EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2015183

169/2015 DEKRETUA, irailaren 8koa, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI) sortu eta hartako lanpostuen zerrenda onartzekoa.

Xedapenaren zenbakia: 201500169
Xedapenaren data: 2015-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201504025
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 1998/07/13an argitaratutako 1998/06/23ko 199800119 DEKRETUA indargabetzen du
  • 2002/10/18an argitaratutako 2002/10/08ko 200200232 DEKRETUA indargabetzen du

Lanbide Heziketaren I. Euskal Planaren garapenaren inguruan hainbat organismo osatu ziren, lagungarri izan zirenak Euskal Autonomia Erkidegoan lanbide heziketako prestakuntzaren presentzia indartzeko. Horien artean Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua, ekainaren 23ko 119/1998 Dekretuz sortua, eta Lanbide Heziketako Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentzia, apirilaren 3ko 62/2001 Dekretuaren bidez sortua.
Lanbide Heziketaren II. Euskal Planean, hirugarren esparru estrategikoa, «Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketan berrikuntza garatzea, etengabeko hobekuntzako prozesu modura» izenekoa, garatuz, informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien (IKTB) nahiz teknologiaren kudeaketa eta berrikuntzaren esparruetan, lanbide heziketako zentroak eta enpresak lagunduko zituen lanbide heziketarako berrikuntza zentro bat sortzearen alde egin zen. Hala, martxoaren 1eko 39/2005 Dekretuarekin Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Berrikuntza Zentroa – TKNIKA sortu zen, eta hartako lanpostuen zerrenda onartu zen.
Organismo horiek eta horiekin lotutako funtzioek babes handia jaso dute Europar Batasunak hezkuntza eta prestakuntzaren arloko lankidetzarako eremu estrategikoan (ET-2020) ezarritako orientazio eta jarraibideen eskutik, ezarritako funtzioen aldeko apustua mantenduz eta indartuz. Hala, aipatutako eremuari dagozkion helburu estrategikoetan hauek ikus daitezke: ikasleen etengabeko ikaskuntza eta mugikortasuna errealitate egitea; heziketaren eta prestakuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetzea; ekitatea, gizarte-kohesioa eta herritartasun aktiboa sustatzea eta heziketaren eta prestakuntzaren maila guztietan sormena eta berrikuntza areagotzea, enpresa-grina barne.
Testuinguru horretan, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzaren urriaren 10eko 1/2013ko Legearen garrantzia aipatu behar da, eguneratze-premia etengabea eta, sarritan, pertsonek izan ditzaketen gaitasunak areagotzeko premia dakarten teknologien eta ekoizpen-sistemen eboluzio azkarrari aurre egiteko, Bizitza Osoan Zeharreko Ikaskuntzarako Euskal Sistema baten ordenazioa eta erregulazioa sustatzen duena, hori gauzatzeko zentroetako eragileak eta sareak finkatuz, eta baita sistema hori sostengatzeko programa gakoak ezarriz ere. Besteak beste, Lanbide Heziketako Euskal Sistema Integratu bat finkatzen da, eskaintzari eta orientazio integratuari dagokienez duen egitura bereziarekin batera, berrikuntzari protagonismo berezia esleitzen diona.
Lanbide Heziketako IV. Euskal Planaren helburu nagusia da Euskadiko pertsona guztien, emakumeen nahiz gizonen, enplegagarritasuna ahalbidetzea, eta, aldi berean, merkatu globalean Euskadiko ekoizpen-ehunaren lehiakortasuna eta gizarte-kohesioa sustatzea, LHko euskal sistema eraldatuz epe labur eta luzean enpresen premiei eta pertsonen enplegagarritasuneko eskakizun berriei erantzun egokituago eta bizkorragoa eman ahal izateko.
