EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2015211

EBAZPENA, 2015eko urriaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinen bidez egiten baita Hondarribiko Ner Breen akuikultura- eta nekazaritza-ustiategi jasangarriaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren adierazpena. Proiektu hori Breen, Breeded in Green, S.L.k sustatu du, Hondarribiko udalerrian (Gipuzkoa).

Xedapenaren data: 2015-10-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201504685
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2015eko martxoaren 9an, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari eskatu zion prestatzea akuikultura- eta nekazaritza-ustiategi ekologikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluaren arabera. Proiektu hori Breen, Breeded in Green, S.L.k sustatu du, Hondarribiko udalerrian (Gipuzkoa).
2015eko martxoaren 18an, kontsulta egin zien Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Zehazki, hauei egin zitzaien kontsulta: Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritza, Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritza, Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Osasun Publikoko Gipuzkoako Lurralde Bulegoa, guztiak ere Eusko Jaurlaritzako erakundeak; Ingurumenaren eta Obra Hidraulikoen Zuzendaritza Nagusia, Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia, Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia eta Kulturako Zuzendaritza Nagusia, guztiak ere Gipuzkoako Foru Aldundiko zuzendaritza nagusiak; Gipuzkoako Lurralde Bulegoa eta Kantauriko Konfederazio Hidrografikoko Nafarroa, eta Hondarribiko Udala.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2015eko maiatzaren 18ko Ebazpenaren bidez egin zen akuikultura- eta nekazaritza-ustiategi ekologikoaren proiektuaren ingurumen-inpaktuaren azterketaren irismen-dokumentua. Proiektu hori Breen, Breeded in Green, S.L.k sustatu du, Hondarribiko udalerrian (Gipuzkoa)
Arrantza eta Akuikulturako zuzendariaren 2015eko ekainaren 24ko Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen Ner Breen Proiektua, akuaponian tilapiaren akuikultura-laborantza jasangarriaren industrializaziokoa, eta, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko, 2015eko uztailaren 13an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak jakinarazi du, jendaurrean jartzeko izapidetzea igarota, ez dela jaso proiektuarekiko inongo alegaziorik.
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 2015eko uztailean kontsulta egin zien Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak eraginpeko administrazio publikoei eta publiko interesdunari, euren eskumenez baliatuz, egoki iritzitako oharren txosten osoa egin zezaten 30 eguneko epean kontsulta jakinarazten denetik aurrera. Zehazki, honako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Gipuzkoako Osasun Publikoko Zuzendariordetza; Gipuzkoako Foru Aldundiko Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusia, Hondarribiko Udala eta Gipuzkoako Ekologistak Martxan. Izapide honen ondorio gisa, txosten hauek jaso ziren:
– Hondarribiko Udala: baldintzatzaileak zerrendatu ditu espeziearen ihesa eta ugaltzea saihesteko, hondakinak kudeatzeko, ur-masen eta landare-inbaditzaileen tratamenduari buruzko afekzioa saihesteko; halaber, jakinarazi du Udalak ez duela baimenik ematen okupazioa handitzea dakarten obretarako, eta, beraz, jardueraren planifikazio berri bat eskatu du.
– Ekologistak Martxan: zehaztapenak eman dituzte kamioi-trafikoak eragin lezakeen inpaktuari buruz eta ura eta ura biltegiratzeko gordailuen beharrari eta horiek kudeatzeari buruz.
– Ura-Uraren Euskal Agentzia: zehaztapenak eman dituzte kokapenari buruz eta hornidura eta saneamenduari buruz.
2015eko abuztuaren 31n, ingurumen-inpaktuaren adierazpena helarazteko eskatu zion Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatuarekin bat. 2015eko irailaren 21ean, eta ingurumen-organoaren eskakizunak betez, espedientearen dokumentazioa osatu zen Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoaren arabera.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Halaber, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek, beste helburu batzuen artean, bermatu behar dute ingurumenaren gaineko eraginaren ondorioen azterketa plangintzaren hasierako faseetan barneratzea, eta, alternatiba egokienak hautatze aldera, ingurumenari buruzko ondorioei buruzko analisia, zenbait jardueren ondoriozko eragin metatzaileak eta sinergiakoak kontuan izanik.
Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan gauzatu nahi diren plan eta proiektuek (publiko zein pribatu izan) ezinbestekoa izango dute ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Aipatu arauaren I.B) eranskinaren 5.11 epigrafean barne hartuta dago ebazpen honen xede den jarduera (arrainen hazkuntza intentsiboa), eta, beraz, ingurumenaren gaineko eraginaren ohiko ebaluazioa beharko du.
Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Zuzendaritza hori eskumeneko organoa da Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen arabera, eta baita Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuaren arabera ere.
Ikusirik 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko Lege Orokorra; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 196/2013 Dekretua, apirilaren 9koa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko dena; 30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa, bai eta gainerako arau aplikagarriak ere, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Aldeko Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena egitea Hondarribiko Ner Breen akuikultura- eta nekazaritza-ustiategi jasangarriaren proiektuari dagokionez. Proiektu hori Breen Breeded in Green, S.L.k sustatu du, Hondarribiko udalerrian (Gipuzkoa).
Sistema akuaponikoaren bidez, tilapia eta landareak era jasangarrian ekoiztea da proiektuaren helburua. Sistema itxi bat da, zeinetan uretan disolbatutako arrain-hondakin metabolikoak landare-hazkuntzarako baliatuko baitira. Era berean, landare horiek osagai horien ura garbituko dute arrain-hazkuntzan erabili ahal izateko maila egokiak mantentzeko.
Zimizarga auzoan dagoen 16 Ha-ko lurzoru urbanizaezinean kokatuko da ustiategia, Hondarribiko hirigunearen hego-mendebaldean. Malda apur bat duen lursaila da, eta Txiplau errekastoa du mugakide. Bertan dauden baina erabiltzen ez diren instalazioak baliatuko dira: bi berotegi, ureztatze-instalazioa, euri-urak biltzen dituen gordailu-putzua eta material granularreko zabalgunea.
4 hazkuntza-lerro ditu jarduerak gizentze-faseetarako, eta ugalketa- eta hazkuntza-gune bat. Ekoizpena binaka ateratzeko diseinatuta daude lerroak, era alternatiboan. Lerro bakoitzeko bost tanga bereizten dira, zeinetan arrainak hazten baitira duten neurriaren arabera. Ura birzirkulazioan dago, azkenean, dekantazioko eta filtrazio bakteriologikoko prozesu bat igarota, nekazaritza hidroponikoko hazkuntza berotegietaraino joaten den arte, non ur hori baliatzen baita hazten diren hainbat landareren elikagai gisa.
Funtsezko bi alderdi daude prozesu honetarako:
– Tangetako ura berotzeko beroaren beharra, arrainak hazteko tenperatura egokia lortzeko. Eguzki-plaka termikoen eta biomasa-galdaren sistema konbinatu baten bidez lortuko da berotasun hori.
– Ura eskuratzea. Birzirkulazioan dagoen uraren % 90 baliatzea lortzen da sistema honen bidez. Gainerako % 10a euri-ura bilduz eskuratuko da: gordailu-baltsa batean bildu eta gero, 400 m2-ko bi biltegiratze-baltsetan biltegiratuko da.
Gainera, prozesu nagusiaren instalazio osagarri gisa, araztegi biologiko bat instalatzea aurreikusten da (bermikonpostagailua), zeinak tratatuko baitu akuikultura-tangetan sortuko den disolbatu gabeko materia organikoa. Landare-filtroak xurgatu ezin dituen lohiak tratatuko ditu araztegi honek, eta, bakterioen eta zizareen sistema misto estratifikatu baten bidez, nekazaritza-erabilerarako egokia den maila altuko humusa lortuko da (konposta).
Bestalde, hondakin-uren barne-biltzaile bat instalatzea aurreikusten da, zeinak aldageletatik eta komunetatik datozen ur beltzak bilduko baititu araztegi konpakto prefabrikatu batean tratatzeko. Txiplau errekastora isuriko da efluente araztua, isurtzeko baimen-parametroak betez.
