EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015201

AGINDUA, 2015eko urriaren 14koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, atzerrian alemaneko, frantseseko eta ingeleseko ikastaroak egiteko plazetarako deialdia egiten duena, Euskal Autonomia Erkidegoaren funts publikoz finantzatzen diren ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetan eta Batxilergoko 1. eta 2. mailetan matrikulatutako ikasleentzat.

Xedapenaren data: 2015-10-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201504435
Maila: Agindua
Atzerri-hizkuntza bat jakitea hezkuntza-sistemaren helburu handienetako bat da gaur egun; izan ere, prestakuntza osoaren bidean jartzen ditu ikasleak, eta bitarteko oso baliagarria da giro soziokultural anitzetara gerturatzeko. Aski frogatuta dago osagarri egokia dela atzerriko herrialdean egonaldi bat egitea, ikasturtean zehar ikasitako hizkuntzaren jakintza indartzeko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, 1989ko udan, atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskaintzen hasi zen ikasle bekadunentzat, egonaldiak egiteko.
Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazak eskuratzeko baldintzak aldatuz joan dira, plaza horien aprobetxamendu egokia bermatzeko. Zehazki, 2005ean, errendimendu akademikoko gutxieneko baldintza batzuk ezarri ziren plaza horiek eskuratu ahal izateko, eta, era berean, zirrikitu bat egin zitzaion bekadunak ez ziren ikasleak hartzeko aukerari.
Beka izan ala ez, familia ugarik ez dute, gaur egun, beren seme-alabak atzerrian hizkuntza bat ikastera bidaltzeko aukerarik, joan-etorriek eta egonaldiak kostu ekonomiko handia dutelako.
Agindu honek egiten duen deialdiaren erronka da errendimendu akademiko handiko ahalik eta ikasle-kopuru handienak izatea aukera, udan atzerri-egonaldi bat egiteko, baina, betiere, familien egoera ekonomikoari arreta berezia jartzeari utzi gabe.
Hartarako, 2012ko udarako deialdian, beste betekizun bat ezarri zen: ekarpen indibidualak egitea, familiaren maila ekonomikoaren arabera, hain justu ere plazaren kostuaren parte bati aurre egiteko, eta, hala, errenta txikienak dituztenentzako plaza gehiago erreserbatu ziren. Ikasleen ahalegin indibiduala aitortzeko, errendimendu akademikoaren arabera esleitzen dira deialdiko plazak.
Ildo horretan, deialdi honetan eutsi egiten zaio Administrazioak eta ikasleak egindako ekarpenari, eta, ikasleei dagokienez, bekadunen eta beka bakoen arteko bereizketa ezartzen da, eta horietako bakoitzarentzat plaza kopuru eta ekarpen ekonomiko ezberdinak finkatzen dira.
Horrenbestez, aintzat hartuta zer arautzen duten azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenek, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioaren arloko diru-laguntzak arautzen dituen heinean, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta aplikazio orokorreko gainerako xedapenek, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren proposamena kontuan hartuta, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren xedea.
1.– Deialdiaren xedea da 533 plaza deitzea Alemanian, Frantzian, Erresuma Batuan eta Irlandan, egonaldi eta ikastaroak egiteko 2016ko udan, hurrengo artikuluan zehazten denaren arabera. Plaza horiek deitzen dira, EAEko funts publikoz sostengatzen diren ikastetxetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. maila eta Batxilergoko 1. eta 2. maila ikasten duten ikasleentzat.
2.– Hizkuntzak ikasteko ikastaroak antolatzeko lehiaketan, beste 19 plaza gehituko zaizkie Erresuma Batuko plazei. Batxilergoko Aparteko Saria lortu duten 15 pertsonentzat eta matematika-olinpiadan lehen lau postuak lortu dituzten DBHko 2. mailako ikasleentzat izango dira plaza gehigarri horiek. Atzerrian hizkuntzak ikasteko plaza horiek hurrengo paragrafoan adierazten direnen antzeko edukia izango dute.
3.– Kontzeptu hauek izango ditu deitutako plaza bakoitzak: joan-etorriko bidaia EAEko hiru hiriburuetatik ikasleak egonaldia egingo duen herrialdera, bidaia-asegurua, egingo duen hizkuntza-ikastaroaren matrikula eta eskola-materiala, ostatua, mantenu-gastuak eta ikastaroa emango den zentrorako hiri-garraioa.
