EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2015184

168/2015 DEKRETUA, irailaren 8koa, Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK) sortzen eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201500168
Xedapenaren data: 2015-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201504053
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2001/04/26an argitaratutako 2001/04/03ko 200100062 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2002/10/25ean argitaratutako 2002/10/15eko 200200235 DEKRETUA indargabetzen du

Lanbide Heziketako I. Euskal Plana garatzean, zenbait erakunde eratu ziren, Lanbide Heziketak Euskal Autonomia Erkidegoan duen presentzia sustatzen lagundu dutenak, hala nola Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua eta Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia; ekainaren 23ko 119/1998 Dekretuaren bidez sortu zen Institutua, eta apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuaren bidez Agentzia.
Lanbide Heziketako II. Euskal Planak, berriz, 3. ardatz estrategikoa garatzean («Euskadiko Lanbide Heziketaren berrikuntza sustatzea, etengabeko hobekuntza-prozesu baten bidez»), Lanbide Heziketa berritzeko zentro bat sortzearen alde egin zuen, Lanbide Heziketako ikastetxeei eta enpresei informazio- eta komunikazio-teknologia berrien alorrean eta teknologiaren kudeaketa eta berrikuntzan laguntzeko. Ildo horretatik, martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuak Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroa (Tknika) sortu zuen, eta Zentroko lanpostuen zerrenda onartu zuen.
ET-2020 Europa hezkuntzaren eta prestakuntzaren alorrean elkarlanean aritzeko esparru estrategikoaren barruan Europar Batasunak finkatu dituen orientabide eta arauek babes handia eman diete erakunde horiei eta haien eginkizunei. Betetzen dituzten funtzioak betetzen jarraitzearen alde egiteaz gain, funtzio gehiago esleitzen dizkie aipatutako esparruak, eta, helburu estrategikoen artean, honako hauek finkatzen ditu: ikasleen etengabeko ikaskuntza eta mugikortasuna gauzatzea; hezkuntzaren eta prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea; ekitatea, gizartearen kohesioa eta herritartasun aktiboa sustatzea; eta sormena eta berrikuntza areagotzea (tartean, enpresa-espiritua), hezkuntza- eta prestakuntza-maila guztietan.
Testuinguru horretan, oso garrantzitsua da 1/2013 Legea, urriaren 10ekoa, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzkoa. Teknologien eta ekoizpen-sistemen bilakaera azkarrari aurre egiteko –etengabe eguneratu beharra eta, askotan, pertsonen gaitasunak areagotu beharra dakar horrek–, Bizialdi Osoko Ikaskuntzako Euskal Sistema antolatzen eta arautzen du Legeak, eta hura osatzen duten eragile eta ikastetxe-sareak finkatzen ditu, baita sistemak oinarrian izan behar dituen funtsezko programak ere. Besteak beste, Lanbide Heziketako Euskal Sistema Bateratua arautzen du, eta, haren barruan, eskaintza- eta orientazio-egitura bateratuari ez ezik, garrantzi berezia ematen dio berrikuntzari.
Bestalde, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak helburu nagusi hauek ditu: Euskadiko pertsona guztien enplegagarritasuna hobetzea (emakumeena zein gizonena), Euskadiko ekoizpen-ehunak merkatu globalean duen lehiakortasuna eta gizartearen kohesioa hobetzea eta, horretarako, Lanbide Heziketako euskal sistema eraldatzea, epe motzean eta luzean erantzun egokitu eta arina emateko enpresen premiei eta pertsonen enplegagarritasun-eskakizun berriei.
Aipatutako erakundeen esperientzia ikusirik eta Europar Batasunak finkatutako estrategietatik eta Eusko Jaurlaritzak Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean ezarritako ekintza-esparru estrategikotik ondorioztatzen diren helburu berriak ikusirik, komeni da erakundeen barne-egitura eta antolamendua sendotzea eta eraldatzea, lortutako emaitzak finkatu eta beste arlo batzuetan aurrera egin ahal izan dezaten ziurtatzeko. Horretarako, baina, ardura eta helburu berriak eta antolaketa-eredu ireki eta malguak izan behar dituzte, erronka berriei aurrerapenez, malgutasunez eta eraginkortasunez aurre egiteko, etengabeko berrikuntzaren eta bikaintasunaren bidez.