Bigarrena.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluari jarraikiz.
2.A.– Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzan proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioaren arabera gauzatuko da proiektua, eta, zehazki, ebazpen honetan zehaztutakoaren arabera.
2.B.– Proiektua zabaldu edo aldatzen bada, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuko da.
Proiektuaren aldaketa zehatzak –aurreko paragrafokoak bezain garrantzitsuak ez direnak baina obrak egiteko gainerako izapideen esparruan sortzen direnak– ingurumenaren ikuspegitik ere justifikatuko dira. Babes- eta zuzenketa-neurrietan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintzen pleguetan jasoko dira proiektuari egiten zaizkion aldaketak.
2.C.– Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Babes- eta zuzenketa-neurriak betearaziko dira, betiere, proiektuaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako dokumentuetan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta horiek kontrolatzeko ardura izango duten langileek bermatu behar dute beteko direla ingurumen-inpaktuari buruzko azterketan finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere. Honako atal hauetan adierazitako neurriak gehitu beharko dira:
Obrak kontratatzeko baldintzen pleguen multzoan sartu beharko dira neurri horiek guztiak, eta dagokien aurrekontua izango dute, neurri horiek betetzen direla bermatzen duena. Gainera, jardunbide onak ezarriko dira obretan.
2.c.1.– Ondare naturala babesteko neurriak.
Gipuzkoako mendiei buruzko urriaren 20ko 7/2006 Foru Arauak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko flora-espezie batzuk babesteko urtarrilaren 16ko 4/1990 Foru Dekretuak xedatutakoa betetzeaz gain, neurri hauek ere aplikatuko dira:
2.c.1.1.– Proiektua gauzatzeko ezinbesteko den gutxieneko eremua baino ez da erabiliko obrak eta lurzorua okupatzea dakarten gainerako operazio osagarrien multzoa garatzeko, eta, betiere, ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako gehieneko mugen barruan. Esparru horretatik kanpo, ahalik eta gehien murriztuko da obretako makinen eta ibilgailuen zirkulazioa.
Adierazi den eremutik kanpo ustekabeko eraginik gertatzen bada, zuzentzeko eta lehengoratzeko neurri egokiak aplikatuko dira, ebazpen honetako 2.c.9 idatzi-zatian ezarritako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren.
2.c.1.2.– Obrako sarrerak, makinak, obrako materialak behin-behinean biltegiratzeko eremua eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak behin-behinean biltzeko eremua –obraren burutzapen-proiektuan sartu beharrekoak– ezarriko dira ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutako baldintzak aintzat hartuz, eta, betiere, ingurumenari ahalik eta kalterik txikiena eginez.
2.c.1.3.– Ingurumenean ahalik eta gutxien eragiteko irizpideen arabera proiektatuko dira kontratistaren instalazio-eremuak, obra-materialak aldi batean biltegiratzeko eta aldi baterako metatzeko eremuak. Eremu horiek ezin izango dira inolaz ere kokatu intereseko landare-formazioak dituzten eremuetan eta ubidetik 5 metro baino gutxiagorako lurretan.
Horretarako, obrak hasi aurretik, obrarako sarbideek, tresnak aldi batean biltegiratzeko eremuek eta hondeaketa-lurrak eta hondakinak aldi baterako metatzeko tokiek okupatzen dituzten eremuak zehazki zedarrituko dira xehetasunezko kartografian. Zedarritze hori obra-zuzendaritzak onartu beharko du, eta, aldez aurretik, ebazpen honen 2.c.9 idatzi-zatian aipatzen den txostena egingo du ingurumen-aholkularitzak. Ebazpen honen 2.c.10 idatzi-zatiko lan-programan jaso beharko dira instalazio horien ezaugarri eta kokapen zehatzak.
2.c.1.4.– Zuhaitz eta landarediaren belar-sastrakak garbitzea saihestu beharko da zuzeneko okupaziorik aurreikusten ez den guneetan, non behin-behineko sarbideek eta obrako instalazioek eragina izan baitute. Horretarako, obrak hasi aurretik, zehazki zedarrituko eta balizatuko dira zuhaitz eta zuhaitz-unadak, zeinak ez baitira nahitaez moztu behar obrak egiteko. Babestu beharreko eremu horiek berariaz zehaztu beharko ditu ebazpen honetako 2.c.9 paragrafoan ezarritako ingurumen-aholkularitzak.