4.– Ikastaroak eta familia-bizikidetza antolatzeko, administrazio-kontratu bat deitu eta ebatziko du Administrazioak, hurrengo puntuan adierazten dena betez.
5.– Agindu honek deitzen dituen plazak finantzatzeko, 2016ko ekitaldian, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egingo duen diru-ekarpenaren zenbatekoa 847.038 eurokoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2016ko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kontura.
6.– Adierazitako diru-zenbateko hori ez bada nahikoa Aginduaren bidez eskaintzen diren 552 plazak finantzatzeko, diru-zenbateko hori handitzeko aukera izan daiteke deialdia ebatzi aurretik, baldin eta diru nahikoa geratzen bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste laguntza-programek ez dituztelako beren aurrekontu-sailak osoki erabili. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen bidez.
2. artikulua.– Deitutako plazak eta dakarten partaidetza ekonomikoa.
1.– Deialdi honen xede diren ikasleentzat deitzen diren plazak partaidetza-kuota ezberdineko bi tartetan banatzen dira, hezkuntza-mailaren arabera, eta hizkuntza eta herrialde bakoitzerako. Aipatu partaidetza-kuotak familien egoera ekonomikoari egokitu zaizkio. Hauxe da banaketa:
2.– Deitutako plazak baliatzeko eskubidea izango da, baldin eta ikasleak hari dagokion ekarpen ekonomikoa egiten badu.
1. tartea: 170 euro.
2. tartea: 680 euro.
3. artikulua.– Tarteak.
1. tartean sartuko dira eskabidea aurkeztu aurreko ikasturtean unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken deialdian beka jaso duten ikasleak.
2. tartean, berriz, aurreko paragrafoan zehaztutako deialdian bekarik jaso ez duten ikasleak.
4. artikulua.– Baldintzak.
Agindu honen bitartez deitzen diren plazak lortzeko, honako baldintzak bete beharko dira:
a) Aurreko ikasturtean 6,50 puntuko gutxieneko nota lortu izana eskatutako hizkuntzan/hizkuntzatan, eta 15,50 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu izana aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
b) Eskatzen den plazari dagokion edo dagozkion hizkuntzak ikasten aritzea eskaera-dataren aurreko bi urteetan, eta azken urtean funts publikoen bidez finantzatutako Euskal Autonomia Erkidegoko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean ikasi izana hizkuntza hori.
c) Epe-barruan egitea plaza atxikitzen zaion tarteari dagokion diru-ekarpena (2.2. artikuluan jaso da).
d) Aurreko urteetan, atzerrian hizkuntzak ikasteko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deitutako plazarik eskuratu ez izatea; salbuetsita geratzen dira baldintza hau betetzetik Matematika Olinpiadetako sari gisa plaza lortu duten ikasleak.
e) Beranduenez 2016an betetzea 19 urte.
f) Ezingo dute agindu honen bidez araututako laguntza publikoaren deialdian parte hartu zigor-arloko zehapena edo administrazio-zehapena jaso dutenek, ezarri zaien zigorrak ezartzen duen aldian, baldin eta diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko eskubidea galdu badute edo horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean badaude, sexu-diskriminazioagatik eragindakoak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 2005/18 Legearen arabera.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskabidea.
1.– nahitaezkoa da eskaera egitea, eredu normalizatuan. Eredu hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net orrian eskuratuko da, Bekak, laguntzak eta diru-laguntzak / Unibertsitateaz kanpoko ikasleak atalean. Deialdiari dagokion Agindua EHAA aldizkarian argitaratu eta hogei eguneko epean egongo da eskuragarri inprimaki hori. Adierazitako epe hori igarotzen denean, ezingo da nahitaezko eskabide hori eskuratu.
