EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-16 Aldizkari honetan argitaratua: 2015176

AGINDUA, 2015eko uztailaren 14koa, Herri Administrazio eta Justiziako sailburuarena, Kazetarien Euskal Elkargoaren estatutuak onesten dituena.

Xedapenaren data: 2015-07-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201503891
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/07/06an argitaratutako 2012/06/28ko 201200017 LEGEA garatzen du

Kazetarien Euskal Elkargoaren estatutuak onesteko eskaera ikusi eta aztertu da, aurrekari hauetan oinarrituta:
EGITATEZKO AURREKARIAK
Lehenengoa.– Ekainaren 28ko 17/2012 Legearen bidez, Kazetarien Euskal Elkargoa sortu zen, zuzenbide publikoko erakunde gisa, berezko nortasun juridikoa duena; bere xedeak lortzeko eta berezko dituen eginkizunak gauzatzeko ahalmen osoa du, arloko legeetan ezarritakoarekin bat.
Bigarrena.– Kazetarien Euskal Elkargoaren estatutuak onesteko eskaera sartu zen Herri Administrazio eta Justizia Sailean, dagokion dokumentazioarekin batera, eta nahitaezko txostenak eskatu ziren. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Saileko Idazkaritza Nagusiaren eta Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren txostenak jaso ziren aipatutako sailean.
Hirugarrena.– Herri Administrazio eta Justizia Sailak Kazetarien Euskal Elkargoari okerrak zuzentzeko eskaera-idazkiak bidali ondoren, behin betiko estatutuak jaso dira Herri Administrazio eta Justizia Sailean.
Laugarrena.– Espedientea ikusi eta aztertu dute Herri Administrazio eta Justizia Saileko zerbitzu teknikoek, eta ebazpen-proposamena aurkeztu dute oinarri hauek kontuan hartuta:
OINARRI JURIDIKOAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.22 artikuluan ezartzen denez (abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bidez onartua), profesionalen elkargoen eta lanbide tituludunen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan xedatutakoa gorabehera.
Bigarrena.– Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari dagokio estatutuak onesteko espediente hau agindu bidez ebaztea. Hala ezarrita dago Herri Administrazio eta Justizia Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 188/2013 Dekretuaren 2.1.2 eta 8.1.d) artikuluetan.
Hirugarrena.– Bete egin da tituludun lanbideei eta profesionalen elkargo eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 33. artikuluan, eta profesionalen elkargo eta kontseiluei eta tituludun lanbideen erregistroaren araudiari buruzko otsailaren 3ko 21/2004 Dekretuaren 35. artikuluan xedatutakoa.
Manu horiek eta gainerako arau orokor aplikagarriak ikusita, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Kazetarien Euskal Elkargoaren estatutuak onestea.
Bigarrena.– Estatutu horiek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea, agindu honekin batera doan eranskinaren bidez.
Aginduak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak. Agindu horrek administrazio-bidea amaitzen du. Haren aurka, nahi bada, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Herri Administrazio eta Justiziako sailburuari, iragarki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epearen barruan, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, iragarkia argitaratu eta biharamunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 14a.
Herri Administrazio eta Justiziako sailburua,
JOSU IÑAKI ERCORECA GERVASIO.
KAZETARIEN EUSKAL ELKARGOAREN ESTATUTUAK
ATARIKOA
Kazetarien elkargo ofizialek arlo estrategiko baten beharra eta bultzada islatzen dute, hau da, komunikazioaren eta informazioaren sektorea, eta sektore horren menpean dago gure demokraziaren kalitatea.
Gaur egungo gizartearen erronkak ikusita, kazetarien elkargoak beharrezkoak dira kazetaritzaren arazoei aurre egiteko, gaitasuna, espiritu kritikoa, gizarte erantzukizuna eta aniztasuna oinarritzat hartuta. Elkargo profesionalek honako hauek zaintzen dituzte: informazioaren askatasuna, lanaren kalitatea, lanbidearen arauak eta deontologia profesionala.
Kazetarien elkargoa sortzea aukera paregabea da kazetaritzaren lanbiderako: elkartearen egitura berriak ezartzeko beharra sumatzen du, sektorea berpiztekoa eta parte-hartzaileagoa izatekoa. Komunikabideetako lana izugarri aldatu da azken hamarkadetan, batez ere, Informazioaren Teknologia Berriak heldu direnetik.
Katalunia, Valentzia, Galizia eta Murtziako esperientziak ikusita, oso egokitzat eta beharrezkotzat jotzen da Kazetarien Euskal Elkargoa eratzea; gainera, kontuan hartu behar dira egun dauden elkargo profesionalen esperientziak eta araudiak, legeen antolamenduan aurreratu duten lana haiei zor diegu eta.
1. KAPITULUA
DEFINIZIOA ETA FUNTZIOAK
1. artikulua.– Definizioa.
Kazetarien Euskal Elkargoa zuzenbide publikoko korporazioa da, berezko nortasun juridikoduna eta haren xedeak eta berezko dituen eginkizunak betetzeko ahalmen osoa duena. Kazetarien Euskal Elkargoa sortzeko ekainaren 28ko 17/2012 Legeak sortu zuen (EHAA, 132 zk.).
Kazetarien Euskal Elkargoak nortasun juridikoa dauka bera sortu zuen legea indarrean dagoenetik, eta jarduteko gaitasuna dauka bere gobernuaren organoak eratzen direnetik.
2. artikulua.– Lurralde eremua.
Kazetarien Euskal Elkargoak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan jarduten du.
3. artikulua.– Funtzioak.
Hauek dira elkargoaren funtzioak:
1.– Kazetariek beren lana betetzeko baldintzak hobetzen jarraitzea.
2.– Elkargoaren kideen defentsa profesionala egitea.
3.– Elkargo profesional bati dagozkion laguntza zerbitzuak ematea.
4.– Independentzia eta informazioaren askatasuna bermatzea, gizarte aske eta demokratiko baten onerako.
5.– Herritar guztiek daukaten informazio- eta adierazpen-askatasunerako eskubideak defendatzea, Espainiako Konstituzioaren 20.1 artikuluarekin bat.
6.– Gizartea babestea gertaeren errealitatea nahita itxuraldatzen duten informazioetatik.
7.– Sekretu profesionala eta kontzientzia-klausula bereziki defendatzea, Espainiako Konstituzioak jaso eta araututakoarekin bat.
8.– Komunikazioaren arloko enpresak sortzeko ekimenak sustatu edo laguntzea, elkargoko kideen eta, oro har, kazetaritzako langile guztien prestakuntza bultzatu eta osatzeko.
9.– Euskal Autonomia Erkidegoko profesionalen elkargoei buruzko gainerako arauetan aurreikusitako funtzioak betetzea.
4. artikulua.– Helbidea.
Kazetarien Euskal Elkargoaren egoitzaren helbidea hau izango da: San Mames zumarkalea 37, 4. solairua, 6 departamentua. Hala ere, gobernu-batzordeak egoitza lekuz aldatzeko nahiz egokitzat jotzen diren ordezkaritzak ezartzeko erabakia har dezake, betiere, organo eskudunak hala erabakitzen badu eta kideen batzar nagusiak onartzen badu.
5. artikulua.– Hizkuntza ofiziala.
Konstituzioak eta EAEko Autonomia Estatuak ezartzen duten koofizialtasuna kontuan hartuta, Kazetarien Euskal Elkargoaren hizkuntzak euskara eta gaztelania izango dira.
2. KAPITULUA
ELKARGOKO KIDE EGITEA
6. artikulua.– Elkargokide izateko betekizunak.
– Kazetarien Euskal Elkargoak barne hartuko ditu Informazio Zientzien titulu unibertsitarioa daukaten profesionalak, Kazetaritzaren edo Ikus-entzunezko Komunikazioaren adarrean edo baliokidetzat jotzen den edozein titulutan.
– Profesional atzerritarrei dagokienez, dagokion agintaritzak profesionalon kalifikazioak onar ditzan, Europako Erkidegoko Zuzenbidea ezartzeko indarrean dauden arauak erabiliko dira.
Kazetaritzako lehenengo zikloa gainditu duten pertsonek aurreinskripzioa egin dezakete, baina ez dituzte eskubide guztiak eskuratuko ikasketak amaitu eta lizentziatura lortu arte. Kazetarien elkargoak kolektibo horrentzat «aurre-inskribatua» edo «aurre-elkargokidea» figurak ezarri ditu, eta kolektibo horretako pertsonek eskubidea izango dute informazio- eta prestakuntza-jardueretan parte hartzeko, elkargoaren argitalpenak jasotzeko, elkargoak antolatzen dituen jarduerei buruzko jakinarazpenak jasotzeko, eta, azkenik, ekitaldi eta jarduera batzuetan parte hartzeko. Pertsona horiek ez dute bozkatzeko eskubiderik izango harik eta ikasketak amaitu eta elkargokideak direla formalki jakinarazi arte. Ikasketak amaitu eta sei hilabetera elkargokide izateko eskaera ez badute egiten, estatutuetan ezarritako baldintzak bete arren, «aurre-inskribatua»ren izaera galduko du.
7. artikulua.– Onarpena.
KIDEAK ONARTZEA ELKARGOA SORTZEN DENEAN.
– EAEko Kazetarien Euskal Elkargoa sortu zuen 17/2012 Legea onartu zen unetik, Euskal Kazetarien Elkarteko kide guztiak automatikoki Kazetarien Euskal Elkargoko kide izan daitezke,elkargoaren estatutuetan ezarritako baldintzak bete eta berariaz onartzen badituzte.
Halaber, EAEko Kazetarien Euskal Elkargoa sortu zuen ekainaren 28ko 17/2012 Legearen 3. artikuluan eta elkargoaren estatutuetako 6. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona guztiak izan daitezke Kazetarien Euskal Elkargoko kide.
