EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2011179

AGINDUA, 2011ko otsailaren 2koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren estatutuen aldaketa onartzen duena.

Xedapenaren data: 2011-02-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201503949
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2001/10/25ean argitaratutako 2001/06/15eko AGINDUA [200105899]

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutua abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartu zen. Estatutuaren 10.22 artikuluan xedatzen denez, profesionalen elkargoen eta tituludun lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, hargatik eragotzi gabe Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa aplikatzea.
Aipatutako eskumenaren indarrez eman ziren hauek: Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea, eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei eta Tituludun Lanbideen Erregistroaren Araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretua. Lege horren 33. artikuluan eta dekretu horren 38. artikuluan xedatzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak sail eskudunari jakinarazi beharko zaizkio. Gero, sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu, agindu baten bitartez. Azkenik, agindua, onartutako estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko da.
Artikulu horietan xedatutakoa betetzeko, Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuak eta Osasun eta Kontsumo Sailak –den lanbidea izanik, eskumena baitu– nahitaezko txostenak egin dituzte.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren estatutuetan egindako aldaketa legearen araberakoa dela egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabilita, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Onarpena.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren estatutuen aldaketa onartzea.
2. artikulua.– Argitalpena.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren estatutuetan egindako aldaketa agindu honen eranskin gisa argitara dadila agintzea.
3. artikulua.– Inskripzioa.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren estatutuetan egin den aldaketa Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba dadila agintzea, elkargoa formalki eratzen den unean.
AZKEN XEDAPENA.– Eragina.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 2a.
Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,
IDOIA MENDIA CUEVA.
GIPUZKOAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUAREN ESTATUTUAK
I. TITULUA XEDAPEN OROKORRAK
I. KAPITULUA GIPUZKOAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUAREN IZAERA JURIDIKOA
1. artikulua.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren izaera juridikoa.
1.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestua zuzenbide publikoko korporazioa da, Profesionalen Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak babestua. Lege horrek hainbat aldaketa izan ditu lege hauen bidez: abenduaren 74/1978 Legea eta apirilaren 14ko 7/1997 Legea, eta Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea.
2.– Egitura eta funtzionamendu demokratikoak, ordezkaritza-izaera eta nortasun juridiko propioa izango ditu. Independenteak izango dira Erkidegoko, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta tokiko administrazioei begira, kasuan kasu, ez baitira haien parte; hala ere, legez dagozkien zuzenbide publikoko harremanak izango dituzte haiekin.
3.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak, berezko duen eta berari dagokion jardun-eremuan, gaitasun osoa du bere helburuak betetzeko. Horretarako, orotariko ondasunak erosi –kostu bidez nahiz irabaziz–, besterendu, saldu, zergapetu, izan eta erreibindika ditzake; obligazioak har ditzake; eta, oro har, orotariko eskubideen titularrak izan daitezke, eta edozein ekintza judizial, erreklamazio edo errekurtso baliatu nahiz jasan dezakete, edozein bidetan eta jurisdikziotan: arlo zibilean, zigor- eta lan-arloan, Administrazioarekiko auzibidean eta arlo ekonomiko-administratiboan. Horietaz gain, ezohiko berrikuspen- eta kasazio-errekurtsoak ere barnean egongo dira haren eskumeneko eremuan.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizialaren legezko ordezkaritza elkargoko lehendakariarena izango da judizioan zein judiziotik kanpo. Gobernu Batzordeak hala erabaki ostean, lehendakaria legitimatuta egongo da prokuradoreei, letraduei edo bestelako mandatariei ahalmen orokorren bat edo bereziren bat emateko.
4.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuari hau dagokio: albaitarien lanbidearen ordezkaritza esklusiboa, elkargokideen jarduera profesionalen antolamendua –haren eskumen-eremuan–, eta interes profesionalen defentsa.
5.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak bere enblemarako hartu ditu Gipuzkoako armarri zaharra eta Albaitarien Elkargo Antolamenduarena.
a) Hondoan zelai bat, mendixka batzuk, mendixken atzetik eguzki atera berria, eguzkiaren inguruan «Hygia Pecoris, Salus Populi» inskrpzioa.
b) Motibo horren aurrean bi ardi, bion artean Maltako gurutzea.
c) Horren guztiaren inguruan bi adar kakotu, behetik gora konbergenteak, ereinotz hostoenak.
Gobernu Batzordeko kideek erabiltzen duten domina korporatiboan agerraraziko da enblema hori, ekitaldi ofizialetan eta ohorezko zein protokolozko egoeretan, elkargoaren lanbidearen ordezkari gisa joanez gero.
Enblema korporatiboa agerrarazteko, zeta berdez egindako kordoi batetik eskegiko da, eta kordoi horrek urre-koloreko kiribil bat izango du.
II. KAPITULUA ADMINISTRAZIO PUBLIKOEKIKO HARREMANAK
2. artikulua.– Administrazio publikoekiko harremanak.
1.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak harremanak izango ditu Erkidegoko eta Estatuko administrazioekin Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren bidez eta Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren bidez.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioarekiko harremanak Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren bidez izango ditu Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak; foru-administrazioarekiko harremanak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki-administrazioekin, ordea, zuzenean.
3.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak nahitaezko txostena egingo du edozein mailatako lege-proiektuez, xedapen autonomikoez, foru-arauez eta udal-ordenantzez, baldin eta lanbidearen eginkizun propioen baldintza orokorrei buruzkoak badira albaitarien lanbideko jardun-eremu guztietan.
4.– Interes orokorrean laguntzeko xedea duenez, legearen babesa eta Estatuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gipuzkoako udalen aintzatespena izango du Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak.
5.– Eginkizun propioak ez ezik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, foru-administrazioak zein toki-administrazioek eskuordetzen dizkioten beste batzuk ere izan ditzake Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak, baldin eta horrela xedatzen bada Eusko Jaurlaritzaren dekreturen, xedapenen, erabakiren edo hitzarmenen baten bidez; eta, horrela bada, ezinbestean argitaratu beharko da kasuan kasuko aldizkari ofizialean.
6.– Tratamenduari dagokionez, Gipuzkoako Elkargo Ofizial Prestua prestua izango da, eta lehendakariak txit prestuak.
III. KAPITULUA GIPUZKOAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUAREN HELBURUAK
3. artikulua.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren helburuak.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren funtseko helburuak hauek dira:
1.– Albaitarien lanbideko jardunaren antolamendua –haren eskumen-eremuan–, lanbidearen ordezkaritza esklusiboa eta elkargokideen interes profesionalen defentsa, eragotzi gabe Erkidegoko, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta tokiko administrazioen eskumenak, funtzionariotza-harremana dela eta.
2.– Babestea eta betetzea albaitarien lanbidearen printzipio deontologikoak eta etiko-sozialak, duintasuna eta itzala; horretarako, albaitarien kode deontologikoa ezartzea dagokio.
3.– Sustatzea, eskura dituen baliabide guztiez baliatuta, elkargokideen etengabeko hobekuntza maila zientifikoan, kulturalean, ekonomikoan eta sozialean; horretarako, orotariko kultur erakundeak eta gizarte-aurreikuspen eta -babeseko sistemak antola ditzake.
4.– Botere publikoekin batera lan egitea pertsonen eta animalien osasuna lortzearren, Euskal Autonomoa Erkidegoko eta Gipuzkoako abeltzaintza hobetzearren, ekoizpen-fasetik kontsumora bitartean abeltzaintza- eta elikadura-sektorearen erregulazioa eta antolamendua eraginkorra, bidezkoa eta ekitatiboa izatearren, eta ingurumena eta kontsumitzaileak zaintzearren.
IV. KAPITULUA GIPUZKOAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUAREN LURRALDE-EREMUA
4. artikulua.– Lurralde-eremua.
Gipuzkoako Lurralde Historiko osoan du eskumena Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak. Egoitza, zerbitzu guztiekin batera, honako helbide honetan dago: Zabaleta kalea 40, behea, Donostia. Hala ere, edonon batzar daiteke lurralde historiko horren barruan, Gobernu Batzordeak onartzen badu.
V. KAPITULUA GIPUZKOAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUAREN ERAKETA ETA ORGANOAK
1. ATALA. ERAKETA.
5. artikulua.– Eraketa.
Elkargokide guztiek eta ordezkaritza-organo hauek eratuko dute Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestua:
1) Kide anitzeko organoak.
2) Kide bakarreko organoak.
1.– Kide anitzeko organoak hauek dira:
a) Batzar Orokorra.
b) Gobernu Batzordea.
2.– Oro har, Gobernu Batzordea eratzen duten kide bakarreko karguak hauek dira:
a) Lehendakaria.
b) Lehendakariordea.
c) Idazkaria.
d) Diruzaina edo ekonomia-kidea.
e) Gutxienez beste bi kide.
2. ATALA. ELKARGOKIDEEN BATZAR OROKORRA
6. artikulua.– Elkargokideen Batzar Orokorra.
Elkargokideen Batzar Orokorraren erabakiak lotesleak izango dira elkargokide guztientzat. Organo gorena da elkargoa ordezkatzeko, eta eskubide osoko elkargokide guztiek osatzen dute Batzar Orokorra -jardunekoak izan zein ez.
Gobernu Batzordean eman behar du bere jardunaren berri. Urtero batzartu beharko da urteko lehen hiruhilekoan, elkargokideen zuzeneko parte-hartzeak dakartzan eskumen guztiak bereganatzeko, honako hauek bereziki:
a) Elkargokideei derramak eragiten dizkieten kreditu bereziak onartzea.
b) Elkargoko kide egiteari buruzko legegintza-eginkizunak.
c) Estatutu hauek eta kode deontologikoa onartu eta aldatzea.
d) Ematen diren kondekorazioen, sarien eta golardoen araubidea ezartzea.
e) Elkargoaren Gobernu Batzordeko kideak hautatzea, eta kideren bat edo kide guztiak kargutik kentzea, gaitzespen- edo zentsura-botoaren bidez.
f) Ohiko eta ezohiko aurrekontuak eta urteko kontuak onartzea.
7. artikulua.– Botoen nondik norakoak eta kuota.
Elkargoko obligazioak egunean dituzten elkargokide guztiek dute asistentzia-eskubidea –hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea barne–, hau da, egiten diren batzar guztietara joan daitezke. Bertaratze hori elkargokide guztien eskubidea izateaz gain, betebehar morala ere bada.
8. artikulua.– Elkargokideen Batzar Orokorraren batzar motak.
1.– Ohiko batzarra.
2.– Ezohiko batzarra.
9. artikulua.– Batzarrean lantzeko proposamenak.
Urteko azken hiruhilekoan aurkeztu beharko dituzte elkargokideek ohiko batzar orokorrean eztabaidatu nahi dituzten proposamenak, sartu beharko baitira deialdiko eskarien eta galderen puntuan.
Eguneko gai-zerrendan sartu ahal izateko, gutxienez hogeita bost elkargokidek babestu eta sinatu behar dituzte proposamen horiek.
10. artikulua.– Ohiko batzar orokorraren deialdirako formalitateak.
Gobernu Batzordearen erabakiaz egin behar da ohiko batzar orokorrerako deialdia, batzar hori egin baino gutxienez 15 egun lehenago.
Elkargoaren iragarki-oholean jarriko da deialdia, baita «Gipuzkoako Albaitaritza» informazio-aldizkarian ere, ondo nabarmendutako iragarki batean, aldizkari hori Gipuzkoako elkargokide guztiei bidaltzen baitzaie. Bestela, elkargokide bakoitzari behar bezalako komunikazio bat bidaliko zaio, idazkariak sinatutako komunikazioa, hain zuzen, eta bertan adieraziko zaio non, zein egunetan eta zein ordutan izango den batzarra, lehengo eta bigarren deialdiak zehaztuta, bion artean hogeita hamar minutuko tartea egon behar baita gutxienez.
