EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2015171

AGINDUA, 2015eko irailaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Honen bidez, jarduera osagarriak egiteko diru-laguntzetarako deia egiten zaie 2015-2016 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei.

Xedapenaren data: 2015-09-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201503822
Maila: Agindua
Gaur egungo gizarte- eta ekonomia-egoeran, globalizazioaren eta munduko oreka berriaren ondorioz, enpresek munduko errealitate geoekonomiko berrira egokitu beharra dute, etorkizuneko estrategiak diseinatzean. «Globalizazio» prozesu horretatik sortzen da lehiakortasuna, enpresentzako lehentasunezko helburu eta balio gisa. Lehiakortasunaren baitan dago enpresen etorkizuna eta, horren ondorioz, enpleguen etorkizuna.
Horrek profil berri bat eskatzen du langileentzat; hain zuzen, gaitasunen hobekuntza argia egiaztatuko duena, eta ez soilik gaitasun teknikoena, bai eta oinarrizko eta zeharkakoena ere; besteak beste, ekimena, erantzukizuna, konpromisoa, autonomia, taldelana, analisi-gaitasuna, ezagutzaren transmisioa eta erabakitzeko gaitasuna.
Lanbide-heziketak enpresen funtsezko aliatua izan behar du profil profesional berri horien garapenean, ikasleen kualifikazioa eta espezializazioa hobetzen lan eginez.
Lanbide-heziketako zentroentzat erronka garrantzitsu bat da bestelako aukera batzuk sortzera eta enplegua sor dadin erraztera bideratzea beren berrikuntza-sistemak Horretarako, sektore produktiboen –batez ere industriaren– premiei aurre hartzeko gai izan behar dute, produktu berriak, produkzio-prozesu berriak edo suspertzen ari diren sektoreetan jarduera berriak sortzeko aukerak modu proaktiboan identifikatzeko gai izanez, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzea ekarriko dutenak.
Helburu horretan aurrera egite aldera, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak ingurune estrategiko batzuk bultzatuko ditu, hots, zentroen eta enpresen arteko lankidetza-sareak sortzeko bide emango duen gune batzuk, berrikuntza aplikatuaren esparruko proiektuen garapenean aurrera egiteko. Halaber, espezializazio-arloen garapena sustatuko da. Horretarako, ETE-ei lagunduko zaie suspertzen ari diren sektoreetan eta teknologia aurreratuetan sar daitezen.
Ildo horretan, Lanbide Heziketako IV. Euskal Planak, Lanbide Heziketako Euskal Sistemako aldaketak gidatu behar dituen tresna den aldetik, beste helburu batzuen artean, hauxe ezartzen du 1. helburu gisa: «Lanbide-heziketa produkzio-sektoreen egungo eta etorkizuneko premietara eta pertsonen enplegarritasunera egokitzea, enpresek kualifikazio eta espezializazio gero eta handiagoen arloan dituzten premiei erantzuteko»; eta 4. helburu gisa: «Euskadiko enpresekin berrikuntza aplikatuko proiektuak babestea eta sustatzea, bereziki ETE-ekin, lanbide-heziketako ikastegien eta enpresa horien arteko harreman estuaren bidez, Euskadin lehiakortasunerako estrategikotzat jotako arloetan».
Lanbide Heziketako Sailburuordetzak, lanbide-heziketan berrikuntza eta ekintzailetza hobe dadin bultzatze aldera, dei egiten die itunpeko ikastetxeei eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoei, beren irakasleen bidez, irakasle-prestakuntza sendotzen duten proiektuetan parte har dezaten –prestakuntza horren xedea da ikaskuntza-ingurune gero eta espezializatu eta konplexuagoetara egokitutako gaitasunak eta metodoak garatzea–, lanbide-heziketaren partaidetza bultza dezaten enpresetan –bereziki ETE-etan–, suspertzen ari diren sektoreetan lan egin dezaten giza kapitalaren espezializazioaren eta berrikuntza aplikatuaren bidez, lanbide-heziketako ikastegien partaidetza susta dezaten ingurune konplexuetan lan egiten duten enpresen espezializazio-maila hobetzeko –bereziki ETE-ena– eta lanbide-heziketako ikastegien baitan modu proaktiboan sortzen diren berrikuntza aplikatuko proiektuak eta ekintzailetza-proiektuak bultza ditzaten.
