EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2015181

AGINDUA, 2015eko irailaren 16koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita prozesuen arloko berrikuntza-proiektuei laguntzak emateko 2015eko ekitaldiko deialdia, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertzeko, garatzeko eta berritzeko laguntzei buruzko urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren babesean (Berriker programa).

Xedapenaren data: 2015-09-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201503983
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/11/26an argitaratutako 2013/10/07ko 201300423 DEKRETUA

Urriaren 7ko 423/2013 Dekretua (2013ko azaroaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 225. zk.) Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertzeko, garatzeko eta berritzeko laguntzei buruzkoa da (Berriker programa), eta haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza piztu eta bultzatzeko laguntzen erregimena ezartzea eta arautzea.
Araubide horrek ahalbidetzen du, besteak beste, laguntzak ematea interesik gabeko mailegu gisa (VI. kapituluan jasota daude).
Aipatu dekretuaren 10. artikuluak xedatzen duenez, urtero, dekretuan ezarritako laguntzetarako deialdia egin eta artikulu horretan jasotzen diren zenbait alderdi zehaztuko dira.
2015eko ekitaldiko une honetan, aipatu dekretuan ezarritako laguntza-lerro bakar baten deialdia egingo da, zehazki VI. kapituluan jasotako lerroarena, hau da, «prozesuen arloko berrikuntza-proiektuetarako laguntzak».
EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.5 artikuluak ezartzen duenez, ekitaldi ekonomiko bakoitzean EAEko Aurrekontu Orokorrak indarrean jartzen direnean, programen diru-laguntzak emateko arauak eguneratu, berrikusi, edo, hala badagokio, ezarriko dira, eta kasuan kasuko deialdia egingo da bere garaian izaera mugagabez arautu zirenentzat.
Bestalde, abenduaren 23ko 5/2014 Legearen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren.
Bada, bi arau horiek aplikatuz, nekazaritzaren, elikaduraren eta arrantzaren sektoreetan ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatzeko laguntzen deialdia egiten da, 2015eko ekitaldirako.
Horren ondorioz, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea.
Agindu honen xedea da prozesuen arloko berrikuntza-proiektuei laguntzak emateko 2015eko deialdia egitea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzaren, elikagaien eta arrantzaren sektoreetan ikertzeko, garatzeko eta berritzeko laguntzei buruzko urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren babesean (Berriker programa).
Bigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea eta eskabide-eredua.
1.– Urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren VI. kapituluan aurreikusitako laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, eta agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamuneko 09:00etan hasiko da, eta epea bukatzen den eguneko 15:00etan bukatuko. Eskabideak aurkezteko azken eguna ostirala bada, berriz, 12:00etan bukatuko da.
2.– Hala ere, proiektuen eskabideak epe barruan aurkeztutzat joko dira, baldin eta 2015eko ekitaldian eta deialdi hau argitaratu aurretik aurkeztu badira, urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 8. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorrita.
3.– Onartzen da, halaber, VI. kapituluan aurreikusitako laguntzak eskatzeko eskabide-eredua. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bulegoetan egongo da eskuragarri eredu horren inprimakia (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), bai eta web-orri honetan ere: www.nasdap.ejgv.euskadi.net
Hirugarrena.– Gehieneko diru-zuzkidura.
Euskal Autonomia Erkidegoren Aurrekontu Orokorraren kargura VI. kapituluan aurreikusitako proiektuak finantzatzera bideratutako diru-zuzkidura 5.750.000 eurokoa iznago da gehienez. Horietatik, 575.000 euro 2015. urteko ordainketa-kredituari dagozkio, eta gainontzekoa, berriz, 2024. urtea arteko konpromiso-kredituei.
Laugarrena.– Inbertsioak, proiektuak eta gastuak gauzatzeko epeak.
VI. kapituluan aurreikusitako ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-proiektuak 24 hilabeteko epean gauzatu beharko dira, interesik gabeko mailegua onartzen duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera, hargatik eragotzi gabe 16. artikuluaren 3. paragrafoan eta 19. artikuluaren 4. paragrafoan xedatutakoa.
Bosgarrena.– Laguntzak baloratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko irizpide objektiboak.
VI. kapituluan aurreikusitako proiektuak baloratzeko, aintzat hartuko dira urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 11. artikuluko 2. paragrafoan bildutako irizpide guztiak.
Seigarrena.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Laguntzak eskatzen dituztenek, eskabidearekin batera, urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 9. artikuluko 3. paragrafoan aurreikusitako agiriak aurkeztu beharko dituzte.
2.– Aurreko agiriez gain, laguntza eskatzen dutenek urriaren 7ko 423/2013 Dekretuaren 42. artikuluan aurreikusitako agiriak ere aurkeztu beharko dituzte
Zazpigarrena.– Erakunde laguntzailea.
Urriaren 7ko 423/2013 Dekretuko VI. kapituluan ezarritako laguntza ekonomikoen finantza-kudeaketaren ondorioetarako, Euskal Finantza Erakundea izendatzen da erakunde laguntzaile.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 16a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.