EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2015212

EBAZPENA, 2015eko urriaren 14koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena. Honen bidez, hasiera ematen zaio Bizkaian Karrantza Haraneko Villapaterna jauregi-elizari monumentuen kategoria emateko eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, eta, jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari.

Xedapenaren data: 2015-10-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201504734
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoak, Espainiako Konstituzioaren 148.1.16 artikuluaren babespean eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluaren arabera, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipatutako eskumen hori baliatuta onartu zen uztailaren 3ko 7/1990 Legea, Euskal Kultura Ondareari buruzkoa, Euskal Autonomia Erkidegoan kultura-interesa duten ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.
Bizkaian Karrantza Haraneko Villapaterna jauregi-elizak duen kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkeztutako ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Hasiera ematea Bizkaiko Karrantza Haraneko Villapaterna jauregi-elizari monumentuen kategoria emateko eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedienteari, I. eranskinean azaltzen diren mugen, II. eranskinean azaltzen den deskribapenaren eta III. eranskinean jasotako esku-hartze baimendunen erregimenaren arabera.
Bigarrena.– Hasiera ematea Bizkaiko Karrantza Haraneko Villapaterna jauregi-elizari monumentuen kategoria emateko eta Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Nagusian sartzeko espedientea jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko aldiari; horrela, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 20 eguneko epean, alegazioak egin eta egoki iritzitako dokumentuak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan xedatutakoaren arabera. Espedientea Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai, Vitoria-Gasteizko Donostia kaleko 1ean.
Hirugarrena.– Ebazpena interesdunei jakinaraztea, bai eta Karrantzako Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura eta Garraioak, Mugikortasuna eta Lurralde Kohesioa sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailari ere, jakinarazpenaren egunetik hamabost eguneko epean egoki iritzitako dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkez ditzaten.
Laugarrena.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 14a.
Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea,
JOSÉ ÁNGEL MARÍA MUÑOZ OTAEGI.
I. ERANSKINA
MUGAK
a) Mugen deskribapena.
Mugaketak eraikina bera eta haren ingurumaria hartzen ditu. Hortaz, mugaketaren eremuak honako muga hauek ditu:
Ipar-ekialdean: fatxadaren paraleloan egindako marra, fatxadatik 30 metrora marratuta, alde bietako bideen bazter urrunenekin bat egiten duen tokiraino.
Hego-ekialdean: alde horretako bidearen bazter urrunena.
Hego-mendebaldean: plaza mugatzen duten jabetza pribatuen mugak.
Ipar-mendebaldean, azkenik: alde horretako bidearen bazter urrunena.
b) Mugaketaren justifikazioa.
Proposatzen den mugaketa justifikatuta dago Villapaterna jauregi-elizaren inguruneko ingurumen-balioak eta bisualak babestu behar direlako. Ondasun katalogatua behar bezala babesteko eta balioa emateko, ingurua ere mugatu behar izan da, eta horrek berekin dakar jauregi-elizaren ondoko guneak babestea, hau da, inguruko lurrak eta eraikinerako sarbidea, jauregi-elizaren izaera berezia iraunarazteko xedez. Hori dela eta, mugaketak ez du soilik eraikina bera hartzen, ezpada ere haren ingurumaria.
II. ERANSKINA
DESKRIBAPENA
Villapaterna jauregi-eliza Karrantza Haraneko udalerriko La Lama auzoan dago. Trasmierako hargin-maisu batentzako enkargua izan zen eraikin hori; kanon barrokoen arabera eraiki eta, garaiko eragin neoklasikoren bat edo beste izan zuen; izan ere, jauregi-eliza eraikitze-tipologia misto batean oinarrituta dago, hau da, eraikuntza funtzionalitatearen arabera hartuta eta banatuta, eta fatxadaren aurpegi bakar batek aurrealde bereizi bi ditu, bata elizarako eta bestea jauregirako. Esan daiteke bitxia dela Euskal Autonomia Erkidegoan, horrelako bakarra baita.
Jauregiak lau angeluko oinplanoa du, gora bi altuera eta ganbara, eta lau isurialdeko teilatua. Harlangaitzezko horma lodiak dauzka, mendebaldean, fatxada nagusian, izan ezik; fatxada nagusia harlanduzkoa da, harrikoskoak eta erremarkatuak eta erlaitzak izanik, eta bertan bao dinteldunak. Behealdean, sarbidea leiho artean dago, eta lehen solairuan metalezko pletinez egindako hiru balkoi dauzka. Ganbarako solairuan, taulamenduaren azpian, baoak ez dira aireztatze-bao txikiak baino. Jauregi barrokoa da tamainari eta dekorazio-programari begira, XVIII. mendearen amaierako klasizismoa da eta. Barrualdean, patio karratu bat dauka. Funtzionalitateari begira, beheko solairua upelategi, zalditegi, eta beste zerbitzu batzuetarako zen. Solairu nagusia, gizarte-ohituretarako eta familiaren egoitzarako zen (solairu horretatik elizako korura igaro daiteke). Teilatupeko solairua biltegirako eta mirabeen gelarako zen.
Eliza xumea baina kalitate handikoa da. Nabe bakarrean egituratuta dago, gurutzeria-gangazko hiru zatitan. Hirugarren zatia korukoa da, eta kanpoaldean eliz ataria dago. Hegoaldean, sakristia dago atxikita. Fatxadan, jauregiarekin dago partekatuta erlaitza; lau pilastrak eratzen dute, erdian alboetan baino kofadura handiagoa utzita, erdi-puntuko arkupeko sarbide bat ere badago bertan. Haren gainean, idi-begi bat, korua argiztatzeko balio duena. Erlaitza pilastren gainean dago tolestuta, kapitelen antzera. Erlaitzaren gainean friso bat dago, haren buruan erlaitz txiki molduratu bat, kanpai-hormaren oinarria dena, hain zuzen; kanpai-horma hiru zatitan egituratuta dago, erdikoan bi bao dauzka, erdi-puntuko arkukoak, barruan kanpai bana sartzeko. Frontoia dago erdiko elementu horren buruan. Kanpai-hormaren hegalak profil lerronahasikoak dira.