EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2015192

AGINDUA, 2015eko irailaren 29koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzen 2015eko deialdia egiten da.

Xedapenaren data: 2015-09-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201504253
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/12/11n argitaratutako 2012/11/27ko 201200248 DEKRETUA

Bizialdi osoko ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan (2012ko abenduaren 11ko EHAA, 238. zk.), ezagutzaren edozer eremutan bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako ikaskuntza-ekintzak egin daitezela sustatzeko laguntzak arautu dira.
Etengabeko ikaskuntzako hiru motatako jarduerak finantzatu ahal izango dira:
1.– Prestakuntza-jarduera espezifikoak, pertsona-talde jakin baten prestakuntza-beharrei erantzuteko diseinatu eta planifikatutakoak.
2.– Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak.
3.– Prestakuntzako edo hezkuntzako metodologia berrien esperimentazioari buruzko proiektuak; ezagutzaren belaunaldi arteko transferentziari buruzkoak, prestakuntza hurbiltzeko eta ikastea sustatzeko trabak baztertzeari buruzkoak, edota bizialdi osoko ikaskuntzarekin lotutako beste edozein.
Era berean, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legeko 4. artikuluan aurreikusitako xedeak betetzen lagunduko dute agindu honetako laguntzek.
Bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoak ekitaldi ekonomiko bakoitzean indarrean izango dituen aurrekontu orokorrak zehaztuta daudenean, programei diru-laguntzak eman edo ez erabakitzeko arauak eguneratu, berrikusi edo, hala behar badu, ezarri beharko dira. Zehaztugabeko indarraldia eman zitzaien diru-laguntzen kasuan, dagokien deialdia egin beharko da; halaxe xedatu baita Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan.
Halaber, Toki Administrazioaren arrazionalizazioari eta iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legeak sakon berrikusten du toki-administrazioaren estatutu juridikoari buruzko xedapenen multzoa, oinarrizko hainbat xede betetzeko: besteak beste, udalen eskumenak argitzea, beste administrazio batzuen eskumenekin bikoiztasunik sortu ez dadin; hartara, printzipio hau gauzatu nahi da: «administrazio bat, eskumen bat». Horregatik, mankomunitateak deialdi honetako eremu subjektibotik kanpo geratu dira.
Kontuan izanik diruz lagun daitezkeen jardueretatik indarraldi zehaztugabea nahiz aldi baterako indarraldia izango dutenak arautu direla azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan, eta dekretu horretako 10.4 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, hots, publikotasun-printzipioa betetze aldera, egoki den deialdia egingo du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak. Hortaz, agindu hau eman eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.
Hori guztia kontuan hartuta, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da bizitza osoan zehar egiten den ikaskuntzari lotutako jarduerak egiteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuan aurreikusitako laguntzak 2015erako deitzea.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako hauek izan daitezke Agindu honetan ezarritako laguntzen erakunde onuradunak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoan legez eratu badira:
a) Udalak.
Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legearen bidez, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea aldatu zen. Bada, 27/2013 Legean xedatzen denez, udalek, onuradun izateko, bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko aldeko txostenak eskuratu beharko dituzte, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 7.4 artikuluan adierazten denari jarraituz.
Alde horretatik, bikoiztasunik ezari buruzko txostena ofizioz erantsiko zaio espedienteari, eta toki-araubidearen arloko eskumena duen zuzendaritzari igorriko zaio udal kontu-hartzailetzak aurkeztu beharreko informazioarekin batera, hain zuzen ere zuzendaritza horrek finantza-iraunkortasunari buruzko txostena izapidetu dezan, finantza-zaintzaren arloko eskumena duen zuzendaritzaren aurrean, espedienteari erantsi behar baitzaio txosten hori ere.
Udal-elkarteak osatzen dituzten udal guztiek lortu beharko dituzte aipatutako txostenak, goian ezarritako eran.
b) Toki eta Eskualdeko Garapen agentziak, betiere nortasun juridiko independentea badute.
c) Udal-sozietateak, beraien gizarte-helburuen artean prestakuntza dutenak.
Laguntza hauen onuradun izan daitezke tokiko enpresa-erakunde publikoak eta tokiko merkataritza-sozietateak, baldin eta haien kapital soziala osorik toki-erakundeari badagokio eta egiaztatuta geratzen bada, horretarako egindako justifikazio-txosten bidez, erakunde horiek iraunkorragoak eta eraginkorragoak direla toki-erakundeek eta toki-erakunde autonomoek berek egindako kudeaketa baino. Horretarako, aintzat hartuko dira errentagarritasun ekonomikoaren irizpideak eta inbertsioa berreskuratzekoak.
