EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2015197

IRAGARKIA, Berrikuntza Ikerketa Osasuna Euskal Fundazioko (BIOEF) Patronatuaren presidenteordearen eta apoderatu orokorraren 2015eko urriaren 1eko Ebazpenari buruzkoa; ebazpen horren bidez eman zen argitara minbiziaren inguruko ikerketa-proiektuetarako laguntzen deialdia.

Xedapenaren data: 2015-10-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201504373
Maila: Iragarpena
Sekzioa: IRAGARKIAK (Pribatuen iragarkiak)
Aurrekoetan bezala, EiTB maratoia 2014 ekimenak ikerkuntza biomedikorako funts kopuru nahiko handia lortu du; ekimen horretan modu aktiboan parte hartu dute hainbat elkartek, erakundek eta entitatek eta beste pertsona askok, euren kontura. Aurten, minbiziaren inguruan ikertzeko. Ekimen solidario horren bitartez bilduko den dirua, behin antolaketaren eta EiTBren ekoizpenaren gastuak, eta BIOEFen kudeaketa-gastuen zati bat kenduta, minbiziaren ikerkuntza sustatzeko laguntzei gehituko zaie. Aurten, ikerkuntza-arlo hori sendotzeari eta bultzatzeari zuzendutako zenbatekoa ikerkuntza-proiektuak finantzatzeko izango dira.
BIOEF Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio bat da, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Ikerkuntza eta Berrikuntza Zuzendaritzaren mendekoa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala zehazten duen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuak xedatu bezala. Estatutuen arabera, [...Fundazioak Euskadiko Osasun Sisteman berrikuntzaren eta ikerkuntzaren sustapena du xede, horren interbentzioa gaitasunak garatzeko eta hobetzeko asmoz, herritarren osasuna babesteko...]. Laguntzen deialdi honen bitartez, BIOEFek minbiziaren ikerkuntzan aurrera egiten jarraitu nahi du.
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da deialdia arautzea eta minbiziari buruzko osasunaren inguruko ikerkuntza-proiektuetarako laguntza ekonomikoa ematea, objektibotasun-, lehiakidetasun- eta publikotasun-printzipioak beteaz.
2. artikulua.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen proiektuak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahalko dituzten proiektuak minbizian ikerkuntza biomedikoko proiektuak izango dira. Minbiziaren inguruko ikerkuntza biomedikoko proiektuak berriak izango dira eta ez dute kanpoko finantzaziorik jasoko.
Deialdi honi dagokionez, oinarrizko ikerkuntza (gaixotasunera zuzendua), klinikoa (gaixoari zuzendua), epidemiologikoa, osasun publikokoa eta osasun zerbitzuetakoa, da ikerkuntza biomedikoa. Baita osasuna edo ikerkuntza biomedikoko prozesu eta teknologiak hobetzeari zuzendutakoak garatzea ere.
2.– Diru-laguntzei dagozkien proiektuek ikertzaile nagusi bat izan behar dute, proiektuaren exekuzio zientifiko eta teknikoaren arduraduna izango dena.
3.– Aurkeztuko diren ikerkuntza-proiektuek Helsinkiko Aitorpenean zehaztutako funtsezko printzipioak beteko dituzte, eta baita ikerkuntza biomedikoko eremuan indarrean dagoen legeria ere.
4.– Gizakiekin esperimentatzea edo giza jatorria duten lagin biologikoak erabiltzen duten proiektuetan zentroko Ikerkuntza Klinikoko Etika-Batzordeak bidalitako baimena ere aurkeztu beharko dute, indarrean dagoen akordioak osatutakoa. Batzordearen baimen horrekin batera, baimen informatua eta gaixoari informatzeko orria ere aurkeztuko dira.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honetan biltzen diren laguntzen onuradunak izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako I+G zentro publikoak eta pribatuak. Ezingo dira deialdira aurkeztu, dagokion zigorrak esaten duenaren arabera, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzea galarazten duten administrazio-zigorra edo bestelakoa duten zentroak, ezta horretarako eskubidea kentzen dien legezko debekuren bat dutenak ere.