Horiek horrela, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintzako Dekretuak VI. Tituluan xedatutakoarekin bat etorriz (Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzak eta diru-laguntzak arautzen ditu), honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da finantzabideak eskaintzea, 2015-2016 ikasturtean lanbide-heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxeetan eta udal-titulartasuneko ikastetxe publikoetan berrikuntzaren eta etengabeko hobekuntzaren arloko jarduera osagarriak egiten dituzten irakasleak erabat edo partez liberatzeko.
2. artikulua.– Erakunde onuradunak.
2015-2016 ikasturtean lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak itunduta edo hitzartuta dauzkaten itunpeko ikastetxe pribatuak eta udal-titulartasuneko ikastetxeko publikoak izan ahalko dira erakunde onuradunak.
3. artikulua.– Berrikuntza-ekintzen modalitateak.
Agindu honetan, ekintza hauek diruz lagundu daitezke: Lanbide Heziketaren irakaskuntzak sektore produktiboaren eskarira eta beharretara egokitzeko helburua duten jarduera osagarriak, eta, hortaz, enpresen lehiakortasuna eta ikasleen enplegagarritasuna hobetzen dituztenak. Jarduera osagarri horiek jarraian adieraziko diren arloetan garatu behar dira.
Deialdi honetan aurkezten diren berrikuntza-jarduerak proiektu formatua izango dute, eta arlo hauetakoak izan beharko dute:
1.– Metodologia aktibo berriak eta ikaskuntza-agertokiak berritzea:
a) Fabrikazio mekanikoa eta Prozesuen automatizazioa heziketa-zikloetan ikasketa-eredu berriak nola ezarri diseinatzea.
b) Elektrizitatea eta elektronika, Energia eta ura, edo Instalazioa eta mantentze-lanak heziketa-zikloetan ikasketa-eredu berriak nola ezarri diseinatzea.
c) Ikaskuntza-agertoki berriak garatzea eta ezartzea, aurreko urteetan heziketa-ziklo hauetan egindako berrikuntza-proiektuen jarraipen gisa:
d) Ikaskuntza-eredu berriak diseinatzea eta heziketa-ziklo hauetan ezartzea:
e) Ezagutzaren transferentzia eta kudeaketa diseinatzea, lanbide-heziketako zentroek industria-inguruneko ETE-ei produktuak eta prozesu produktiboak hobetzen lagundu diezaieten, berrikuntza aplikatuaren esparruan.
f) Ezagutzaren transferentzia eta kudeaketa garatzea eta ezartzea, lanbide-heziketako zentroek industria-inguruneko ETE-ei produktuak eta prozesu produktiboak hobetzen lagundu diezaieten, berrikuntza aplikatuaren esparruan.
2.– Kudeaketa aurreratuarekin eta etengabeko hobekuntzarekin lotutako jarduerak.
a) Adimen lehiakorreko prozesuen bidezko kudeaketa aurreratua.
b) Etengabeko hobekuntza diseinatzea eta lanbide-heziketako zentroetan koordinatzea.
3.– Kultura ekintzailearekin eta enpresak sortzearekin lotutako jarduerak.
Lanbide-heziketako zentroetan ekintzailetza-kultura eta enpresen sorrera dinamizatzea.
4.– Ziklo-ondoko lanbide-espezializazioko ikastaro esperimental bat garatzea industria-sektorean.
Industria-sektorean –hain zuzen ere, Automozioko fabrikazioaren eta automatizazioaren arloan– lanbide-espezializazioko ikastaro bat ezarri nahi da. Sektore produktibo horretako enpresek eskatuta, Kualifikazioen eta Lanbide Heziketaren Euskal Institutuak garatu du ikastaroa, sektoreko enpresen laguntzarekin, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak planifikatu du.