2.– Alderdi hauek jasoko dira eskabidean:
a) Eskabide-egilearen datu pertsonalak; izena eta abizenak, jaioteguna, nortasun agiri nazionala, helbide osoa, harremanetan jartzeko telefonoa/k, e-maila eta sexua.
b) Eskabidea egiten den unean zer ikastetxetan eta mailatan dagoen matrikulatuta.
c) Eskatzen den herrialdea, lehentasun-hurrenkeran (3 aukera, gehienez). Eskatutako herrialderako soilik balioko dute eskabideek, eta, herrialderik adierazi ez bada, eskabideak ez du baliorik izango.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolatzeko ikasketetarako laguntza eta beken 2014-2015eko deialdian bekadun izan den edo ez adierazteko. Bekaduna izan ez bada, 2. tartean sartuko da eskabidea, eta 680 euroko partaidetza-kuota izango du.
e) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena eskatzaileak ez duela plazarik lortu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak hizkuntzak ikasteko xedez aurretiaz egin dituen deialdietan, eta ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea debekatzen dion zigor edo inhabilitaziorik.
f) Erantzukizunezko adierazpena, adierazten duena ikastetxeko zuzendariari ematen diola –hurrengo artikuluak aurreikusitakoa aplikatuaz– eskabidea tramitatzeko ordezkatze-ahalmena.
g) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena 2014-2015 ikasturtean 6,50 puntuko gutxieneko nota lortu dela eskatutako hizkuntzan/hizkuntzatan, eta 15,50 puntuko edo gehiagoko puntuazio osoa lortu dela aurreko ikasturteko batez besteko notaren eta eskatutako hizkuntzako notaren arteko baturan.
h) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ikasi dela edo direla eskatutako hizkuntza/hizkuntzak aurreko bi ikasturteetan, eta azkenekoa Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean egin dela.
i) Aitaren, amaren edo legezko tutorearen baimena, adierazten duena ikasleak bidaia egiteko eta dagokion atzerriko herrialdean bizitzeko baimena baduela.
3.– Inprimatu egin behar da eskaera, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskabide-egileak izenpetu behar du, eta haren aitak, amak edo legezko tutoreak baimendu behar du.
4.– Inprimatu eta izenpetu ondoren, eskabide-egilea matrikulatuta dagoen ikastetxean entregatuko da eskabidea, artikulu honetako 1. puntuan adierazi den epea amaitu ondorengo lehen egun balioduneko idazkaritza-ordutegia amaitu baino lehen.
5.– Eskabidea egiten duen ikaslearen nortasuna egiaztatuko du ikastetxeak, eta jakinaraziko dio eskabidea dagokion epean eta haren izenean tramitatuko duela, edo zer egunetan jarriko dituen haren esku matrikularen eta noten eskabidea eta ziurtagiria.
6. artikulua.– Eskaerak aurkezteko lekua eta epeak.
1.– Atzerrian hizkuntzak ikasteko plazen eskaerak hilabeteko epean aurkeztuko dira, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Herritarrei Arreta Emateko – Zuzenean bulegoetan edo Hezkuntzako lurralde ordezkaritzetan. Beste aukera bat izango da haiek aurkeztea Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluak adierazten dituen lekuetan edota Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen duen apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak zehazten dituen erregistroetan.
2.– Baliozkoa izateko, eskabide indibiduala eta ziurtagiri akademikoa –ikastetxeak egin behar du– jaso behar ditu eskabideak. Ziurtagiri horretan agertu behar da ikasleak 2014-2015 ikasturtean batez besteko zer nota atera duen eta eskatutako hizkuntzan edo hizkuntzetan zer nota atera dituen. Era berean, 2013-2014 eta 2014-2015 ikasturteetan ikaslea eskatutako hizkuntza edo hizkuntzak ikasten aritu dela ziurtatu behar du ikastetxeak, azken ikasturtean, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe batean.
Bi dezimalekin kalkulatuko da batez besteko nota, ikasitako irakasgai guztiak kontuan hartuta. Lehiaren ondorioei dagokienez, deialdira aurkezten diren ikasleen kalifikazioa egitean berdintasuneko eta lehia askeko printzipioak beteko direla bermatzeko, erlijioko irakasgaian lortutako nota ez da kontuan hartuko batez besteko nota kalkulatzeko.
2014-2015 ikasturtean, Musika edo Dantzako ikasketa profesionalak eta Batxilergoko lehenengo ikasturtea ikasten aritu diren ikasleen kasuan, Batxilergoko ikasgai komunen kalifikazioekin batera ikasketa profesional horien bosgarren ikasturteko ikasgaien kalifikazioak ere sartuko dira.