Organismo horiek baitaratutako esperientzia, eta Europar Batasunak eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartzeko esparru estrategikoak (Lanbide Heziketako IV. Euskal Planean jorratua) zehaztutako estrategietatik eratorritako helburu berriak aintzat hartuta, komenigarria da erakunde horien barne-egitura eta antolaketa sendotzea eta eraldatzea, erakunde horiek eskuratutako emaitzak finkatu eta beste arlo batzuetan aurrera egitea bermatu ahal izateko. Hori guztia erantzukizun eta helburu berriekin eta antolakuntza-eredu ireki eta malguekin, erronka berriak aurrerapenez, malgutasunez eta eraginkortasunez onartzea ahalbidetuko dietenak, etengabeko berrikuntzaren eta bikaintasunerako bidearen bidez.
Hori dela eta, ezinbestekoa da hartako funtzioak eta barne-egitura egokitu eta berregituratzea. Horrela, Dekretu honen bidez Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI) sortu eta hartako lanpostuen zerrenda onartzen da, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua ordezteko organismo modura, azken hori ezabatu egiten baita. Haatik, ez da ordezkapen edo izendapen aldaketa soilik, izan ere, institutu berriaren asmoa, lanbide heziketaren ikuspegitik, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza eta ezagutzaren garapena sendotzeko estrategia, programa eta prozedurak zehaztea da.
Euskal Eskola Publikoaren otsailaren 19ko 1/1993. Legearen IV. Tituluko III. Kapituluan hezkuntza babesten duten zerbitzuen funtzioak eta jardute-eremua zehazten dira.
Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legearen II. Tituluko I. Kapituluan, irakaskuntzako funtzio publikoaren egitura eta antolaketari buruzkoan, honako hauek arautzen dira: lanpostuen zerrendetan zehazteko baldintzak, betiere, haren oinarrizko printzipioak eta hura prestatzeko zaindu beharreko prozedura-bideak adieraziz.
Modu horretan, aipatu legezko testuaren 5. artikuluan aipatu zerrendek izan behar duten gutxieneko edukia xedatzen da: izena, irakaskuntzari laguntzeko zerbitzua, horretan jarduteko eskatzen diren betekizunak, zeintzuen artean egon behar diren hizkuntza-eskakizunak eta derrigortasun-datak; kasu bakoitzari dagokion talde, kidego, eskala edo lan-kategoria; eta, azkenik, funtzionarioentzako gordetako lanpostuak izaki, berariazko osagarria eta lanpostuak betetzeko sistema.
Bestalde, Gobernuari lanpostuen zerrendak onartzeko eskumena aitortzeko Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 5. artikuluko h) idatzi-zatiarekin bat etorriaz, 4. artikuluko i) idatzi-zatian Hezkuntza arloan eskumena duen Sailari irakasleen lanpostu-zerrendak proposatzeko eskumena esleitzen zaio.
Lanpostuen zerrenda hau eratzeko otsailaren 13ko 25/2001 dekretuaren bidez ezarritako irizpideak jarraitu dira. Dekretu horren bidez Irakaskuntzaren Ikerketa eta Laguntzarako Zerbitzuetako lanpostuetako hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-daten esleipenari dagokion erregimen espezifikoa ezartzen da: ISEI, Berritzeguneak eta IIHII.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren eta gainerako kontsulta-organo interesdunen oniritziarekin, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2015eko irailaren 8an egindako bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Sorrera eta izaera.
1.– Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutua (EEI) sortzen da, lanbide heziketaren ikuspegitik, bizitza osoan zeharreko ikaskuntza eta ezagutzaren garapena sendotzeko estrategia, programa eta prozedurak zehazteko ardura izango duen organo tekniko modura.
2.– Institutuak irakaskuntzaren ikerketa eta laguntzarako zerbitzu izaera du eta hezkuntza arloan eskumena duen Sailaren barnean lanbide heziketaren arloko eskumena duen sailburuordetzara atxikirik geratzen da modu organikoak. Hala, sailburuordetza horren baitan geratzen da organikoki eta funtzionalki Dekretu honetan zehazten diren funtzioen garapenerako..
2. artikulua.– Lanpostuen zerrenda.
Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren (EEI) lanpostuen zerrenda onartu egiten da, eta horietan jarduteko eskatzen diren betekizunak adierazten dira. Dekretu honen I. eranskina.
