EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-10-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2015188

EBAZPENA, 2015eko abuztuaren 27koa, HABEren zuzendari nagusiarena, euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei, 2015-2016ko ikasturteko euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzak arautzen dituena.

Xedapenaren data: 2015-08-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201504142
Maila: Ebazpena
Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza ematen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak, bere 16. artikuluan ezarria dauka HABEk laguntza emango duela, bere aurrekontu-bitartekoen mugaren barruan, Erregistroan inskribaturik dauden euskaltegiak eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuak finantzatzeko, helduak alfabetatzen eta euskalduntzen lan egiteagatik, horretarako HABEren zuzendari nagusiak, ikasturte akademiko bakoitzean, diru-laguntzen deialdiak egingo dituelarik.
HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak arautzen ditu HABEk, bere baliabideen arabera, ikasturtero ematen dituen diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek euskara-ikastaroak emateko bete behar dituzten baldintza akademikoak eta HABErekiko harremanetan aintzat hartu beharrekoak.
Dekretu eta ebazpen horiei jarraikiz, orain 2015-2016ko ikasturterako finantzazio moduluak ezarri behar dira, honen bidez finkatzen baitira euskaltegi pribatu eta euskararen autoikaskuntzarako zentro homologatuei dagozkienak. Oinarrizko finantzazio-modulua zehazterakoan, kontuan hartzen da 2015-2016ko ikasturtean Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculum berria sartuko dela indarrean eta euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek horretara egokitu beharko dutela beren jarduera, besteak beste Euskaltegiaren Curriculum Proiektua eginez bi ikasturteko epean.
Horregatik, aipatutako xedapenek eta otsailaren 13ko 34/1996 Dekretuak, HABEren egitura organikoa ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenez,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Helburua.
1.– Ebazpen honen helburua da euskaltegi pribatuek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek 2015-2016ko ikasturteko (2015eko urria eta 2016ko iraila bitartean) euskara-ikastaroengatik esleituko zaizkien diru-laguntzen baldintzak arautzea.
2.– Horrelako laguntzetan emango diren diru-kopuruak HABEren aurrekontuetan horretarako dauden partiden konturakoak izango dira: 18.300.000 euro, beraz. Era honetan banatzen da kopuru hori:
a) 15.680.000 euro, 6. artikuluaren 1. puntuan zehaztutako euskaltegien berezko ekimenezko aurrez aurreko jarduera babesteko.
b) 1.235.000 euro, 6. artikuluaren 2. puntuan zehaztutako euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen berezko ekimenezko autoikaskuntzako jarduera babesteko.
c) 1.– 570.000 euro, 3. artikuluko 1. puntuan eta 6. artikuluaren 3.1. puntuan zehaztutako hitzarmenpeko taldeak eskolatzen dituzten euskaltegietako jarduera babesteko.
2.– 210.000 euro, 3. artikuluko 2. puntuan eta 6. artikuluaren 3.2. puntuan zehaztutako hitzarmenpeko taldeak eskolatzen dituzten euskaltegietako jarduera babesteko.
d) 605.000 euro, 6. artikuluaren 4. puntuan zehaztutako barnetegietako jarduera babesteko.
3.– Azpi-atal batetik bestera dirua pasatu ahal izango da, batean soberakinik egonda, bestean eginiko eskariei erantzuteko behar adina diru ez badago. Horrelakoetan c.1) azpi-atalak lehentasuna izango du a) eta b) azpi-atalaren aldean, eta hauek d) azpi-atalaren aldean; soberakinak azpi-atal batetik bestera pasatzetik at geratzen da c.2) azpi-atala.
Hala ere, diru kopuru hori eskari guztien beharrei erantzuteko behar bestekoa ez bada, hainbanatu egingo da diru-laguntza onuradunen artean, azpi-atal bakoitzeko emaitzak errespetatuta, a) eta d) azpi-atalak izan ezik, hauek batera eta maila berean hainbanatuko baitira. Hori guztia, nahiz eta a) edo d) azpi-ataletan barruko beharrei aurre egiteko behar beste baliabide izan.
