EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2015213

EBAZPENA, 2015eko urriaren 19koa, Garraio Azpiegituren zuzendariarena, Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldirako deia egiten diena.

Xedapenaren data: 2015-10-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201504775
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2014/07/29an argitaratutako 2014/07/16ko EBAZPENA [201403414]

Garraio Azpiegituraren zuzendariaren 2014ko urtarrilaren 10eko Ebazpenaren bidez, Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektua onartu zen.
Otsailaren 22ko 34/2005 Dekretuaren bidez, behin betiko onartu zen Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarearen Lurraldearen Arloko Planaren Aldaketa, Bilbao Metropolitarreko eremuko trenbideak antolatzeari buruzkoa. Plan horretan jasotzen ziren, besteak beste, Maidagan trenbide-pasagunea kentzea eta Ibarbengoan geltoki berria eraikitzea, hain zuzen ere lurraldeari zerbitzua emateko eta trenaren erabilera sustatzeko, ibilgailu pribatuekin konbinatuta. Plan horretan, halaber, definitu egiten zen trenbidea erabiltzeko Sistema Orokorreko Erreserba Bandaren tartea, zeinean trazadura berria sartzen zen, barne zirelarik geltokia eta aparkalekua.
Aparkaleku hori trenbide-azpiegituraren elementu osagarri bat izango da, eta 300 bat plaza izango ditu, kale mailako solairuan eta lur azpiko bi solairutan egongo direnak. Horri gehitu behar zaio aparkalekuan sartzeko bi bide: bata, Ormaza kaletik geltokiraino doan bidea, eta bestea, oinezkoentzako beste bide bat.
Proiektuak ukitutako lurrak eskuratzeko eta ondasunak eta eskubideak behar bezala kudeatu ahal izateko, ondasun horiek guztiak identifikatzeko zerrenda zehatz bat eta desjabetze-eranskineko partzela-planoak jaso dira proiektuan.
2014ko maiatzaren 19ko Ebazpenaren bidez, proiektua burutzeko behar ziren ondasun eta eskubideak jabeei nahitaez kentzeko prozedura abiaraztea eta desjabetzeei buruzko eranskina jendaurrera ateratzea erabaki zen. Interesdunei jakinarazi zitzaien eta hainbat aldizkaritan ere argitaratu zen: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (107. zk.) eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (108. zk.) –biak 2014ko ekainaren 9koak–, 2014ko ekainaren 9ko «Deia» eta «El Correo» egunkarietan eta 2014ko ekainaren 10eko «Berria» egunkarian. Era berean, Getxoko udaletxeko iragarki-oholean jarri zen.
Izapidetze horretan, argitaratutako ondasun eta eskubideen zerrenda dela-eta, hainbat alegazio aurkeztu dira. Alegazioak aztertuta, banan-banako erantzunak eman dira.
Garraio Azpiegituren zuzendariaren 2014ko uztailaren 14ko ebazpenaren bidez, onartu egin zen Bilboko Hiri Trenbideko 1. lineako Ibarbengoa aparkalekua eta haren sarbideak eraikitzeko proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta titularrei dei egin zitzaien ondasunak okupatu aurreko aktak egiteko ekitaldira, irailaren 30ean Getxoko Udalean egin beharrekora, hain zuzen ere. Ekitaldi hori ezin izan zen egin, identifikatu gabeko pertsona-talde batek ez zielako utzi desjabetutako titularrei udaleko bulegoetara sartzen, Administrazio desjabetzaileak data horretan egin zuen eginbidean jasota dagoenaren arabera.
Organo honek eskumena dauka Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoak diren trenbide-azpiegiturako lanak gauzatzeko nahitaezko desjabetze-prozeduraren izapideak egiteko eta ebazpena emateko, halaxe ezarrita baitago Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren 14.c) artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 13.1.g) artikuluan. Azken dekretu hori, bestalde, martxoaren 1eko 8/2013 Dekretuaren eta, bigarren aldiz, abenduaren 2ko 34/2013 Dekretuaren bidez aldatu zen.
Trenbide Sektorearen azaroaren 17ko 39/2003 Legearen 6.2 artikuluak ezartzen du, trenbideak jarri edo lineak zabaltzeko proiektuak ofizialki onartzeak berekin ekarriko duela proiektuaren eraginpeko eta identifikaturiko ondasunak okupatzea onura publikokotzat eta lehenbailehen egin beharrekotzat jotzea; eta horrek ahalmena ematen dio administrazioari Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusitako jardunbidera jotzeko eta, hortaz, proiektuaren eraginpeko lurrak okupatu edo ondasunak eskuratzeko; horretarako, lehenbizi, desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak zehaztu, titularrak identifikatu eta baloraziorako behar diren datu eta azalpenak jasoko dira aktan, eta perituak ezarritako diru-kopurua ordaindu edo okupatu aurretiko gordailu gisa utzi beharko da; eta, hala badagokio, premiazkotasunak ekarritako kalteen ordaina ere eman beharko zaie.
Beraz, aurrekariak, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20, 21 eta 52. artikuluetan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoa, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainontzekoak ikusirik,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Zerrenda horretan agertzen diren jabeei dei egitea, bertan adierazitako egunean eta orduan, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko bulegoetan (Bilboko Kale Nagusia 85, A aretoa) ager daitezen ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu aurreko aktak egiteko, eta, hala badagokio, ondasun eta eskubide horiek formalki okupatzeko. Beharrezkoa izanez gero, eta interesdunek hala eskatzen badute, lursailera bertara joateko aukera ere izango da.
Ekintza horretara ukitutako pertsonek berek edo haien izenean jarduteko behar bezalako baimena jaso duten ordezkoek joan beharko dute eta ondasunen titular direla egiaztatzen duten agiri-paperak (eskritura publikoak, Jabegoaren Erregistroko ziurtagiria edo informazio-oharrak, etab.) eta eskubideak egiaztatzen dituzten beste edozein agiri-paper aurkeztu beharko dituzte. Nahi izanez gero, perituak eta notarioa ere eraman ahal izango dituzte, beren kontura.
Era berean, eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen Erregelamenduaren 56.2 artikuluan xedaturikoari jarraituz, interesdunek zerrendako okerrak zuzentzeko alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte aktak egiteko egunera arte. Alegazioak idatziz aurkeztu beharko dira Ingurumen eta Lurralde Politika Sailean, Garraio Azpiegituren Zuzendaritzan (Lakua 1, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke organo honi edo Garraioetako sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi edo argitaratu ondorengo egunetik aurrera.
Eta hala jakinarazten da, guztiek horren berri izan dezaten.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 19a.
Garraio Azpiegituren zuzendaria,
MARÍA ALMUDENA RUIZ DE ANGULO DEL CAMPO.