EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2015195

AGINDUA, 2015eko irailaren 30ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, publikoak ez diren artxiboak antolatu eta digitalizatzeko diru-laguntzak ezarri eta deialdia egiten duena 2015eko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2015-09-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201504314
Maila: Agindua
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artxibo arloko politikaren helburuetako bat da: artxibo-funts pribatuak antola daitezen sustatzea, horrela ondare dokumental hori egokiro kontserbatzeko eta kontsulta eta zabaltze bidean jartzeko. Helburu hori lortzearren, urtero egin da diru-laguntzerako deialdi bat, zeinak emaitza onak ekarri dituen. Beraz, egoki da horri eustea. Horren guztiaren bidez, dokumentu-ondarearen zati hori egoki kontserbatu nahi da, eta bai kontsultatu ahal izatea ere.
Aginduaren filosofia lankidetzan datza, aldeen elkarrekiko errespetuan eta bakoitzaren erantzukizunean: lankidetza, alde batetik, Euskadiko dokumentu-ondarearen politikaren ardura duen Kultura Sailaren aldetik, eta, bestetik, publikoa ez den Euskadiko ondare dokumentalaren titularren aldetik (artxibo-funtsak, dokumentu-bildumak eta agiri bereziak). Filosofia hori espresuki jasotzen du Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legeak.
Euskal Kultura Ondarearen Legeak hainbat muga ezartzen dizkie, ordea, ondasun horien titularrei. Bistan da, horrenbestez, Administrazioak ahalegina egin behar duela muga horien trukean halako erraztasun edo ordain batzuk emateko, gero lege horrek xedatzen dituen arauak betetzeko exijituko badu. Alde bi horien arteko lankidetza eta onbideak ziurtatuko du denon gogoan dagoena benetan konplitzea, alegia: lankidetza-bide sendoak zabaltzea arian-arian dokumentu-ondarearen zati hau sare eta informazio-gune publikoetan sartzea, ondasun horien titularren eskubideak inola ere urratu gabe, Legeak berak jaso eta aldezten duen bezala.
Hori lortzeko asmotan, artxibo-funtsen jabeek proposatutako programetan oinarrituta lankidetza lortu nahi da. Honi lotuta, hauxe ulertuko da artxibo-egitarautzat: urtebetean zein denbora-tarte laburragoan, dokumentu edo artxiboei buruz lan jakin bat egiteko proposamena eginda, diru-laguntza eskabidea eragiten duen proiektua, alegia.
Horrenbestez, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen helburua da: programak garatzeko diru-laguntzen erregimena arautzea eta hartarako deialdia egitea, 2015eko ekitaldirako, Euskadiko dokumentu-ondarekoak diren baina publikoak ez diren artxibo-dokumentuei, artxibo-funtsei eta dokumentu-bildumei dagokienez.
2.– Aurreko zenbakian ezarritakoaren ondorioetarako, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 56., 57. eta 58. artikuluetan dauden definizioak erabiliko dira artxibo-dokumentu, artxibo-funts eta dokumentu-bilduma kontzeptuak zehazterakoan.
2. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak, diruz lagunduko diren programak eta bazter utzitako programak.
1.– Pertsona edo erakunde onuradunak:
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun honako hauek izan daitezke: pertsona ez publikoak, egoitza soziala zein fiskala gorabehera, Euskadiko dokumentu-ondareko parte diren artxibo-dokumentuen, artxibo-funtsen eta dokumentu-bildumen titular direnak, betiere uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 55. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2.– Diruz lagun daitezkeen programak:
Honako helburuak dituztenak:
a) Artxibo historikoen funtsak antolatzea eta horien artxibo-tratamendua hobetzea.
b) Artxibo-funtsak digitalizatzea, baldin eta aurretik datu-baseetan antolatuta eta deskribatuta badaude. Proiektu horiek betiko gordeko den artxibo digitala sortu beharko dute eta baita dagozkion kopia digitalak ere, Euskadiko Artxiboen Sistema Nazionaleko webgunean hedatu ahal izateko. Aurkezten diren proiektuek agindu honen A) eranskinean jasotako baldintza teknikoak bete beharko dituzte.
c) Diru-laguntzaren helburu diren programak urte naturalaren barruan gauzatu beharko dira, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.