Halaber, deialdiarekin batera gai-zerrenda ere jarriko da puntu hauek sartuta:
a) Aurreko bilkuraren akta irakurtzea eta onartzea, hala badagokio, hau da, aurreko batzarraren amaieran onartu ez bada.
b) Lehendakaritzaren txostena.
c) Idazkaritzaren txostena.
d) Diruzaintzaren txostena. Aurreko ekitaldiko kontuak likidatu eta onartzea, hala badagokio; eta hurrengo urteko aurrekontua irakurtzea eta onartzea, hala badagokio.
e) Gobernu Batzordeak edo lehendakariak garrantzizkotzat jotzen duen beste edozein gai, ezohiko batzarren eskumenetatik kanpokoa.
f) Elkargokideek egindako proposamenak, estatutu hauen 9. artikuluan adierazitakoa betetzen badute.
11. artikulua.– Batzarra eratzea.
Batzarra balioz eraturik egongo da lehenengo deialdian, gutxienez kideen gehiengo soila bertan badago. Bigarren deialdian, balioz eraturik egongo da bertaratuen kopurua edozein dela ere.
Ohiko batzarrari ekiteko hurrenkera honakoa izango da:
a) Lehendakariak emango dio hasiera bilkurari; eta, bera egon ezean, lehendakariordeak edo elkargoan antzinatasun handiena duen kideak.
b) Bertaratutako elkargokideak zenbatuko dira izen eta guzti.
c) Lehendakaritzaren, Idazkaritzaren eta Diruzaintzaren txostenak irakurriko dira.
d) Tarte bat emango da elkargokideek egoki iritzitako galderak egiteko edo azalpenak eskatzeko, betiere txostenetako edukiei buruz. Lehendakariari, idazkariari eta diruzainari egin dakizkieke, hurrenkera horrexetan, eta gehienez 3 minutu izango dira.
e) Arestian aipatutako tarte hori amaitutakoan, batzarrak kontuak onartuko ditu, batetik, aurreko urteko ekitaldiari dagozkionak eta, bestetik, hurrengo ekitaldirako aurrekontuetakoak.
f) Ondoren, eskarien eta galderen puntuan adierazitako proposamenak aztertuko dira.
g) Gai gehiagorik izan ezean, bilkura amaitutzat emango du lehendakariak.
h) Lehendakariak bere iritzi onenaz ebatziko ditu batzarrean zehar sortzen diren arazoak, baldin eta estatutu hauetan ebazpiderik ez badute.
Botazioak eskua jasota egingo dira, baldin eta bertaratutakoen % 10ek gutxienez ezkutuan egiteko eskatzen ez badute.
Botazioak ezkutukoak izango dira beti, baldin eta elkargokideei beraiei buruzko edo euren ohoreari buruzko gaiak ukitzen badituzte.
Identifikatzea ezinezko egiten duten boto-paper antzekoez egingo da ezkutuko botazioa.
12. artikulua.– Ezohiko batzarra.
Lehendakariak egingo du ezohiko batzarrerako deialdia, bai bere ekimenaz, bai Gobernu Batzordeak edo elkargokideek proposatuta, baldin eta elkargokide eskatzaileak elkargo-erroldaren % 20 edo jarduneko elkargokideen % 10 baino gehiago badira.
Elkargokideek Gobernu Batzordeari helarazi beharko diote, idatziz, ezohiko batzarrerako deia egiteko eskaera. Idazki horretan hauek zehaztuko dira: aztertu beharreko gaiak, eta horien oinarri diren kausak edo arrazoiak.
Ezohiko batzarraren helburua estatutuak aldatzea bada, Gobernu Batzordeak ez ezik, gutxienez elkargokideen % 25ek ere eska dezakete deialdia egiteko. Estatutuen aldaketak onartzeko, boto-eskubidea duten elkargokideen % 30ek bertaratu beharko dute. Aldaketek aurrera egin dezaten, bertaratutako elkargokide horien erdiek gehi batek eman beharko dute aldeko botoa.
13. artikulua.– Ezohiko batzarrerako deialdia.
Idatziz eta gutxieneko 15 eguneko aurretiaz egingo da ezohiko batzarrerako deialdia. Hala ere, 3 eguneko aurretiaz egin daiteke, Gobernu Batzordeak aztergaia premiazkotzat jotzen badu.
Horrela izanez gero, deialdia argitara eman beharko da probintzian gehien saltzen den egunkarian.
Estatutuen 10. artikuluko 2. paragrafoan xedatutakoa bete beharko du deialdiak.
14. artikulua.– Zentsura-mozioa egiteko batzarra.
Batzarraren helburua zentsura-mozioa egitea bada, bai Gobernu Batzordearen aurka, bai batzordekideren baten aurka, batzarra eratutzat hartuko da eta ondorioak izango ditu baldin eta elkargokideen erdiak gehi bat bertaratzen badira.
Zentsura-mozioak aurrera egiteko behar besteko quoruma izanez gero, ezinbestekoa izango da bertaratutakoen erdiek gehi batek aldeko botoa ematea; hala ere, ez dute botoa emateko eskubiderik izango Gobernu Batzordeko kideek.
3. ATALA. GOBERNU BATZORDEA
15. artikulua.– Eskumenak.
Elkargoaren Gobernu Batzordearen eskumenekoak dira honako hauek:
a) Elkargoaren ordezkaritza ofiziala.
b) Batzar Orokorraren erabakiak betetzea.
c) Ohiko eta ezohiko batzar orokorretarako deialdia.
d) Elkargoaren adierazpen ofizialetako organoak kontrolatzea eta gainbegiratzea.
e) Etengabeko prestakuntza programatzea, Gipuzkoan ikastaroak eta kongresuak antolatzea, eta zientzia-elkarteekiko lankidetza eta laguntza izateko politika.
f) Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedurak sustatzea, eta aurreproiektuak, erregelamenduak, kodeak eta gainerako araudiak sortzea.
g) Oro har, elkargoaren ondasun higiezinak, higigarriak, instalazioak eta ondarea zaintzea eta mantentzea.
h) Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak aztertu behar dituen gaiak prestatzea, kontseilua eratzen denean.
i) Administrazio zentralaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren, foru-administrazioaren eta toki-administrazioen legegintza-proposamenei buruzko txostenak egitea eta igortzea.
j) Elkargoaren aurrekontuak eta kontuak egitea, eta beroriek betearaztea eta kudeatzea, aurrekontu horiei buruzko arauetan xedatutako eskumen-mugak izanik.
k) Elkargokideen gaineko diziplina-eginkizunetan jardutea, estatutuek eta legeek elkargoari esleitutako diziplina-eginkizunetan; horretarako, kasuan kasu, instrukzio-egilea eta idazkaria izendatuko dira. Izan ere, espedientea instruitu eta ebazpen-proposamena egingo dute, batzorde deontologikoari entzun ostean.
l) Gipuzkoan lanbidearen irudia zabaltzeko neurriak sustatzea eta onartzea.
m) Elkargokideei batzordearen jardueren eta haiengan eragina izan dezaketen gaien berri ematea.
n) Beste erakunde publiko eta erakunde profesional batzuekiko lankidetza-harremanak ezartzea, eta lanbidearteko behin-behineko gatazketarako irizpideak hartzea.
o) Erabakitzea zein ikerketa soziologiko-sanitario eta profesional egin Gipuzkoako albaitaritza-laguntzari buruz.
p) Gipuzkoako albaitaritzak dituen arazoak ebazteko ekimenak sustatzea.
q) Hainbat beka eta sari sortu eta sustatzea.
r) Zilegi ez den lehiaren eta jokabide zantar eta ez-duinen aurkako neurriak zehaztea.
s) Batzarrak eskuordetzen dizkion eginkizunak, batzarrari bere eskumeneko gaietan proposamenak egitea eta kide anitzeko organo horri laguntzea.
t) Legeek, erregelamenduek eta estatutu hauek ematen dioten beste edozein eskumen.
16. artikulua.– Gobernu Batzordearen bilerak.
1.– Gobernu Batzordeak bilerak arautu eta lana antolatzeko erregelamendu bat egin eta onar dezake.
2.– Gobernu Batzordea hiru hilean behin, gutxienez, bildu egingo da; eta, edozein kasutan ere, lehendakariak deitzen duenean edo kideen ehuneko hogeik eskatzen duenean. Sarriago ere bil daiteke une zehatzetan.
3.– Gobernu Batzordea eratzeko, gutxienez kideen erdiko quorumak egon behar du; quorum hori izan ezean, ezin da inolako bilerarik egin.
4.– Idazkariak bideratuko ditu deialdiak, gai-zerrendarekin batera, idatzizko edozein komunikabideren bidez. Bost eguneko aurretiaz egin beharko ditu, premiazko kasuetan izan ezik, halakoetan epea hogeita lau ordukoa izan baitaiteke.
5.– Erabakiak hartzeko, bertaratutakoen gehiengo soila behar da (erdiak gehi bat); berdinketarik izanez gero, lehendakariaren botoa izango da kalitate-botoa edo ebazlea.
6.– Ez da boto eskuordeturik onartuko.
4. ATALA. KIDE BAKARREKO KARGUAK
17. artikulua.– Lehendakaria.
1.– Lehendakariari hau dagokio:
a) Elkargoaren ordezkaria izatea, bai ekitaldi eta kontratu guztietan, bai agintariekin, bai auzitegietan eta epaitegietan; estatutu hauetan aipatzen diren mugak izango ditu, eta behar dituen mandatuak eman ditzake.
b) Egin behar diren txostenak eta komunikazioak baimentzea, Gobernu Batzordeak hartu dituen erabakiak betetzea edo betearaztea.
c) Estatutu hauetako xedapenen arabera dagozkion eskubide guztiak egikaritu eta betebeharrak betetzea.
d) Izapide hutsa ez diren komunikazioak eta idazkiak baimentzea, Gobernu Batzordearekin batera.
e) Elkargoaren obligazioetarako ordainketak ikus-onestea, diruzainarekin batera edo Gobernu Batzordearen ahalmena berariaz jaso duen beste edozeinekin batera, aurrekontuetan agertzen diren kopuruen arabera.
f) Aktak eta behar diren ziurtagiriak baimentzea edo berak ontzat eman duela jasota uztea, baita Gobernu Batzordearenak ere.
g) Batzarraren bilkuretarako deialdia egin, bertan mahaiburu izan, eta bilkurei amaiera ematea, ohikoak zein ezohikoak izan; ordena zaindu eta hitza ematea baldin eta Gobernu Batzordeak berariaz beste kideren bati eginkizun hori eskuordetu ez badio arrazoi egiaztaturen batengatik edo lantzen diren gaiek lehendakariaren bateraezintasuna eragiteagatik.
h) Izendatzea, Gobernu Batzordeak erabakita, beharrezkotzat jotzen dituen batzordeak, txostengileak eta lantaldeak, elkargoaren eskumenekoak diren gaiak edo interesak aztertu eta ebatzi ditzaten.
i) Batzordeetan, txostengileen artean eta lantaldeetan mahaiburu izatea, edo mahaiburutza batzorde betearazleko edozein kideri eskuordetzea.
j) Ekimen-ahalmenaz baliaturik, elkargoaren berezko eskumeneko gaiei buruzko informazioa ematea elkargoari eta elkargokideei.
k) Elkargoaren funtzionamendu administratibo eta ekonomiko arrunta izateko behar diren ekintza guztiak.
Lehendakariak ezin izango du ez kontraturik izenpetu, ez obligaziorik bereganatu, elkargoaren izenean, aurretik Gobernu Batzordearen baimena izan barik.
Lehendakariak ahalegin bereziak egingo ditu elkargokideen artean harmonia eta kidetasuna izan daitezen; saiatuko da elkargokideen arteko istiluak, edonolakoak izanik ere, elkargoaren eremuaren barruan ebatzi daitezen.
18. artikulua.– Lehendakariordea.
