakariaren etorbidea 83, 48015 Bilbao).
6.– Laguntza-eskabidea aurkezteak berekin dakar erakunde eskatzaileak baimena emate organo kudeatzaileari, honek zuzenean lor dezan honako honi buruzko egiaztapena: Gizarte Segurantzako obligazioak eta zerga-obligazioak eguneraturik izateari buruzkoa.
Hala ere, alderdi eskatzaileak ukatu egin dezake baimena, eta, kasu horretan, eskabidearekin batera aurkeztu beharko du egiaztapen-dokumentazio egoki eguneratua.
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
Hilabetekoa izango da eskabideak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Eskabideak aurkezteko epea bukaturik, ezin izango da eskabidea aldatu.
9. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio izapidetzea; horren barruan eskabideak jasotzea, era guztietako kontsultak eta jakinarazpena sartzen dira.
10. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Diru-laguntzarako eskabidea guztiz betetzen ez bada edo arauzko agiriak aurkezten ez badira, 10 eguneko epean hutsak bete ditzala edo arauzko agiriak aurkez ditzala eskatuko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzak unibertsitate eskatzailearen legezko ordezkariari; orobat ohartaraziko dio, hala egin ezean, bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).
2.– Erakunde onuradunei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena.
11. artikulua.– Ebaluazioa.
1.– Ebaluazioak aztertuko ditu batez ere I+G+B lanen kalitatea, taldearen produktibitatea eta 2010. urtetik eskaera-eguneraino egindako prestakuntza-jarduerak, eta bai proposatutako helburuen eite berritzailea eta hurrengo sei urteetarako jardueren bideragarritasuna ere.
Ebaluazioan bereziki kontuan hartuko da, irizpide guztien zehar-lerro gisa, ikerketa-jardueren nazioartekotze-maila eta taldearen neurria edo kide-kopurua.
Ebaluazio-irizpideak aplikatzerakoan, kontuan hartuko dira zientzia-eremu bakoitzaren espezifikotasunak.
2.– Ebaluazio eta Prospektiba Agentzia Nazionalaren (ANEP) bidez egingo da eskabideen ebaluazioa; eskabideen ebaluazioa pareka egingo du, agindu honetako 11.3 artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz, eta, bestalde, txosten zientifiko-tekniko indibidual bat emango du.
3.– Zehazki, ondoko irizpide-bloke hauek baloratuko dira.
a) Oinarrizko irizpideen blokea.
– Zientzia-ekoizpenaren bikaintasun-maila eta produktibitatea, taldearen neurriaren eta lortutako baliabideen araberakoa. Kontuan hartuko dira, bestalde, argitalpenak (liburuak, liburuen kapituluak, aldizkariak, ebaluazioa izan duten argitalpen elektronikoak eta zientzia-aldizkarietako artikuluak), txosten zientifikoak edo zientzia-eremu bakoitzean garrantzitsua den beste edozein adierazle. Argitalpenak baloratuko dira zientzia-eremu bakoitzerako dauden zientzia-zerrendak eta -ranking-ak eta zitazio-adierazleak kontuan izanik, nahiz eta ebaluazioan kontuan hartuko diren eremu bakoitzeko espezifikotasunak.
– Ikerketa-taldeko gaitasuna ikertzaileak trebatzeko. Baloratuko dira bekadunak eta doktoretza aurreko eta ondorengo kontratudun kopurua, ikertzaileek zuzendutako tesiak eta nazioarteko tesiak, taldeko ikertzaileek zuzendutako graduondoko eta masterrak edo taldearen ikerlerroari lotutako eta helburu horretara bultzatutako doktoretzak, bai eta prestakuntzako beste jarduera batzuk ere.
Hori guztia 2010etik laguntza eskatzen den egunera arte.
b) Finantziazioari eta jakintza-transferentziari buruzko irizpideen blokea.
Bloke horretan honako alderdi hauek baloratuko dira:
– Ikerketa proiektuetarako norgehiakako deialdien bidez nahiz akzio integratuetan eta sare tematikoetan parte hatuz lortutako finantziazioa eta zenbatekoa, kontuan izanik, bereziki, proiektuen lidergoa.