Kasu honetan onuradunak hauek izango dira: osasun entitate edo erakunde publikoak, unibertsitate publikoak, ikerkuntza erakunde publiko onartuak, herri administrazioaren mendeko I+G zentroak, Osasun Ikerkuntzarako Institutuak, osasun entitate eta Erakunde pribatuak, unibertsitateak eta beste erakunde pribatuak, berariazko pertsonalitate juridikoa dutenak eta I+G jarduerak burutzen dituztela edo buru ditzaketela egiaztatzen dutenak.
2.– Eskatzen duten zentroek zergak egunean dituztenaren edo salbuespen egoeran daudenaren ziurtagiria aurkeztu behar dute eskakizunarekin batera. I+Gko zentro pribatuek erakunde eskudunak igorritako ziurtagiriaren bitartez egiaztatuko dute.
3.– Entitate eskatzailearen legezko ordezkariaren sinadurak entitateak (laguntza jasotzen duenean) jarduera behar bezala burutzeko konpromisoa hartu duela esan nahi du, eta baita eskakizunean datozen datuak egiazkoak direla egiaztatu eta baieztatu duela ere. Gainera, eskatutako betekizunak betetzen dituela ere esan nahiko du, ikerkuntza jarduerei aplikatzen zaien araudia betetzeaz gain.
4. artikulua.– Laguntza emateko prozedura.
Laguntzak lehiaketa bidez esleituko dira. Horretarako, aurkeztuko diren eskakizunak konparatu egingo dira 12. artikuluan biltzen diren irizpideak jarraituz haien lehentasunaren arabera sailkatzeko, eta laguntzak agortu arte banatuko dira, deialdian esleitu diren kredituen arabera.
5. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Deialdi hau finantzatzeko baliabide ekonomikoen zenbatekoa, jatorria Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako zuzendutako aurrekontuen kredituetan duena, laurehun eta hamabost mila hirurogeita hamaika euro eta laurogeita lau xentimokoa da (415.071,84).
6. artikulua.– Dirua jaso dezaketen proiektuen eskakizunak.
1.– Ikerkuntza-proiektuetan osasun zentro publiko batek hartuko du parte, gutxienez. Salbuespenen batean, ikerkuntzaren xedea den arloaren espezialitatearen arabera proposaturiko ikerketan parte har dezakeen osasun zentro publikorik ez badago, baldintza hori saltatu daiteke.
2.– Ikerkuntza biomedikoko proiektuek gutxienez bi urte eta gehienez hiru urte iraungo dute.
3.– Ikerkuntza biomedikoko proiektuak banaka edo proiektu koordinatu gisa aurkeztu ahalko dira.
a) Banaka aurkeztutako proiektuak proposatutako jarduerak garatzeaz arduratuko den ikertzaile nagusi batek zuzenduko duen ikerketa-talde bakar batentzat izango dira. Deialdi honetan ikertzaileen talde gisa kontuan hartzeko, ikertzaile nagusia eta taldeko gainerakoak, komunean jarriko dituzte azken 5 urteotako kanpo-finantzazioa duten argitalpenak eta proiektuak, egoera horretan jarraitzen badute edo ez badute ere. Sortzen diren taldeei ez zaie baldintza hori eskatuko, hau da, haien ikertzaile nagusiak proiektu batean parte hartu ez duenean, eta kolaboratuko duten ikertzaileen portzentajea totalaren % 20 baino txikiagoa denean, eta baita eskaera egin duen zentroan sartu berri diren taldeak ere, hau da, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera zentroan sartu direnak.
b) Koordinatutako proiektuak bi azpiproiektuz edo gehiagoz egongo dira osatuak, elkarren independenteak baina elkarrekin giltzatuak, gai nagusiaren inguruan, proiektuak berdinak izan daitezke, gaixoen kopurua hobeto barneratzeko, edo desberdinak, ikerkuntza orokorraren proiektuaren atal bana burutzeko. Proiektuaren koordinatzaile orokorra azpiproiektu horietako ikertzaile nagusietako bat izango da. Azpiproiektu horietako bakoitzaren ikertzaile nagusia izango da haren erantzulea, koordinazio zientifikoari eta proiektu orokorraren jarraipena egiteari dagokienez izan ezik. Proiektuaren koordinatzaile orokorra izango da, hain zuzen ere, horien erantzulea.
