EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-13 Aldizkari honetan argitaratua: 2015217

AGINDUA, 2015eko azaroaren 11koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarena, 2015-2016 epealdian EAEko saltoki handietan errotulazio aldakorra euskarara itzultzeko eta langileak euskaraz trebatzeko, diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren data: 2015-11-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201504865
Maila: Agindua
Euskararen erabilpena arautzen duen azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeak bere 26. artikuluan xedatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko agintariek euskara gizarte-bizitzaren alor guztietan erabil dadin sustatzeko neurri egokiak hartu eta beharrezko baliabideak jarriko dituzte, herritarrei merkataritza, kultura, bazkun, kirol, erlijio eta beste nolanahiko ekintzabideetan euskaraz ari daitezen bideak eskaintzeko.
Arlo sozioekonomikoari eta merkataritzari dagokionez, Euskara Sustatzeko Ekintza Planak hainbat ekintza proposatzen ditu arlo honetan euskara sustatzeko, besteak beste, merkataritza kokaguneetan bezero euskaldunak euskarazko zerbitzua jaso ahal izango duela bermatzea; Interes publiko eta unibertsalekoak diren zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek bezeroekiko zerbitzugintza euskaraz ere eskaintzea; Jendeari begirako establezimendu edo zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresek kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak modu progresiboan berma ditzaten neurriak hartzea, indarrean dagoen araubidea betearaziz eta horretarako enpresen aldetiko konpromisoa, partaidetza eta konplizitatea lortuz; Herritarrengan eta merkatari edo ostalariengan eragitea, herritarraren hizkuntza hautuari egoki erantzuteko, hizkuntza paisaia zaintzeko; Enpresa, merkatari eta elkarteei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak martxan jartzea publizitatean euskararen erabilera bultzatzeko ...
Bide beretik doa Euskararen Agenda Estrategikoa (2013-2016) ere, honako ekintza hauek jasota: (...) Merkataritzan eta lan munduan euskara era naturalean erabil dadin ekintzak sustatzea; Merkataritza eta ostalaritza sektoreetan eragitea herritarren hautura egokitzeko; Traktoreak diren merkataritza guneetan euskararen presentzia areagotzeko proiektu pilotuak egitea; Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak babestea(...).
Azken urteotan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak alor sozioekonomikoan ahalegin berezia egin du identifikatutako hutsune eta ahulezia nagusiei aurre egiteko. Horren ildotik, hainbat esparrutan egindako ikerketek erakutsi dute euskararen erabileraren ikuspegitik, badela bereziki sustatu eta babestu beharreko sektore bat, merkataritzaren sektorea hain zuzen. Alor honetan gabeziak nabariak dira oraindik ere, eta batez ere enpresa edo kate handienetan. Horiek dira, bestalde, bezero kopuru handiena jasotzen duten enpresak.
Hori horrela, eta euskararen erabilera esparru guztietan bermatu eta normalizatzeko helburuarekin, ahalegin berezia egin nahi da deialdi honen bidez, saltoki handietan euskararen presentzia eta erabilera areagotu dadin.
Horri jarraiki, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Agindu honen xedea EAEko saltoki handietan hizkuntza paisaia aldakorra euskarara itzultzeko eta langileak euskaraz trebatzeko diru-laguntza (2015-2016) emateko modua arautzea da.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Aurreikusitako (2015-2016) diru-laguntza 500.000 eurokoa izango da (250.000 euro 2015ean eta 250.000 euro 2016an).
3. artikulua.– Enpresa onuradunak.
Produktuak saltzeko edo zerbitzuak emateko establezimenduak dituzten enpresak, baldin eta establezimendu horren jarduera ekonomikoa JESNren ondorengo atal batean sartzen bada:
Aurreko epigraferen batean aritzeaz gain, enpresa eskatzaileak 200 langile baino gehiago izan behar du, finkoak zein aldi baterakoak. Langile-kopurua kalkulatzeko, egun osoko jarduna hartuko da kontuan; langile-kopurua 200 langileren jardun osoari edo gehiagori dagokiola egiaztatzeko, batetik, eskatzaileak zinpeko aitorpena sinatu beharko du eskabide-orrian, eta bestetik, Gizarte Segurantzarekiko aitorpenerako azken TC1 agiria aurkeztu beharko du.
4. artikulua.– Enpresa eskatzaileen betekizunak.
