EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2015199

AGINDUA, 2015eko urriaren 7koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarriak onartzeko dena, 2015eko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2015-10-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201504395
Maila: Agindua
Nekazaritza baliotsua da landa-eremuetako ekonomia jasangarria izan dadin. Nekazariek hainbat lan egiten dute, janariak ekoiztetik natura eta turismoa zaintzeraino; euren jarduerei esker, ondasun publikoak hornitzen dituzte.
Europa 2020 estrategiaren helburua da: (NPB) nekazaritzako politika bateratuari beste ikuspegi bat ematea, nekazaritza-jarduna errentagarri eta lehiakor egiteko gai izan dadin eta, aldi berean, nekazariak konpentsatzeko, produktuen prezioek estaltzen ez dituzten lanengatik.
Horren haritik, 2015-2020ko aldiari dagokion landa-garapeneko politikarako esparrua xedatu da, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren abenduaren 17ko 1305/2013 Erregelamenduan (EB), Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren bidez landa-garapenean laguntzeari dagokionez.
Erregelamendu horretan, 16. artikuluan, hain zuzen, adierazita dago arau honek nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideei buruz garatu nahi duen neurria.
Janarien sektorea sektore estrategikoa da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euskal landa-ingurunerako funtsezko substratua da. Sektore horren lehiakortasuna handitzeko xedeaz, garatzen joan da euskal nekazaritzan nolabait sustraituta dauden produktu batzuk bereizteko eta sustatzeko estrategia bat. Testuinguru horretan sortu dira jatorri-deiturak, adierazpen geografiko babestuak eta kalitate-bereizgarriak; izan ere, janarien ekoizpenari kalitatea emateaz gain, kontsumitzaileen artean oso ospe ona izaten dute.
Kalitate-araubide horietan parte hartzeak batzuetan kostu eta betebehar gehigarri batzuk sortzen dituenez, eta merkatuak ez dituenez beti behar adina saritzen, nekazariek programa horietan parte har dezaten sustatu behar da.
Produktu horiek elikatean hobeto sartzen lagunduko da funtsean, neurri horren bidez; horretarako, gure ekoizpen-sektorearen eginkizuna sustatu behar da eta, neurri txikiago batean, transformatzaileena, elikateari balio erantsi bat eman dakion. Halaber, ziurtatutako eta aitortutako kalitatea duten euskal produktuak hobeto jarri behar dira merkatuetan, erkidegokoetan zein kanpokoetan, eta sustatu behar da Euskal Autonomia Erkidegoko ekoizleek eta produktuek parte-hartze handiago bat izan dezaten Euskadiko kalitate berezi eta ziurtatuaren estrategian.
Horretaz gain, egitura-arazoak dituzten ustiategiak berregituratzen lagunduko du neurri horrek; horretarako, ustiategien lehia-hobekuntza bultzatzeko, kalitate-bereizgarriak har ditzaten sustatuko da eta horiek balio erantsi bat emango die euren ekoizpenei.
Halaber, berrikuntzan ere lagunduko du zeharka; izan ere, merkatuetan kalitate ziurtatua duten produktuak apurka-apurka ugaritzen eta finkatzen joateak eragingo du produktu horien barietateak, formatuak, etiketak, aurkezpena, eta abar berritzea. Halaxe gertatu da Euskadin (1992) apustu politikoa egin zenetik, kalitate bereiz eta ziurtatuaren estrategiaren alde, gure nekazaritzako eta elikagaigintzako ekoizpen gehienetan.
Azkenik, ekoizpen ekologikoa ere sustatzen den aldetik, nolabait lagunduko du biodibertsitatea berrezartzen eta zaintzen, Natura 2000ko eremuetakoa, natur balio handiko nekazaritza-sistemetakoa eta paisaia europarretakoa, ingurumena zaintzeaz batera.
Erregelamendu erkide berriak badu bere isla Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapenerako Programan, 2015-2020ko aldirako; programa hori Europako Batzordeak onartu zuen, 2015eko maiatzaren 26an, C (2015) 3479 azken erabakiaren bidez. Landa-garapenerako programa horrek 2015-2020ko aldirako laguntza-ildo batzuk ditu, hauek, hain zuzen: M03.1. Nekazariek kalitate-araubideetan lehen aldiz parte hartzeko laguntza, eta M03.2. Informazio- eta promozio-jardueretarako laguntza, barne-merkatuko ekoizle taldeek abiaraziak. Beraz, LGENF funtsaren finantzaketa ere izango dute.
Kontuan hartuta Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 23ko 5/2014 Legea, eta Gobernu Legeari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26.4 artikulua,
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Onartzea nekazaritzako eta jateko produktuen kalitate-araubideetarako laguntzen deialdiko oinarri arautzaileak, 2015eko ekitaldirako, I. eranskinean adierazitako terminoetan.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ondorioak.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko urriaren 7a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.