EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-22 Aldizkari honetan argitaratua: 2015180

963/2015 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, Bilbo-Basurtu Erakunde Sanitario Integratuko zuzendari gerentearena. Honen bidez, deialdia egiten da Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtu ESIko Endokrinologiako zerbitzuburu sanitarioaren lanpostua lehiaketa bidez betetzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201500963
Xedapenaren data: 2015-05-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201503960
Maila: Ebazpena
Sekzioa: AGINTARIAK ETA LANGILERIA (Oposaketak eta lehiaketak)
Bilbo-Basurtu ESIko Endokrinologiako osasun-zerbitzuburu lanpostua hutsik dago. Euskadiko Antolamendu Sanitarioari buruzko 1997ko ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluko Hirugarren Arau Komunean, zerbitzuburu eta atalburu medikoen deialdietan aplikatu beharreko merezimenduen baremoari buruzko Osakidetzako zuzendari nagusiaren 6/2014 Instrukzioan, Osakidetzako lanpostu funtzionalak arautzen dituen 2005eko uztailaren 19ko 186/2005 Dekretuan eta 1997ko azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuan ezartzen denaren arabera, Zuzendaritza Gerentzia honek erabaki du lanpostua lehiaketa bidez betetzeko deialdi publikoa argitaratzea, oinarri hauen arabera:
OINARRIAK
1.– Parte hartzeko baldintzak.
Deialdi honetan parte hartu ahal izango dute honako baldintza hauek betetzen dituztela egiaztatzen dutenek:
a) Estatutario, funtzionario edo lan-kontratudun finkoa izatea Osakidetzako edozein zentrotan, edo pertsonal estatutario finkoa izatea Osasun Sistema Nazionaleko Erakunde Sanitarioetan, eta A1 lanbide-taldekoa izatea.
b) Endokrinologiako Fakultatibo Espezialista titulazioa izatea.
c) Gutxienez, 4 urteko lan-esperientzia izatea fakultatibo espezialista mediko gisa Endokrinologian.
2.– Deialdia argitaratzea.
Ebazpen hau osorik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian, Bilbo-Basurtu ESIko intranetean eta Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztietako iragarki-oholetan.
3.– Eskaerak egiteko epea eta aurkezteko modua:
Interesatuek Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtu ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara bidali behar dituzte eskabideak (Montevideo etorbidea 18, Bilbo), 15 egun balioduneko epean, Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Horrez gain, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako eran ere aurkez daitezke.
Interesdunek beren datu pertsonal guztiekin bidali behar dute eskabidea, curriculum vitae dokumentatuarekin batera, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko Bilbo-Basurtu ESIko Pertsonaleko Zuzendaritzara (Montevideo etorbidea 18, Bilbo). Dokumentazioa honako hauek osatuko dute:
a) NANaren, pasaportearen edo gidabaimenaren fotokopia konpultsatua.
b) Funtzionario edo estatutupeko langile izendapenaren fotokopia konpultsatua edo, hala badagokio, lan-kontratu finkodun langilea dela egiaztatzen duen agiriarena.
c) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.
d) Deialdia EHAAn argitaratu arte emandako zerbitzuen jatorrizko ziurtagiri eguneratua, dagokion kategoria adierazita.
e) Bete nahi den Zerbitzua Kudeatzeko Memoria Proiektua.
f) Meritu baloragarri guztien fotokopia konpultsatua.
CVaren aplikazio informatiko korporatiboan behar bezala baliozkotuta dauden alderdiak ez dira ziurtatu behar izango aurreko paragrafoan ageri den moduan; hala ere, eskatzaileak horren berri eman behar du eskaeran.
4.– Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda
Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari gerenteak ebazpena emango du, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzeko, eta, baztertuen kasuan, baztertzeko arrazoia adieraziko du. Horrez gain, horren bidez aginduko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Bilbo-Basurtu ESIko intranetean argitaratzeko, eta hamar egun balioduneko epea emango du, argitaratzen den azken egunaren biharamunetik hasita, erreklamazioak bide administratibotik aurkezteko.
5.– Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Erreklamazioetarako epea amaituta, Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari gerenteak, Ebazpen bidez, onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda argitaratuko du Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Bilbo-Basurtu ESIko intranetean.
6.– Balorazio Batzordea.
Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari gerentearen Ebazpen bidez, Balorazio-batzordea eratuko da eta zuzendari medikoa izango da batzordeburu. Hauek izango dira batzordekide: Pertsonaleko zuzendaria (idazkari-funtzioak ere beteko ditu), eta beste hiru kide, izangaiei eskatutako titulazioa eta espezialitatea izan beharko dituztenak. Ebazpen hau Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian argitaratuko da.