Alegia, beharrezkoa da erakundeen eginkizunak eta barne-antolamendua egokitzea eta berregituratzea Ildo horretatik, Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK) sortzen du dekretu honek, eta Institutuko lanpostuen zerrenda onartzen du. Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziaren ordezkoa izango da Institutua, hura desagertu egingo baita, baina ez du hura ordezkatu bakarrik egingo, ez da izen-aldaketa huts bat izango: zeharkako oinarrizko gaitasun berriak eskuratzeko bidean aurrera egin nahi du Institutuak, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak egiten dituzten ikasleen sormenezko pentsaera sustatzeko, teknologia aurreratuak erabiliz eskuz sortzeko guneak garatzeko eta sorkuntza-esparru berrietan ekintzailetza dinamizatzeko.
Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, hezkuntzarako laguntza-zerbitzuen eginkizun eta ekintza-esparruak zehazten ditu, IV. tituluko III. kapituluan.
Otsailaren 19ko 2/1993 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzarako irakasleen kidegoei buruzkoak, berriz, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketa arautzen ditu, II. tituluko I. kapituluan, eta, zehazki, lanpostuen zerrendak arautzen ditu (haien oinarrizko printzipioak eta haiek prestatzeko bete beharreko prozedura).
Ildo horretatik, 5. artikuluak zerrenden gutxieneko edukia xedatzen du: izena; irakaskuntzari laguntzeko zerbitzua; lanpostua betetzeko beharrezkoak diren baldintzak eta, horien artean, nahitaez, izendatutako hizkuntza-eskakizuna eta, hala badagokio, derrigortasun-eguna; lanpostu bakoitzari zein talde, kidego edo maila edo lan-arloko kategoria dagokion; eta, funtzionarioentzat gordetako lanpostuak izanez gero, lanpostuari dagokion berariazko osagarria eta lanpostua betetzeko bidea.
2/1993 Legearen 4.l) artikuluak, berriz, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5.h) artikuluarekin bat –6/1989 Legeak Eusko Jaurlaritzari egokitzen dio lanpostu-zerrendak onartzeko eskumena–, hezkuntza-gaien eskumena duen sailari egokitzen dio irakasleen lanpostu-zerrendak proposatzeko aginpidea.
Lanpostuen zerrenda hau prestatzeko, otsailaren 13ko 25/2001 Dekretua aplikatu da, Ikerketarako eta Irakaskuntzaren Laguntza Zerbitzuetako (ISEI, Berritzegune eta IIHII) lanpostuen hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak zehazteko berariazko araubidea finkatzen duena.
Harekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin eta gainerako kontsulta-organo interesdunekin bat, Gobernu Kontseiluak 2015eko irailaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Sorrera eta izaera
1.– Dekretu honen xedea Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutua (IDEATK) sortzea da. Organo tekniko profesional bat izango da Institutua, eta haren helburu nagusia zeharkako oinarrizko gaitasun berriak eskuratzeko bidean aurrera egitea izango da, Lanbide Heziketako prestakuntza-zikloak egiten dituzten ikasleen sormenezko pentsaera sustatzeko, teknologia aurreratuak erabiliz eskuz sortzeko guneak garatzeko eta sorkuntza-esparru berrietan ekintzailetza dinamizatzeko.
2.– Ikertzeko eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzu bat izango da Institutua, eta, alde organikotik, hezkuntza-gaien eskumena duen sailaren barruan Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzara atxikita egongo da; hau da, alde organiko eta funtzionaletik, haren mendean beteko ditu dekretu honek zehazten dituen eginkizunak.
2. artikulua.– Lanpostuen zerrenda
Dekretu honen xedea bada IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuko lanpostuen zerrenda onartzea eta haiek betetzeko eskakizunak finkatzea ere. Eranskinak zehazten ditu eskakizunak.
3. artikulua.– Xedea eta eginkizunak
1.– Honako hauek izango dira IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuaren helburuak:
a) Lanbide Heziketan sormena sustatzea.
b) Sormenezko pentsaera garatzea Lanbide Heziketako proiektu berriak martxan jartzeko.
c) Lanbide Heziketako ikastetxeetan 3D teknologia aurreratuak erabiliz eskuz sortzeko guneak garatzeari buruz ikertzea eta horrelakoak diseinatzea eta esperimentatzea.
d) Sorkuntza-ingurune berrietan enpresak sor daitezen bultzatzea.