7. artikulua.– Ikertzaile nagusia izateko baldintzak.
1.– Ikertzaile nagusiak ondorengo baldintzak beteko ditu:
a) Lotura funtzionariala, estatutarioa edo kontratu bidezkoa formalizatuta edukitzea proiektuaren eskaera egin edo proiektua burutu duen zentroarekin, gutxienez laguntza eskatu den unetik diru-laguntza emateko datara arte. Osasun Ikerketako Institutuei dagokienez, ikertzaile nagusien lotura eskaera egin duen zentroarekin izango da, edo bestela, ikertzailearen lotura hartzen duen eta indarrean dagoen hitzarmena duten entitateekin.
b) Osasun trebakuntza programarik burutzen ez egotea.
8. artikulua.– Finantza daitezkeen gastuak.
1.– Kasu bakoitzean emandako laguntza jarraian aipatuko diren gastuak ordaintzeko izango dira, baldin eta proiektua burutzearekin lotuta badaude eta aurretik Eskakizunaren memorian sartu badira.
Puntuetan adierazten diren kopuruak deialdiak finantzatuko dituen gehienezkoei buruzkoak dira, eta ezingo dira bateratu xede berarekin lor daitezkeen beste diru-laguntzekin.
2.– Ondasunak erostearen eta zerbitzuak kontratatzearen ondoriozko gastuak. Proiektua burutzeko zenbatu daitekeen materiala sartzen da hemen, eta ez dira kontuan hartuko altzariak eta instalazioak, ezta kudeaketarako erositako ekipo informatikoak.
Material suntsikorra eta gastu osagarriak, material bibliografikoa eta proiektuen emaitzak jakitera emateko eta transferitzeko gastuak ere sartuko dira hemen. Behar bezala arrazoituta badago, eta proiektua burutzeko beharrezkoa denean, sail horretan ez da mugarik egongo.
Bulegoko material orokorraren finantzazioa ez da hemen sartuko: fotokopiak, laserra, telefono-gastua, etab.
Memorian azalduko da proiektua garatzeko espero den kanpo zerbitzuen kontratazioa, eta zerbitzu horien ezaugarriak eta kontratuaren kostua adieraziko dira.
3.– Langileen kontratazioa. Proiektua burutzeko behar diren pertsonak. Ez lukete lanaldi osoko erlazio funtzionariala, estatutarioa edo lan-harremana edukiko zentro onuradunekin edo kontratua egiteko unean proiektua burutuko duenarekin.
Zure aukeraketa publikotasunaren, aldiberekotasunaren eta lehiakidetasunaren printzipioak beteaz egingo da.
Kontraturako gehienezko zenbatekoak urteko 40.000 euro izango da kontratatutako pertsona doktorea bada, urteko 33.000 euro goi titulua badu, urteko 26.000 euro erdi mailako tituluduna bada eta 21.000 Lanbide Heziketako teknikaria bada.
Atal honetan sartuko da, gainera, gerta daitezkeen ikertzaileen ordezkapenak, proiektuaren ikertzaile baten lanaldiaren % 50eraino. Proiektuak Deialdiak finantzatuko duena baino ikertzaileen lan gehiago behar badu, zentro onuradunak jarriko du dirua.
4.– Bidaia eta desplazamenduen ondoriozko gastuak. Landa-lanean eta koordinazio-bileretan sortutakoak eta kongresuetara, hitzaldietara eta halakoetara joateak sortutako gastuak, proiektuarekin harreman zuzena badute.
5.– Deialdi honekin ordaintzeko gastu finantzagarriak izango dira, kostu zuzenaren % 10eraino, proposatutako proiektuaren gastu zeiharrak. Hau da, proiektua burutuko duen entitatearen egitura gastuak (argia, ura, garbitasuna, mantentze-lanak edo antzerakoak), proiektu zehatz bati zuzenean esleitzen ez badira ere proiektua burutzeko beharrezkoak direnean.