4. artikulua.– Diru-laguntzaren aurrekontu-hornidura eta diru-laguntzaren zenbatekoa zehaztea.
1.– Agindu honetako jarduerak diruz laguntzeko, guztira, milioi bat zazpiehun eta berrogeita hamalau mila hirurehun eta berrogeita hamalau (1.754.354) euro bideratuko dira.
2.– Agindu honen 3. artikuluko atalean aipatutako jardueren arabera, zenbateko hori honela banakatuko da:
3.– Artikulu honetan adierazten den edozein azpiataletan, alegia, diruz lagundu daitekeen edozein arlotan aurkeztutako eskabideei dagozkien diru-laguntzak –Agindu honetan zehaztutako irizpideei jarraiki– kalkulatu ostean, ondorioztatzen bada eskabide horiei esleitutako diru-horniduran soberakina dagoela, soberakin hori erabili ahal izango da, hain zuzen ere, 3. artikuluko 3. atalean esleitutako kopuruak handitzeko. Ebaluazio-batzordeak –15. artikuluak araututakoari jarraituz– egingo duen ebazpen-proposamenak arrazoitu egin beharko du zergatik handitu diren esleitutako kopuruak.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.
1.– Diru-laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte ikastetxe onuradunek:
a) 2014-2015 ikasturtean lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-zikloak ematen dituen itunpeko ikastetxea edo ikastetxe hitzartua izatea.
b) Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c) Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zergak ordainduta izatea.
d) Diru-laguntzak eta laguntzak onuradunei esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek eman dituzten eta izaera berekoak diren laguntza edo diru-laguntzengatik hasi eta oraindik ere izapidetzen ari den prozedura oro.
2.– Horretaz gainera, ezinbestekoa izango da Agindu honen I. eranskinean zehaztutako eskakizunak betetzea.
6. artikulua.– Diruz lagundutako jardueraren garapenaren helburuak eta baldintzak.
1.– Diruz laguntzekoak diren jarduerek helburutzat izango dituzte, jarduera bakoitzeko, I. eranskinean aipatutakoak, eta eranskin horretan aipatutako baldintzen arabera garatuko dira.
2.– Jarduera osagarri bakoitza amaitzean, ikastetxeek sailburuordetzari eman beharko diote jarduerari dagokion dokumentazioa (zehaztasunez adierazi beharko dute zer helburu jarri ziren eta zein lortu diren) eta aurrerapen teknologikoak lanbide-heziketako gainerako ikastetxeei helarazteko dokumentazio guztia.
3.– Proposatutako funtzio eta helburu guztiak betetzen baditu ikastetxeak, Lanbide Heziketako Sailburuordetzak onarpena eta oniritzia emango dio egindako jarduerari.
7. artikulua.– Jarduera osagarrien iraupena.
Diruz lagundutako jarduera diru-laguntza ematen denean hasi eta 2015-2016 ikasturte akademikoa amaitzean bukatuko da. Dena den, I. eranskinean ezarritakoaren arabera, zenbait jarduerak datozen ikasturteetan ere iraun dezakete, eta jarduera horiek luzatu ahal izango dira, baldin eta hurrengo deialdietan jarduera hori azaltzen bada, eta ikastetxeek diru-laguntza eskatzen eta jasotzen badute.
8. artikulua.– Prozedura bideratzea.
1.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzak bideratuko du prozedura.
2.– Proiektuak aztertzeko eta aukeratzeko, ebaluazio-batzorde bat osatuko da. Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendaria izango da batzordeburua, Lanbide Heziketako Zerbitzuko arduraduna eta Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren lurralde-ordezkaritza bakoitzeko teknikari bat izango dira batzordekideak, eta Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzako teknikari bat izango da idazkaria (iritzia emateko eskubidea izango du, baina ez botoa ematekoa).