3.– Bazter utzitako programak:
Deialdi honen babesean ez da emango diru-laguntzarik programa hauek egiteko: Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urterako aurrekontuetan, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren sekzioari arauz kontsignatutako kargura finantzatutako jarduerei buruzko programak.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honetan ezarritako helburua betetzeko, ehun eta hirurogeita hamar mila (170.000) euroko diru kopurua erabiliko da.
4. artikulua.– Deialdiaren helburu diren diru-laguntzak jasotzeko baldintzak.
1.– Betekizunak eta baldintzak:
a) Jarduteko gaitasuna izatea, eta, pertsona juridikoei dagokienez, legez eraturik izatea eta administrazio-errolda edo -erregistro egokietan inskribaturik izatea.
b) Zergen eta Gizarte Segurantzaren arloetako obligazioak beterik izatea.
c) Diru-laguntza edo laguntza publikoak galtzea dakarren zehapen administratiborik edo penalik ez izatea, eta halakoak jasotzeko gaitasuna kentzen duen legezko galarazpenik ez izatea, barne direlarik sexu-diskriminazioagatik jazotakoak, betiere Gizonen eta Emakumeen berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat.
d) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
2.– Baldintzak eta betekizunak egiaztatzea:
a) Pertsona fisikoak:
a.1.– Agindu honetan araututako laguntzak kudeatzeko ardura duen zuzendaritzak automatikoki egingo ditu egiaztapenak, baimenik gabe eta behar bestetan, honako hauei dagokienez:
a.1.1.– NANeko datuak.
a.1.2.– Zerga-obligazioak betetzea, eta, egoki bada, Gizarte Segurantzarekiko obligazioak.
a.2.– Nafarroako Foru Ogasunean ordaintzen badira zergak, zerga-obligazio horiek bete izanari buruzko egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.
b) Publikoak ez diren pertsona juridikoak:
b.1.– Baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Erregistroan inskribatuta badaude, a.1 zenbakian bezala jokatuko da; beraz, kasu guztietarako ezinbestekoa izango da, pertsona fisikoen kasuan ez bezala, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea. Ofizioz egiaztatuko da erakundea legez eratuta dagoela eta nor den erakundea ordezkatzen duen pertsona, eta ordezkari horrek erakundea ordezkatzeko behar besteko boterea duela.
b.2.– EAEko Administrazio Orokorrekoez beste erregistro baten badaude inskribaturik, aurreko puntuan ezarritakoaz gain honako hauek ere egiaztatu beharko dira: entitateren legezko eraketa, haren ordezkariaren identitatea, eta ordezkari horrek hala jarduteko duen behar besteko ahalordea.
c) Publikoak ez diren pertsona fisikoak eta juridikoak:
Eskatzaile mota bakoitzari ezarritakoaz gain, honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:
c.1.– Txosten zehatza, non argi azaldu behar diren aurkeztu den programaren edo proiektuaren helburuak, jarduerak, epeak, aurrekontu zehatzak eta justifikazioa.
c.2.– Aurkezten den programa bakoitzaren aurrekontua.
c.3.– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako eta, hala badagokio, haietatik jasotako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea.
c.4.– Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zehapen penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zehatuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c.5.– Aurkezten diren eskabide eta agirietako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradun izateko baldintzak eta indarreko arauak ere betetzen direla.
5. artikulua.– Laguntzak kudeaketako organoa.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio agindu honen bidez araututako diru-laguntzen programa kudeatzeko egin beharrekoak egitea.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Deialdi honetarako eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, modu presentzialean zein telematikoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabideak bertatik bertara aurkeztu behar zaizkio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, Zuzenean zerbitzuan bertaratuta, EAEko erregistro osagarrietan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan; betiere, eskabide normalizatuaren bitartez, zeina osorik eta behar bezain ondo bete beharko den (aipatu erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan). Eskabidea eta eskatutako gainerako dokumentuak eskura izango dira euskadi.eus egoitza elektronikoan, agindu honen 6.4 artikuluan adierazitako helbidean.