Horretaz gainera, jasotako aholkularitzari buruzko justifikazio-txostena erantsi behar zaio espedienteari. Txostenean, zerbitzuaren kostuari buruzko txostenak eta jasotako laguntza teknikoa bilduko dira, eta horien publizitatea egin beharko da. Ondoren, udalbatzari helaraziko zaio txosten hori, onartu dezan. Horretarako, kontu-hartzailearen txostena eskatuko da.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan dauden unibertsitateak, 4.2.c) artikuluan jasotako esperimentatze proiektuetarako bakarrik.
e) Eusko Jaurlaritzaren Elkarte eta Fundazioen Erregistroan erroldaturiko irabazi-asmorik gabeko elkarteak, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza-jarduketak garatzen dituztenak (herritarren parte-hartzea bultzatzen dituzten jarduketak, bereziki), eta haien helburuen artean prestakuntza dutenak.
f) Lanbide Heziketako edota Helduentzako Heziketako Ikastetxe pribatu baimendunak.
g) Merkataritzako edo gizarte-ekonomiako sozietateak, beraien helburuen artean prestakuntza dutenak.
3. artikulua.– Izapideak modu elektronikoan egitea.
1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoz egin ahal izango dituzte eskabidea, kontsultak eta prozedura honetako izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa arautzen dute otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta Informatika eta Teknologiako zuzendariak otsailaren 9an emandako Ebazpenak; ebazpen horren bidez, PLATEA E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa arautzen da.
3.– Eskabidearekin, justifikazioarekin eta deialdiarekin zerikusia duten gainerako izapideak egiteko jarraibideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan egongo dira eskuragarri, honako helbide honetan:
https://www.euskadi.net/ayuda_subvencion/2015/bozi/y22-izapide/es
4.– Eskabidearen ondoko izapideak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean egingo dira:
https://www.euskadi.net/nirekudeaketak
5.– Eskaerak modu elektronikoan aurkeztu beharko dira aipatutako egoitza elektronikoan.
Eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak. Halaber, pertsona edo erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabili ahal izango da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabideak aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartzen direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: epea eta formularioak.
1.– Hogei egun naturaleko epea izango da eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
2.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:
● Proiektuan aurreikusitako jarduera-multzoa deskribatzen duen txostena, honako hauek adieraziz: proiektuaren izena; proiektua egiteko eskatzen den diru-kopurua; gauzatu beharreko jarduketen edukiak; helburuak; kokalekua; denbora-eremua; jarduera zein pertsona-multzori zuzentzen zaion; jardueran parte hartzen duten eragile eta interesdunen elkarteak; proposatutako metodologia; jardueraren kostua atalez atal (langileak eta funtzionamendua); aurreikusitako ekintzak eta proiektua definitzeko balio duten gainerako inguruabarrak.
● Azaroaren 27ko 248/2012 Dekretuaren 5.2 artikuluan xedatutakoa betetze aldera, bitartekaritza-zerbitzua emango duten pertsonek bizialdi osoko prestakuntzarako orientazioa ematen gutxienez 2 urteko lan-eskarmentua dutela erakusten duten egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte ikaskuntza-bitartekaritza emateko zerbitzurako finantzazioa eskatzen duten erakundeek. Langileak lanean aritutako erakundeetako titularrek emandako egiaztagiriak aurkeztu behar dira.
● Toki Administrazioaren Arrazionalizazioari eta Iraunkortasunari buruzko abenduaren 27ko 27/2013 Legean xedatzen denez, udalek egiztatu beharko dute dagokion arloko administrazio eskudunak egin beharreko txostenak eskatu dituztela; txosten horietan, adieraziko da ez dagoela bikoiztasunik. Horretaz gainera, udalek finantza-zaintzaren eskumena duen administrazioari eskatu beharko diote baliatu nahi duten eskumenaren finantza-iraunkortasunari buruzko txostena.
Tokiko enpresa-erakunde publikoek eta tokiko merkataritza-sozietateek justifikazio-txostenak aurkeztu beharko dituzte, zehazki agindu honen 2.c) artikuluan aipatzen direnak.
3.– Egiaztatu beharko da zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak betetzen dituztela.
Organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko du zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela; horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).
5. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
Diru-laguntzaren eskabidea behar bezala beteta ez badago edo atxiki beharreko dokumentazioa falta dela ikusiz gero, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean osatzeko edo beharrezkoak diren dokumentuak aurkezteko. Epe horretan zuzenketa egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko da. Kasu horretan, Administrazioak eskabide horri buruzko ebazpena emango du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoarekin bat etorriz.
Akatsak zuzentzeko jakinarazpena bide elektronikoz egingo da. Jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren «Nire Kudeaketak» atalean kontsultatu beharko dira.
Interesdunak jakinarazpenaren jasotze-agiria elektronikoki sinatzen duenean, jakinarazpena egintzat emango da. Jakinarazpena bidali eta interesduna hamar egun naturaleko epean ez bada edukira sartu, jakinarazpena ezetsitzat hartuko da, eta izapidea gauzatutzat. Prozedurak jarraitu egingo du, salbu eta ofizioz edo hartzaileak eskatuta egiaztatzen bada teknikoki edo materialki ezinezkoa dela sartzea.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
6. artikulua.– Ebazpena argitara ematea eta errekurtsoak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratuko da ebazpena, eta jakinarazi eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Hori hala izanik ere, organo kudeatzaileak beste aukera bat ere badu: interesdunei jakinarazpenen abisuak bidaltzea, eskabideetan jarri zituzten telefono mugikorretara eta helbide elektronikoetara SMSak edo mezu elektronikoak bidaliz. Abisu horiek ez dute inola ere jakinarazpen-baliorik izango.
