EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-09 Aldizkari honetan argitaratua: 2015171

AGINDUA, 2015eko uztailaren 29koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntzak ezartzekoa.

Xedapenaren data: 2015-07-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201503821
Maila: Agindua
Nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantzaketa bultzatzeko helburuarekin, Gobernu Kontseiluak onartu du, 2015eko uztailaren 27an, berme-funts bat eratzea, aipatu arloei maileguak ematearren Finantzen Euskal Institutuarekin eta kreditu-erakundeekin egindako lankidetza hitzarmen baten esparruan.
Neurri horren xedea da hitzarmena izenpetzen duten finantza-erakundeekin lankidetzan Finantzen Euskal Institutuak maileguak ematea erabat operatiboa izan dadin lortzea, lehen sektoreko arlo jakin batzuetan hasierako eta jarraipeneko inbertsioak sustatzen aktiboki eraginez. Alde horretatik, tartean diren erakundeek kreditu-merkatuan dauden antzeko baldintzetan maileguak emateko programa bat ezarriko duten arren, dudaezina da aurreikusitako bermeak pertsona eta erakunde onuradunei finantzaketa horretara iritsi ahal izatea erraztuko diela.
Horregatik, onuradunek lortzen duten abantaila hori Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) esparruan dago. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu; eta erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta zer laguntza hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat. Bereziki, aipatu erregelamenduko hirugarren atalean araututa daude arriskuko finantzaketarako laguntzak. Hartara, finantza-bitartekarien arloan, inbertitzaile pribatuei emandako arriskuko finantzaketarako laguntzek, besteak beste, forma hau hartu ahalko dute: diruz lagun daitezkeen enpresei zuzenean edo zeharka emandako arriskuko finantzaketako inbertsioetatik eratorritako galerak estaltzeko bermeak.
Aurreko hori gorabehera, kontuan izanik Euskal Autonomia Erkidegoan diru-laguntzen arloan indarrean den araudian jasotako diru-laguntzaren kontzeptua zein zabala den, finantza-erakundeekin lankidetzan Finantzen Euskal Institutuak eman beharreko finantzaketaren bidez mailegu-hartzaileek lortzen dituzten abantailei aplikagarri zaie Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina, 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartua. Bereziki, 51.2 artikuluan ezarrita dago gobernua, sailburuak eta erakunde autonomoetako lehendakari eta zuzendariak direla arauak onartu eta bakoitzak bere esparruko laguntzak eta diru-laguntzak emateko eskumena duten organoak.
Egoki da, horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak horretarako laguntza-deialdia egitea. Ohartarazi behar da laguntza horiek bete-betean lotuta daudela hala arestian aipatutako datan Gobernu Kontseiluak erabakitako neurriekin, nola Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekin lankidetzan emango dituen maileguen bidezko finantzaketarekin. Horregatik, segurtasun juridikoko arrazoiek aholkatzen dute Sendotu programaren araudi oso bat aurkeztea. Horrek eskatzen du agindu honetako artikuluetan aipamenak sartzea, bai aipatu finantzaketari, bai Gobernu Kontseiluak eratzea erabaki duen Berme Funtsari. Orobat, agindu honetako eranskintzat sartzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Finantzen Euskal Institutuarekin eta finantza erakundeekin sinatu beharreko lankidetza-hitzarmena.
Aurrekoaz gainera, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak egoki deritzo horrekin batera egiten diren maileguen finantza-kostua murrizteko interes-tasari hobaria emateari, finantzaketa horretaz baliatzeko aukera operatiboagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Laguntza-modalitate hori jasota dago, orobat, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean.
Era berean, aipatzekoa da Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendua (EB), laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen dituena. Izan ere, erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat. Horien artean, hirugarren kapituluan araututa daude laguntza hauek, enpresa txiki eta ertainei finantzaketa eskuratzeko aukera ematekoak; laguntza horien baldintzak, betekizunak eta betebeharrak egituratzen dira hor.
Planteatzen diren laguntza-lerroak deskribatuta, administrazio-ekonomiako arrazoiek gomendatzen dute bi lerro horiek agindu bakar batean arautzea, batez ere bi lerroak osorik lotuta ageri baitira Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekin lankidetzan eman beharreko maileguei. Hartara, neurri horien multzoak programa integral bat eratzen dute, Sendotu programa delakoa.
Hori guztia aplikatuz, egoki da laguntzen deialdia egitea, hala arriskuko inbertsiorako laguntzen modalitatean, bermeen eran, nola finantza-kostua murrizteko interes-tasen hobariaren eran, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetan (Sendotu programa).
Horren ondorioz, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
1.– Agindu honen xedea da 2015. eta 2016. ekitaldietarako laguntzen programa bat ezartzea, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetako enpresa txiki eta ertain kotizatugabeentzat, hasierako eta jarraipeneko inbertsioak finantzatzearren (Sendotu programa). Horiek finantzaketaren esparruan egituratuko dira, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeekin lankidetzan eman beharreko maileguen bidez, horiek baitira laguntzen euskarria.
2.– Bereziki, planteatzen diren laguntza-lerroak ondorengo hauek dira:
a) Arriskuko finantzaketarako laguntzen lerro bat, bermeak ematearen bidezkoa, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetako enpresa txiki eta ertain kotizatugabeentzakoa, hasierako eta jarraipeneko inbertsioak finantzatzearren. Finantzetako berme-funts bat izango du, kobraezinak estaltzeko.
b) Interes-tasen hobari bat, finantza-kostua murrizteko, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren kargu, nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetako enpresa txiki eta ertain kotizatugabeentzako finantzaketa-lerroaren eremuan, hasierako eta jarraipeneko inbertsioak finantzatzearren (Sendotu programa).
3.– Finantza-laguntzako programa hau Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) hirugarren kapituluko hirugarren sekzioaren esparruan dago. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu. Agindu hau Europako Batzordearen zerbitzuei jakinaraziko zaie 20 laneguneko epean, agindu hau indarrean sartzen denetik zenbatzen hasita, aipatu erregelamenduko 11. artikuluan ezarritakoari jarraituz, Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratze aldera.
2. artikulua.– Definizioak.
Lege honen ondorioetarako, ondoren ageri den eran ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1.– Enpresa txiki edo ertaina: Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituen enpresa.
