EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2015175

EBAZPENA, 2015eko irailaren 8koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, zeinaren bidez handitu egiten baita garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdira bideratutako diru-horniduraren zenbatekoa.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren data: 2015-09-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201503880
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/04/30rean argitaratutako 2015/04/28ko EBAZPENA [201501914]

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2015eko apirilaren 28ko Ebazpenaren bidez (2015eko apirilaren 30eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 79. zk.), garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdia egin zen.
Ebazpen horretako 2.a) artikuluan ezartzen denez, larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorraren diru-hornidura milioi bat eta berrehun mila eurokoa da.
Artikulu horretako bigarren paragrafoan zehazten denez, adierazitako zenbatekoa aldatu ahal izango da, eta, horretarako, aintzat hartuko dira eskatutako laguntzen zenbateko osoa eta beste laguntza-deialdi batzuk exekutatzean agortu gabe gelditzen diren aurrekontu-baliabideak. Aldaketok, betiere, diru-laguntza deialdia ebatzi aurretik egingo dira. Kasu horretan, eta aurreikuspen horretan xedatutakoaren arabera, aldaketa hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren ebazpen bidez.
Hornidura osagarria dagoenez, eta larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako zenbait proiektu laguntzarik gabe geratu direnez, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Artezkaritza Kontseiluak 2015eko uztailaren 21eko bileran aldez aurretik erabakita, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Milioi bat hirurehun mila euro gehitzea 2015eko apirilaren 28ko Ebazpenaren 1. artikuluan aurreikusitako zenbatekoari. Ondorioz, 3.200.000 eurotik 5.500.000 eurora handitu da zenbatekoa. Ebazpen horren bidez, garapenerako lankidetzaren kargura ekintza humanitarioetarako laguntzak emateko 2015eko deialdia egin zen.
2. artikulua.– Gehitutako zenbatekoa –bi milioi eta hirurehun mila euro– larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako laguntzen finantziazio-lerro iraunkorrera bideratuko da. Lerro hori Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren 2015eko apirilaren 28ko Ebazpenaren 2.a) artikuluan dago jasota, eta haren diru-hornidura 1.200.000 eurotik 3.500.000 eurora pasatuko da.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, berorren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa aurkez daiteke, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 8a.
Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARIA ANGELES ELORZA ZUBIRIA.