2.– Prozeduraren ebazpenak ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio Lanbide Heziketako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena egoitza elektronikoaren iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
7. artikulua.– Ebaluazio-irizpideak.
248/2012 Dekretuaren 14. artikuluan xedatutako irizpideak betez ebaluatuko dira eskaerak, I., II. eta III. eranskinetako eskemak oinarri hartuta.
8. artikulua.– Finantzaketa.
1.– 420.000,00 euro erabiliko dira deialdi hau finantzatzeko, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituen arabera.
2.– Hona jarduera-mota bakoitzarentzat erabilgarri egongo diren gehieneko zenbatekoak:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: 150.000,00 euro.
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 200.000,00 euro.
c) Esperimentazio-proiektuak: 70.000,00 euro.
3.– Diru-laguntza ematean, lehenengo ordainketa egingo da; emandako diru-laguntza guztiaren % 15. Ondoren, diruz lagundutako proiektuaren jarduera guztiak amaitu eta 3 hilabeteko gehieneko epearen barruan, azken txostena jasotzean, diru-laguntzaren beste % 85a ordainduko da. Halaxe xedatu baita 248/2012 Dekretuaren 17.1.b) artikuluan.
4.– Bigarren ordainketaren % 50a kontura ordain daiteke, erakunde onuradunak horretarako eskaera egiten badu. Horrelakoetan, garatutako jardueraren tarteko txostena egin beharko du, eta, han, proiektuaren ordura arteko garapenari buruzko informazioa eman eta gastuen egiaztagiriak aurkeztu. Justifikazio ekonomikoa egiteko, egindako gastu guztien –nominen zein fakturen– zerrenda aurkeztuko da, honako hauek adieraziz: data, kontzeptua, zenbateko osoa, zenbateko egozgarria (hala badagokio) eta ordainketa-data.
Konturako ordainketa ezin izango da eskatu harik eta diruz lagundutako jardueraren 2/3ak gutxienez garatu arte.
5.– Deialdi honen funtsen kargura honako gastu hauek finantzatu ahal izango dira: proiektuan zuzenean parte hartzen duten eta diruz lagundutako jarduera garatzeko ezinbestekoak diren langileen gastuak eta diruz lagundutako jarduera garatzearen ondorioz zuzenean sortutako funtzionamendu-gastuak.
Finantza daitezkeen gastu guztien % 10 izan daitezke, gehienez ere, funtzionamendu arrunteko gastu; besteak beste: proiektuaren zuzendaritza-, koordinazio-, kudeaketa- eta administrazio-gastuak; komunikazio-gastuak; ura; argia eta lokalen alokairua edo amortizazioa.
6.– Hona jarduera-mota bakoitza finantzatzeko gehieneko zenbatekoak:
a) Prestakuntza-jarduera espezifikoak: plaza eta prestakuntza-ordu bakoitzeko 7 euro gehienez; 18.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.
b) Ikaskuntzako bitartekaritza-zerbitzuak: 35.000 euro, gehienez ere, bitartekaritza-zerbitzuari egozten zaion eta lanaldi osoz aritzen den bitartekari bakoitzeko. Bitartekaritza-zerbitzua gutxienez 100.000 biztanleko udalerri batean edo gutxienez 60.000 biztanleko eskualde batean ematen bada, lanaldi osoz arituko den bitartekari bat egotziko da.
c) Esperimentazio-proiektuak: 20.000 euro gehienez jarduera bakoitzeko.
9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Erakunde onuradunek azaroaren 27ko 248/2012 Dekreturen 8. artikuluan zehazten diren betebeharrak izango dituzte. Horretaz gainera, agindu honetan aurreikusitako laguntzen onuradun diren udalek bikoiztasunik ezari eta finantza-iraunkortasunari buruzko txostenak aurkeztu beharko dituzte, agindu honen 2.a) artikuluan ezarritakoari jarraituz.
10. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.
2015. urtean abiarazi beharko dira onartutako proiektuak, eta 2016ko ekainaren 30era arte gara daitezke.
11. artikulua.– Izaera pertsonaleko datuak.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat etorriz, deialdi honen barruan sartu diren ekintzetan parte hartzeak berekin ekarriko ditu lege horretan aipatzen diren baimenak ematea.
Datuak babesteko arloan indarrean den araudiaren mendean geratuko da deialdi honen barruan aurkeztutako eskabideetan jasotako informazioa.
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoan xedatutakoa betez, interesdunak eskaera egiteak berekin ekarriko du eskabide-orrian jasotako datuak «Erakunde kolaboratzaileak» izeneko fitxategian biltzeko baimena ematea. Diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdian parte hartu dutenei haren berri emateko erabiliko dira fitxategi horretan bildutako datuak. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide-, zuzentze-, ezabatze-, eta aurkatze-eskubideak baliatzeko, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzara jo beharko da; horretarako helbidea hau da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. eta 117. artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, eta, horretarako, bi hilabete izango dira, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita, hala xedatuta baitago Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.a) eta 46.1 artikuluetan.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 29a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.