2.c.1.5.– Bereziki, Txiplau errekastotik gertu egiten diren jardueretan, kontu handiz jardun beharko da ahalik eta txikiena izan dadin ibai-ertzetako landaredien eta, oro har, ibaien ekosistema osoaren gaineko denbora- eta espazio-eragina.
2.c.2.– Ura eta lurzorua babesteko neurriak.
Aplika daitezkeen prozeduren esparruan uren arloko organo eskudunak egoera honetan ezarriko dituen baldintzez gain, honako babes- eta zuzenketa-neurri hauek ere hartu beharko dira:
2.c.2.1.– Obrak hasi aurretik, eragin-eremuan dauden ur-puntuen egoera zehatza egiaztatu beharko da, eta, mapa batean haien kokapena zehaztu, bai eta emaria, jardun-araubidea, aprobetxamenduak eta eragin-analisia ere.
Iturburuetan kalteak eragin direla atzemanez gero, beharrezko diren babes-, zuzenketa- eta zaintza-neurriak hartu beharko dira, iturburu horien funtzio ekologikoari eta/edo aprobetxamenduari eusteko. Iturburuetatik, iturrietatik eta inguruko eremuetatik datozen urak bereizteko ahaleginak egingo dira bereziki, horretarako, inguruan ubideak edo hodi bereziak eraikiz, solidoak eraman ditzaketen eremuekin nahasi ez daitezen.
2.c.2.2.– Obren fasea Txiplau errekastoaren uren kalitatea bermatuz burutu beharko da, eta, bereiziki, solido esekien edukia bermatuz. Ahalik eta material xehe gutxien bota behar da drainatze-sarera. Horretarako, urak bideratzeko gailuak eta sedimentuak atxikitzeko sistemak proiektatu eta gauzatuko dira, eta horietan bilduko dira obren ondorioz kutsatutako urak.
Instalazio osagarrien eremuetan eta makinaria aparkatzekoetan, dekantazio-baltsak jarriko dira, behar badira, bai eta solidoak atxikitzen eraginkortasun frogatua duten bestelako gailuak ere, hidrokarburoak bereizteko sistemadunak, betiere.
2.c.2.3.– Baldin eta isuri zehaztugabeak sor baditzakete ibaiaren inguruetan egiten diren lur-mugimenduek, iragazkiak jarriko dira obrak eragindako eremu guztian zehar. Ibilguen ertzetan ez da lurrik pilatuko, ez eta ur-laminatik gertu egoteagatik urak kutsatzeko arriskua dakarten beste eremu batzuetan ere.
2.c.2.4.– Drainatze naturaleko saretik bereiziko dira obrako makinak edukitzeko eta makina horien mantentze-lanak egiteko azalerak. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura olio eta erregaien eraginaren ondorioz kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
2.c.2.5.– Obren fasean zein hondeaketen fasean sortzen diren efluenteak isurtzeko, isurketa-baimenean organo eskudunak kasu bakoitzerako ezarritako baldintzak bete beharko dituzte isuriek.
2.c.2.6.– Ustiapenen fasean, ziurtatu beharko da aldageletako eta komunetako ur beltzen araztegiak ongi funtzionatzen duela. Araztu eta gero, jabari publiko hidraulikora isurtzeko dagokion baimeneko baldintzen arabera isuriko da Txiplau errekastora.
2.c.2.7.– Lurzorua babesteari dagokionez, baldin eta, obrek dirauten artean, antzematen bada lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak jasan dituzten partzelak badaudela adierazten duen zantzurik, halako eremuetan edozein jarduketa egiteko, aurretiaz, Lurzoruaren kutsadura prebenitzeko eta zuzentzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean aurreikusten den ingurumen-organoaren baimena beharko du.
2.c.3.– Airearen kutsadura saihesteko neurriak.
