EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2015178

AGINDUA, 2015eko irailaren 8koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten zaie 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei.

Xedapenaren data: 2015-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201503929
Maila: Agindua
Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik sortzen da lehiakortasuna, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.
Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere; besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, talde-lana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.
Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.
Lanbide-heziketako zentroentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.
Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, zentroen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duen gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETE-ei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.
Ildo horretan, 2014ko azaroaren 24an onartutako Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, beste helburu batzuen artean, hauxe ezartzen du 1. helburu gisa: «Lanbide-heziketa produkzio-sektoreen egungo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegarritasunera egokitzea, enpresek kualifikazio eta espezializazio gero eta handiagoen arloan dituzten premiei erantzuteko»; eta 4. helburu gisa: «Euskadiko enpresekin berrikuntza aplikatuko proiektuak babestea eta sustatzea, bereziki ETE-ekin, lanbide-heziketako ikastegien eta enpresa horien arteko harreman estuaren bidez, Euskadin lehiakortasunerako estrategikotzat jotako arloetan».
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, lanbide-heziketan berrikuntza eta ekintzailetza hobe dadin bultzatze aldera, dei egiten die itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei, beren irakasleen bidez, irakasle-prestakuntza sendotzen duten proiektuetan parte har dezaten –prestakuntza horren xedea da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea–, lanbide-heziketaren partaidetza bultza dezaten enpresetan –bereziki ETE-etan–, suspertzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez, lanbide-heziketako ikastegien partaidetza susta dezaten ingurune konplexuetan lan egiten duten enpresen espezializazio-maila hobetzeko –bereziki ETE-ena– eta lanbide-heziketako ikastegien baitan modu proaktiboan sortzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak eta ekintzailetza-proiektuak bultza ditzaten.
Horiek horrela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak VI. Tituluan xedatutakoarekin bat etorriz (Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzen ditu), honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da 2015-2016 ikasturtean Lanbide Heziketako ikastetxeetan emango diren berrikuntza aplikatuko eta ekintzailetzako proiektuei diru-laguntza ematea, irakasleak erabat edo partez liberatzeko aukera izanez; izan ere, halako proiektuak beharrezkoak baitira Lanbide Heziketaren prestakuntza-eskaintza egokitzeko produkzio-sistemaren premietara, helburua izanda ezagutza horiek gainerako ikastetxeei transferitzea.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Erakunde onuradunak izango dira 2014-2015 ikasturtean Lanbide Heziketako heziketa-zikloak itunduta edo hitzartuta dauzkaten itunpeko ikastetxe pribatuak eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoak, betiere 5. artikuluan zehazten diren gainerako baldintzak betetzen badituzte.
3. artikulua.– Diruz laguntzeko moduko ekintzak.
Deiali honen I. eranskinean azaltzen diren berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak dira deialdi honen bidez diruz lagundu daitezkeenak.
4. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.
Agindu honen xede diren jarduerak diruz laguntzeko zenbateko osoa zazpiehun eta hirurogeita hamar mila eurokoa (770.000) izango da.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:
a) 2014-2015 ikasturtean Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak ematen dituen itunpeko ikastetxea edo ikastetxe hitzartua izatea.
b) Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.5 artikuluan ezarritakoa ez betetzeagatik zigortuta ez egotea ere (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).
b) Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta izatea.
Laguntzak eskatzen dituzten ikastetxeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, horien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena, aplikatuta.
Deialdi hau bideratzen duen organoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren orrian egiaztatu beharko du ikastetxe onuradunak egunean daudela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan. Orri horretan agertzen dira ikastetxe itunduak edo hitzartuak eta Sailaren beraren Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuen Zerbitzuak egindako egiaztapenaren datak.
2.– Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuetara (3. artikuluan aipatzen direnak) aurkezten den ikastetxe bakoitzak honako hauek bete beharko ditu:
a) I. eranskinean adierazitako betekizun espezifikoak, eskatutako proiektuarekin bat datozenak.
b) Eskaera egin duen ikastetxeak diru-laguntza jaso badu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2014ko abenduaren 18ko Aginduan (agindu hori abenduaren 26ko EHAAn argitaratu zen, eta horren bidez, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten zaie Lanbide Heziketako heziketa-zikloak 2014-2015 ikasturtean ematen dituzten itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei; Lanbide Heziketako sailburuordearen martxoaren 5eko Ebazpen bidez ebatzi zen hori; aipatutako ebazpena martxoaren 18ko EHAAn argitaratu zen), ikastetxeak beteak izan beharko ditu deialdi horretako I. eranskinean proposatutako funtzioak eta helburu guztiak.