6.– Ebazpen honen inguruan emango diren laguntzak xede berarekin lortu daitezkeen laguntza edo subentzioekin bateragarriak izango dira, gehiegizko finantzazioa ez bada. Gehiegi finantzatzea bada, diru-laguntzaren zenbatekoa dagokion gehienezko mugararaino emango da.
7.– Ikertzaileen taldeko kideek, osasun trebakuntza espezializatze aldiko lizentziatuak barne, ezingo dituzte proiektuan kargatzeko ordainsaririk jasoko.
8.– Proiektua bukatutakoan, emandako laguntzarekin erosi den zenbatu daitekeen materiala eta bibliografikoa proiektua burutu duen zentroarena izango da etorkizunean eta ikerkuntza jardueran erabiliko da printzipioz.
9. artikulua.– Eskakizunak aurkezteko lekua eta epea.
1.– Eskakizunak BIOEFen aplikazio informatikoaren bitartez edo paperean egin ahalko dira.
2.– Eskakizuna modu elektronikoan tramitatzeko, ondorengo egoitza elektronikoetan sartu behar da:
http://oiker.bioef.org/Convocatorias/tabid/130/Default.aspx
3.– Paperean egingo diren eskakizunak inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztuko dira (I. eranskina), BIOEFen web-orriko «O+Iker»_«Documentos de interés» _«Documentos originales» atalean eskuratu daitezkeenak (www.bioef.org), eta proiektuaren ikertzaile nagusiak edo eskatu duen zentroko legezko ordezkariak sinatuko du aurkeztu aurretik. Gainera, ikertzaileen taldeko gainerako kideek ere sinatu behar dute parte hartze horrekin ados daudela egiaztatzeko.
4.– Eskakizunak helbide honetara bidaliko dira: BIOEF, Ronda de Azkue 1, 48902 Barakaldo, Bizkaia.
5.– Laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da laguntzen deialdiaren ebazpena Euskal Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
6.– Zentroek haien eskakizunak eskatuko zaizkien gainerako dokumentu guztiekin batera aurkeztu ahalko dituzte, aukeratutako hizkuntza ofizialean. Gainera, eskaeraren ondoriozko ekintzetan, eta prozedura osoan zehar, eskaera egin duen zentroak aukeratutako hizkuntza bera erabiliko du, azaroaren 24ko Euskararen Erabileraren inguruko 10/1982 Legearen 5.2) eta 6.1 artikuluek zehazten dutena beteaz.
10. artikulua.– Eskakizunak: eskakizun-inprimakiarekin batera entregatu behar diren dokumentuak.
a) Ikerkuntza-proiektuaren memoria eredu normalizatuan (II. eranskina). Ingelesez ere onartuko da proiektuaren memoria.
b) Ikertzaile nagusiaren Curriculum vitae-a (III. eranskina) eredu normalizatuan (Osasun Sailaren curriculumerako ereduak eta Carlos III Osasun Erakundearenak onartuko dira, eta baita Zientzia eta Teknologiarako Espainiar Fundazioaren Curriculum Vitae-aren Eredu Normalizatua ere - FECYT).
c) Proiektua proposatu duen ikerketa-taldearen historial zientifiko-teknikoaren memoria (IV. eranskina), eredu normalizatuan.
d) Ikertzaile nagusiari dagokion zentroaren Ikerketa Batzordearen txostena, proiektuaren bideragarritasuna bermatzen duena.
e) Ikertzaile nagusiari dagokion Ikerketa Klinikoko Batzorde Etikoaren txostena, beharrezkoa denean.
f) Ikerketarako Euskal Biobankuaren Ziurtagiria, proiektuan giza jatorria duten lagin biologikoak erabili behar badira, ikertzaile nagusiak Biobankuari deialdi honetan eskatutako diru-laguntzaren xede izango den proiekturako lagin biologikoak eman edo lagatzea eskatu izana ziurtatzen duena.
g) Arduradunaren adierazpena (V. eranskina).
Atal honetan aipatzen diren eredu normalizatuak BIOEFen web-orriko «O+Iker»_«Documentos de interés» _«Documentos originales» atalean daude (www.bioef.org).
a, b, c, d, e, f, g dokumentuak aplikazio telematikoaren bitartez bakarrik bidaliko dira, aukera hori aukeratzen bada (9.1 artikulua) eta ez da paperez aurkeztu beharko, eta onuradunentzat izango dira.