2.c.3.1.– Obrek dirauten artean, zorrotz kontrolatuko dira ibilgailuak igaro ondoko garbiketa-lanak, bai obrek eragina duten ingurunean, bai obrak egiteko eremuetara sartzeko lekuetan, Ureztapen- eta garbiketa-sistema bat izango da, aldi baterako estali gabe dauden eremuetarako eta ibilgailuak pasatzean material partikulatua isur daitekeenetarako.
2.c.3.2.– Obra-eremuetako irteeretan, ibilgailuak garbitzeko gailuak jarriko dira, solidoak atxikitzeko sistema eta guzti. Gailuok egoera onean mantenduko dira obren fasean.
Ebazpen honetako 2.c.10 puntuan zehaztutako dokumentazioan adierazi beharko dira aipatutako elementuen ezaugarriak, kokapen zehatza eta neurriak.
2.c.3.3.– Hezetasun-baldintza egokietan garraiatuko da hondeaketa-materiala, hain zuzen, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lohi eta partikularik ez barreiatzeko.
2.c.4.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzeko neurriak.
2.c.4.1.– Obren fasean, ingurumen-inpaktuaren azterketan aurreikusitako obrako babes-neurri egokiak aplikatuko dira, obrako makineriaren mantentze-lanei dagokienez eta zarata eta bibrazioak jatorrian murrizteari dagokienez.
2.c.4.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan ezarritakora.
2.c.4.3.– Soinu-isurien fokuak ezarriko balira, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezartzen diren muga-balioak bete beharko dituzte. Era berean, aipatutako dekretuaren 35 bis artikulua aplikatuko da.
2.c.5.– Hondakinak kudeatzeko neurriak.
2.c.5.1.– Proiektuaren gauzapen eta funtzionamenduak iraun bitartean sortutako hondakinak, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta araudi espezifikoetan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.
Hondakinak balioztatzea teknikoki eta ekonomikoki bideragarria bada, baimendutako hondakinen kudeatzaile batengana eraman beharko dira.
Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da behar bezala justifikatu izana balorizazioa bideraezina dela alde tekniko edo ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.
2.c.5.2.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz sortutako hondakinak Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta eraikuntza- eta Eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.
Aipatu 112/2012 Dekretuaren 4. artikuluaren arabera, proiektuaren sustatzaileak hondakinen eta eraikitze- eta eraispen-materialen kudeaketako azterlan bat gehitu beharko dio obraren oinarrizko proiektuari; I. eranskinean ezarritako gutxieneko edukia izan beharko du azterlan horrek.
Bestalde, otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretun aurreikusitako eskakizunak betetzeaz gain, plan bat prestatuko du kontratistak, obrako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakin eta materialekiko betebeharrak nola beteko dituen azaltzeko. Ebazpen honetako 2.c.10 idatzi-zatian aipatzen den lan-programan txertatuko da plan hori.
2.c.5.3.– Obren hondeaketako soberakinei dagokienez, proiektuaren sustatzaileak proposatu du soberan dagoen material horren zati bat berrerabiltzea, baltsetako bat lurreztatzeko eta zangak betetzeko, eta gainerakoa baimendutako biltegi batera eramango da.
Nolanahi ere, kutsatu gabeko lurzoruak eta obretan hondeatutako material naturalak erabiltzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritako araubidea bete beharko da, baldin eta egoera naturalean eraikuntzarako erabiltzen badira, eta atera ziren lekua ez den beste leku edo obra batzuetan.
2.c.5.4.– Hondakinak zabortegietan utzita deuseztatzea arautzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuaren eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuaren arabera kudeatuko dira zabortegira bidali beharreko hondakinak.
Jarduerako soberakinak betelanak egiteko erabiltzen badira, aipatutako otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Betelaneko materialak eta lurzorua egokitzeko lanetarako, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 4/2015 Legearen I. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
2.c.5.5.– Olio erabiliak Industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.
Baimendutako kudeatzaile bati eman arte, estalpean utziko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoetan, zolata iragazgaitz baten gainean, kubo txikietan edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
2.c.5.6.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen hondakinen kasuetan.
