EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2015196

AGINDUA, 2015eko irailaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, gailu digitalak eskuratzeko diru-laguntzetarako deia egiten duena (2015-2016ko ikasturtea). Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasleak baliatu ahal izango dira gailu horietaz.

Xedapenaren data: 2015-09-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201504337
Maila: Agindua
Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartutako Euskal Herriko Autonomia Estatutuaren 16. artikuluan xedatzen denez, Konstituzioaren lehen xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumena da irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan; Konstituzioaren 27. artikuluari eta bera zehaztuko duten lege organikoei kalterik egin gabe, ezta Konstituzioaren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi-inspekzioari ere.
Halaber, hiritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta herri agintarien eginbeharra da mugak edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea hezkuntzara berdintasunez iritsi ahal izateko.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila berriztatze-prozesuak bultzatzen ari da unibertsitatez kanpoko ikastetxeetan, deialdi espezifikoen bidez zein zuzenean aldaketak sartzeko jarduera, proiektu eta esperientziak proposatuta, irakaskuntza- edo antolakuntza-praktikak hobetuko dituztenak, eta, horrenbestez, hezkuntza-sistemaren kalitatea hobetzeko aukera emango dutenak.
Gizartean izandako aldaketek eta aurrerapenek eta gizartearen eskura jarri diren baliabide digitalek ekarri dute hezkuntzaren alorrean ere sartzea gizarteak berak ohiko jarduera guztietan erabiltzen dituen bitarteko berriak. Hainbat programaren bidez sartu dira pixkanaka IKTak gure ikastetxeetan, eta, une honetan, sare eta gailu digitalak erabiltzeak eragin beharko lukeen aldaketa pedagogikoa zein metodologikoa sustatzea da xedea. Baliabide teknologikoen erabilerak ikasketa-erritmo desberdinetara egokitzen laguntzen du, berdinen arteko ikasketa bultzatzen, ikasten ikasteko gaitasuna indartzen eta gelaren espazio fisiko eta denborazkoa zabaltzen ikasketarako ingurune birtual eta nonahikora. Horrez gain, hezkuntza-plataforma digitalen bidez, ikasgela kanpoaldera zabaltzen da, eta ikasleek eta haien familiek edozein unetan izan dezakete baliabide gehiago, eduki analogikoen mende soilik zertan egon gabe. Horri guztiari bide emateko, pixkanaka hurbildu beharra dago baliabide digitalen errealitate berrira (baliabide metodologikoak eta tresnak) irakasteko eta ikasteko prozesuan.
Horregatik, bi deialdi egin dira, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetarako eta itunduetarako, hurrenez hurren, baliabide digitalen bidezko ikaskuntza-irakaskuntza berritze-proiektuan parte har dezaten, hau da, sare_hezkuntza gelan proiektuan; Sare_Hezkuntza izeneko ikastetxe-sare bat sortzea da helburua, eta haren garapenak joera eragingo du, eta beste ikastetxe batzuei erakutsiko dizkie hobetzeko bideak.
Deialdi horietan, xedatu egin zen hautatutako ikastetxeetako ikasleek laguntzak izan zitzaketela gailu digitalak eskuratzeko; baldin eta eskola-materialerako beka-onuradunak izan baziren ebatzitako azken deialdian, hau da, unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolaratzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako azken deialdian.
Horregatik, eta kontuan hartuta diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta 4/2014 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Deia egiten dut gailu digitalak eskuratzeko diru-laguntzetarako (2015-2016ko ikasturtea), Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiten ari diren ikasleek erabil ditzaten.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Horretarako, 760.000 euro bideratuko dira, eta aurrekontu-sail baten kontura finantzatuko da, hau da, 2015. urterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan laguntza horietarako ezarritako sailaren kontura.
Zenbateko hori handitu ahal izango da baldin eta agortu gabeko dirurik geratzen bada Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren eta deialdia ebatzi aurretik. Halakori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpen baten bidez.
3. artikulua.– Betebehar orokorrak.
1.– Deialdi honetaz balia daitezke Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2015-2016ko ikasturteko ikasleak, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko zein itunduetakoak, baldin eta eskakizun hauek betetzen badituzte:
a) Ikastetxea sare_hezkuntza gelan izeneko sarean egotea.
b) Ikasle onuraduna 2014-2015eko ikasturtean eskola-materialerako beka-onuraduna izatea, unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolaratzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdian.
c) Berdinak izan behar dira laguntza-eskariko gailu digitalak eta ikastetxeak eskatzailearen talde osorako aukeratutakoak, eta laguntza-eskariko gailu digitala 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera erosia izan behar da.