– Taldearen ikerketaren emaitzak, patente-eskariekin eta erabilgarritasun-ereduekin neurtuta, bai eta ikerketa-emaitzekin zerikusia duten spin-off enpresen sorrera ere. Patenteen ustiapen-maila irizpide honetan sartzen da.
– Herri-administrazioekin edo enpresekin, ikerketarako edo jakintza-transferentziarako, kontratu edo hitzarmen bidez gauzatutako jakintza transferitzeko ekintzak, betiere unibertsitateetako, institutuetako, ikertegietako eta ikerketa kudeatzeko bestelako bulegoen edo kidekoen bitartez bideraturik badaude. Puntu honetan ez dira zenbatuko txostenak, aholkuak, arkitektura edo ingeniaritzako oinarrizko proiektuak eta abar, euren eremuko jakintzaren hobekuntza esanguratsurik ekartzen ez badute.
Hori guztia 2010etik laguntza eskatzen den egunera arte.
c) Helburuei buruzko irizpideen blokea eta laneko plana.
Bloke horretan honako alderdi hauek baloratuko dira:
– Hurrengo sei urteetarako, taldearen helburuak: eurak definitzen direnean agertutako argitasuna, kalitate zientifikoa eta izaera berritzailea baloratuko dira, eta bai proposatutako lan-planaren koherentzia ere.
– Lan-plana: definizioa eta lan-planaren logika. Laguntza kudeatzeko planak ezusteko emaitzen eta aurreikusi gabeko beste egoera batzuen aurrean dituen alternatiben proposamena.
– Eskatutako aurrekontua: proposatutako helburuei egokitzea eta haren izaera errealista.
– Lortu nahi diren emaitzen inpaktu eta garrantzi sozioekonomiko eta teknologikoa.
Hori guztia 2016tik 2021era bitartean.
d) Irizpideen osagarrien blokea.
Taldearen osaera, egitura, diziplinartekotasuna eta koherentzia, baloratuko dira, proposatutako helburuei eta ikerketa-taldearen barruan genero-oreka lortzeko proiektatutako ekintzei dagokienez.
Horiez gain, kontuan izango da emaitzen zabalkunde zientifikoa, haiek herritarrentzako eskueran jarriz; bai komunikazioko programa edo ekintzen bidez, bai taldearen ikerketa-jardueraren didaktika edo zabalkundearen bidez.
4.– Puntuazioak.
Gorago aipatu irizpideetako bakoitzari dagozkion puntuazoiak zehazten dira jarraian:
Oinarrizko irizpideen blokean, puntuazioaren % 60ko gutxieneko izaria ez gainditzeak eskabideari ezezkoa ematea dakar. Bloke horretan sartzen dira: a) produkzio zientifikoa, eta b) prestakuntza-gaitasuna.
5.– Ebaluazio-prozesuak hala eskatzen badu, eskatu ahal izango da Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial bien arteko itzulpena, eta ikerketa-proiektua itzultzaile espezializatuek egin beharko dute.
Salbuespenezko kasuetan, ingelesez idatzitako proposamenak onartuko dira.
12. artikulua.– Ebazpen-proposamena.
1.– Ebaluazioaren emaitzak Hautaketa Batzordeari helaraziko zaizkio. Batzorde horrek kide hauek izango ditu: Zientzia Politikarako zuzendaria (batzordeburua), Unibertsitateetako zuzendaria eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari-lanak egingo dituena.
2.– Hautaketa Batzordearen zereginak dira: deialdiaren oinarriak egoki aplikatu direla aztertzea, baliabideak esleitzea, eta ebazpen-proposamen bat egitea, zeinarekin zehaztuko diren: A motakotzat edo B motakotzat zeintzu talde akredikatzen diren, eta horietako bakoitzari dagokion diru-laguntza, eta, kasua bada, taldeetan zentzuei ukatu zaien laguntza eta ukapenerako erabili izan den motiboa.