Proiektu koordinatuen kasuan, azpiproiektu bakoitzarentzat eskakizun oso bana egingo da. Proiektuaren koordinatzaile gisa jardungo duen ikertzaile nagusiak gainerako dokumentuak erantsi beharko ditu, egoera horren inguruan idatziz eta zein talde koordinatzen dituen azalduko du bertan eta taldeen arduradun guztien sinadurak bilduko ditu ados daudela egiaztatzeko.
11. artikulua.– Eskakizunean egon daitezkeen akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzen eskakizunetako eremu guztiak beteta ez badaude, edo eskatzen den dokumentazio guztia ez baditu, zentro eskatzaileari eskatuko zaio hamar egunetan hori zuzendu edo falta diren dokumentuak bidaltzea, eta hala egiten ez badu eskakizuna ukatuko zaio eta BIOEFek ebatziko du eskakizun horren inguruan eta hura jakinaraziko du.
12. artikulua.– Eskakizunen ebaluazioa.
Ongi eta epearen barruan aurkeztutako edo zuzendutako eskakizunen ebaluazioa eta aukeraketa, aurreko artikuluaren arabera, Balorazio Batzordeak egingo du, artikulu honen 1. artikuluan zehaztu den bezala.
1.– Hauek izango dira Balioztatze Batzordearen partaideak: Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen zuzendaria, O+Iker, presidente gisa jardungo duena eta bokal gisa Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko Ikerkuntza eta Garapen Zuzendaria Osakidetzaren Osasun Laguntzako Azpizuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren Zuzendaria, EiTBko ordezkari bat –Euskal Irrati Telebista–, eta minbizia dutenen Euskadi eta Nafarroako elkarteen ordezkari bat eta BIOEFen I+G laguntzen deialdien kudeaketa arduradun bat izango dira, azken hori izango delarik idazkaria.
2.– Balorazio Batzordeak proiektuak ebaluatuko ditu ondorengo balorazio-irizpideen arabera:
a) Ikerketa proiektuen kalitate zientifiko-teknikoa deialdi honen 3. puntuan zehazten dena beteaz: Gehienez 50 puntu.
b) Proiektuak deialdian zehaztu diren eremu eta ildo nagusietara egokitzea: gehienez 20 puntu. Deialdi honetan lehentasuna edukiko dute gaixotasunaren prebentzioari, tratamenduari eta diagnosi goiztiarrari zuzendutako zentro edo diziplina anitzeko proiektuek, eta baita minbizia duten gaixoei laguntza ematea errazteari zein haien ingurune sozio-familiarraren arretari zuzendutakoak.
c) Euskadiko Osasun Sistemarentzako proposamenaren interesa: gehienez 25 puntu. Puntu honetan proiektuak Osasun Sailaren lehentasuneko ildoetara, Euskadi 2013-2010 Osasun Planari eta Euskadi 2013-2016 arreta soziosanitarioko Ildo estrategikoei egokituko dira eta baita Osakidetzaren 2013-2016 ekintza planari zein haren ildo estrategikoei ere.
d) Proiektuaren emaitzak hedatu eta jakitera ematea: gehienez 5 puntu.
Gutxienez 60 puntu lortzen ez dituzten proiektuak ez dira finantzagarritzat hartuko.
3.– Proiektuen ebaluazioa egin aurretik, Balorazio Batzordeak Ebaluazio eta Prospekzioko Nazioko Agentziaren laguntza eskatuko du –ANEP– zeinek proiektuen kalitate zientifiko-teknikoari buruzko txostenak ekarriko dituen, eta ondorengo alderdiak ebaluatu eta baloratuko dituen:
3.1.– Ikerkuntza-proiektuen ebaluazio zientifiko-teknikoa ondorengo irizpideen arabera burutuko da:
a) Ikerkuntza-taldearen balorazioa: garapen klinikoaren, asistentzialaren edota Osasun Sistema Nazionalaren garapen teknologikoarekin lotutako ikerkuntza-proiektuen, saiakuntza klinikoen, ikerkuntza jardueren ekarpenak, argitalpenak,`patenteak eta jabetza industrialeko beste hainbat erregistro, ikertzaile nagusiarena eta proiektuaren gaiarekin lotuta, ikerkuntza-taldearen historialarena. Ikertzaileen taldea proiektuarentzat egokia den ere baloratuko da. Gehienez 35 puntu.