2.– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.
3.– Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onuradunak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.
4.– Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, Estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, zuzenbide publikoko erakunde baten kontrolpean edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu baten kontrolpean interes publikoa lortzeko asmoa duen eta Estatu kide batean ezarrita dagoen finantza-erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatua edo hautatua izan daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan (1) edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.
5.– Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.
6.– Arriskuko finantzaketako inbertsioa: diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.
7.– Pertsona fisikoa: erakunde juridikoaz besteko pertsona oro, enpresa bat ez dena, Ituneko 107. artikuluko 1. idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz.
8.– Lehenengo merkataritza-salmenta: enpresa batek produktu- edo zerbitzu-merkatu batean egindako lehen salmenta, merkatua zundatzeko egindako salmenta mugatuak izan ezik.
9.– Enpresa txiki edo ertain kotizatugabea: balore-burtsa batean ofizialki kotizatzeko onartu ez den enpresa txiki edo ertain oro, negoziazio-plataforma alternatiboak izan ezik.
10.– Hasierako inbertsioa: a) Establezimendu berri bat sortzeari, lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzeari, establezimendu batean lehenago ekoizten ez ziren produktuetara establezimendu horren ekoizpena dibertsifikatzeari edo lehendik zegoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu globala eraldatzeari lotutako aktibo material eta immaterialetako inbertsioa; edo b) itxi den edo bestek erosi izan ez balute itxita legokeen eta saltzaileari lotuta ez dagoen inbertitzaile batek erosi duen establezimendu batenak diren aktiboak erostea; enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da hasierako inbertsiotzat hartuko.
11.– Jarraipeneko inbertsioa: arriskuko finantzaketako inbertsioen sail bat edo gehiago egin eta gero sozietate batean egiten den inbertsio gehigarria.
12.– Mailegua: edozein hitzarmen, zeinaren bitartez mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku jartzen duen hitzartutako diru kopuru bat, hitzartutako epe baterako. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera obligatzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, zeinak mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen baitio. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.
13.– Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen den hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berrikitan eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.
14.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.
15.– Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
16.– Berme-tasa: dagokion Estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.
3. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzen pertsona onuradun izan ahalko dira enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetakoak direnak, eta arriskuko finantzaketako hasierako inbertsioaren unean ondorengo baldintza hauetako bat behintzat betetzen dutenak:
a) Ezein merkatutan eragiketarik ez egin izatea.
b) Beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gutxiago eramatea.
c) Arriskuko finantzaketako hasierako inbertsio bat behar izatea; geografiaren edo produktuen aldetik berria den merkatu batean sartzeko asmoz egindako negozio-plan batean oinarrituta, inbertsio horrek azken bost urteko negozio-bolumenaren batez bestekoaren % 50 baino gehiago izan behar du.
2.– Gainera, jarraipeneko inbertsioetarako soilik, onuradun izan ahalko dira orobat enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gehiago daramatenak, eta ondorengo baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak:
a) Arriskuko finantzaketaren guztizko zenbatekoa 15 milioi euro baino gehiago ez izatea.
b) Jatorrizko negozio-planean, jarraipeneko inbertsioak egiteko aukera jasota egotea.
c) Jarraipeneko inbertsioen onuradun den enpresa lotuta ez geratu izatea, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskineko 3. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoari jarraituz, neurriaren esparruan arriskuko finantzaketa ematen duen finantza-artekaria edo inbertitzaile pribatu independentea ez den beste enpresa bati, salbu eta erakunde berriak enpresa txiki edo ertainaren definizioko baldintza guztiak betetzen baditu.
4. artikulua.– Betekizunak.
Ondorengo baldintza orokor hauek bete beharko dira:
1.– Betiere, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa pribatuak estali beharko du, gutxienez inbertsio osoaren % 20, agindu honen eranskintzat argitaratu den lankidetza-hitzarmenari lotutako finantzaketak alde bat utzita.
2.– Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.
3.– Krisiak jotako enpresatzat kontsideratua ez izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako definizioari jarraituz.
4.– Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
5.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.
6.– Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izatea.
7.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
5. artikulua.– Bateragarritasunak.
1.– Finantzen Euskal Institutuak hasierako inbertsioei buruz emandako maileguetan oinarri hartuta agindu honen bidez emandako laguntzak bateragarri izango dira, beren artean, diruz lagun daitezkeen kostu identifikagarriak dituen hasierako eta jarraipeneko inbertsioetarako beste edozein laguntza publikorekin, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko (EB) 8. artikuluko 4. paragrafoan ezarritakoa aplikatuz, helburu bererako eta agindu honetan ezarritako diruz lagun daitezkeen ekintza beretarako. Beren artean bateragarri izango dira, baldin horrek gainfinantzaketa eragiten ez badu edota erregelamendu horretan ezarritako laguntzen mugak gainditzen ez badira.
2.– Gainfinantzaketa gertatzen bada edo agindu honi jarraikiz emandako laguntzaren mugak gainditzen badira, gaindikinari dagokion kopurua gutxituko zaio, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
6. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura.
Nahiz finantza-bermeen eran, nahiz maileguen interesen hobariaren eran agindu honetan araututako laguntzak esleitzeko, lehia jarraituaren prozedura erabiliko da. Prozedura horrek berekin dakar modu ordenatuan esleitzea, eskabideak aurkeztutako unearen arabera, agindu honetan ezarritakoa betetzen duten eskatzaile guztiei, harik eta ezarritako funtsak erabat agortu arte.
7. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak betetzen ez badu agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan edo Finantzen Euskal Institutuak izenpetutako polizan ezarritako betekizun eta betebeharretako edozein, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du eta bertan diru-laguntzarako eskubidea erabat edo partzialki galdu dela aldarrikatuko eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko aipatu 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipatutako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Itzulketa eskatzeko prozedura hastearen arrazoia administrazio-arloko arau-haustea dakarren gertakariren bat izan bada, organo eskudunari jakinaraziko zaio, dagokion zehapen-prozedura abia dezan.
8. artikulua.– Datuen babesa.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak datuak babespean tratatzeko konpromisoa hartzen du, Datu Pertsonalak babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta aplikatu beharreko gainerako araudian ezarritakoarekin bat etorriz.
