EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-17 Aldizkari honetan argitaratua: 2015177

AGINDUA, 2015eko irailaren 2koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako 2015-2016 ikasturteko deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2015-09-02
Hurrenkenaren zenbakia: 201503911
Maila: Agindua
Euskal Herriko Autonomia Estatutuak –abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartuak– 16. artikuluan ezartzen duenez, «Konstituzioaren lehen erabaki gehigarrian erabakitzen dena aplikatzeko, irakaskuntza, zabalera, maila, gradu, era eta espezialitate guztietan, Euskal Herriko Komunitate Autonomoaren konpetentziapean dago, Konstituzioaren 27. artikuluaren eta berori zehaztuko duten Lege Organikoei, haren 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion ahalmenei eta guztiori betetzeko eta bermatzeko behar den goi inspekzioari kalterik egiteke».
Halaber, hiritar guztiek dute hezkuntzarako eskubidea eta irakaskuntzako askatasuna, eta herri agintarien zeregina da dauden muga edo desorekak berdintzera bideratutako neurriak hartzea hezkuntzara berdintasun egoeran iritsi ahal izateko.
Horregatik, eta kontuan hartuz diru-laguntzei buruz indarrean dagoen legeria, hain zuzen ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onesten duen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategineko VI. idazpurua eta VII. idazpuruko III. atalburua, eta 5/2014 Legea, abenduaren 23koa, Euskal Autonomia Erkidegoko 2015. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Unibertsitateaz kanpoko ikasleak eskolatzeko ikasketa-beka eta -laguntzetarako deialdia egitea, deialdi honen I. eranskineko 1. artikuluan jasotako ikasketetatik edozein egiteko 2015-2016 ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein ikastetxetan.
2. artikulua.– Kreditu erabilgarria.
Helburu horretarako 54.000.000 euro erabiliko dira, eta horietatik 5.000.000 erabiliko dira 2015eko ekitaldian hartzen diren ebazpenak finantzatzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren 2015eko ekitaldian urteko Aurrekontu Orokorretan hartarako ezarritako aurrekontu-sailaren kargura finantzatuko dira. Gainerako 49.000.000 euroak erabiliko dira 2016ko ekitaldian zehar hartzen diren ebazpenak finantzatzeko, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan –Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako gastu-espedienteen aldez aurretiko izapidetzea arautzen duenean– aurreikusitakoarekin bat etorriaz, haiek ematea honako honen pentzutan geratzen da: aipatu ekitaldirako, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan aski kreditu egoki izatea.
Beharrezko izanez gero, diru-zenbateko horiek handitu egin daitezke, ebazteko dauden laguntza-ebazpenek eskatzen duten diru-zenbatekoak kontuan hartuta. Hori diru-laguntzei buruzko ebazpena eman aurretik egin beharko da. Horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bideari amaiera ematen dio, eta, beraren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegian, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 2a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.
I. ERANSKINA
I. KAPITULUA
ZER IKASKETA EGITEKO ESKA DAITEKEEN LAGUNTZA
1. artikulua.– Zer ikasketa egiteko eska daitekeen laguntza.
Agindu honetan deitzen diren ikasketa-beka eta -laguntzak ikasketa hauetakoren bat egiten duten ikasleei bideratuta daude:
a) Haur Hezkuntza.
b) Lehen Hezkuntza.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza.
d) Batxilergoa.
e) Oinarrizko, erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa.
f) Musikako eta dantzako ikasketa oinarrizkoak eta profesionalak.
g) Arte Plastikoak eta diseinua. Heziketa-zikloak.
h) Kirol-ikasketak.
2. artikulua.– Baztertzeak.
Egoera hauetan, beka edo laguntza ukatuko da:
a) Homologatu gabeko ikastetxe pribatuetako ikasleek ez dute ikasketa-laguntzarik jasotzerik izango, ikastetxean zein ikasketa egiten den gorabehera. Hala ere, ikasketa horietako irakasgai guztietako azterketak ikastetxe ofizialetan egiten badituzte, onartu egingo dira.
b) Onartu gabeko ikastetxeetako edo Haur Hezkuntzako lehen zikloa irakasteko ikastetxeen erroldan inskribatu gabeko haur-eskoletako ikasleak.
c) Haurreskolak Partzuergoko haurrak.
d) Diru-laguntzen onuradun izateko ezgaitzen duen legezko edozein arrazoi izatea edo deialdi honetan eskatzen diren baldintzak ez betetzea.
3. artikulua.– Baldintza orokorrak.
1.– Deialdi honetan jasotzen diren ikasketek onarpen ofiziala izan behar dute, eta hezkuntza-administrazioak onartutako ikasketa-planekin bat etorri.
2.– Ikasleek agindu honen 1. artikuluan ezarritako ikasketaren bat egin beharko dute Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe baimenduetan.
3.– Ikasleak profesional gisa aritzeko gaitzen duen titulu akademikoren bat baldin badu, soilik emango zaio laguntza, baldin eta egin nahi dituen ikasketak duen tituluaren jarraipena badira.
4.– Hezkuntza-beharrizan bereziak dituzten ikasleek ezin izango dituzte 21 urte beteta izan 2016ko urtarrilaren 1ean.
5.– Ikasleek ezin izango dituzte 23 urte beteta izan 2016ko urtarrilaren 1ean.
II. KAPITULUA
LAGUNTZA ETA BEKA MOTAK
4. artikulua.– Beka edo laguntzaren osagaiak.
Deialdi honetan araututako ikasketa-beka edo -laguntzek osagai hauetakoren bat edo gehiago izan ahal izango dute:
a) Kuota-osagaia, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
b) Irakaskuntza-osagaia.
c) Joan-etorrien osagaia.
d) Egoitza-osagaia.
e) Ikasmaterialaren osagaia.
f) Jantoki-osagaia.
5. artikulua.– Kuota-osagaia, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 0 urte edo urte 1 duten ikasleek ordaindu behar duten kuota murrizteko izango da.
6. artikulua.– Irakaskuntza-osagaia.
1.– Osagai honek ezin izango du inoiz gainditu ikasleak ikasten duen ikastetxean 2015-2016 ikasturtean gehienez ere ordaindu beharreko kuota.
2.– Kasu hauetan ez da laguntzarik emango:
a) Ikastetxe publikoak.
b) Hitzarmen osoko ikastetxe edo mailak.
c) Kontzeptu honengatik kuotarik ordaintzen ez duten ikastetxeak.
d) 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
e) Toki-korporazioen ikastetxeetako 2 urteko ikasleak.
7. artikulua.– Joan-etorrien osagaia.
1.– Osagai hau emateko, kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbil maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez, baita ikaslea bizi den herrian bertan edo hortik hurbil tokirik dagoen ere.