3.– Aurkeztutako proiektuak aztertu ostean, ebaluazio-batzordeak ebazpen-proposamen bat helaraziko dio Lanbide Heziketako sailburuordeari.
9. artikulua.– Aukeraketa-irizpideak eta puntuazioa.
1.– I. eranskinean ezarritakoaren arabera, jarduera jakin batzuetan ikastetxe onuradunen kopurua mugatua izango da, eta, jarduera horietan, lehia izango da diru-laguntzak emateko prozedura. 3. artikuluan jasotako diru-laguntzei dagokienez, Agindu honen 5. artikuluko eskakizunak betetzen dituzten ikastetxeak izango dira onuradun.
2.– Diruz lagundutako jarduera bakoitzeko onuradunen gehienezko kopurua I. eranskinean dago zehaztuta.
3.– Onuradun-kopuru mugatua duten diru-laguntzak ematerakoan, I. eranskinean jarduera bakoitzerako ezarritako ebaluazio-irizpideak aplikatuko dira, eta puntuazio onena dutenei emango zaie diru-laguntza.
4.– Honelako diru-laguntzen bidez liberatzen diren pertsonek ezingo dituzte jaso aldi berean Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste diru-laguntza batzuk 2015-2016 ikasturtean.
5.– I. eranskinean ezartzen dira 3. artikuluan aipatutako jarduerak ebaluatzeko irizpideak.
6.– Aurreko urteko berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuek 2014ko abenduaren 18ko Agindua dute erreferentetzat (abenduaren 26ko EHAA).
7.– Horretaz gainera, ebaluazio-batzordeak arau hauei jarraituko die ebaluazio-irizpideak aplikatzean:
a) 2014-2015 ikasturtean emandako prestakuntza-zikloen kopurua:
– 2014-2015 ikasturtean LOE tituluei lotutako heziketa-zikloek ordeztu dituzten LOGSE tituluei lotutako heziketa-zikloak, paragrafo honetako heziketa-zikloen kopurua kalkulatzeari dagokionez, ziklo bera direla joko da.
– Prestakuntza-ziklo ezberdinen kopuruaren batuketa egingo da.
– Prestakuntza-ziklo zehatzik aipatzen ez bada, ikasturtean itundutako edo hitzartutako guztiak hartuko dira kontuan.
– Aurreko batuketetan kopuru handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.
b) 2014-2015 ikasturtean matrikulatutako ikasleen kopurua:
– Lanbide-heziketako zikloetako ikasleen kopuruaren batuketa egingo da.
– Prestakuntza-ziklo zehatzik aipatzen ez bada, ikasturtean itundutako edo hitzartutako lanbide-heziketako erdi-mailako eta goi-mailako heziketa-ziklo guztietako ikasleak hartuko dira kontuan.
– Aurreko batuketetan kopuru handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.
c) Azken hiru ikasturteetan Urratsbat eta Ikasenpresa ekintzailetza-proiektuetan parte hartu izana.
Ziurtagiri bidez egiaztatu beharko da parte hartu izana, Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroarekin (TKNIKA) egindakoen kasuan izan ezik, azken horiek ofizioz egingo baitira. Proiektu horietan parte hartu duela egiaztatzen duen ikastetxeak horretarako adierazitako puntuazio maximoa jasoko du.
d) Ikastetxe bakoitzak 2014-2015 ikasturtean emandako txandakako erregimeneko heziketa dualeko proiektuak.
– Proiektu horietan kopuru handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.
e) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak azken hiru ikasturteetan bultzatutako berrikuntza-proiektuak:
– Agindu hauen bidez egindako berrikuntza– eta ekintzailetza-proiektuak hartuko dira kontuan: 2014ko abenduaren 18ko Agindua (abenduaren 26ko EHAA) eta 2013ko azaroaren 26ko Agindua (abenduaren 5eko EHAA).