3.– Horretaz gain, Hautaketa Batzordeak –talde bakoitzak finkatutako helburuetan oinarriturik– ezarri egingo ditu emaitzen kalitate- eta ebaluazio-irizpideak, laguntza exekutatzeko dagozkien epeetan. Ondokoen adierazleak zehaztuko dira: produkzio zientifikoa, prestakuntza-gaitasuna, erakarmen pertsonala eta funtsak inguratzea.
– Produkzio zientifikoa Argitalpen kopurua, indexatutako aldizkarietan artikulua kopurua eta inpaktua, beste artikulu eta liburu batzuk eta liburuetako kapituluak, etab.
– Prestakuntza-gaitasuna Tesiak, defendatutako tesiak eta tesi inskribatuak: kopuruak.
– Erakarmen pertsonala Prestakuntza-aldian diren (doktoretza aurrekoak) ikertzaileak hartzea edo perfekzionamendu-aldian direnak (doktoretza ostekoak) eta ikerketa laguntzeko pertsonala.
– Funtsak inguratzea. Hitzarmen. kontratu edo proiektuko emandako zenbatekoak eta beste sarrera batzuk, kanpo direlarik deialdi honetakoak.
Euren konkrezio numerikoa egiteko, hurrengo sei urteei dagokienez taldeak diseinatu duen jarduera-planean jasotako adierazleetan oinarrituko da batzordea, eta bai aurreko urteetan demostratutako ahalmenean ere. Horretaz gain, txostenak eskatu ahal izango dizkie honelako ikertzaileei: taldearen espezializazio-eremuari doakionez aitortutako esperientzia eta itzala dutenei.
Bigarren hirurtekorako zehaztuko diren adierazleak, zehazki, A taldearen sailkapena lortzen duten taldeentzako laguntzaren exekuzioari dagozkionak berraztertu ahal izango dira, behin lehen hirurtekoari doakion likidazioa burutu ostean.
Laguntza onartzeko dokumentuan –15.1 artikuluan aipatutakoan– jasoko dira aipatu adierazleak, eta segimenduari eta kontrolari dagokienez 17. artikuluan ezarritako txosten teknikoak ebaluatzeko erabiliko dira.
4.– A motako taldearen kategoriakoak izango dira 75tik 100era bitarteko puntuazioa lortu duten ikerketa-taldeak. B motako taldearen kategoriakoak izango dira 50tik eta 74ra bitarteko puntuazioa lortu duten ikerketa-taldeak.
5.– A motako ikerketa-taldeek sei urteko aldirako lortu ahal izango dute diru-laguntza, eta B taldekoek hiru urterako.
6.– Jarraian zehaztutako moduluak aplikatuz lortuko da talde bakoitzari emango zaion zenbatekoa:
a) ikertzaileak kontratatzeko gastuetarako zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, taldearen tamaina (doktore kopurua) eta puntuazioaren araberakoa.
b) Ekipamendu zientifiko edo bibliografikoa txikia erosteko zuzkidurak. Aldi osorako zenbatekoa, taldearen tamaina (doktore kopurua) eta puntuazioaren araberakoa.
c) Gastu arruntetarako zuzkidurak. Zenbatekoa doktoreko eta urteko.
7.– Ikerketa-taldeek eskatu aurrekontutik gora ez da pasako emango den zenbatekoa. 2010 eta 2015ean, taldeak lortutako kanpo finantzaketaren % 60tik gora ez da pasako A taldeentzako laguntza; hauxe jotzen da kanpo finantzaketatzat: laguntza-lerro honetan barik beste iturri batzuetatik lortutako sarrerak. B taldeentzako laguntza ez da pasako: 2010 eta 2015an, taldeak lortutako kanpo finantzaketaren % 30etik gora.
8.– Talde bakoitzari dagokion diru-laguntza lehiaketa-prozeduraz zehaztuko da. Horretarako, lortutako puntuazio-ordenaren arabera eskabideen lehentasun-hurrenkera ezarriko da, oinarrizko irizpideen blokeko puntuazioaren % 60 edo gehiago lortu duten eskabideen eta eta guztikoaren % 50 edo gehiago lortu dutenen artean. Balorazio altuena lortu dutenei esleituko zaie laguntza, harik eta agindu honen 2. artikuluan finkatu den aurrekontu-kreditua agortu arte.