3.– Pertsona/erakunde eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete, nahi duten moduan. Halaber, pertsona/erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.
4.– Halaber, eskabideak bide elektronikoaz ere aurkeztu ahalko dira, euskadi.eus guneko honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/artxibo-pribatuak/eu/
Interesdunek bide elektronikoak erabiltzeko aukera izango dute prozeduraren izapideak egiteko, eskatzeko eta kontsultatzeko: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
5.– Eskabideak, ardurapeko adierazpenak, zuriketak eta ereduen gaineko zehaztapenak nola izapidetu, euskadi.eus gune elektroniko honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/-/2015/artxibo-pribatuak/eu/
6.– Diru-laguntzaren eskabidea eta dokumentazioa aurkezterakoan bide bat erabiltzeak, izapidetze presentzialak zein telematikoak, ez du prozeduraren hurrengo pausoetan bide bera erabiltzera behartzen, batetik bestera edozein unetan alda daitekeelarik.
7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Kultura Ondarearen Zuzendaritzak ikusten badu eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela, edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar eguneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.
8. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta balioesteko, epaimahai kalifikatzailea eratuko da. Hauek izango dira mahaikideak:
– Imanol Agote Alberro jauna, Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek izendatutako pertsona. Mahaiburua izango da.
– Borja Aginagalde Olaizola jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroko arduraduna.
– Faustino Ruiz Arnáez jauna, Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Euskadiko Artxibo Historikoko teknikaria. Idazkaria izango da.
Mahaiburua ordezkatzeko, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 23.2 artikuluan xedatutakoa beteko da.
2.– Lehiaketa bidezko prozeduraz ebatziko da diru-laguntzen esleipena. Hartarako, 9. artikuluan finkatutako irizpideekin bat lortutako puntuazioaren arabera ordenatuko dira eskabideak, eta puntuazio handiena lortu dutenetatik hasita esleituko dira diru-laguntzak, harik eta 3. artikuluan aurreikusi aurrekontu-kreditua agortu arte.
3.– Bederatzigarren artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuaz proiektuen ebaluazio konparatua egindakoan, eta 10. artikuluan aurreikusitakoaren arabera zenbatekoak zehaztutakoan, Epaimahai Kalifikatzaileak ebazpen-proposamena egingo du –bera baita halakorik egiteko organo eskuduna–, eta emateko proposatzen diren diru-laguntzak jasoko dira ebazpen horretan, betiere honako hauek zehaztuta: pertsona onuradunen identitatea, finantzatutako jarduera-programak eta proposatutako zenbatekoak, eta, beharrezkoa bada, ezezkoa zeini emango zaion eta ezezkoetarako izan diren arrazoiak.
9. artikulua.– Eskabideak hautatu eta baloratzeko irizpideak.
Ebazpen-proposamena egiteko eta diru-laguntzen zenbatekoa finkatzeko, Epaimahai Kalifikatzaileak honako irizpide eta ponderazio hauek izango ditu kontuan eskabideak baloratzekoan:
a) Aurkeztutako programaren kalitate zientifikoa; hau da, ondare eta artxibo ikuspegitik programen deskripzio zehatzak jasota, halako moldez non proposamenaren berezko balioak adierazten diren (% 50).
Puntuatzeko irizpideak:
– 30 punturaino, artxiboetako mantentze-lanak egiteko urteko programetarako, indar handia jarrita jendaurrekoak izatean: funtsaren zati baten antolaketa, inbentarioak egitea; agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak; tresna deskribatzaileen hobekuntza, eta abar.
– 50 punturaino, artxibo-sistemak ezartzeko edo sendotzeko programetarako, epe luzekoetarako (aurrera begirako hainbat urtetako lan-epeak ezarrita, gastuaren zenbatespen zehatza, eta abar), indar handia jarrita jendaurrekoak izatean, eta barnean honelakoak hartzen dituzten programetarako: agiri-funtsak digitalizatzeko proiektuak, artxiboetako agiriak web-atarien bidez hedatzea...
b) Euskadiko Artxibo Historikoaren web-atarira eta artxibo-funtsen inbentariora hainbat agiria ekartzea; hau da, bere informazioa dela-eta, tratatuko den artxiboko funtsak, hartan kontsulta daitezkeen funtsak nabarmen aberastea (% 30).