Gobernu Batzordeak esleitutako eginkizun guztiak beteko ditu lehendakariordeak. Lehendakariarenak ere bereganatuko ditu –inori azalpenik eman gabe– baldin eta lehendakaria kanpoan bada, gaixorik badago, abstenitu egin bada, errekusatu egin badute edo haren lekua betetzeke badago.
19. artikulua.– Idazkaria.
Idazkariaren eskumenak hauek dira:
a) Zaintzea ea Gobernu Batzordeak hartzen dituen erabakiak legezkoak diren, baita estatutu hauen arabera emandako ebazpenak ere.
b) Elkargoaren dokumentazioa jagotea.
c) Aurreko bi letretan adierazitako helburuak betetzeko jarduera guztiak egitea.
d) Lehendakariari bere eginkizunetan laguntzea, eta arlo tekniko-profesionalean hartu behar diren ekimenak bideratu eta sustatzea.
e) Batzarrari eta Gobernu Batzordeari bilera-aktak egitea; hala badagokio, aurreko akten berri ematea, onar ditzaten; eta, hala badagokio, informatzea bilera horietan aztertu beharreko gaien gainean eta Gobernu Batzarrak gomendio uzten dizkion gaien gainean.
f) Behar diren akta-liburuez arduratzea, behar diren ziurtagiriak egitea eta baimentzea, eta Gobernu Batzordeak ohiko komunikaziorik eta zirkularrik idazten badu, horien ardura ere hartzea.
g) Gipuzkoako elkargokideen errolda egin eta horretaz arduratzea, bai erregistro-fitxategi batean, bai euskarri informatikoan, datu guztiak eta zehaztapen egokiak jasota.
h) Proposatzea eta kudeatzea zer behar den elkargoaren administrazio-jarduna egokia izan dadin.
i) Estatutuek esleitzen dizkioten eta Elkargoaren Gobernu Batzordeak gomendio uzten dizkion egitekoak zuzentzea.
h) Elkargoko langileen burua eta bulegoen arduraduna izatea.
k) Karguaren berezko eginkizunen jardunean eskudantzia osoaz aritzea. Horretarako, ebatzi beharreko gaien arabera, aholkularitza juridikoak ematen dizkion orientazioak eta txostenak entzun ditzake, baita jaso nahi eta egoki irizten dituen bestelako aholkuak ere. Hala ere, txosten horiek ez dira lotesleak izango idazkariarentzat.
l) Erregistro juridiko-administratiboko sarrera-irteeren liburua kontrolatzea.
20. artikulua.– Diruzaina edo ekonomia-kidea.
Diruzainari edo ekonomia-kideari hau dagokio:
a) Elkargoaren funtsa biltzea eta jagotea bere erantzukizunpean; kutxan ezin izango da Gobernu Batzordeak erabaki baino diru gehiago izan.
b) Funtsen sarrera-irteeren liburuez arduratzea, behar diren formalitateak izanik.
c) Hiru hilean behin, sarrera-irteeren kontuak formalizatzea, eta Gobernu Batzordearen onespena lortzea.
d) Kontu korronteak ireki eta ixtea, hango funtsak sartuta eta aterata.
e) Gordailuak eratu eta deuseztatzea, Gobernu Batzarrak erabakita, lehendakariaren edo horretarako izendatutako beste kideren baten sinadurari berea gehituta.
f) Elkargoaren sarrera-irteeren urteko kontua formalizatzea; Gobernu Batzordeak eta Batzar Orokorrak onartu beharko dute beti.
g) Elkargoaren jardun arrunterako sarrera-irteeren aurrekontua egitea, hurrengo ekonomia-ekitaldirako; Gobernu Batzordeak eta Batzar Orokorrak onartu beharko dute beti.
h) Elkargoaren Gobernu Batzordeari eta Batzar Orokorrari, halakorik eskatzen badiote, elkargoaren ekonomia-ibilbidearen berri ematea.
i) Diruzaintzako kontua aztertu eta txostena egitea urtero.
j) Elkargoaren higigarrien, tresnen eta gauzen inbentarioa egitea, eta Gobernu Batzordeari honen berri ematea urtero: zer sartu edo irten den, zer hondatu den.
k) Egiaztatu beharreko ordainketen zerrenda aurkeztea Gobernu Batzordearen bilkuretan.
l) Gobernu Batzordeak gomendio uzten dizkion gainerako eginkizunak.
21. artikulua.– Kide bakarreko karguek ordainsaria jasotzeko aukera.
Elkargoan kide bakarreko kargu batzuek, Gobernu Batzordeak proposatuta, dieta jaso dezakete; horretarako behar diren partidak ez ezik, elkargoaren eta kideen ordezkaritza-gastuak behar bezala ordaintzeko partidak ere finkatu beharko dira.
22. artikulua.– Karguen iraupena eta kargua uzteko arrazoiak.
1.– Kide bakarreko organoen agintaldiak sei urtekoak izango dira, karguaz jabetzen diren egunetik aurrera, non eta iraupen bereko beste aldi baterako edo batzuetarako berriro hautatzen ez diren.
2.– Kide bakarreko organoetako kargua uzteko arrazoiak:
a) Agintaldia amaitzea, kargudun berriak karguaz jabetzeaz batera.
b) Karguari borondatez uko egitea.
c) Karguan aritzeko estatutu-eskakizunak betetzeari uztea.
d) Deitutako bileretara hiru bider jarraian huts egitea urte berean; edo lau bider, jarraian ez bada. Aldez aurretik kontraesaneko espedientea ireki behar da.
e) Gaitzespen- edo -zentsura-mozioa, estatutu hauetako arauen arabera onartuta.
f) Konfiantza-galdekizuna ez gainditzea, estatutu hauen 24. artikuluan adierazitakoaren arabera.
g) Diziplinazko arau-hauste astun baten edo oso astun baten ondoriozko zehapena, ebazpen irmo baten bidez egokitutakoa, ebazpen hori Administrazioarena, judiziala zein korporatiboa izan.
23. artikulua.– Agintaldian zehar kargu hutsak betetzea.
1.– Lehendakaritza hutsik geratuz gero, lehendakariordeak bereganatuko ditu haren eginkizunak.
2.– Gobernu Batzordeko karguren bat agintaldiko bigarren zatian hutsik geratuz gero, Gobernu Batzordeak berak izendatuko du kargu huts hori beteko duen pertsona, elkargokide guztien artean.
3.– Gobernu Batzordeko kargu bi baino gehiago hutsik geratuz gero, edo aurreko paragrafoan adierazitako moduan bete ezin badira, hauteskunde aurreratuetarako deialdia egingo da.
24. artikulua.– Konfiantza-galdekizuna.
1.– Gobernu Batzordea borondatez egin diezaioke men Batzar Orokorraren konfiantzazko botoari, egoerari begira hori egitea komeni dela iritziz gero.
2.– Gobernu Batzordearen kideek ezin izango dute une horretan boto-eskubidea erabili.
3.– Konfiantza-galdekizuna gainditu ezean, gaitzespentzat hartu, eta Gobernu Batzordea kargutik kentzea ekarriko du; horrenbestez, kargu horietarako hauteskundeetarako deialdia egin beharko da, estatutu hauetan xedatutako hauteskunde-sistemaren arabera.
25. artikulua.– Zentsura.
1.– Batzar Orokorrak har dezake Gobernu Batzordea edo horko kideren bat kargutik kentzeko erabakia, zentsura-botoaren bidez.
2.– Elkargoko kideetatik gutxienez herenek izenpetu beharko dute eskaera; argi eta garbi adierazita egon behar da zein arrazoitan oinarritu den.
3.– Eskaera aurkeztuta, Gobernu Batzordeak egin behar du batzarrerako deia, gehienez hilabeteko epean, eta batzarra egin baino hamabost egun lehenago.
4.– Zentsura-moziorako, Batzar Orokorreko kideek boto bana izango dute. Gobernu Batzordeko kideek, ordea, ez dute botorik izango.
5.– Zentsura-mozioak aurrera egin dezan, horren aldekoak izan behar dira Batzar Orokorrak emandako botoen erdiak gehi bat. Ezinbestean joan beharko dute batzarrera elkargokideen % 50ek gutxienez.
6.– Zentsura-mozioak aurrera egiten badu, kargu gabe geratuko da Gobernu Batzorde zentsuratua; horrenbestez, zentsurako batzarrean bertan batzorde kudeatzaile bat eratuko da; berak egingo du hauteskundeetarako deia hilabeteko epean, eta hauteskunde-prozesua abiaraziko du.
7.– Zentsura proposatzen dutenek ezin izango diote horrelako besterik aurkeztu kargu berari, harik eta urtebete igaro arte.
8.– Agintaldiko azken sei hiletan ezin izango da zentsura-moziorik proposatu.
VI. KAPITULUA GIPUZKOAKO ALBAITARIEN ELKARGO OFIZIAL PRESTUKO LANGILEAK
26. artikulua.– Elkargoko langileak.
Indarreko lan-legeriak aitortutako eta adierazitako eskubideak eta betebeharrak izango dituzte Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuko langileek.
Gobernu Batzordeak egindako eta Batzar Orokorraren eskura jarritako barne-erregelamendu batek jasoko ditu: organigrama, eta lanpostu guztien deskribapena eta urteko ordainsari gordinak. Barne-erregelamendu horren arabera arautuko dira elkargo honen zerbitzura lan egiten dutenen eskubideak eta betebeharrak, indarreko lan-legeriarekin bat.
27. artikulua.– Izendapenak, kargu-uzteak eta kargugabetzeak.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuko langile finkorik, behin-behinekorik edo aholkularirik izendatu, banatu, kargutik kendu edo kargugabetu behar bada, Gobernu Batzordeak egingo du, elkargoko idazkariak gora proposatuta, idazkaria baita langileen burua; aldi berean Batzar Orokorrari jakinaraziko zaio.
Neurri horietarako prozedura eta diziplinazko zehapenak eta zuzenketak izango dira lan-erregelamenduan idatzitakoak. Nahitaezkoa izango da kargugabetze-espedienteari hasiera ematea. Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuko langileei buruzko izapide ofizialetarako, lehendakaria hartuko da lan-enpresako burutzat, eta idazkaria enpresa horretako langileen burutzat.
28. artikulua.– Gizarte-prestazioak.
Langile horiek elkargoaren gizarte-prestazioak eskura ditzakete, hala nahi badute eta Gobernu Batzordeak aldez aurretik irizpena emanda.
VII. KAPITULUA KIDE BAKARREKO KARGUAK HAUTATZEKO ARAUBIDEA
29. artikulua.– Arau aplikagarriak.
1.– Estatutu hauetan xedatutakoa eta elkargoak kargu horietarako garatzen dituen gainerako arauak beteko dira Gobernu Batzordeko kide bakarreko karguak hautatzeko hauteskunde-araubidean.
2.– Batzar Orokorrak hauteskunde-araubiderako erregelamendu berezi bat onar dezake. Erregelamendu berezi horretan garatuko du kapitulu honetan xedatutakoa, eta zehaztuko du: nola hautatuko diren hauteskunde-batzordea eta hauteskunde-mahaia; nola egingo den eta zer ondorio izango dituen hauteskunde-deialdiak, zer eskakizun eta epe izango diren hautagai-zerrendak aurkezteko eta aldarrikatzeko; nolako jokabidea izan behar den hauteskunde-kanpainan eta -egunean; zer prozedura izan botoa emateko; nola zenbatu botoak, eta nola jabetu hautatutakoak karguaz.
3.– Gobernu Batzordeko karguetarako hautagai-zerrendak zerrenda itxiak –oro har bozkatuko direnak– edo irekiak izan daitezke.
30. artikulua.– Hauteskunde-deialdia eta –izaera.
1.– Hauteskunde-deialdia egingo da:
a) 6 urteko agintaldia amaitutakoan.
b) Gobernu Batzordeko kide gehienek hala erabakitzen dutenean.
c) Gobernu Batzordeko karguak hutsik geratu edo gaitzesten direnean.
2.– Deialdiaren izaera.