9.– A eta B ikerketa-taldeei emango zaizkien zenbatekoak zehaztu ostean, aurrekontu-gerakinik badago, 95tik 100era arteko puntuazioa (A+) lortu duten A taldeek gehitu ahal izango dute eman zaien zenbatekoa, % 5ean.
10.– Puntuazioetan berdinketarik bada, oinarrizko irizpideen blokean lortu sailkapenen gorenekoa kontuan izanik ebatziko da. Hala ere, berdinketak irauten badu, finantzaketari eta ezagutza transferitzeari buruzko irizpideen blokean lortu puntuazioa kontuan izanik ebatziko da.
13. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira ikerketa berbera finantzatzea xede duen beste edozeinekin, egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten unibertsitateek ikerketa-taldeei ematen dizkieten diru-laguntza orokorrekin izan ezik.
2.– Jasoko den zenbatekoa ez da pasako: diruz lagundutako kontzeptuetarik bakoitzak –banan-banan kontsideraturik– sortutako gastuaren guztizkotik gora. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako diru-laguntzak kopuru hori gainditzen badu; gastu hori ez gainditzeko, behar den kopurua murriztuko da.
14. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hautaketa Batzordeak proposaturik, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpen bidez esleituko dira laguntzak, Agindua argitaratzen denetik harako sei hilabeteko epearen barruan. Aipatu epearen barruan, berariazko ebazpenik ematen eta jakinarazten ez bada, interesdunek ulertu ahal izango dute beren eskariak ezetsiak izan direla.
2.– Ebazpen horrek, erakunde onuradunei atxikitako talde bakoitzari dagokionez, honako hauek jasoko ditu:
a) Talde eskatzailearen identifikazioa.
b) Ebaluazioaren emaitza: A motako edo B motako taldetzat errekonozitzea, edo, behar izanez gero, ezestea, eta horretarako motiboa.
c) Emandako kopuru osoa, eta kontzeptuak eta urtekoak zehaztuz.
d) Emaitzen kalitate-adierazleak eta ebaluazioa.
3.– Erakunde onuradunei banan-banan jakinaraziko zaie ebazpena.
4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hara.
5.– Jende guztiak jakin dezan, laguntzak eman izanari buruzkoak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, 2016an.
15. artikulua.– Laguntza onartzea.
1.– Eredu normalizatu beten bitartez formalizatuko da laguntza onartu izana; eta ikerketa-talde bakoitzari dagokionez honako hauek jasoko dira eredu horretan:
– Talde eskatzailearen identifikazioa.
– Taldeko kideak.
– Ebaluazioaren emaitza: A motakotzat edo B motakotzat aitortzea.
– Esleitutako zenbateko osoa, eta kontzeptuak eta urtekoak zehaztuta.
– Emaitzen kalitate-adierazleak eta ebaluazioa.
2.– Talde bakoitzaren onarpen-inprimakia ikertzaile nagusiak eta Ikerketako errektoreordeak edo erakunde onuraduneko horren baliokideak izenpetuta aurkeztu beharko da, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidaliko da, hilabeteko epean, deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita. Ikerketa-taldeek ez badute onarpen-agiria epe horretan aurkezten, ulertuko da laguntzari uko egiten diotela.
3.– Onarpen-agiriei erantsi beharko zaizkie ofizioa bat eta sartzen diren taldeen zerrenda zenbakitua; zerrenda horretan, talde bakoitzeko kideak eta ikertzaile nagusia jaso beharko dira. Ofizio hori aurkeztu beharko da erakunde onuradunaren legezko ordezkariak izenpetuta eta data jarrita. Eta hori aurkezteko, 7. artikuluko 5. paragrafoan seinalatua izan beharko da kontuan.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen eta beraiei atxikitako ikerketa-taldeen betebeharrak.
Agindu honetan arautu diru-laguntzen erakunde onuradunek bete egin beharko dituzte, bai Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.2 artikuluan zehaztu obligazioak, bai Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 14. artikuluan seinalatu obligazioak (Azaroaren 11ko aipatu dekretuaz, onartu egin zen: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina). Eta, konkretuki, honako hauek dira:
1.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.