Puntuatzeko irizpideak:
– 1900. urtera arte: 30 puntu.
– 1900-1949: 15 puntu.
c) Hauek garatzea bultzatzen duten elementuak sartzea programan: estandar deskribatzaileak edo artxibo-intereseko beste edozein elementu, euskarazkoak (% 20).
5 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
10 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta erabiltzaileentzako arreta-zerbitzuan euskara erabiltzen duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
15 puntu, softwarea euskaraz eskuragarri izan eta artxiboetarako interesgarria den beste edozein osagarri (edukien hedapena, erregelamenduak, erabiltzaileentzako arreta, erakusketak, bisitaldi gidatuak) euskaraz duten kudeaketa-sistema informatizatuetarako (datu-baseak, espedienteak kudeatzeko programak...).
20 puntu, euskara bada deskribapenetarako hizkuntza (inbentarioak, gidaliburuak, iraulketak, aurkibideak...), eta, horretaz gain, aurreko paragrafoko irizpidean ezarritakoa betetzen bada.
10. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa eta mugak.
1.– Zein eta den kasua, diru-laguntzak zenbatekoaren ehuneko bat edo osotasuna estali ahal izango du (zergak kanpoan direla). Zenbateko hori: aurkeztutako programa bakoitzean onartutako aurrekontua exekutatzearen ondoriozkoa. Bestalde, diru-laguntza programa bakoitzeko partida konkretuei egotzi dakieke.
2.– Edonola ere, aurkeztutako programa bakoitzeko diru-laguntzak ezin izango du gainditu hogei mila (20.000) euroko zenbatekoa.
11. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak erakunde publiko zein pribatuek helburu berberaz emandako beste laguntza batzuekin bateragarriak izango dira, beti ere guztira jasotako diru-kopuruak aurrekontu osoa gainditzen ez badu. Horrela gertatuz gero, eman beharreko diru-laguntzatik kendu egingo da dagokion kopurua, lagundutako egitarauaren kostu osoari dagokion gehienezko kopurura egokitu arte.
12. artikulua.– Eskabideen ebazpena.
1.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari dagokio, osatutako ebazpen-proposamena ikusita, aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena ematea. Ebazpenak hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaizkie, banan-banan, interesatuei, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita.
2.– Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3.– Artikulu honetako lehenengo paragrafoan adierazitako epea amaitu eta inolako jakinarazpenik jaso ez badute, interesatuek beren eskabidea errefusatutzat jo dezakete Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoaren ondorioetarako.
4.– Aipatutako ebazpenak ez du azkenduko administrazio bidea, eta beraren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kulturako sailburuari jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hilabete pasatu baino lehen, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoarekin bat.
5.– Diru-laguntza emateko ebazpenak adieraziko du zein eskabideri eman zaion diru laguntza, eta espresuki adieraziko da zein eskabide ez den onartu. Horretaz gain, zerrenda bat ere sartu ahal izango da ebazpenean; hain zuzen ere, deialdian ezarritako gehienezko kreditua gainditu dela-eta, onuradun izateko oinarrietan ezarritako baldintza administratibo eta teknikoak bete arren baietsiak izan ez diren eskabide guztiena. Eta adierazi egingo da zein puntuazio eman zaion eskabide horietako bakoitzari, deialdian aurreikusitako balorazio-irizpideen arabera. Kasu horretan, onuradunen batek diru-laguntzari uko egiten badio, diru-laguntza ematen duen organoak erabakiko du –beste deialdi bat egin beharrik gabe– diru-laguntza ematea zerrendan –puntuazioaren arabera– hurrena dagoen eskatzaileari, baldin eta hark onartzen badu. Ordezkoei esleituko zaien zenbatekoa zehazteko, agindu honen 8., 9. eta 10. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Diru-laguntza ematen duen organoak aukera horren berri emango die interesdunei, diru-laguntzen proposamen horri hel diezaieten, 10 eguneko epe luzaezinean. Eskatzaileak edo eskatzaileek proposamena onartuta, administrazio-organoak diru-laguntza emateko egintza gauzatuko du.