3.– Ikastetxeak emango du ziurtagiri akademiko hori, tramitazio indibiduala edo kolektiboa eginez. Horretarako, prozedura hauetakoren bat erabili behar du:
a) Ikastetxearen tramitazio kolektiboa.
Ikastetxeak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak egindako aplikazio informatikoan eskabideko datuak eta 6.2. artikuluan jasotako datu akademikoak sartu behar ditu.
Ikastetxeak, aplikazioa itxi eta izapidetutako eskabideen akta jasoko du; akta horretan agertuko dira eskatzaile bakoitza nor den eta haren datu akademikoak. Ikastetxeak aktaren kopia bat gorde behar du; akta hori ikasleei erakutsi behar die, haiek hala eskatzen badute, jasotako datuak zuzenak diren aztertzeko.
Akta horrek, ikastetxeko idazkariak eta zuzendariak izenpetu ondoren, eskabide kolektiboaren izaera izango du, eta artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten den lekuan, moduan eta epean aurkeztu beharko da.
b) Tramitazio indibiduala.
Aurreko a) idatzi-zatian ezarri den prozedura ez erabiltzea erabakitzen duten itunpeko ikastetxeek horren berri eman behar diete beren ikasleei, eta azken horiei itzuliko dizkiete jasotzen dituzten eskabideak, haiek aurkezteko eskubidea erabili ahal izateko behar den aurrerapen nahikoz. Agindu honen eranskinean jasotzen den ereduaren araberako ziurtagiri akademikoarekin batera itzuliko dute eskabidea.
Artikulu honetako lehen paragrafoan adierazten diren leku, modu eta epean aurkeztu behar ditu eskatzaileak eskabidea eta ziurtagiri akademikoa.
4.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdiko parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok fitxategi batean sartuko dira («udako hizkuntza-ikasketak» deritzonean, hain zuzen), diru-laguntzen deialdi hau eta beronekin zerikusirik duen beste edozein prozedura edo administrazio-espediente kudeatzeko, bai eta deialdira biltzen direnei deialdiaren bilakaeraren berri emateko ere. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
7. artikulua.– Hautaketa-batzordea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak batzorde bat izendatuko du, laguntzak esleitzeko proposamena egiteko. Hauek osatuko dute batzordea:
– Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko arduraduna. Batzordeburua izango da.
– Berrikuntza Pedagogikoko Zerbitzuko ordezkari bat. Idazkaria izango da.
– Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetako Berrikuntza Pedagogikorako lurralde-burutza bakoitzeko ordezkari bana.
8. artikulua.– Plazak esleitzeko prozesua.
1.– Ikasle eskatzaileen zerrenda alfabetikoa egingo du Batzordeak, eta bertan adieraziko ditu: zer tartetan sartu den eskaera bakoitza, ikasleen batez besteko nota eta eskatutako hizkuntzan lortutako nota, eta esleipen-proposamena, aurrez adierazi diren datu horien arabera egindakoa. Proposamena plaza ematekoa, erreserba-taldeetan sartzekoa edo deialditik baztertzekoa izango da. Azken kasu horretan, baztertze-proposamenaren arrazoia adierazi beharko da.
2.– 2014-2015 ikasturteari dagokionez, tarte bietako bakoitzari plazak esleitzeko proposamena honela egingo da: ikasturteko bataz besteko nota eta eskatutako hizkuntzaren nota batzearen ondoriozko puntuazio onenaren hurrenkeraren arabera.
Berdinketarik ematen bada, errentan indibidual egiaztatu apalena duen familia-unitateko ikasleari esleituko zaio plaza, eta, datu hori jakin ezin bada, adinez zaharrenari.
3.– Ikasle batek ezin izango du agindu honetan deitutako plaza bat baino gehiago eskuratu. Ikaslearen puntuazioak eskubidea ematen badio herrialde baten baino gehiagotan plaza eskuratzeko, deialdian parte hartzeko eskabidean adierazi duen lehentasun-ordenari dagokiona esleituko zaio.
4.– Baldin eta 2. artikuluan ezartzen diren tarteetakoren batean plazarik sobratzen bada, plaza horiek goranzko hurrengo tartean pilatuko dira, herrialde eta hezkuntza-maila berean.