2.– Deialdi honi esker sorten diren argitalpen eta bestelako emaitzetan, ikerketa-taldeak aipatu egin beharko du ezen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren laguntza jaso duela, haren erreferentzia adierazita.
3.– Zientzia Politikarako Zuzendaritzari baimena eskatu beharko zaio, aurreikusitako jarduera-planaren betearazpenari eragiten dion edozein aldaketa egiteko.
Ikerketa-taldearen osaeran edo taldearen jarduera-planean aldaketak egin nahi badira, ikertzaile nagusiak baimena eskatu beharko dio Zientzia Politikarako Zuzendaritzari. Eskabide hori sinaturik Zientzia Politikarako Zuzendaritzari beharko dio erakunde onuradunetako Ikerketako errektoreordeak. Zientzia Politikarako Zuzendaritzak ebatziko du ea baimendurako aldaketek merezi duten: konprometitutako diru-laguntzak aldatzea edo errebokatzea, betiere aldez aurretiko espedientea delarik.
Ikerketa-taldeetan kide berriak hartzeko eskabideek izangaiaren curriculuma eta kontratuaren kopia jaso beharko dituzte.
4.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak betetzeko– eskatutako informazioa ematea.
17. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
1.– Jarraipen ekonomikoari buruzko txostenak.
– Erakunde onuradunak urtero aurkeztu beharko ditu laguntzaren exekuziori buruzko segimendua ekonomikoaren txostenak. A taldeei zein B taldeei dagokienez, hirugarren urteko txosten ekonomikoak 2016-2018 epealdi osoa hartu beharko du. A taldeei dagokienez, seigarren urteko txosten ekonomikoak 2019-2021 epealdi osoa hartu beharko du.
– Erakunde onuradunaren kontabilitate-zerbitzuko gerentziak edo burutzak egindako ziurtapen da izango da txostena, zeina honako honi buruzkoa izango den: kontzeptuka (langileak kontratatzea, beste gastu arrunt batzuk, inbentariagarria) emandako laguntzaren bidez ikerketa-talde bakoitzak exekutatutako gastua, eta haien zenbatekoak. Horretaz gain, euskarri informatikoko fitxategi bat aurkeztu beharko da, eta bertan, diru-laguntzari egotzitako gastu bakoitzari dagokionez, honako informazio hau jaso beharko da:
– Taldearen identifikazioa.
– Gastua. Kontabilitate-sailkapena.
– Faktura: erreferentzia.
– Faktura: deskripzioa.
– Faktura: hirugarrena (IFK/NAN).
– Faktura: hirugarrena (Izena/Helbidea).
– Faktura: zenbatekoa, guztira
– Faktura: zerga-oinarria
– Faktura: BEZa
– Diru-laguntzari egotzitako zenbatekoa.
– Ikertzaile nagusiak sinatu behar ditu aipatu txostenak eta gero Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali beharko dira. Bidalketa ofizioaz egingo da, eta data izan beharko du eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu, 7. artikuluko 5. paragrafoan zehazten den legez. Hurrengo urteko martxoaren 31a izango da txostenak entregatzeko epemuga.
– Jatorrizko fakturak erakunde onuradunean artxibatu beharko dira, lehenago esan den justifikazio-epearen amaieratik hara gutxienez bost urtez, eta eskura egongo dira Zientzia Politikako Zuzendaritzak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Kontroleko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak egiten duten edozein egiaztapenerako.
2.– Produkzio zientifikoaren segimenduari buruzko txostenak.
– Hurrengo urteko lehen hiruhilabetekoa amaitu baino lehen, erakunde onuradunek eguneratu egin beharko dituzte talde bakoitzaren produkzio zientifikoaren urteko datuak, aplikazio honetan: http://www.ikerketa-taldeak.net
– Laguntzaren exekuzioaren hirurteko bakoitzean txosten tekniko bat sortuko du aplikazioak. Ikertzaile nagusiak sinatu beharko du aipatu txostena, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzara bidali behako da, lehen hirurtekorako 2019ko martxoa baino lehen, eta bigarrenerako 2022koa baino lehen. Bidalketa ofizioaz egingo da, data izan beharko du eta unibertsitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatu, 7. artikuluko 5. paragrafoan zehazten den legez.