– Kazetarien Euskal Elkargoa sortu ondoren, kideak sartzea aztertuko du Onarpen Batzordeak; Euskal Kazetarien Elkartearen Zuzendaritza Batzordeko kideek osatuko dute Onarpen Batzordea. Eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, eskatzaileei elkargoko kide izateko eskubidea aitortuko die Onarpen Batzordeak; horren ondoren, bere proposamenak Gobernu Batzordearen bileran aurkeztuko ditu eta hark, azkenik, proposamenak ebatzi eta idatziz jakinaraziko die erabakia eskatzaileei. Kideen onarpena ez da baliozkoa izango kide izateko eskubideak ordaindu arte. Eskaera hiru hilabeteren buruan iraungiko da automatikoki.
– Kazetarien Euskal Elkargoan kide berriak onartzeko eskumena duen organoa sortu ondoren, bera arduratuko da funtzio horretaz, eta Euskal Kazetarien Elkartearen Onarpen Batzordeak utzi beharko dio funtzio hori betetzeari.
8. artikulua.– Eskaera ukatzea eta errekurtsoak.
Elkargokide izateko eskaera ukatu egingo da, eskatzaileak kideen onarpenari buruzko 6. artikuluan jasotako baldintzak betetzen ez baditu. Eskaera ukatzen bada, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio elkargoko gobernu-batzordeari, eta beste ebazpen bat eman ondoren, administrazio-bidea amaitutzat joko da, eta eskatzaileak, nahi badu, administrazioarekiko auzien bidean aurkeztu ahal izango du errekurtsoa.
9. artikulua.– Ohorezko elkargokideak izendatzea.
– Salbuespen kasuetan, ibilbide profesionala eta lan merezimenduak kontuan hartuta, Kazetarien Euskal Elkargoaren Gobernu Batzordeak ohorezko elkargokideak izendatu ditzake, izendapena Batzar Nagusiak berresten badu.
– Gobernu Batzordeak egokitzat jotzen dituen sariak, ohoreak eta aipamen bereziak sor ditzake, elkargoaren esanahia eta izaera arautzen duten helburuekin bat etorrita.
10. artikulua.– Borondatezko eta aldi baterako etendura.
Elkargokideek elkargokide-izaera eteteko eskatu ahal izango diote Kazetarien Euskal Elkargoko Gobernu Batzordeari, eta horretarako arrazoi bat adierazi beharko dute.
Borondatezko etendurak estatutuetan ezarritako eskubideak galtzea eta kuota aldi batez ez ordaintzea dakar. Hala ere, elkargokide-izaera eteteak ez du esan nahi elkargoaren estatutuetan ezartzen diren betebehar profesional etikoak bete behar ez direnik. Beren borondatez etenda dauden elkargokideek nahi dutenean eska dezakete etendura amaitzeko eta elkargokide-eskubideak berreskuratzeko. Borondatezko etendura amaitzen den egunetik aurrera elkargoko kuotak ordaintzen hasiko beharko da berriro.Etendura luzatu nahi izanez gero, beste eskaera bat aurkeztu beharko da.
3. KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK
11. artikulua.– Eskubideak.
1.– Elkargoko kideek eskubide hauek dituzte:
a) Eskubide profesionalen defentsa agintari, erakunde, enpresa edo partikularren aurrean.
b) Gobernu Batzordearen laguntza eta esku-hartzea, edozein arrazoi dela-eta lanbide-jardueran jarraitzea arriskuan jartzen duen gatazka-egoera batean.
c) Zuzendaritza organoetako karguetarako hautatzea edo hautatua izatea, hauteskunde-prozedura arautzen duten baldintzekin bat. Botoa postaz emateko eskubidea bermatzen da, estatutuetan ezarritakoaren arabera.
d) Elkargoaren zerbitzu guztiak erabiltzea, araudiak ezarritakoaren arabera.
e) Elkargoak ezartzen dituen kasuetan, aholkularitza juridikoa izatea lanbide-jardueraren ondorioz sortzen diren arazoetarako.
f) Elkargoaren berri jasotzea haren argitalpenen bidez (informazio-dokumentuak, buletinak, urtekariak, zirkularrak eta beste agiri batzuk), eta elkargoaren erregistroak eta liburu ofizialak eskuratzea.
g) Elkargoaren zereginetan parte hartzea, bai norberak erabakita, bai gobernu-organoek eskatuta.
h) Iradokizunak, eskaerak eta kexa-idazkiak aurkeztea gobernu organoetan.
i) Hitz egiteko eta botoa emateko eskubidea izatea elkargoaren batzarretan.
j) Elkargokideen ekimenez, elkargoko gobernu-organoetako titularrak zentsuraren bidez kargutik kentzea, estatutu hauetan ezarritakoarekin bat.
2.– Elkargokideek interes jakin batzuk ordezkatzen dituzten elkarteak sor ditzakete elkargoaren barruan.
12. artikulua.– Elkargokideen botoa.
Elkargoko kide guztiek botoa emateko eskubidea izango dute batzar eta hauteskunde guztietan, estatutuetan ezarritako prozeduraren arabera.
13. artikulua.– Betebeharrak.
Elkargoko kideek betebehar hauek dituzte:
a) Kazetaritza-lana egitea informazio-jardueren lanbideari dagokion etikaren arabera. eta sekretu profesionala gordetzea.
Elkargoak deontologia profesionaleko kodea ez daukan bitartean, erreferentziak bi kode hauek izango dira: Espainiako Kazetarien Elkarteen Federazioaren Deontologiako Kodea eta Kataluniako Kazetarien Elkargoaren Deontologiako Kodea.
b) Estatutuetan eta bere arauetan ezarritakoa betetzea eta batzarretan hartzen diren ebazpenak onartzea; dena dela, bidezko errekurtsoak aurkez daitezke, estatutuetan ezarritakoa urratzen bada.
c) Gobernu Batzordera azaltzea, dei egiten zaionean.
d) Helbidea edo lan-egoera aldatuz gero, horren berri ematea.
e) Ezarritako elkargo-kuotak ordaintzea.
14. artikulua: Elkargokide izaera galtzea.
Elkargokide izaera arrazoi hauengatik galduko da:
a) Heriotza.
b) Borondatezko baja (idatziz jakinarazi beharko da).
c) Elkargoaren kuotak egunean ez edukitzea. Elkargoan baja emango zaio modu sinesgarrian egiaztatu ondoren. Ordainketak egunean edukitzeko, kuotak eta derramak ordainduta eduki behar dira, gutxienez, aurreko urtearen amaierara arte.
d) Arau-haustea errepikatzen denean (15. artikuluan aurreikusitako kasuak).
4. KAPITULUA
DIZIPLINA ARAUBIDEA
15. artikulua.– Diziplinazko erantzukizuna.
Elkargokideak diziplina-erantzukizunaren menpean egongo dira, elkargokide gisa dauzkaten betebeharrak edo betebehar deontologikoak urratuz gero. Arau-hausteak astuntasunaren arabera tipifikatuko dira, eta dagokion diziplina-espedientea izapidetu ondoren zehapena jarriko da.
16. artikulua: Diziplina-eginkizuna betetzeko eskumena.
Gobernu Batzordeari dagokio diziplina-eginkizuna betetzea, eta elkargokideei zehapena jarri ahal izango die, haien jokabidea hurrengo artikuluan jasotzen diren arau-hausteetako bat dela irizten bada. Arau-haustea estatutu hauetan ezarritakoaren arabera izapidetuko da.
17. artikulua.– Arau-hausteak.
Arau-hausteak astuntasunaren arabera sailkatuko dira: arau-hauste arinak, arau-hauste astunak eta arau-hauste oso astunak. Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko profesionalen elkargoei buruzko araudian ezartzen dena aplikatuko da.
1.– Honako hauek dira arau-hauste arinak:
Estatutu hauetan ezarritako betebeharrak, erregelamenduaren arauak edo Batzar Nagusiak eta Gobernu Batzordeak sinatutako hitzarmenak betetzean arduragabekeriaz egiten diren ekintzak edo omisioak.
2.– Honako hauek dira arau-hauste astunak:
a) Elkargoaren betebeharrak modu nabarmenean ez betetzea dakarten ekintzak edo omisioak.
b) Kideei, elkargoaren ekonomiari edo izen onari eta kazetaritza-lanbidearen duintasunari kalte egiten dieten ekintzak edo omisioak.
c) Zehapena jaso duen arau-hauste arin bat berriz egitea.
3.– Honako hauek dira arau-hauste oso astunak:
a) Kazetaritzaren jardunean publizitate-jarduera bat nahita ezkutatzea.
b) Zehapena jaso duen arau-hauste astun bat berriz egitea.
18. artikulua.– Zehapenak.
1.– Arau-hauste arinak dekanoaren kargu-hartze pribatu batekin zigortu ahal dira, edo, bestela, idatzizko ohartarazpen bat egin ahal zaio, eta elkargokidearen espedientean jasota geratuko da.
2.– Arau-hauste astunak kargu-hartze publiko batekin zigortu ahal dira, edo bestela, elkargokidearen eskubideak etenda geratuko dira, urtebeteko epean, gehienez.
3.– Arau-hauste oso astunak elkargokidearen eskubideak etenda zigortu ahal dira, urtebete eta bost urte bitarteko epean. Arau-hauste oso astuna berriro eginez gero, elkargokide-izaera eten eta, are gehiago, elkargotik kanpo geratu ahal izango da.
19. artikulua.– Diziplina prozesua edo bermeak.
1.– Ezin daiteke zehapenik jarri, aurretik interesdunari entzunaldirako izapidea eskaini gabe.