5.– Zerrenda hori www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrian jarriko da ikusgai, eskaerak egiteko epea amaitu eta hurrengo 20 egun balioduneko epean.
6.– Zerrenda alfabetikoan jasotako datuetan akatsik hautematen bada, interesatuek aukera izango dute, hura argitaratu ondorengo 10 egun balioduneko epean, idatzizko alegazioak aurkezteko hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan. Datu horiek aldatzeko frogak proposatu beharko dituzte alegazio-idazkian.
7.– Erreklamazioak aztertu ondoren, Batzordeak behin betiko ebazpen-proposamena igorriko dio Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari, eta deialdia ebatziko du azken horrek.
9. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak ebazpen bat emango du errenta indibidualeko tarte, hezkuntza-maila eta herrialde bakoitzeko, eta ebazpen horietan zerrendatuta adieraziko dira lehen esleipenean plaza eskuratu dutenak. Horretaz gainera, ebazpen bat emango du honako honetarako: tarte, maila eta destinoko herrialde bakoitzean erreserban geratzen diren ikasleen zerrendak adierazteko, eta beste bat baztertu diren eskaerak zerrendatzeko. Azken kasu horretan, baztertzearen arrazoiak adieraziko dira.
Jakinarazpen-ondorioetarako, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrialdean argitaratuko dira ebazpen horiek.
2.– Baldin eta deialdia ez bada artikulu honetan araututako prozeduraren arabera ebazten eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan, beren eskaerak ezetsi egin direla ulertu behar dute interesatuek, nahiz eta horrek ez duen salbuetsiko Administrazioak duen obligazioa, berariazko ebazpen bat ematekoa.
3.– Deialdi-ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Hezkuntza sailburuordearen aurrean, hilabeteko epea agortu baino lehen, ebazpena jakinarazten den eguneko biharamunetik kontatzen hasita.
10. artikulua.– Plazak erreserbatzea.
1.– Lehen esleipenean plaza lortu dutenek, ikastaroa egiteko kontratatutako enpresarekin, plazen erreserba egin beharko dute, hain justu ere hilabeteko epearen barruan , 9.1 artikuluko lehen paragrafoan jasotako ebazpena argitara ematen denetik hara.
Plazak aukeratzeko prozedura:
Irlandak eta Erresuma Batuaren kasuan, esleipendun diren ikasleek aukeratuko dituzte plazak, tarte bakoitzerako erreserbatutako portzentajeak errespetatuta, eta talde bakoitzerako berariaz seinalatutako egunetan eta lehentasunezko taldeen arabera, eta Irlanda eta Erresuma Baturako ingeles-plazen kasuan, mailak ere izan beharko dira kontuan. Hau da, enpresak egunean 100 plaza kudeatu baditzake, lehen egunean plaza aukeratuko dute 1. tarteko lehen 77 postuak betetzen dituzten ikasleek, eta 2. tarteko lehen 23 ikasleek. Bigarren egunean, hurrengo 100 postuek aukeratuko dute plaza, banaketa-hurrenkera berean, eta sistema horri jarraituta, harik eta plaza guztiak agortzen diren arte. Tarte bateko plazak agortzen badira, egoera horretara egokituko da prozedura. Eta guzti horren ondorioetarako, enpresa esleipendunak adierazten dion bitartekoa erabiliaz, esleipendunak, tokatzen zaion egunean, libre dauden plaza guztiak aukeratuko ditu lehentasunezko hurrenkeraren arabera ordenatuta. Esleipen-ebazpenean adieraziko da egun baliodunen egutegia eta zer talde esleitu zaion bakoitzari.
Enpresak ezin badu plaza-kopuru hori (100) kudeatu, adierazi den proportzioarekiko doituko da hautatze-prozedura.
Norbaitek ezin badu plaza aukeratu bere talderako ezarritako egunean, hurrengo egunetan egin dezake, 10.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunera bitarte, baina une horretan libre dauden plazen artetik egin beharko du aukeraketa.