2.– Osagai hau emateko, herriaren erdialdetik ikastetxera dagoen distantzia hartuko da kontuan kalkulua egiteko, eta eskala honen arabera banatuko da:
5 eta 10 km bitarteko distantzia.
10 eta 30 km bitarteko distantzia.
30 eta 50 km bitarteko distantzia.
50 km baino gehiago.
3.– Haur-hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailek eta urrutitik ikasten diren mailek ez dute osagai hau jasotzeko eskubiderik izango.
4.– Hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, osagai hau diruz lagundu gabeko garraioa erabiltzen denean joan-etorrietarako emango da, eta joan-etorriok 5 km edo gehiagokoak badira.
5.– Musika eta dantzako ikasketa oinarrizkoetan eta profesionaletan, osagai honen zenbatekoa jakiteko kontuan hartuko da astean zenbat egunetan bertaratu behar den.
8. artikulua.– Egoitza-osagaia.
Osagai hau emateko orduan, asteko eskola-orduak ez dira 20 baino gutxiago izango, eta kontuan izango da ikaslea bizi den herrian edo bertatik hurbil ikasleak ikasi nahi dituen maila, eredu eta lansaio bereko ikasketarik ematen duen ikastetxerik dagoen ala ez, eta plaza librerik dagoen ala ez. Era berean, ikasleak egiaztatu beharko du etxetik kanpo bizi beharra duela, dela familiaren etxetik ikastetxera dagoen distantziagatik, dela dauden garraiobideengatik.
Musika eta dantzako ikasketa profesionalak, diseinu eta arte plastikoetako ikasketak, kirol-ikasketak eta lanbide-heziketa egiten dituzten ikasleei emango zaie osagai hau.
Joan-etorrien osagaia eta egoitza-osagaia ez dira inoiz bateragarriak izango.
9. artikulua.– Ikasmaterialaren osagaia.
Ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailan ari diren ikasleek uko egiten badiote testu-liburuak eta ikasmaterialak solidarioki eta ekitatiboki erabiltzeko programari, ezingo dute osagai hau eskuratu.
Osagai hau maila guztiei emango zaie, Haur Hezkuntzako (1. zikloko) mailari izan ezik.
10. artikulua.– Jantoki-osagaia.
1.– Osagai hau emango zaie Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko 2 urteko haurrei, Haur Hezkuntzakoei (2. ziklokoei), Lehen Hezkuntzakoei, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoei eta gainerako mailetan hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei, baldin eta jantokiaz baliatzen badira.
2.– Osagai hau kalkulatzeko, jantokira 178 eskola-egun joan behar da gutxienez, baina egun gutxiagotan joanez gero, jantokira joan den egun-kopuruaren araberakoa izango da osagaia.
3.– Osagai honetaz baliatzeko eskubidea izateko, urtean jantokira 20 egun baino gehiagotan joan izana justifikatu beharko du ikasleak. Kasu guztietan, baldintza hauek egiaztatu beharko dira:
a) Ikaslea jantoki-zerbitzuaz baliatzen dela eguerdietan.
b) Administrazioari ez zaiola kostua bikoizten.
III. KAPITULUA
BEKEN ETA LAGUNTZEN ZENBATEKOA
11. artikulua.– Osagaien zenbatekoak.
Hauek izango dira osagaien gehienezko zenbatekoak:
1.– Kuota, 0 urteko eta urte 1eko ikasleak.
Haur Hezkuntzako 0 urteko eta urte 1eko ikasleak, hilean 90 euro.
2.– Irakaskuntza:
a) Haur Hezkuntzako 2 urteko gela, 200 euro.
b) Erdi-mailako eta goi-mailako Lanbide Heziketa, 590 euro.
c) Gainerako mailak, musikako udal-ikastetxeetan emandakoak barne, 295 euro.
3.– Joan-etorriak:
a) 5 km-tik 10 km-ra: 192 euro.
b) 10 eta 30 km bitarteko distantzia: 385 euro.
c) 30 eta 50 km bitarteko distantzia: 762 euro.
d) 50 km-tik gorako distantzia: 993 euro.
4.– Egoitza:
a) Erdi-mailako eta goi-mailako lanbide-heziketa, ikasturte bat eta praktikak hartzen dituena, 2.969 euro.
b) Gainerako mailak, 2.531 euro.
5.– Ikasmateriala:
a) Haur Hezkuntza (2. zikloa), 78 euro.
b) Lehen Hezkuntza, 117 euro.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, 159 euro.
d) Goi-mailako Lanbide Heziketa, 226 euro.
e) Gainerako mailak, 202 euro.
Egoera hauetan ez dira zenbateko horiek emango:
a) Lehen Hezkuntzako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute; halakoetan, 38 euro emango dira lehenengo eta bigarrengo mailetarako eta 50 euro hirugarren, laugarren, bosgarren eta seigarren mailetarako.
b) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailako ikasleak, baldin eta ikastetxe publikoetan ikasten badute. Halakoetan, 60 euro emango dira.
6.– Jangela.
Gehienez ere 712 euro izango dira; zenbateko hori eragiketa honen emaitza da: jantokiko egun-kopurua bider 178 egun gehienez ere, eta eguneko prezioa, gehienez ere, 4 eurokoa izanik.
12. artikulua.– Beka edo laguntzaren zenbateko osoa.
1.– Ikasleak zenbat osagai jasotzeko eskubidea duen, bada, osagai horien baturak emango du beka edo laguntzaren zenbatekoa, betiere agindu honetan ezartzen diren arauen arabera. Zenbatekoa, gehienez, zerbitzu bakoitzaren benetako kostuaren parekoa izango da, inoiz ere ez hortik gorakoa.
2.– Inork ezin dezake jaso agindu honetan arautzen diren beka edo laguntzetariko bat baino gehiago, nahiz eta aldi berean agindu honetako 1. artikuluan aipatzen diren beste ikasketa batzuk egin.
13. artikulua.– Prezio publikoen salbuespena.
Musikako eta dantzako ikasketa oinarrizkoak eta profesionalak eta kirol-ikasketak egiteko ematen badira bekak, ez da ordaindu beharko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak eskainitako zerbitzuen prezio publikoak finkatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak emandako aginduan ezarritako prezio publikoa, alegia, beka zein ikasketatarako eman den, ikasketa horren prezio publikoa.
IV. KAPITULUA
EKONOMIA ALORREKO BALDINTZAK
14. artikulua.– Errenta-mugak.
Hezkuntza-maila bakoitzean ikasteko beka eta laguntzen osagaiak emateko aplikatzekoak diren errenta-mugak honako hauek dira:
– Haur Hezkuntzako mailan (1. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 1. muga gainditu.
– Haur Hezkuntzako mailan (2. zikloan) familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– Gainerako mailetan:
* Eskola-materialen osagairako, familiaren errentak ezin izango du 3. muga gainditu.