2.– Ezingo dira deialdira aurkeztu diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten eraginpean edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean daudenak, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta daudenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
4. artikulua.– Gailu digitalen ezaugarriak.
Gailu digitala deialdi honetako laguntzaz erosi ahal izateko, I. eranskineko ezaugarri teknikoak edo hortik gorakoak bete beharko ditu gailuak.
5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.
Eskatzaile bakoitzarentzako laguntza 200 (berrehun) eurokoa izango da gehienez, eta horretarako muga izango da justifikatutakoa gailu bakoitzaren fakturaren ordainagiriaren bidez.
Baina, irizpide horiek aplikatu ondoren, eman beharreko laguntzetan ateratzen den guztizko kopurua 2. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino handiagoa bada, onuradun bakoitzari kalkulatu zaizkion zenbatekoak proportzioan murriztuko dira, laguntzen guztizkoa aipatutako mugara egokitu arte.
6. artikulua.– Parte hartzeko instantzia.
1.– Nahitaezkoa izango da instantzia egitea, eta Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera egingo da: https://euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu
2.– Instantzian sartutako erantzukizunpeko adierazpenaren bidez egiaztatu behar dute eskatzaileek honako eskakizun hauek betetzen dituztela:
a) Ikasle onuraduna 2014-2015eko ikasturtean eskola-materialerako onuraduna izatea unibertsitatez kanpoko mailetako ikasleak eskolaratzeko ikasketa-beka eta -laguntzetan.
b) Ez egotea laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penalen baten pean, edo ez izatea horretarako legezko debekurik.
c) Deklaratzea instantziako eta berarekin batera aurkeztutako agirietako datuak egiazkoak direla, eta laguntza horien onuraduna izateko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak betetzen dituela.
d) Erantzukizunpeko adierazpena ikaslearen ikastetxeko zuzendariari ordezkaritza emateko, eskabidea izapidetu dezan, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.
3.– Inprimatu behar da eskaera, eta, balio osoa izan dezan, ikasle eskatzaileak eta haren aitak, amak edo legezko tutoreak sinatu behar dute.
4.– Eskabideak aurkezteak berekin dakar berariaz eta formalki onartzea deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
5.– Inprimatu eta sinatu ondoren, ikaslearen ikastetxeko zuzendariari aurkeztuko zaio inprimakia, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan jasotako lekuren batean, egutegiko hogei eguneko epean, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Instantzia horrekin batera, erositako gailuaren faktura emango da; fakturan zehaztuta egon behar da zer modelo den.
6.– Ikastetxeak epe barruan izapidetuko ditu ikastetxean matrikulatutako ikasleen eskabideak, ondorengo bi artikuluetan xedatutakoarekin bat, ikastetxe motaren arabera.
Ikastetxeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabideak eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatzen den moduan.
7. artikulua.– Ikastetxe itunduak. Eskaeren aurkezpena.
1.– Ikastetxe itunduek baliabide elektronikoen bidez egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
Izapidetze elektronikoa araututa dago, batetik, Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuan, eta, bestetik, Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenean, hain zuzen ere, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzekoan.
2.– Deialdi honetako eskabideen aurkezpenari, justifikazioari eta gainerako izapideei buruzko argibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu
Eskaeraren ondorengo izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren Nire kudeaketak izeneko atalaren bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Eskaerak aurkezteko epea egutegiko hamar egunekoa izango da, 6.5 artikuluko instantzia aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
4.– Eskaerarekin batera, proposatutako ereduan, ikasle eskatzaile guztien zerrenda emango da.
Eskaeraren barruko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, ikastetxeak konpromisoa hartzen du ikasle eskatzaileen instantziak eta fakturak gordetzeko, sei urtetan zehar.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egiaztatuko du deialdi honetan xedatutakoa betetzen den; horretarako, laginketa-teknikak erabiliko ditu, eta egoki iritzitako dokumentazio oro eska diezaioke ikastetxeari.
8. artikulua.– Ikastetxe publikoak. Eskaeren aurkezpena.