Frantzia eta Alemaniarako, plaza kopurua txikiagoa denez, hainbat herri edota irteera-data egonez gero, ikasleek zer nahiago duten jakinaraziko diote enpresa esleipendunari, enpresak esandako baliabideak erabiliz. 10.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztu epeko azken egunera arteko tartean egin ahal izango dute aukeraketa hori. Enpresa esleipendunak esleitu zaien herrialde eta irteera data zentzuk diren esango die. Horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak emandako zerrendan ikaslea zein tokitan dagoen hartuko du kontuan. Zerrenda lortutako emaitzen hurrenkeraren arabera egongo da ordenatuta.
2.– Plaza hautatu ondoren, 170 euro ordainduta jarriko da indarren erreserba. Ez bada diru hori ordaintzen epe barruan, esleitu eta/edo hautatutako plazari uko egin zaiola ulertuko da.
2. tartearen kasuari dagokionez, ekainaren 15a baino lehen ordaindu beharko da partaidetza-kuotari dagokion gainerako diru-zenbatekoa, aplikatu beharrekoa baita 2. artikuluaren arabera. Halakorik egiten ez bada, kontratatutako enpresak plaza-erreserba baliogabetu dezake, eta, hala badagokio, ordaindutako diru-zenbatekoa galduko da.
3.– 10.1 artikuluko lehen paragrafoan zehaztutako epearen azken egunetik bost egunera, enpresek erreserba ordaindu ez delako zer plaza geratu diren hutsik jakinaraziko diote Hezkuntza Berriztatzeko Zerbitzuari.
Plaza horiek bigarren esleipenean esleituko zaizkie erreserbako lehen postuak betetzen dituzten ikasleei, hutsik dauden plazei dagozkien tarteetan.
Esleipen-proposamena www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net web-orrialdean argitaratuko da. Esleipendunek plazen erreserba egin beharko dute ikastaroa egiteko kontratatu den enpresarekin jakinaraziko zaien epean. Plaza nola aukeratu eta erreserbatu 10.1 artikuluan jaso da.
4.– Azken epe hori igaro ondoren plaza hutsak gelditzen badira, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak banaka eta lehentasun-ordenari jarraituz eskainiko dizkie erreserba-egoeran dauden izangaiei, harik eta kontratatutako plaza-kopurua osatzen den arte.
11. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Deialdi honetako plazaren bat lortu duten onuradunek egonaldia hasi, egin eta amaitu egin beharko dute adierazitako egunetan, joan-etorriak barne, ikastaroaren antolaketak adierazitako programazio eta jarraibideen arabera. Ikaslea adinez nagusi bada eta gurasoen edo legezko tutoreen berariazko baimena badu soilik baimenduko dira antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak. Adingabeko ikasleen kasuan, antolaketa horretatik kanpoko joan-etorriak egiteko, guraso edo legezko tutoreekin batera egin beharko du adingabekoak joan-etorria, edo adinez nagusi den beste pertsona baten laguntzarekin, bestela, baldin eta guraso edo legezko tutoreak horretarako baimena eman badio; horretarako, berariazko baimena eduki behar du.
12. artikulua.– Bateraezintasun-araubidea.
Deialdi honetako plaza bat esleitzea bateragarria da beste edozein erakunde publiko edo pribatuk eman diezaiokeen edozeinekin.
Dena den, deialdi honetan ezingo dute plazarik eskuratu aurreko urteetan atzerrian hizkuntzak ikasteko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deitutako plazaren bat eskuratu dutenek; salbuespena izango da ikasleak Matematika Olinpiadetako sari gisa lortu izana plaza.
13. artikulua.– Ordainketak, eta programari uko egitea edo/eta uztea.
Egiaz ematen dituzten zerbitzuei dagozkien zenbatekoak soilik ordainduko dizkie Eusko Jaurlaritzak enpresa esleipendunei. Horrenbestez, aseguru-bidaia bat kontratatu beharko dute esleitutako prezioa eskuratuko dutela bermatzeko, baldin eta heriotzarik edo gaixotasun edo istripu larririk gertatzen bada, bai programan parte hartzen duten ikasleena, bai haien 2. mailara arteko senideena, betiere horrek programa uztera eta ikaslea etxera bueltatzea eragiten badu.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoak, 5.3 artikuluan adierazitako xedeetarako, Agindu honetako laguntzak ebazteko, aurrez kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2016. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 14a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.