2.– Diziplina-prozedura ofizioz has daiteke, edo bestela, salaketa edo jakinarazpen ez-anonimo baten ondorioz. Dekanoak, Gobernu Batzordearekin ados jarrita, espedientearen instruktore bat edo batzorde instrukzio-egile bat izendatuko du. Instrukzio-egileak aurretiazko diligentziak egitea erabaki dezake espedientea ireki baino lehen.
3.– Espedientearen instrukzioak egitean printzipio juridiko aplikagarriak bete behar dira beti, eta aipamen berezia egingo zaio entzunaldirako izapideari inplikatutako alderdien espedientean.
4.– Espedientearen azken ebazpena idatziz egin eta arrazoitu beharko da; horretaz gain, alderdi interesdunei jakinarazi beharko zaie.
5.– Ustezko arau-hauslea Gobernu Batzordeko kidea bada, ezin izango du parte hartu bere kasuari buruzko batzordearen eztabaidetan, ezta bozketetan ere.
20. artikulua.– Errekurtsoak eta preskripzioa.
1.– Edozein zehapenen aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da Gobernu Batzordearen aurrean. Bestalde, berraztertze-errekurtsoa 15 eguneko epean aurkeztu behar da, interesdunari jakinarazten zaion egunetik aurrera zenbatzen hasita; errekurtsoa ebazteko hiru hileko epea dago.
Korporazio-bidea amaituta, administrazioarekiko auzibidean errekurtsoa aurkeztu ahalko da Gobernu Batzordearen ebazpenaren aurka.
2.– Arau-hauste arinek egin direnetik urtebetera preskribatzen dute, arau-hauste astunek bi urtera, eta arau-hauste oso astunek hiru urtera.
3.– Arau-hauste oso astunak direla-eta ezarritako zehapenek jasrri direnetik hiru urtera preskribatzen dute; arau-hauste astunen ondoriozkoek, berriz, bi urtera, eta, azkenik, arau-hauste arinen ondoriozkoek, urtebetera.
4.– Honako une honetan hasten da zenbatzen, zehapena ez betearazteagatik, zehapenen preskripzio-epea: zehapena ezartzen duen ebazpena irmo izan eta biharamunean. Zehapena jaso duenak betetzeari uzten dion egunetik aurrera hasiko da zenbatzen preskripzio epea.
5. KAPITULUA
ELKARGOAREN GOBERNU ORGANOAK
21. artikulua.– Antolaketa.
1.– Hauek dira elkargoaren organoak:
a) Lehendakaritza organoa: dekanoa.
b) Gobernu-organoa: Gobernu Batzordea.
c) Osoko bilkuren organoa: Batzar Nagusia.
d) Lurraldeko osoko bilkura: eremua ordezkatzen duten batzarrak, lurralde historikoetako kideek osatutakoak.
Gobernu-organoaren kideak sufragio unibertsal, aske, zuzen eta sekretuaren bidez hautatuko dira. Pertsona bakoitzak zuzenean edo postaz eman dezake botoa.
22. artikulua.– Eremuak.
Kazetarien Euskal Elkargoak eremu hauek izango ditu: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa.
23. artikulua.– Gobernu batzordea: osoko bilkura eta batzorde iraunkorra.
– Gobernu Batzordea kargu hauek osatzen dute: Dekanoa, dekanordea, idazkaria, diruzaina eta, gutxienez, sei bokal. Karguek lau urteko iraupena dute eta estatutuetan ezarritakoaren arabera berrituko dira karguak. Gobernu Batzordeak erabakiak hartzeko, dekanoak, idazkariak (edo haiek ordezkatzen dituztenek) eta kideen erdiek egon beharko dute.
– Gobernu Batzordeak osoko bilkuran edo batzorde iraunkorrean egingo ditu bilerak.
– Osoko bilkura honako hauek osatzen dute: dekanoa, dekanordea/k, idazkaria, diruzaina eta bokalak.
– Batzorde iraunkorra honako hauek osatzen dute: dekanoa, idazkaria eta diruzaina.
– Edozein arrazoi dela-eta Gobernu Batzordearen kargu guztiak bete gabe geratzen badira, behin-behineko batzorde bat eratuko da, elkargoan antzinatasunik handiena duten kideek osatutakoa. Behin-behineko batzordeak, eratzen denetik egutegiko hogeita hamar eguneko epean, hauteskundeetarako deia egingo du, hutsik dauden karguak agintaldia amaitu arte betetzeko. Hauteskundeak egutegiko hogeita hamar eguneko epearen barruan egin behar dira, deialdia egiten denetik aurrera zenbatzen hasita.
Halaber, karguen erdiak edo gutxiago hutsik geratzen badira, behin-behineko karguak izenda daiteke eta geroago, hauteskundeak egingo dira karguak behin betiko betetzeko.
– Lurralde bakoitzeko osoko bilkura Gobernu Batzordeak eta lurralde historiko edo eremu bakoitzeko ordezkari batek osatutako dute. Lurralde edo eremu bakoitzak ordezkari bat izango du 50 elkargokide bakoitzeko.
– Batzar Nagusia elkargoko kide guztiek osatzen dute.
24. artikulua.– Gobernu batzordeko kideen eginkizunak.
1.– Hauek dira Gobernu Batzordearen eginkizunak: elkargoaren zuzendaritza, administrazioa eta gobernua; Batzar Nagusiaren eta lurraldeko osoko bilkuraren erabakiak bete eta betearaztea; elkargokideak babestea euren bidezko asmo profesionaletan eta elkargoaren funtsen inbertsioa ezartzea. Gobernu Batzordea bere erabakien aurka aurkezten diren berraztertze-errekurtsoez arduratuko da.
2.– Erabaki guztiak gehiengoz hartuko dira, eta dekanoaren botoak berdinketak desegiteko balioa izango du.
3.– Hauek dira dekanoaren eginkizunak: elkargoaren legezko ordezkaritza; Batzar Nagusiaren, Gobernu Batzordearen eta lurraldeko osoko bilkuretako burua izatea; lurralde batzarretako burua izatea; Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen erabakiak betearaztea, eguneko gai-zerrenda ezartzea eta, azkenik, bilkuren aktak ikuskatzea.
4.– Dekanordea dekanoaren ordez arituko da, baldin eta dekanoak kargua uzten badu, gaixotzen bada eta bere betebeharrak gauzatzeko gaitasunik ez badauka.
5.– Hauek dira idazkariaren eginkizunak: aktak idaztea eta sinatzea dekanoaren ikuskaritzapean; Gobernu Batzordearen, Batzar Nagusiaren eta lurraldeko osoko bilkuraren erabakiak betearaztea; elkartearen zigiluak, agiriak eta artxiboak zaintzea; dekanoarekin ados jarrita, bilkuren eguneko gai-zerrenda prestatzea; postaren erregistro-liburua egunean edukitzea eta, azkenik, elkargokideen erregistroa kontrolatzea.
6.– Hauek dira diruzainaren eginkizunak: elkargoaren ondarea zaintzea; antolaketari, kontabilitateari eta aurrekontuari buruzko aurreproiektua egitea; kontabilitatea kudeatzea; diru-sarreren ordainagiriak eman eta sinatzea; elkargokideei kuotak ordaintzeko eskatzea, eta hitzartutako ordainketak egitea.
7.– Bidezko denean, bokalak idazkariaren eta diruzainaren ordez aritu daitezke, hautagaitzan aurkeztu ziren hurrenkeraren arabera. Bokalek hitz egin eta botoa emateko eskubidea dute Batzordearen erabakiak hartzen laguntzeko, eta batzordeak agintzen dizkien funtzioak bete behar dituzte.
8.– Batzordeko kideek Euskal Kazetarien Elkarteak parte hartzen duen organoetako ordezkaritza lana beteko dute, betiere, eraginkortasun eta funtzionaltasunez esku hartu behar duten lan-batzordeetan; zeregin horretan bete beharreko helburua izango da kolektibo profesionalaren interesei ahalik eta ondoen laguntzea.
25. artikulua.– Lurraldeko osoko bilkuraren eginkizunak.
Lurraldeko osoko bilkurari dagokio proposamenak, jarduerak eta iradokizunak onartzea, gero Batzar Orokorrean aurkeztuko direnak.
26. artikulua.– Bileren maiztasuna.
1.– Gobernu Batzordea bi hilerik behin bilduko da, gutxienez, eta behar beste aldiz bilduko da dekanoak hala erabakitzen badu, kideen % 20k eskatuta. Gobernu Batzordeko kideei ohiko bilkurarako deia egingo zaie, eta eguneko gai-zerrenda bilkura egin baino 72 ordu lehenago, gutxienez, ezarri beharko du idazkariak, dekanoak aginduta. Gobernu Batzordearen bilkura ezarritako egunean eta orduan hasiko da, dekanoa eta idazkaria bertan badaude, edo, bestela, haiek ordezkatzen dituzten pertsonak; gainera, beharrezkoa da Batzorde horretako kideen erdiak gehi bat egotea.
Horrela ez bada gertatzen, Batzordeak ordu erdi geroago egingo gu bilera eta baliozko erabakiak hartuko ditu, nahiz eta kide-kopuru nahikorik ez egon. Dena dela, beharrezkoa da dekanoa eta idazkaria –edo, haien ordezkoak– eta kideen erdiak gehi bat egotea.
Larrialdi kasuetan, arrazoia behar bezala adierazita, Ezohiko Batzarra biltzeko deialdia egin ahal izango da; bilkura horren jakinarazpena egiteko ez dago eperik.
Gobernu Batzordeko kide bat, arrazoia behar bezala frogatu gabe, bost aldiz jarraian edo hamar aldiz (ondoz ondokoak izan gabe ere) ez bada bileretara bertaratzen, kargutik kendu ahal izango dute, eta erabakia hurrengo Gobernu Batzordean berretsiko da.