13. artikulua.– Pertsona edo entitate onuradunen obligazioak.
Pertsona edo entitate onuradunen obligazioak dira hauek:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.
c) Jarduera burutzea edo diru-laguntza emateko funtsezko egoeran izatea.
d) Entitate emaileari honako hauek justifikatzea: baldintzak eta betekizunak betetzen direla, eta bai diru-laguntza ematea ebazten duen jarduera ere egin dela.
e) Entitate emaileak egin beharreko egiaztapen-jardueretatik pasatzea, eta bai Kontrol Ekonomikorako Bulegoari dagozkienetatik ere, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako laguntza eta diru-laguntzei dagokienez, eta, halaber, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren arautegi espezifikoan aurreikusitakoetatik.
f) Beste administrazioren batetik edo beste erakunde publiko edo pribaturen batetik eta helburu bererako, diru-laguntzak, laguntzak, sarrerak edo baliabideak lortu izana entitateari jakinaraztea.
g) Beste erakunde publiko edo pribatu bati helburu bererako beste laguntza batzuk eskatu badira, eta horiek –agindu honetan aratutako diru-laguntzetarako eskabidea aurkezteko unean– ebatzi gabe badaude edo une horretan nola dauden jakiterik ez badago.
h) Diru-laguntza emateko kontuan izandako zirkunstantzia objektiboren bat edo subjektiboren bat aldatu bada, horren berri ematea entitate emaileari.
i) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Irargi Euskadiko Dokumentu Ondarearen Zentroaren babeslea izan dela jasotzea, diru-laguntza honen ondoriozko laguntzekin egiten diren jarduera eta agirietan, eta, halaber, horien gaineko publizitatean.
j) Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoa beteko da; ez da erabiliko hizkera sexistarik. Gizonen eta emakumeen eginkizunei dagokienez, estereotiporik ez dela erabiliko bermatuko da.
k) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako beste edozein obligaziotan. Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaz onartu zen testu bategin hori.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.
Zati bakar batean ordainduko da diru-laguntza, justifikatu eta gero.
Ogasun eta Finantzetako Saileko Hirugarrenen Erregistroan alta emanda egon beharko da ordainketa egin ahal izateko. Pertsona edo erakunde onuraduna alta eman gabe badago, edo, hala egonda ere, inskribatutako datuetan aldaketak egin badira, altaren eskabide-eredua bete eta aurkeztu egin beharko da aipatutako erregistroan, eskabide-ereduaz batera erakunde edo pertsona onuradunen eskura jarrita url honetan: https://www.euskadi.eus/w32-content/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html
15. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.
1.– Justifikazioak bertatik bertara aurkeztu ahal izango dira Zuzenean, EAEko erregistro osagarrietan edo azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako organoetan (aipatutako erregistroak zerrendatuta daude apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoan).
2.– Halaber, justifikazioaren ondoko izapideak, bide elektronikoez, hemen egin daitezke: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
3.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, 2015eko abenduaren 31 baino lehen:
a) Diruz lagunduta burutu den egitarau bakoitzari buruzko txosten zehatza.
b) Diruz lagundutako egitarau bakoitza burutzean izandako gastuei dagozkien egiaztagiriak, jatorrizko fakturak zein fotokopia konpultsatuak, eta sarreren eta gastuen balantzea.
c) Diruz lagundutako egitaraua edo proiektua burutzerakoan sortutako material zientifikoak (inbentarioak, datu-baseak, eta abar), halakorik baldin badago, behintzat.
d) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide jasoko duen zerrenda.
16. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritzita) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da.
Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak dagokion likidazio-ebazpena emango du, eta, ebazpen horretan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera (698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako diru-laguntzen berme eta itzulketetarako araubidea ezartzen duena, eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta obligazioak ezartzen dituena).