2. artikulua.– Onuradunak.
1.– Deialdi honen bitartez banatuko diren laguntzen onuradun izan daitezke euskaltegi pribatuak eta autoikaskuntzarako zentro homologatuak, baldin eta bakoitzari ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Beti ere, hurrengo baldintzak bete beharko dituzte.
2.1.– Eskakizun orokorrak:
a) HABEren euskaltegien eta euskararen autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan inskribatuta egongo da, eta datu guztiak egunean edukiko ditu, edo 3.1.e) artikuluan ezarritakoaren arabera eguneratuko ditu.
b) Zerga guztiak ordainduta edukiko ditu, eta egunean Gizarte Segurantzarekiko ordainketak.
c) Eskariarekin batera, ebazpen honen 3. artikuluan ezartzen diren agiriak zuzen bete eta ekarri beharko ditu.
d) Finantzazio publikoa (Europako edo Estatuko erakundeetatik, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundi edo udaletatik edo Administrazio Publikoaren barruko beste erakunde autonomoetatik datorrena), gehienez, diruz lagundutako jardunaren aurrekontu osoaren % 70 izango da.
e) Diru-laguntza hauen onuradunek giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetzaren balioak errespetatuko dituzte, eta, ondorioz, ezin izango dituzte agerian eduki, horiei dagokienez, herritarrentzako laidogarriak izan daitezkeen, erabiltzaileen duintasuna urra dezaketen edo indarkeria iradokitzen duten ikurrak edo elementuak.
2.2.– Betekizun akademikoak.
Euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentro homologatuek zuzendaritza nagusi honen 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenean xedatutakoa bete beharko dute, baldin eta HABEk eskainitako diru-laguntza jaso nahi badute. Ebazpen horren bitartez, euskaltegi publikoek, euskaltegi pribatu homologatuek, autoikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek HABEk deitutako diru-laguntzak jasotzeko bete behar dituzten oinarrizko baldintzak zehazten dira.
Bestalde, taldeen osaketarako 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluan ezarritako irizpideak bete beharko ditu euskaltegiak. Hala ere, euskaltegi batek dagokion batez bestekoa betetzen ez badu, ebazpen horren 10.6 artikuluak aurreikusi bezala, eskariko orduak baldintza hori betetzeraino doitu ahal izango dira diru-laguntzarako.
Barnetegiko ikastaroetako taldeek, edozein herritan antolatuta ere, 10.001-25.000 biztanleko herrietakoen trataera bera izango dute.
Halaber, 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren azken paragrafoan aurreikusitakoaren arabera, 2015-2016ko ikasturtearen hasieran, hau da, urrian, herri-tamainaren arabera dagokion ikasleen gutxieneko kopurura heltzen ez diren hondar-taldeak ere diru-laguntzen xede izan daitezke salbuespen gisa, betiere kontuan izanda, alde batetik ikasleen maila eta ordutegien arabera taldea osatzeko beste aukerarik dagoen, eta, bestetik, euskaltegiaren jarduera osoarekiko alderaketa, aldez aurretik Ikuskatzailetzaren txostena jasota.
Era honetako hondar-talderik onartua izateko, bi baldintza bete beharko ditu euskaltegiak:
– Ikasle horiek (maila eta ordutegiaren arabera) beste taldeetan txertatzeko ezintasuna.
– Euskaltegiaren ikasturte-hasierako talde-orduen % 10 baino gutxiago izatea salbuespen-gai diren taldeen orduak.
Horrelako hondar-talderik daukan euskaltegiak HABEren zuzendari nagusiari dagokion eskari arrazoitua helarazi beharko dio 2015eko urriaren 23a baino lehen.
3. artikulua.– Eskarien aurkezpena.
1.– Ikasturte osoko eskaria.
Interesatuta dauden euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek HABEren zuzendari nagusiari zuzenduko dizkiote diru-laguntza eskariak, euskaltegiaren edo autoikaskuntzarako zentroaren legezko ordezkariak sinatuta.
