EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2015200

AGINDUA, 2015eko urriaren 15ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2015. urtean material arkeologiko edota paleontologikoak inbentariatzeko diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena, eta diru-laguntza horiek emateko araubidea ezartzen duena.

Xedapenaren data: 2015-10-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201504424
Maila: Agindua
Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak jabari publikoaren izaera ematen die Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitu diren eta interes arkeologiko eta paleontologikoa duten ondasun guztiei. Lege horren 47.3 artikuluak xedatzen du ondasunok gorde beharko direla Eusko Jaurlaritzak izendatzen dituen lurraldeko museo edo zentroetan. 7/1990 Lege hori garatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak arautu ditu materialen gordailua eta inbentarioa.
7/1990 Legearen 45.4 artikuluak xedatzen du, esku-hartze arkeologikoa gauzatzeko baimena duen titularrak, esku-hartze horren emaitza diren materialen inbentarioa egin beharko duela. 341/1999 Dekretuak berak materialak entregatu aurreko tratamenduaren oinarrizko alderdiak eta egin beharreko inbentarioaren gutxieneko edukiak arautzen ditu, bai eta materialak inbentarioarekin batera entregatzeko epeak ere. Alabaina, egiten diren esku-hartze arkeologikoen eta eskuratutako materialen kopuru handia eta, bereziki, prozesu horiek dakartzaten kostu ekonomikoak direla eta, materialak entregatu aurreko tratamendu- eta inbentario-lan hori moteldu egiten dira.
Hala eta guztiz ere, materialak entregatzea haien inbentario zehatza eta sistematikoarekin batera, ezinbesteko betekizuna da Administrazioak interes arkeologikoa eta paleontologikoa duten ondasunak behar bezala babesteko eta ikerketaren eta zabalkundearen mesedean edonoren eskura jartzeko.
Horretarako, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak, bere funtzioen artean euskal kultura ondarea –besteak beste, berariaz, ondare arkeologiko eta paleontologikoa– osatzen duten elementuak dokumentatzea eta ikerketa sustatzea baitaude, euskarri digitaleko informazio-sistema bat diseinatu eta garatu du, indarrean dagoen araudiko aginduen araberako inbentarioak egitea ahalbidetzen duena. Era horretan, arkeologikoen arduradunek informazioa modu homogeneo eta sistematikoan jaso eta euskarri digitaleko inbentario sistematikoak egin ditzakete, bertako datuen oinarrizko ustiapenaren bidez esku-hartzearen aurretiko txostenak eta ondorengo txosten zientifikoa lantzeko garaian, eta, aldi berean, esku-hartzeen arduradunak diren heinean, materialak entregatzeko bete behar dituzten legezko obligazioak egokiro konplitzea errazten zaie.
Diru-laguntza hauek ondasun arkeologikoak ahalik eta modu egokien tratatzea xede duten esku hartzeko proiektuak garatu nahi dituzten pertsona edo erakundetara zuzentzen dira, betiere Agindu honen bidez sustatzen den kalitate-estandar teknikoen arabera materialak inbentariatzea badute helburu.
Hori da, hitz bitan, diru-laguntzak arautzeko esparru bat artikulatzeko beharra eragin duena, lan dinamika hau bultzatuko duena eta diru-laguntzak xede horiei begira doituko dituena.
Agindu honen helburua da 2015. ekitaldirako diru-laguntzak emateko deialdia egitea da, bai eta horien eskaera eta ebazpena egin ahal izateko modua eta baldintzak ezartzea ere, helburu horretarako ezarri den diru-kopuruaren kontura.
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da: 2015. urtean Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan kokatzen diren aztarnategi arkeologikoetan esku-hartze baimenduen ondorioz aurkitutako material arkeologiko edota paleontologikoen inbentarioa egiteko edota egokitzeko laguntzak ezartzea eta arautzea.
Nolanahi ere, lagundutako jarduerak 2015. urtean gauzatu beharko dira.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
Aurreko artikuluan zehaztutako helburu hori lortzeko, laurogei mila (80.000) euro erabiliko dira.
3. artikulua.– Dirua jaso dezaketen jarduerak eta gastuak.
1.– Diruz lagunduko dira Agindu honen 7. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzen dituzten esku-hartzeetan jasotako material arkeologiko eta paleontologikoen inbentario-agiria editatzeko beharrezko jarduerak. Inbentarioaren edukiek Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 5eko 341/1999 Dekretuko 10.1 artikuluan xedatutakoari erreparatuko diote. Inbentario-agiriak formatu digitala izango du, eta Euskal Kultura Ondarearen Zentroak normalizatutako datu-ereduari jarraituko dio. Eredu hori artxibategi baten barne dago, Agindu honen 8.3 artikuluan azaldutako Egoitza Elektronikoaren helbidetik jaitsiz edota Euskal Kultura Ondarearen Zentroari zuzen-zuzenean eskatuz eskura daiteke.
2.– Inbentarioa editatzeko lanek sortzen dituzten gastuak ez ezik, honako jarduerek sortzen dituzten gastuak ere diruz lagunduko dira –betiere, Agindu honen 9. artikuluan ezartzen den muga gainditu gabe–, baldin eta proiektu baten zati osagarri gisa egiten badira, eta proiektu horretan sartzen badira, batetik, eredu normalizatuaren arabera inbentarioa lantzea, eta, bestetik, inbentario hori materialekin batera dagokion gordailu-zentroan entregatzea, Agindu honen 1. eranskinean adierazitako jarraibideen arabera:
a) Materiala tratatzea –besteak beste, garbitzea, siglatzea, ordenatzea eta aurretiaz egokitzea–, inbentarioa egiteko.
b) Materialak katalogatzea.
c) Dokumentu grafikoak lantzea formatu digitalean.
d) Materiala tratatzeko eta inbentariatzeko beharrezko kontsumigarri teknikoak erostea.
e) Analitika eta azterketa bereziak egitea materialen ezaugarriak, kronologia edota bestelako datuak lortzeko, jarduera justifikatzen duen ikerketaren helburuei nahiz kontserbazioari eta babesari begira, materialak era sakonagoan ezagutuko badira.
f) Bidaia eta materialen garraio-gastuak, baldin eta diruz lagundutako jarduerek sortutakoak badira.
3.– Lokalak, hardwareak, erreprografia-gailuak, software lizentziak, telefonia-zerbitzuak erosteko edo alokatzeko gastuak ez dira diruz lagunduko, ez eta, oro har, lokalen erabiltzeak sortzen dituen gastuak ere.
4. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu berarekin emandako beste edozein laguntza, diru-sarrera edo baliabiderekin, baina inolaz ere ezingo da gainfinantzaketarik gertatu. Hori gertatzen bada, deialdi honen bitartez emandako laguntza doitu egingo da, hain zuzen soberakinari dagokion neurrian.
5. artikulua.– Onuradunak.
Pertsona fisikoek eta juridikoek, publikoek zein pribatuek eskatu ahal izango dituzte agindu honetan adierazten diren laguntzak, baldin eta 1. artikuluan ezarritako xedea duten proiektuak gauzatu eta deialdi honetan aurreikusitako baldintzak betetzen badituzte.
Diru-laguntzak ez dira ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen arloan dirua itzultzeko prozedura bat edo zehapen-prozedura bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada. Halaber, ez zaie diru-laguntzarik emango ez eta ordainduko ere, diru-laguntzak itzultzeko prozeduretatik sortutako betebeharretan egunean ez daudenei.
6. artikulua.– Eskatzailearen baldintzak eta betebeharrak.
1.– Behar adinako jarduteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoak badira, legez eraturik eta dagokion erregistroan izena emanda egotea.
2.– Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea. Betebeharrok betetzea diru-laguntza emateko nahitaezko baldintza da.
3.– Ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor- edo administrazio-arloko zehapenik; eta, ez egotea laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duten lege debekuen eraginpean, beren beregiko erreferentzia egiten zaielarik Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetatik seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuei.
4.– Azken bi ekitaldiotan eta egungo ekitaldian jasotako minimis laguntzen guztizko zenbatekoa 200.000 eurotik gorakoa ez izatea.
5.– Erakunde eskatzaileak eskabidearen berri eman behar du, eta helburu bererako beste diru laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik lortuz gero zeinahi administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatutatik, horren berri ere eman behar du.
6.– Pertsona fisikoak badira, Euskal Autonomia Erkidegoan aurkitatako material arkeologikoak entregatzeko eta gordailatzeko betebeharrak egunean edukitzea.
7. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak.
1.– Proiektuen xede nagusia izango da 2013ko urtarrilaren 1a eta agindu hau argitaratzen den eguna bitartean amaitutako esku-hartzeen landa-lanetan jasotako materialak inbentariatzea edota inbentarioa egokitzea. Baldin eta aztarnategi berean urte anitzean garatutako ikerketa-programa batean gauzatutako esku-hartzeak badira, 2013ko urtarrilaren 1a baino lehen burututako esku-hartzeetan kanpainen kopuruan mugarik gabe jasotako materialak ere sartu ahal izango dira. Nolanahi ere, ikerketa-programak abian, edo duela baino 2 urte gutxiago amaituta, egon beharko du. Ondorio horretarako, bi urte baino gehiago igaro badira, kanpoko lanen programa amaitutzat joko da.
Edonola ere, 2014ko urtarrilaren 1a baino lehenago burututako esku-hartzeetako materialak izendatutako zentroan gordailatuta egon beharko dute dagokien inbentarioarekin. Baldintza hau betetzen dutela eskaera-izapidean egiaztatzen ez duten proiektuak baztertuko dira.
2.– Oro har, proiektuek jasotako material guztiak barne hartuko dituzte. Materialen zati bat inbentariatzea planteatzen duten proiektuek diru-laguntza jaso ahal izango dute, baldin eta aurretiaz hasitako inbentario-proiektu bat jarraitzeko bada. Hala bada, deialdi honetan aurkeztutako proiektuak betiere aurretik hasitako proiektuak osatzea eta amaitzea izango du xede.
Era berean, proiektuen xedea izango da aztarnategi bakar baten materialak inbentariatzea. Hala ere, aztarnategi bat baino gehiago xede duten proiektuak aurkeztu ahal izango dira, honako baldintza hauetako bat betetzen badute:
– Aztarnategi bat baino gehiagotan esku-hartzeetakoak badira, eta, horretarako, dagokion Foru Aldundiak baimen bakarra eman badu.
– Aztarnategiak Kultura Ondasun deklaratutako arkeologi-gune berean baldin badaude, edo hala deklaratzeko espedientea abiarazita badago, uztailaren 3ko 7/1990 Euskal Kultur Ondareari buruzko Legearen arabera.
3.– Proiektuaren zuzendari teknikoa eta zientifikoa materialen jatorria den esku-hartzearen baimenaren titularra izango da. Salbuespen gisa soilik, proiektua zuzentzeko beste pertsona bat (esku-hartzea zuzentzeko baimendutakoa ez dena) aurkezten duten eskaerak onartuko dira, baldin eta eskatzaileak esku-hartzearen titularrak –aurretiaz eta idatziz– emandako baimena badu. Baldintza hori nahitaez egiaztatuko da eskaera-izapidean. Nolanahi ere, proiektuaren zuzendariak ez ezik, esku-hartzearen titularrak ere egunean eduki beharko dituzte material arkeologikoak entregatzeari eta gordailatzeari buruzko dagozkien betebeharrak. Baldintza hori betetzea ezinbestekoa izango da proiektua onartzeko.
8. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta dokumentazioa ekartzea.
1.– Eskabideak kanal eletronikoaren bidez aurkeztu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan. Halaber, aurrez aurre aurkeztea ere izango da honako leku hauetan: Zuzenean bulegoak, EAEko Administrazio Orokorraren erregistro osagarriak (bulego horiek zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan) edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuak.
2.– Pertsona eta entitate interesatuek prozedura honen izapide guztiak baliabide elektronikoen bidez eskatu, kontsultatu eta egin ahal izango dituzte. Eskabide eta dokumentazio-ekarpenen izapidean kanal bat edo bestea –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– erabiltzeak ez du behartzen prozeduraren hurrengo izapideetan kanal bera erabiltzera; beraz, edozein unetan alda daiteke, betiere eskatzaileak organo kudeatzaileari aldaketa jakinarazten badio.
3.– Eskabideen eta prozedura osoan ekarri beharreko dokumentazioaren gainontzeko ereduen izapidetzeari buruzko xehetasunak, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri, honako helbidean: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/-/2015/inventario-materiales-arqueologicos/eu/
4.– Aurkezpen-kanala dena dela, aurrez aurrekoa zein elektronikoa, eskaera eskabide-orri normalizatuaren bidez aurkeztuko da, xehetasun guztiak behar bezala beteta. diru-laguntza proiektu bat baino gehiagorako eskatzen bada, proiektu horren adina eskabide aurkeztuko dira. Eskabide-orria Euskadi.net-eko Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da, aurreko paragrafoan adierazitako URL berean, nahiz Lurralde Ordezkaritzetan eta Herritarren Arretarako Bulegoetan, edo, bestela, Kultura Ondarearen Zentroari zuzenean eskatuta eskuratu ahal izango da.