– Horretaz gainera, Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroan (TKNIKA) egindako eta hark ziurtagiri bidez egiaztatutako berrikuntza-proiektuak ere hartuko dira kontuan. 2011-2012, 2012-2013 edo 2013-2014 ikasturteetan proiektu horietan parte hartu duten ikastetxe guztiek puntuazio maximoa izango dute.
f) Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako ikaskuntzako metodologia aktiboei buruzko proiektuetan parte hartu izana:
– Kontuan hartuko da ea metodologia hauetakoren bat erabiltzen den:
Metodologia aktiboak, arazoen bidezko ikaskuntzan oinarrituak (PBL motakoak edo antzekoak).
Metodologia operatiboak, proiektuetan oinarrituak.
Lankidetzazko ikaskuntzan oinarritutako metodologiak.
– Ikaskuntzako metodologia aktibo horien ziurtagiriak Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Berrikuntza Zentroak (TKNIKA) emango ditu.
– Azken hiru ikasturteetan ikaskuntzako metodologia aktiboko proiektuetan parte hartu duten ikastetxe guztiek puntuazio maximoa eskuratuko dute.
g) Enplegurako Lanbide Heziketan parte hartu izana 2014an amaitutako ikastaroetan.
– Ikastetxeak emandako eta 2014. urtean amaitutako ikastaroak bakarrik aintzatetsiko dira, eta irizpide hauek hartuko dira kontuan:
Batu egingo dira Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ziurtatutako orduak eta Hobetuzek Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren 2013ko eta 2014ko deialdien bitartez araututakoak. Bi deialdiok EAEko langileei prestakuntzarako diru-laguntzak emateko dira, eta, hurrenez hurren, 2013ko maiatzaren 31ko EHAAn eta 2014ko abuztuaren 1eko EHAAn argitaratu ziren.
2014. urtean emandako eta amaitutako ikastaroen ordu-kopuru handiena lortu duen ikastetxeak jasoko du adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.
10. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– I. Eranskinean adieraziko da jarduera osagarri bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa, 3. jarduerari dagokiona salbu. Kontuan hartu behar da irakasle bat erabat liberatzeko diru-laguntza 42.000 euro dela eta zenbateko horrek ezin duela inola ere gainditu ikastetxeak diruz lagundutako jarduera egiteko izandako gastu erreala.
2.– 3. jarduerari dagokionez, 4. artikuluan jarduera horretarako adierazitako aurrekontu-zuzkidura banatuko da onuradunen artean. Onuradun bakoitzak jaso dezakeen zenbatekoa jarduera horri dagozkion ebaluazio-irizpideen arabera lortutako puntuazioarekiko zuzenki proportzionala izango da. Hala ere, zenbateko hori ez da handiagoa izango ikastetxeak deialdian parte hartzeko eskaeran eskatutako zenbatekoa baino.
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztuko dira, Euskadi.eus egoitza elektronikoan; aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
2.– 3. artikuluan, lau jarduera-mota aipatzen dira, eta eskaera bat aurkeztu behar da jarduera-mota bakoitzeko, baldin eta jarduera-mota horretarako diru-laguntza eskatu nahi bada.
3.– Ikastetxe interesdunek bitarteko elektronikoak erabiliko dituzte eskabideak eta kontsultak egiteko, eta ebazpena eman edo ukatu aurreko izapideak eta justifikatze-izapideak egiteko.
4.– Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretuak, eta Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartzen duen Informatika eta Telekomunikazioetako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak arautzen dute izapidetze elektronikoa.
5.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak eta erantsi behar diren agiri guztien ereduak modu elektronikoan izapidetzeko azalpenak Euskadi.eus helbidean daude; hain zuzen, jo helbide elektroniko honetara:
https://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2016/fp_osagarriak/y22-izapide/es
https://www.euskadi.eus/agrupacion_servicios/2016/fp_osagarriak/y22-izapide/eu
6.– Eskaeraren osteko izapideak helbide honetan egingo dira: https://www.euskadi.eus/misgestiones.https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak
7.– Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztuko dira:
a) II. Eranskina.– Jarduera osagarriei buruzko memoria.
b) Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez (eskabide-orrian bertan azaltzen da), betebehar hauek egiaztatuko dira:
– Edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik jasotako diru-laguntza, laguntza, sarrera edo bestelako baliabideak eskatu eta jaso izana. Horrelakorik jaso badu, zenbat jaso duen eta zer erakundek eman dion adierazi behar da.
– Diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean ez egotea, ezta sexu-bazterkeriagatik zigortuta ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.
– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta betetzen dituela laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
8.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du laguntzak izapidetze elektronikoaren bitartez eskatu dituen pertsona edo erakundea zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean dagoela, erakunde eskatzaileari oniritzirik eskatu gabe, betiere Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua aplikatuz.
a) Deialdi hau bideratzen duen organoak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren orrian egiaztatu beharko du ikastetxe onuradunak egunean daudela zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan. Orri horretan agertzen dira ikastetxe itunduak edo hitzartuak eta Sailaren beraren Hezkuntza Itunen eta Ordainketa Eskuordetuen Zerbitzuak egindako egiaztapenaren datak.
9.– Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo okerren bat dagoela ikusten bada, 10 eguneko epea emango zaio ikastetxe interesdunari akatsa zuzen dezan edo behar diren agiriak ekar ditzan. Hala egin ezean, eta 30/1992 Legearen 42. artikuluan ezarritakoaren araberako ebazpena eman ondoren, bere eskaeran atzera egin duela joko da (azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
12. artikulua.– Deialdiaren ebazpena.
1.– Lanbide Heziketako sailburuordeak ebatziko du deialdia, ebaluazio-batzordeak proposatzen duenari jarraituz, eta bitarteko elektronikoen bidez jakinaraziko zaie ikastetxe interesdunei, erakunde onuradunak eta emandako zenbatekoa zehaztuta. Ebazpen horretan zehaztu egingo dira, halaber, ezetsitako eskabideak eta, atzera egiteagatik edo ezustean sortutako baliabide material ezagatik, laguntzarik jasoko ez dutenak.
2.– Diruz lagundutako ikastetxeren batek diru-laguntzari uko egiten badio edo atzera egiten badu, 17.1 artikuluan adierazitako epea amaitu aurretik egindako behin-behineko ebazpenean beste ikastetxe bati emango zaio diru-laguntza, lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.
3.– Agindu honen babesean aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpena emateko eta jakinarazteko, gehienez ere sei hilabete izango dira, agindua argitaratu ondorengo egunetik aurrera. Epe horretan berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsitzat jo ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan araututakoaren arabera.
13. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Agindu honetan adierazitako berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak finantzatzeko diru-laguntzak justifikatzeko, «Erantsitako nominen bidezko justifikazioa» izeneko fitxategia bete beharko da, eta, horrekin batera, partaide bakoitzaren nominaren kopia bat aurkeztu, 2016ko urriaren 1a baino lehenago. Nominek pertsona liberatuenak eta ordezkoenak izan beharko dute.
2.– Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira webgune honetan: https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak.
3.– Diru-laguntzaren zenbateko osoa eskuratzeko, jarduera bakoitzari dagokion kostuak diru-laguntzaren zenbatekoa gainditu beharko du, pertsona liberatuei eta ordezkoei dagokienez. Jarduera bakoitzean justifikatutako zenbatekoa pertsona liberatuek edo ordezkoek eskuratutako txikiena izango da.
Justifikazio horiek bide elektronikoz aurkeztu beharko dira, https://www.euskadi.eus/nirekudeaketak webgunean.
4.– Agindu honetan diruz lagundutako jardueren arduradunen asteko liberazio-orduak «LH berrikuntza» moduan adieraziko dira Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) hasierako bertsio kontsolidatuan edo zero bertsio itxian. Hori ere aurkeztu beharko da.
14. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
1.– Jarduera osagarri hauei dagozkien diru-laguntzak bi alditan ordainduko dira, honela:
a) Lehenengo aldian, onuradun bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 33 ordainduko da, baldin eta 17.1 artikuluko epea igaro bada eta diru-laguntzari uko egin ez bazaio.
2) Bigarren aldian, gainerakoa ordainduko da, hots, % 67a, diruz lagundutako jarduera amaitu ostean, izandako gastu guztiak justifikatu eta aurreko artikuluko atal guztiak bete ostean.
2.– Artikulu honetan aipatutako lehenengo ordainketei edo aurreratutako ordainketei dagokienez, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako bermeak aurkeztu beharko dira (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.).
15 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Laguntzak ezeztatu egingo dira baldin eta ikastetxe onuradunek bete gabe uzten badituzte agindu honetan ezarritako baldintzak eta betekizunak, eta aurkeztutako proiektuan zehaztutako helburuetarako barik, laguntzak beste zerbaiterako erabiltzen badituzte. Hori dela-eta, diru-laguntzak benetan zertara bideratu diren egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak.
2.– Diru-laguntza ematerakoan kontuan izan ziren baldintzak betetzen ez badira, jasotako dirua eta horrek sortutako legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuliko zaizkio. Hala ezartzen dute Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen bermeak eta itzulketak arautzen dituen 698/1991 Dekretuak.
3.– Lehen esandakoari kalterik egin gabe, diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzetan aldaketaren bat gertatzen bada, aldatu egin ahal izango da diru-laguntza emateko ebazpena ere, betiere agindu honetan onuradun izateko ezarritako baldintzak errespetatzen badira.
16. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
2.– Deialdi honetan irakasle-lanetatik erabat eta partez liberatzen diren pertsona guztiek ezingo dute diru-laguntzarik jaso Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikasturte honetan diruz laguntzen duen beste jarduera batean.
17. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak, eta ikastetxe onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntzen onuradunek baldintzak hauen arabera eta betebehar hauek beteta egin beharko dute jarduera:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntzaren esleipena jakinarazi eta hamabost eguneko epean ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute.
3.– Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete haiek beren jardunaren barruan ari direla deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
4.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
5.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari.
6.– Jarduera horietako bakoitzaren segimenduaren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, zuzenean edo haren erakunderen baten bidez (Lanbide Heziketarako eta Etengabeko Ikaskuntzarako Tknika Berrikuntza Zentroaren bidez, adibidez).
7.– Ikastetxeak ezin izango du aldatu proiektuko arduraduna, harik eta amaitzen den arte. Justifikatutako arrazoiak direla-eta proiektuaren arduradunak ezin badu jarraitu, ikastetxeak hura ordezkatzeko baimena eskatuko dio Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariari, haren onespena lortzeko, eta proiektuaren ardura bere gain hartuko duen pertsonari buruzko datuak adierazi beharko ditu.
8.– Jarduera hauetako bakoitza gauzatzeko hautatutako ikastetxe guztiek irakastorduetatik libre utzi beharko dute jardueraren arduraduna, I. Eranskinean adierazitako astegunetan, 2015-2016 ikasturtean. Hartara, Tknika-n garatu ahal izango du jarduera. «LH berrikuntza» moduan adieraziko da hori Hezkuntza Jardueren Dokumentuaren (HJD) hasierako bertsio kontsolidatuan edo zero bertsio itxian.
18. artikulua.– Datuen babesa.
1.– Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen izapideak egiterakoan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitaratzea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Fitxategi horren arduraduna Heziketa eta Ikaskuntzako Zuzendaritza da. Datu horiek eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta haien aurka egiteko eskubideak Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzaren aurrean balia daitezke. Horretarako, honako helbide honetara jo beharko da: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Deialdi honetan parte hartzen duten irakasleek baimena ematen diote Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta ditzan aurkeztutako agiriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, hil biko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honetan prozedurari buruz arautu gabe geratu diren alderdiei Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa aplikatuko zaie.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 1a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.