* Irakaskuntzako, jantokiko, joan-etorrietako eta egoitzako osagaietarako, familiaren errentak ezin izango du 2. muga gainditu.
– 8tik gorako kide konputagarri bakoitzeko, errenta-mugetan (+1) gisa ezarri diren kopuruak gehituko dira.
15. artikulua.– Bizikidetza-unitatearen kide konputagarriak.
1.– Familiaren errenta kalkulatzeko, honako hauek dira bizikidetza-unitatearen kide konputagarriak: aita, ama, tutorea edo adin txikikoa jagon eta babesten duena, eskatzailea, 2014. urtean etxean bizi izan diren ikaslearen 26 urtetik beherako anai-arreba ezkongabeak edo adin horretatik gorakoak, baldin eta gorputzeko, adimeneko edo zentzumenetako urritasunen bat badute; baita etxe berean bizi diren gurasoen aurretikoak ere; udalaren ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharko dute hori.
Kide konputagarritzat joko dira, halaber, hogeita sei urtetik beherako pertsonak harrera-familiak legez hartu baditu edo familiaren kontura bizi badira, bertan bizi direla behar bezala zuritu eta egiaztatu ahal bada.
Eskatzaileek bizikidetza-unitate independenteak eratzen badituzte, kide konputagarritzat joko dira ezkontidea edo, behar izanez gero, antzeko harremanarekin eskatzaileari lotuta dagoen laguna eta seme-alabak, halakorik balego.
2.– Gurasoak dibortziatuta edo bananduta badaude, eskatzailearekin bizi ez dena ez da kide konputagarritzat joko, unitatearen diru-sarreretan horren ekonomia-laguntza sartu arren. Eskatzailearekin bizi ez diren anai-arrebak ere ez dira konputagarritzat joko.
Beste ezkontza bat tarteko edo izatezko bikote moduan familiaren etxebizitzan bizi den pertsona kide konputagarritzat joko da; beraz, horren errenta eta ondarea ere konputatuko dira.
3.– Eskatzaileak familiarekiko mendetasunik edo ekonomia-mendetasunik ez duela adierazten badu, egoera zibila gorabehera, egiaztatu egin beharko du independentzia hori izateko baliabide ekonomiko nahikoa dituela berak; era berean, etxebizitzaren titulartasuna edo alokairua ere egiaztatu beharko du. Osterantzean, independentzia ez-frogatutzat joko da. Beraz, bekaren ondorioetarako, familia-errenta eta -ondarea kalkulatzeko, bizikidetza-unitateko kide konputagarrien diru-sarrerak konputatuko dira, hain zuzen ere aurreko ataletan aipatzen direnak.
4.– Ikasle independenteen kasuan, familiaren egoitzatzat joko da ikaslea ikasturtean bizi dena; beraz, ez da egoitza-osagaia emango.
16. artikulua.– Errenta kalkulatzea.
1.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena aurkeztu duten kide konputagarrien errenta zehazteko, zerga-oinarri orokorra eta aurrezkiaren zerga-oinarria batuko dira. Zerga-oinarri orokor osoak edo zati batek jarduera ekonomikoen etekinak baditu, eta etekin horiek zeinu negatiboa badute, emaitza zero izango da. Gainerako zenbatekoari kuota likidoa kenduko zaio.
PFEZren pean ez dauden diru-sarrerak eta PFEZtik salbuetsita daudenak gehitu egingo zaizkio aurreko formularekin ateratako emaitzari.
2.– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena egiteko obligaziorik izan ez, eta halakorik aurkeztu ez duten kide konputagarrien errenta honelaxe kalkulatuko da:
a) 2014ko ekitaldian edozein kontzeptu dela-eta lortutako diru-sarrera guztiak batuko dira (lan-etekina, langabezia-prestazioak eta -laguntzak, pentsioak, gizarte-laguntzak, salbuetsitako errentak...), baita –ohiko etxebizitza barik– hiri-izaerako ondasunen etekina ere, betiere 2014ko ekitaldian aplikatzekoa den zerga-arautegiaren arabera.
b) Batuketa horretatik honako hau kenduko da: aplikatzeko diren gastu kengarriek eta konturako atxikipenek egiten duten zenbatekoa.
3.– Zenbatespen objektiboaren edo zuzeneko zenbatespenaren zerga-erregimenari atxikitako enpresa- eta lanbide-jardueren kasuan, errentagarritasun errealeko irizpideak aplikatuz egingo da etekinen zenbatespena. Era berean, aurreko atalean xedatutakoa enpresa txiki eta ertainei aplikatuko zaie, baldin eta merkataritza-sozietateak badira eta enpresa horietan bazkide, partaide, eta abar bada edozein kide konputagarri eta kide hori, aldi berean, enpresa horretako langilea bada.
4.– Herri Administrazioek ikasketarako emandako beken eta laguntzen zenbatekoak dira diru-sarreratzat joko ez diren diru-sarrera bakarrak.
5.– Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, honako hau joko da errenta garbitzat: ikasleak jasotzen dituen diru-sarrerak, hots, Foru Aldunditik jasotzen dituen laguntzak. Kasu horietan harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak aurkeztu beharko dira.
17. artikulua.– Kenkariak.
Bizikidetza-unitatearen errenta zehaztu ondoren, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera, honako kontzeptuak direla-eta egokiak diren zenbatekoak kenduko dira:
1.– Bizikidetza-unitatearen errentaren % 20, kasu hauetan:
a) Eskatzailea guraso bakarreko bizikidetza-unitate bateko kidea denean, baldin eta diru-iturri bakarra badu, dela inoren konturako lana, jarduera ekonomikoen etekinak, pentsioa edo ordaintzen diren elikagaiak.
Guraso bakartasuna familia-liburuarekin justifikatuko da guraso aitortu bakar baten kasuan, edo ebazpen judizialaren bidez bi guraso aitorturen kasuan.
b) Eskatzailea umezurtza denean eta diru-iturri bakarra umezurtz-pentsioa bada edo beste bizikidetza-unitate baten mende badago.
2.– Familiako kide konputagarri guztiek ekarritako diru-sarreren % 50. Familiaren eusle nagusiaren eta haren ezkontidearen diru-sarrerak ez dira horretan sartzen.
3.– 500 euro, familia-egoitzan bizi den anai-arreba bakoitzarengatik, eskatzailea barne dela, baldin eta kategoria orokorreko familia ugariak badira; kopuru hori 765 eurokoa izango da kategoria bereziko familia ugarietan. Eskatzailea bera bada familia ugariaren titularra, familia osatzen duten seme-alaben arabera konputatuko dira zenbatekoak.