5.– Erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten eran. Erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Pertsona edo erakunde eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela honela egiaztatuko dute:
a) Behar adinako jarduteko gaitasuna izatea, eta pertsona juridikoak badira, legez eraturik eta dagokion erregistroan izena emanda egotea:
Pertsona fisikoen kasuan, baldin eta eskabidean dagokion baimena eman badu, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du haien nortasuna Barne Ministerioan. Baimena eman ezean, eskatzailearen edota haren ordezkariaren nortasuna egiaztatzen duen agiri ofizialaren kopia aurkeztu beharko du. Pertsona berak eskaera kanal elektronikoaz aurkezten badu, ordezkaririk gabe, baldintza ez da egiaztatu beharko.
Pertsona juridikoen kasuan, erakunde eskatzailea Jaurlaritzaren mende dauden Erregistroetan izena emanda badago, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du behar bezala eratuta eta dagokion Erregistroan izena emanda dagoela. Eusko Jaurlaritzaren mende ez diren bestelako Erregistroetan izena emanda badago, eratze-eskrituren eta dagokion Erregistroan izena emanda dagoelako egiaztagiriaren kopia aurkeztu beharko du. Halaber, erakundearen izenean eskaera aurkezten duen ordezkariaren nortasun agiriaren edo pasaportearen eta eskaera aurkezteko eta ondoko izapideetarako ordezkari-ahalmena ematen duen agiriaren fotokopia. Pertsona fisikoen kasuan aurreikusitako modu berean, baldin eta eskatzaileak aurretiaz baimena ematen badu, ordezkariaren nortasuna ofizioz egiaztatu ahal izango da. Era berean, eskaera kanal elektronikotik aurkezten bada, nortasuna edo ordezkatzeko ahalmena egiaztatzen duen dokumentu baten bidez, ez da beharrezkoa paperez egiaztatzea.
b) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du behar adina aldiz, eskatzailearen baimenaren beharrik gabe. Eskatzailea Nafarroako Ogasunaren esparruan zergapetua bada, zerga-obligazioak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du.
c) 6. artikuluko 3., 4., 5., eta 6. paragrafoetan adierazitako baldintzak eskabide-orrian dauden erantzukizunpeko adierazpenez egiaztatuko dira. Hala badagokio, eskabide-orrian dagoen minimis laguntzei buruzko adierazpenari Fuentes de financiacion + minimis formularioa behar bezala beteta erantsiko zaio.
7.– Pertsona edo erakunde eskatzaileak adierazi beharko du eskabide-orrian eta horrekin batera doan dokumentuetan dauden datuak egiazkoak direla eta indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen baldintzak betetzen dituela diru-laguntza hauen onuraduna izateko.
8.– Proiektuaren baldintzak egiaztatzea eta ekarri beharreko bestelako dokumentuak:
Eskaerarekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira.
a) Proiektuaren memoria.
b) Proiektuko diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua.
c) Taldea osatzen duten pertsonen curriculum vitaea.
d) Inbentario-proiektuaren zuzendaria esku-hartzearen baimenaren titularra izan ezean, 7.3 artikuluan aipatzen den berariazko baimena emateko agiria.
e) Inbentarioaren xede diren materialen jatorri diren esku-hartzeen behin-behineko edo behin betiko memoria, dagokion Foru Aldundiari igorritakoa. Memoria abian badago, azalpen-dokumentu bat aurkeztuko da esku-hartzeari buruzko honako xehetasunekin: proiektua, metodologia eta esku-hartzearen emaitzak. Memoria Euskal Kultura Ondarearen Zentroari aurretik igorrita badago, ez da beharrezkoa izango ekartzea, baina proiektuaren memorian halaxe jasoko da.
f) Egokitu nahi den inbentarioaren kopia, baldin eta proiektuaren xedea hori bada.
g) Proiektuaren zuzendariaren eta, hala badagokio, esku-hartzearen baimenaren titularraren erantzukizunpeko aitorpena, material arkeologikoak entregatzeko eta gordailatzeko betebeharrei buruzkoa.
h) Pertsona edo erakunde eskatzailea Ogasun eta Finantza Saileko Hirugarrenen Erregistroan izena emanda ez badago, edo bertan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero, bi kanaletako –aurrez aurrekoa edo elektronikoa– edozein honela erabili ahal izango du:
– Aurrez aurreko kanalaz: eskuragarri dauden formularioak bete eta aurkeztu, aurkeztutako gainontzeko dokumentazioarekin.
– Kanal elektronikoaz: Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan ematen diren argibideei jarraituz.
Aukeratzen den kanala dena dela, a), b), c), d) eta g) puntuetan aipatutako dokumentuei dagozkien ereduak, artikulu honetako 3. atalean adierazitako helbidean eskuragarri daudenak, behar bezala beteta aurkeztuko dira.
Aurrez aurreko kanala erabiliz gero, e) eta f) puntuetako dokumentuak aurkeztuko dira paperezko kopiaren edo eskaneatu eta CD/DVDn grabatutako kopiaren bidez. Kanal elektronikoa aukeratzen bada, dagozkien kopia digitalizatuak eskaerari erantsita aurkeztuko dira. Digitalizatutako dokumentuetakoren baten pisua 30 Megabyte baino gehiago bada, honela aurkeztuko ahal izango da: CD/DVD batean grabatutako kopia aurrez aurreko kanaletik; edo, bestela, dokumentua Interneteko sarbide askea duen errepositorio batera igo, eta diru-laguntzak kudeatzen dituen organoak handik noiznahi jaisteko moduan utzi, baina kasu horretan proiektuaren memorian, Beste informazio osagarri batzuk atalean azaldu beharko du jaitsi beharreko fitxeroen izena eta URL helbidea.
9.– Eskabideak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
9. artikulua.– Diru-laguntzaren muga edo gehienezko zenbatekoa.
Laguntzaren zenbatekoa proiektuaren aurrekontuan sartutako gastuen ehuneko ehuneraino (% 100) irits daiteke, betiere proiektu bakoitzeko 12.000 euroko zenbatekoa gainditu gabe, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruen barruan.
10. artikulua.– Laguntzak kudeatuko dituen organoa.
Kultura Ondarearen zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako diru laguntzak.
11. artikulua.– Dokumentazioaren azterketa eta akatsen zuzenketa.