1.– EAEko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak eman eta, kasua balitz, ordaindu ahal izateko. Halaber, itzulketa-prozedura horietatik eratorritako diru-laguntzak itzultzeko betebeharra bete ez dutenei ezin zaie diru-laguntzarik eman, ezta ordaindu ere.
2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik dutenak, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituzten legezko debekuetan sartuta daudenak ere. Era berean, ezin izango da aurkeztu sexu arrazoiengatik diskriminaziorik egitearren zigortuta dagoenik, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.
3.– Eskatzaileek Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda izan beharko dute. Betekizun hau ezinbestekoa da baiezko ebazpena izanez gero ordainketak egiteko.
4.– Halaber, eskatzaileari diru-laguntza esleitzeko eta ordaintzeko, onuradunak egunean egon beharko du zerga-zorren ordainketan eta Gizarte Segurantzarekikoan.
5. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintza.
Diru-laguntza jasotzeko proiektuaren auto-finantzazioak gutxienez % 40koa izan behar du.
6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
6.1.– Deialdi honen bidez 2015eko urtarrilaren 1etik 2016ko irailaren 30era artean burututako jarduerak, eta ondorengo kontzeptuekin lotzen direnak, diruz lagunduko dira:
a) Errotulazio aldakorra euskarara egokitzea:
Errotulazio aldakorra esaten denean, establezimenduetan bezeroei informazioa emateko ikusgarri dauden behin-behineko kartelak eta euskarriak esan nahi da; hau da, eskaintza jakinak iragartzeko edo bezeroaren intereserako ematen den uneko informaziorako osagai izan eta maiz aldatzen denaz ari gara.
Atal honetan onartuko dira:
a.1.– Testuak itzultzeko gastuak.
a.2.– Errotulua, kartela edo dagokion osagaia egokitzeko sortzen diren bestelako gastuak (materialak, euskarriak...).
Adierazpide hauetan guztietan hizkuntzaren kalitatea zaindu beharko da, testuen zuzentasuna ez ezik adierazkortasun komunikatiboa ere bermatuz. Halaber, ez da hizkera sexista erabiliko.
b) Langileak lanerako euskaraz trebatzea:
Langileek euskaraz lan egin dezaten trebatzeko eta bezeroak nahi duten hizkuntza ofizialean artatuak izan daitezen abian jartzen diren ekimenak diruz lagunduko dira. Besteak beste, honako hauek onartuko dira:
b.1.– Lanerako berariazko hizkuntza trebakuntza:
– Langileentzako berariazko ikastaroak.
– Euskaraz diharduen bezeroa nola hartu zehaztuko duen protokoloa sortzea.
– Langileentzako oinarrizko ikastaroak, zehaztutako protokoloaren arabera bezeroei harrera egokia egiteko.
b.2.– Bertako langileek euskara gero eta gehiago erabil dezaten bestelako ekimenak.
6.2.– Proiektu honen kudeaketa burutzeko gastuak diruz lagunduko dira, Agindu honetako 14. artikuluan zehaztutako mugak kontuan hartuta. Honelako lanei lotutako gastuak izan daitezke: ikastaroen antolaketa-lanak, zerbitzuen kontratazioak, eskaerak bideratzea...
7. artikulua.– Lagunduko ez diren jarduerak.
Deialdi honen bitartez ez da diruz lagunduko oinarrizkoa eta izaera finkoa duen errotulazioa («komunak», «irteera»...)
8. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta lekua.
1.– Agindua argitaratu eta hurrengo egunean kontatzen hasita hamabost eguneko epea egongo da eskabideak aurkezteko.
2.– Eskabide-orri normalizatua, behar bezala beteta, eta agiriak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean Zerbitzuko bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
3.– Postaz aurkeztu nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko dira eskabide-orria eta agiriak: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Bide horri ekitekotan, eskabide-orria kartazal irekian aurkeztu beharko da posta-bulegoan, postariak data eta zigilua jarri diezazkion eskabide-orriari, ziurtapena egin baino lehen.
9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Entitateari buruzko dokumentazioa: «Eskabidea» izeneko eranskinean aipatzen diren agiriak aurkeztu behar dira (eranskin hori www.euskara.euskadi.eus/ helbidean egongo da, diru-laguntzen atalean).
b) Jarduerari buruzko dokumentazioa: «Deskripzioa eta aurrekontua» izeneko eranskinean jasoko dira 2015-2016an egingo diren ekintzak eta aurrekontua (eranskin hori www.euskara.euskadi.eus/ helbidean egongo da, diru-laguntzen atalean).
c) Beharrezkotzat jotzen denetan, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak entitate eskatzaileari behar beste informazio eta dokumentazio eskatu ahal izango dio, aurkeztutako jarduerak egoki den eran baloratzeko.