II. KAPITULUA
ARRISKUKO FINANTZAKETARAKO LAGUNTZAK, FINANTZA-BERMEAK EMATEAREN BIDEZKOAK
9. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Agindu honen bidez deitutako finantzaketa-lerroak hogei milioi (20.000.000) euroren erreferentziazko muga izango du, Finantzen Euskal Institutuak formalizatu beharreko maileguen eran, erakunde horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta finantza-erakundeek izenpetu duten eta agindu honen eranskintzat argitaratu den lankidetza-hitzarmenaren esparruan.
2.– Hitzarmen horren esparruan eratu da berme-funts bat, finantzaketa-lerro honetako kobraezinak estaltzeko helburuarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargu. Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzak formalizatutako mailegu-zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 20ren mugarekin.
3.– Eman beharreko maileguen bolumenari lotuta esleitutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.
4.– Dagoeneko aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1. paragrafoan zehaztutako eman beharreko maileguen bolumena agortu delako artatu ezin direnak, arrazoi horrengatik ukatuko dira, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
10. artikulua.– Finantzaketa-eragiketen zenbatekoa eta ezaugarriak.
1.– Hasierako edo jarraipeneko inbertsioak finantzatzeko, maileguak baimenduko dira, eta Finantzen Euskal Institutuak formalizatuko ditu agindu honen eranskintzat argitaratu den finantza-erakundeekiko lankidetza hitzarmenaren babesean. Finantzaketarako, maileguko, egindako inbertsioaren % 80ren muga ezarri da. Arriskuko finantzaketaren gehieneko zenbatekoa, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko (EB) 21. artikuluan ezarritakoa izango da.
2.– Formalizatu beharreko maileguen interes-tasa, epeak eta gainerako baldintzak agindu honi erantsita doan lankidetza hitzarmenean ezarritakoak izango dira. Finantzen Euskal Institutuaren, parte hartzen duten finantza-erakundeen, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Ogasun eta Finantza Sailaren arteko lankidetza hitzarmena da.
3.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, hala lankidetza-hitzarmenean nola agindu honetan ezarritakoa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat.
4.– Programan parte hartzen duten finantza-erakundeek inbertitzaile pribatu independentetzat parte hartzen dute.
11. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honen indarraldia hasten den egunean hasiko da, eta funtsak erabat agortutakoan bukatuko da, agindu honetako 9. artikuluan ezarritakoarekin bat, edota 2016ko urriaren 31n bukatuko da.
2.– Sendotu finantza-laguntzako programaz baliatzeko eskabiderako inprimakia http://www.euskadi.net webgunean eskuragarri egongo da. Eskabidea Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaio, eta zuzendaritza horren egoitzan aurkeztuko da (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edota Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko 2008ko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan ezarritakoari jarraituko zaio.
3.– Eskabidearekin batera, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskatzailea pertsona fisikoa bada, haren NANaren kopia.
b) Pertsona juridikoa bada, enpresaren IFZren kopia, ahalordea emateko eskrituraren kopia eta legezko ordezkariaren NANaren kopia, bai eta eratze-eskrituraren eta erakundearen estatutuen kopia ere. Azken horiek erregistratuta egon beharko dute.
c) Azken bi ekitaldietako urteko kontu auditatuen kopia eta uneko ekitaldiko galdu-irabazien kontuaren kopia.
d) Finantza-erakunde laguntzailearen idazkia, non adierazten duen aipatu hitzarmenaren barruan finantzaketa-proiektua balioztatzeko asmoa duela.
e) Mailegua eskatzearen helburua deskribatzen duen oroitidazkia. Zehazki deskribatuko ditu finantzatu nahi diren hasierako edo jarraipeneko inbertsioak, enpresaren negozio-plana jasoko du, enpresak eskaintzen duen produktuaren, salmenten eta errentagarritasunaren bilakaeraren xehetasunak jaso behar ditu, bai eta haren finantza-bideragarritasunari buruzkoak ere.
f) Eskatzaileak agindu honek ezartzen dituen betekizun guztiak betetzen dituela, aurkezten dituen agiri guztiak egiazkoak direla eta seigarren xedapenean ezarritako betekizunak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena.
g) Eta eskatzaileak, eskabidea baliozta dadin, aurkeztu nahi duen edozein agiri osagarri.
3.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu dagokion foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarako ordainketak egunean izatearen egiaztagiriak, eta aurkeztutako gainerako agiriak egiaztatuko ditu.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte mailegu-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
5.– Mailegu-eskaerak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio ezen, hamar egun balioduneko epean, hutsa zuzen dezan edo beharrezko agiriak aurkez ditzan; adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabideari uko egiten diola joko dela.
6.– Edonola ere, Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako mailegu-eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako agiri edota argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.
7.– Mailegu-eskabideei erantzunez joango zaie, harik eta ematekoak diren maileguen bolumen osoa (agindu honetako 6. artikuluan jasoa) agortu arte. Eskabideak beharrezko agiri guztiekin sartu diren ordena berean sartuko dira programan.
12. artikulua.– Mailegu-eragiketa kudeatzea.
1.– Aurkeztutako mailegu-eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori finantza-lankidetzako hitzarmenean ezarritakoarekin bat etorrita eratuko da. Formalizatu beharreko eragiketa guztiek Balioztapen eta Segimendu Batzordearen baimena beharko dute.
2.– Balioztapen eta Segimendu Batzordearen bileren aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak batzordeko beste kideei bere txosten teknikoa bidaliko die, bai eta eskabidearen eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
3.– Balioztapen eta Segimendu Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa. Eskabide bakoitzari atxikitako finantza-erakundeek parte hartzeari uko egin ahalko diote. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batzuek esku hartzeko bidea emango dute.
4.– Ezein finantza-erakundek eragiketari buruzko interesik erakusten ez badu, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak interesdunari jakinaraziko dio eskabidea ez dela onartu.
5.– Finantzen Euskal Institutuak mailegua formalizatu aurretik, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari jakinaraziko dizkio eskatutako mailegua onartzearen alde emandako txostenak, organo horrek dagokion ebazpena eman dezan, agindu honetako 13. artikuluan ezarritako eran.
13. artikulua.– Bermea emateko ebazpena.