4.– 1.811 euro, legez onartutako % 33ko edo gehiagoko minusbaliotasunen bat duen bizikidetza-unitateko kide bakoitzarengatik, eskatzailea barne. Kenkaria 2.881 eurokoa izango da, minusbaliotasuna % 65ekoa edo goragokoa denean. Ikasleak berak badu % 33 eta % 65 arteko minusbaliotasuna eta mugikortasun mugatua badu, edo % 65eko edo goragoko minusbaliotasuna badu, kenkaria 4.000 eurokoa izango da.
5.– 1.176 euro, unibertsitateko ikasketak egiten ari den eta ikasketak direla-eta familiaren bizitokitik kanpo bizi den 25 urte baino gutxiago dituen anai-arrebako.
18. artikulua.– Ondare-mugak.
Kide konputagarrien errenta edozein delarik ere, eskatutako beka edo laguntza ukatu egingo da honako kasu honetan: 2014ko abenduaren 31n, kide konputagarrien ondarearen elementu adierazleen balioak ondoko mugetarikoren bat gainditzen badu:
1.– Hiri-finkak.
a) Kide konputagarrien hiri-finken katastro-balioen batura, gehienez ere, 42.500 eurokoa izango da.
b) Konputu hori egiterakoan ez da kontuan hartuko ohiko etxebizitza den hiri-finkaren katastro-balioa.
c) Eskatutako laguntza ukatu egingo da kide konputagarriek, ohiko etxebizitzaz aparte, beste bi etxebizitza edo gehiago guztiz bereak dituztenean.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean dauden hiri-higiezinen katastroko balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:
Higiezina Bizkaiko Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, katastroko balioa 1,25 koefizienteaz biderkatuko da.
Higiezina Arabako Lurralde Historikoko udalerri batean baldin badago, Gasteizen izan ezik, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastroko balioa biderkatzeko, katastroko azken berrikuspenaren arabera:
– 1,15; 2000ko abenduaren 31 baino lehen berrikusi direnetarako.
– 0,70; 2001eko urtarrilaren 1etik 2005eko abenduaren 31ra artean berrikusi direnetarako.
– 0,50; 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera berrikusi direnetarako.
Higiezina Gasteizko udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.
Higiezina Gipuzkoako Lurralde Historikoko udalerri batean, Donostian izan ezik, baldin badago, katastroko balioa 0,30 koefizienteaz biderkatuko da.
Higiezina Donostiako udalerrian baldin badago, katastroko balioa 0,25 koefizienteaz biderkatuko da.
e) Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo dauden hiri-finken katastroko balioa kalkulatzeko, honako arau hauek aplikatuko dira:
Katastroko azken berrikuspenaren data eraginkorra 1990eko urtarrilaren 1etik 2002ko abenduaren 31ra artekoa baldin bada, katastroko balioak 0,49 koefizienteaz biderkatuko dira. Berrikuspen horren eguna 2002ko abenduaren 31ren ostekoa baldin bada, honako koefiziente hauek erabiliko dira, katastro-balioak biderkatzeko:
0,43; 2003an berrikusi direnetarako.
0,37; 2004an berrikusi direnetarako.
0,30; 2005ean berrikusi direnetarako.
0,26; 2006an berrikusi direnetarako.
0,25; 2007an berrikusi direnetarako.
0,25; 2008an berrikusi direnetarako.
0,26; 2009an berrikusi direnetarako.
0,28; 2010ean berrikusi direnetarako.
0,30; 2011n berrikusi direnetarako.
0,32; 2012an berrikusi direnetarako.
0,34; 2013an berrikusi direnetarako.
Nafarroako Foru Aldundiko higiezinen katastro-balioa, edonola ere, 0,50 koefizienteaz biderkatuko da.
Eskatzaileak ziurtatu beharko du higiezinaren katastro-berrikuspena zer urtetan egin den, koefizienteak aplikatu ahal izateko.
2.– Landa-finkak.
Kide konputagarriek dituzten landa-finken katastro-balioen batura, gehienez, 13.000 eurokoa izango da kide konputagarriko.
3.– Balore higigarriak.
Eskatutako laguntza ukatu egingo da, bizikidetza-unitatearen aurrezkien zerga-oinarria 1.958 eurotik goragokoa denean, edo kantitate horretakoa bada higigarrien kapitalaren etekin garbia gehi ondareen irabazi eta galera garbien arteko aldearen batuketa. Hortik kanpo geratzen dira ohiko etxebizitza erosi edo konpontzeko jasotzen diren diru-laguntzak.
4.– Merkataritza-, industria- edo lanbide-jarduerak.
Kide konputagarriren bat jarduera ekonomikoren bateko titularra bada eta 2014an 169.470 euro baino gehiagoko fakturazio-bolumena izan badu, ukatu egingo da eskatutako laguntza. Halaber, aurreko fakturazio-mugan xedatutakoaren arabera eskatutako laguntza ukatu egingo da enpresa txiki eta ertainen kasuan, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta familia-unitateko kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
5.– Familiaren eusle nagusi ez diren familiako kide konputagarriei dagozkien ondare-balioak.
Kide konputagarriek dituzten ondare-elementuen balioari % 50eko murrizketa aplikatuko zaio; kasu horretan ez dira sartzen eusle nagusiak.
19. artikulua.– Datu ekonomikoak egiaztatzea.
1.– Eskatutako beka edo laguntza emateko behar diren datuak lortuko dira: eskatzailearen bitartez, berak emandako dokumentazioaren bitartez, edo foru aldundien bitartez.
2.– Kasu guztiak aztertu ondoren, gerta liteke beka edo laguntza jasotzeko bete behar diren eskakizunak faltsutu egin direla edo laguntza ukatzeko arrazoi diren gorabeherak ezkutatu egin direla ikustea. Horrelakorik gertatuz gero, beka edo laguntza ukatu egingo da, laguntza emateko ebazpena aldatuko da eta dirua itzularaziko da.
3.– Errenta-iturriak ezkutatuz gero, eskatutako laguntza ukatu egingo da. Berdin dio iturri horiek norberaren konturako lana, besteren konturako lana, pentsioak, lanbide liberaleko jardunak, nekazaritza, abeltzaintza, industria edo merkataritza ustiapenak, kapital higigarriak, finkak, ibilgailuak, aparatuak edo bestelako ondare-elementuak diren. Horrek ez du esan nahi bidezko diren gainerako egintzetatik libre geratzen denik.
4.– Administrazioak, aurreko atalean aipatutako ezkutatze hori gertatzen dela egiaztatzeko, edozein froga-mota erabili ahal izango du eta, bereziki, Foru Aldundietako Ogasun Sailetan eta Ekonomia eta Ogasun Ministerioan dauden datuak. Aipatutako erakundeetan azaltzen diren kide konputagarrien datu guztiak erabili ahal izango ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, laguntzei dagokienez beharrezko diren egiaztapenak egiteko.