2.– Aurreko arrazoia edo besteren bat dela-eta bokal(ar)en, idazkariaren, dekanoaren, dekanorde(ar)en edo diruzainaren kargua hutsik geratuko balitz, estatutu hauetan ezarritakoarekin bat beteko lirateke.
3.– Zuzendaritza Batzordeak teknologia berrien bidez eta egokitzat jotzen diren baliabide teknologikoen bidez har ditzake erabakiak.
4.– Batzorde Iraunkorra izapideetarako edo larrialdi kasuetarako bildu ahalko da, eta bere kudeaketaren berri emango dio Gobernu Batzordeari, egiten den hurrengo osoko bilkuran.
5.– Gobernu Batzordeak bere kudeaketa-jardueren erantzukizun solidarioa du. Erantzukizun solidarioa, elkargoan kontuak eskatzeari dagokionez, funtzioak utzi eta hiru hilabetera iraungitzen da.Diruzainaren erantzukizuna iraungiko da baloreak eta kontabilitate itxia diruzain berriari behar bezala ematen dizkionean, bere ekitaldiko kontuen likidazioaren hurrengo batzarrean kontu eman ondoren.Hala ere, erantzukizun zibilak edo zigor-erantzukizunak eska daitezke Batzordearen eta hango kideen jardueren ondorioz.
Lurraldeetako osoko bilkurak hiru hilerik behin bilduko dira, gutxienez, dekanoak hala aginduta edo kideen herenek eskatuta.
27. artikulua.– Karguak uztea eta ordezkatzea.
1.– Dekanoak eta Gobernu Batzordeko kideek arrazoi hauengatik utzi beharko dute kargua:
a) Kargua hartzeko estatutuetan ezarritako baldintzak ez betetzea.
b) Izendatu edo hautatu ziren karguaren epealdia amaitzea.
c) Interesdunek uko egitea.
d) Arrazoia adierazi gabe bileratara bost aldiz jarraian ez joatea edo, bestela, hamar aldiz ez agertzea, ondoz ondokoak izan beharrik gabe.
e) Elkargoaren erroldan dauden kideen erdiek gehi batek onartutako zentsura-mozioa. Zentsura-mozioaren ekimena elkargokideen ehuneko hamarrek, gutxienez, aurkezteko diote Gobernu Batzordeari. Gobernu Batzordeak, hamabost eguneko epean, Ezohiko Batzarra biltzeko deia egingo du mozioaren inguruko erabakia hartzeko; aldeko erabakia gehiengo osoz hartuko da, hau da, eguneratutako erroldan inskribatuta dauden elkargokideen gehiengoz.
2.– Dekanordearen, idazkariaren eta diruzainaren karguak hutsik geratzen direnean, Gobernu Batzordeak bokal bat izendatuko du kargu horretan behin-behinean jarduteko, eta hurrengo batzarrean kargua nork beteko duen erabakiko da.
3.– Dekanoak dimisioa aurkezten badu, Gobernu Batzordeak hautatzen duen edo lehenagotik (hau da, Gobernu Batzordea eratu zenean) hautatuta zeukan dekanordeak ordeztuko du. Dekanoak dimisioa aurkezten badu bere agintaldiaren erdia igaro baino lehen, ordezpena Gobernu Batzordeko kideen gehiengo osoz berretsi beharko da, eta horretarako hiru hileko epea egongo da ordezpena gertatu denetik. Dimisioa agintaldiaren erdia igarota gertatzen bada, hauteskundeak egingo dira. Batzordearen erabakiz, hautatu den dekanoak hurrengo hauteskundeak egin arte egongo da karguan.
4.– Gobernu Batzordeko kideen erdiek gehi batek dimisioa aurkezten badute, hauteskunde partzialetarako deia egin beharko da Ezohiko Batzarrean. Kasu guztietan, dimisioa aurkeztu ez duten kideek euren funtzioak betetzen jarraituko dute kide berriek karguak hartu arte. Lurraldeetako ordezkarien bajak badira, lurralde batzarrak bildu beharko dira.
5.– Gobernu Batzordeko kideren batek dimisioa eman badu hauteskundeetara berriro aurkeztu delako, gaixotasunagatik edo bertaratzea eragozten duen edozein arrazoi dela eta, beheragoko aurreko karguak edo kideak ordeztuko du, estatutu hauetan ezarritako lehentasun-hurrenkeraren arabera.
28. artikulua.– Ohiko batzar nagusia.
1.– Ohiko Batzar Nagusia urtean behin egingo da, lehenengo seihilekoaren barruan. Batzordeak bere kudeaketaren eta mugimendu ekonomikoen berri emango du. Batzar Nagusia eratuko da eta erabakiak hartuko ditu lehenengo deialdian, elkargokideen erdiak gehi bat bertaratuta, eta bigarren deialdian elkargokideen ehuneko bost bertaratuta. Bigarren deialdia egun berean eta ordu erdi geroago egingo da, batzordeko burua eta idazkaria (edo haiek ordezkatzen dituztenak) eta kideen erdiak gehi bat bertan badaude.
2.– Quorum nahikorik ez badago, Gobernu Batzordeak beste batzar baterako deia egin beharko du, gehienez 30 eguneko epean. Bigarren deialdi horretan ere ez bada lortzen elkargokideen erdiak gehi bat egotea, batzarra bertaratu diren kideekin egingo da eta erabakiak gehiengoz hartuko dira. Bozketa zuzena izango da eta parte hartzaileetako edozeinek eskatuz gero, sekretua izango da; halaber, beharrezkoa da burua eta idazkaria (edo haiek ordezkatzen dituztenak) eta kideen erdiak gehi bat bertan egotea.
Gobernu Batzordeak Ohiko Batzar Orokorrerako deia egingo die elkargokideei, idatziz eta egutegiko 20 egun lehenago, gutxienez.
Ohiko Batzar Nagusia dekanoaren edo Gobernu Batzordeak zentsura-mozioa dela-eta egiten bada, beharrezkoa izango da elkargokideen erdiak gehi bat egotea. Mozio-zentsura eguneko gai-zerrendan sartzeko, beharrezkoa izango da eskaera elkargokideen % 25ek, gutxienez, sinatzea; kide horiek elkargoan hiru hilabeteko antzinatasuna, gutxienez, izan beharko dute. Eskaera horretan argi eta garbi adierazi behar dira mozio-zentsuraren arrazoiak eta oinarriak, eta erabakiak bertaratutako kideen gehiengo osoz hartu beharko dira.
Ohiko Batzar Nagusiaren eskumen esklusiboak:
a) Gobernu-organoaren eta dekanoaren kudeaketa onartzea.
b) Gobernu Batzordeari baimena ematea elkargoaren ondasun higiezinak saltzeko.
c) Elkargoaren estatutuak, deontologiako arauak eta araudiak onartu eta berritzea.
d) Gobernu Batzordeko karguak eta dekanoa hautatzea eta zentsura mozioaren bidez kargutik mugiaraztea.
e) Elkargoaren aurrekontua eta kontuak onartzea.
29. artikulua.– Ezohiko batzar nagusia.
1.– Gobernu Batzordeak Ezohiko Batzar Orokorrerako deia egingo die elkargokideei, idatziz eta egutegiko 15 egun lehenago gutxienez.
2.– Ezohiko Batzar Nagusia bil daiteke Gobernu Batzordeak egokitzat jotzen duenean, elkargokideen % 20k eskatzen dutenean, edo profesionalen % 10ek idatziz (eskaeraren arrazoia adierazita) dekanoari eskatzen diotenean. Ezohiko Batzar Nagusia bi hileko epean, gehienez, egin beharko da. Kasu guztietan, beharrezko kide-kopurua, gutxienez, elkargokideen % 10 izango da, eta beharrezkoa da burua eta idazkaria (edo haiek ordezkatzen dituztenak) eta kideen erdiak gehi bat egotea.
3.– Kide-kopuru hori lortzen ez bada, gehienez 30 eguneko epean beste batzar baterako deialdia egin beharko da. Beste deialdi horretan ere ez bada lortzen gutxieneko kide-kopurua egotea, batzarra bertaratu diren kideekin egingo da eta erabakiak gehiengoz hartuko dira. Ezohiko Batzar Nagusia egin baino hilabete lehenago aurkeztuko dira proposamenak, eta elkargokideek haien berri izan beharko dute batzarra egin aurreko hamar egunetan. Presazko kasuetan, Batzordeak epe laburragoak jar ditzake. Bertaratu den kide bakoitzak bi elkargokidek, gehienez, eskuordetutako botoak eman ditzake.
4.– Ezohiko Batzar Nagusiak unean-unean erabakiak hartuko ditu Kazetarien Euskal Elkargoarekin, bere kideekin edo kolektibo osoarekin zerikusia duten alderdiei buruz. Profesional gisa aritzeko oinarrizko egoera edo edukiari dagokionez, estatutu hauetan berariaz araututa ez dagoen guztian, Ezohiko Batzar Nagusia bilduko da erabakiak behar bezala hartzeko; hala ere, gai horiek Ohiko Batzar Orokorrean landu ahal dira, denboran batzar biek bat egiten badute.
5.– Ezohiko Batzar Nagusia dekanoaren, Gobernu Batzordearen edo kideren baten zentsura-mozioa dela-eta egiten bada, beharrezkoa izango da elkargokideen erdiak gehi bi egotea. Mozio-zentsura eguneko gai-zerrendan sartzeko, beharrezkoa izango da eskaera elkargokideen % 25ek, gutxienez, sinatzea; kide horiek gutxienez hiru hilabeteko antzinatasuna izan beharko dute elkargoan . Mozio-zentsuraren eskaeran argi eta garbi adierazi behar dira mozio-zentsuraren arrazoiak eta oinarriak. Erabakiak gehiengo osoz hartuko dira.