Hondakin arriskutsuentzako ontziei dagokienez, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dira (Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen du errege-dekretu horrek); ontziok, gainera, itxita egongo dira kudeatzaileak jasotzen dituen arte, edukia isuri edo lurrundu ez dadin.
Aurreko puntuan aipatutako ontziek etiketatuta egon beharko dute; etiketa horiek argiak, irakurtzeko modukoak eta ezabaezinak izango dira, eta uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoak.
2.c.5.7.– Hiltzeagatik edo bazterkin-prozesuaren ondorioz ezustean sortutako arrainen hondakinak aplikaziozko araudiaren arabera kudeatuko dira, hau da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko urriaren 21eko 1069/2009 (EE) Erregelamendua, zeinen bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko osasun-arauak (SANDACH araudia bezala ezagutua), eta azaroaren 8ko 1528/2012 Errege Dekretua, zeinen bidez ezartzen baitira gizakiak jatekoak ez diren animalia-jatorriko azpiproduktuei eta produktu deribatuei aplikatzeko arauak.
2.c.5.8.– Hondakinak kudeatzeko araudia errazago bete ahal izateko, hainbat lanetan sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak jarri beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, inola ere ez da sortuko kontrolatu gabeko efluenterik erregai eta produktuak biltegiratzeagatik eta makineria mantentzeagatik, ez hondakinak erretzeagatik.
2.c.5.9.– Txosten bat egingo da obretan sortzen diren hondakinen jarraipenari buruz, ingurumenaren ikuspegitik, eta hondakinak kontrolatzeko eta onartzeko eta haien jarraipena egiteko dokumentuak erantsiko zaizkio, indarrean dagoen legediari jarraituz.
2.c.6.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuen arabera, ez da aurreikusten ondare-ondasunari zuzenean eragitea, baina, obrek dirauten bitartean, aztarna arkeologikoren bat aurkitzen bada, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailari jakinaraziko zaio berehala, eta hark erabakiko du ze neurri hartu.
2.c.7.– Zaharberritzeko eta obrak integratzeko neurri zuzentzaileak.
2.c.7.1.– Obrak eragina duen eremu guztietan gauzatuko dira obra paisaian integratzeko lanak, baita ingurumen-inpaktuaren azterketan agertu ez arren, obra amaituta, aldaketak jasan dituzten eremuetan. Lehengoratze-lan horietan, landareberritzeak egingo dira landare-estaldura izan dezaketen espazio guztietan.
2.c.7.2.– Lurrak mugitzean, landare-lurra modu desberdinduan kendu, pilatu eta zabalduko da, ondoren, eragindako espazioen leheneratze- eta landareberritze-lanak errazteko. Modu egokian biltegiratuko da landareberritze-lanetan erabiltzeko kendutako landare-lurra, lurra trinkotzea, modu ezegokian biltzea eta euria egiten duen egunetan manipulatzea saihesteko. Gainera, pilatutako lurrak egoki mantenduko dira, eta, behar izanez gero, hidroereinketa erabiliko da.
2.c.7.3.– Lehengoratze-lanak egin ondoko bi urteetan, mantentze-lanak egingo dira: lurra urratu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak bete. Ereindako edo landatutako eremuak mantentzeko lanetan, ahalik eta herbizida eta pestizida gutxien erabiliko da, eta prozedura mekanikoei lehentasuna emango zaie. Herbizidak eta pestizidak ezinbestekoak izanez gero, iraunkortasun eta toxikotasun txikiena duten produktuak erabiliko dira.
2.c.7.4.– Ekintzak burutuko dira robinia pseudoacacia, fallopia japonica, cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez daitezem zabaldu. Alde horretatik, bereziki kontrolatuko da landare-estalkia lehengoratzeko lurren jatorria, eta, ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieek kutsatu ahal izan duten lurrik.
2.c.7.5.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioari jarraikiz egingo da lehengoratzea.
2.c.8.– Garbiketa eta obraren akabera.