Gobernu Batzordeak berak egingo du Gobernu Batzorde osorako zein hango karguren baterako hauteskunde-deialdia, erabaki bidez; aktan jasoko da, deialdiaren justifikazioekin batera eta puntu hauek jasoko dituen hauteskunde-egutegi batekin batera:
1) Hautagaiak aurkezteko data: erabakia hartu eta hogeita hamar eguneko epea beharko da gutxienez.
2) Hautagaiak aldarrikatzeko eta hauteskunde-mahaia izendatzeko data –Gobernu Batzordearen bilkura batean egingo da–; hautagaiak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean egingo da aldarrikapena.
3) Hauteskundeak egiteko data –hauteskunde-kanpainarako hogei egutegi-eguneko epea egon behar da gutxienez–; botoa emateko tokia –ezustekorik izan ezean, elkargoaren egoitza izango da–, eta botoa emateko ordutegia– elkarren segidako hiru ordu gutxienez.
4) Hautetsiak karguaz jabetzeko data -hauteskundeak egin eta zazpi egun igaro aurretikoa.
Deialdiari buruzko erabakia eta hauteskunde-egutegia behar bezala iragarri behar dira elkargoaren «Gipuzkoako Albaitaritza» aldizkarian edo komunikabideetan, eta elkargoaren iragarki-ohol ofizialean.
31. artikulua.– Hautagarritasun-baldintzak.
1.– Elkargokide guztiak izan daitezke Gobernu Batzordeko karguetarako hautagaiak, Espainiako edo Europar Batasuneko herriren bateko nazionalitatea badute, eskubide hori aitortu bazaie legeria erkidean eta espainiarrean, eta artikulu honetako eskakizunak betetzen badituzte.
2.– Ezin izango dira hautagaiak izan lanbiderako desgaikuntza badute, edo elkargoaren eskubide guztiak edo eskubide zibil guztiak ez badituzte, edo elkargoko ordainketak egunean ez badituzte.
3.– Ezin izango dira hautagaiak izan legeak xedatutako bateraezintasunen araubidearen mendekoak.
4.– Gobernu Batzordeko kargu bakarrera aurkez daiteke hautagai bakoitza.
5.– Hautagarritasun-baldintza guztiak bete beharko dira deialdia egiten denerako.
32. artikulua.– Hautesleak.
1.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuko elkargokide guztiek izango dute boto-eskubidea, egunean badituzte elkargoko obligazioak eta deialdia egiten denean dauden gastuak, eta legeen zein estatutuen araberako debekurik edo ezintasunik ez badute.
2.– Hautesleek eskubidea dute beren botoa askatasunez eta ezkutuan emateko.
33. artikulua.– Hautagai-zerrendak.
Hautagai-zerrendak idatziz aurkeztuko zaizkio Gobernu Batzordeari, horretarako adierazitako epean; idazki horretan, halakorik nahi izanez gero, hautagaia bakoitzak bere artekaria izendatuko du. Artekari hori hauteskunde-mahaiaren parte izango da.
Hauteskundeetan parte hartzeko bi modu hauek onartuko dira:
a) Norbera banaka; elkargokidea kargu zehatz baterako hautagaia da: lehendakaria, idazkaria edo batzordekidea.
b) Hautagai-zerrenda osoa; sei laguneko taldea da postu guztiak betetzeko: lehendakaria, idazkaria eta lau batzordekide.
Beste aukera hau ere onartuko da: batzordekide izateko bada, hautagai titularrarekin batera ordezko bat adieraz daiteke, kargutik kendu edo kargua uzten den kasurako.
Hautagaiak erabaki bidez aldarrikatuko dira Gobernu Batzordeak horretarako egindako bilera batean, eta elkargokide guztiei zabalduko zaie.
34. artikulua.– Hauteskunde-mahaia.
1.– Eraketa.
Haren parte izango dira hiru elkargokide eta haien ordezkoak; boto-eskubidea izan eta hautagai ez diren elkargokide guztien artean hautatuko dira jendaurreko zozketa batean; nahitaez onartu behar dute izendapen hori baldin eta ezinbesteko inguruabarrak izan eta Gobernu Batzordeari justifikatzen ez bazaio.
Halaber, hauteskunde-mahaiaren parte izango dira hautagaiek izendatzen dituzten artekariak, begirale-lanetan –hitzez, baina botorik gabe. Ordezkatzen dituzten pertsonen interesak zainduko dituzte artekari horiek (hautagai-zerrenda bakoitzeko bat), eta eskubidea izango dute aurkaratzeko eta erreklamatzeko, eta aurkaratutakoa edo erreklamatutakoa hauteskunde-aktan agerrarazteko. Halaber, gainbegiratuko dute ea boto guztiak argiak eta garbiak diren, eta jasota utzaraziko dute botoak ematen diren bitartean ikusten duten edozein inguruabar berezi; egoitzetan utzitako boto-paperak ikuskatu eta ordenatuko dituzte, eta berak ordezkatzen duen hautagai-zerrenda osoarekiko errespetua eragingo du mahaiburuaren eta mahaikideen aurrean.
Hautagaiak aldarrikatzeaz batera izendatuko da artezkaria.
Gobernu Batzordeak izendatuko du hauteskunde-mahaiko buru hiru elkargokide horietatik antzinatasun handienekoa, eta idazkari-lanak egingo ditu gazteenak.
Hauteskunde-mahaiaren izendapena emango da argitara elkargoaren aldizkarian eta iragarki-ohol ofizialean.
2.– Egitekoak.
1) Botoa emateko paper ofizialak egingo ditu. Paperetan, elkargoaren menbretea agertuko da, eta bertan idatzita egongo dira, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan, kontsultako karguak eta karguetariko bakoitzeko hautagaien izen-abizen osoak, alfabetikoki ordenatuta eta zenbakituta, hautesleek beren aukera X batez markatzeko moduan.
2) Gutun-azalen modeloa onartuko du. Gutun-azal horien barruan sartuko dira paper ofizialak, gero hautestontzian sartzeko.
3) Boto-eskubidea duten elkargokide hautesleen zerrenda ofiziala egingo du, idazkariak emandako informaziorik abiatuta. Argitara emango da zerrenda hori elkargoaren iragarki-oholean, eta hautagai guztiei bidaliko zaie boto-paperen eta gutun-azalen modeloekin batera.
4) Hautagaiengandik jasoko du hauteskunde-propagandarako egiten dituzten dokumentuetariko ale bana.
5) Gobernu Batzordearen Idazkaritzaren laguntzaz, boto-eskubidea duten elkargokide guztiei helaraziko die boto-paper eta gutun-azal ofizial bana, boto-eskubidea gauza dezaten; halaber, haren erantzukizuna izango da elkargoaren egoitzan behar beste ale eta hautestontzia egotea kontsulta egiten den egunean.
6) Aparteko bilera bat egingo du hautagai-zerrendak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo egunean, onartutako eta onartu gabeko zerrendak aldarrikatuko ditu, akta bat egingo du eta jasota utziko du zergatik ez diren onartu onartu gabeko hautagai-zerrendak. Onartu gabeko hautagai-zerrendetako kideek idatziz eta 24 orduko epean eska diezaiokete hauteskunde-mahaiko buruari ebazpen ziodun bat egin dezala idatziz eta arrazoiak adierazita.
7) Baztertutako hautagai-zerrendetakoek errekurtsorik jartzen badute, bi eguneko epean emango da ebazpena. Aldeko ebazpena bada, iragarki-oholean jarriko da hautagai-zerrenda berria, eta hautagai-zerrenda guztiei jakinarazi; kontrako ebazpena bada, hautagai-zerrenda horrek uste badu kaltetua izan dela, errekurtso arrunta aurkez diezaioke Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, baina errekurtso horrek ez du etengo hauteskunde-prozesua.
8) Elkargoko Idazkaritzaren laguntzaz, hautagaien behin betiko zerrendak egin, elkargoaren iragarki-oholean jarri, eta zerrendetan adierazitako helbideetan jakinaraziko dizkio hautagai-zerrendetariko bakoitzari.
9) Hauteskunde-egunean, zaindu egingo du ea dena behar bezala egin den, botoak zenbatuko ditu, akta idatziko du, eta kargu hautetsiak aldarrikatuko ditu.
35. artikulua.– Hauteskunde-kanpaina.
Hautagaiek hauteskunde-propagandarako jarduerak egin ditzakete, baina gainerako hautagaien izen ona galarazi gabe eta gainerakoekiko errespetua izanik, eta kode deontologikoan adierazitako printzipioekin bat, lurralde osoan bete beharrekoak baitira.
Betebehar horretan kale egiten duena kanporatu egingo da, hau da, ez da hautagaia izango, hauteskunde-mahaiak erabakita.
Erabaki hori aurkara daiteke, idatziz eta 24 eguneko epean; hauteskunde-mahaiak ere ebatziko du 24 orduko epean. Hala ere, hautagai kanporatua aske izango da elkargo erkideari errekurtso arrunta aurkezteko, bera sortzen denean; baina ez da hauteskunde-prozesua etengo.
36. artikulua.– Botoa emateko prozedura.
1.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren egoitzako hauteskunde-mahaian izango dira hauteskundeak; boto guztiak hautestontzi batean sartuko dira. Horren aurretik, hauteskunde-mahaiak egiaztatu behar izan du hautestontzia hutsik dagoela, eta mahaiburuak zigilatuko du kontsultari hasiera eman baino minutu batzuk lehenago.
2.– Boto-eskubidea gauzatzeko bi modu baino ez dago:
a) Boto pertsonala.
Elkargoaren egoitzara joango da hauteslea, hauteskunde-egunean, horretarako adierazitako ordutegian; identifikatu egingo da mahaian, eta mahaiak egiaztatuko du boto-eskubidea gauza dezakeela; gero, gutun-azala hautestontzian sartuko du.
Hauteskunde-mahaiko idazkariak «P» bat idatziko du hauteslearen izenaren ondoan, hautesle-zerrenda ofizialean.
Hautesleak eskatuz gero, ziurtagiria egingo zaio, hauteskunde-mahaiko idazkariak sinatuta, mahaiburuak ontzat emanda, eta adierazita: hauteslearen izena, zer egunetan eta zer ordutan eman duen botoa, eta zertarako den dokumentua.
b) Posta bidezko botoa.
Elkargora igorri behar du hautesleak, behar besteko aurretiaz, boto-paper ofiziala gutun-azal itxian, eta gutun-azal ofizial hori beste baten barruan, hori ere itxita eta idatzita aurrealdean: «Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuko hauteskunde-mahaia», eta atzealdean: izen-abizenak, helbidea eta elkargokide-zenbakia, eta igorlearen sinadura. Honela bidali behar da:
1) Posta ziurtatuaz.
2) Mezulari bidez.
Gutun-azala elkargora heltzen denean, erregistratu egingo da igorlearen izena eta sarrera-data jasota, eta berehala jarriko da zaintzapean hauteskunde-mahaiko buruak dioen tokian, hauteskundeak egiten diren arte.
Egunero, Gobernu Batzordeko idazkariak emango dio hauteskunde-mahaiko buruari erregistroen berri, nahi beste egiaztapen egin dezan igorlearekin batera, mahaiburuak egoki iritziz gero.
3.– Gobernu Batzordeak ez du erantzukizunik izango hauteskunde-mahaiari igorritako gutun-azalen zaintzan.
4.– Hauteskunde-egunean, botazioen hasieran, mahai gainean jarriko dira postaz jasotako gutun-azal guztiak; izan ere, igorleen eskura jarriko dira botoa aldatzeko edo beraiek zuzenean sartzeko aukera izateko; botazioak amaitu baino ordu erdi bat lehenago, hauteskunde-mahaiko buruak egiaztatu beharko du igorle horiek hautesle-zerrenda ofizialean agertzen direla, «C» batez markatuko du posta bidezko eskubidea gauzatu bada, eta gutun-azalak zabaldu eta hautestontzian sartuko ditu banan-banan.
5.– Ez da boto eskuordeturik onartuko.