30. artikulua.– Lurralde organoak.
Lurralde bakoitzeko batzarra lurralde historiko edo eremu bakoitzeko elkargokideek eta elkargoko dekanoak osatutako dute. Lurraldeetako batzarrak Gobernu Batzordearen erabakiz bilduko dira, lurraldeko osoko bilkurako kideek eskatzen dutenean, edo lurralde horretan inskribatuta dauden elkargokideen % 20k idatzizko eskaera aurkezten badute Gobernu Batzordean.
Lurraldeetako batzarrei dagokie lurraldeko osoko bilkurako kideak hautatzea, lurraldeko elkargokideen arazo, eskaera edo proposamenak eztabaidatzea eta, azkenik, erabakiak hartzea, gero lurraldeko ordezkariek Gobernu Batzordean aurkezteko.
6. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
LEHENENGO ATALA
ELKARGOAREN BALIABIDEAK
31. artikulua.– Ohiko baliabideak.
Hona hemen elkargoaren organoek prestasunez kudeatu behar dituzten ohiko baliabideak:
a) Kazetarien Euskal Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideek sortzen dituzten etekin ekonomikoak.
b) Elkargokidea izateko eskubideak.
c) Egiaztagiriak eta txartelak emateko eskubideak.
d) Txostenak, irizpenak eta azterlanak egiteagatik eta gobernu-organoek egindako zerbitzuengatik ordainduta lortzen diren eskubideak. Elkargoak egiten dituen txostenak eta irizpenak ez dagozkie elkargokideei.
e) Elkargokideen kuota finkoak eta ezar dakizkiekeen aparteko kuotak.
f) Kuotaren osagarri bereziak, elkargokideei zerbitzu jakin batzuen ordain gisa ezartzen zaizkienak.
g) Legez ezartzen den eta dagozkion organoek onartu beharko duten beste edozein kontzeptu.
32. artikulua.– Aparteko baliabideak.
Hona hemen elkargoaren organoek kudeatu behar dituzten aparteko baliabideak:
a) Elkargoak onuradun gisa jaso dituen edo jabe legitimo gisa dauzkan diru-laguntzak, dohaintzak, jarauntsiak eta legatuak.
b) Kazetarien Euskal Elkargoaren ondarearen ondasunen salmentaren emaitzak.
c) Elkargoaren zorpetzea dela-eta elkargoak jasotako diru-sarrerak, Gobernu Batzordean edo Batzar Nagusian behar bezala onartutakoak.
d) Kazetarien Euskal Elkargoak, aldi baterako edo betiko enkargu bat dela-eta, ondasun edo errenta jakin batzuk administratzeagatik jaso beharko lituzkeen diru-kopuruak.
e) Legez ezarritako beste edozein baliabide edo ondasun.
f) Aldian-aldian jasotzen diren kuoten zenbatekoa Gobernu Batzordeak ezarri eta Batzar Nagusiak berretsiko du.
Aparteko kuotak ere Batzar Nagusian onartu behar dira.
33. artikulua.– Ondarea.
1.– Kazetarien Euskal Elkargoaren ondarea Gobernu Batzordeak administratu beharko du.
2.– Gobernu Batzordeak dagokion erabakia hartuko du diruaren gordailuari edo zaintzari buruz.
3.– Kazetarien Euskal Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasunak Gobernu Batzordeko diruzainak jasoko ditu inbentario batean. Gobernu Batzordeak zehaztuko du inbentarioak nolako egitura izan eta zein datu jaso behar dituen.
34. artikulua.– Desegitea eta likidazioa.
Kazetarien Euskal Elkargoa desegin edo iraungi ahal izango da, kideen hiru laurdenek hala erabakitzen badute beren-beregi egindako Ezohiko Batzar Orokorrean.
Elkargoa desegin edo iraungi dela jakinarazten duen erabakiak dagokiona adierazi beharko du ondarearen likidazioaren inguruan, eskubide eta betebeharren oinordetzaren eta ahalmen eta eskumen administratiboen amaieraren edo lagapenaren inguruan.
35. artikulua.– Ondasunen erabilera elkargoa desegiten bada.
Kazetarien Euskal Elkargoa desegiten bada, batzorde likidatzaile bat eratuko da, eta, zorrak ordaindu ondoren soberako ondasunak edo baloreak geratzen badira, batzorde horrek erakunde ordezkatzaileei adjudikatuko dizkie, edo kazetarien gizarte-aurreikuspeneko erakundeei edo ongintzazko erakundeei (kazetarien lurralde-eremukoak), edo, bestela, ondarea salduko du eta zati alikuotak elkargokideen artean banatuko ditu.
BIGARREN ATALA
AURREKONTU ARAUBIDEA
36. artikulua.– Urteko aurrekontua.
Kazetarien Euskal Elkargoaren aurrekontua bere organoek egin behar dituzten gastuak zifra bidez adierazten dituen zenbateko bateratua eta sistematikoa da, bai eta dagokion ekitaldian jasotzea aurreikusten diren baliabide ekonomikoak adieraztekoa ere.
37. artikulua.– Aurrekontu ekitaldia.
Aurrekontu ekitaldia urte naturalarekin bat etorriko da. Ekitaldian jasoko diren diru-sarrera guztiak sartzen dira aurrekontuan, bai eta ekitaldian bete behar diren ordaintzeko betebeharrak ere, gastuen nahiz inbertsioen ondoriozkoak.
38. artikulua.– Aurrekontuaren osaera eta edukia.
1.– Organo bakoitzaren aurrekontuak zati bi dauzka: bata, elkargoaren jarduerak, eta bestea, ondarearen eta eskubideen ustiapena.
Aurrekontu bakoitzak hauek jasoko ditu:
a) Ekitaldian konprometituko diren gastuen zerrenda.
b) Ekitaldian konprometituko diren inbertsioen zerrenda.
c) Ekitaldian jasoko diren diru-sarreren zerrenda.
2.– Aurrekontuek orekatuak izan behar dute gastu eta baliabide ekonomikoei dagokienez.
Ezin da zorpetze-eragiketarik egin, behar bezala arrazoitu eta frogatutako salbuespenetan izan ezik; salbuespen egoera horiek onespena jaso beharko dute Gobernu Batzordean eta Batzar Nagusian.
39. artikulua.– Aurrekontuaren egitura.
1.– Gobernu Batzordeak ezarriko du Kazetarien Euskal Elkargoaren egitura, zerbitzuen antolaketa eta aurrez ikusitako mugimendu ekonomikoen izaera eta helburuak kontuan hartuta.
2.– Kredituak hiru multzotan sailkatuko dira:
a) Organikoa: kredituak zerbitzuen organigramaren arabera biltzen dira.
b) Funtzionala: kredituak egingo diren jardueren arabera banatzen dira.
c) Ekonomikoa: gastu arruntak, inbertsio errealak eta finantza-aktibo eta finantza-pasiboen aldaketak. Inbertsioak, dagokien zerbitzua gorabehera, aurrekontu globalean bilduta agertzen dira.
3.– Diru-sarreren egoerak estatutu hauetako 28. eta 29. artikuluetan zehazten diren kontzeptuak bereizten ditu.
40. artikulua.– Aurrekontua egin eta onesteko faseak.
1.– Diruzainak Kazetarien Euskal Elkargoaren aurrekontuen oinarriak, edukia eta gidalerroak ezarriko ditu.
2.– Gobernu Batzordeak aurrekontu proiektua egingo du, egoki eta beharrezkotzat jotzen diren diru-sarrerak eta gastuak kontuan hartuta.
3.– Organoen aurrekontua, Gobernu Batzordeak egindako proiektuan oinarrituta, Batzar Nagusian aurkeztuko da, aurrekontua garatuko den urtea amaitu baino lehen. Batzar Nagusiak onartu beharko du Kazetarien Euskal Elkargoaren aurrekontu finkatua, legezkotasun-akatsik ez badago.
Aurrekontuei agiri hauek erantsiko zaizkie:
a) Indarreko aurrekontuaren edukiari eta aldagai nagusiei buruzko azalpen-txostena.
b) Indarreko aurrekontuaren diru-sarrera eta gastuei buruzko egoera.
c) Ekonomia eta finantzako txostena.
41. artikulua.– Aurrekontuaren luzapena.
1.– Ohiko Batzar Nagusiak Kazetarien Euskal Elkargoaren aurrekontua onartzen ez badu, Gobernu Batzordeak Ezohiko Batzar nagusirako deialdia egin beharko du. Deialdia egin eta, estatutuen arabera, batzarrean kide-kopuru nahikorik ez badago, ez lehenengo deialdian, ez bigarren deialdian ere, Gobernu Batzordeak berak erabaki beharko du.
2.– Ekitaldiko lehenengo egunean aurrekontua onartuta ez badago, aurreko urteko aurrekontuak indarrean jarraituko du aurrekontu berria onartu arte, oinarrizko arau hauekin bat etorrita:
a) Gastuen luzapena egingo da hilabete naturaletan eta dagozkien kredituen ehuneko 50aren hamabirenetan, partida hauei dagozkien gastuak izan ezik: langileak, ohiko funtzionamendua, interesak eta amortizazioak (gastu horien luzapena kreditu guztietan egingo da).
b) Luzatzen den aurrekontuaren ekitaldian agortzen diren partidei dagozkien gastuetarako kredituei ez die eraginik ekarriko luzapenak.
42. artikulua.– Aurrekontu partiden arteko transferentziak.
Gobernu Batzordeak, aurrekontu ekitaldiaren barruan, partiden arteko transferentziak egitea erabaki dezake, eta berariaz egindako Ezohiko Batzar Nagusian onartu beharko dira, transferentzia kapitaleko partidetatik gastu partidetara egiten denean izan ezik.