3. artikulua.– Xedeak eta funtzioak:
1.– Hauek dira Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren (EEI) xedeak:
a) Euskadiko ekonomia- eta ekoizpen-ehundurako beharrizanei aurre egiteko erantzunak proposatzea, curriculumak diseinatuz eta kalitate nahiz gizarte-balioespen handia izango duen profil eta erreferente sozial eta profesionalean egitura bat eratuz, lanbide heziketaren esparruan.
b) Ezagutza-mailak garatzea, behar diren premietara egokitutako eta testuinguru horretan kokatutako prestakuntza-programak sustatuz. Horretarako, hainbat balio gaineratuz, guztien artean pertsonen enplegagarritasuna eta aurrerapena areagotzea ekarriko dutenak.
c) Pertsonek lan-esperientziaz edo prestakuntzako bide ez formalen bitartez baitaratutako lanbide-gaitasunak ebaluatzen edo egiaztatzeko prozeduran laguntza ematea.
2.– Horretarako, Institutuak funtzio hauek beteko ditu:
a) Lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzari lanbide-kualifikazio eta espezializazioen Euskal esparru baten sorreran laguntza ematea, indarreko araudia betez, Euskal Autonomia Erkidegoko lanbideen eboluzioari erantzun egokia emango diona.
b) Ezarritako kualifikazio eta gaitasunen arabera, araututako lanbide jakin batzuetako edo lanean aritzeko egiaztagiri jakin bat eskatzen duten haietarako eskakizunak aztertzea, Eusko Jaurlaritzari dagokion Sailarekin ezinbestean adostuta, prozedurei eta lanbide-erreferenteei buruzko proposamenak igortze aldera, haien onarpenerako.
c) Hala badagokio, lanbide-erreferenteak kualifikatzeko sistematik abiatuta eratzen diren prestakuntza-programa ugarietako curriculum-diseinuak prestatzea, irakaskuntza-ikaskuntzako metodologien aniztasun aberasgarria ahalbidetuko duten balizko curriculum-irtenbideak aztertu eta ikertuz.
d) Enpresetako erakundeek eskatzen dituzten lanbide-balio eta -jarrerak ziurtatu eta sendotzea. Halaber, ikasleen ikaskuntza-jardueretan zeharkako gaitasunak bultzatzea (instrumentalak, pertsonen artekoak eta sistematikoak), lanean jardute profesionala betetzeko, ikerketan parte hartuz eta tituluak edo bestelako prestakuntza-ekintzak emateko modalitateak osatuz eta, era berean, ikasleei protagonismo handia aitortzen dieten irakaskuntza-ikaskuntzako metodologien garapenean parte hartuz.
e) Gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura garatzea, beharrezkoak diren tresna eta erregistroak eratuz, pertsonen trazabilitatea ziurtatzekoak, eta prozedura horretan arduratzen diren langileen gaikuntzarako beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzekoak.
f) Lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzari laguntza ematea atzerritarren tituluak homologatzean edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko tituluekin ikaskuntzak baliozkotzean, hura erregulatzeko araudia betez.
d) Lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzak agindutako funtzio guztiak garatzea.
4. artikulua.– Plan estrategikoa eta Urteko Plana.
1.– Plan estrategikoa urte anitzekoa izango da eta, gutxienez, alderdi hauek barneratuko ditu:
a) Institutuari esleitutako funtzioak betetzeko planean aipatzen den epealdian garatuko diren helburuak.
b) Helburu bakoitzari dagokion funtzioa.
c) Planifikatutako helburuak lortzeko ekintzak
d) Helburuak betetzeko kronograma
e) Betetze-mailaren adierazleak.
2.– Urteko plana, ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, plan estrategikoaren betearazpena garatzeko dokumentua da.
3.– Plan estrategikoa eta urteko plana kalitate lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak onartuko ditu.
5. artikulua.– Antolaketa-egitura
Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI) berez dagozkion funtzioak betetze aldera, zuzendari betearazle bat eta saileko zuzendariak izango dira bertan, eta Institutua jardute-eremu hauekin egituratuko da:
a) Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Profiletako Eremua.
b) Ezagutza eta Balioen Eremua
c) Ikaskuntzen Aitorpenerako Eremua
6. artikulua.– Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Profiletako Eremua.