1.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskaera epe barruan eta eskatutako moduan egin dela egiaztatuko du, baita eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela ere.
2.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
12. artikulua.– Laguntzak emateko eta zenbatekoa zehazteko prozedura.
1.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Lehiaketa horren bidez, 13. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideei jarraituz aurkeztutako eskaerak alderatu eta hurrenkera jakin batean jarriko dira, eta, horrela, 55 puntu edo gehiago lortzen dutenek bakarrik jasoko dituzte diru-laguntzak eta zenbatekoak zehaztuko dira 9. artikuluan ezarritako mugak aplikatu ondoren.
2.– Agindu honen 2. artikuluan aurreikusitakoaren arabera deialdiari atxikitutako zuzkidura ekonomikoa aski ez bada aurreko paragrafoaren arabera kalkulatutako laguntzen zenbateko globalari erantzuteko, diru-laguntzen zenbateko bakoitzaren murrizketa lineala egingo da zuzkidura hori aski izan arte.
13. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, eta agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen ez dituztenak baztertu ondoren, Balorazio Batzordeak aurkeztutako gainerako jarduerak baloratuko ditu. Horretarako, ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:
a) Esku-hartzearen gauzatze-data eta ikerketaren egoera, % 35eraino.
Proiektuak alderatu eta honako lehentasun ordena honi erreparatuz ordenatuko dira:
26ren eta 35en arteko puntuazioa: 2014an eta 2015ean egindako esku-hartzeetako materialak helburu duten proiektuak, 2014an amaitutakoak lehenetsita 2015ekoen aldean, eta urte anitzeko programak badira, landa-lanak amaituta dituztenei emango zaie lehentasuna, amaitu gabe dituztenen aurrean.
1en eta 25en arteko puntuazioa: 2014a baino lehen egindako esku-hartzetako materialak helburu duten proeiktuak. Proiektua gauzatzeak izan dezakeen emaitzaren irismena aintzat hartuko da. Horrenbestez, programako esku-hartze guztietako materialen inbentario normalizatua lortzea azken helburu dutenek lehentasuna izango dute, zatika normalizatutako inbentarioak helburu duten proiektuen aurrean.
b) Proiektua gauzatzeko lan-taldearen gaitasuna, % 20raino.
Inbentariatu beharreko materialen ezaugarriak –izaera, kronologia eta tipologia, bereziki– eta proiektua gauzatzeak eskatzen dituen espezialisten koordinazio-lanen konplexutasuna ikusirik, taldea osatzen duten pertsonek duten profil zientifikoaren egokitasun maila baloratuko da atal honetan. Balorazioak eskaerarekin batera aurkeztutako memoria eta curriculumei buruzko iritzi subjektiboa izango du oinarri. Materialen ezaugarriak, taldearen formazioa eta ibilbide zientifikoa eta profesionala egokiak izatea eta egin beharreko jardueren eskakizun teknikoekin bat etortzea hartuko da kontuan. Lehentasun-ordena ezarriko da, eta puntuazioa izango da egokitasun-mailaren araberakoa, kontuan hartuta egokitasun handiena duen proiektuari emango zaiola puntuaziorik handiena.
c) Proiektuaren kostua, % 25eraino.
Kontuan hartuko da aurrekontua ekonomia eta eraginkortasunaren printzipioen arabera egitea. Balorazioa eskaeren aurrekontuetan diru-laguntzaren xede izango diren gastuei buruz emandako informazioan oinarrituko da. Inbentarioaren datuak editatzeko unitate-kostuak eta marrazkiak eta argazkiak lantzekoak, soilik diru-laguntzaren xede badira, bereizita baloratuko dira. Horretarako, eskaerak unitate-kostuaren arabera, txikienetik handienera, ordenatuko dira. Kostu txikiena duen proiektuak atal bakoitzerako aurreikusitako gehieneko puntuazioa izango du: 10 puntu inbentario-fitxen editatze-lanetarako, 8 puntu marrazki-lanetarako eta 7 puntu argazkietarako. Gainontzeko proiektuak modu alderantziz proportzionalean baloratuko dira, alegia, kostuen gehiketaren balioa zenbat eta handiagoa, orduan eta puntuazio txikiagoa, eta berdina bada, puntuazio berdina emango zaie.
d) Proiektuaren balio erantsia arkeologia-ondarea ikertzeko eta zabaltzeko, % 20raino.
Honako hau baloratuko da: proiektuak zuzendariaren edo taldea osatzen duten pertsonen ikerketa-ildo batekin lotura izatea eta materialen eta aztarnategiaren ondare-eta zientzia-garrantzia, haien babesari, kontserbazioari edota hedatzeari begira.
14. artikulua.– Balorazio Batzordea.
1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da, aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako balorazio-irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari. Honela osatuta egongo da:
– Kultura Ondarearen zuzendaria, Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko. Zuzendaria ez badago, postua hutsik badago edo zuzendaria gaixo badago, edo legez araututako gainontzeko kasuetan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluaren arabera ordezkatua izango da.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako hiru teknikari, Kultura Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak; horietako batek Batzordeko idazkari eginkizunak beteko ditu eta beste bat lehendakariorde gisa arituko da.
2.– Balorazio Batzordeak egoki deritzonean, egitasmoari dagokion gaian adituak diren aholkularien laguntza jaso ahal izango du.
3.– Balorazio Batzordeko kideek ez dute prozeduran parte hartuko, edo errefusatuak izan daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritako moduan. Batzordea osatzerakoan, otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean ezarritakoa beteko da.
4.– Balorazio Batzordearen osaera Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da ezagutzera.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balorazio Batzordeak ebazpen proposamen arrazoitu bat egingo du, eta proposamen hori, espediente osoarekin batera, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko zaio berak bidezko ebazpena eman dezan.
2.– Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunetik kontatzen hasita.
Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekiko balitz, aipatu den epea etenda geratuko litzateke pertsona edo entitate interesdunari akatsa jakinarazten zaionetik akatsa zuzentzen duen arte edo akatsa zuzentzeko eman zaion epea amaitu arte.
3.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, administrazio-prozedurari buruzko araudian ezarritako administrazio-isiltasunaren bidez.
4.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara (jende guztiak horren berri izan dezan), eta diru-laguntzak eskatu dituzten pertsona edo entitate eskatzaileei ere emango zaie ebazpenaren berri.
5.– Ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea ebazpen adierazirik izan gabe igarotzen bada, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 114. artikuluan agindutakoarekin bat.
16. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu badira, horren berri eman beharko da.
d) Laguntza ematerakoan kontuan izandako dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea.
e) Eskaera egitean diruz lagundutako jardueraren xede diren materialak gordailatuta egon ezean, inbentariatu diren materialak gordailatzeko eskatutako dokumentazioarekin batera entregatzea, 2015eko abenduaren 31 baino lehen, indarrean dagoen araudiaren arabera eta Agindu honi erantsita eta egoitza elektronikoaren URLan eskuragarri dagoen «Inbentario egiteko jarraibideak eta metodologia» izenburuko dokumentuan ageri diren jarraibideen arabera.
f) Bai Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, zein Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren lanerako behar duten informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta diruz lagundutako ekintzetan haien kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ikuskaritzaren menpe egotea.
g) Komunikazio publikoko jarduera guztietan, bai eta komunikabideei egindako aurkezpenetan ere, berariaz aipatzea laguntza hauek jaso izana, baita materialen azterketaren emaitzak, eta, oro har, laguntza hauen xede diren materialen jatorri den esku-hartze arkeologikoarenak.
h) Baimena ematea jarduera justifikatzeko entregatu den txostena ikusgai jartzeko Euskal Kultura Ondarearen Zentroan, bai eta inbentarioko datuak eta sortu diren dokumentu grafikoak tratatzeko eta sartzeko ere Euskal Kultura Ondarearen Zentroko informazio-sistemetan eta proiektuko materialak gordailatuta dauden zentroetan, betiere jabetza intelektualaren alorrean aplikagarria den legedian xedatutakoa urratu gabe.
17. artikulua.– Diru-laguntza jaso duten jardueren jarraipena.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diru-laguntza jaso duten jarduerak nola gauzatzen diren ikuskatu ahal izango du eta, horretarako, teknikari bat izendatu ahal izango du, entitate onuradunaren ordezkariarekin batera jardueren jarraipena egin dezan eta, hala badagokio, jarduera horiek ahalik eta hobekien burutzeko egoki iritzitako jarraibideak eman ditzan.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren gauzatzea eta ordaintzea.
1.– Diruz lagundutako jarduerak 2015eko aurrekontu-ekitaldian gauzatuko dira, eta 2015eko abenduaren 31 baino lehen amaitu behar dira. Ez da azken egun horretatik harako luzapenik edo gauzatze-epearen hedapenik onartuko.
2.– Agindu honen bidez emandako diru-laguntzen ordainketa aldi bakar batean gauzatuko da, onuradunak ondorengo artikuluan zehazten diren justifikazio-agiriak aurkeztuta.
3.– Diru-laguntzak ez dira ordainduko, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen arloan dirua itzultzeko prozedura bat edo zehapen-prozedura bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada.
4.– Halaber, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea diru-laguntzak ordaintzeko nahitaezko baldintza izango da. Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukita izatea automatikoki egiaztatuko da behar adina aldiz, eskatzailearen baimenaren beharrik gabe. Nafarroako Ogasunaren zergapetua bada, ordainketa egiteko unean baldintza hori betetzen duela egiaztatu behar izanez gero, organo kudeatzaileak hala eskatuta, zerga obligazioak betetzen dituela egiaztatzen duen agiria aurkeztu beharko du interesatuak.
5.– Diru-laguntzak ez dira ordainduko, baldin eta inbentarioaren xede diren materialak Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzko urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 10. artikulutik 14.era ezarritakoaren arabera dagokion gordailu-zentroan entregatzeko betebeharra bete dela egiaztatzen ez bada.
19. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.
1.– Emandako diru-laguntza justifikatzen duten dokumentuak aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuaren Bulegoetan, Lurralde Ordezkaritzetan eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde laguntzaileen bidez, edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuetan.
Halaber, baliabide elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan, 8. artikuluko 3. paragrafoan aipatutako helbidean.
2.– Justifikazioa izapidetzeko xehetasunak (aurrez aurre edo kanal elektronikoaren bidez) aipatutako Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri. Halaber, zuzenean eskatu ahal izango dira Euskal Kultura Ondarearen Zentroan, Lurralde Ordezkaritzetan edota Zuzenean-Herritarren Arreta Zerbitzuaren bulegoetan.
3.– Betiere, dokumentuak aurkezteko epemuga 2015eko abenduaren 31 izango da.
4.– Emandako laguntza justifikatzeko, diruz lagundutako jarduera egin dela egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du onuradunak, bai eta sortutako gastuak frogatzen dituen dokumentazioa ere. Dokumentazio horrek honako hau barne hartuko du gutxienez:
a) Jardueraren memoria, gauzatutako jardueren xehetasunak azaltzen dituena: burututako zereginak eta egileak, inbentariatu den material guztiaren deskribapen kualitatiboa eta kuantitatiboa, haren osaketaren xehetasunak emango dituena «Sailkapena» eta «Materiala» fitxako eremuetan erabilitako balioen arabera, bai eta haren tipologia eta kronologiaren arabera ere. Halaber, honako xehetasun hauek azalduko dira beste atal batean: fitxeroa eta materialak deskribatzeko tesauroak erabiltzean gertatutako gorabeherak, bai eta egin nahi diren hobekuntza-iradokizunak ere. Hala badagokio, materialen azterketa eta analitika berezien emaitzei buruzko atal bat sartuko da.
b) Diruz lagundutako jarduerak sortutako dokumentuak, euskarri digitalean: materialen inbentarioa Kultura Ondarearen Zuzendaritzak diseinatu duen txantiloi normalizatuaren araberako fitxeroan eta materialen argazki edo marrazkien irudi-fitxeroak. Hala badagokio, espezialistek egindako txosten edota bestelako laborategi-lanen txostenen kopiak erantsiko dira.
c) Proiektua gauzatzeak sortu dituen gastuen frogagiriak, eskaeran aurkeztutako gastuen aurrekontu osoari dagokion zenbateko baliokidea justifikatzen dutenak. Arau orokor gisa, fakturak edo gastuak justifikatzeko legeak baliozkotzat jotzen duen bestelako edozein dokumentu. Indarrean dagoen zerga-araudiaren arabera faktura egiteko behartuta ez dauden pertsona fisikoen ordainsariak justifikatzeko, hartzaileak sinatutako erantzukizunezko adierazpena aurkeztuko da, betiere ordainsariaren kontzeptua eta PFEZren kargura egindako atxikipena jasotzen duena. Joan-etorriek sortutako gastuak lekuz aldatu den pertsona bakoitzaren bidaia-gastuen likidazio-ordainagiriaren bidez justifikatuko dira. Likidazio-ordainagiri horiek honako datuak azaldu behar dituzte: lekuz aldatutako pertsonaren identifikazioa, bidaiaren nondik-norakoa, erabilitako garraiobidea, ibilbidearen distantzia kilometrikoa, gastuen zenbatekoaren xehetasuna kontzeptuka, eta, hala bada, mantenuarena.