1.– Balioztapen eta Segimendu Batzordeak mailegu-eragiketak onartutakoan, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak eskatu diren maileguei dagozkien finantza-bermeen laguntzak baimendu eta ebazteari ekingo dio. Ebazpen horretan, ondorengo hauek zehaztuko ditu:
A) Aintzat hartutako eskabideei buruz:
1) Onuradunaren izena edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.
2) Finantzen Euskal Institutuarekin formalizatzekoa den maileguaren zenbatekoa, interes-tasa, epea eta gabealdia zehaztuta.
3) Emandako bermea eta haren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG), eragiketa bakoitzari aplikatzekoa.
B) Aintzat hartu ez diren eskabideei buruz:
1) Eskatzailearen izena edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.
2) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
2.– Finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko da.
3.– Finantza-bermez hornitutako mailegu-eragiketaren eskabidea aurkezten den egunaren ondoren gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 43. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Onuradunei finantza-berme hau onartzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.
5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
14. artikulua.– Mailegu-eragiketa formalizatzea.
1.– Mailegu-eragiketaren onarpenari buruzko ebazpena onuradunari jakinarazitakoan, enpresa edo pertsona eskatzaileak dagokion poliza formalizatuko du Finantzen Euskal Institutuarekin, gehienez hiru hilabeteko epean.
2.– Finantzen Euskal Institutuak, orobat, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari jakinaraziko dizkio formalizatutako mailegu-eragiketak, lankidetza-hitzarmenean ezarritako maiztasun, betekizun eta ereduekin.
3.– Laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazteaz gainera, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez, mailegua formalizatutakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da agindu honen itzalpean onuradun izango diren pertsonen zerrenda, laguntzaren zenbatekoa zehaztuta duela, hura jendaurrean jartze aldera.
15. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako finantza-laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Mailegua formalizatzea, 14. artikuluan ezarritako baldintzetan.
2.– Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-industriaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartua) 50. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea.
III. KAPITULUA
FINANTZA-KOSTUA MURRIZTEKO LAGUNTZAK
16. artikulua.– Programaren ekonomia-baliabideak.
1.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobari gisa ematekoak diren laguntzen gehieneko zenbatekoa bederatziehun eta laurogeita bi mila (982.000) euro izango da.
2.– Laguntzak emateko esleitutako zenbatekoa agortzen bada, gorabehera horri publizitatea ematearren, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, zenbateko hori zein egunetan agortu den adieraziko da, eta ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da. Argitaratze horretatik aurrera, agortu den laguntzarako aurkezten den eskabiderik ez da onartuko.
3.– Dagoeneko aurkeztuta dauden eta izapidetzen ari diren eskabideak, 1. paragrafoan zehaztutako eman beharreko kreditua agortu delako artatu ezin direnak, arrazoi horrengatik ukatuko dira, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren ebazpenaren bidez.
17. artikulua.– Mailegu-eragiketetan interesetarako emandako hobariaren zenbatekoa.
1.– Finantza-kostua murriztuz interes-tasetan emandako hobariaren zenbatekoa, gehienez, lankidetza-hitzarmenaren eremuan formalizatutako mailegu-eragiketetan aplikagarri den interesaren % 1 izango da.
Ateratzen den interes-tasa nominala pertsona onuradunarentzat inoiz ere ez da negatiboa izango, emandako diru-laguntza aplikatuta.
2.– Laguntza behingoan ordainduko da. Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, eguneratze-tasatzat erabiliko da erreferentziako eta eguneratzeko tasak finkatzeko metodoa berrikusteari buruzko Europako Batzordearen jakinarazpenean (2008/C14/02) zehaztutako eguneratze-tasa. Ondorio horietarako, une horretan indarrean den erreferentzia-tasa (Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean argitaratutako azkena) izango da, oinarrizko interes-puntuak murrizteari aplikatuta.
18. artikulua.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria jasotzeko eskabidea aurkezteko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea agindu honen indarraldia hasten den egunean hasiko da, eta funtsak erabat agortutakoan bukatuko da, agindu honetako 16. artikuluan ezarritakoarekin bat.
2.– Aurreko idatzi-zatian adierazitakoa gorabehera, finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria jasotzeko eskabideak agindu honetako II. kapituluan araututako bermeak emateari buruzko laguntzak emateko ebazpena jakinarazi eta gero aurkeztuko dira.
3.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria jasotzeko eskabidea http://www.euskadi.net webgunean eskuragarri egongo da. Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduko zaizkio, eta 11. artikuluan ezarri bezala aurkeztuko dira, agindu honetako II. kapituluan jasotako finantzaketarako laguntzaren eskabidearekin batera.
4.– Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak automatikoki egiaztatuko ditu dagokion foru-ogasunarekiko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarako ordainketak egunean izatearen egiaztagiriak, eta aurkeztutako gainerako agiriak egiaztatuko ditu.
5.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Halaber, laguntza-eskabidearen ondoriozko jardueretan, eta prozedurak irauten duen bitartean, eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legean xedatutakoa betez.
6.– Edonola ere, Berrikuntza eta Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidea egoki ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako agiri edota argibide osagarriak eskatu ahal izango dizkio finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria jasotzea eskatzen duen pertsona edo erakundeari.
7.– Interes-tasen hobaria lortzeko eskabideei erantzunez joango zaie, harik eta agindu honetako 16. artikuluan ezarritako funtsak agortzen diren arte. Sartutako ordena berean erantzungo zaie, behin onuradunak mailegua formalizatuta agindu honetako 14. artikuluan ezarritako eran. Behin kreditua agortuta, gorabehera horri publizitatea emango zaio, Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz.
19. artikulua.– Laguntzen kudeaketa.
1.– Laguntza-modalitate hau kudeatzeko organo eskumenduna Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritza izango da.
2.– Aurkeztutako eskabideak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzako zerbitzu teknikoek ebaluatuko dituzte. Eskabide bakoitzean egiaztatuko dute ea betekizunak betetzen diren, horren berri berariaz jasota, dagokion txostenaren bidez. Txosten hori laguntza onartu edo ukatzeko ardura duen organoari aurkeztuko zaio.
20. artikulua.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria emateko laguntzak ebaztea.