b) Proiektuaren balorazio zientifikoa: ikertzaileen taldeak duen gaiaren ezagutza mailaren eta hipotesiaren balorazioa. Proiektuaren xedeen garrantzia zientifiko-sanitarioa. Proposamenaren bideragarritasuna eta arriskuak. Analisi metodologikoa eta lan egitasmoa. Gehienez 55 puntu.
c) Proiektuaren balorazio ekonomikoa. Proiektua burutzeko eskatu diren baliabideen egokitasuna. Eskatu diren baliabideen justifikazioa. Gehienez 10 puntu.
Proiektuaren balorazio zientifikoan 30 puntu edo gehiago lortzen ez duten proiektuak ez finantzagarri izendatuko ditu Hautespen Batzordeak.
4.– Bere betekizuna betetzeko, Batzordeak zentro eskatzaileei proiektua ongi ulertzeko beharrezkoak diren dokumentu guztiak ekartzea eskatu ahalko dio; gainera, proiektuetan aldaketak egitea iradoki ahalko dizkie zentro eskatzaileei haiek programa honen helburuei hobeto egokitzeko.
13. artikulua.– Zenbatzeko irizpideak.
1.– Balorazio Batzordeak laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko hauxe hartuko du kontuan: aurkeztutako aurrekontua, deialdia finantzatzeko dauden baliabide ekonomikoak, eta aurkeztutako aurrekontua egokia den aurkeztu diren helburuentzat Ebaluazio eta Prospektibako Nazioko Agentziak –ANE– egindako txosteneko oharrak kontuan hartuta eta 4. artikuluan bildutakoa aplikatuz.
2.– Koordinatutako proiektuen kasuan, azpiproiektu bakoitza independentea izango da artikulu honi dagokionez.
14. artikulua.– Ebazpena, errekurtsoak, itzultzeko eta jakinarazteko epeak, publikotasun-prozedura eta laguntza onartzea.
1.– Aurkeztutako eskakizunak prozeduraren bidez tramitatuko dira, eta haien ebazpena, eskaera egin duten zentroek planteatutako galderen inguruan erabakiz, Balorazio Batzordeak proposatuta, Patronatuaren presidenteordea eta BIOEFen apoderatu orokorraren egongo da.
2.– Ebazpenak esleipena zehaztuko du eta eskatutako laguntzak ukatzen badira, lehenengoen kasuan, zentro onuraduna, diru-laguntza jasoko duen proiektua eta laguntzaren zenbatekoa zehaztuko da, urtean zenbatekoa izango den adierazita. Ukatu direnetan, ukatze horren arrazoiak zehaztuko dira.
3.– Aurreko paragrafoak aipatzen duen ebazpenaren aurka egin ahal izango da jurisdikzio arruntean.
4.– Hartuko den ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, eta BIOEFen web-orrian ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sei hileko epean. Epe hori igaro eta ebazpena argitaratu ez bada, eskaera egin duten zentroek eskaera hori onartua izan ez dela ulertuko dute.
5.– Finantzazioa lortuko duten zentroei laguntza emango zaiela jakinarazteko idatzia bidaliko zaie. Jakinarazpen hori jaso eta 15 eguneko epean, zentroek hari uko egin ahal izango diote. Uko egite hori aurkezten ez bada, deialdiari dagokionez, laguntza onartu dela ulertuko da.
15. artikulua.– Zentro onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzaren zentro onuradunek ondorengo betebeharrak bete beharko dituzte nahitaez:
1.– Diru-laguntza xede zehatzerako erabili eta haren helburuentzat erabili behar da.
2.– BIOEFi deialdi honen bitartez jasoko den diru-laguntzaren inguruan eskatuko dion informazioa erraztea.
3.– Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari, O+Iker, ahalik eta azkarren jakinaraztea datuetan egon daitezkeen aldaketa edo eskakizunean islatu diren beste egoerak.