d) Zinpeko adierazpen bidez, diru-laguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantzea, gastu eta sarreren aurrekontuan adierazitako kontzeptuen arabera, 8. artikuluko 3. atalean aipatutako helbidean eskuragarri dagoen eredu normalizatuari jarraituz. Sarreren atalean jasoko ditu izandako laguntzak edo bestelako sarrerak eta dagozkien zenbatekoak. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako diru-laguntza soilik jaso bada, horren adierazpena egingo da dokumentu berean.
e) Baldin eta diru-laguntza eskatzean, materialak tratatzeko eta entregatzeko araudiak ezartzen duen epe barruan egoteagatik, materialak entregatzeke edo entregatuta izanda, ordurako gordailu-zentroak gordailu-akta ez badu eman, inbentariatutako materialak entregatu direla egiaztatzeko gordailu-zentroak emandako dokumentuaren kopia, edo, hala badagokio, gordailu-aktaren kopia.
5.– Justifikatzea aurrez aurre egiten bada, gastuen frogagiriek jatorrizkoak izan beharko dute, edo Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak edota bere lurralde-zerbitzuek edo Herritarrei Arreta emateko Zerbitzuak (Zuzenean) konpultsatutako fotokopiak.
6.– Salbuespen gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuaren kargurako finantziazioak ez duenean aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 30 gainditzen, diru-laguntza jaso dezakeen jarduera burutzeko sortutako gastuen fakturek edo bestelako dokumentuek gastuen aurrekontu osoaren % 50eko zenbatekoa baino ez dute justifikatu beharko. Nolanahi ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko organo eskudunak hala eskatzen duenean, eta hiru hilabeteko epearen barruan, artikulu honetako 3. puntuan ezarritako aurkezpen-epetik hasita, onuradunek aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen duten gainerako fakturak edo dokumentuak haren esku jartzeko konpromisoa hartzen dute.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren likidatzea.
1.– Helburua eta irizpideak.
Likidazioaren helburua da diru-laguntza egindakoari egokitzea, honako oinarrizko irizpide hau kontuan hartuta: hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeagatik diru-laguntzaren kopurua ez da inola ere handituko.
2.– Prozedura.
Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira eta ezarritako baldintzak beteta badira, diru-laguntzaren ordainketari ekingo zaio.
Diru-laguntza emateko Ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira –betiere, diru-laguntzaren xedea beteta–, baita egindako gastua aurrekontuan dagoena baino txikiagoa bada, edo pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo baliabide batzuk jaso badituzte, ezarri diren mugak gaindituz.
Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena egingo du, frogagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak aldatu edo egokituko dira.
Bestalde, 19. artikuluko 6. paragrafoaren kasuan, ordainketa egiteko epea lerroalde horretako dokumentuak aurkezteko epea bukatzen denetik aurrera kontatuko da.
21. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Emandako diru-laguntza guztia edo zati bat agindu honetan aurreikusitako jarduerak ez diren beste batzuetan erabili denean.
b) Agindu honek ezartzen dituen obligazioak, eta, hala dagokionean, diru-laguntza ematen duen Ebazpenean bildutakoak bete ez direnean.
c) Beste xedapenen batek ezarritako beste edozein eginbehar betetzen ez bada.
2.– Ez-betetzeren bat gertatuz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da eta, hala badagokio, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako laguntzak Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 araudian ezarritako minimis arauaren mendean daude. Araudi hori Tratatuko 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da eta Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean 2013-12-24an argitaratu zen (DOUE-L352/1). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotako datu pertsonalak –parte hartzaileek baimena emango dute datuok tratatzeko eta argitaratzeko– «Laguntzak eta Diru-Laguntzak Kultura Ondarea» fitxategian sartuko dira. Kultura Ondarearen Zuzendaritza izango da fitxategiaren arduraduna. Hala nahi izanez gero, datuok eskuratu, zuzendu, ezeztatu eta datuoi aurka egiteko eskubideez baliatu ahalko da, horretarako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzari idatzi bat bidalita (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jar diezaiokete Hezkuntza, Politika Hizkuntza eta Kulturako sailburuari (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua), hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sortuko ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 15a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
MATERIAL ARKEOLOGIKOAK EDOTA PALEONTOLOGIKOAK TRATATZEKO, INBENTARIATZEKO ETA ENTREGATZEKO ARGIBIDEAK
1.– Materialaren tratamendua, siglatu aurretik.
Materialek dagokien tratamendua izango dute, haien izaera, tipologia eta kontserbazio-egoeraren arabera. Alde horretatik, tratamenduen alorrean lehentasuna emango zaio prebentziozko kontserbazioari, ikerketa eta zabalkunde beharrizanen aurretik.
Materiala entregatu aurretik kontserbazio-tratamendu sendagarririk eduki ez badu ere, prebentziozko kontserbazio-arau berariazkoren bati jarraitu bazaio, landutako protokoloa azalduko da txosten batean, materiala eta inbentarioarekin batera gordailu-zentroan entregatuko dena.
Era berean, materialak zaharberritze-lantegiren batean tratamendurik jaso badu, tratamendu horri buruzko txosten teknikoa entregatu beharko da, materialarekin batera aurkezten den dokumentazioari erantsita.
2.– Siglatzea.
Oro har, materialek zuzenean eramango dute sigla erantsita, salbu eta haren izaera, neurria edo kontserbazio egoera txarra dela-eta ezinezkoa bada edo komeni ez bada. Kasu horietan, banaka sartu diren edukiontzietan (poltsa edo kutxa) jarriko da sigla.
Sigla kentzeko modukoa izango da eta «sandwich» erara jarriko da, alegia, gainjarritako hiru geruzaren bitartez (finkatzailea/sigla/finkatzailea), betiere gai eta prozedura itzulgarriak erabiliz.
Xedea da siglak zalantzarik gabe identifika ditzala pieza bakoitza eta haren jatorrizko testuingurua, erregistro estratigrafikoa egiteko aukeratu den sistemari jarraikiz. Horretarako, behar-beharrezkoa da irizpide sistematiko bat, aukeratutako metodologiarekin bat datorrena, erabiltzea, eta, oroz gainetik, sigla argi eta garbi irakurtzeko moduan jartzea.