1.– Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Profiletako Eremuari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoko lanbide-kualifikazioak zehaztea, eta baita haiek eguneratzea eta kualifikazio horiek lortzeko prozedurak zehaztea.
2.– Hauek dira Lanbide Kualifikazio eta Espezializazioen Profiletako Eremuko zuzendariaren funtzioak:
a) Lanbide Heziketako Euskal Sistema Integratuaren Behatokiarekin batera, lanbideen eta enpleguen jarraipenean, sortzen diren lanbide eta okupazioen identifikazioan eta Euskal Autonomia Erkidegoan kualifikazioari dagokionez dauden premiak hautematen parte hartzea.
b) Kualifikazioen Eremu bat eta, hala badagokio, erreferente profesionalen Eremu bat zehaztea, ezartzen den prozedurarekin bat etorriz onartzekoa, Euskal Autonomia Erkidegoaren premiei erantzuteko eta prestakuntza-ekintza eraginkor eta efizienteak garatzeko ezinbesteko oinarri modura.
c) Lanbide Heziketako Euskal Sistema Integratua dibulgatzea eta haren barnean, prestakuntza-zentroei, gizarte-eragileei, eta enpresa-elkarte eta- erakundeei aholkularitzari dagokionez laguntza teknikoa ematea, lanbide-kualifikazio berriak konfiguratze aldera.
d) Kontraste eta foro nazionalean edo Europar Batasunarenetan parte hartzea kualifikazio eta gaitasunei dagokienez ezartzen diren balizko jarraibide eta araudi berriak ikertzeko.
e) Ezarritako kualifikazio eta gaitasunen arabera, araututako lanbide jakin batzuetako edo lanean aritzeko egiaztagiri jakin bat eskatzen duten haietarako eskakizunak aztertu eta dagokion Sailarekin haien inguruan eztabaidatzea, proposamenak igortze aldera, haien onarpenerako.
f) Institutuaren kudeaketan parte hartzea baliabideei dagokienez dituen premien berri emanez eta lortu beharreko helburuak finkatuz.
g) Eremuko urteko planari eta Institutuko zuzendari betearazleak eskatzen dituen gainerako txostenei buruz dagozkion txostenak eratzea.
h) Eremuko esku-hartzeei dagozkion esku-hartzeen urteko txostena eratzea.
7. artikulua.– Ezagutza eta Balioen Eremua.
1.– Ezagutza eta Balioen Eremuari dagokio prestakuntza egituratzea eta Kualifikazio Sistemarekin lotutako katalogo modular bat zehaztea.
2.– Hauek dira Ezagutza eta Balioen Eremuko zuzendariaren funtzioak:
a) Oinarrizko Profesionalaren, Teknikoaren eta Tekniko Gorenaren tituluetako curriculumak zehaztea, haiek Euskal Autonomia Erkidegoaren testuinguruan kokatu eta haren arabera egokituz.
b) Tituluak Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluari aurkeztea, balizko ekarpenak jasoz haien tratamendua adosteko eta, hala badagokio, curriculumera txertatzeko.
c) Tituluak Euskal Autonomia Erkidegoan dibulgatu eta txertatzen laguntzea, prestatzaileei laguntzeko materialak nahiz titulu horien garapena kontrolatzeko tresnak finkatuz.
d) Hautematen diren teknologia berriekin eta irakaskuntza-metodo aktibo eta integralekin lotuta, irakasleen prestakuntza proposatu eta, hala badagokio, kudeatzea.
e) Espezializazio espezifikoko prestakuntza-ekintzak zehaztea eta profil edo erreferente profesional berriekin lotutako beste zenbait zehaztea, Kualifikazio Profesionalen Eremu bat nahiz hari dagokion Katalogo Modular bat eratuz, okupatutako aktiboen aurrerapenerako programa eta ekintzak ezartzeko tresna modura, enplegagarritasuna areagotzeko xedez.
f) Enpresa-erakundeetatik eskatzen diren lanbide-balio eta -jarrerak ziurtatu eta sendotzea. Era berean, ikasleen ikaskuntza-jardueretan zeharkako gaitasunak bultzatzea (instrumentalak, pertsonen artekoak eta sistematikoak), lanean jardute profesionala betetzeko.