1.– Ikastetxe publikoek eurentzat jarritako atariaren bidez egin beharko dituzte eskaerak, kontsultak eta gainerako izapideak, emate- edo ukatze-ebazpena izan arte. Ikastetxe publikoetarako ataria hauxe da: Herri-ikastetxeak/Deialdiak (https://educacion.hezkuntza.net/group/deialdiak/).
2.– Eskaerak aurkezteko epea egutegiko hamar egunekoa izango da, 6.5 artikuluko instantzia aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunetik aurrera.
3.– Eskaerarekin batera, proposatutako ereduan, ikasle eskatzaile guztien zerrenda emango da.
Eskaeraren barruko erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, ikastetxeak konpromisoa hartzen du eskatzaileen instantziak eta fakturak gordetzeko, sei urtetan zehar.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egiaztatuko du deialdi honetan xedatutakoa betetzen den; horretarako, laginketa-teknikak erabiliko ditu, eta egoki iritzitako dokumentazio oro eska diezaioke ikastetxeari.
9. artikulua.– Kudeaketa-organoa.
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak.
10. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.
1.– Deialdiko diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, eskaera epe barruan eta behar bezala aurkeztuta, egiaztatu beharko dute ikasleek 3. eta 4. artikuluetako eskakizun subjektiboak eta objektiboak betetzen dituztela, agindu honetan xedatutakoaren arabera. Eskaera bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, kalkulua honela egingo da: 5. artikuluak ahalbideratzen duen diru-laguntzaren zenbatekorik handiena esleituko da, eta, deialdiko zuzkidura ekonomikoa nahikoa bada horrela kalkulatutako banakako kopuru guztiak ordaintzeko, horrela kalkulatutako zenbatekoei dagozkien diru-laguntzak zehaztuko dira. Bestela, linealki murriztuko dira hasieran kalkulatutako kopuruak, guztiz doitu arte.
2.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak egiaztatu behar ditu eskabide guztiak, eta, horretarako, behar beste txosten tekniko eska diezaieke laguntza-zerbitzuei.
3.– Eskabideak egiaztatu ostean, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebazpena emango du emango diren diru-laguntzak aditzera emateko; ikastetxeen arabera taldekatu, eta ikasleen identifikazio-datuak eta emandako zenbatekoak adieraziko ditu. Horretaz gain, ukatutako diru-laguntzen zerrenda ere sartuko du, ukatzeko arrazoia adierazita. Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-oholean emango da argitara ebazpen hau, eta hurrengo egunetik izango ditu jakinarazpen-ondorioak.
4.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena argitara eman (aurreko artikuluan adierazi bezala) eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Sei hileko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik. Epe hori bukatuta, ebazpen adierazirik eman eta jakinarazi ez bazaie, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan.
11. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Emandako diru-laguntzen ordainketa aldi bakar batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten ikastetxeetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Ikastetxeak Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari justifikatu beharko dio diru-laguntza horiek ordaindu izana, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan deskribatutako jarraibideen arabera: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/dispositivos-digitales/y22-izapide/eu
2.– Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuaren bigarren tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautzen du dekretu horrek.
3.– Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren bat eman izana dela-eta, horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
12. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honen babespean emandako diru-laguntzak batera daitezke eskakatzaileak helburu bererako lortzen duen beste edozeinekin, administrazio publikoek edo erakunde publiko zein pribatuek emanda ere, baldin eta laguntza metatu guztien zenbatekoak gainditzen ez badu laguntza izan duen gailu digitalaren kostua. Gaindituz gero, gaindikina bateraezina dela deklaratuko da, eta neurri berean txikiagotuko da agindu honen bidez emandako laguntzaren zenbatekoa.
13. artikulua.– Datu pertsonalak.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu pertsonaletarako jabetza publikoko fitxategiei eta datuak babesteko euskal bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoari jarraituz, deialdi hau bideratzean bildutako datu pertsonalak Gailu digitalak erosteko laguntzak izeneko fitxategi batean jasoko dira –parte-hartzaileek baimena eman badute datu horiek tratatu eta argitara emateko. Fitxategi horren xedea da: diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea, eta deialdian parte hartzen duten pertsonei deialdiaren garapenaren berri ematea. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
14. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ahalmena izango du nahi beste ekintza egiteko, bai datuen egiazkotasuna eskatu eta neurtzeko, bai agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango da indarrean agindu hau.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen zaio agindu hau betearazteko behar diren jarraibideak emateko.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 30a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
GAILU DIGITALEN EZAUGARRIAK