Zuzenean erantsita jartzen den sigla piezaren azaleko toki ez-nabarmen batean ipiniko da, inoiz ere ez haustura-guneetan.
Siglaren edukia:
Aztarnategi bakoitza identifikatuko duen sigla edo kodea Kultura Ondarearen Zentroak aldez aurretik emandakoa izango da, Euskal Autonomia Erkidegoko material arkeologiko eta paleontologikoei buruzko Arautegiak ezarritako prozedurarekin bat (urriaren 5eko 341/1999 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoa).
Siglak, oro har, honako datu hauei buruzko informazioa jasoko du, eta hemen adierazitako hurrenkeran:
– Aztarnategiaren sigla edo kode identifikagarria.
– Esku-hartzearen urtea (azken bi digituak bakarrik ere erabil daitezke, baldin eta horrekin nahasmendurik sortzen ez bada aztarnategi bereko iragan mendeko beste materialen urtearekin).
– Unitate estratigrafikoa.
– Piezaren erregistro-zenbakia. Elkarren hurreneko zenbakiak izango dira, 1etik abiatuta. Hurrenkera berriz abia daiteke unitate estratigrafiko bakoitzarekin, edo koadro, azal edo maila bakoitzarekin, betiere siglaren testu osoa beste piezetan errepikatzen ez bada.
Unitate estratigrafikoa ez beste erreferentziaren batean oinarritutako erregistro edo kokatze sistemak erabiltzen dituzten esku-hartzeen kasuan (Harris ez beste sistemak), unitate estratigrafikoaren tokian kasuan kasuko erregistro-sistemak pieza kokatzeko darabiltzan datuak sartuko dira siglan; esaterako, koadroa, tailua edo erditailua edo azala, eta Z koordenatua.
Siglaren osagai horien artean puntuak, barrak, marrak... erabili behar dira. Marka horiek erabiltzeko irizpidea sistematikoki aplikatuko da esku-hartze edota aztarnategi bereko material guztietan, eta horien azalpena materialak entregatzeko unean aurkezten den dokumentazioan jarriko da.
Gordailu-zentroetako arduradunek uste badute sigla piezaren toki desegoki batean jarri dela, ez dela ondo irakurtzen, ez dela irizpide sistematikorik erabili edota materiala ez dela behar bezala identifikatu, sigla zuzentzeko eskatu ahal izango dute.
Siglen adibideak:
3.– Materiala antolatzea.
Materiala, lehenengo eta behin, bere izaeraren arabera antolatu eta banatuko da, Inbentarioko Material generikoa eta Material espezifikoa eremuetan esleitu zaion balioari jarraikiz; alegia, edukiontzi ezberdinetan jarriko dira hezurrak (banatu egingo dira: fauna, giza-hondakinak eta hezur-industriak), maskorrak, zeramika, metala, harria, ikatza, haziak, ohiala, jalkinak...
Material-mota bakoitza haren jatorrizko testuinguru estratigrafikoaren arabera antolatuko da: unitate estratigrafikoa, maila, fasea edo garaia; eta koadro edo azalaren arabera, baldin eta ikerketa amaitzeke egoteagatik pieza bakoitzari mailarik oraindik esleitu ez bazaio.
Zaharberritze-tratamenduak eduki dituzten materialak banatu egingo dira beste materialetatik, eta egindako tratamenduei buruzko txosten teknikoekin batera entregatuko dira.
4.– Materiala antolatzea gordailu-zentroan entregatzeko, inbentarioa egin eta gero.
Materiala era egokian antolatuta eta identifikatuta egongo da, eta enbalaje-sistema egokiz prestatuko da, gordailu-zentrorainoko bidean kalterik izateko arriskua ekiditeko edo gutxitzeko. Ahal dela, materialak ondo itxitako polietilenozko poltsa garden ixtekodunetan gordeko dira, neurriagatik horrelako poltsetan kabitzen badira, behintzat. Gordailu-zentroak uko egin ahal izango dio materialak jasotzeari, apurtutako bilgarrietan, desitxuratutakoetan edota behar bezalako ziurtasunik manipulatuak izateko eskaintzen ez dutenetan garraiatzen badira, eta ez ditu onartuko egoera hori konpondu artean.
Materialak gordetzen dituzten poltsak kutxetan sartuko dira, hau da, edukiaren bolumena, pisua eta izaera kontuan hartuta garraiatzean eta manipulatzean behar adinako sendotasuna duten kutxetan. Deformazioei eta urratuei aurre egiteko erresistentzia handia duen uhin-kartoizkoa izan daiteke, baina, ahal dela, material plastikozkoa izango da (polipropileno, polietileno), estalki batekin, eskuz manipulatu ahal izateko neurrikoa, ahal izanez gero 40 x 25 x 20 cm inguruko neurrikoa eta 10 kg-tik beherakoa. Pieza oso hauskorrak edukiontzi zurrunetan joango dira, garraiobidean edukiontzi barruan ez mugitzeko moduan kokatuak. Gordailatu beharreko kutxen edo piezen kopurua, bolumena edo pisua dela-eta eskuz manipulatzea eta garraiatzea zaila denean, komeni da paletetan entregatzea, zama guztia polietileno bilkorrezko xafla batez lotua.
Edukiontzi guztiek (kutxa nagusiak, bigarren mailako kutxak, poltsak, plastikoz bildutako materialak, eta abar) kanpotik ikusteko moduko errotulazio edo etiketatzea eramango dute, haien edukia argi eta arazorik gabe identifikatzeko. Identifikazio horrek honako datu hauek bilduko ditu: aztarnategiaren izena, esku-hartzearen urtea, materialaren izaera, tipologia, jatorrizko testuingurua (unitatea, azala/taila, maila, koadroa...), eta erregistro-sigla edo zenbakia, piezak banakako edukiontzietan sartu direnean. Materialak banatuta eta erregistro-zenbakiaren arabera korrelatiboki antolatuta daudenean, kutxa edo poltsa bakoitzak gordetzen duen hasierako erregistro-zenbakia eta azkenekoa adieraziko dira.
Materialak gordetzen dituzten kutxak edo «fardelak» kanpoaldetik etiketatzeaz edo errotulatzeaz gainera, kutxa bakoitzaren barruan dauden azpiontziak ere identifikatuko dira. Inbentarioan, «Kutxa Erreferentzia» izeneko eremuan, pieza bakoitza gordetzen duen kutxaren eta azpiontziaren zenbakia adieraziko da, halako moduan non, sistema hau erabiliz gero, poltsaren errotuluaren kode berberak balio ahal izango du fitxan deskribatutako piezak kokatzeko kode identifikagarri moduan.
