EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2015186

AGINDUA, 2015eko ekainaren 16koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioa / Fundación Museo del Montañismo Vasco (Emmoa) fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko dena.

Xedapenaren data: 2015-06-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201504090
Maila: Agindua
Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioa / Fundación Museo del Montañismo Vasco (Emmoa) fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea ikusi eta aztertu da.
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2014ko uztailaren 15ean Herri Administrazio eta Justizia Sailean eskabide bat sartu zen, eta han eskatzen zen Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioa / Fundación Museo del Montañismo Vasco (Emmoa) fundazioaren eratzea Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazio horren sortzaileak hauek dira: Francisco Alberto Cortázar Villaverde jauna, Luis Ignacio Domingo Uriarte jauna, Santiago Domingo Uriarte jauna, Antonio María Iturriza Olloquiegui jauna, Amaia Basterretxea Moreno andrea eta Santiago Yáñiz Aramendia jauna. Eskariari espedienteko agiriak erantsi zitzaizkion.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak bilkura egin du, fundazioaren helburuak zilegi eta interes orokorrekoak direla eta fundazioa ekonomikoki bideragarria dela egiaztatzeko, eta 2015eko maiatzaren 14an fundazioa erregistroan inskribatzearen aldeko txostena eman du.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren helburuak, estatutuen 5. artikuluan ezarritakoaren arabera:
«Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren (Emmoa) helburua da mendiarekiko eta mendizaletasunarekiko estimua sustatzea eta kirol hori gozatze eta horretan jarduteko segurtasuna zaintzen erakustea. Emmoak, horretarako, museo bat sortuko du, non bildu, dokumentatu, babestu, ikasi, erakutsi eta interpretatuko baitira mendi-inguruneetako kultura- eta natura-ondarea eta ingurune horietan egiten diren kirol-jarduerak, bereziki nabarmenduz Euskal Herrian egiten direnak.
Aipatu helburuak betetzeko, fundazioak xede hauek ezarri ditu:
– Mendia eta mendizaletasunari buruzko ondare material eta ez-materiala eskuratu eta kontserbatzea, eta, batik bat, Euskal Herriko mendiei eta euskal mendizaleei buruzkoa.
– Herritarrak, oro har, eta gazteak, bereziki, mendizaletasunaren espirituan eta naturaren errespetuan heztea, erakusketa- eta didaktika-programa erakargarri baten bidez.
– Museoaren inguruko komunikazioa eta zabalkundea indartzea, ikusgarria eta hurbila izan dadin bai bertako bisitarientzat, bai nazionalentzat eta atzerrikoentzat.
– Jarrera ireki eta inklusiboa izatea, Museoaren eta ingurune hurbilaren arteko harremana sustatzeko, betiere aintzat hartuta museo-izaera eta haren ikerketa-funtzioa.
– Sarean lan egitea, itun estrategikoak garatuz eta zabalduz antzeko gaiak lantzen dituzten zentro eta erakundeekin.
– Herritarrei laguntzea Museoaren zerbitzuetara eta edukietara gerturatzen».
Laugarrena.– Estatutuetako 3. eta 4. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Gasteizen egongo da (Posta kalea 19, 1.a), eta fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere jarduerak.
Bosgarrena.– Hasierako dotazioa 42.985 eurokoa da, eta honela dago osatuta: batetik, 3.000 euroko diru-ekarpena, eta, bestetik, 39.985 euroko balioa duten zenbait bildumaren lagapena (espedienteko dokumentazioan dago deskribatuta). Ekarpen horiek egin direla agiri bidez jasota geratu da erregistro-inskripzioko espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Seigarrena.– Patronatuari dagokio fundazioa ordezkatzea, administratzea eta gobernatzea. Patronatuko kideek doan beteko dituzte beren egitekoak, fundazioaren estatutuetan xedatutakoaren arabera.
Zazpigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezartzen denez, hasieran hauek izango dira, lau urteko epealdirako:
– Lehendakaria: Luis Ignacio Domingo Uriarte jauna.
– Idazkaria: Antonio María Iturriza Olloquiegui jauna.
– Bokala: Francisco Alberto Cortázar Villaverde jauna.
– Bokala: Santiago Domingo Uriarte jauna.
Izendatutako guztiek onartu dituzte beren karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 12.1 artikuluan ezarritako moduetariko bat erabiliz.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio fundazioaren eratzeko espedientea hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikuluan; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikuluan; Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuan; eta Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzeko eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzekoan.
Bigarrena.– Hartarako legitimazioa daukan pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 12/1994 Legearen 6., 7. eta 9. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak Ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko agintzea –egun honetan eta F-387 erregistro-zenbakiarekin–: Gasteizko Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioaren (Emmoa) eraketa, eta bai Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horretako kideak zazpigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, 2013ko uztailaren 24an Fernando Ramos Alcazar notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo zk.: 900). Eskritura hori osatu egin zen notario beraren aurrean 2015eko martxoaren 17an eta 2015eko apirilaren 14an egiletsitako eskrituren bidez (protokolo zk.: 261 eta 363, hurrenez hurren).
Bigarrena.– Fundazio hori, helburuak kontuan hartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroko 3. sekzioan sailkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 2.2 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hirugarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 16a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.