43. artikulua.– Aurrekontu partidak gaitzea eta transferentziak.
Gobernu Batzordeak aurrekontu-partidak gaitu edo dauden aurrekontu-partiden zuzkidurak handitu ahal ditu aurrekontu ekitaldian. Horretarako, baldintza hauek bete behar dira:
a) Gastu-partida biren edo gehiagoren arteko transferentziak izatea.
b) Kapitaleko partida biren edo gehiagoren arteko transferentziak izatea.
c) Gaitu behar diren partidak gastu-partida edo inbertsio-partida berriak izatea, edo dauden partidak handitzea, oso-osorik finantzatu badira ekitaldiko diru-sarrerekin, eta diru-sarrera horiek aurrekontuan ez badira aurreikusi. Partidak ezin daitezke gaitu edo handitu funtsak erabilgarri daudelako ziurtasuna eduki arte. Beste kasu batzuetan, Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia egingo beharko du.
44. artikulua.– Urte anitzeko gastuak.
Urte anitzeko gastuak baimendu daitezke, baldin eta gastua ekitaldi berean gauzatzen hasten bada eta dagokion zatia urteko aurrekontuan jasota badago.
45. artikulua.– Likidazioa.
1.– Urtero, ekainaren 30a baino lehen, Kazetarien Euskal Elkargoaren Ohiko Batzar Nagusia bilduko da, eta bertan, Gobernu Batzordeak aurrekontuaren likidazioa eta balantzea aurkeztuko ditu, bai eta aurreko urteko abenduaren 31ko diru-sarreren eta gastuen kontu bateratua ere. Dokumentazioarekin batera, txosten ekonomikoa eta Gobernu Batzordeak egokitzat jotzen dituen agiriak ere aurkeztuko dira.
2.– Elkargokideek, zentsuaren ehuneko 5en izenean, gutxienez, eskaera zehatza eta argia egin ahalko dute ekitaldi ekonomikoaren edozein daturi buruz. Eskaera batzarra egin baino 48 ordu lehenago aurkeztu behar da.
3.– Batzar Orokorrean, Gobernu Batzordeak defizita edo superabita (halakorik badago) aplikatzeko proposamena aurkeztuko du, hurrengo puntuetan esandakoaren arabera:
a) Kontabilitateko egoera-orri bateratuak egiteko, diruzainak likidazio bateratua prestatuko du, bai eta diru-sarrera eta gastuen balantze eta kontu bateratua ere; ondoren, Gobernu Batzordeari aurkeztuko dizkio aztertu eta auditoretza egin dezan, eta azkenik, Ohiko Batzar Nagusian haien berri eman ditzan.
b) Aurrekontuaren likidazioaren ondorioz superabita egongo balitz, honela aplikatuko litzateke:
– Superabita aparteko jarduketa batera pasatuko litzateke, likidazioaren ekitaldiko aurrekontuaren kargura egin beharreko gastuak finantzatzeko.
– Superabita korporazioaren gizarte-funtsera pasatuko litzateke, likidatu den aurrekontuaren diru-sarrera gisa.
c) Defizita egongo balitz, gizarte-funtsera pasatuko litzateke.
46. artikulua.– Kreditu-eragiketak.
Gobernu Batzordeak beharrezkotzat jotzen dituen kreditu eragiketak hitzartzeko ahalmena dauka, jarduketen epea hasitako urteko abenduaren 31 baino lehenagokoa bada. Epe luzeagoko kreditu eragiketak egiteko, Gobernu Batzordeak Ezohiko Batzar Nagusirako deialdia egin beharko du, kredituaren kapital osoa urte horretako helburuko organo eta/edo zerbitzurako aurrekontuaren ehuneko 25etik gorakoa denean.
47. artikulua.– Ondarearen ustiapena.
Aurreko artikuluetan xedatutakoari dagokionez, kanpo geratzen dira elkargo profesionalaren berezko jarduerei ez dagozkien eragiketa ekonomikoak. Hemen aipatzen diren jarduerak, elkargoaren ondarearen ustiapenari buruzkoak, alegia, geroagoko araudi batean jasoko dira. Araudi hori Ezohiko Batzar Nagusian onetsi beharko da.
HIRUGARREN ATALA
ELKARGOAREN KUDEAKETA EKONOMIKOAREN KONTROLA
48. artikulua.– Kontu-hartzea.
1.– Hauek dira kontu-hartzearen funtzioak:
a) Diru-sarrera edo gastua baimentzen duten agirien eta egintzen aurretiazko kontu-hartzea.
b) Ordainketaren kontu-hartze formala.
2.– Material inbentariaezinen gastuek, ezta aldizkako eta segidako gastuek ere, ez dute aurretiazko kontu-hartzerik izango, egintza edo kontratuaren hasierako aldiari dagokion gastuaren kontu-hartzea egin eta gero.
3.– Gobernu Batzordeak, bere erantzukizunpean, administrazio zerbitzuei eskuordetu ahal izango dizkie kontu hartzeko egintzak eta ordainketa egintzak, hain zuzen ere, material inbentariaezinen gastuei eta aldizkako eta segidako gastuei dagozkienak, edo, oro har, Gobernu Batzordeak unean-unean ezartzen duen zenbateko zehatz bateko eragiketa ekonomikoak eskuordetu ahal ditu. Eskuordetze hori dagokion notario-ahalordearen bidez egingo da, hala suertatzen bada. Ahaldundutako pertsonak edo pertsonek aldian-aldian bere kudeaketaren berri emango diote diruzainari, eta azken horrek, dokumentazioa aztertu ondoren, Gobernu Batzordeari emango dio informazioa.
49. artikulua.– Kontabilitatea.
1.– Kazetarien Euskal Elkargoa lege-antolamenduak elkargo profesionalentzat ezartzen duen kontabilitate-araubidearen pean egongo da, elkargo profesionalak zuzenbide publikoko erakundeak baitira. Kontabilitateko Plan Orokorrak eta beste agindu aplikagarri batzuek ezartzen dituzten kontuak eta liburuak egin beharko dira.
2.– Kontabilitateak bateratua izan beharko du, eta Kazetarien Euskal Elkargoaren organoei eta haren ustiapen ekonomikoei dagozkien kontabilitateak jaso beharko ditu.
3.– Urtero egoeraren balantzea eta diru-sarrera eta gastuen kontua itxiko dira, eta Batzar Orokorrean aurkeztuko dira aurrekontuaren likidazioarekin batera. Egoeraren balantzeak eta diru-sarrera eta gastuen kontuak modu frogagarrian jaso beharko dituzte aktibo, pasibo, gastu eta diru-sarrera guztiak, bai eta Kazetarien Euskal Elkargoari eragiten dioten gorabeherak ere. Diru-sarrera eta gastuen sailkapenak bat egin beharko du aurrekontuen sailkapenarekin.
50. artikulua.– Auditoretzak.
– Urtero-urtero, Kazetarien Euskal Elkargoaren kontabilitateko egoera bateratuen (aurreko urteko abenduaren 31tik aurrerakoak) auditoretza bat aginduko du Gobernu Batzordeak. Auditatu direnak Batzar Nagusiak onetsi beharko ditu.
– Kontu-auditorerik izendatzen ez bada, Gobernu Batzordeak, elkargoaren funtsen kontura, auditore bat izendatu ahal izango du aurreko ekitaldiko kontuak berrikusteko. Izendapen horretarako eskaera elkargokide guztien % 10ek sinatu beharko dute. Aipatutako eskaera berrikusiko den ekitaldia itxi eta hurrengo hilabetean aurkeztu beharko da.
LAUGARREN ATALA
ELKARGOKO LANGILEAK
51. artikulua.– Kontratazioa eta eginkizunak.
Gobernu Batzordeak elkargoan lan egiten duten administrazioko langileak kontratatzen ditu eta haien eginkizunak ezartzen ditu. Langileen organigrama, eginkizunak eta ordainsariak ekitaldi bakoitzerako onetsi beharko dira, ohiko aurrekontuetan sartuz.
7. KAPITULUA
HAUTESKUNDEAK
52. artikulua.– Hauteskunde sistema, prozedura eta araubide orokorra.
Lau urterik behin egingo dira hauteskundeak, dekanoa, Gobernu Batzordeko kideak eta lurraldeko osoko bilkurako ordezkariak hautatzeko, estatutu hauetan jasotzen den hauteskunde-araubideari buruzko araudiaren arabera. Gobernu Batzordeak egingo du hauteskundeetarako deialdia,hauteskundeen eguna baino bi hilabete lehenago. Karguak lau urterako izango dira. Kargu guztiak (berriro aurkeztu eta hauta daitezke, denbora-mugarik gabe. Dena dela, dekanoaren karguak muga bat dauka: gehienez, bi agintaldi jarraian.
Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko sistema zerrenda irekiak dira, hau da, ordezkaritza proportzionaleko hauteskunde-sistemaren aldaera bat; horrela, hautesleek hautagaiak bozkatzen dituzte, zerrenda osoa bozkatu beharrik gabe. Beste modu batez esanda, elkargo barruko erantzukizuneko karguak banatzen dira norbanakoak lortzen duen boto-kopuruaren arabera.
Hauteskundeetarako deialdia egiten denean, hautagai-zerrenda osoa aurkezten da (hautagaiak Gobernu Batzordeko kargu guztietarako).
Kargu guztietarako zerrenda bateratuan, hautagai-kopurua ezin da izan ordezkari-kopurua (dekano bat, dekanorde bat, idazkari bat, diruzain bat eta sei bokal) baino handiagoa. Hautagaiak hautagaitza bakar batean baino ezin daitezke sartu.