17. artikulua.– Baldintzak ez betetzea.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.
c) Diruz lagundutako egitasmoa aldatzea Kultura Ondarearen Zuzendaritzak aurretik baimenik eman gabe.
d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
2.– Ez-betetzeren bat izanez gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera, eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera, zeinak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko erregimen orokorra arautzen duen eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituen.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean xedatutakoa betetzeko xedez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zuzendaritzak zera jakinarazten du: deialdi honetako eskabide eta formularioetan ematen dituzun datuak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Laguntzak eta Diru-laguntzak fitxategian gordeko dira –2006ko uztailaren 27ko Aginduaz araututa–; izan ere, fitxategi horren xedea hauxe da: diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta horri lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo espedientea kudeatzea. Aldez aurretik, Datuak Babesteko Euskal Bulegoari fitxategi horren berri eman zaio, eta datuen segurtasun osoa bermatzeko behar diren neurri guztiak ditu; eta legez ezarritako kasuetatik kanpo ez zaizkie komunikatutako hirugarrenei.
Datu pertsonalak babesteko egungo arautegiarekin bat, Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak aitortutako eskubide hauek baliatu ahal izango dira: sarrera izateko, ezeztatzeko eta aurka egitekoak, betiere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridiko eta Zerbitzuen Zuzendaritzarekin harremanetan jarrita, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Deialdi honetarako lehiatzen diren pertsonek edo erakundeek baimena ematen diote Administrazioari honako honetarako: aurkeztutako datuak erkatzeko, eta aurkeztutako datuak (Administrazio honen esku zein beste administrazio publiko batzuen esku izan) egiazkoak direla ikusteko behar diren egiaztapenak egiteko, betiere diru-laguntzen onuradun izateko betekizunak betetzen direla egiaztatzeko.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, erakunde interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Aginduaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkez daiteke, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hileko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 30a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
A) ERANSKINA
XEDAPEN TEKNIKOAK
1.– Datu-baseetan deskribatutako artxibo-funtsak baino ez dira digitalizatuko; deskribapen-fitxa bakoitzari –digitalizazio-unitatetzat hartuko da– bilduma- eta item-kodearen metadatuak gehituko zaizkio. Datu-basearen formatua Euskadiko Artxibo Historikoko teknikariekin koordinatuko da, eta FileMaker programa hobetsiko da. Fitxategiek erreprodukzio-tresneriaren kapturako jatorrizko metadatu teknikoak izango dituzte. Fitxategi digitalek metadatu teknikoak izango dituzte, EXIF 2.2 estandarraren arabera digitalizazio-prozesuari dagokion informazioarekin.
2.– Digitalizazioa nagusiki aireko eskaner edota argazki-kamera batez egingo da, horrela agindu honetan eskatutako kalitatea eta xedapen teknikoak bermatuko dira.
3.– Dokumentu guztiak tonu jarraituko irudi gisa hartuko dira, eta, haien edukia eta egoera fisikoa zehaztasun handienaz erreproduzitzeko, kolore errealean digitalizatuko dira, kolorearen bizitasuna, gutxienez, 24 bitekoa izango da.
4.– Digitalizatzerakoan gutxieneko bereizmena 5.600 x 3.700 pixelekoa izango da, 300 ppp-tan, dokumentua beti kalitate fotografikoarekin inprimatu ahal izateko, gutxienez jatorrizko neurrian. Adierazitakoa baino bereizmen handiagoa erabiltzea hobekuntzatzat hartuko da edota digitalizazio kalitatearen balio erantsi gisa. Ezaugarri bereziak dituzten dokumentuen kasuan –hala nola, paperezko argazkiak, gardenkiak, planoak, entzunezko dokumentuak, etab.–, era berezian digitalizatu beharko dira, haien ezaugarriak eta Euskadiko Artxibo Historikoak ezarritako xedapen teknikoak kontuan izanda.