g) Tituluak emateko modalitateen ikerketan eta egokitzapenean parte hartzea eta ikasleei protagonismo handia aitortzen dieten irakaskuntza-ikaskuntzako metodologien garapenean parte hartzea. Era berean, prestakuntza-programa ezberdinak osatzen dituzten proiektu edota ibilbideekin lotutako proposamenak eginez.
h) Atzerritarren tituluak homologatzeko edo, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko tituluekin haien ikaskuntzak baliozkotzeko prozeduran kolaboratzea, hauek eginez:
– Aurkezten duen tituluaren eta homologatu nahi duen tituluaren arteko azterketa konparatiboa egitea.
– Eskatzaileak jatorrizko herrialdean egindako ikasgaien azterketa egitea eta eskatutako titulua osatzen duten irakaskuntzetako edukiekin alderatzea.
– Lanbide-moduluak homologatu edo, hala badagokio, baliozkotzeko erabaki argudiatua ematea
i) Institutuaren kudeaketan parte hartzea baliabideei dagokienez dituen premien berri emanez eta lortu beharreko helburuak finkatuz.
j) Eremuko urteko planari eta Institutuko zuzendari betearazleak eskatzen dituen gainerako txostenei buruz dagozkion txostenak eratzea.
k) Eremuko esku-hartzeei dagozkion esku-hartzeen urteko txostena eratzea.
8. artikulua.– Irakaskuntzen Aitorpenerako Eremua.
1.– Irakaskuntzen Aitorpenerako Eremuari dagokio gaitasuna ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura garatzea, parte hartzen duten pertsonen prestakuntza burutuz eta emaitzen jarraipena eta erregistroa gauzatuz.
2.– Hauek dira Irakaskuntzen Aitorpenerako Eremuko zuzendariaren funtzioak:
a) Indarreko araudiarekin bat etorriz, pertsona batek ikaskuntza bide ez formalen zein formalen bitartez baitaratutako gaitasunaren ebaluazio eta egiaztapenerako prozedura bat proposatzea.
b) Prozedura garatu eta bere trazabilitatea ziurtatzeko beharrezkoak diren tresnak eta erregistroak prestatzea.
c) Aholkulari naiz ebaluatzaileak gaitzeko prestakuntza espezifikoko ikastaroak burutzea eta, era berean, Ebaluazio Batzordeetako kideen izendapenak proposatzea, eskumeneko Administrazioek izenda ditzaten.
d) Ebaluazio-prozeduraren jarraipena zehaztu, txertatu eta burutzea, ikaskuntzen aitorpenean kudeaketaren kalitatea ziurtatze aldera.
e) Lanbide-orientazioaren funtzioan parte hartzea, bere eskumenaren barnean, pertsonen eskutik, aurrerapenerako ibilbideen konfigurazioan orientazio bat ahalbidetzeko tresnak finkatuz, gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozeduraren aukeren arabera.
f) Pertsonek baitaratutako gaitasunak ziurtatu eta erregistratzeko informatika-aplikazioa diseinatu eta kudeatzea.
g) Pertsonek baitaratutako gaitasunen erregistroa eguneraturik mantentzea lanbide-gaitasunak aitortu, ebaluatu, egiaztatu eta erregistratzeko gailua erabiliz eta dagokion Sailera helaraztea.
h) Institutuaren kudeaketan parte hartzea baliabideei dagokienez dituen premien berri emanez eta lortu beharreko helburuak finkatuz.
i) Eremuko urteko planari eta Institutuko zuzendari betearazleak eskatzen dituen gainerako txostenei buruz dagozkion txostenak eratzea.
j) Eremuko esku-hartzeei dagozkion esku-hartzeen urteko txostena eratzea.
9. artikulua.– Zuzendari betearazlea.