1.– Eskabide bakoitza eta aurkeztutako agiriak aztertu eta gero, eta eskatutako mailegua onartzearen alde Finantzen Euskal Institutuak eta Balioztapen eta Segimendu Batzordeak emandako txostena ikusita, agindu honetako 12. artikuluan ezarritakoarekin bat, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari egokituko zaio eskatutako laguntza ukatzea edo onartzea.
2.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria emateko ebazpenak, gutxienez, eduki hau izan behar du:
A) Aintzat hartutako eskabideei buruz:
1) Onuradunaren izena edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.
2) Finantza-kostua murrizteko laguntzaren zenbatekoa, eurotan. Finantzen Euskal Institutuak emandako maileguari aplikatuko zaio.
B) Aintzat hartu ez diren eskabideei buruz:
1) Eskatzaileen izena edo sozietatearen izena, IFK edo NANa.
2) Eskabidea ez onartzeko arrazoiak.
3.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria emateko laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko da. Mailegua onartzeko unean kalkulatuko da, hamahirugarren idatzi-zatian ezarrita dagoenez.
4.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria jasotzeko eskabidea aurkezten den egunaren ondoren gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatuta berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 43. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
5.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako hobaria emateko laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpenaren kontra, pertsona interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpena jaso eta hurrengo egunean zenbatzen hasita, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunak eragina duen egunaren hurrengo egunean zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 114. eta 115. artikuluetan xedatutakoari jarraituz.
6.– Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuordearen ebazpen bidez, EHAAn argitaratuko da idatzi-zati honen itzalpean onuradun izango diren pertsonen zerrenda, onartutako zenbatekoak zehaztuta dituela, jendaurrean jartze aldera.
21. artikulua.– Justifikazioa eta ordainketa.
1.– Pertsona onuradunari onartu zaion finantza-kostuak murriztearren tasetarako emandako hobariari dagokion laguntza, Finantzen Euskal Institutuari ordainduko zaio. Institutu horrek mailegu eragiketaren kapital bizia murriztuko du, laguntzaren zenbateko berean.
2.– Onuradunei diru-laguntzak onartu eta ordaindu aurretik, amaitu egin behar dira prozedura hauek: Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzak edo diru laguntzak direla kausa laguntzak itzultzeko edo zigortzeko hasi diren prozedurak, baldin halako prozeduraren baten izapideak aurrera badoaz une horretan.
22. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako laguntzen onuradun diren pertsonek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Eman zaien diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, hamabost eguneko epean, diru-laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, diru-laguntzaren onuradunak berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badio, onartu egin duela ulertuko da.
2.– Laguntza hori emandako helbururako erabiltzea.
3.– Nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-industriaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari laguntzak nola erabili diren eta laguntzen helburuak bete diren egiaztatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
4.– Agindu honetako 4.4 artikuluan xedatutakoaz gainera, beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatzen badizkiote administrazioren bati edo erakunde publiko edo pribaturen bati helburu bererako, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-industriaren alorrean eskumena duen sailari jakinarazi behar diote, eta, hala badagokio, eman egin dizkietela ere jakinarazi behar diote, idazki bidez, beste diru-laguntza edo laguntza horiek eman dizkietela jakin eta egutegiko hamabost eguneko epean.
5.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea, idazki bidez, nekazaritza-, elikagai- eta arrantza-industriaren alorrean eskumena duen sailari.
6.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko (1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaz onartua) 50. artikuluan zehaztutako baldintzak betetzea.
23. artikulua.– Diru-laguntzak jasotzeko baldintzak aldatzea.
Finantza-kostua murriztearren tasetarako emandako hobaritzat laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako aldaketa oro, edo harekin batera beste edozein erakunde publikok nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak edo laguntzak jasotzea, edo Finantzen Euskal Institutuarekin maileguak ez formalizatzea edo ezeztatzea, ezarritako epean, idatziz jakinarazi eta justifikatu beharko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzari. Horren ondorioz, laguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da, baldin agindu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira eta laguntza ematean onartutako helburuari eusten bazaio. Horretarako, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak dagokion aldaketa-ebazpena emango du, hala egokituz gero emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berriaren arabera doitzeko. Hala bada, 1991ko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan jasotako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.
24. artikulua.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Finantza-kostua murriztearren tasetarako emandako hobari gisako laguntza eskatu duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Hori eskatutako laguntza onartzeko edo ukatzeko ebazpena jakinarazi aurretik egin behar da. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari, eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.
2.– Laguntzaren onuradun den pertsonak onartu zaion laguntzari uko egin ahalko dio, emandako diru-laguntza onartu eta gero, baldin mailegu-eragiketa formalizatu ez bada. Uko egitea idatziz aurkeztuko da, idazkia Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari zuzenduta. Zuzendari horrek, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du ukoa, eta harentzat prozedura bukatu dela deklaratuko du. Behin ukoa onartuta, pertsona onuradunak beterik gabe galduko du emandako laguntzara onartu zaion eskubidea.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta biharamunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Eraginak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu eraginak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 29a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
ERANSKINA
FINANTZA-LANKIDETZAKO HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN, FINANTZEN EUSKAL INSTITUTUAREN ETA HAINBAT FINANTZA-ERAKUNDEREN ARTEKOA, NEKAZARITZAREN, BASOGINTZAREN, ARRANTZAREN, ELIKAGAIEN ETA LANDA-GARAPENAREN ARLOETAKO FINANTZAKETA-LERRO BAT BIDERATZEKOA (SENDOTU PROGRAMA)
HONAKO HAUEK BATZARTURIK:
Alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa, ordezkaritzat dituela Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia Otaegi eta Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria Bastida.
Beste alde batetik, Finantzen Euskal Institutua, ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusi Josu Garay Ibañez de Elejalde.
Beste alde batetik, 1. finantza-erakundea S.A., ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusia, 2. finantza-erakundea S.A., ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusia, Kred. Soz. Koop. Mugatua, ordezkaritzat duela bere zuzendari nagusia.
ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan proiektuak finantzatzea bultzatzeko helburuarekin, beharrezkotzat jo da nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programa bat (Sendotu programa) abiaraztea. Helburu horrekin, hitzarmen honen bidez arlo horiei maileguak emateko eskema bat egituratu da, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren (EB) esparruan. Erregelamendu horrek laguntza-kategoria batzuk Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuz barne-merkatuarekin bateragarri deklaratzen ditu; eta erregelamendu horrek zehazten du zer laguntza dauden salbuetsita Batzordeari jakinarazi beharretik eta hartzen diren barne-merkatuarekin bateragarritzat.
Kategoria horien artean, erregelamenduko hirugarren atalean araututa daude enpresa txiki eta ertainek finantzaketara iristeko laguntzak. Bereziki, aipatu erregelamenduko 21. artikuluan jasota daude arriskuko finantzaketarako laguntzen baldintzak, betekizunak, betebeharrak eta ezaugarriak. Laguntza horiek, besteak beste, forma hau hartu ahalko dute: diruz lagun daitezkeen enpresei zuzenean edo zeharka emandako arriskuko finantzaketako inbertsioetatik eratorritako galerak estaltzeko bermeak.
Bigarrena.– Horregatik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren (Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren bitartez), Finantzen Euskal Institutuaren eta finantza-erakunde sinatzaileen arteko finantza-loturak egoki egituratzearren, esku-hartzaileek erabaki dute finantzetako lankidetza-hitzarmen bat formalizatzea. Hauek dira
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
1.– Hitzarmen honek definitzen ditu Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren, Ogasun eta Finantza Sailaren, finantza-erakunde sinatzaileen eta Finantzen Euskal Institutuaren arteko lankidetza-baldintzak, 2015eko eta 2016ko ekitaldietarako nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetan finantza-laguntzako programa bat (Sendotu programa) garatzeko. Aipatu arloetako kide diren hasierako eta jarraipeneko inbertsioen eskatzaileei maileguak ematean datza programa hori.
Bigarrena.– Definizioak.
Hitzarmen honen ondorioetarako, hitzarmen honetako I. eranskinean jasotako definizioak izango dira aplikagarri.
Hirugarrena.– Parte-hartzaileak.
1.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzaren bitartez, hitzarmen honetan Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari esleitutako eginkizunak egingo ditu. Gainera, aintzat hartuko dira bermeak emateari dagokionez Ogasun eta Finantza Sailari esleitutako eskumenak.
2.– Finantzen Euskal Institutua zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da, eta helburutzat du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren finantza-politikako eta kreditu publikoko tresnatzat jardutea. Finantzen Euskal Institutuak egingo ditu koordinazio- eta artekaritza-lanak, Sendotu programa aplikatu eta garatzeko ardura duen erakundetzat, maileguak izapidetzeari eta bermeak emateari dagokionez, hitzarmen honetan ezarritako baldintzetan. Finantzen Euskal Institutuak kreditu-arriskua partekatuko du, pari-passu baldintzetan, parte hartzen duten finantza-erakundeekin.
3.– Programa honetan parte hartzen duten finantza-erakundeek inbertitzaile pribatu independentetzat parte hartzen dute.
Laugarrena.– Sinatzaileen betebeharrak.
A) Ekonomiaren garapen eta lehiakortasun sailaren betebeharrak.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartzen du, kobraezinak estaltzeko berme-funtsa eratzeko beharrezko ekarpenak egiteko, hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz.
Orobat, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetan finantza-laguntza emateko programaren esparruan (Sendotu programa) laguntza-programa bat ezartzeko eta dagokion deialdia egiteko konpromisoa hartzen du.
B) Finantzen euskal institutuaren konpromisoak.
Finantzen Euskal Institutuak konpromisoa hartzen du, hitzarmen honen indarraldian honekin batera doan II. eranskineko («Maileguen ezaugarriak») markatutako baldintzetan onuradunei zuzeneko maileguak emateko, bai eta hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko ere.
Baimendutako eragiketa bakoitza formalizatzeko, Finantzen Euskal Institutuak, eragiketan bere gain hartutako arriskuaren parte alikuota batean, bere balantzetik edo finantzaketa-iturri arruntetatik datozen funtsak baliatuko ditu; eta gainerako finantzaketan, arriskuaren bere parte alikuotan, mailegua baimentzean parte hartzen duten finantza-erakundeetatik datozenak, III. eranskineko «Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa» idatz zatian finkatutako finantza-baldintzei jarraituz.
C) Finantza-erakundeen konpromisoak.
Hitzarmen hau sinatzen duten finantza-erakundeek konpromisoa hartzen dute, II. eranskineko «Finantzen Euskal Institutuaren finantzaketa» idatz zatian finkatutako finantza-baldintzetan Finantzen Euskal Institutuari dagokion arriskuaren baliokide den ehunekoan finantzatzeko, eta hamaikagarren klausulan eta ondorengoetan ezarritakoari jarraituz kobraezinak estaltzeko.
Bosgarrena.– Hartzaileak
1.– Agindu honetan ezarritako finantzaketaren hartzaile izan ahalko dira enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, nekazaritzako, basogintzako, arrantzako, elikagaietako eta landa-garapeneko arloetakoak direnak, eta arriskuko finantzaketako hasierako inbertsioaren unean ondorengo baldintza hauetako bat behintzat betetzen dutenak:
a) Ezein merkatutan eragiketarik ez egin izatea.
b) Beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gutxiago eramatea.
c) Arriskuko finantzaketako hasierako inbertsio bat behar izatea; geografiaren edo produktuen aldetik berria den merkatu batean sartzeko asmoz egindako negozio-plan batean oinarrituta, inbertsio horrek azken bost urteko urteko negozio-bolumenaren batez bestekoaren % 50 baino gehiago izan behar du.
2.– Gainera, jarraipeneko inbertsioetarako soilik, onuradun izan ahalko dira orobat enpresa pribatuak, direla pertsona fisikoak edo juridikoak, enpresa txiki edo ertain kotizatugabearen kategoria dutenak, beren lehenengo merkataritza-salmentaz geroztik edozein merkatutan eragiketak egiten zazpi urte baino gehiago daramatenak, eta ondorengo baldintza hauek guztiak betetzen dituztenak:
a) Arriskuko finantzaketaren guztizko zenbatekoa 15 milioi euro baino gehiago ez izatea.
b) Jatorrizko negozio-planean, jarraipeneko inbertsioak egiteko aukera jasota egotea.
c) Jarraipeneko inbertsioen onuradun den enpresa lotuta ez geratu izatea, Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskineko 3. artikuluko 3. idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz, neurriaren esparruan arriskuko finantzaketa ematen duen finantza-artekaria edo inbertitzaile pribatu independentea ez den beste enpresa bati, salbu eta erakunde berriak enpresa txiki edo ertainaren definizioko baldintza guztiak betetzen baditu.