5.– Digitalizazioa beti orrialde bikoitzaren sistema erabilita egingo da, hots, dokumentu edo espedientearen aurreko ifrentzua eta hurrengo aurkia irudi bakoitzean. Espediente bakoitzaren eskuinaldean geratzen den lehen folioan (aurkia) eta ezkerrean geratzen den azken folioan (ifrentzua) izan ezik, kasu horretan hasierako eta bukaerako fotograma bana egingo dira. Item bakoitza bereizita digitalizatuko da.
6.– Digitalizatutako irudi bakoitzeko, Euskadiko Artxibo Historikoari entregatu beharko zaizkio hauek:
6.1.– Fitxategi bat TIFF 6/0/ISO formatuan, konprimatu gabe eta kapturako gehieneko bereizmenarekin. Artxibo hau segurtasun-fitxategitzat hartuko da.
6.2.– Fitxategi bat JPG formatuan, jatorrizko kaptura-fitxategitik eratorria edota, halakorik ezean, segurtasun-fitxategitik. Artxibo hau digitalizazio-mastertzat hartuko da.
6.3.– Fitxategi bat JPG formatuan, hau ere jatorrizko kaptura-fitxategitik edota segurtasun-fitxategitik eratorria, bereizmena 3.266 x 2.100 pixelekoa izango da 175 ppp-tan, eta jatorrizko kalitatea edo konpresioa % 60koa, eta Interneten hedatzeko optimizatua.
6.4.– Artxibo-funtsek argazkirik badute, argazki bakoitzeko kaptura-fitxategi bat gehituko da RAW formatuan, arau orokorretan zehaztutakoez gain.
7.– Artxibo-funtsek entzunezko eta ikus-entzunezko dokumenturik badute, Euskadiko Artxibo Historikoari entregatuko zaizkio:
7.1.– Lehen kopia digital bat AIFF formatuan, segurtasun-fitxategi gisa.
7.2.– Bigarren kopia digital bat WAV formatuan, digitalizazio-master gisa.
7.3.– Hirugarren kopia digital bat MP3 formatuan (128 KB/s), zabalkunde- edota kontsulta-fitxategi gisa.
8.– Halaber, Euskadiko Artxibo Historikoari entregatuko zaio item edota dokumentu-unitate bakoitzeko fitxategi bat PDF formatuan, dokumentu-unitate bakoitzaren orrialde guztiekin eta jatorrizko dokumentuaren segida berean ordenatuta. PDF fitxategi hori dagozkion segurtasun-fitxategi edo digitalizazio-masterretatik sortuko da, eta horretarako aurrez behar den konpresioa –ordenagailu pertsonal estandar batean eroso erabili ahal izateko modukoa– aplikatuko zaio. Erreferentzia gisa gomendatzen da ondoriozko PDF fitxategiko orrialde bakoitzak 2 MB-ko neurria ez gainditzea, horretarako 6-9 arteko konpresio-mailak erabili behar dira, 0tik 12ra arteko eskala batean.
9.– Euskadiko Artxibo Historikoari entregatuko zaizkio kopiak biltegiratzeko edota entregatzeko honako formatuak:
9.1.– Kontserbazio- eta kontsulta-kopia bana, gutxienez 500 GB-eko edukiera duten disko gogorretan, eta USB 3.0 edo Firewire 400/800 ataka bidez konektatu ahal izateko moduan. Halaber, fitxategi guztiak zuzen irekitzen edota irakurtzen direla ziurtatu beharko da, balizko grabazio akatsak ezabatzeko.
9.2.– Disko gogorra grabazio-formatu hibridoan grabatuko da, hau da, formateatuta fitxategiak irakurtzeko moduan bai Windows sistema eragileetan, bai Apple-en MacOS nahiz Linux/Unix-en.
9.3.– Biltegiratze-euskarriek, jatorria zein den jakiteko, erakundearen identifikazio-datuak eraman beharko dituzte eta, hala badagokio, irudien titulartasuna. Euskarri guztiek edukia jakiteko beharrezko informazioa eramango dute: zenbakia, izenburua, edukia eta sortze-data.
9.4.– Horretaz gain, gomendatzen da PDF formatuan dauden kontsulta-fitxategiak DVDan ere grabatzea.