4.– Ikertzaile nagusiak laguntza eskakizunean islatu duenean aldaketak edo eraldaketak egitea aurretik eta arrazoituta eskatu beharko dio O+Iker Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari.
16. artikulua.– Laguntzen Ordainketa eta Kudeaketa.
1.– BIOEFen eta Osakidetzaren arteko elkarlanerako hitzarmenei jarraituz, eta BIOEFek eta Osasun Sailak adostutakoetan ikerketa funtsen kudeaketaren inguruan, laguntzen kudeaketa ekonomiko eta administratiboa BIOEFek burutuko du Osakidetzan eta Osasun Sailean burutuko diren proiektuetan, Osasun Ikerketa Institutuetakoak izan ezik, zeinak emandako laguntza kudeatuko duten.
Finantzatutako proiektua Osakidetzatik eta Osasun Sailetik kanpo exekutatzen denean, BIOEFek berehala transferituko dio eskaera egin duen zentroari proiektuaren lehenengo urteari dagokion laguntza. Horretarako, ikertzaile nagusiari laguntza emango zaiola jakinarazi zaionean, hark BIOEFi bidali beharko dio «Entitatearen Banku-datuak» dokumentuaren kopia, haren legezko ordezkariak sinatuta. Dokumentu hori BIOEFen web-orrian egongo da eskuragarri, «O+Iker»_«Documentos de interés» _«Documentos originales» atalean.
2.– Gainerako urteei dagokien dirua O+Iker Osasun Ikerketaren Euskal Erakundeak memoria zientifikoa onartu eta dokumentuen justifikazioaren ondoren jasoko da (VI. eta VII. eranskinak), eta zentro onuradunak urtean behin Helbide horretara bidaliko ditu proiektuan sortutako gastuak.
3.– Zentro onuradunek euren memoria zientifikoak eta ekonomikoak Osasun Ikerketaren Euskal Erakundeari, O+Iker, bidaliko dizkiote eta, haien oniritzia lortutakoan, gainerako urtekoen finantzazioa gaituko du.
4.– Zentro onuradunak, arrazoi sendoengatik, finantzatutako ikerketa-proiektua bukatzerik ez badu, berehala jakinaraziko dio O+Iker Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen zuzendaritzari eta proiektuaren garapen zientifikoaren eta balantze ekonomikoaren egoerari buruzko txostena ere bidaliko dio.
Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzak espedientea aztertuko du eta Patronatuaren presidenteordeari eta BIOEFen apoderatu orokorrari proposatuko die laguntza kitatzeko ebazpena onartzea eta itzuli beharreko kantitateak zehaztuko ditu.
5.– Komenigarria iruditzen zaionean, BIOEFek proiektua nola doan ikusteko baliagarria izan daitekeen informazio osagarria aurkezteko eskatu ahalko du.
17. artikulua.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Laguntza jasoko duen zentroak laguntza nola bideratuko duen arrazoitu beharko du nahitaez, eta horretarako ondorengo dokumentuak aurkeztuko dizkio O+Iker Osasun Ikerketaren Euskal Erakundeari.
Urteroko memoria zientifiko eta ekonomikoa, dagokion ebazpenean adierazitako epean, VI eta VII eranskinetan datorren eskema jarraituz. Memoria zientifikoan proiektuaren garapenaren egoera eta lortu diren xede partzialak azalduko dira, eta ikertzaile nagusiak sinatuta aurkeztuko da. Memoria ekonomikoa ikertzaile nagusiak eta laguntza kudeatuko duen zentroaren lege ordezkariak sinatuko dute eta bertan islatuko da memoriak hartzen duen aldeari dagokion balantze ekonomikoa.
