EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-11-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2015208

AGINDUA, 2015ko urriaren 22koa, Ogasun eta Finantzetako sailburuarena, 2015eko apirilaren 13ko Zor Publikoko jaulkipenaren zenbatekoari ehun milioi euro gehitzeko dena.

Organo emailea: OGASUN ETA FINANTZA SAILA
Xedapenaren data: 2015-10-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201504611
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/01/23an argitaratutako 2015/01/20ko 201500003 DEKRETUA
  • 2015/04/08an argitaratutako 2015/03/25eko AGINDUA zabaltzen du [201501565]

Urtarrilaren 20ko 3/2015 Dekretuaren bidez, erabakitzen eta baimentzen da 2015eko ekitaldian zorpetze-eragiketak egitea, gehienez 1.290.673.997 eurokoak, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legeak 10. artikuluko 1. paragrafoan Gobernu Kontseiluari emandako baimenaren arabera.
Dekretu horren xedapen gehigarriak xedatzen du ezen, Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzei buruzko azaroaren 8ko 8/1996 Legean agindutakorekin bat etorriz, Ogasun eta Finantzetako sailburuari dagokiola, agindu baten bidez, xedapen horretan erabaki eta baimendutako zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu horretan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretuaren aurreikuspenen barruan betiere. Agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baldin eta zor publikoa balio gisa jaulkitzen bada.
2015eko apirilaren 13ko Zor Publikoko jaulkipenaren zenbatekoa handitzea erabaki da, merkatuaren baldintzak aprobetxatzeko eta, geroari begira, kudeaketa-kostuak errazago ordaintzeko, lehendik zeuden zor-erreferentzietan zenbatekoak bilduz.
Hori guztia kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– 2015eko apirilaren 13ko Zor Publikoaren jaulkipenaren zenbatekoari ehun milioi euro (100.000.000) gehitzea. Jaulkipen hori Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 25eko Aginduaren bidez baimendu da. Agindu horretan ezartzen zen 225.000.000 euroko Euskadiko Zor Publiko bat egingo zela eta jaulkipen horren ezaugarri jakin batzuk zehazten ziren.
2. artikulua.– Gehiketak honako ezaugarri hauek izango ditu:
a) Zenbateko nominala: 100.000.000 euro.
b) Jaulkipen-prozedura: kokapen pribatua.
c) Ordainketa-data: 2015eko azaroak 3a.
d) Ordainketa-prezioa: balio nominalaren % 99,13372131.
e) Interesak, eta amortizazioaren prezioa eta data: ezarrita daude Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren 2015eko martxoaren 25eko Aginduan (agindu horren bidez, berrehun eta hogeita bost milioi euroko Euskadiko Zor Publiko bat jaulkitzen zen, eta eragiketa horren zenbait ezaugarri zehazten ziren.
Gehitze horri dagozkion bonoek martxoaren 25eko aipatu Aginduari jarraikiz jaulkitako bonoen eskubide berberak izango dituzte.
f) Balioen adierazpidea: kontuan eginiko oharrak.
3. artikulua.– Harpidetza.
Ogasun eta Finantza Sailak bideratuko du jaulkipeneko balioen harpidetza, hain justu ere jaulkipena egiteko mandatua duen erakundearen edo erakundeen bitartez, betiere bat etorriz balioen merkatuaren indarreko araudiarekin.
4. artikulua.– Gaikuntza.
Ogasuneko eta Finantza Politikako sailburuordeari eta Finantza Politikako eta Erakundeen Baliabideetako zuzendaria baimena ematen zaie zorpetze-eragiketa hau egiteko behar diren kontratuak eta gainerako dokumentu erantsi eta osagarriak sina ditzan.
5. artikulua.– Harpidetza, jaulkipenaren interesak eta amortizazioa Bilboko Burtsako Elkarte Kudeatzailearen Konturako Idatzoharren Zerbitzuaren bidez ordainduko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari buruzko irailaren 30eko 211/1997 Dekretuaren 37. artikuluan agindutakoari jarraituz.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko urriaren 22a.
Ogasun eta Finantzetako sailburua,
RICARDO GATZAGAETXEBARRIA BASTIDA.