6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskadi.eus egoitza elektronikoan; aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– Eskabide bat aurkeztu beharko da laguntza eskatzen den proiektu bakoitzeko.
3.– Eskabidearekin batera, «Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektua» agiria aurkeztuko da, II. eranskinaren arabera.
4.– Izapidetze elektronikoa.
a) Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
b) Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta eskatzen diren agiri guztien eranskinak modu elektronikoan nola izapidetu jakiteko, jo helbide elektroniko honetara:
https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/fp_proiektuak/y22-izapide/es
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2015/fp_proiektuak/y22-izapide/eu
c) Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte prozedura honetako izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko, 12. artikuluaren 4. paragrafoko salbuespenarekin.
d) Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/misgestiones. https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7. artikulua.– Eskabideetako akatsak zuzentzea.
1.– Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
2.– Modu elektronikoz jakinaraziko da akatsak zuzendu beharra.
8. artikulua.– Aukeraketa-irizpideak eta puntuazioa.
1.– Ikastetxe bakoitzak gehienez hiru proiektutarako eskatu ahal izango du diru-laguntza.
2.– Diru-laguntza honen xede diren proiektuetako bakoitzean, I. eranskinean aipatutako lanbide-heziketako ikastetxeen kopurua hautatuko da.
3.– Ez dira diruz lagunduko arduradun bera duten bi proiektu edo gehiago.
4.– Diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraz esleituko dira, honako irizpide hauei jarraituz:
a) I. eranskinean adierazten diren heziketa-zikloetan 2014-2015 ikasturtean matrikulatutako ikasle-kopurua. Gehienez ere, 10 puntu emango dira. Atal horretan lanbide-arlo bateko heziketa-zikloren bat adierazten bada, aintzat hartuko dira ikastetxeak lanbide-arlo horretan ematen dituen lanbide heziketako ziklo guztiak.
b) Proiektuak beste herri-administrazio batzuekin batera finantzatzea. Gehienez ere, 10 puntu emango dira, eta puntuaziorik handiena emango zaio kanpo-finantzazioko ehuneko handiena duenari.
c) Urratsbat ekintzailetza-proiektuetan azken hiru ikasturteetan parte hartu izana; 5 puntuko balio haztatua izango du.
d) Ikasenpresa ekintzailetza-proiektuetan azken hiru ikasturteetan parte hartu izana; 5 puntuko balio haztatua izango du.
e) 2014-2015 ikasturtean aurkeztutako txandakako prestakuntza dualeko proiektuen kopurua; 10 puntuko balio haztatua izango du.
f) Azken hiru ikasturteetan, 2012-2013an, 2013-2014an eta 2014-2015ean, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako berrikuntza-proiektuetan parte hartu izana, ikaskuntzako metodologia aktiboak alde batera utzita; 10 puntuko balio haztatua izango du.
g) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak sustatutako proiektuetan –ikaskuntzako metodologia aktiboei buruzkoetan– parte hartzea; 10 puntuko balio haztatua izango du.
h) Enplegurako Lanbide Heziketaren eskaintzan parte hartu izana 2014an; 10 puntuko balio haztatua izango du.
i) I. eranskinean proiektu bakoitzerako adierazten den balorazio espezifikoa egiteko, eranskin horretan bertan adierazten den puntuazioa erabiliko da.
5.– Aurreko idatzi-zatietan puntu gehien lortzen duen ikastetxeari gehieneko balorazioa egokituko zaio, eta gainontzekoak baloratzeko, proportzio sinple bat erabiliko da.
9. artikulua.– Proiektuen iraupena.
Diruz lagundutako jarduera diru-laguntza ematen denean hasi eta 2015-2016 ikasturte akademikoa amaitzean bukatuko da. Dena dela, jarduera batzuek 2016-2017 ikasturtean ere jarraitzeko aukera daukate, eta jarduera horiek luzatu ahal izango dira, baldin eta hurrengo deialdietan jarduera hori azaltzen bada, eta ikastetxeek diru-laguntza eskatzen eta jasotzen badute.
Horretarako, ikastetxeak luzatzeko eskaera egin beharko du, eta deialdi honetan adierazitako helburu eta baldintza guztiak bete ez baditu, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ez du proiekturako onarpena emango, eta, beraz, luzatzen bada ere, hurrengo ikasturtean ezin izango du diru-laguntzarik jaso proiektu horretarako.
10. artikulua.– Prozedura bideratzea.
1.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak bideratuko du prozedura.