2.– Bere helburuak lortzeko, eginkizun hauek beteko ditu Institutuak:
a) Pentsamendu eraikitzaile eta sortzailearen alorreko teknikak aurrera eramateko beharrezkoak diren prozesuak zehaztea, Lanbide Heziketan proiektu berriak abiarazteko, beste ikuspegi batetik.
b) Adimen emozionalaren eta adimen exekutiboaren alorretan aurrera egitea, Lanbide Heziketako ikasleen profila hobetzeko.
c) Lanbide Heziketan sormena garatzeko esparrua ezartzea.
d) Lankidetza-sareen barruan, teknologia aurreratuak erabiliz sortzeko guneak garatzeari buruz ikertzea eta horrelakoak diseinatzea eta esperimentatzea.
e) Teknologia aurreratuak darabiltzaten hainbat sektore lankidetza-sareen barruan aritu daitezen bultzatzea.
f) Lanbide Heziketako ikastetxeak eta enpresak sormen aplikatuaren alorrean elkarlanean aritzeko esparruak diseinatzea eta sustatzea.
g) Sorkuntza-ingurune berrietan enpresak sor daitezen bultzatzea, 3D teknologiak darabiltzaten ekoizpen-ereduen bitartez.
h) Tknika Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroarekin eta Lanbide Heziketako Ezagutzaren Euskal Institutuarekin elkarlanean aritzea berrikuntzaren eta sormen aplikatuaren alorretan.
i) Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.
4. artikulua.– Plan estrategikoa eta urteko plana.
1.– Plan estrategikoak zenbait urte iraungo du, eta honako hauek finkatuko ditu gutxienez:
a) Planak irauten duen bitartean Institutuak bere eginkizunak betetzeko finkatzen diren helburuak.
b) Helburu bakoitzaren funtzio jakina.
c) Helburu bakoitza lortzeko neurriak.
d) Helburuak lortzeko kronograma.
e) Helburuen lorpenaren adierazleak.
2.– Urteko planak plan estrategikoa garatuko du, ekitaldi ekonomiko bakoitzean.
3.– Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordeak onartu beharko ditu plan estrategikoa eta urteko plana.
5. artikulua.– Antolaketa-egitura.
Bere eginkizunak betetzeko, zuzendari exekutibo bat eta atalburuak izango ditu IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuak. Honako atal hauek osatuko dute Institutuaren egitura:
a) Sormenezko Pentsaeraren Atalak.
b) Sormen Aplikatuaren Atalak.
6. artikulua.– Sormenezko Pentsaeraren Atala.
1.– Eginkizun hauek izango ditu Sormenezko Pentsaeraren Atalak:
a) Lanbide Heziketan proiektu berriak martxan jartzean pentsamendu eraikitzailearen alorreko teknikak aurrera eramateko beharrezkoak diren prozesuak zehaztea.
b) Sormenaren alorrean gaitasun berriak sustatzeko beharrezkoak diren gaitasunak zehaztea, diseinatzea eta garatzea; besteak beste, adimen emozionalaren eta adimen exekutiboaren bitartez.
c) Lanbide Heziketan sormena garatzeko esparrua ezartzea.
d) Tknika Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroarekin elkarlanean aritzea berrikuntza aplikatuaren, sormenezko pentsaeraren eta sormen aplikatuaren alorretan.
e) Lanbide Heziketako Ezagutzaren Euskal Institutuarekin elkarlanean aritzea.
f) Arauzko beste xedapen batzuek egokitzen dizkioten edo Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.
2.– Eginkizun hauek izango ditu Sormenezko Pentsaeraren Ataleko buruak:
a) Lanbide Heziketan sormenezko pentsaera garatzeko esparrua zehaztea.
b) Ataleko prestakuntza-planak diseinatzea, kudeatzea eta koordinatzea, albo-pentsamendua eta pentsamendu eraikitzailea garatzeko, baita adimen emozionala eta adimen exekutiboa ere.
c) Atalean sortzen den dokumentazioa gordetzea eta zaintzea.
d) Antolakundearen proiektu eta jardueren esparruan beste atal eta erakunde batzuekin elkarlanean aritzea.
e) Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.
f) Bere helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea eta kudeatzea.
g) Ataleko urteko planari buruzko nahitaezko txostenak egitea eta Institutuko zuzendari exekutiboak eskatzen dizkion nahitaezko gainerako txostenak egitea.
h) Atalaren jardunari buruzko urteko txostena egitea.
7. artikulua.– Sormen Aplikatuaren Atala.