37. artikulua.– Boto-zenbaketa.
Botoa emateko epea amaituta, hauteskunde-mahaiko buruak hautestontziari zigilua kenduko dio, eta botoen gutun-azalak irekiko ditu.
Horren ostean, botoak zenbatzen hasiko da hauteskunde-mahaiko buruak adierazten duen moduan; jendaurreko boto-zenbaketa izango da.
Artxibatuta geratuko dira boto-paper ofizialak eta posta bidezko igorleen gutun-azalak, hauteskunde-mahaiaren eskura, zortzi eguneko epe batean gutxienez; epe hori amaituta, hauteskunde-mahaiko idazkariak suntsituko ditu.
38. artikulua.– Hauteskunde-eguneko akta.
Hauteskunde-mahaiko idazkariak egingo du akta, alderdi hauek aipatuta:
– Zein egunetan egin zuen Gobernu Batzordeak bilera hauteskunde-mahaia eta mahaiburua izendatzeko.
– Hauteskunde-mahaia nola geratu den eratuta: karguak eta alde bateko artekariak.
– Zenbat elkargokidek duen boto-eskubidea, eta hautesleen zerrenda ofiziala aktari erantsita.
– Zer ordutan hasi diren hauteskundeak.
– Zer ordutan amaitu diren hauteskundeak eta zenbat boto erregistratu den guztira.
– Zenbat boto pertsonal izan den, hautesle-zerrenda ofizialean «P» batez markatuta.
– Zenbat boto eman den postaz, hautesle-zerrenda ofizialean «C» batez markatuta.
– Kargu bakoitzerako hautagaien zerrenda, eta bakoitzak zenbat boto lortu duen.
– Zenbat boto zuri izan den.
– Zenbat boto baliogabe izan den eta zergatik izan diren baliogabeak.
– Zenbat boto ez den baliodun izan eta zergatik.
– Zein elkargokide izan den hor botoak zenbatu bitartean ikusle gisa, hauteskunde-mahaikoez gain, zerrenda batean idatzita.
– Erreklamazioak edota gorabeherak.
Aktako orrialde zenbakitu guztiak sinatuko dituzte hauteskunde-mahaiko kide guztiek.
Aktaren kopia bat jarriko da berehala jendaurrean, elkargoaren iragarki-ohol ofizialean, gutxienez 8 egunetan.
Beste kopia bat igorriko zaio berehala Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari.
Aktaren laburpen bat emango da argitara «Gipuzkoako Albaitaritza» aldizkarian, elkargoaren adierazpen ofizialetako organoa baita, hauteskundeak egin eta bost egun igaro aurretik. Laburpen horretan, gutxienez, emaitzak adieraziko dira.
39. artikulua.– Hautagaiak aldarrikatzea.
Boto gehien lortzen duena izango da irabazlea; berdinketa-kasuetan, berriro egingo dira hauteskundeak, hogeita hamar egun igaro aurretik.
Hautetsi aldarrikatutako hautagaiak gehienez ere hamabost eguneko epean jabetuko dira karguaz.
40. artikulua.– Erreklamazioak.
1.– Hauteskundeetako gorabehera guztiak eta aipatutako akta errekurri dakizkioke hauteskunde-mahaiari hogeita lau orduko epean; aurkaratzea errekurtso bidez ebatziko da hogeita lau ordutan, erregelamenduko prozeduraren arabera.
2.– Hauteskunde-mahaiaren ebazpenen aurka, errekurtso arrunta jar dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari; eta, administrazio-bidea amaituta, kasuan kasuko administrazioarekiko auzien auzitegiari. Errekurtsorik jartzeak ez du inoiz betearaztea etengo.
VII. KAPITULUA EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA, ETA AURKA EGITEA
41. artikulua.– Eskumen organikoak.
Eskumenei ezin zaie uko egin, eta esleituta dituen elkargo-organoak erabiliko ditu.
42. artikulua.– Eraginkortasuna eta deuseztasuna.
1.– Administrazio-zuzenbideari lotuta dauden elkargo-egintzen araubide juridikoan, bete egingo dira: Profesionalen Elkargoei buruzko Legea eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoa, edo horiek ordezten zein aldatzen dituzten legeak.
2.– Gobernu Batzordearen eta Batzar Orokorraren erabakiak jakinarazi behar zaizkie interesdunei, baldin eta egoera pertsonalen batean eragina badute. Elkargoan jakinarazitako egoitza profesionalean jakinaraziko zaizkie erabaki horiek. Indarreko legeek xedatutakoaren arabera ezin bada jakinarazi, jakinarazpena egindakotzat joko da organo erabaki-emailearen iragarki-oholean jarri eta hamabost egunen buruan.
3.– Diziplina-araubidean, ezin izango zaie elkargokideei zehapenik jarri, baldin eta aldez aurretik horri dagokion espedienteari hasiera eman ez bazaio eta interesdunari entzun ez bazaio.
4.– Elkargoko organoen egintzak erabat deusezak izango dira kasu hauetakoren bat gertatzen denean:
a) Argi eta garbi legearen aurkakoak direnean.
b) Eskumen falta nabariaz egin direnean.
c) Edukiari erreparatuta ezinezkoak direnean edo delitu direnean.
d) Xedatutako prozedurari erreparatu gabe egin direnean.
5.– Gobernu Batzordeak, nolanahi ere, eten egin beharko ditu erabat deusezak diren egintzak, eta horien aurkako errekurtsoa aurkeztu.
43. artikulua.– Gobernu Batzordearen egintzen aurkako errekurtsoak.
1.– Gobernu Batzordearen erabakiei gora jotzeko errekurtsoa dagokie, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren aurretik. Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari aurkeztu behar zaio errekurtsoa, edo, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, artikulu honetan adierazitako moduan eta kasuetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari aurkeztu aurretik.
2.– Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da esanbidezko ebazpen-erabakia jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Esanbidezkoa ez bada, urtebeteko epea izango da errekurtsoa jartzen den egunetik aurrera.
3.– Errekurtsorik aurkezteak ez du aurkaratutako egintza betearaztea etengo; hala ere, Gobernu Batzordeak edo Batzar Orokorrak eskumenez erabaki dezakete kautelaz etetea bai hartutako erabakiak beraiek, bai erabaki horien ondorio batzuk, interesdunak eskatuta eta egoki iritzitako arrazoiak alegatuta, edo errekurtsoa jarri delako; kontuan hartuta, batetik, zeinen garrantzitsuak eta larriak izan daitezkeen interesdunari eragindako kalte konponezinak; bestetik, zer-nolako ondorio garrantzitsuak eta larriak ekar ditzakeen erabakia ez betetzeak osasun publikoan edo hirugarrenen artean.
44. artikulua.– Batzar Orokorraren erabakien aurkako errekurtsoa.
1.– Gobernu Batzordeak edo erabakien eraginpeko edozein elkargokidek errekurri ditzake Batzar Orokorraren erabakiak; Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari aurkeztu behar zaio errekurtsoa, edo, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salari aurkeztu aurretik, erabakia hartu eta bi hileko epean.
2.– Gobernu Batzordeak uste badu Batzar Orokorraren erabakia oso kaltegarria dela elkargoaren interesetarako, araubide juridikoaren aurkakoa, edo estatutu hauetan xedatutakoaren aurkakoa, berehala eten dezake erabaki-betearazpena; horretarako, aurreko paragrafoan adierazitako errekurtsoa jarriko du epe barruan.
3.– Batzar Orokorraren erabakien aurka, Administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri nahi duen elkargokide orok eska diezaioke Gobernu Batzordeari erabaki-betearazpena kautelaz eten dezala. Gobernu Batzordeak eskumenez erabakiko du zer egin, kasuan kasuko inguruabarren arabera eta aurreko artikuluaren 6. paragrafoan adierazitako inguruabarrak kontuan hartuta.
VIII. KAPITULUA EKONOMIA- ETA FINANTZA-ARAUBIDEA
45. artikulua.– Ekonomia- eta finantza-autonomia.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestua autonomoa da ondasunak kudeatzen eta administratzen, baina lagundu beharko du Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eusten, Profesionalen Elkargoei buruzko Legeak eta Albaitarien Elkargo Antolakundearen estatutu orokorrek adierazitakoarekin bat.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak nahitaez izan behar du aurrekontu-ekitaldietariko bakoitzaren auditoretza, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari dagokion ikuskatze-eginkizuna eragotzi gabe. Gobernu Batzordeak, ekitaldiz ekitaldi kargukoak, pertsona fisiko edo juridiko bat proposatuko du auditoretza hori egiteko. Ohiko batzar orokorrera eramango da auditoretza-txosten hori, aurreko ekitaldiko aurrekontuen balantzea eta likidazioa onar ditzaten.
46. artikulua.– Aurrekontuak prestatzea eta likidatzea.
Gobernu Batzordeak onartuko du, urteko azken hiruhilekoan, sarrera-irteeren aurrekontuetako proiektua; eta Batzar Orokorrari aurkeztu beharko dio, onar dezan, hurrengo urteko martxoaren 30a baino lehenago.
Halaber, urteko lehen hiruhilekoan, aurreko urteko abenduaren 31n itxitako aurrekontu-balantzea eta -likidazioa onartu beharko ditu Gobernu Batzordeak, eta ohiko batzar orokorrean aurkeztu, onar ditzan, kontabilitateko indarreko plan orokorraren arabera.
Horren aurretik, balantzea jendaurrean jarri behar izan da iragarki-oholean, aipamen zabal bat «Gipuzkoako Albaitaritzan» argitaratu, eta elkargokide guztiei bidali.
Horretaz gain, kontabilitateko dokumentazio guztia eskura jarriko da, edozein elkargokidek, hala nahi izanez gero, eskuratu eta aztertu ahal izateko, elkargokideen batzar orokorra egin baino hamabost egun lehenago.
Gobernu Batzordeak onartuko du, uztaileko ohiko bilkuran, ekainaren 30eko egoera-balantzea, elkargoaren iragarki-oholean jarri, eta horri buruzko informazio zabala emango du argitara «Gipuzkoako Albaitaritzan»; informazio hori elkargokide guztiei ere bidaliko die.
47. artikulua.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren ekonomia-baliabide arruntak:
Hauek dira Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren ekonomia-baliabide arruntak:
a) Elkargoaren jarduerek sortutako edozein etekin, elkargoaren ondarea osatzen duten ondasunak edo eskubideak, eta elkargoaren banku-kontuetan gordetako funtsak.
b) Elkargokide egiteko ordaindu beharreko kuotak.
c) Erregistroetarako finkatutako kopuruak, kasuan kasu, Gobernu Batzordeak elkargo bakoitzean finkatutakoak.
d) Gobernu Batzordeak elkargo bakoitzean finkatzen dituen eskubideak, edozein gairi buruzko irizpenak, ebazpenak, kontsultak edo txostenak emateko.
e) Kuota arrunten zenbatekoak, finkoak zein aldakorrak, eta aparteko kuotak, Gobernu Batzordeak ezarri eta Batzar Orokorrak aldez aurretik onartutakoak.
f) Gobernu Batzordeak ziurtagiriak egiteko finkatutako eskubideak.
g) Partizipazioak, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiak inprimaki ofizialetan eta ziurtapen-, berme- eta identifikazio-elementuetan esleitutakoak.
h) Elkargokideei bestelako zerbitzu orokorrak egiteak eragindako kopuruak.
i) Gobernu Batzordeak xedatu edo finkatu, eta Batzar Orokorrak onartutako beste batzuk.
48. artikulua.– Elkargoen aparteko ekonomia-baliabideak.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren aparteko ekonomia-baliabideak hauek dira:
a) Diru-laguntzak eta dohaintzak, elkargoari Estatuak, korporazio ofizialek, erakundeek edo partikularrek emandakoak.
b) Jaraunspen baten edo beste titulu baten ondorioz elkargoaren ondarean sartzen diren ondasun eta eskubideak.
c) Beste edozein kontzepturen ondorioz elkargoak jasotzen dituen kopuruak, baldin eta elkargoak zenbait ondasun edo errenta administratzen baditu behin-behineko edo behin betiko enkargu bat betetzeko (kulturakoak edo ongintzakoak barne).
d) Legez dagokion beste edozein.