Eskariak aurkezteko epea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik 2015eko azaroaren 6ra bitartekoa izango da. Eskariok I. eranskinaren ereduaren arabera bete eta honako agiri hauekin batera aurkeztuko dira:
a) 2015-2016ko ikasturtean guztira emango diren talde-orduen eta ikasle-orduen zenbatekoa (ikusi II. eranskina).
2015-2016ko ikasturterako, benetan hasitako ikastalde eta ikasleen arabera aurreikusten diren guztirako orduekin bat etorri beharko du eskariko orduen kopuruak.
HABEk berak euskaltegiratzen dituen HABErekin hitzartutako erakundeetako langileak trebatzeko bai aurrez aurreko taldeak eta bai autoikaskuntza bidezko ikasleak ere, hiri bakoitzean mota horretako zerbitzua eskaintzen duten euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentro homologatuen artean bere ekimenezko jarduera onargarriaren arabera proportzionalki banatuko ditu HABEk (aurrez aurreko taldeak, horrelakoetan aurreko ikasturtean benetan emandako eskola-ordu onargarrien arabera, eta beste horrenbeste autoikaskuntzakoak). Horrelakoetan, euskaltegia edo autoikaskuntzarako zentroa derrigortua egongo da HABEk erakunde bakoitzarekin hitzartutako baldintza bereziak betetzera (ezarritako eskola-egutegian aurreikusitako egun guztietan eskolak eman beharra barne).
b) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak zergak ordainduak dituela egiaztatzen duen agiria Foru Ogasunak emana.
c) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak Gizarte Segurantzako ordainketak egunean dituela egiaztatzen duen agiria.
d) Euskaltegiaren edo autoikaskuntza zentroaren ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez duela zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik, eta ez dagoela laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta ere, ezta sexua dela eta eragindako bereizkeriengatik ere, hain zuzen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren 50. artikulua aldatzen duen Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko seigarren azken xedapenean xedatutakoarekin bat etorriz (IV. eranskina).
e) Euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentro homologatuak HABEren euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan datu guztiak eguneratuta ez baditu, eskariarekin bat falta diren datuak ekarri beharko ditu.
2.– Ikasturte erdiko eskaria.
HABErekin hitzarmena duten erakundeetako ikaslez osatuta HABEk berak euskaltegiratutako ikastalderik duen euskaltegiak, ikasturtean zehar beste eskari bat egin ahal izango du 2016ko martxoaren 4ko epemugarekin, jatorri horretakoak izaki, ikasturte osoko eskaria egin ondoren hasi diren taldeei dagokien diru-laguntza eskatu ahal izateko. Eskari hau dagokien euskaltegiek HABEren zuzendari nagusiari zuzenduko diote, euskaltegiaren legezko ordezkariak sinatuta, I. eranskinaren ereduaren arabera bete, eta talde/orduen zenbatekoa (ikusi II. eranskina) aurkeztuz.
4. artikulua.– Aurkeztutako eskariaren hutsuneak zuzentzea.
Aurkeztutako eskarian dokumenturen bat falta bada, edota okerren bat badago, eskaria luzatu duenari jakinaraziko zaio eta hamar eguneko epea emango okerrak zuzen ditzan, eta adierazi, horrela egin ezean, eskabideari uko egin zaiola ulertu beharko dela, aldez aurreko Ebazpenaren bitartez Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan jasotako baldintzetan.
5. artikulua.– Diru-laguntzen organo kudeatzailea.
HABEko Kudeaketa Zerbitzuari dagokio, Ekonomia eta Administrazio Unitatearen eta Ikuskatzailetzaren bitartez, deialdi honetan aurreikusitako kudeaketa-lanak burutzea.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Euskaltegien bere ekimenezko aurrez aurreko jarduera.
Euskaltegi bakoitzari diru-laguntzatarako onartuko zaizkion aurrez aurreko talde-orduak 2014-2015 ikasturtean bakoitzak benetan eman dituen onargarri berak izango dira, ikasturte honetarako eskatutakoekiko % 7koa baino alde handiagorik ez badago.