Obrak bukatutakoan, eremua arretaz garbituko da, eta proiektuak eragina duen eremuko hondakin guztiak kenduko dira. Hondakinak lan-eremutik aterako dira, eta, haiek kudeatzeko, ebazpen honetako 2.c.5 atalaean xedatzen dena aplikatuko da.
2.c.9.– Ingurumen-aholkularitza.
Obrak amaitu bitartean eta bermealdiak dirauen bitartean, ingurumen-gaietan eta neurri babesle eta zuzentzaileetan ondo jantzitako aholkularitza izan beharko du obra-zuzendaritzak, ebazpen honetan eta ingurumen-inpaktuaren azterketan zehaztutakoaren arabera. Obren zuzendaritzak ebazpenik eman behar badu baldintzen pleguak horrelako gaien inguruan esleitzen dizkion eskumenak erabiliz, aholkulariek txosten bat egingo dute aurrez.
2.c.10.– Lanen programa diseinatzea.
Obrak hasi aurretik, jarraian datozen idatzi-zatietan azaltzen diren gaiei buruzko jarduera-proposamen zehatzak egin beharko dituzte kontratistek. Proposamen horiek lanen gauzatze-programetan jasoko dira, eta jardunean den obra-zuzendariak berariaz onartu beharko ditu, ebazpen honetako 2.c.11 idatzi-zatian aipatutako ingurumen-aholkularitzak txostena egin ondoren, betiere. Hauek dira dokumentuak:
– Kontratistaren instalazio-eremuen mugak eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.1 idatzi-zatian aurreikusitakoari jarraikiz.
– Ebazpen honen 2.c.1 idatzi-zatian ezarritakoaren arabera babestu beharreko zuhaitzak eta zuhaitz-unadak zehaztea eta mugarritzea.
– Obretako eraikuntza- eta eraispen-lanetan sortzen diren hondakinak kudeatzeko plana, honako hauen arabera: Eraikuntza- eta eraispen-lanen hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuaren 5.1 artikuluan xedatutakoa, eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuaren 7. artikuluan xedatutakoa.
– Urak bideratzeko sareen eta efluenteak tratatzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.2) idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.
– Kamioien gurpilak obretatik irtetean garbitzeko gailuen kokapena eta ezaugarriak, ebazpen honen 2.c.3) idatzi-zatian aurreikusitakoaren arabera.
2.D.– Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa (lekuak, parametroak eta neurketen maiztasuna).
Obra kontratatzeko baldintzen pleguetan sartuta egon behar da, eta bete ahal izatea bermatuko duen aurrekontuaz hornituko da programa hori.
2.d.1.– Gorabeheren erregistroa.
Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egon beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, Sailburuordetzari igorri beharko zaio. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira.
2.d.2.– Ekosistema urtarra babesteko kontrola.
Ingurumenaren zaintza-programak bildu beharko du, berariaz, ingurumen-inpaktuaren azterketan ezarritako neurriei eusten zaiela ustiapenen fasean, espezie aloktonoaren ihes- eta/edo ugaltze-arriskurik egon ez dadin. Egiaztatu beharko da akuikultura-instalazio itxi, seguru eta giltzapetuetan gauzatzen dela jarduera, eta espezie hibrido bateko sexu bereko lerro gardeneko tilapiak hazten direla (super-arrak edo YY arrak), tenperatura baxuei sentikorrak. Halaber, jaso beharko da osasun-arazoak sartzeko arriskurik ez dagoela ziurtatzen duten baldintzei eusten zaiela.
2.d.3.– Obraren okupazio-mugen kontrola.
Egiaztatu egingo da gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusitakoarekin bat datorrela, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina eta babes-zedarriak egoera onean daudela.
Halaber, honako hauek kontrolatuko dira: makinariaren kokaleku zuzena eta makinen egoera, instalazio osagarrien eremua, soberakinen biltegiak; gainera, horiek guztiek neurri zuzentzaile egokiak dituztela bermatuko da (drainatzea, dekantazio-sistemak, gurpilak garbitzeko sistemak, eta abar).
2.d.4.– Uren kalitatearen kontrola.