1.– Institutuaren zuzendaritzaz Euskal Autonomia Erkidegoko irakaskuntza arloko karrerako funtzionario bat arduratuko da, hezkuntza-sistemako lanbide heziketan irakasle lanak esleituta dituena. Zuzendari horrek funtzio hauek izango ditu:
a) Institutuaren antolaketa, funtzionamendua, alderdi ekonomikoa eta kontu betearazleak kudeatzea.
b) Gastuen urteko aurrekontua proposatu eta gastuak onartzea.
c) Lanbide heziketako sailburuordetzak profil sozial eta profesionalekin, ezagutza eta balioekin edo ikaskuntzen aitorpenarekin lotuta ezartzen dizkion ekintza guztiak txertatzea. Ekintza horiek pertsonen gaitasunak hobetzera eta, besteak beste, Lanbide Heziketako Euskal Plana garatzera bideratuko dira.
d) Institutuko eremuetako zereginak gainbegiratu eta koordinatzea.
e) Institutuak gauzatutako ekintzei buruzko txostenak aurkeztea Lanbide Heziketaren Euskal Kontseiluari eta Lanbide Heziketaren Euskal Planaren garapenean parte hartzen duten gainerako organismoei.
f) Institutuaren urteko plana betetzeari buruz egiteko txostenak eratzea.
g) Lanbide heziketako sailburuordetzari laguntza ematea Gobernuaren organismo ezberdinen arteko edo beste Administrazio batzuen arteko kooperaziorako ekintzak finkatzeari dagokionez.
h) Institutuko ordezkari nagusi modura jardutea izaera bereko beste organismo batzuekiko (Estatukoak nahiz Europar Batasunekoak) harremanetan nahiz trukeetan, metodologia, esperientzia eta sistematika operatiboak erkatu, helarazi eta hobetzeko xedez.
i) Institutuak bere zereginen barnean burutuko dituen argitalpen, publizitate-kanpaina eta bestelako esku-hartzeen gauzatze eta garapena gainbegiratzea.
j) Lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak eskatutako gainerako ekintzak burutzea.
2.– Zuzendari betearazlea izendatzeaz horretarako izendatutako pertsona bat arduratuko da, 11. artikuluan aurreikusitakoa betez.
10. artikulua.– Aurrekontua eta kontratazioa.
1.– Hezkuntza arloan eskumena duen Sailak, urtero eta bere aurrekontuaren barnean, Institutuari esleitutako funtzioak burutzeko beharrezkoa den zuzkidura ekonomikoa emango du.
2.– Zentroaren funtzionamendurako egingo diren kontratuei dagokienez, zuzendari betearazleak kontratazio-organo izaera izango du kontratu txikitzat hartzen diren kasuetan, Herri Administrazioen kontratazioa erregulatzeko araudiarekin bat etorriz. Horiei dagokienez dagokion gastua onartzea ere bere eskumena izango da.
Obren kontratazioen kasuan, obra horiek berehala egiteko konponketa-, kontserbazio- edo mantenu-lan txikiak izan beharko dira, eskumeneko fakultatiboak egindako proiektu teknikoa behar ez dutenak.
Gainerako kontratuen kasuan, hezkuntza arloan eskumena duen Saileko kontratazio-organoari dagokion eskaera luzatu beharko dio, hura baita dagokion kontratazio-espedientea ireki eta abiatzeko eskumena duena.
3.– Kudeaketa zentralizatuko zerbitzu eta horniduren kontratazioa ez da zuzendari betearazlearen eskumena.
11. artikulua.– Langileak eta lanpostuak betetzea.
1.– Institutura atxikitako irakasleen erregulazioa irakaskuntzarako ikerketa eta laguntza zerbitzuetako langileentzat ezarritakoa izango da..
2.– I. eranskinean zerrendatutako lanpostuak betetzeko sistema meritu-deialdiarena izango da. Deialdi hori hezkuntza arloko Administrazioak deituko du Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legean ezarritako baldintzetan.