49. artikulua.– Sarrera-kuotak.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuan izena emateko, elkargokideek sarrera-kuota bana ordainduko dute. Horren zenbatekoa Gobernu Batzordeak finkatu eta aldatuko du, urterik urtera; elkargokide guztiei horren berri emango die, eta elkargokidegai guztientzat izango da bera.
50. artikulua.– Kuota arruntak.
Elkargoaren mantentze eta funtzionamendu arrunterako ordaindutakoak izango dira kuota arruntak.
Albaitari elkargokideek, jardunean egon zein ez, nahitaez ordaindu beharko dituzte kuota horiek. Gobernu Batzordeak finkatu, eta Batzar Orokorrak onartuko ditu.
51. artikulua.– Aparteko kuotak.
Aparteko ordainketarik edo zorrik badago, Gobernu Batzordeak proposatuta, Batzar Orokorrak aparteko kuotak ezarri ahal izango ditu, eta elkargokideek nahitaez ordaindu beharko dituzte.
52. artikulua.– Kuotak biltzea.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak bilduko ditu kuota arruntak eta apartekoak, halakorik badago, hiru hilerik behin.
Halaber, elkargokide bakoitzak dagozkion eskubideak bilduko ditu, elkargokideen alde xedatzen diren gaikuntzen, irizpenen, tasazioen, sinadura-aitorpenen, zehapenen, prestazioen eta zerbitzuen ondorioz.
53. artikulua.– Gastuak.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren gastuak zerbitzuei eusteko behar bestekoak izango dira; ezin izango da aurrekontu onartutik kanpoko ordainketarik egin, justifikatutako kasuetan izan ezik. Horietarako, Diruzaintzako xedapenak kontuan hartuta, kreditu osagarria egoki dezake Gobernu Batzordeak, baina aldez aurretik Batzar Orokorrak onartu beharko du, urteko aurrekontu osoa gainditzen bada.
Ezin izango da inolako gasturik egin, baldin eta lehendakariak eta ekonomia-saileko batzordekideak berariazko baimena ematen ez badute. Elkargoaren kutxan gastuak ordaintzeko behar beste diru egon behar da, eta, ahal dela, banku-erakunderen batekin negoziatuko da.
54. artikulua.– Kuotak ez ordaintzea.
Kuotak behar den epean ordaintzen ez dituen elkargokideak idatziz jasoko du ordaindu gabeaz ohartarazteko erreklamazioa, Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak bidalia.
Ordaindu gabe segitzen badu eta ondoz ondoko bi ordaintze-aldi biltzen baditu, errekerimendua jasoko du ordain ditzan; horretarako, hamabost eguneko epea emango zaio; eta, epea amaituta, 100eko 20 gehituko zaio, obligazioa ordaindu ezean.
Elkargokideak aurreko paragrafoko moduan eta epean ordaintzen ez badu, errekargua eta zorraren erreklamazioa edozein dela ere, baja emango zaio; horrenbestez, une horretatik aurrera ezin izango da lanbide horretan aritu.
55. artikulua.– Elkargoaren ondarea.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren ondarekoak dira edozein titulu juridikoren bidez eta Diruzaintzako saldoaren bidez eskuratzen dituen ondasun higigarri eta higiezin guztiak.
56. artikulua.– Erantzukizuna.
Funtsak erabiltzeko erantzukizuna zuzenean lotuko zaio beraiek zaintzeko arduradunari.
57. artikulua.– Ondasun higiezinak salerostea.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak ondasun higiezinik salerosteko, berariazko baimena beharko du, legez eta estatutuen arabera eratu eta horretarako bakarrik deitutako elkargokideen ezohiko batzar orokor batek emandako baimena, hain zuzen. Elkargokideen batzar orokor horretan justifikatu beharko dira hauek gutxienez:
a) Egungo egoitzaren egoera materiala eta araubide ekonomikoa.
b) Elkargoaren ekonomia-funtsen egoera.
c) Kitatu beharreko zorren zenbatekoa, halakorik bada.
d) Higiezin berriaren metro koadro eraiki bakoitzeko kostua.
e) Higiezinaren kostu osoa.
f) Higigarri egokien aurrekontua, kasuan kasu, zaharrak erabiltzen ez badira.
g) Ordaintzeko modua.
h) Ordaintzeko behar besteko ekonomia-funts dagoelako ziurtapena.
58. artikulua.– Elkargoa desegiteko prozedura eta likidazio araubidea.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren desegitea elkargoak berak sustatu behar du, horretarako deitutako bilerara joaten diren elkargokideen gehiengo osoaren erabakiaren bitartez -bilera horretan azaltzen badira erroldako elkargokideen herenak. Eusko Legebiltzarrak onartu behar du desegitea, eta aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko elkargoen kontseiluari eta gainerako elkargoei entzun behar zaie, eta, kasuan kasu, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, beraiek erabaki behar baitute non sartuko diren elkargokide horiek euren korporazioa desegin ostean.
Elkargo ofizialik deseginez gero, batzorde likidatzaile bat izendatuko da, eta haren eginkizuna izango da zorrak kitatu ondorengo ondasunak eta balioak esleitzea, halakorik badago. Estatutu hauen arabera, Albaitarien Elkargo Antolakundearekin zerikusia duten erakunde ongileei esleituko zaizkie. Laguntza publikorik badago, laguntza horiek arautzeko arauetan adierazten den helburua emango zaie laguntzei.
IX. KAPITULUA ENKARGU-OHARREN EDO AURREKONTUEN ARAUBIDEA
59. artikulua.– Enkargu-oharra edo aurrekontua.
Elkargokideek beren bezeroei aurkeztuko diete enkargu-oharra edo aurrekontua, eta bertan adieraziko diete, gutxienez, prestazioaren helburuaren zehaztasunak eta aurreikusitako kostua, kontuan hartuta zein jarduera egin behar den edo nolako metodoa erabili behar den horretarako. Bezeroek ados daudela sinatu beharko dute.
Elkargokideek beraiek emango diote Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuari enkargu-ohar profesional horren berri, borondatez, kontrolerako edo bisarako; ez bada diziplinazko prozedura bateko errekerimendu justifikatua.
X. KAPITULUA ORDAINSARIAK ELKARGOEN BIDEZ KOBRATZEKO ZERBITZUA
60. artikulua.– Ordainsariak kobratzeko elkargo-zerbitzua.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak ezarriko du ordainsari profesionalak kobratzeko zerbitzu bat, bera erabili nahi duten elkargokideentzat. Erregelamendu bidez zehaztuko dira zerbitzu horren ezaugarriak.
II. TITULUA ELKARGOKIDEEN ERANTZUKIZUN-ARAUBIDEA
I. KAPITULUA ERANTZUKIZUN PENALA ETA ZIBILA
61. artikulua.– Erantzukizun penala.
Lanbidearen jardunean egiten dituzten delitu eta falten ondoriozko erantzukizun penala izango dute albaitariek.
62. artikulua.– Erantzukizun zibila.
Lanbidearen jardunean erantzukizun zibila izango dute albaitariek, baldin eta doloz edo zabarkeriaz kalterik eragiten badute egotzi zaien zainketaren interesetan; erantzukizun hori lege arrunten arabera eskatuko da justizia-auzitegietan.
II. KAPITULUA DIZIPLINAZKO ERANTZUKIZUNA
1. ATALA. PRINTZIPIO OROKORRAK ETA DIZIPLINAZKO AHALMENAK
63. artikulua.– Diziplina-araubidea.
Elkargokideek diziplinazko erantzukizuna izango dute baldin eta betebehar profesionalak edo estatutu hauetan araututako betebeharrak hausten badituzte, kontuan hartu gabe bestelako erantzukizun zibil, penal edo administratiborik duten.
Bestetik, Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuko zuzendaritza-kargudunek ere diziplinazko zehapenak izan ditzakete.
64. artikulua.– Diziplinazko ahala.
1.– Ezin izango da diziplinazko zehapenik ezarri baldin eta aurretik interesdunari entzun ez bazaio eta horretarako espedienterik bideratu ez bada.
2.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuari dagokio zehatzeko ahala elkargokideekin baliatzea.
3.– Elkargoetako gobernu-batzarretako kideak epaitzea eta zehatzeko ahala haiekin baliatzea, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari dagokio, edo Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, kasuaren arabera.
4.– Zehatzeko erabakiak betearazi beharrekoak dira. Hala ere, betearazpen-egintzak kalte konponezinik edo konpongaitzik eragin badezake, organo zehatzaileak erabaki dezake errekurritutako egintza betearaztea etetea ofizioz zein alderdiren batek eskatuta.
5.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak berehala emango dio zehapen guztien berri Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari, eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, baldin eta zehapen horiek berekin badakarte jardun profesionala etetea, eta espedientearen laburpena ere igorriko zaio.
6.– Jardun profesionala eteteko egintza irmoa denean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean emango da argitara.
2. ATALA. ELKARGOKIDEEN FALTAK, FALTEN ONDORIOZKO ZEHAPENAK ETA ZEHATZEKO AHALMENA
65. artikulua.– Elkargoen eskumen zehatzaileak.
Elkargoek diziplinazko zehapena ezarriko diete elkargokideen ekintzei zein omisioei baldin eta lanbidearen araurik, estatutu orokor eta partikularrik, barne-erregelamendurik, arau deontologikorik edo elkargoetako bestelako araurik hausten badute.
66. artikulua.– Arau-hausteak.
Albaitari elkargokideek egiten dituzten faltek diziplinazko zehapena eragin dezakete, eta faltak honela sailkatuko dira: oso astunak, astunak eta arinak.
1.– Honako hauek dira falta oso astunak:
a) Albaitarien lanbidean jardutea, Albaitaritzako lizentziaduna izan gabe, hau da, agintaritza eskudunak araututako albaitaritzako ikasketa-tituluaren jabe izan gabe.
b) Estatutu hauetan xedatutako egiteko profesionalak ez betetzea, eta, ondorioz, jardun profesionala eskatzen edo hitzartzen dutenei kalte larria eragitea.
c) Lanbideko sekretua urratzea.
d) Albaitarien lanbidean jardutea, lanbiderako desgaikuntza edo bateraezintasun- edo debeku-kausaren bat izanda.
e) Albaitarien lanbidean jardutearen ondoriozko dolozko delituak egitea, zeinahi delarik ere parte-hartze maila.
f) Halakotzat jo direnak bai Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen estatutuetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuetan.
g) Arau-hauste astun bi egitea urte biko epean, hurrengo multzoko i) letran adierazitako arau-haustea izan ezik.
2.– Honako hauek dira falta astunak:
a) Estatutu hauetan xedatutako elkargo-arauak urratzea.
b) Elkargo Antolakundeari intrusismo-egintza edo ezohiko jarduera profesional guztiak jakinarazi beharra urratzea, horien berri izanez gero, 18/1997 Legearen 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.
c) Asegurua izateko betebeharra ez betetzea.
d) 18/1997 Legeko 13. artikuluan adierazten den betebeharra ez betetzea –nahitaezko jardun profesionalari buruzkoa–, horretarako errekerimendua behar bezala egin bada, zerbitzua egitea ezinezko egiten duen arrazoi justifikaturik izan ezean.
e) Duintasuna larriki laidotzea beste albaitari batzuei edo lanbidearen gobernu-organoei eta jardun profesionaleko harreman-pertsona edo -erakundeei, bai eta beroriek fisikoki erasotzea ere.
f) Lehia desleialeko egintzak, Lehia Desleialari buruzko urtarrilaren 10eko 3/1991 Legearen arabera.
g) Albaitarien kontseiluen edo elkargo profesionalen –edo horien organoen– ohiko jarduera oztopatzen edo eragozten duten egintzak.
h) Halakotzat jo direnak bai Espainiako Albaitarien Elkargo Antolakundearen estatutuetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren estatutuetan.
i) Gutxienez bost arau-hauste arin egitea bi urteko epean.