10. artikulua.– Aurkeztutako eskabidean eginiko akatsen zuzenketa.
Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, eskabidean atzera egiten duela ulertuko dela, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren kudeaketa.
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetako diru-laguntzak.
12. artikulua.– Balorazio batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta baloratzeko, hurrengo kideek osatutako balorazio-batzordea eratuko da:
a) Jorge Giménez Bech, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria, batzordearen buru izango dena.
b) Jokin Azkue Arrastoa, Euskara Sustatzeko zuzendaria edo haren ordezkoa, Ana Esther Furundarena Olabarriaga, Hizkuntza Politikako aholkularia.
c) Ane Crespo Calvo, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako EBPNren jarraipenerako arduraduna edo haren ordezkoa, Koro Urkizu Miner, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako Euskara-planak Sustatzeko arduraduna.
d) Hiart Legarra Uruburu, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa, Elene Etxezarreta Etxeberria, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzako teknikaria. Teknikari horrek idazkari-lanak egingo ditu eta hitza izango du, baina ez botorik.
2.– Balorazio Batzordeko kideek parte ez hartzea erabaki dezakete edo errefusatuak izan daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. eta 29. artikuluetan ezarritako moduan.
13. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko eta zenbatekoak finkatzeko irizpideak.
1.– Lehiaketa bidez erabakiko da deialdi hau. Lehiaketa aipatzean, laguntzak edo diru-laguntzak emateko, aurkeztutako eskabide guztiak alderatu egingo direla esan nahi da, eskariak hurrenkera jakin batean jartzeko, aldez aurretik arauetan balorazioa egiteko ezarritako irizpideak jarraituz.
2.– Diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, egitasmoaren aurrekontua hartuko da oinarri, eta honako hau ikusiko da:
a) Laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari zuzenean eta bakarrik egozgarri zaizkion gastuak baino ez daudela jasota adierazitako gastu-aurrekontuan. Ez dira gastutzat hartuko laguntza-deialdira aurkeztutako egitasmoaren gauzatzeari egozgarri ez zaizkion entitate eskatzailearen jardun orokorreko gastuak.
b) Horrez gain, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eskatzaileak aurkeztutako aurrekontua egokitu ahal izango du, lanen merkatuko kostu estimatua kontuan hartuta. Hori kalkulatzeko, kontuan hartuko dira Eusko Jaurlaritzako erakundeetako prezio publikoak.
c) Aurreko bi puntuetan (a eta b) adierazitakoa aintzat hartuta, eskatzaileak adierazitako gastu-aurrekontuari aldaketaren bat egin behar izatekotan, beste horrenbesteko aldaketa egingo zaie adierazitako sarrera-aurrekontuan zehaztutako finantzaketa propioaren kopuruari eta eskatutako diru-laguntzari, beti ere gastu-aurrekontua aldatu den proportzio berean. Modu horretan, aurrekontu onartua finkatuko da. Horrelakoetan, diru-laguntza kalkulatzeko orduan, aurrekontu onartua eta eskatutako diru-laguntza onartua hartuko dira erreferentzia-oinarritzat, baita eskabide-orrian zehaztutako finantzaketa-maila propioa ere.
3.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.
a) Planaren kalitatea:
– Planaren egokitasuna: gehienez ere 40 puntu.
Honako aldagai hauek hartuko dira kontuan: planaren osotasuna, diru-laguntzaren helburuekiko egokitasuna, eta aldatu beharreko euskarriak.
– Planaren bideragarritasuna: gehienez ere 35 puntu.
Honako aldagai hauek hartuko dira kontuan: giza-baliabideak, eta bestelako baliabideak.
– Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren aldeko politikak: gehienez ere 5 puntu.
b) Auto-finantziazio maila: gehienez ere 20 puntu.
4.– Egitasmoek, jaso litezkeen puntuetatik 50 puntu edo hortik gora lortu beharko dituzte. Esandako gutxieneko puntuazio horretatik beherako puntuazioa lortzen duten egitasmoek ez dute dirulaguntzaren banaketan sartzerik izango, eta, ondorioz, ez dute dirulaguntzarik hartuko.