1.– Eginkizun hauek izango ditu Sormen Aplikatuaren Atalak:
a) Teknologia aurreratuak erabiliz eskuz sortzeko guneak garatzeari buruz ikertzea eta horrelakoak diseinatzea eta esperimentatzea.
b) Hainbat sektoreren arteko elkarlana sustatzea.
c) Lanbide Heziketako ikastetxeak eta enpresak askotariko alorretan elkarlanean aritzeko esparruak diseinatzea eta sustatzea.
d) Tknika Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroarekin elkarlanean aritzea berrikuntza aplikatuaren, sormenezko pentsaeraren eta sormen aplikatuaren alorretan.
e) Lanbide Heziketako Ezagutzaren Euskal Institutuarekin elkarlanean aritzea.
f) Arauzko beste xedapen batzuek egokitzen dizkioten edo Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.
2.– Eginkizun hauek izango ditu Sormen Aplikatuaren Ataleko buruak:
a) Zaintza-prozesu baten bidez, joera, eragile eta proiektuak detektatzea, ikerketa-, sorkuntza- eta ekoizpen-baliabide berriak erabiltzeko.
b) Ataleko prestakuntza-planak diseinatzea, kudeatzea eta koordinatzea.
c) Lanbide Heziketako ikastetxeetan garapen eta fabrikazio digitalaren alorreko ikerketa-laborategiak sor daitezen bultzatzea.
d) Enpresekin, I+G+b gaien alorreko erakundeekin eta teknologia-zentroekin harremanetan egoteko eta elkarlanean aritzeko esparruak dinamizatzea.
e) Antolakundearen proiektu eta jardueren esparruan beste atal eta erakunde batzuekin elkarlanean aritzea.
f) Atalean sortzen den dokumentazioa gordetzea eta zaintzea.
g) Bere eskumeneko baliabide eta guneak kudeatzea.
h) Bere helburuak lortzeko erabil ditzakeen giza baliabideak eta baliabide teknikoak administratzea eta kudeatzea.
i) Ataleko urteko planari buruzko nahitaezko txostenak egitea eta Institutuko zuzendari exekutiboak eskatzen dizkion nahitaezko gainerako txostenak egitea.
j) Atalaren jardunari buruzko urteko txostena egitea.
8. artikulua.– Zuzendari exekutiboa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketan diharduen irakasleen kidegoko karrerako funtzionario bat izango da Institutuko zuzendaria, eta eginkizun hauek izango ditu:
a) IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuaren antolamendua, funtzionamendua eta jarduna kudeatzea.
b) Urteko gastu-aurrekontua proposatzea eta gastuak onartzea.
c) Atal bakoitzaren egitekoak gainbegiratzea eta koordinatzea.
d) Lanbide Heziketako Euskal Kontseiluaren aurrean eta Lanbide Heziketako Euskal Planaren garapenean parte hartzen duten beste erakunde batzuen aurrean Institutuaren jarduerei buruzko txostenak aurkeztea.
e) Institutuko urteko planari buruzko nahitaezko txostenak egitea eta Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak eskatzen dizkion txostenak egitea.
f) Institutuaren ordezkari nagusia izatea izaera bereko erakundeekiko harremanetan, Estatuan zein Europar Batasunean, metodologiak, proiektuak, esperientziak eta lan egiteko sistematikak konparatzeko, ezagutarazteko eta hobetzeko.
g) IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuaren argitalpenak, publizitate-kanpainak eta beste jarduera batzuk gainbegiratzea.
h) Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak pentsamendu eraikitzailearen eta sormen aplikatuaren alorrean agintzen dizkion neurriak hartzea, Euskal Autonomia Erkidegoan Lanbide Heziketa garatzeko.
i) Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak agintzen dizkion eginkizunak betetzea.
2.– Dekretu honen 10. artikuluarekin bat aukeratzen den pertsona izendatuko da zuzendari exekutibo.
9. artikulua.– Aurrekontua eta kontratazioa.
1.– Institutuak bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa den zenbatekoa esleituko du hezkuntza-gaien eskumena duen sailak, urtero, bere aurrekontuaren barruan.
2.– Institutuaren funtzionamendurako beharrezkoak diren kontratuei dagokienez, zuzendari exekutiboa izango da kontratazio-organoa; betiere, kontratuak txikiak badira administrazio publikoetako kontratazioari buruzko araudiaren arabera. Era berean, zuzendari exekutiboak izango du dagokion gastua baimentzeko eskumena.
Obra-kontratuei dagokienez, berriz, premiazko konponketa-, kontserbazio- eta mantentze-lan txikiak egiteko kontratuak izan beharko dute, dagokion profesionalak egindako proiektu teknikorik behar ez dutenak.
Azkenik, gainerako kontratuei dagokienez, zuzendari exekutiboak eskabidea aurkeztu beharko du hezkuntza-gaien eskumena duen sailaren barruan dagokion kontratazio-espedientea hasteko eta bideratzeko eskumena duen kontratazio-organoaren aurrean.