Hona adibide bat sistema ongi ulertzeko:
01/23 kutxa (1 zenbakiko kutxa, bilduma osatzen duten 23en artetik). Kutxa identifikatzen duten digituen kopuruak guztira zenbat kutxa dauden adierazten du; kopurua ehunetik gorakoa bada, hiru digitu erabiliko dira gutxienez. Komeni da bi, hiru edo lau digituko zenbakiak erabiltzea, kutxa-kopuru osoaren arabera, eremu honi jarraikiz erregistroak antolatzean operatiboagoa delako «001» karaktere-katea, «1» katea baino.
Adibideari jarraituz, 01 kutxa horren barruko poltsa edo azpikutxak identifikatzeko 01/001, 01/002, 01/003... erabiliko ditugu. Lehendabiziko bi digituek kutxa «nagusia» zein den adierazten dute; hurrengo hiru digituek horren barruko polsa/azpikutxa zein den.
Etiketa edo errotulu guztiak argiak eta erraz irakurtzeko modukoak izango dira; ahal dela ordenagailuz editatu eta inprimatuko dira, edo errotulagailu elektronikoen bidez. Hori ezinezkoa bada, besterik ezean, eskuz idatziko dira, argiro, irakurtzeko moduko trazoa duen errotuladore ezabaezinaz.
5.– Materialak inbentariatzea.
Horretarako berariaz Euskal Kultura Ondarearen Zentroak sortutako txantiloi-fitxategia erabiliko da materialen inbentarioa egiteko, eskatzaileak hala eskatuta. Adibide gisako txantiloi-fitxategi bat egongo da eskuragarri Egoitza Elektronikoan, hain zuzen ere, Agindu honetako 8.3 artikuluan adierazten den helbidean.
Materialaren tratamendua banaka egingo da, eta erregistro bat sortuko da piezako. Erregistro berean jaso ahal izango dira izaera, genero edo tipologia bera duten pieza-loteak, baldin eta euren zatikatzea dela-eta deskribapena erregistro desberdinetan jasotzeko moduko garrantziarik ez badute.
Inbentarioko erregistro edo fitxa berean inbentariatutako pieza edo pieza-multzo bakoitzari buruzko datuak honako eremu-egitura eta datu-formatuaren arabera sartuko dira:
Katalogatutako piezari eta bere testuinguruari buruzko datuak:
Sigla (pieza edo piezen sigla osoa).
Estratigrafia-kokapena (alegia, maila; UE;...).
Laukia.
Azala.
X koordenatua (zenbakizko formatua).
Y koordenatua (zenbakizko formatua).
Z koordenatua (zenbakizko formatua).
Zati kopurua (zenbakizko formatua).
Sailkapena (glosategia).
Forma (glosategia).
Formari buruzko zehaztasunak.
Piezaren deskripzioa (adibidez: loro-moko berana, TSH Hispanikoa 35 ertz-zatia).
Material (glosategia).
Erabilera/funtzioa.
Egoera (osoa, zati bat, profila).
Aldia (glosategia).
Kronologiari buruzko gehigarrizko datuak.
Deskribapen morfologikoa/anatomikoa (glosategia).
Fabrikazio-teknika.
Dekorazio-teknika.
Neurriak.
Sexua (glosategia).
Adina (glosategia).
Patologiak.
Kontserbazioari eta gordailatzeari buruzko datuak:
Zaharberritua (bai, ez).
Kontserbazioa (ona, tartekoa, txarra).
Zaharberritua izateko premia (txikia, bitartekoa, handia).
Kutxa erreferentzia.
Oharrak.
Piezaren dokumentazioari buruzko erreferentziak.
Marrazkia (erref.).
Argazkia (erref.).
Bibliografia (katalogatutako piezaren irudi argitaratuen bibliografia erreferentzia osoa).
Oharrak.
Fitxa-egilea.
6.– Dokumentazio grafikoa.
Dokumentazio grafiko osoa euskarri digitalean jasoko da, marrazkia edo argazkia egiteko erabilitako metodoa edozein dela ere.
Zeramikak eta harriak ohiko moldeen arabera irudikatuko dira. Marrazkia eskala grafikoarekin batera aurkeztuko da, eta irudikatutako piezaren sigla jarriko da.
Argazkiak eskala grafiko batez lagunduko dira, eta gutxienez 300 ppp-ko bereizmena izango dute. Argazkien hartualdia, kalitatea eta neurria argitalpen zientifikoetarako erabili ohi direnak izango dira.
Dokumentu grafikoak gordetzen dituen fitxategiaren izenak beti eramango du zerrendan dokumentuari esleituriko zenbakia, marratxo batez banaturik fitxategiaren izena osatzen duten gainerako karaktereen katetik.
Dokumentuak modu korrelatiboan zenbakituko dira, alde batera utzita pieza bat modu batean baino gehiagotan ager daitekeela dokumentu ezberdinetan. Dokumentu grafikoen zerrenda bat egingo da taula moduan, adibidearen ereduari jarraituz honako datu hauek jasotzeko.
Zerrendaren adibidea:
Zerrenda erantsiko da diru-laguntza justifikatzeko aurkeztu behar den txostenean.
7.– Materialak eta haien inbentarioa gordailu zentroan entregatzea.
Materialak 341/1999 Dekretuko 13. artikuluan ezarritakoaren arabera entregatuko dira, aztarnategiari eta esku-hartzeari buruzko honako dokumentu hauekin batera:
– Aztarnategiaren kokalekuaren mapa, 1:5000 eskalan, edo eskala txikiago batean, materiala aztarnategiaren lehenengo esku-hartzetik edo esku-hartze bakarretik baldin badator, esku-hartzearen mugaketa markatuta; prospekzioen kasuan, kata, material eta egituren kokalekuak adierazi behar dira.
– Esku-hartzearen edo kanpainaren emaitzei buruzko atariko txostena.
– Materialen inbentarioa, Euskal Kultura Ondarearen Zentroak inbentarioa egiteko eskuratzen duen fitxategian jasota.
– Egindako kontserbazio edo zaharberritze tratamenduei buruzko fitxen edo txostenen kopiak.
– Inbentariatze eta siglatze lanetan erabilitako irizpideak jasoko dituen fitxa teknikoa, batez ere inbentario edo erregistro zenbakiari dagokionez, eta entregatutako materialen inguruan adierazi nahi den beste edozein argibide.