Seigarrena.– Betekizunak.
A) Hitzarmen honen ondorioetarako, Sendotu programaren finantzaketaren hartzaile diren pertsona eta erakundeek ondorengo betekizun orokorrak bete beharko dituzte:
1.– Betiere, finantzaketa-beharren zati bat finantzaketa pribatuak estali beharko du, gutxienez inbertsio osoaren % 20, laugarren idatzi-zatian aipatutako lankidetza-hitzarmenari lotutako finantzaketak alde bat utzita.
2.– Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.
3.– Krisiak jotako enpresatzat kontsideratua ez izatea, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako definizioari jarraituz.
4.– Jakinaraztea ea diruz lagun daitekeen proiektu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, baita eskuratu duten ala ez.
5.– Eskabidean jakinaraztea ea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta haren erakunde autonomiadunek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasiera eman zaion edozein itzulketa- edo zehapen-prozeduratan sartuta dauden ala ez.
6.– Edozein itzulketa-prozeduraren ordainketa-betebeharrak beteta izan beharko dituzte.
7.– Erakunde eskatzaileak ez izatea diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen penalik zein administrazio-zehapenik, eta ez izatea horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoarekin bat etorriz.
Zazpigarrena.– Gehieneko muga.
Lankidetza-hitzarmen honen babesean Finantzen Euskal Institutuarekin formalizatutako maileguen zenbateko osoak ez ditu 20 milioi (20.000.000,00) euroak gaindituko.
Zortzigarrena.– Eskabideak aurkezteko eta izapidetzeko epea eta modua.
1.– Eskabideak aurkezteko epea eta modua, bai eta ekarri beharreko agiriak ere, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ematen duen laguntzetarako deialdiko aginduan ezarriko dira.
2.– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzan finantzaketa-eskabideak aurkeztu eta gero, eta organo horretan aldeko azterketa lortzen duten eskabideetarako, Finantzen Euskal Institutuaren eta finantzaketa-eragiketan parte hartzeko interesa duten finantza-erakundeen eskura jarriko dira erakunde horien arabera beharrezko diren agiri tekniko eta finantzarioak, finantzaketa-proiektuaren bana-banako azterketa egitearren.
3.– Tartean diren erakundeetako bakoitzak aurkeztu diren eskabideak aztertu eta gero, bederatzigarren klausulan zehaztutako Balioztapen eta Segimendu Batzordea bilduko da, eskabide bakoitza onartzeko edo ukatzeko.
Bederatzigarrena.– Balioztapen eta segimendu batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak elkarrekin ebaluatuko ditu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak. Batzorde hori eragiketa bakoitzean esku hartzen duten alderdietako bakoitzak eratuko du. Beraz, kide hauek izango ditu:
– Finantzen Euskal Institutuaren ordezkari bat.
– Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ordezkari bat. Idazkari-lanak egingo ditu.
– Finantzaketa-proiektuan parte hartzen duen finantza-erakunde bakoitzaren ordezkari bat.
Balioztapen eta Segimendu Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezarri ahalko ditu, bere kideen artean informazioa albait modu eraginkorrenean bideratzeko.
Hamargarrena.– Mailegu-eragiketak onartzea.
1.– Behin eskabideak bere dokumentazio osoa duenean, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak txosten tekniko bat emango du, proiektuaren ekonomia- eta finantza-alderdiak aztertuko dituena. Orobat, proiektua Balioztapen eta Segimendu Batzordean aurkeztu edo ez erabakiko du.
2.– Balioztapen eta Segimendu Batzordearen bileren aurretik, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak batzordeko beste kideei bere txosten teknikoa bidaliko die, bai eta agirien kopia ere. Batzordeak txosten hori aintzat hartuko du mailegu-eragiketa baimentzean.
3.– Balioztapen eta Segimendu Batzorde bakoitzeko ordezkariek aho batez onartu beharko dute eragiketa.
4.– Eskabide bati atxikitako finantza-erakunde batek eskatu den eragiketan parte hartzeari uko egin ahalko dio. Hala, interesa duten beste finantza-erakunde batek esku hartzeko bidea emango du. Parte har dezaketenek eragiketari buruzko interesik erakusten ez badute, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak eskabidea ukatu duela jakinaraziko du Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak.
5.– Mailegu-eragiketa onartutakoan, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariari jakinaraziko dio mailegu-eragiketa onartzearen alde emandako txostena, eta Finantzen Euskal Institutuak mailegu-eragiketa formalizatuko du, aipatu Balioztapen eta Segimendu Batzordeak onartutako baldintzetan. Betiere, formalizazio hori egin baino lehen, Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariak laguntzak onartzeko ebazpena emango du, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak xedatutako laguntza-aginduan ezarritako eran jakinaraziko du.
6.– Eragiketa bakoitza onartzeaz gainera, Balioztapen eta Segimendu Batzordeak onartutako eragiketen segimendu-lanak egingo ditu. Horretarako, Finantzen Euskal Institutuak maileguen kudeaketari buruz egoki diren xehetasun guztiei buruzko informazioa emango du, datu nabarmenenak bidalita.
7.– Era berean, sei hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak segimendu-txosten bat egingo du. Txostenaren edukia hau izango da:
A) Eragiketa hauen balantzea, erregistro-zenbakiarekin:
1) Hala maileguen nola finantza-kostua murrizteko emandako laguntzaren onuradunei egindako ordainketak.
2) Onuradunen itzulketengatiko kobrantzak.
3) Aurreko eragiketa bakoitzaren ondorengo saldoa.
B) Onuradun bakoitzeko, erregistro bat eramango da, ordainketa-datekin, itzulketekin, atzerapenekin eta gorabeherekin (batez ere, mailegu-hartzaileek muga-egunaren ondoren amortizatu gabeko zenbatekoei buruzkoak).