3.– Zuzendari exekutiboak ez du izango kudeaketa zentralizatuaren barruko zerbitzu eta hornigaiak kontratatzeko eskumenik.
10. artikulua.– Langileak eta lanpostuen betetzea.
1.– Ikertzeko eta irakaskuntzari laguntzeko zerbitzuetako langileei buruzko araudiak arautuko ditu Institutura atxikitako irakasleak.
2.– Dekretu honen I. eranskineko lanpostuak betetzeko sistema merezimendu-lehiaketa izango da, eta hezkuntza-administrazioak deituko du lehiaketara, otsailaren 19ko 2/1993 Legeak 33. artikuluan ezartzen dituen baldintzetan.
3.– Karrerako irakasle funtzionarioak behin betiko atxikitzeko, haien lana ebaluatuko da. Hezkuntza-sistemaren barruan Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak izendatutako ebaluazio-batzorde batek egingo du lan hori, urtero, eta honako hauek izango dira batzordekideak:
a) Lehendakaria Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordea izango da.
b) Lehendakariordea Lanbide Heziketaren eskumena duen zuzendaria izango da.
c) Batzordekideak Lanbide Heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikariak izango dira.
d) Idazkaria Lanbide Heziketaren eskumena duen zuzendaritzako teknikari bat izango da, eta hitza izango du, baina botorik ez.
4.– Karrerako irakasle funtzionarioen lana ebaluatzean, behe-mailakoa, erdi-mailakoa, goi-mailakoa edo bikaina den neurtuko da, irizpide hauen arabera:
a) Institutuaren urteko planak finkatzen dituen helburuen lorpen-maila.
b) Irakasleen portaeraren eta Institutuak zehazten dituen balioen arteko egokitasun-maila.
5.– Irakasleek nahi badute egingo dute urteko ebaluazioa, baina ebaluaziorik egiten ez dutenei ez zaie berrituko behin-behineko atxikitzea, eta ez dira atxikiko behin betiko.
6.– Ebaluazioaren arabera goi-mailako lana edo lan bikaina egiten duten irakasleetako bati berrituko zaio behin-behineko atxikitzea, eta hura atxikiko da behin betiko.
11. artikulua.– Ondarea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ondarearen barruan hezkuntza-gaien eskumena duen sailera adskribatutako eta sail horrek Institutuaren esku utzitako ondasunak erabili ahal izango ditu Institutuak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Honako hau izango da eranskineko lanpostuen berariazko osagarria:
a) Zuzendari exekutiboarena, 645,20 euro hilean.
b) Atalburuena, 516,17 euro hilean.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuak beharrezkoak dituen langile guztiak erabili ahal izango ditu Lanbide Heziketaren eskumena duen sailburuordetzak baimendutako proiektu jakinak gauzatzen laguntzeko.
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA
Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia desagertu egingo denez gero, IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutura atxikiko dira haren baliabide pertsonal eta materialak, dekretu honen lehen xedapen iragankorrak finkatzen dituen baldintzetan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Egungo lanposturen batek ez badu baliokiderik IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuko lanpostuen zerrendan, lanpostuak behin betiko betetzen zituzten langileak beren lanpostuetatik kenduko dira, eta, baldintza horietan, beren jatorrizko kidegoko lanpostuak betetzeko lehiaketetan parte hartuko dute, aplikatu beharreko araudiak xedatzen duen moduan. Zerbitzu-eginkizunetarako lanpostuei dagokienez, berriz, zerbitzu-eginkizuna amaitu egingo da.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Honako hauek indargabe gelditu dira: 62/2001 Dekretua, apirilaren 3koa, Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentzia sortzen duena; eta 235/2002 Dekretua, urriaren 15ekoa, Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziako lanpostuen zerrenda onartzen duena.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Indarrean dagoen legezko araudiak Lanbide Heziketako Kalitatea eta Gaitasuna Ebaluatzeko Euskal Agentziari buruz egiten dituen aipamen guztiak IDEATK Lanbide Heziketako Sormen Aplikatuko Euskal Institutuari buruzkoak direla joko da; betiere, dekretu honen 3. artikuluko eginkizunei buruzkoak badira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko irailaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
IRAILAREN 8KO 168/2015 DEKRETUAREN ERANSKINA
IDEATK LANBIDE-HEZIKETAKO SORMEN APLIKATUKO EUSKAL INSTITUTUKO LANPOSTUEN ZERRENDA