– Hirurtekoetako txosten teknikoetan oinarriturik, ondoren zehaztutakoei dagokienez taldeek hartutako konpromisoak bete diren ala ez egiaztatuko da: produkzio zientifikoa, prestakuntza-gaitasuna, ikertzaileak hartzea eta funtsak inguratzea. Egiaztapen horretatik ondorioztatzen bada ezen konpromisoak ez direla bere, xedapen honetako 19. artikuluarekin bat etorriz jardungo da.
18. artikulua.– Ordainketa.
1.– Agindu honetako 15.1 artikuluan zehaztu onarpen-prozedura betetakoan, laguntzak ordaindu egingo dira, honelaxe:
– Lehen urteko ordainketa, libramendu bitan egingo da: lehena, aurrerapen gisa, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa. Bigarrena, gainontzeko % 50ekoa, hurrengo urtean, behin 17. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztu txoten zientifikoak eta ekonomikoak aurkeztuta izana egiaztatuta. Bigarren libramendua osorik ordaindu da, betiere urte horretarako emandako zenbatekoaren % 70a exekutatu dela egiaztatu ostean erakunde onuradunak. Kontrako kasuan, justifikatutako zenbatekoaren arabera egingo da ordainketa.
– Bigarren urtean berdin jokatuko da; bigarren libramendua osorik ordaintzeko, beharrezkoa izango da urte horretarako emandako laguntzaren % 80a exekutaturik izatea. Kontrako kasuan, justifikatutako zenbatekoaren arabera egingo da ordainketa.
– Hirugarren urtean lehen libramendua bat, aurrerapen gisakoa, egingo da, urte horretarako emandako zenbatekoaren % 50ekoa; bigarren libramendua, behin 17. artikuluko 1. eta 2. paragrafoetan zehaztu txosten ekonomikoak eta zientifikoa aurkeztu izana egiaztatutakoan egingo da, eta lehen hirurteko (2016-2018) likidazioaren ematzeei egokitutakoa izango da.
2019-2021 hirurtekoa egin beharreko ordainketak, 2016-2018 urterako zehaztu den legez egingo dira.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako berme-erregimenaren arabera bermatuko da; dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kargura emango diren diru-laguntzen berme eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta horretaz gain, diru-laguntzen kudeaketan parte hartuko duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta obligazioak ere ezartzen dira.
19. artikulua.– Ez betetzea eta itzultzea.
1.– Ondoren zehazten diren kasuetan, ezin izango da laguntzaren ordainketa galdatu, eta aurretik zerbait ordaindu bazaie, bidezkoa izango da, batetik, jasotako zenbatekoak itzularaztea, eta, bestetik, laguntza ordaindu zenetik aurrera sortuko ziren legezko korrituak galdatzea. Hona hemen kasuok:
a) Eskatutako baldintzak faltsutua lortzea diru-laguntza, hura lortzea eragotziko zuten baldintzak ezkutatuz.
b) Diru-laguntza ematea funtsatzen duen jarduera partez edo osorik ez gauzatzea.
Laguntza exekutatzeko hirurtekoa bakoitzean, 17.2 artikuluan zehaztu produkzioa zientifikoari buruzko txostenetan oinarriturik, laguntzaren segimendua egiteko adierazitako adierazleen –12.3 artikuluan seinalatutakoen– ez-betetze guztikoaren koefiziente bat koefiziente bat lortuko da.