5.– Egiaztatu beharreko datu ekonomikoak atzerrikoak badira eta/edo Euskal Autonomia Erkidegoko foru-ogasunen esku ez badaude, eskatzaileak eman egin beharko du ondorio horietarako beharrezkotzat jotzen den dokumentazioa, eta beka edo laguntza ukatu egingo da datuok behar bezala egiaztatzen ez badira.
6.– Ikasleak laguntza halako ikasketak burutzeko eskatu bazuen eta ikasketa horiek uzten baditu, beka edo laguntza ukatu egingo zaio, laguntza emateko ebazpena aldatu egingo da edo dirua, guztia edo zati bat, itzularazi egingo zaio.
7.– Beka edo laguntza ukatu ahal izango da, baldin eta bizikidetza-unitateek justifikatzen badituzte objetiboki gastu-maila horretatik beherago dauden diru-sarrerak baina ez badute egiaztatzen zer baliabide duten bizitzeko.
8.– Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzek beharrezko ikusten dituzten agiri osagarriak eskatu ahal izango dituzte kasu bakoitzaren gorabehera bereziak behar bezala jakiteko. Halaber, enpresa, lanbide edo arte mailako jardunetan aritzen direnei indarrean dauden legeen arabera bere jardunen benetako errendimendua agertzen duen ustiaketaren diru-sarrera eta gastuen kontu bat eskatu ahal izango zaie.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa enpresa txiki eta ertainen kasuan ere aplikatuko da, baldin eta horien titularrak merkataritza-sozietateak badira eta kide konputagarrietakoren bat sozietate horietako bazkide, partaide... bada eta aldi berean sozietate horietan langilea bada.
V. KAPITULUA
BETEKIZUN AKADEMIKOAK
20. artikulua.– Baldintza orokorrak eta matrikulari dagozkionak.
1.– Kapitulu honen ondorioetarako, 2014-2015 ikasturteko baldintza akademikoak eskatuko dira.
2.– Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako mailetan, soilik egiaztatu beharko da ikaslea 2015-2016 ikasturterako matrikulatuta dagoela.
3.– Gainerako ikasketetan, kurtsoa errepikatzen duten ikasleei ez zaie laguntzarik emango.
4.– Ikasturteren bat ikasketarik egin gabe igaroz gero, egin den azken ikasturtearekiko eskatuko dira adierazi diren baldintzak.
5.– Ikasketa guztiak edo zatiren bat beka baten bitartez egin badira eta ikasketak aldatzen badira, ezin izango da laguntzarik jaso aldaketa horrek hezkuntza-prozesuaren barruan urte bat edo gehiago galtzea badakar. Ez da laguntza galduko baldin eta indarrean dagoen legedian aurreikusten bada irakaskuntzako beste maila edo gradu batera pasatzea aurretik egindako ikasketen jarraipena izan daitekeela.
6.– Utzitako ikasketa guztiak bekarik gabe egin badira, ikasketa berrietan eskola-errendimendutzat joko da utzitako ikasketetan lortu beharko zen baldintza akademikoa.
7.– Ikaslearen betebeharra izango da, bereziki ikasketak aldatu baditu, aurreko urteetan bekadun izan dela adieraztea.
8.– Lanbide Heziketako Goi-mailako Graduko ikasketetarako, Arte Plastiko eta Diseinuko ikasketetarako eta Kirol-ikasketetarako, ikasleak kurtso osoko matrikula egin beharko du 2015-2016 ikasturtean. Ikasketa horien bigarren kurtsorako, beka-eskatzaileak 2014-2015 ikasturtean egindako ikasketen ehuneko laurogei izan beharko du gaindituta, gutxienez.
9.– Derrigorrezkoan ondoko gainontzeko ikasketetarako, 2015-2016 ikasturteko kurtso osorako matrikulatu beharko da eskatzailea.
10.– Lanbide Heziketako erdi-mailako edo goi-mailako ikasketetan, heziketa-zikloak 2.000 ordu baino gutxiagokoak direnean, praktikako ikastarotzat joko dira, eta laguntzak behin baino ez dira emango, eta, eman ere, lehenengo mailan bakar-bakarrik.
2 kurtsoko ziklotzat joko dira 2.000 orduko iraupena dutenean.
11.– Kurtso osoak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartuak egiteko bakarrik emango dira laguntzak, salbu Urrutiko Batxilergoko ikasleen kasuan, baldin eta ikasleak lehendik matrikulatuta badaude, eta, ondorioz, ikasgai solteen matrikula egin ahal badute. Ikasketa horietarako, ikasketa-planean ezarritakoa baino ikasturte bat gehiagorako lortu ahal izango da beka.
12.– Musikako ikasketetan, hezkuntza-prozesuan bekadun gisa hartzen jarraitzeko, ikasturtea goragokoa izanda ikasleak landutako musika-tresna edo emandako jakintzagaia hartuko da kontuan.
13.– Genero-indarkeria jasan duten bizikidetza-unitatekoak badira ikasleak, eta urruntzeko agindu judizialaren, kondenatzeko epai judizialaren edo oinarrizko gizarte-zerbitzuen txostenaren bitartez justifikatzen bada aipatu egoera, betekizun akademikoak bete barik ere eman egingo dira laguntzak.
VI. KAPITULUA
PROZEDURAKO ARAUAK
21. artikulua.– Eskabideak.
1.– Ondoko helbidean interesdunek eskuragarri duten inprimaki ofizialean bete beharko dira eskabideak: www.hezkuntza.ej-gv.euskadi.net. Inprimakiak ikastetxeetan ere eskura daitezke.
2.– Ikasleak eskabide-eredua sinatuta aurkezteak, edo hura adinez txikia izanez gero haren ordez eskatzailearen legezko ordezkariak sinatzeak, esan nahi du sinadura horrekin erantzukizun solidariopean hau aitortzen duela:
a) Beka edo laguntza zein deialdirako eskatzen duten, harexen oinarriak onartzen dituela.
b) Eskabidean sartutako datu guztiak egiazkoak direla.
c) Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari baimena ematen diola, Zerga Administrazioen bitartez errentaren eta ondasunen gainean beharrezkoak diren datuak lortzeko, bekaren edo laguntzaren ondorioetarako.
d) Jakitun dagoela aitortutako inguruabarren zehaztugabetasunak beka edo laguntza ukatzea edo itzuli behar izatea ekarriko duela.
e) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatutik beste beka edo laguntzarik eskuratuz gero, Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzako beka atalari jakinarazi beharko diola.
f) Beka zertarako eman den, horretarako erabili beharko duela, ez beste ezertarako, alegia, matrikula egiteko, eskolara joateko, azterketetara joateko eta beka edo laguntza zertarako eman, horren gastuak ordaintzeko.
g) Beka edo laguntza jaso eta baliatu ahal izateko ezarritako baldintzak eta betekizunak betetzen dituela egiaztatu beharko dute, eta diru-laguntzen onuradun izateko gaitasunik gabe uzten dituen inolako lege-auzitan sartuta ez daudela adierazi.
h) Beka ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa-jarduerei men egingo diela, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean, eskatutako informazio guztia emango duela.