5.– Eskaera bakoitzak jasotako puntuazioak gastu-aurrekontuaren estalpen-indizea zehaztuko du.
14. artikulua.– Diru-laguntzen mugak.
1.– Eskatzaile bakoitzari gehienez ere 25.000 euroko diru-laguntza esleituko zaio.
2.– Proiektuaren kudeaketarako gehienez ere 2.000 euroko laguntza esleituko da.
3.– Deialdira bildu, baldintza guztiak bete, balorazio-irizpideak aplikatu eta diruz lagundu beharreko jarduerei esleitu beharreko diru-laguntza ez da eskatutako diru-kopurua baino handiagoa izango.
4.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk eman ditzakeenekin, bai eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kudeatutako LanHitz diru-laguntzekin ere, beti ere agindu honetako mugak errespetatzen badira eta diru-laguntzagaietan gain-finantzaketarik gertatzen ez bada. Laguntza-mugak gainditu edota gain-finantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren kopurua murriztu egingo da, diruz lagundutako egitasmoaren kostu osoari gehienez dagokion diru-laguntzara arte.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio batzordearen ebazpen-proposamena ikusi ondoren, aurkeztutako eskaerei buruzko ebazpena emango du Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Ebazpen hori, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta hiru hilabeteko epean interesdunei jakinaraziko die.
2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.
3.– Diru-laguntza ebazteko garaian, bertan emango den informazioa izango da, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onartzen duenak, bere 51.7. artikuluan jasotakoa.
4.– Hiru hilabeteko epea amaitu eta interesdunak inolako jakinarazpenik jaso ez badu, eskabidea gaitzetsitzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritako ondorioetarako.
5.– Laguntza-eskatzaileren bat ebazpenarekin ados ez badago eta gora jo nahi badu, ebazpena berariaz jakinarazi eta hurrengo egunean hasita gorako errekurtsoa aurkezteko aukera izango du hilabeteko epean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari.
16. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen enpresa onuradunek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean finkaturiko betebeharrez gain, honako betebehar hauek ere izango dituzte:
a) Diru-laguntza onartzea. Diru-laguntza esleitzeko ebazpena jakinarazten den egunean hasi eta ondorengo zazpi eguneko epean diru-laguntzaren eskatzaileak berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartutzat emango da.
b) Diru-laguntza eskabidean zehaztutako helburu zehatzerako erabili beharko dute.
c) Eskabidean aurreikusitako egitasmoa bere osotasunean gauzatu beharko dute.
d) Kontrol Ekonomikorako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen xedearen fiskalizazio-funtzioak betetze aldera eskatutako informazio guztia eman beharko dute.
e) Hizkuntzaren kalitatea bermatzea guztiz garrantzizkotzat jotzen denez gero, Euskaltzaindiak emandako arau eta gomendioak aintzakotzat hartu eta beteko dituzte.
f) Indarrean dauden lege eskakizunak bete beharko dituzte jabego intelektualari, egile-eskubideei, lege-gordailuari, banaketari eta abarri dagokienez.
g) Laguntza-gai diren egitasmoek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte. Ondorioz, egitasmo horiek ezin izango dute herritarrei iraingarri gerta dakiekeen ikur edo elementurik jaso, ezta beren duintasunari kalte egiten dieten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikur edo elementurik ere.
h) Adierazpen- eta informazio-askatasunari begirunea erakustea. Horretarako, nork bere deontologiako arauak beteko ditu eta, aldi berean, politika-aniztasuna eta politika-, gizarte- eta kultura-taldeei zor zaien aukera-berdintasuna bermatuko duen informazio egiazkoa eta objektiboa sustatuko du.
i) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraituz, hizkera sexistarik ez erabiltzea, eta gizonen eta emakumeen rolei dagokienez, erabilera estereotipaturik ez egitea.
17. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
1.– Ordainketei dagokienez, diru-laguntzaren ordainketa bi zatitan egingo da:
a) Laguntzari dagokion % 50a ebazpena jakinarazitakoan ordainduko da, diru-laguntza onartutzat ematen den egunean hasi eta bi hilabeteko epean.
b) Laguntzari dagokion gainontzeko kopurua, diru-laguntzaren justifikazioa onartutzat eman ondoren ordainduko da. Bigarren ordainketa 2016an egingo da edozein kasutan.