Lehenengo adierazle-bloke bakoitzean egingo da aipatu koefizientearen kalkulua, era honetan:
a) Betetze-tasa. Bloke bakoitzean taldeak finkatutako helburuaren betetze-maila neurtzen du. Konprometitutako adierazlearen eta egiaztatuaren arteko koefizientea da; taldeak egindakoa delarik egiaztatutako adierazlea; eta konprometitutakoa: egingo zela esan zena. Balio hori 1etik beherakoa bada, orduan:
b) Ez-betetze tasa. Bloke bakoitzean taldeak finkatutako helburuaren ez-betetze maila neurtzen du. Konprometitutako adierazlearen eta egiaztatu bakoaren arteko koefizientea da; taldeak egin bakoa delarik egiaztatu bakoa adierazlea; eta konprometitutako balioa: egingo zela esan zena.
c) Ez-betetzearen koefizientea: (Ez-betetze tasa * Adierazleari lotitako pisua).
Adierazle-bloke bakoitzaren pisu ponderatuak, honakoak dira:
Ez-betetzea guztizkoaren koefizientea bloke bakoitzean lortutako koefizienteen batuketa izango da.
Ez-betetzea guztizkoaren koefizientea 25 puntutik gorakoa bada, ebazpenean ezarritako baldintzen ez-betetzea guztikoa dagoela kontsideratuko da. Ez-betetze guztikoak laguntza eskuratzeko eskubidea galtzea ekarriko du, eta bai ordaindutako zenbatekoa itzultzea ere.
Ez-betetzea guztikoaren kasuan, emaitzak aztertzetik ondorioztatzen bada lortutako datu kuantitatiboa hobetzen duen mejora kualitatiborik, tasa 25 puntutan finkatuko da.
Aurreko kasuan kontuan izan beharreko faktoreak aldatu egiten dira ebaluatutako adierazleen arabera; argitalpenen kasuan, kopuruari eta inpaktuari erreparatuko zaie, eta neurtuko dira dagokien espezializazio-eremuetan erabiltzen diren rankingen arabera. Prestakuntza-gaitasunari dagokionez, tesi kopuruari erreparatuko zaio, eta bai defendatutako tesi kopuruari eta euren sailkapenari eta nazioarteko-izaerari ere. Kontratazio-ahalmenari dagokionez, kontratatuen kalitateari erreparatuko zaio; eta, azkenik, funtsak inguratzeari dagokionez, honako faktoreei erreparatuko zaie: esleitutako proiektuetan taldeko kideen lidergoa eta euren izaera nazioartekoa, nazionala edo autonomikoa.
Ez-betetzea guztizkoaren koefizientea 5 puntutik 25era bitartekoa bada, ebazpenean ezarritako baldintzen ez-betetzea partziala dagoela kontsideratuko da. Ez-betetze partzialak zera ekarriko du: emandako kopuruaren ez-betetze tasaren araberako murrizketa, 5 puntu kenduta.
c) Justifikatzeko obligazioa ez betetzea edo justifikazioa nahikoa ez izatea, agindu honetako 17. artikuluan zehaztu bezala.
2.– Halaber, honako hauek ere aplikatuko dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikulua, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorreko 37. artikulua (azaroaren 11ko aipatu dekretuaz, onartu egin zen: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina –1998-01-19ko EHAA–).
3.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste sarrera edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.
4.– Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren bitartez, (1992ko otsailaren 7ko EHAA) arautzen da diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra, laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, dagokionean, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta horien interesak itzuli beharra; eta dekretu horretako bigarren tituluan ezarritakoaren arabera, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordearen ebazpenez egingo da goiko guzti horretarako deklarazioa, dagozkion prozedura-izapideak hezurmamitu ondoren; hargatik eragotzi gabe gainerako ekintza bidezkoak.
20. artikulua.– Datuen babesa.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Ikerketa» izeneko fitxategi batean sartuko dira, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko (fitxategi hori 2010eko urriaren 4ko Aginduan araututa dago –2010eko azaroaren 5eko EHAA–). Fitxategi honen organo arduraduna Zientzia Politikarako Zuzendaritza da. Aurka egin, sartu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Zientzia Politikarako Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
XEDAPEN GEHIGARRIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotako ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta behar bestekoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016. urteko aurrekontu orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Lehenengoa.– Agindu hau garatzeko eta gauzatzeko behar diren hainbat xedapen egiteko ahalmena izango du Zientzia Politikarako zuzendariak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Bigarrena.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politka eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 10a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.