3.– Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, deialdi honetan parte hartzen dutenek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, Unibertsitateaz Kanpoko Bekak eta Laguntzak izeneko fitxategi batean sartuko dira, deialdi hau kudeatzeko eta deialdi honetan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi hori Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuak 2010eko urriaren 4an emandako Aginduaren bidez sortu zen (EHAA, 213. zenbakia), eta beraren helburua da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea eta parte-hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Fitxategi horren arduraduna Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritza da. Sarbide-, zuzenketa-, ezabatze- eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko Ikastetxeen Zuzendaritzara jo beharko da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
Halaber, deialdi honetara bildutako pertsonek baimena ematen diote Unibertsitate Zuzendaritzari, beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko ezen aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
22. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta tokia.
1.– Eskabideei eguna jarri, eta ondo bete eta sinatu eta gero, honako toki hauetakoren batean aurkeztu beharko dira, eskatutako dokumentuekin batera:
a) Beka zein ikasketa egiteko eskatu, ikasketa horiek egiten diren ikastetxeetan.
b) Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak eta apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuak aipatzen dituzten bulegoetan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena; 72/2008 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzkoa).
2.– Eskabideak eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdia EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Eskabidea ikastetxearen bitartez aurkezten bada, eskabidea bertan aurkezteko epea aipatu epea baino 15 egun lehenago amaituko da.
3.– Beka- edo laguntza-eskabideak epe horretatik kanpo aurkeztu ahal izango dira kasu hauetan:
a) Eskabideak aurkezteko epea amaitu eta gero aurkeztutako matrikulak badira, betiere matrikula-eskabidearen kopiarekin batera egiten bada eskabidea, matrikula egin eta gehienez ere hilabeteko epean.
b) Aipatutako epeak igaro ostean familiaren eusle nagusia hiltzen bada, edo arauzko adina betetzeagatik ez den bestelako arrazoirengatik nahitaezko erretiroa hartzen badu.
c) Justifikatutako arrazoi larriren bat dela-eta, familiaren ekonomia-egoera larriki kaltetzen zaien ikasleak.
Nolanahi ere, 2016ko apirilaren 30a arte baino ez dira eskabideak onartuko.
23. artikulua.– Eskabide-inprimakiak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– 2014-2015 ikasturtean beka edo laguntza lortu eta 2015-2016 ikasturtean ikastetxe berean jarraitzen duten ikasleek inprimaki ofiziala (2. eredua) aurkeztuko dute, zeinari, hala badagokio, gehituko baitzaizkio 2014ri dagozkion honako agiri hauek:
a) Guraso bakarreko familiak badira: – hitzarmen arauemailearen fotokopia. – konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, bidezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena (diru-sarreraren fotokopia). – Familia-egoitzan bizi diren kideen errolda-agiria eta, bidezkoa bada, aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarrerak.
b) Gizarte-laguntzak jasotzen badituzte: dagokion erakundeak emandako ziurtagiria.
c) Diru-sarrera salbuetsiak badituzte: – ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena, etab.
d) Alegatutako egoerak ez badira egiaztatzen, honako kasuetan ez zaio kenketarik egingo errenta garbiari: familia ugariak, guraso bakarreko familiak (banantzeak, alarguntasuna...) zurztasuna, minusbaliotasunak, familiaren egoitzatik kanpo bizi diren anai-arreba unibertsitarioak, heriotzak, etab.
e) Aurreko ikasturtean aurkeztutako NANa, IFK, bizileku-txartela edo -baimena edo nortasuna egiaztatzeko beste edozein egiaztagiri aldatu egin bada, egiaztagiri eguneratuaren fotokopia aurkeztu beharko da.
f) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatua– edo zurztasun-egiaztagiria eta bizitzeko zer baliabide dituen egiaztatu beharko du.
g) Harrera-familietan diren ikasleei dagokienez, harrerari buruzko foru-agindua eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak.
2.– 2014-2015 ikasturtean ikasteko beka edo laguntzarik lortu ez duten ikasleek eskabidearen inprimaki-orri ofiziala (1. eredua) aurkeztu beharko dute, eta horri, behar izanez gero, 2014. urteko dokumentu hauek erantsiko dizkiote:
a) Bizikidetza-unitateko kide konputagarri guztien NANaren fotokopia bana. Europar Batasuneko herritarren kasuan, egoitza-txartelaren kopia; atzerritarren kasuan, egoitza izateko baimenaren kopia edo nortasuna egiaztatzeko beste edozein agiri.
b) Familia-liburuaren fotokopia (ikasle eskatzailea agertzen den orrialdea).
c) Errolda-ziurtagiria, udalak emana, baldin eta aitona-amonekin bizi bada.
d) Harrerari buruzko foru-aginduaren eta aldundiak erabakitako harrerako baldintzak jasotzen dituen dokumentuaren fotokopia, harrera-familietan bizi diren ikasleak badira.
e) Hiri- eta landa-ondasun higiezinen gaineko zergaren ordainagirien fotokopia.
f) Gurasoen etxetik irten dela eta ekonomikoki independentea dela egiaztatzeko, eskatzaileak bere bizileku propioan –ez gurasoen etxean– erroldatuta dagoela –erositako zein alokatutako etxebizitza batean, bakarrik zein partekatua– edo zurztasun-egiaztagiria eta bizitzeko zer baliabide dituen egiaztatu beharko du.
g) Bizikidetza-unitateak 2014. urtean eskuratutako diru-sarrerei buruzko datuak eskatzen dituen eskabide-orri ofizialeko paragrafoa bete beharko dute eskatzaileek, baldin eta 2014. urtean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenik egin beharrik ez zuten bizikidetza-unitateek edo aitorpen horretan unitatearen diru-sarrera guztiak jasotzen ez badira. Horrekin batera, diru-sarrera horiek egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dituzte.
h) Guraso bakarreko familiak badira: – Hitzarmen arauemailearen fotokopia. – konpentsazio-pentsioaren egiaztagiri eguneratua, bidezkoa bada, eta seme-alabentzako mantenu-pentsioarena (diru-sarreraren fotokopia). – Familia-egoitzan bizi diren kideen errolda-agiria eta, bidezkoa bada, aitaren edo amaren ezkontidearen edo bikotearen diru-sarrerak.
i) Gizarte-laguntzak jasotzen badituzte: dagokion erakundeak emandako ziurtagiria.
j) Diru-sarrera salbuetsiak badituzte: – ezintasun iraunkor absolutuaren edo baliaezintasun handiko pentsioaren ziurtagiria, zurztasun-pentsioarena, kaleratzearengatiko kalte-ordainena, etab.
k) Alegatutako egoerak ez badira egiaztatzen, honako kasuetan ez zaio kenketarik egingo errenta garbiari: familia ugariak, guraso bakarreko familiak (banantzeak, alarguntasuna...) zurztasuna, minusbaliotasunak, familiaren egoitzatik kanpo bizi diren anai-arreba unibertsitarioak, heriotzak, etab.
