EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2015213

AGINDUA, 2015eko martxoaren 24koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, zeinaren bidez Fundación EDE Fundazioaren (fundazio irenslea) eta Fundación Canónica Autónoma EDE fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitea onartu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

Xedapenaren data: 2015-03-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201504769
Maila: Agindua
Ikusita eta aztertuta geratu da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko egindako eskabidearen espedientea.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2014ko abenduaren 4an, irenste bidezko bat-egite horren eskabidea sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailaren Erregistroan, eta, eskabidearekin batera, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean egiletsitako eskrituraren bi kopia baimendu aurkeztu ziren (protokolo-zenbakia: 2135). Eskritura horren bidez, publiko egin ziren Fundación Canónica Autónoma EDEren eta Fundación EDE Fundazioaren arteko irenste bidezko bat-egitea egiteko akordioak (Fundación Canónica Autónoma EDE fundazio irentsia izango da, eta, Fundación EDE Fundazioa, berriz, fundazio irenslea); eta irentsitako fundazioaren ondare guztia batera eskualdatzen zaio fundazio irensleari, eskubide eta betebehar guztien jarraipenarekin.
Eskritura publiko horretan, bi fundazioen 2014ko ekainaren 30eko balantzeak jasotzen dira. Era berean, eskritura publiko horretan, bat-egitean parte hartzen duten bi fundazioen patronatuek bat egiteko hartutako erabakien ziurtagiriak jasotzen dira (2014ko irailaren 2koak).
Bigarrena.– 2014ko urtarrilaren 24an, bat-egite horren gainean erakunde interesdunek aldez aurretik egindako kontsultari buruzko aldeko erantzuna eman zen. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzak aldeko txostena eman zuen 2015eko otsailaren 24an.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Zerbitzu Teknikoek aztertu dute espedientea, eta ondoren, ebazpen-proposamena egin dute. Hona hemen horretarako kontuan hartu dituzten
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio bat-egitea, fundazio irensleak egindako estatutu-aldaketa eta guzti horretatik eratorritako Patronatuaren aldaketa onartu eta inskribatzeko espedientea agindu bidez ebaztea; hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko Legearen 32. eta 36. artikuluetan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Funtsezko iritzi diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio espediente honi, eta, hartara, bat-egitea dela-eta, bereziki bete dira artikulu hauetan ezarritako eskakizunak: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioaren ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 32. artikuluan ezarritakoak; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen 100/2007 Dekretuaren 34. artikuluan ezarritakoak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen 101/2007 Dekretuaren 45. artikuluan ezarritakoak.
Aipatu artikuluak eta aplikagarriak diren gainerakoak ikusita,
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Fundación Canónica Autónoma EDEren (fundazio irentsia) eta Fundación EDE Fundazioaren (fundazio irenslea) arteko irenste bidezko bat-egitea onartzea. Irentsitako fundazioaren ondare guztia batera eskualdatzen zaio fundazio irensleari, eskubide eta betebehar guztien jarraipenarekin.
Bigarrena.– Fundación EDE Fundazioaren (fundazio irenslea) eta Fundación Canónica Autónoma EDE Fundazioaren (fundazio irentsia) arteko irenste bidezko bat-egitearen eskritura inskribatzeko agintzea, agindu honen datarekin, Bilboko notario Juan Ignacio Gomeza Villaren aurrean 2014ko abenduaren 1ean egiletsitako eskriturarekin bat etorriz (protokolo-zenbakia: 2135).
Hirugarrena.– Indarrean jarraituko dute fundazio irenslean Fundazioen Erregistroan inskribatutako estatutu berak.
Laugarrena.– Fundazio irenslearen gobernu-organoak ez du inolako aldaketarik izango; beraz, gaur egun gobernu-organoa osatzen dutenek orain betetzen dituzten kargu berak beteko dituzte.
Bosgarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 24a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.