3.– Karrerako funtzionario diren irakasleek egindako lanaren balioespena, haiek Institutura behin betikoz atxikitze aldera, urtero burutuko du lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzako pertsona titularrak izendatutako balioespenerako batzorde batek. Hau izango da batzorde horren egitura:
a) Presidentzia: lanbide heziketan eskumena duen sailburuordea.
a) Presidenteordetza: lanbide heziketan eskumena duen zuzendaria.
c) Batzordekideak: lanbide heziketan eskumena duen zuzendaritzako teknikariak
d) Idazkaria, hitzarekin baina botoa emateko eskubiderik gabe: lanbide heziketan eskumena duen zuzendaritzako teknikaria
4.– Balioespena baxua, ertaina, handia edo bikaina izango da, irizpide hauen arabera:
a) Institutuaren urteko planean zerrendatutako helburuen betetze-maila
b) Portaera Institutuak zehaztutako balioekiko.
5.– Balioespena borondatezkoa izango da irakasleentzat, baina burutzen ez duten langileek ez dute behin-behineko atxikipena berrituko, eta ezingo dute behin betiko atxikipena lortu.
6.– Urteko balioespen guztiak aintzat hartuta «handia» eta «bikaina» arteko balioespena lortzen duten langileei behin-behineko atxikipena berritu eta behin betiko atxikipena onartuko zaie.
12. artikulua.– Ondarea.
Institutuak erabilgarri izango ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren Ondareko zati izanik, hezkuntza arloan eskumena duen sailera atxikita dauden eta hark Institutuaren eskura jarritako ondareak.
LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
1.– Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren (EEI) Irakaskuntzen Aitorpenerako Eremua fusionatu egiten da eta funtzio hauek baitaratzen ditu: desagertutako Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuaren Ebaluazio eta Ziurtatze Eremuarenak, desagertutako Lanbide Heziketako Gaitasuna eta Kalitatea Ebaluatzeko Euskal Agentziaren Ebaluazio eta Gaitasun Eremuarenak eta Ziurtatze eta Erregistro Eremuarenak, eragindako langileen harreman juridikoak desagertutako organismoekiko zituzten izaera juridiko eta baldintzetan mantenduz.
2.– Urriaren 8ko 232/2002 Dekretuz argitaratutako Lanpostuen Zerrendetako plazen eta egungotik eratorrien arteko baliokidetasuna II. eranskinean ezartzen da.
BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Hau da I. eranskinean agertzen diren lanpostuen osagarri espezifikoa:
a) Zuzendari betearazlea: 645,20 euro hilean.
b) Eremu zuzendaria: 516,17 euro hilean.
HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA
Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuak (EEI) behar dituen kolaboratzaile guztiak izan ahalko ditu lanbide heziketan eskumena duen sailburuordetzak baimendutako proiektu zehatzak burutu ahal izateko.
LEHEN XEDAPEN IRAGANKORRA
Desagertutako Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuaren baliabide pertsonal eta materialak Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren (EEI) baitan geratzen dira atxikirik, Dekretu honetako lehen xedapen gehigarrian zehazten den moduan.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuaren (EEI) lanpostuen zerrenda berrian argitaratutako lanpostuekin baliokide ez diren egungo lanpostuen kasuan, behin betiko jomugaz lanpostu horiek betetzen dituzten langileak mugitu (edo ezabatu) egingo dira, eta bere jatorrizko ataleko lanpostuak betetzeko dagozkien deialdietan parte hartuko dute izaera horrekin, aplikagarri den araudian xedatuta bezala; lanpostu horiek zerbitzuetako batzordeak izendatuta betetzen dituzten langileen kasuan, amaitu egingo da berau.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Baliogabetu egiten dira Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutua sortzeko ekainaren 23ko 119/1998 Dekretua eta Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuaren lanpostuen zerrenda onartzeko urriaren 8ko 232/2002 Dekretua.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Indarreko legezko araudian Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuari egindako aipamenak, 3. artikuluan barneratzen diren funtzioekin lotura badute, Lanbide Heziketaren Ezagutzaren Euskal Institutuari (EEI) egindakotzat ulertuko dira.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko irailaren 8an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
IRAILAREN 8KO 169/2015 DEKRETUAREN I. ERANSKINA
LANBIDE HEZIKETAREN EZAGUTZAREN EUSKAL INSTITUTUAREN (EEI) LANPOSTUEN ZERRENDA
IRAILAREN 8KO 169/2015 DEKRETUAREN II. ERANSKINA
LANPOSTUEN BALIOKIDETASUNA