3.– Aurreko 1. eta 2. paragrafoetan aipatutako kasuetan, ikasleak ikasten duen ikastetxea dagoen autonomia-erkidego edo lurralde historikoa ez den beste batean aurkeztu badute Errentaren Aitorpena bizikidetza-unitateek edo horrek ez baditu jasotzen sarrera guztiak, aurreko atalean aipatutako dokumentazioaz gain, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) 2014ko ekitaldiko eusle nagusiaren Errentaren Aitorpenaren fotokopia guztiak eta, behar izanez gero, zerga horrekiko aitorpena egin beharra duten gainerako kide konputagarrienak. Langile autonomoak izanez gero, jardueraren etekinak kalkulatzeko deklarazio-orri bat ere aurkeztu beharko da.
b) Kide konputagarri guztiek lortutako diru-sarrerak egiaztatzen dituzten agiriak: gizarte-laguntzak jasotzen badituzte, dagokion erakundeak egindako ziurtagiria; diru-sarrera salbuetsiak, zenbatekoak direla-eta aitortu gabeko diru-sarrerak, balore higigarrien errendimenduak, banku-gordailuak, kontu-korronteen interesak...
c) Profesional eta enpresaburuek aurkeztutako ordainketa zatikatuen aitorpenen fotokopiak.
24. artikulua.– Eskabideen kudeaketa.
1.– Beka edo laguntza zein ikastetxetarako –hezkuntza-zerbitzua ematen duena– eman, ikastetxe horrek funtzio hauek bete beharko ditu:
a) Ikasteko beka edo laguntzei buruzko jarraibideak edo horri buruzko informazio-materiala jasotzea, eta berari, berriz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko lurralde-ordezkaritzako beka-unitateak emango dio.
b) Ikastetxeko ikasleei eta familiakoei horien berri ematea; ikasketetarako laguntza edo beka bat eskuratu nahi badute, jarraitu beharreko prozeduraz eta aurkeztu beharrezko dokumentazioaz informatzea.
c) Prozesuaren jarraipena egitea, eskatzaileei behar beste informazio emateko.
d) Ikastetxeko zuzendariak edo, behar izanez gero, idazkariak egiaztatuko du egiazkoak diren ala ez eskabidearen inprimaki-orrian datu akademikoei, joan-etorriei, ikasketei, kuotari eta jantokiari buruz eskatzen diren datuak.
e) Ikastetxeek eskabideak eta horiei erantsitako dokumentazioa bideratu, eta prestatuko dituzte. Zerrenda bikoiztuetan prestatuko dituzte, eta hurrenkera alfabetikoaren arabera antolatu. Gero, lurralde-ordezkaritzari dagokion Zuzenean Zerbitzuan aurkeztuko dituzte, edo mezulariz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera bidali.
2.– Aurkeztutako eskabide eta dokumentazio guztia jasoko du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak, eta prozedura izapidetuko du, ebatzi arte.
3.– Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan araututako beka eta laguntzak.
25. artikulua.– Ebazpen-prozedura.
1.– Eskabideak lurralde-ordezkaritzetan jaso ostean, beka edo laguntzaren behin-behineko ebazpena proposatuko du Hezkuntzako lurralde-ordezkariak, eta Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzara bidaliko du, laburpen ekonomikoarekin batera.
Behin-behineko ebazpena proposatzeko, kontuan izango da deialdi honen 27.2 artikuluan azaltzen den lehentasun-ordena eta, edonola ere, kreditua agortzen denean, ebazpena ukatzeko izango da.
2.– Lurralde historikoetan lurraldeko balorazio-batzordeak sortuko dira, ebazpen-proposamena eman aurretik gerta daitezkeen gorabeherak ebazteko.
Batzorde horiek lurralde-ordezkaritzako arduradunak, Aurrekontuetarako eta Hezkuntza-administraziorako zerbitzuburuak eta beken teknikariak osatuko dituzte. Azken horrek idazkari gisa jardungo du, eta hitza eta botoa izango ditu.
3.– Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin-behineko ebazpena eman, eta interesdunei banan-banan jakinarazteko aginduko du; ematen diren osagaiak eta zenbatekoak adieraziko dira jakinarazpenean; bestela, ukatuz gero, ukatzeko arrazoia azalduko da.
Jakinarazpenak bide emango du jaso eta 15 egun naturaleko epean interesdunak alegazioak jarri edo bere interesak defendatzeko egoki irizten dituen dokumentuak aurkezteko, eta ondoren azaltzen diren 4. eta 5. paragrafoetan aurreikusten diren izapideen berri eman beharko du.
4.– Behin-behineko ebazpenaren kontra alegazioak jartzeko epea igaro eta gero, alegaziorik jarri ez duten eskabideen gaineko behin betiko ebazpena emango da. Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak behin-behineko ebazpena behin betiko egingo du, eta horren berri emateko, ebazpena Euskadi.net webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
Behin-behineko ebazpenari alegazioak jartzen zaizkionean, horiek egiaztatu eta egin beharrekoak egin ostean, Kudeaketa Ekonomikoko Zuzendaritzak behin betiko ebazpena emango du, aurreko paragrafoan azaltzen diren datuak kontuan hartuta. Ebazpen hori jakinarazteko, berriz, Euskadi.net webguneko iragarki-taula elektronikoan argitaratuko da.
5.– Behin betiko ebazpenaren aurka, gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari hilabeteko epean; betiere, Euskadi.net webguneko iragarki-taula elektronikoan, behin betiko ebazpena argitaratzen denetik edo behin-behineko ebazpena behin betiko egiten denetik aurrera.
6.– Sei hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira laguntzak, deialdia argitaratzen denetik aurrera. Epe hori bukatuta ebazpen adierazirik eman eta jakinarazten ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala ezartzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluan.
26. artikulua.– Egoera berriak haztatzea.
1.– Eskatzaileak argudiatzen duenean kide konputagarrien ekonomia-egoera 2014tik aurrera nabarmen aldatu dela, kasu horiek kontuan izango dira. Familiaren ekonomia-egoera berria kontuan hartzeko, ezinbestekoa izango da egoera sorrarazi duten gertakariak eta horien nondik norakoak adieraztea eta agiri bidez egiaztatzea.
2.– Halaber, beka edo laguntza ematerakoan edo ukatzerakoan, familiaren ondarea osatzen duten ondasunen izaera haztatuko da, bai eta errenta osatzen duten diru-sarrerena ere, batez ere, kaleratzeengatiko kalte-ordainen edo kide konputagarrien ekonomia-egoeran kalte larriak eragiten dituzten bestelako gorabeheren kasuan.