3.– Honako hauek dira falta arinak:
Jarduera profesionala arautzen duen edozein agindu urratzea, baldin eta urratze hori arau-haste astun edo oso astuna ez bada eta horrela xedatzen bada Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren eta Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizialaren estatutu-arauetan, 1.f) eta 2.h) letretan adierazitakoaren arabera.
67. artikulua.– Zehapenak.
Zehapenak jartzeko, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 16. eta 17. artikuluetan xedatutakoa bete behar da, Eusko Legebiltzarrarena da eta indarrean dago.
68. artikulua.– Eskumena eta baliabideak.
Elkargo bakoitzeko gobernu-batzordea arituko da diziplina-egitekoetan, eta, halakorik behar bada, kasuan kasuko diziplina-zehapenak ezarriko ditu.
Gobernu Batzordeak ezarritako zehapenen aurka, zehapen horiek jardun profesionala etetea ekarri badute, errekurtso arrunta aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, estatutu hauetan xedatutakoarekin bat.
69. artikulua.– Diziplinazko prozedura.
1.– Hastea. Ofizioz emango dio hasiera diziplinazko prozedurari Gobernu Batzordeak; edo albaitari elkargokideren batek edo hirugarren interes legitimodunen batek sinatutako salaketaren ondorioz.
Diziplina-eskumena duen organoak ustezko arau-haustearen berri jakin bezain laster, erabaki egingo du, aurrekarien arabera, jarduketak artxibatuko diren ala espedienteari hasiera emango zaion; une horretan, instrukzio-egile izendatuko du Gobernu Batzordeko kideen arteko bat.
Abstenitzeko edo errekusatzeko arrazoiak indarreko administrazio-legeetan xedatuta daude. Errekusatzeko eskubidearen ondorioetarako, instrukzio-egilearen izendapenaren berri eman behar zaio espedientepekoari, bera balia baitaiteke eskubide horretaz, zortzi eguneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Instrukzioa. Behar diren ikerketa-eginbideen ostean, espedientea largesteko proposatuko du instrukzio-egileak, diziplina-arloko ez-zilegiren baten aztarnarik topatu ezean; bestela, kargu-orria egingo du. Kargu-orria argia eta zehatza izan behar da, eta behar bezala arrazoituta: zein lanbide- edo elkargo-egintza diren ustez ez-zilegi; nola dagoen sailkatuta jokabide horren ondoriozko arau-hauste hori; eta, horren arabera, zein zehapen dagokion, halakorik badago. Espedientepekoari hamabost egun balioduneko epea emango zaio, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, idatziz erantzun dezan, kasuko deskargu-orria egiteko eta defentsarako egoki iritzitako frogabideak proposatzeko.
Zuzenbidean onargarriak diren frogabide guztiak onartuko dira espedientean; instrukzio-egileari dagokio horien praktika, hau da, proposatu zaizkionen artean egokitzat hartzen dituen eta berak erabakitzen dituen frogabideen praktika. Idatziz jasoko da espedientean zer entzunaldi eta frogabide izan diren.
3.– Ebazpena. Diziplina-espedientearen instrukzioa amaituta, instrukzio-egileak espedientea eta ebazpen-proposamena aurkeztuko dizkio diziplina-organoari; entzunaldiaren izapidea egiteko aukera emango zaio berriro espedientepekoari, hamabost egun balioduneko epean, jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik aurrera, egoki irizten dituen edo bere eskubideari dagozkion alegazioak egin ahal izateko. Instrukzio-egileak ezin izango du deliberazioetan parte hartu, ezta diziplina-organoak erabakia hartzen duenean ere. Ebazteko ardura duen organoak espedientea itzul diezaioke instrukzio-egileari, ebatzi aurretik, erabaki arrazoitu baten bidez, ebazpena hartzeko ezinbestekotzat jotzen dituen eginbideak egin ditzan. Interesdunak badu eginbide berrietan parte hartzeko aukera, egoki irizten badio; dena den, eginbide horien emaitza jakinarazi behar zaio. Emaitza jakin ostean, interesdunak zortzi eguneko epea izango du eginbide berriei begira bere eskubideari ondo datozkion alegazioak egiteko.
Ebazpen arrazoitua izango da, eta interesdunak azaldutako eta prozeduratik eratorritako gai guztiak ebatziko dira; interesdunari hamar egun balioduneko epean jakinarazi behar zaio, erabakia hartu eta hurrengo egunetik aurrera; jakinarazpenean adieraziko zaio zein errekurtso aurkez dezakeen eta zein epetan aurkeztu behar duen, indarreko legeekin bat.
Estatutu hauetan xedatu ez diren prozedura-gaietan, 19/1997 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen zigortzeko ahalmenari buruzko 2/1998 Legean xedatutakoa beteko da.
70. artikulua.– Arau-hausteen eta zehapenen preskripzioa.
Preskripzioen ondorioetarako, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 18. artikuluan xedatutakoa bete behar da, Eusko Legebiltzarrarena da eta indarrean dago.
III. TITULUA LANBIDEAN JARDUTEKO ESKAKIZUNAK ETA ELKARGOKIDETZA
I. KAPITULUA ELKARGOKIDE IZAN BEHARRA
71. artikulua.– Jardun profesionala.
1.– Nahitaezko eta aldez aurretiko eskakizuna da albaitaritzan aritzeko, edozein modalitatetan, Gipuzkoan, Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuan edo albaitarien beste edozein elkargotan sartzea, Eusko Legebiltzarraren azaroaren 21eko indarreko 18/1997 Legean xedatutako salbuespenak izan ezik (Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko 18/1997 Legea).
2.– Jardun profesionaltzat hartuko da Albaitaritzako lizentziadunaren tituluaren babespean egiten den jarduera edo lan oro.
3.– Jardun profesionala honela egiazta daiteke:
a) Funtzionarioa edo kontratupekoa izanda, Estatuko, Euskal Autonomia Erkidegoko, Gipuzkoako Foru Aldundiko edo tokiko administrazioen zerbitzura, indarreko legeekin bat.
b) Albaitaritzarekin zerikusia duten enpresen, erakundeen, ustiategien eta industrien edo negozioen zerbitzura.
c) Modu askean, Albaitaritzako lizentziaren babespean egiten den eta aurreko letretan adierazi gabe geratu den jarduera edo lan oro.
4.– Albaitari elkargokideek jardungo dute lanbide honetan, edozein modalitatetan, estatutu hauetan xedatutako arauei eta, helburu bera izanik, Albaitarien Elkargo Antolakundeak hartu eta emandako arauei jarraikiz; eragotzi gabe indarreko lege-xedapenek xedatzen dituzten eta jardun profesionalaren arabera aplika daitezkeen bestelako arauak.
Halaber, albaitari profesional guztiei aplika dakizkieke, beren lanbideko jardunean, albaitarien lanbidean jarduteko indarreko kode deontologikoan jasotako arauak.
II. KAPITULUA SARRERAK ETA BAJAK
72. artikulua.– Elkargoan sartzea.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuan sartzeko, gaitasun orokor batzuk egiaztatu behar dira, hauek:
a) Espainiar nazionalitatea edo Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa izatea, nazioarteko itun edo hitzarmenetan xedatutakoa edo legezko jaregitea izan ezik.
b) Adinez nagusia izatea eta ezintasun-kausarik ez izatea.
c) Albaitaritza tituluaren jabe izatea, edo atzerriko tituluren batena baldin eta indarreko arauen arabera homologatuta badago, Europar Batasunaren arauetan eta erabakietan xedatutakoarekin bat.
d) Jarduera profesionalerako desgaitzen duen zigor-aurrekaririk ez izatea.
e) Sarrera-kuota ordaintzea, eta eskaera normalizatua egitea.
f) Lanbidean jarduteko egokitasun- edo gaitasun-eskakizunak betetzea, xedatuta daudenak eta erregelamendu bidez eta Albaitarien Elkargo Antolakundeko kide anitzeko organoen erabakien bidez xedatzen direnak.
73. artikulua.– Elkargokide izateko eskaera.
1.– Albaitarien elkargo ofizialen batean onartua izateko, jatorrizko titulua edo tituluaren notario-lekukotza eta ikasketa-ziurtagiria aurkeztu behar dira, dokumentu normalizatuan egindako eskaerarekin batera. Jatorrizkoa izan ezean, titulua jaulkitzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu behar du, titulu horretako unibertsitateak egindakoa; eta, titulua egiten zaionean, nahitaez aurkeztu beharko du titulu hori elkargokideak. Horretaz gain, zigor-aurrekarien ziurtagiria ere aurkeztu beharko du, ziurta dadin eskatzaileak ez duela albaitaritzan jardutea eragozten dion inolako kausarik.
Eskatzailea Europar Batasuneko kide den estaturen batekoa bada, arau erkideek xedatutako eskakizunak betetzen dituelako egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Jasota utzi behar du eskatzaileak lanbidean arituko dela, non egingo duen, zein modalitatetan, eta, halakorik bada, zein espezialitatetan.
3.– Gobernu Batzordeak ebatziko ditu eskatzaileen sarrera-eskaerak; hori dela eta, hilabeteko epea izango du erabakitzeko zer egin behar den inskripzio-eskaera bakoitzean. Epe horretan inolako erantzunik ematen ez badu, onartutzat hartuko da.
4.– Sarrera-eskaerak onartu edo ukatu egingo dira estatutu hauetan xedatutakoaren arabera. Ukatuz gero, sarrera-kuota itzuliko dio interesdunari elkargoak 48 orduko epean. Gobernu Batzordeak egoki iritzitako eginbideak eta, kasuan kasu, txostenak eskatuko ditu, eta bidezko den ebazpen arrazoitua jakinaraziko du.
5.– Gobernu Batzordeak gai honetan hartutako erabakiaren aurka, errekurtso arrunta aurkez dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluari eta, horren ezean, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari.
74. artikulua.– Elkargokide izatea ukatzea.
Elkargokide egiteko eskaera kasu hauetan ukatuko da:
a) Sarrera-eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuak nahiko ez badira, edo legezkotasunaren gaineko zalantzarik eragiten badute, eta osatu edo zuzendu ez badira horretarako emandako epean.
b) Auzitegiek emandako epai irmoren baten bidezko kondenarik badago eskaera egiten den unean, eta kondena horrek jardun profesionalean aritzeko desgaitzen badu.
c) Beste elkargoren batetik kanporatu badute, eta birgaitu barik badago.
d) Jardun profesionala etenda badago eskaera egiten den unean, elkargoaren diziplina-zuzengarri irmo baten ondorioz.
Birgaikuntza lortzen denean edo elkargokide egiteko oztopoak desagertzen direnean, elkargokidetzea berehala eta aitzakiarik gabe onartu beharko du elkargoak.
75. artikulua.– Onartu ondorengo izapideak.
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuan onartzen denean, eskatzaileari identifikazio-txartel bat egingo zaio, eta haren inskripzioaren berri emango zaio Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, berak ezarritako fitxa normalizatuaren ereduan.
Halaber, espediente bat irekiko da aurrekariak eta jardun profesionala jasota uzteko. Elkargokideak une oro eman beharko ditu, nahitaez, aurrekariak egunean izateko behar diren datuak.
76. artikulua.– Elkargokide-izaera galtzea.
1.– Elkargokide-izaera galduko da kasu hauetan:
a) Borondatezko baja, lanbidean jarduteari utzi zaionean, modalitatea edozein dela ere, nork bere elkargoaren lurralde-eremuan; Gobernu Batzordeari eskatu behar zaio idatziz.
b) Kondena irmoa, berekin badakar lanbiderako desgaikuntza.
2.– Gobernu Batzordeak erabakiko du elkargokide-izaera galtzen den ala ez, ebazpen arrazoitu baten bidez, eta interesdunari behar bezala jakinaraziko zaio.