% 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, ordu onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako proportzioa aplikatuz egokitu ere.
2014-2015 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegien kasuan, ebazpen honen 3. artikuluko 1.a) puntuan ezarritako irizpidearen arabera eginiko eskariko orduak izango dira horrelakoaren abiapuntu.
1.1.– Euskaltegien aurrez aurreko ikastaldeen diru-laguntzak bi zati izango ditu: oinarrizko modulua eta ratioarengatiko gehigarria.
a) Oinarrizko modulua: euskaltegiaren eskarian onartzen diren talde-ordu bakoitzeko oinarrizko modulua 36,87 eurokoa izango da. Modulu hau aplikatuko zaie HEOCaren C2 (aurreko HEOCaren 4.a) mailako talde onargarrietako tutoretza saioei ere. Modulu horren % 1 beren jarduera HEOC berrira egokitzeko erabiliko dute euskaltegiek.
b) HABEren diru-laguntzapeko taldeetan, euskaltegiaren beraren ekimenezkoetan, talde bakoitza kokatua dagoen herriaren tamainari HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 5. artikuluaren arabera dagokion gutxieneko batez bestekotik gorakoa bada, talde-orduak aldearen puntu bakoitzeko 1,92 euroko gehigarria izango du. Ratio hau urriaren azken lanegunean neurtuko da.
1.2.– Uda-barnetegien kasuan, egun osoko pentsioagatik (ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria), eguneko eta ikasleko 17,77 euroko laguntza izango dute.
2.– Euskaltegien eta autoikaskuntzarako zentroen bere ekimenezko autoikaskuntzako jarduera.
Euskaltegi eta autoikaskuntzarako zentro bakoitzari diru-laguntzetarako onartuko zaizkion autoikaskuntzarako matrikulak honela zehaztuko dira:
a) Eskariko matrikulak, hau da, urrian hasitako ikasleak eta dagokion proiekzioa -ikasturte erdikoak gehi udakoak- aurreko ikasturtean ikasleek benetan burututako matrikula onargarrien proportzio berean doituko dira. Jarduera onargarria HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 4. artikuluko 3.a), 2) eta 3.c) puntuetan ezarritako irizpideen arabera zehaztuko da.
b) Doitutako kopuru hori oinarri bezala kontuan hartuta, laguntzarako matrikulak 2014-2015 ikasturtean bakoitzak benetan eman dituen onargarri berak izango dira, % 7koa baino alde handiagorik ez badago.
c) % 7ko alde hori gainditzen bada, nahiz gora nahiz behera, doitutako matrikula onargarriak egokitu egingo dira, onartzen den alde horretatik (% 7tik) gorako nahiz beherako proportzioa aplikatuz egokitu ere.
d) 2014-2015 ikasturtean diruz lagundu gabeko euskaltegi edo autoikaskuntzarako zentroen kasuan, ebazpen honen 3. artikuluko 1.a) puntuan ezarritako irizpidearen arabera eginiko eskariko orduak izango dira horrelakoaren abiapuntu.
Autoikaskuntza bidez ikasten duten ikasleen jarduera, HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenaren 4. artikuluko 3.a) puntuan zehaztutako modulu estandarra osatu duen ikasleko 787,80 eurotan babestuko da. Ikasturte erdiko (edo 100 orduko) ikastaroa burutzen duen ikasleko 393,90 eurotan babestuko da. Modulu hauek proportzionalki egokitu egingo dira, ikastaro-modulu onargarria izanik ere, jarduera osoa burutzen ez duen ikasleko. Modulu horren % 1 beren jarduera HEOC berrira egokitzeko erabiliko dute euskaltegiek eta autoikaskuntzarako zentroek.
3.– Hitzarmenpeko jarduera.
3.1.– HABErekin hitzarmena duten Erakundeetako ikaslez osatu eta HABEk berak euskaltegiratu eta ikasturte osoko eskarira bildutako taldeetako modulua, euskaltegiaren egoitzaren batean emandako talde-orduko 38,42 eurokoa izango da. Hitzartutako erakundearen beraren lokaletan emandako talde-orduko modulua 32,65 eurokoa izango da.