3.– Bizikidetza-unitatearen pertsona euslea hiltzen bada edo ezinbestean erretiratzen bada, edota ikaslearen familiaren egoera ekonomikoa oso kalteturik gertatzen bada –betiere justifikatutako arrazoiren bat dela eta–, aintzat hartu ahal izango dira bai inguruabar horiek, baita unitatearen ekonomian duten eragina ere, sortutako egoera berria kontuan hartuta.
27. artikulua.– Esleipen-lehentasunak.
1.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak deialdi honetan xede horretarako esleituta dauden kredituen arabera emango ditu bekak eta laguntzak.
2.– Ikasteko beka edo laguntza lortzeko lehentasun-hurrenkera hau izango da:
a) 2014-2015 ikasturtean unibertsitateaz kanpoko mailetako beka- eta laguntza-deialdiko bekadun izandako eskatzaileak, lehentasun-ordena honen arabera:
– Derrigorrezko hezkuntza.
– Derrigorrezkoa ez den hezkuntza.
b) Gainerako eskatzaileak:
– Derrigorrezko hezkuntza.
– Derrigorrezkoa ez den hezkuntza.
Irakaskuntza bakoitzaren barnean, aurkeztutako eskabideen artetik lehentasuna izango dute errenta per capita txikienak dituztenek.
28. artikulua.– Beste erakundeekiko lankidetza.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak foru aldundietako ogasun sailen laguntza kudeatuko du, helburu hauek lortzeko:
1.– Baliabide tekniko fiskalak erabiltzea, eskatzaileen familien errenten eta ondarearen benetako balioak neurtu ahal izateko.
2.– Kasu jakin batzuetan egiaztatze- eta kontrol-lanetarako laguntza teknikoa ematea. Eragiketa horietan eraginkortasun handiagoa lortzeko, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Foru Aldundietako Ogasun Sailetako Datuak Prozesatzeko Zentroei eskatuko die banaka edo bereziki ikertu behar diren kasuen zerrenda.
29. artikulua.– Laguntzak ordaintzea.
1.– Laguntza dena batera ordainduko da, hilabeteko epean, Kudeaketa Ekonomikoko zuzendariak behin betiko ebazpena ematen duenetik aurrera.
2.– Eskatzaileak eskabide-inprimakian jartzen duen kontuan sartuko da laguntzaren zenbatekoa. Ez dira hala ordainduko, ordea, kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxe publikoetan ikasten duten ikasleen laguntzak. Kudeaketa zuzeneko jantoki-zerbitzua duten ikastetxeen kasuan, jangelarako laguntza ikastetxearen kontuan sartuko da.
3.– Helegiteetan aurkeztutako alegazioen ondorioz emandako laguntzen zenbatekoa gorantz aldatu beharko balitz, ordainketa osagarri bat egin beharko da hilabeteko epean, aurkeztutako helegitea osorik edo zati batean onesten duen ebazpena ematen den egunetik kontatzen hasita.
30. artikulua.– Aldaketa, ezeztatzea eta itzulketa.
1.– Aldaketa gauzatzea adostu daiteke baldin eta beka edo laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira, bestelako laguntzak edo diru-laguntzak pilatuta eskuratzen badira eta helburu bera duten bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasotzen badira. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 49.12 artikuluari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua), bekak emateko ebazpena aldatzeko, beka edo laguntzaren onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak babestu behar dira.
Beka emateko ebazpena aldatzen duen ebazpena emateko, aurretik entzunaldiaren eta espedientea ikustearen izapideak egingo dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84. artikuluan xedatutakoari jarraituz. Laguntza jada ordainduta egonez gero, dagokion zenbatekoaren itzulketa adostuta egon behar da.
2.– Ezeztatu eta, hala badagokio, itzuli egingo da beka edo laguntza emandako helburu espezifikorako erabiltzen ez denean, laguntza eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen ez direla egiaztatzean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluan jasotako gainerako kasuetan (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua). Ezeztatzea erabaki ondoren, emandako zenbatekoa oraindik ordaindu ez bada, ezingo da hori ordaintzea eskatu, eta ordainduta egonez gero, jasotako zenbatekoak eta horien legezko interesak itzuli beharko dira.
Itzulketa-prozedura, berriz, aipatutako Legearen 53.4 artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 4. eta 5. artikuluetan xedatzen da.
Itzulketa agintzen duen ebazpenean beharrezko informazioa jasoko da, obligaziozko itzulketa egiteko betebeharra bete dezan, korritzen duen legezko diruaz edo txekez edo Ogasun eta Finantzetako sailburuak baimendutako beste edozein bide erabiliz. Horretarako, hil biko epea emango zaio, dirua itzuli behar duela dioen ebazpena jakinarazten zaionetik aurrera.
Itzuli beharreko diruaren zenbatekoaren eta ikaslearen bizikidetza-unitatearen kaudimen ekonomikoaren arabera, Ogasun eta Finantza Sailak ordainketa gehienez hiru zatitan eta urtebeteko epean egitea onar dezake, interesdunak horrela eskatuz gero, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan diru-bilketaren inguruan indarrean dagoen araudiak xedatutakoari jarraituz.
Eskuratutako zenbatekoak borondatez itzultzen ez badira, premiamendu-bideari ekingo zaio.
3.– Ikasketa-laguntzak aldatzeko, indargabetzeko edo itzultzeko ebazpenen berri eman ahal izango zaie agintari fiskal, akademiko edo, hala badagokio, judizialei, sor daitezkeen gainerako erantzukizunak eskatzeko.
31. artikulua.– Bateragarritasuna.
1.– Eibarko Hezkuntza Esparruko ikasleek eskatzen dituzten laguntzak bateragarri izango dira bertako ikasle izateagatik jaso ditzaketen onurekin, baldin eta onura horiek hartzen ez dituzten gastuei aurre egiteko badira. Hortaz, bateraezina izango da gastu kontzeptu bererako bi laguntza jasotzea.
2.– Haur Hezkuntzako lehenengo zikloko laguntzak bateragarriak izango dira erakunde publiko edo pribatuetatik helburu bererako jaso daitekeen beste edozein onurarekin, betiere horiek guztiak batuta ez bada gainditzen laguntzaren xede den gastuaren % 100. Kasu horretan, dagokion zenbatekoa murriztu egingo da.
3.– Deialdi honen I. eranskinean araututako gainerako ikasketa-laguntzak bateraezinak izango dira helburu bererako beste erakunde publiko edo pribatuetatik jaso daitezkeenekin.
32. artikulua.– Ikuskatzea.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ahalmena izango du bai datuen egiazkotasuna eskatu eta neurtzeko, eta bai agindu honen I. eranskinean araututakoa betearazteko ere.