Zerrenda bateko hautagai guztiak bozka daitezke, zerrendaren hurrenkerari eragin gabe, guztiek boto bat jasotzen baitute; gainera, zerrenda desberdinetako hautagaiak bozkatu daitezke.
Hauteskunde-agintaritzak egiaztatzen du hautagai guztiek estatutu hauetan ezarritako legezko baldintzak betetzen dituztela; horren ondoren, hautagaitzak onartzen dira eta boto-txartel bat egiten da aurkeztutako hautagaitza guztiekin, zozketa bidez ordenatuta. Hauteskundeen egunean, boto-emaileak kargu bakoitzerako nahi duen hautagaia adierazi besterik ez du egin behar.
53. artikulua.– Hautagarritasuna eta hautesle izaera.
1.– Zuzenbide osoko elkargokide guztiak izan daitezke hautesleak, eta horretarako beharrezkoa da, gutxienez, hiru hilabeteko antzinatasuna edukitzea hauteskundeetarako deialdia egiten denean, eta elkargokide gisa dituzten betebeharrak (betebehar ekonomikoak barne) egunean edukitzea.
2.– Karguetarako hautatutako pertsonek ez dute ordainsaririk jasoko, eta karguek ez diete gasturik ekarriko. Dekano-kargurako hautagaia izateko, beharrezkoa da elkargokideak lanbidean jardunean egotea, elkargo profesionalei buruzko Estatuaren 2/1974 Legearen 7/1 artikuluaren arabera, eta gutxienez 4 urteko antzinatasuna edukitzea elkargokide gisa hauteskundetarako deialdia egiten denean.
54. artikulua.– Hautaezintasunerako arrazoiak.
Honako hauek ezin daitezke hautesleak izan:
1.– Aurreko artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez dituztenak.
2.– Gobernu Batzordeko kideak izanda, hauteskunde-prozesuaren aurretik kargua utzi ez duten hautagaiak. Hala ere, hori ez da kontuan hartuko elkargoaren lehenengo hauteskundeak egiten direnean.
3.– Diziplinako arau-hausteak direla-eta elkargoren zehapena izan dutenak, hain zuzen ere, arau-hauste arinak azken bi urteotan, edo arau-hauste astunak azken lau urteotan edo arau-hauste oso astunak azken sei urteotan.
4.– Elkargoaren kuotak egunean ez dauzkatenak. Ordainketak egunean edukitzeak esan nahi du hauteskundeetarako deialdiaren aurreko urteko kuota guztiek, gutxienez, ordainduta egon behar dutela.
5.– Hauteskundeetarako deialdiaren aurreko 8 urteetan jarraian Gobernu Batzordeko kide izan direnak. Debekatuta dago bi agintalditan jarraian aurkeztea, dekano-kargurako izan ezik; dekano-kargua gehienez 8 urterako izan daiteke, eta kargu horretara aurkeztu aurreko zortzi urteetan Gobernu Batzordeko beste kargu batzuetan egon direnak ere hautagaiak izan daitezke.
55. artikulua.– Deialdia eta hauteskunde prozesua.
1.– Hauteskunde-deialdia Gobernu Batzordeak egingo du, hauteskundeetarako ezarritako eguna baino bi hilabete lehenago. Deialdia egin eta hurrengo bost egunetan, idazkariak jendaurrean jarri beharko du hauteskunde-deialdia. Deialdian hauek adierazi behar dira:
a) Hautatuko diren karguak eta hautatua izateko baldintzak (antzinatasuna eta egoera elkargokide gisa).
b) Hauteskunde-prozesuaren egutegia: hauteskundeen eguna, tokia eta ordua, eta boto-zenbaketa egiteko itxiera-ordua.
c) Botoa postaz emateko betekizunak.
d) Hautesleen zentsua hurrenkera alfabetikoaren arabera, eta erreklamazioak aurkezteko prozedura eta epeak.
e) Hauteskunde Batzordearen izendapena. Sortzen den Gobernu Batzordeko hiru kidek osatuko dute, baina ezin daitezke hautagaiak izan deitutako hauteskundeetan; bestela, elkargoan antzinatasun handiena duen kideak, elkargokide zaharrenak eta elkargokide gazteenak ordezkatuko dituzte.
f) Gobernu Batzordea eta Lurraldeko Osoko Bilkura eratzeko prozedura eta data.
2.– Dekano-kargurako hautagaiak aurkezteko, gutxienez elkargokideen % 5en babesa behar da. Dena dela, hori ez da beharrezkoa izango elkargoaren lehenengo hauteskundeetan. Hautagaitza bakarra aurkezten bada, ez da bozketarik egin beharrik izango postuak betetzeko, eta zuzenean hautagaitza hori izendatuko da. Gobernu Batzordeak hautagaitzan ezarri diren postuak beteko ditu.
3.– Dekano-kargurako hautagaitzak aurkezteko epean ez bada inor aurkezten, beste hauteskunde-aldi bat hasiko da, lehenengoaren iraupen berdinekoa, eta kasu horretan ere ez balitz inor aurkeztuko, Ezohiko Batzar Nagusia egin beharko litzateke egoerari buruzko erabakia hartzeko.
4.– Dekanoa edo Gobernu Batzordeko kideren bat hauteskundeetara aurkezten badira, lehenagotik zeukaten kargua utzi beharko dute, eta kargu berria hartu arte honela ordeztuko dira: dekanoa dekanordeak ordeztuko du, eta horiek biak ere aurkezten badira hauteskundeetara, Gobernu Batzordeko idazkariak ordeztuko du, eta berdin jokatuko da hurrengoekin. Dena dela, ez da horrela egingo elkargoaren lehenengo hauteskundeetan.
5.– Elkargokide batek ezin ditu hautagaitza bi aurkeztu, ezta hautagaitza bi horietan egon ere.
56. artikulua.– Hautagaitzak aurkeztu eta jakinaraztea.
Gobernu Batzordeak hautagaitzak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo hamar egunetan jakinaraziko du nork betetzen dituen legezko baldintzak. Hori egin bezain laster, elkargoaren iragarki-taulan jarriko du eta interesdunei jakinaraziko zaie.
57. artikulua.– Hauta daitezkeen karguak.
Elkargoaren zuzendaritza organoen osaera hauteskundeen emaitza izango da. Kargu bakoitza lau urterako da. Kargu guztiak hauta daitezke berriro, estatutu hauetan ezarritako salbuespenekin. Dekanoa eta Gobernu Batzordeko kideak Batzar Nagusiak hautatuko ditu, bozketa aske eta sekretuaren bidez.
58. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea.
Elkargoaren gobernu-organoetarako hautagaitzak Gobernu Batzordean aurkeztuko dira hautagaitza osatzen duten guztien sinadura eta baimenekin.
Hautagaitzak Gobernu Batzordean aurkezteko epea hauteskundeak egin baino 20 egun lehenago amaituko da.
59. artikulua.– bozketak.
1.– Bozketa zuzena eta sekretua izango da. Elkargokide bakoitzak boto bat emateko eskubidea du, kontuan hartuta demokrazian herritar bakoitzak boto bat emateko eskubidea duela eta botoa pertsonala dela. Elkargokide bakoitzak botoa eman aurretik egiaztatu behar du bere identitatea. Hautagaiek hauteskunde prozesurako artekariak egiaztatu ahal dituzte, hauteskunde-araubidearen prozeduraren eta araudiaren arabera.
2.– Hauteskundeak egiteko, Hauteskunde Mahaia eratuko da, elkargokideen artean zozketa bidez izendatutako hiru kidek osatutakoa; kide horietako zaharrena presidentea izango da, eta gazteena idazkaria. Hautagai bakoitzak artekari bat edo batzuk izendatu ahal ditu elkargokideen artean, hauteskundeetako jarduketetan bere ordezkari aritzeko.
3.– Bozketak Gobernu Batzordeak ezarritako eta beren-beregi iragarritako egunean eta orduan egingo dira. Hauteskunde Mahaia eratuta, presidenteak jakinaraziko du bozketa zer ordutan hasi eta amaituko den, aurretik deialdian ezarritakoarekin bat etorrita.
4.– Hautesle-errolda osatzen duten elkargokide guztiek daukate botoa emateko eskubidea. Elkargokideek postaz eman dezakete botoa, arau hauekin bat:
a) Gutun-azal bakoitzaren kanpoaldean deialdiaren arrazoia adierazi behar da: «Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoa eta Gobernu Batzordea izendatzeko hauteskundeak». Gutun-azala, ondo itxi ondoren, beste gutun-azal batean sartu behar da NANaren edo elkargokide-txartelaren fotokopiarekin batera; bigarren gutun-azal horren kanpoaldean boto-emailearen izena idatzi behar da, eta gutun-azalaren itxituraren ertzean boto-emailearen sinadura. Gutun-azalak, sinesgarritasuna ematen duen edozein bide erabilita, hauteskunde mahaira heldu behar du hauteskundeen eguneko eguerdiko 12ak baino lehen.
b) Hauteskunde-aldi osoan, posta bidezko botoen gutun-azalak (ondo itxi ondoren, beste gutun-azal batean sartzen dira eta bigarren gutun-azal horren kanpoaldean boto-emailearen izena eta sinadura egon behar dira, identitatea egiaztatzeko eta boto sekretua mantentzeko) onartuko ditu idazkariak, eta boto-emailea hautesle-erroldan dagoela eta sinadura benetakoa dela egiaztatuko du. Behar bezala aurkeztu diren gutun-azalak idazkariak zainduko ditu hauteskunde mahaira bidali arte. Gutun-azal horietan, boto emailearen izenaz eta sinaduraz gain, zehaztapen hauek egon behar dira ondo ikusteko moduan: «Posta bidezko botoak», «Dekanoa eta Gobernu Batzordea izendatzeko hauteskundeak». Hautesle-erroldan ez dauden elkargokideen posta bidezko botoak, identifikatu ezin direnak eta Gobernu Batzordearen iritziz sinadura zuzenik ez dutenak baliogabeak izango dira.
c) Boto pertsonalak eman ondoren, postaz jaso diren botoak dagokion hautetsontzian sartuko dira; boto bikoiztuak, arau hauek betetzen ez dituztenak eta aurretik boto pertsonala eman duten elkargokideenak baliorik gabe utziko dira.
d) Boto-zenbaketa publikoa izango da eta zuzenean eta ahoz egin beharko da, boto-txartelak ateraz eta boto bakoitza irakurriz. Hauteskunde Mahaiko presidenteak eta bokalek emaitza egiaztatuko dute.
e) Botoak zenbatu ondoren, jasotako botoen arabera osatuko da hautagaien hurrenkera, eta Gobernu Batzordeko karguak emango dira. Dekanoa: bere kategorian boto gehien jaso duen pertsona; dekanordea: bere kategorian boto gehien jaso dituen pertsona; idazkaria eta diruzaina izendatzeko berdin jokatuko da. Bokalei dagokienez, boto gehien jaso duten pertsonak hautatuko dira, boto-kopuruaren arabera egindako zerrenda batetik.
