EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2015205

EBAZPENA, 2015eko urriaren 19koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez Lemona Industrial S.A.k sustatuta, Cementos Lemonako azpiestazioa hornitzeko 132 kV-ko goi-tentsioko linearen proiektuari dagokion Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena jotzen baita indarrekotzat eta proiektu hori gauzatzen hasteko epea luzatu egiten baita.

Xedapenaren data: 2015-10-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201504548
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2010/11/26an argitaratutako 2010/09/29ko EBAZPENA [201005631]

Ingurumeneko sailburuordearen 2010eko irailaren 29ko Ebazpenaren bidez, Cementos Lemonako azpiestazioa hornitzeko 132 kV-ko goi-tentsioko linearen proiektuari dagokion Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena eman zen. Hori Lemona Industrial S.A.k sustatu zuen.
Ingurumen-inpaktuaren adierazpen horrek 2 urteko epea ezarri zuen proiektua gauzatzeko, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Ingurumen-inpaktuaren Adierazpen hori argitaratu zen egunetik zenbatzen hasita.
Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko ekainaren 21ko eta 2014ko uztailaren 28ko Ebazpenen bidez, obrei hasiera emateko ezarri zen epea luzatzea onartu zen.
2015eko abuztuaren 6an, Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko erregistroan sarrera eman zitzaion Cementos Lemona, S.A.–k aurkeztutako idatziari. Horren bidez, jakinarazten du obrak ezin izan direla gauzatu, eta eskatzen du ingurumen-organoak adierazteko ea Ingurumen-inpaktuaren Adierazpenak indarrean jarraitzen duen ala ez.
Proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 14.2 artikuluak ezarritakoari jarraiki, ingurumen-organoak ebatzi ahal izango du ingurumen-inpaktuaren adierazpena indarrean dagoen ala ez, baldin eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko oinarritzat hartutako elementuetan funtsezko aldaketarik badago.
Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan ezarritakoari jarraiki, ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko organo eskudunak proiektua egiten hasteko epea luzatzeko ahalmena du.
2015eko abuztuaren 24an, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren prozeduran parte hartu zuten eragindako herri administrazioei kontsulta egin zien, ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko oinarritzat hartutako elementuetan funtsezko aldaketak izan diren ala ez zehazteko.
Kontuan hartuta Lemoako udalak, Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunearen eta Ingurumen Plangintzaren Zuzendaritzak, Nekazaritza eta Abeltzantza Zuzendaritzak eta Kultura Ondarearen zuzendaritzak eta Osasun saileko Bizkaiko lurralde ordezkaritzak bidalitako erantzunetan argi ikusten dela ez dagoela funtsezko aldaketarik ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko oinarritzat hartutako elementuetan.
Kontuan hartuta organo honek eskumena duela ebazpen hau emateko, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuarekin bat.
Honako hauek ikusita: Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea; Proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioaren Legearen testu bategina onesten duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua; eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.− Lemona Industrial S.A.k sustatuta, Cementos Lemonako azpiestazioa hornitzeko 132 kV-ko goi-tentsioko linearen proiektuari dagokion Ingurumen-inpaktuaren Adierazpena indarrekotzat jotzea. Hori 2010eko irailaren 29an eman, eta urte bereko azaroaren 26ko EHAAn argitaratu zen.
2. artikulua.− Proiektu hori gauzatzeko epea 2 urtez luzatzea, ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.
3. artikulua.− Cementos Lemona, S.A. enpresari, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailari eta Lemoako udalari ebazpen honen edukia helaraztea.
4. artikulua.− Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
5. artikulua.− Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen. Beraz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Ingurumeneko sailburuordeari, hilabeteko epean, jakinarazpen hau jaso eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Horrela ezartzen du Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 114. artikuluan eta ondorengoetan.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 19a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.