2.– Proiektuak aztertzeko eta aukeratzeko, ebaluazio-batzorde bat osatuko da. Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria izango da batzordeburua, Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduraduna, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat eta Tknika-Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroko arlo teknologikoko koordinatzailea izango dira batzordekideak, eta Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkaria (iritzia emateko eskubidea izango du, baina ez botoa ematekoa).
3.– Aurkeztutako proiektuak aztertu ostean, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat helaraziko dio Lanbide Heziketako sailburuordeari.
11. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpen horretan zehaztu egingo dira, halaber, ezetsitako eskabideak eta, atzera egiteagatik edo ezustean sortutako baliabide material ezagatik, laguntzarik jasoko ez dutenak.
2.– Jendeak horren berri izan dezan, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3.– Administrazioaren isiltasunari dagokionez, artikulu honen 1. paragrafoan adierazitako jakinarazpena egin eta sei hilabeteko epean argitara eman ez bada aurreko paragrafoetan aipatutako iragarkia, eskabideak ezetsi egin direla ulertuko da, hala ezarrita baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan.
4.– Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.
12. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Agindu honetan adierazitako berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak finantzatzeko diru-laguntzak justifikatzeko, III. eranskina bete beharko da, «Erantsitako nominen bidezko justifikazioa» izenekoa, eta, horrekin batera, partaide bakoitzaren nominaren kopia bat aurkeztu, 2016ko azaroaren 1a baino lehenago. Nominek pertsona liberatuenak eta ordezkoenak izan beharko dute.
2.– Diru-laguntzaren zenbateko osoa eskuratzeko, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektu bakoitzari dagokion kostuak diru-laguntzaren zenbatekoa gainditu beharko du, pertsona liberatuei eta ordezkoei dagokienez. Jarduera bakoitzean justifikatutako zenbatekoa pertsona liberatuek edo ordezkoek eskuratutako txikiena izango da.
Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunean.
3.– Agindu honetan diruz lagundutako jardueren arduradunen asteko liberazio-orduak «LH berrikuntza» moduan adieraziko dira Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) hasierako bertsio kontsolidatuan, zero bertsioan, gehienez ere 2015eko azaroaren 30eko datarekin. Hori ere aurkeztu beharko da.
4.– Proiektu bakoitza amaitzean, ikastetxeek Sailburuordetzari berari eman beharko diote proiektuari dagokion dokumentazioa, Tknika-Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroaren bidez (zehaztasunez adierazi beharko dute zer helburu jarri ziren eta zein lortu diren), bai eta aurrerapen teknologikoak Lanbide Heziketako gainerako ikastetxeei helarazteko dokumentazio guztia ere.
13. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektu hauei dagozkien diru-laguntzak bi alditan ordainduko dira, honela:
a) Lehenengo aldian, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 33 ordainduko da, baldin eta 16.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.
b) Bigarren aldian, gainerakoa ordainduko da, diruz lagundutako jarduera amaitu ostean, izandako gastu guztiak agiri bidez justifikatu eta aurreko artikuluko atal guztiak bete ostean.
2.– Artikulu honetan aipatutako lehenengo ordainketei edo aurreratutako ordainketei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako bermeak aurkeztu beharko dira (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.).
14 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako barik, laguntzak beste zerbaiterako erabiltzen badituzte. Hori dela-eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.
2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.
3.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.
15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
2.– Deialdi honetan irakasle-lanetatik erabat eta partez liberatzen diren pertsona guztiek ezingo dute diru-laguntzarik jaso Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikasturte honetan diruz laguntzen duen beste jarduera batean.
16. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak, eta ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradunek baldintzak hauen arabera eta betebehar hauek beteta egin beharko dute jarduera:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.
3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
6.– Proiektu bakoitzaren jarraipenaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo haren erakunderen baten bidez (lanbide-heziketarako eta etengabeko ikaskuntzarako Tknika berrikuntza-zentroaren bidez, adibidez).
7.– Ikastetxeak ezin izango du aldatu proiektuko arduraduna, harik eta amaitzen den arte. Justifikatutako arrazoiak direla-eta proiektuaren arduradunak ezin badu jarraitu, ikastetxeak hura ordezkatzeko baimena eskatuko dio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu.
8.– Proiektuak gauzatzeko hautatutako ikastetxe guztiek irakastorduetatik libre utzi beharko dute proiektuaren arduraduna, I. eranskinean adierazitako astegunetan, 2015-2016 ikasturtean. Hartara, Tknika-n garatu ahal izango du proiektua. «LH berrikuntza» moduan adieraziko da hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) hasierako bertsio kontsolidatuan, zero bertsioan, gehienez ere 2015eko urriaren 31ko datarekin.
17. artikulua.– Datuen babesa.
1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuetan parte hartzeak berekin dakar Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 8a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.