Batzordekideek abstenitu egin beharko dute Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legak aldatuak, 28. artikuluan jasotako kasuren batean badaude. Kasu horiexek direla kausa, interesdunek errekusazioa abiarazi dezakete edozein unetan, aipatu legearen 29. artikuluaren ezarritakoari jarraiki.
Batzordekide guztiek zeinek bere izenean parte hartzen dute, ahots eta botoarekin, eta erabakiak boto-gehiengoz hartu, eta aktan jasoko dira.
7.– Izangaiei deitzea.
Proiektua defendatzeko, banakako jakinarazpena egingo zaie izangaiei, gutxienez 10 egun aurretik, eskabidean adierazitako helbidean. Jakinarazpenean, jasota egongo dira proiektua jendaurrean defendatzeko eguna, tokia eta ordua.
Proiektuen defentsa publikoetako egutegia Osakidetzako web-orrian argitaratuko da.
Balorazio Batzordeak proiektuen defentsa publikoaren aurretik egiaztatu beharko du izangaiek bete beharreko baldintzak betetzen dituztela, eta ez dagoela Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 28. eta 20. artikuluetan jasotako Abstentzio- eta Errekusazio-arrazoirik.
8.– Hautatzeko prozedura.
Batzordeak dokumentazioa baloratu behar du, betiere hautagaiek behar den epean eta moduan aurkeztu badute.
Ezingo dira baloratu, inolaz ere, Ebazpen hau EHAAn argitaratzen den egunean eskuratu gabe dauden merezimenduak, ez eta eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik behar bezala alegatu eta ziurtatu ez direnak ere.
Ondoko eranskinean, hautaketa-prozesu honi aplikatu beharreko meritu-baremoa jasotzen da. Gehienezko puntuazioa 66 puntu dira, honela banatzen direnak:
● Proiektua eta defentsa (gehienez 30 puntu).
● Merituen balorazioa (gehienez 30 puntu).
● Euskararen ezagutza (gehienez 6 puntu).
Prozedura bi fasetan garatuko da:
A) Proiektuaren banakako aurkezpena eta jendaurreko elkarrizketa. Izangai bakoitzari deialdiaren oinarrien araberako puntuazioa emango zaio.
B) Merituen balorazioa, deialdiaren oinarrien arabera, banakako balorazio eta puntuazioarekin.
Gutxienez, prozesu osoan 33 puntu lortu beharko dira lanpostuaz jabetu ahal izateko, eta 15 puntu lortu beharko dira, gutxienez, proiektuaren balorazioan eta haren defentsan.
Prozedura osoa aktan jasoko da.
9.– Prozeduraren ebazpena.
Prozedura bi fasetan ebatziko da:
A) Balorazio Batzordearen proposamena ESIko Gerentzia Zuzendaritzari puntu gehien atera dituen izangaiaren alde, edo, hala badagokio, hornitzeko deialdia bete gabe uzteko proposamena.
Proposamena batzordekide guztiek sinatu beharko dute, desglosatu egin beharko dira baremoko atal bakoitzean lortutako puntuak, eta Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Bilbo-Basurtu ESIko intranetean argitaratuko dira.
B) Gerentzia Zuzendaritzak Ebazpena emango du, eta bertan:
B.1.– Balorazio Batzordeak proposatutako izangaia izendatuko da. Aukeratutako pertsonak lanpostuari uko eginez gero, hurrengo puntuaziorik onena lortu duen pertsona izendatu ahal izango da, baldin eta deialdian ezarritako baldintzak betetzen baditu.
B.2.– Deialdia bete gabe utzi ahal izango da arrazoi hauengatik:
Izangairik ez aurkeztea.
Izangaiek betekizunak ez betetzea.
Izangaiek gutxieneko puntuazioa ez lortzea.
Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko web-orrian eta Bilbo-Basurtu ESIko intranetean argitaratuko da.
10.– Esleipenaren ondorioak.
Izendapen Ebazpenak ondorioak izango ditu EHAAn argitaratzen denetik, bertan besterik xedatu ezean behintzat.
Buruzagitzako plaza batean izendapena egiteak lau urteko epe luzagarriko lotura ekarriko du berekin.
Izendapena luzatu ahal izango da. Luzapen hori, legeak aurreikusitakoaren arabera ezarritako ebaluazio-prozedurarekin bat etorriz erabaki beharko da.
Izendatutako pertsona kargutik kendu ahal izango da indarrean dagoen izendapenaren epea amaitu aurretik, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren 8/1997 Legean xedatutakoaren arabera betiere.
Indarrean dagoen izendapena epemugara iritsi gabe, aldez aurretik amaitu ahal da, titularrak gerora izendapenari uko egiten badio.
11.– Ebazpen honen aurkako errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusiari. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Bilbao, 2015eko maiatzaren 25a.
Bilbo-Basurtu ESIko zuzendari gerentea,
MICHOL GONZALEZ TORRES.