3.2.– Aurreko modulu berak erabiliko dira ikasturte erdiko eskarira biltzen diren HABErekin hitzarmena duten Erakundeetako ikaslez osatu eta HABEk berak euskaltegiratzen dituen taldeetarako.
4.– Barnetegi iraunkorretako ikastaroen kasuan, eskolarako modulu horrez gain, eguneko 5,56 euroko modulua aplikatuko da pentsio erdia bada (bazkaria) eta eguneko 17,77 euro pentsio osoa denean (ostatua, gosaria, bazkaria eta afaria). Pentsio osoko ikasleen kasuan, ikastaroak dirauen bitartean eta euskaltegiak bideratuta, familia euskaldun batean bizi diren ikasleen kasuan, ikasle eta eguneko 5 euroko gehigarria jasoko du euskaltegiak.
7. artikulua.– Diru-laguntzaren ebazpenak.
1.– Ikasturte osorako ebazpena.
1.1.– HABEren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari, ikasturte osorako eskariaren arabera, onartzen zaizkion orduak eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaizkio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta ebazpen honen 11. artikuluak dioenaren arabera.
1.2.– Ebazpena 2015eko abenduaren 31 baino lehen jakinaraziko da. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinarazten ez badu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.
2.– Ikasturte erdiko ebazpena.
2.1.– HABEren zuzendari nagusiaren Ebazpenaren bitartez, onuradun bakoitzari, ikasturte erdirako eskariaren arabera, onartzen zaizkion orduak eta dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa ezarriko zaizkio. Ebazpenak adieraziko du esleitutako zenbateko hori baldintzatuta egongo dela egingo diren azken doikuntzetara, datu errealen eta ebazpen honen 11. artikuluak dioenaren arabera.
2.2.– Ebazpena jakinaraziko da, eskariak aurkezteko epea amaitu eta hiru hilabetera gehienez. Epe horretan organo erabakitzaileak jakinarazten ez badu, eskaria ez dela onartua izan ulertuko da.
3.– Interesatu bakoitzari egin dakiokeen Ebazpenaren jakinarazpenaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira emandako diru-laguntzak eta horien onuradunak.
8. artikulua.– Beste diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Ebazpen honen kontura ematen diren diru-laguntzak bateragarriak izango dira helburu horretarako beste edozein entitatek eman ditzakeen laguntzekin, betiere diruz lagundutako jardueraren gain-finantziazioa gertatzen ez bada.
2.– Gain-finantziazioa gertatzen bada, edota finantziazio publikoetan aurreikusitako mugak gainditzen badira, murriztu egingo da diru-laguntza, dagokion neurrira doitu arte.
3.– Gain-finantziazio hori itzulketa egiteko obligazio bera eskatzen duten beste laguntzekin batera gertatzen bada, itzuli beharreko diru-kopurua, proportzionala izango da, jarduera burutzeko kostu osoaren eta esleitutako laguntzaren araberako proportzioan.
9. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
1.– Diru-laguntzak jarraian azaltzen diren epe eta eran ordainduko dira:
a) Ikasturte osoko diru-laguntzen ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 32,62 ordainduko da.
b) Ikasturte osoko ebazpenean ezarritako zenbatekoaren % 45 2016ko martxotik aurrera ordainduko da, 2015eko urritik aurrerako gastuen bitartez, lehen ordainketan jasotako diru-laguntza osoa egoki zuritu ondoren.
c) Ikasturte erdiko ebazpena ematen den momentuan erabakitakoaren % 60 ordainduko da.
d) Ikasturte osoko ebazpenean eta ikasturte erdikoan erabakitako gainerako diru-laguntza, bakoitzari dagokiona, onuradunak bere jardun osoa ondo zuritu eta agiriak bidali ondoren, HABEren zuzendariak egingo duen kitapen ebazpenaren araberakoa, hala behar denetan.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.
10. artikulua.– Zuriketa.
1.– HABEren diru-laguntza behar bezala zuritua dagoela ulertuko da, jarraian adierazten diren kontzeptuengatik bidalitako zuri-agiri guztien batuketa emandako diru-laguntza adinakoa bada.