2.– Ordainketak egin ahal izateko, onuradunak zerga zorrak kitatuta dituela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua aurkeztu beharko du. Horrekin batera, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak kitatuta dituela adierazten duen ziurtagiri eguneratua ere aurkeztu beharko du.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikazioa aurreikusitako egitasmoa burutu eta berehala egin daiteke. Justifikazio hori aurkezteko azken eguna 2016ko urriaren 30a izango da.
2.– Honako hauek dira justifikatze aldera aurkeztu beharrekoak:
a) Diruz lagundutako egitasmoari dagokion behin betiko gastuen azalpena, «Gastuen azalpena» izeneko eranskinaren arabera (eranskin hori www.euskara.euskadi.eus/ helbidean egongo da, diru-laguntzen atalean).
b) Gastuen jatorrizko justifikazio-agiriak edo horien kopia konpultsatuak. Justifikazio-agirietan zehatz-mehatz azaldu behar da gastua zeri dagokion. Eskabide-orrian adierazitako gastu guztien justifikazioa egingo da, edozein delarik ere esleitutako diru-laguntza.
c) Diruz lagundutako trebakuntza-ikastaroetan parte hartu duten ikasleen ebaluazio-txostenak aurkeztu behar dira, aurreikusitako ikas-helburuen betetze-maila zehaztuta.
d) Eskabide-orriarekin batera zehaztutako aurrekontuan jaso gabe egon arren, entitateak jarduera berarentzat izan dituen gainerako diru-laguntzen zerrenda. Gainerako diru-laguntzarik izan ez bada, horixe adierazten duen erantzukizunpeko aitorpena.
e) Justifikaziorako dokumentazioa, aurrez aurre aurkeztu ahal izango da Zuzenean Zerbitzuko Bulegoetan, EAEko erregistro laguntzaileetan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan jasotakoak) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan aurreikusitako organoen aurrean.
f) Postaz aurkeztu nahi izanez gero, honako helbide honetara bidali beharko da: Eusko Jaurlaritza, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
19. artikulua.– Ebazpenaren aldaketa eta kitapen ebazpena.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren inguruabarretako bat aldatzen bada, diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen dela, diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Hori dela eta, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak bidezko likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berregokitu egingo da.
20. artikulua.– Arauak ez betetzea.
1.– Betebeharrak bete gabetzat joko dira honako kasu hauetan:
a) Jasotako diru-laguntza, osorik zein zatika, agindu honetan zehaztutakoez beste jardueretarako erabiltzea.
b) Honako Agindu honen 16. artikuluan zehaztutako betebeharrak ez betetzea.
c) Hala badagokio, kitapen-ebazpenak zehaztutako kopurua ez itzultzea horretarako emandako epean.
d) Diru-laguntzen araudiaren beste xedapen batean nahitaezkotzat jotzen diren gainerako egitekoak ez betetzea.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, jasotako dirua eta horren legezko interesak itzuli beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituenean, adierazitakoa betez eta horretarako ezartzen den prozedurari jarraituz.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak jakinarazten dizu deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, eskabidean eta formularioetan jasotakoak, «Koordinazioa-laguntzak eta dirulaguntzak» izeneko fitxategian sartuko direla. Fitxategi hori 2006ko uztailaren 27ko Aginduak arautua dago eta gaur egun Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritza da fitxategi honen titularra. Fitxategiak diru-laguntza deialdi hau kudeatzea du helburu eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea ere bai. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Agentziari eman zaio horren berri, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren segurtasun-neurriak ezarri dira. Fitxategiaren datuak, bestalde, ez zaizkie beste pertsona batzuei jakinaraziko, legeak bideratutako kasuetan izan ezik.
Datu pertsonalen babesari buruz dauden arauei jarraiki, eskatzaileak badu sartzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubideez baliatzeko aukera, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Lege Organikoak berariaz aitortzen duen bezala. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzara jo dezake (Donostia-San Sebastián kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartu duten enpresek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak alderatzeko eta aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko (dela Administrazio honetan, dela beste Administrazio Publiko batean), deialdi honen xede berberarako bakarrik. Era berean, Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Laguntza-programa honek ez du Europako Batzordearen baimenik behar, honelaxe xedatuta dago-eta Batzordearen 2013ko irailaren 8ko 1407/2013 Araudian. Araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis izeneko laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Izan ere, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka interesdunak aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Bestela, zuzen-zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango du Euskadiko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko testuen artean interpretazio-auzirik sortuko balitz, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik, hura hartuko da aintzat.
AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko azaroaren 11.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.