Horrela, zerrenda bateratu bat egingo da, Kazetarien Euskal Elkargoaren Gobernu Batzordea osatuko duena.
60. artikulua.– Hauteskundeen arloko erreklamazioak.
1.– Elkargoko zuzendaritza-organoetako hauteskundeak direla-eta gertatzen diren irregulartasunen aurka (estatutu hauetan berariaz arautzen direnak izan ezik) eta Hauteskunde Mahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Gobernu Batzordean, eta hark bost eguneko epea izango du errekurtsoa ebazteko.
2.– Aurreikusita ez dagoen guztian, errekurtsoak Administrazio Prozedurari buruzko Legearen menpean egongo dira. Korporazio-bidea amaitu ondoren, administrazioarekiko auzi-bidea irekita geratuko da eta auzi-errekurtsoa jarri ahalko da, bi hileko epean eta dagokion epaitegian.
8. KAPITULUA
ELKARGOAREN EGINTZEN ARAUBIDE JURIDIKOA: JAKINARAZPENA, INPUGNAZIOA ETA ETENDURA
61. artikulua.– Zuzenbide aplikagarria.
1.– Gobernu Batzordeak, lurraldeko osoko bilkurak edo Batzar Nagusiak beren ahalmenak erabiliz hartzen dituzten erabakiak administrazio-zuzenbidearen menpean egongo dira. Administrazio bidea amaitzen duten egintzak berehala betearaziko dira, erabakiak berak edo erabakia hartzea ahalbidetzen duen arauak besterik ezartzen ez badute edo diziplina arloko gaia ez bada.
2.– Administrazio-eginkizunetan hartzen ez diren erabakiak dagokion legediaren menpean egongo dira, eta haien aurka erreklamazioa eta inpugnazioa aurkez daitezke; horretaz gain, erabaki horien izaeragatik eratortzen diren erantzukizunak eska daitezke eskumena duen jurisdikzioan.
3.– Estatutu hauetan adierazten diren epeetako egunak lanegunak dira, besterik esaten ez bada.
62. artikulua.– Elkargokideentzako jakinarazpenak.
1.– Elkargokide bakoitzari norbanako gisa, zuzenean eta modu pertsonalean eragiten dizkionak jakinarazi beharko zaizkio.
2.– Jakinarazpenak egiteko edozein bide erabil daiteke, betiere interesdunak hartu izanaren agiria jasota geratzen bada, eta hartzailearen identitatea, jakinarazitako egintza zein den, noizkoa den eta zer dioen ere jasota geratzen bada.
3.– Jakinarazpen pertsonala ezin bada egin, indarreko legedian aurreikusitako bideetako bat erabiliz edo faxez egin beharko da, edo bestela, jakinarazpena jaso duela egiaztatzen duen beste bide telematikoren bat erabilita. Horrela egitea ezinezkoa bada, jakinarazpena elkargoaren iragarki-taulan jarri beharko da eta argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izango ditu, argitaratu eta hamabost eguneko epea igarota.
4.– Interes orokorreko erabakiei publizitatea emango zaie posta elektronikoaren edo zirkularren bidez.
63. artikulua.– Elkargokideen egintzen aurkako errekurtsoak.
1.– Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak hartzen dituen Administrazio Zuzenbideko behin betiko erabakien aurka errekurtsoa aurkez daitezke, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian xedatutakoarekin bat.
2.– Gobernu Batzordeak errekurtsoa aurkez dezake organo eskudunetan Batzar Nagusiaren erabakien aurka, errekurritutako erabakia erabat deuseza bada edo oso kaltegarria bada elkargoaren interesentzat; kasu horietan erabakia eteteko eska daiteke.
64.– Erabakia.– Elkargoaren erabakiak etetea.
Gobernu Batzordeak edo Batzar Nagusiak hartzen dituzten erabakiak eteteko, administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritakoa bete beharko da.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Kazetarien Euskal Elkargoa sortu zuen ekainaren 28ko 17/2012 Legearen lehenengo xedapen iragankorraren arabera, Euskal Kazetarien Elkarteko kide guztiak Kazetarien Euskal Elkargoko kide izan daitezke, lege horren 3. artikuluan eskatzen den prestakuntza eta titulazioa badute eta elkargoko kide izateari berariaz uko egiten ez badiote.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA
Kazetarien Euskal Elkargoa sortu zuen ekainaren 28ko 17/2012 Legearen bigarren xedapen iragankorraren arabera, Euskal Kazetarien Elkartearen Zuzendaritza Batzordea, batzorde kudeatzaile gisa, Kazetarien Euskal Elkargoaren behin-behineko estatutuak onartzeko eta elkargoaren batzar eratzailea arautzeko izendatutako organoa da, bai eta batzarraren deialdia egiteko modua eta garatzeko prozedura zehaztekoa ere.
Batzorde kudeatzailea elkargokideen zentsua egiteaz ere arduratuko da.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA
Hauek izango dira elkargoaren batzar eratzailearen betebeharrak:
a) Elkargoaren behin betiko estatutuak onartzea.
b) Elkargoaren organoetako karguak bete behar dituzten pertsonak hautatzea.
HIRUGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.
Aurreko xedapen bietan jasotako eginkizunak behar bezala bete daitezen, elkargoaren batzorde kudeatzailea idatzi-zati hauen arabera arautuko da:
a) Elkargoaren batzar eratzailea.
1.– Elkargoaren eraketa formalerako, behin betiko estatutuak onesteko eta gobernu-organoetako kideak hautatzeko organo gorena batzar eratzailea da. Batzar eratzailean parte hartu ahal dute batzorde kudeatzaileak egindako zentsuan inskribatuta dauden pertsona guztiek.
2.– Batzar eratzaileko burua batzorde kudeatzaileko burua izango da, batzordeko gainerako kideekin batera. Batzar eratzaileko buruak bilkura zuzenduko du, hitz egiteko txandak emanez eta eztabaida eta bozketetan moderatzaile arituz.
3.– Batzar eratzaileko idazkaria batzorde kudeatzaileko idazkari nagusia izango da, eta bilkuraren akta egingo, batzarreko buruak oniritzia emanda.
4.– Batzar eratzailean parte hartzen duten pertsona guztiek erroldan inskribatuta egon behar dute eta kuota ordainduta eduki behar dute. Deialdia EHAAn argitaratu eta hilabete geroago itxita geratuko da zentsua.
5.– Batzar eratzailea baliozkoa den moduan eratu dadin, lehenengo deialdian, erroldan dauden pertsonen erdiek gehi batek bertaratu behar dute; bigarren deialdian, ordu erdi geroago, batzar eratzailea eratuta geratuko da bertaratzen diren pertsonen kopurua edozein dela ere. Dena dela, beharrezkoa da burua eta idazkaria edo haien ordezkoak egotea.
6.– Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira, hau da, emandako boto baliodunen erdiak gehi bat. Boto baliogabeak eta boto zuriak baztertu egingo dira boto-zenbaketatik.
7.– Botoa emateko beharrezkoa da batzar eratzailean egotea.
b) Parte-hartzea.
1.– Elkargoko kide guztiek parte hartu ahal dute batzar eratzailean, idatzi-zatiaren 4. puntuan agertzen diren baldintzak betetzen badituzte. Zentsuaren behin betiko zerrenda AVP-EKEren egoitzan ikusgai jarri beharko da, zentsua itxi eta biharamunean.
2.– Zerrenda horren aurka erreklamazioa aurkeztu nahi izanez gero, zerrenda argitaratu eta hamar eguneko epearen barruan egin beharko da. Erreklamazioak idatziz aurkeztu behar dira batzorde kudeatzailean, eta batzordeak hirurogeita hamabi ordu balioduneko epean ebatziko ditu.
c) Batzar eratzailearen funtzioak.
Hauek dira Batzar eratzailearen funtzioak:
– Elkargoaren behin betiko estatutuak onestea.
– Elkargoaren gobernu-organoetako karguak izango dituzten pertsonak hautatzea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Aurreko arauetan ezarritakoa gorabehera, Konstituzioarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuarekin bat, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek arlo horretan legez ezartzen dutena bete beharko da, estatuaren lege orokor aplikagarrietan eta autonomietako legegintza-organoek, beren eskumenen barruan, ematen dituzten legeei dagokienez.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Estatutu hauek indarrean egongo dira onarpen-agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan elkargo profesionalen arloan eskumena duen sailak onartu behar ditu.
Idazkari nagusia,
ARTURO TRUEBA.
Dekanoa,
JESÚS COTERÓN.