EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2015199

AGINDUA, 2015eko irailaren 22koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak irakatsi dituzten ikastetxeen baimena aldatzeko dena.

Xedapenaren data: 2015-09-22
Hurrenkenaren zenbakia: 201504396
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/06/12an argitaratutako 2015/06/09ko 201500086 DEKRETUA

Otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretuak hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako ikasketen Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifiko batzuk arautzen ditu (martxoaren 5eko BOE). Errege Dekretu horren bosgarren xedapen gehigarriaren arabera, hezkuntza-administrazioek eskumena izango dute Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak aurretik eman dituzten ikastetxe pribatu eta publikoei oinarrizko lanbide-titulu bat lortzera daramaten ikasketak irakasteko baimena emateko, baimen-eskaera berririk egin beharrik izan gabe, betiere titulu horrek baldin badauka ordura arte irakasten zuten Programaren lanbide-profila.
Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuak (ekainaren 12ko EHAA), aipatutako 127/2014 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraituz, lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen duenez, 2012-2013 ikasturtetik aurrera Hasierako Lanbide Prestakuntzako programak eman dituzten ikastetxeek baimena izango dute dagozkien Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluak lortzera bideratutako irakaskuntzan jarduteko, baldin eta titulu horiek ordura arteko programen lanbide-profila barne hartzen badute.
Aipatutako xedapenean ezarritakoa aplikatze aldera, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Lanbide Heziketa irakasteko baimena duten ikastetxe pribatuen zerrenda argitaratu behar da, bai eta baimentzen zaizkien heziketa-zikloak ere, irakasten zituzten Hasierako Lanbide Prestakuntzako programen arabera.
Arau hauek ikusi dira: maiatzaren 3ko Hezkuntzako 2/2006 Lege Organikoa (maiatzaren 4ko BOE); otsailaren 28ko 127/2014 Errege Dekretua, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketako ikasketen Oinarrizko Lanbide Heziketaren alderdi espezifiko batzuk arautzen dituena, hamalau oinarrizko lanbide-titulu onartzen dituena, haien oinarrizko curriculumak finkatzen dituena eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritako irakaskuntzei dagozkien titulu akademiko eta lanbide-tituluak emateari buruzko abenduaren 4ko 1850/2009 Errege Dekretua aldatzen duena (martxoaren 5eko BOE); maiatzaren 16ko 356/2014 Errege Dekretua, Lanbide Heziketako irakaskuntzen titulu-katalogoko Oinarrizko Lanbide Heziketako zazpi titulu ezartzen dituena (maiatzaren 29ko EHAA); abuztuaren 28ko 774/2015 Errege Dekretua, Lanbide Heziketako irakaskuntzen titulu-katalogoko Oinarrizko Lanbide Heziketako sei titulu ezartzen dituena (abuztuaren 29ko BOE); ekainaren 9ko 86/2015 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzkoa (ekainaren 12ko EHAA), eta gai horretan aplikatu beharreko indarreko araudia. Horiek horrela, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Agindu honen eranskinean argitaratzen da Euskal Autonomia Erkidegoan Oinarrizko Lanbide Heziketa emateko baimena duten ikastetxe pribatuen zerrenda, 86/2015 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa betetzeko.
2. artikulua.– Agindu honen eranskinean adierazten diren Oinarrizko Lanbide Heziketako heziketa-zikloak irakasteko baimena ematen zaie bertan ageri diren ikastetxe pribatuei.
3. artikulua.– Ikastetxeek indarrean dagoen araudia bete beharko dute, agindu honen bidez baimentzen zaizkien heziketa-zikloak irakasteko eskatzen diren ikaspostuen kopuruari, ekipamenduari eta irakasleen titulazio akademikoari eta hizkuntza-eskakizunari dagokienez.
4. artikulua.– Ikastetxeek Eraikuntzako Kode Teknikoa bete beharko dute, martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuak onartua, bai eta indarreko legeriak ezartzen dituen higiene-, akustika-, bizigarritasun-, segurtasun- eta irisgarritasun-baldintzak ere. Ikastetxeko titularrarena izango da baldintza horiek ez betetzearen erantzukizuna.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan dagoen baimen-emateak ez dauka bere baitan, inola ere, hezkuntza-itunen araubidearen bitartezko laguntzak lortzea.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honen aurka aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 22a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.