Proiektua bukatu eta hurrengo hiru hileetan, VI. eranskineko inprimaki normalizatua, memoria zientifiko finala, ikertzaile nagusiak sinatua eta memoria ekonomikoa (VII. eranskina) laguntzaren kudeaketa entitatearen legezko ordezkariak eta ikertzaile nagusiak sinatuta bidaliko ditu. Gastuak justifikatzeko haiek azaltzen dituen memoria eta kontu justifikatzaile bat bidaliko dira. BIOEFetik jasotako zenbatekoko gastuak justifikatzen dituzten dokumentu guztiak biltzen dituen aitorpen arduratsua da kontu justifikatua (dokumentuen izaera, identifikazioa, kontzeptua, igorlea, zenbatekoa eta jardueraren egotzitako portzentajea adierazten duena). Adierazitako gastuen ziurtagiriak aurkeztutako aurrekontuko kontzeptu guztiekin egin beharko dute bat eta BIOEFek onetsi behar ditu, eta aurrekontuaren totalari dagokionez kontzeptu bakoitzari dagokion proportzioa eratu beharko dute.
Diru-laguntza behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko, finantzatutako jardueraren gastuen ordainagiriak diru-laguntza eman denetik hurrengo bost urteetan egiaztatu ahalko dira.
2.– Jarraipen memorien aldeko ebaluazioak eta hurrengo urteko laguntzaren ondorengo igorpenak ez dakar egindako gastuak onartzea eta azken memoria ekonomikoan oro har baloratuko den aurrekontuak egoztearekin bat egitea.
3.– Memoria finalarekin batera, dagokionean, ikerketaren emaitzen ondoriozko argitalpen, tesi, karrera bukaerako proiektu eta kongresuetarako jakinarazpen guztien kopia ere aurkeztuko da. Horietan guztietan, eta ondoren sor daitezkeen beste guztietan ere, EiTB Maratoia finantzazio-iturri dela aipatuko da.
4.– Zentro onuradunak memoria ekonomikoan datozen gastuen faktura eta agiri guztiak gordeko ditu nahitaez 5 urteko epean.
18. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.
1.– Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan egon daitezkeen aldaketak, haien xedea bete denean, eta dagokionean, beste erakunde publiko edo pribatuk emandako beste diru-laguntzak aldi berean lortzeak, laguntzaren kantitatea aldatzea eragin dezake. Horretarako, Patronatuaren presidenteordearen eta BIOEFen apoderatu orokorraren gutxiagotze-ebazpena emango da, eta emandako laguntzaren zenbatekoa berriro doituko da.
2.– Proiektua burutzen ari denean beharrezkoa bada, laguntzaren zenbateko osoa gainditu gabe, hainbat gasturi zuzendutako zatikako zenbatekoetan aldaketak barneratu nahi badira, idatziz, aurretik eta arrazoituta eskatu beharko du proiektuaren ikertzaile nagusiak, zentro onuradunaren legezko ordezkariaren oniritziarekin.
O+Iker Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari egingo zaio eskaera.
3.– Proiektuaren bukaera zentro onuradunaren errua ez den arrazoiren batengatik atzeratzen bada eta idatziz eskatuz gero proiektua burutzeko epea bukatu aurretik, eskatutako epea zehaztu eta BIOEFek proiektua bukatzeko epea luzatu ahalko du.
19. artikulua.– Urratzeak.
1.– Jarraipena egiten denean epeei, errentagarritasunari eta emaitzei dagokienez helburuak betetzen ez direla edo urratzen direla ikusten bada, finantzazioa eten ahalko da, eta dagokion lege-ekintza burutu ahalko da. Jasotako dirua itzultzea eskatu ahalko da kasu horretan.
Jarraipena egiten den bitartean ikerketa-taldeak finantzatutako proiektua burutzeari uko egiten badio, BIOEFek berriro esleitu ahalko du deialdia ebatzi zuenean onartutako ordezkoen zerrenda jarraituz.
Urraketen espedienteen hasiera eta tramitazioa egiteko eskudunak O+Iker Osasun Ikerketaren Euskal Erakundearen Zuzendaritza eta BIOEFen Patronatuaren presidenteordea eta apoderatu orokorra izango dira, ebazteko.
2.– Urratze ondorioz dirua itzuli behar denean, BIOEFen aurrean dirua jaso duen zentro onuraduna izango da erantzulea.
Barakaldo, 2015eko urriaren 1a.
BIOEFeko Patronatuaren presidenteordea eta apoderatu orokorra,
GUILLERMO VIÑEGRA GARCÍA.