HABEren diru-laguntzen zuriketarako honako gastu hauek onartuko dira, eta horretarako agirien originalak edo kopia konpultsatuak aurkeztuko dira:
a) Langileen gastuak, euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoan jasota daudenenak soilik. Langileen gastuak, euren ordainketarako banku bidezko zerrendak (edo nominak), eta Gizarte Segurantzari eta PFEZari dagozkion ordainketen agiriak aurkeztuz zurituko dira. Banka elektronikoaren bidez eginiko eragiketen agiriek dagozkien aztarna elektronikoen kodeak, bankuaren ordainagiriek, zigilua edo baliozkotze mekanikoa eduki behar dute.
b) Lokalen alokairuak. Bakarrik euskaltegien edo autoikaskuntzarako zentroen Erregistroan jasotako lokalen alokairuak hartuko dira kontuan. Legezko gutxienekoak (BEZa, zerga-atxikipena...) betetzen dituzten agiriak soilik onartuko dira. Alokatzailea erakunde publikoa denean, bankuaren bidez luzaturiko erreziboak onartuko dira.
c) Mantentze-gastuak, barnetegiko pentsiotarako diru-laguntza onartua duten euskaltegiek, eta horretarako esleitutako kopurua, gehienez.
d) Garbiketa-gastuak, azpikontratatuta daudenean.
e) Gastu didaktikoak: klaseak ematearekin zuzenki lotuta dauden gastu arruntak (material didaktikoa, liburuak, dokumentazioa, etab.).
f) Irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko helburuarekin sortutako beste edozein gastu, artikulu honen 5. puntuan xedatutakoaren arabera.
2.– Bestalde, 2. artikuluko 2.1.d) puntuan zehaztutako baldintza betetzeari begira, euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak helduen alfabetatze eta euskalduntzeko zereginetan ikasturtean izan dituen sarrera eta gastu guztien balantzea azaldu beharko dio HABEri, III. eranskineko ereduari jarraikiz.
3.– Agiri horiek aurkezteko epeak:
a) 2016ko otsailaren 12a, ikasturteko lehen ordainketan jasotako diru-laguntza zuritzeko behar besteko gastuen zuri-agiriak aurkezteko.
b) 2016ko urriaren 10a, gainerako diru-laguntza zuritzeko behar besteko gastuen zuri-agiriak eta artikulu honetako 2. puntuan eskatutakoa aurkezteko.
4.– Zuriketaren edozein fasetan egindako ez-betetzeak ondorio legalak izango ditu, eta, edozein kasutan, diru-laguntzarako eskubidea galtzea ekarriko du eta jasotako zenbatekoa itzultzea.
5.– Irakaskuntzaren kalitatea hobetze aldera, deialdi honen bidez jasotako diru-laguntzaren % 2 gutxienez jarraian zerrendatzen diren hobekuntza-prozesuetan erabili izana ziurtatu beharko du onuradun bakoitzak: irakasleen formazioan (barruko zein kanpoko formazio-jarduerak), Informazio eta Komunikaziorako Teknologietan (IKT), materialgintzan eta kudeaketaren hobekuntzan. Dena den, euskaltegi edo zentroren batek ikusten badu, behin-behineko egoera medio, hobetzeko jardueretako agiriekin ez duela portzentaje hori zuritzerik izango, memoria arrazoitua helaraziko dio HABEren zuzendari nagusiari 2016ko urriaren 10eko epe-mugarekin.
6.– 2015eko HABEren Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Curriculumaren egokitzapenerako jasotako % 1 langileen gastuen edo bestelako kontratazioen bidez horretarako berariaz erabili izana ziurtatu beharko du onuradun bakoitzak.
11. artikulua.– Diru-laguntzaren kitapena.
1.– Euskaltegien kudeaketarako aplikazio informatikoa baliatuz euskaltegiak edo autoikaskuntzarako zentroak HABEra dagozkion epeetan bidaltzen dituen datuak izango dira 2015-2016ko ikasturteko jardueraren oinarri.
Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira lehia bidez, edo, bestela, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabideak lortu badira, laguntza ematea ekarri duen erabakia aldatu egin ahal izango da, beti ere deialdi honek onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzak bete egiten baldin badira.
2.– Ikasturteko behin betiko datu errealak (emandako eskolak eta pentsio-egunak) eta gastuen egiaztagiriak jaso ondoren, diru-laguntza kopurua erabakitzeko baliatu den edozein baldintzak behera egin duela ikusten bada, diru-laguntzak emateko erabakia aldatu egingo da, HABEren zuzendari nagusiaren kitapen ebazpenaren bitartez laguntza-kopuruak doituz, era honetan jokatuko delarik.
2.1.– Emandako talde- eta ikasle-orduak eta pentsio-egunak esleitutakoak baino gutxiago izan badira, horiek hartuko dira aintzat (bere ekimenezko jarduerari dagokionean, ebazpen honen 6. artikuluaren 1. eta 2. puntuetan finkatu irizpideak aplikatuta).
2.2.– Diru-laguntzaren Ebazpenean esleitutako talde-ratioak behera egin badu ikasturtean zeharreko batez bestekoan, azken hau hartuko da aintzat, taldeak berregitearen ondorioz jaitsi bada ratioa.
2.3.– Erabakitako diru-kopurua zuritzen ez bada edota 2. artikuluko 2.1.d) puntuan zehaztutako % 70eko muga gainditzen bada, doitu egingo da, era berean, erabakitako diru-laguntza.
12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak.
Ebazpen honetan araututako diru-laguntzen onuradunek beti izango dituzte betebeharreko hauek:
a) Jarduera aurrera eramatea edo diru-laguntza ematea bidezko egiten duen egoeran egotea.
b) Diru-laguntza eman duen erakundearen aurrean justifikatzea emate hori eragin duten edo laguntzaz baliatzea eragin duten baldintzak betetzen direla eta jarduera bera aurrera eramango dela.
c) Uztailaren 22ko 179/2003 Dekretuak, helduentzako euskararen irakaskuntza burutzen duten euskaltegien eta beste zentro homologatuen jarduera eta horien finantzazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren aldetik arautzen duenak eta HABEren zuzendari nagusiaren 2005eko uztailaren 27ko Ebazpenak, HABEk deialdiz eskaintzen dituen diru-laguntzak eskuratzeko euskaltegi publiko zein pribatuek, auto-ikaskuntzarako zentro homologatuek eta Euskal Etxeek bete behar dituzten oinarrizko baldintzak ezartzen dituenak araututakoak eta ezarritakoak.
d) Azaroaren 11ko 1/1997ko Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren arabera Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Kontu Publikoen Euskal Epaimahaiak deialdi honen bitartez esleitutako diru-laguntzak kontrolatzeko dituen bere eginbeharrak betetzeko eska ditzaten informazioak oro ematea. Halaber, beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea HABEri, V. eranskina erabiliz. Era berean, laguntza ematerakoan kontuan izan zen dena delako egoera objektibo edo subjektiboa aldatu egin baldin bada, horren berri ematea laguntza eman duen erakundeari.
13. artikulua.– Arau-hausteak eta ez-betetzeak.
Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzen onuradunak, dena den, lotuta daude azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartzen duen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean zehaztuta dauden lege-hausteen eta ez-betetzeen erregimenarekin.
Ez betetze kasuetan, onuradunak jasotako diru-kopurua, bere legezko interesekin, Euskadiko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko du, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) ezarritakoaren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduz Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea dela eta, baldintza honen pean gelditzen da ikasturte erdiko ebazpena: 2016ko ekitaldian kreditu egokia, kopuruz zein izaeraz, izan behar da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Ebazpen honen aurka, administrazio-bidea agortzen ez duenez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari. Horretarako, hilabeteko epea izango dute Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du indarra.
Donostia-San Sebastián, 2015eko abuztuaren 27a.
HABEren zuzendari nagusia,
JOSEBA ERKIZIA ITOITZ.