Baldin eta, obren fasean, isurketak egiten badira lanean irekitako zuloetatik ingurune urtarrera, urak isuri aurretik ur horiek bideratu, drainatu eta eusteko gailuak ondo dabiltzala egiaztatuko da behar adina aldiz.
Era berean, ebazpen honen 2.c.2 paragrafoan aurreikusitako solidoak atxikitzeko gailuetatik eratorritako hondakin-urak aztertuko dira isuri baino lehen, bai eta gurpilak eta upelak garbitzeko sistemetatik eratorritakoak ere. Honako parametro hauek gutxienez aztertuko dira: emaria, pHa, solido esekiak, eta olioak eta koipeak.
Ustiapenen fasean, ingurumen-zaintzaren programak ziurtatuko du jabari publiko hidraulikora isurtzeko dagokion baimenaren baldintzen arabera isurtzen direla araztegira aldageletako eta komunetako ur beltzak.
2.d.5.– Zarata eta bibrazioak kontrolatzea.
2.d.5.1.– Obrek eragina duten eremuan, kutsadura akustikoa kontrolatuko da. Neurketa-puntuen eta maiztasunaren aldetik, kontrola bat etorriko da eragin akustikoaren azterketaren erabakiekin. Azterketa hori eraikitze-proiektuari erantsiko zaio. Era berean, obrak egiteko faseak eta jarduketa-motak sailkatzea ahalbidetuko du, soinu-isurien arabera. Sustatzaileak proposamen zehatz bat egingo du aipatutako gaiei buruz.
2.d.5.2.– Kontrolak diseinatzeko, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta lege hori garatzeko erregelamenduetan xedatutakoari jarraitu beharko zaio, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2013 Dekretuan xedatutakoari ere.
2.d.6.– Lehengoratzearen arrakasta kontrolatzea.
Bermealdian, aldizkako jarraipena egingo zaio proiektuak eragindako gainazalen leheneratzeak izan duen arrakasta-mailari.
2.d.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentu bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bategina egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterketan proposatutako betebeharrak eta ebazpen honetan jasotakoak.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna, eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren xehetasunak.
2.d.8.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Txosten horretan, emaitzak aztertuko dira, eta, bereziki, honako hauek aipatuko: aldi horretan izandako gertakari nagusiak, haien balizko arrazoiak eta emandako konponbideak.
Sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez eta datu horiek herri- administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
2.E.– Baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitea gomendatzen badute, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, ingurumen-organoak alda ditzake neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.
2.G.– Ebazpen honetako aurreko paragrafoetan ezarritakoa alde batera utzi gabe, sustatzaileak honako dokumentu hauek igorri beharko dizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean sar daitezen:
2.g.1.– Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena argitaratu eta hilabeteko epean, ebazpen honetako 2.d.8 idatzi-zatian aurreikusitako ingurumen-zaintzarako programaren dokumentu bategina.
2.g.2.– Obrak amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean, horiek gauzatzean sortutako gorabeheren erregistroa, bai eta neurri babesle eta zuzentzaileen betetze-maila ere, ebazpen honen 2.d.1 idatzi-zatian ezarritakoarekin bat.
2.g.3.– Obrak amaitu eta, gehienez, bi hilabeteko epean, horiek gauzatzean sortutako hondeaketen eta hondakinen soberakinen ingurumen-jarraipenari dagokion txostena, ebazpen honetako 2.c.5 idatzi-zatian aurreikusitakoarekin bat.
2.g.4.– Urtero, obrak hasten direnetik aurrera, ingurumena zaintzeko programari buruzko dokumentua, ebazpen honetako 2.d.8 idatzi-zatian ezarritakoa.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, jarduera-lizentzia emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen du ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honek, ondorio guztietarako.
Laugarrena.– Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, bi urteko epea ematea proiektua gauzatzen hasteko, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik. Baldin eta, epea amaitzerako, proiektua ez bada gauzatzen hasia, sustatzaileari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta, ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau baliogabetu egingo da. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko izapidea, aipatu epea luzatzea adosten ez bada behintzat.
Bosgarrena.– Aurreko paragrafoan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Seigarrena.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.