3.– Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari jakinarazi behar zaizkio bajak.
III. KAPITULUA ELKARGOKIDE MOTAK
77. artikulua.– Elkargokide motak.
Estatutu hauen ondorioetarako, elkargokideak honela sailkatuko dira:
1.– Jarduneko elkargokideak.
2.– Jardunik gabeko elkargokideak.
3.– Elkargokide ohoretsuak.
4.– Ohorezko elkargokideak.
5.– Ohorezko lehendakariak.
1.– Jarduneko elkargokideak dira albaitaritzan aritzen direnak, modalitatea edozein dela ere; hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dute.
2.– Jardunik gabeko elkargokideak dira, Albaitarien Elkargo Antolakundeko kide izan arren, lanbidean aritzen ez direnak; hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dute.
3.– Elkargokide ohoretsuak dira albaitari erretirodunak, lanbide honetako edozein modalitatetan aritutakoak, baina gutxienez hogei urte eman behar izan dute elkargokide izaten; baita lanbidean aritzeko ezintasun iraunkorraren egoeran daudenak ere. Elkargokide ohoretsuek ez diote elkargoari kuotarik ordaindu behar, baina hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea dute.
4.– Ohorezko elkargokideak dira albaitarien lanbideari loturiko lan handia eta meritu handikoa egin duten pertsona fisikoak edo juridikoak. Kategoria hau ohorezkoa baino ez da izango. Ohorezko hamar elkargokide bizidun izango dira gehienez.
5.– Ohorezko lehendakariak dira, albaitari izan zein ez, proiekzio publiko nabaria duten eta albaitarien lanbidea sustatzeko edo babesteko lan luze eta etengabea egin duten pertsona fisikoak. Kategoria hau ohorezkoa baino ez da izango. Ohorezko bost lehendakari bizidun izango dira gehienez.
IV. KAPITULUA ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK, BETEBEHARRAK ETA DEBEKUAK
78. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.
Elkargokideek eskubide hauek izango dituzte:
a) Korporazioaren kudeaketan parte hartzea; horretarako, elkargokideen batzarretara joatea eta botoa ematea. Eske-eskubidea ere badute, estatutu hauetan araututakoaren arabera.
b) Sufragioa, aktiboa eta pasiboa, Gobernu Batzordearen hauteskundeetan estatutu hauetan eta elkargo bakoitzaren estatutu partikularretan xedatutako moduan.
c) Elkargoaren eta Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren babesa izango dute, jardun profesionalean iraindu edo gogaitzen dituztenean.
d) Elkargoaren eta, kasuan kasu, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluaren eta Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiaren ordezkaritza izango dute, jardun profesionalean judiziozko zein judizioz kanpoko erreklamaziorik egin behar dutenean; horretarako, kasuko ahalak eskuetsi beharko dituzte, eta elkargokide eskatzaileak berak ordainduko ditu prozedura horrek sortzen dituen judizioko gastuak eta kostuak.
e) Elkargoak eta Kontseilu Nagusiak ezarritako onura guztiez gozatzea, ordainsariez, ikastaroez, diru-laguntzez, eta abarrez; elkargoaren liburutegia ere erabil dezakete, egoitzan zein etxean, horretarako adierazitako eskakizunak betez gero.
f) Lanbiderako onuragarriak diren ekimenak proposatzea, eta lanbideari, elkargoari edo elkargokideari berari kalte eragin diezaieketen egintzetan edo jardueretan oinarritutako kexak egitea.
Gobernu Batzordeari eska diezaiokete ezohiko batzar orokorretarako deialdiak egiteko; horretarako, elkargokideen ehuneko 20k egin behar dute bat. Halaber, estatutu hauetan adierazitakoaren arabera, Gobernu Batzordeari eska diezaiokete Batzorde Orokorrerako ezohiko deialdia egiteko, Gobernu Batzordeari berari edo batzordekideren bati zentsura-botoa emateko. Sufragio-eskubide aktiboaren eskubidea ere badagokie, estatutu orokor hauetan eta elkargoaren partikularretan xedatutakoaren arabera, baldin eta Gobernu Batzordeak edo batzordekideren batek konfiantza-galdekizuna planteatzen badute.
g) Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiak eman eta tutoretzapean dituzten gizarte- edo asistentzia-prestazio guzti-guztiak eskuratzea.
h) Izendapenetan esleitu zaizkien karguak izatea eta, oro har, indarreko xedapenek ematen dizkieten gainerako eskubideez baliatzea.
i) Elkargoari eskatzea zerbitzuen truke jaso behar dituzten ordainsariak kobratzeko izapideak egin diezazkiela baldin eta elkargoak horretarako zerbitzurik sortu badu.
j) Lanbidean aritzea, estatutu hauetan, kode deontologikoan eta jardun profesionala arautzen duten gainerako xedapenekin bat.
79. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.
Elkargokideek betebehar hauek izango dituzte:
a) Estatutu hauetan eta elkargo-agintaritzen eta Albaitarien Elkargo Antolakundearen hitzarmenetan eta erabakietan xedatutakoa betetzea.
b) Albaitarien Elkargo Antolakundearen kuota guztiak egunean izatea, dokumentu ofizialen horniduraren truke ordaindu gabe dituen edonolako zorrak kitatzea.
c) Esleitutako karguetan aritzea, Gobernu Batzordeak eta bestelako elkargo-batzordeek izendatuz gero.
d) Egoera eta jardun profesionalak egokitzea une oro indarreko legeen, estatutuen eta kode deontologikoaren eskakizunen arabera, albaitarien lanbide-jarduna arautzen baitute.
e) Zuzentasun eta leialtasun osoaz jokatzea elkargoarekin eta gainerako elkargokideekin; jardun profesionalean inork elkargokideren bat iraintzen badu, elkargoari jakinarazi beharko diote.
f) Elkargoan idatziz salatzea edozein intrusismo-egintza, haren berri izanez gero, eta legez kontrako edozein jarduera.
g) Elkargo bateko baino gehiagotako kide izanez gero, guztiei jakinarazi behar diete non duten egoitza profesionala, baita aldatzen dutenean ere.
h) Idatziz jakinarazi behar dute, gaixotasunen edo absentzien ondoriozko ordezkapenik izanez gero, zein fakultatibo elkargokidek ordezkatuko dituen, behar bezala jasota gera dadin.
i) Elkargoari eman behar dizkiote elkargokideen fitxategirako eskatutako datuak.
Halaber, Gobernu Batzordeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak eta Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiak egiten dizkieten errekerimenduei erantzun beharko diete, lan-batzorde berezietan parte hartzeko eta batzorde horietan lankidetzan aritzeko.
j) Elkargoak edo Kontseilu Nagusiak euren eskumen-eremuan hartutako erabakien ondorioz ezartzen zaizkien gainerako egitekoak ere izango dituzte elkargokideek.
k) Estatutu hauetan eta estatutu orokorretan adierazitako preskripzioetatik eratorritako beste edozein betebehar.
80. artikulua.– Debekuak.
Elkargokideei berariaz debekatzen zaizkie hauek:
a) Sendatzeko prozeduren edo baliabide pertsonalen eraginkortasuna bermatuta eskaintzea, baldin eta prozedura eta baliabide horiek prestigio handiko zientzia-erakunde edo profesionalen onespenik ez badute.
b) Zientifikoki kontrolatu gabeko tratamenduak edo baliabideak erabiltzea, eta elementu diagnostiko eta terapeutikoak aplikatzen dituztelako itxura egitea.
c) Jarduera dikotomikoak egitea.
d) Bezeroak erakartzeko inor erabiltzea.
e) Beste elkargokide batzuen jarduera profesionalarekiko alderaketak eragin ditzaketen adierazpenak egin edo albisteak zabaltzea, baldin eta aditzera ematen badute edo ondorioztatzea badago, zuzenean zein zeharka, teknika, emaitza edo ezaugarri bereziak dituztela.
f) Behar den titulua edo titulu homologatua izan gabe edo elkargokide izan gabe, albaitaritzan dihardutenak toleratzea edo estaltzea -edozein modutan ere.
g) Albaitaritzako edozein kontsultategi edo zentrotan jardutea –titularra izan zein ez–, toki horretan beste pertsona batzuek legearen kontra jarduten dutela jakinda; nahiz eta jarduera horiek euren aurrean edo euren lan-orduetan ez egin.
h) Elkargokide ez diren edo behar bezalako gaikuntza ez duten pertsonei baimena ematea euren albaitaritza-klinika edo kontsultategia erabil dezaten, nahiz eta albaitaritzan aritzeko behar den titulua izan.
i) Sendagai-laborategiek edo sendagailu-fabrikatzaileek eskainitako ordainsariak edo albaitaritzarekin zerikusia duen edozein tresna, mekanismo edo lanabes onartzea, komisio moduan, propaganda edo bezero-hornikuntza dela kausa, edo berariaz gomendio utzitako aholkularitza zientifikoarekin zerikusirik ez duen beste edozein lan dela kasua, eta indarrean dauden arauen arabera.
j) Albaitaritzan jardutea baldin eta argi badago asaldura fisiko eta psikikoren bat edo ohitura toxikoren bat duela eta horrek lanbidean jarduteko ezintasuna eragiten badio (azterketa mediko baten bitartez egiaztatuta).
k) Zerbitzuak iragartzea edo zabaltzea, zuzenean zein publizitate-baliabideen bidez, indarreko legeetan xedatutakoa hautsita.
l) Adierazpen publikorik egitea prentsan, irratian edo telebistan, baldin eta adierazpen horiek biztanleriaren osasunean arriskurik sortu ahal badute, edo elkargoari, elkargokideei edo Gobernu Batzordeko kideei kalterik eragin edo izen ona galarazten badiete.
m) Espezialista-izaeraz baliatzea edozein lanbide-adarretan, behar den titulu egiaztatzailea izan gabe.
n) Oro har, legezko arauen edo arau deontologikoen aurkako jarduera profesionalak egitea, horien bidez arautzen baita albaitarien jardun profesionala.
V. KAPITULUA ELKARGOKIDEEN ARTEKO DIBERGENTZIAK
81. artikulua.– Lanbide-arloko aldeak.
Gipuzkoan, Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren Gobernu Batzarrak ebatziko ditu lanbide-arloan sortzen diren aldeak, jurisdikzioaren arabera aztertu ondoren; hainbat lurraldetako elkargokideren arteko aldeak, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoko Albaitarien Kontseiluak; eta Estatuko beste probintzia batzuetako elkargokideen arteko aldeak Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiak.
IV. KAPITULUA ELKARGOA DESEGITEKO PROZEDURA ETA LIKIDAZIO-ARAUBIDEA
82. artikulua.– Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuaren desegitea elkargoak berak sustatu behar du, horretarako deitutako bilerara bertaratutako elkargokideen gehiengo osoaren erabakiaren bitartez -betiere bilera horretara erroldako elkargokideen herenak azalduta. Eusko Legebiltzarrak onartu behar du desegitea, eta aldez aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko elkargoen kontseiluari eta gainerako elkargoei entzun behar zaie, eta, kasuan kasu, Espainiako Albaitarien Elkargoetako Kontseilu Nagusiari, beraiek erabaki behar baitute non sartuko diren elkargokide horiek euren korporazioa desegin ostean.
Elkargo ofizialak deseginez gero, batzorde likidatzaile bat izendatuko da, eta haren eginkizuna izango da zorrak kitatu ondorengo ondasunak eta balioak esleitzea, halakorik badago. Estatutu hauen arabera, Albaitarien Elkargo Antolakundearekin zerikusia duten erakunde ongileei esleituko zaizkie. Laguntza publikorik badago, laguntza horiei buruzko arauetan adierazten den helburua emango zaie laguntzei.
AZKEN XEDAPENA
Gipuzkoako Albaitarien Elkargo Ofizial Prestuak onartu zituen estatutu hauek 2009ko urriaren 9ko ezohiko batzar orokorrean.