Hamaikagarrena.– Arriskuaren estaldura. berme-funtsa.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, finantzaketa-lerroa bultzatu duen erakundea denez, finantzaketa-lerroaren arriskua estaltzen parte hartuko du, lehenengo galerak estaltzeko berme-funts bat eratuz, laugarren klausulan adierazita dagoenez. Berme-funtsak estaldura emango dio, maileguz mailegu, programan formalizatutako maileguen zorroaren zenbateko osoaren % 80ri, kobraezinengatiko lehenengo galeren % 20ren mugarekin. Horrenbestez, finantzaketa-lerroaren zenbatekoa 20 milioi euro izaki, bermearen zenbatekoa 3,2 milioi euro izango da.
Bermean sartuta egongo dira kapitala, interesak eta mailegu kobraezin bakoitzetik eratorritako gastuak.
Orobat, finantza-bermeez hornitutako mailegu-eragiketarako laguntza beste diru-laguntza batzuekin bateragarri egitearren, eragiketa bakoitzaren diru-laguntzako baliokide gordina (DBG) kalkulatuko du Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak.
2.– Behin lankidetza-hitzarmen hau sinatuta, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak 2015ean ordainketa bakar bat egingo dio Finantzen Euskal Institutuari, berme-funtsa eratzearren, arestian aipatutako zenbatekoarekin.
3.– Finantzen Euskal Institutuak, berme-funtsa kudeatzean, irizpide hauek hartuko ditu aintzat:
a) Finantzen Euskal Institutuaren eta inbertitzaile independente bakoitzaren mailegu-zorroari banakatuta aplikatuko zaio funtsa. Finantza-erakunde baten zorroko zenbateko erabiligabeak ezingo zaizkio bere xederako zenbateko osoa dagoeneko agortu edo aplikatu dioten beste bati aplikatu.
Finantzen Euskal Institutuak euroguneko finantza-erakundeen diru-gordailuetan edo likidezia bermatua duen zor publikoan izango du kobraezinak estaltzera aplikatu ez den berme-funtseko saldoa.
b) Kobraezinak metatzearen ondorioz berme-funtsak onartutako galeren gehieneko zenbatekoa gainditzen bada, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakundeak bakoitzak % 50ean erantzungo diote, eta baldintza berdinetan, galera edo kobraezin gehigarriei, hurrengo zenbakian ezarritakoarekin bat etorrita.
c) Mailegu bat ez ordaintzea gertatzen bada, Finantzen Euskal Institutuak, kobratzeko aukerak arrazoizko eran agortuta, egoki den erabakia hartuko du, ondorioztatzen den zenbatekoa kobraezintzat hartzeari dagokionez.
d) Gehienez ere hiru hilean behin, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeei eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari beren zorroei lotuta dauden eta ez ordaintzeengatik edo hornidurak eratzeagatik gorabeherak dituzten maileguei buruzko informazioa bidaliko die.
e) Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeen aurrean iraungi ahalko du zati batean edo osorik kobraezin gertatzen den mailegu bakoitzerako jasotako finantzaketa, finantza-erakundeak bere gain hartutako erantzukizuna zati batean edo osorik konpentsatuta.
Iraungitze hori Finantzen Euskal Institutuak egin ahalko du, behin kobraezina deklaratutakoan, berme-funtsak bere gain hartutako bermea agortu ondoren, mugaeguneratuta eta ordaindu gabe dagoen zorraren saldoagatik finantza-erakundeak bere gain hartutako arrisku-ehunekora bitarteko zenbatekoaz (zorrean barne hartuta kapitala, interesak eta mailegu kobraezinetik eratorritako gastuak).
Ondorio horietarako, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakunde parte-hartzaileei jakinaraziko die zenbateko konpentsatuak justifikatzeko informazioa.
Aurreko paragrafoetan aipatutako konpentsatu beharreko zenbatekoa aski ez baldin bada erasandako finantza-erakundeak bere gain hartutako konpromiso osoari erantzuteko, Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakunde horri jakinaraziko dio ordaintzeke dagoen saldoa. Saldo hori Finantzen Euskal Institutuari ordaindu beharko dio, eta erreklamazioa jasotzen duenetik gehienez 60 eguneko epean egin beharko du.
4.– Eragiketa kobraezintzat joko dira, hitzarmen honetan jasotako ondorioetarako, ondorengo baldintza hauek betetzen dituztenak:
a) Erabat kitatuta eta % 100ean hornituta egotea.
b) Haien saldoa kobraezintzat kontabilizatuta egotea agindu-kontuetan, eta baja emanda egotea arriskua, osorik edo zati batean.
c) Galera eta berreskuratzeko bide posibleen ezina egiaztatu eta justifikatzea.
5.– Finantzen Euskal Institutuak, betiere, zor zaizkion kopuruak kobratzeko egoki irizten diren ekintza guztiak egingo ditu, hala auzibidetik kanpo nola auzibidean. Bermeak gauzatzearen bidez edo beste bitarteko batzuez berreskuratutako kopuruak, erasandako alderdien artean banatu beharko ditu, bakoitzaren arrisku-ehunekoaren arabera.
6.– Kobraezintzat deklaratutako eragiketa jasotzen duen xedapenari ez dio eragingo, eta bere amortizazio-erritmo normalean jarraituko du muga-eguneraino. Aurrekoa hala den arren, Finantzen Euskal Institutuak aldez aurretik amortizatu ahalko du dagokion zenbatekoa.
7.– Aurreko idatzi-zatietan xedatutakoaz gainera, azken onuradunak Sendotu mailegutik zor duen edozein kopuru ordaintzen ez badu, finantza-erakundeak, egoki baldin baderitzo, Finantzen Euskal Institutuari eskatu ahalko dio onuradun horrek duen kreditua laga diezaiola, haren eskubide eta bermeekin batera (direla pertsonalak, direla errealak). Hala egiten bada, Finantzen Euskal Institutuak lagatze hori gehienez hogeita hamar egun naturaleko epean egin ahalko du, eskatu zitzaionetik zenbatzen hasita.
8.– Sendotu programa bukatutakoan, eta haren babesean emandako maileguak mugaeguneratuta, Finantzen Euskal Institutuak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari aurkeztu beharko dio funtsaren kudeaketako azken balantze bat, hala egokituz gero soberako zenbatekoen likidazioa eta guzti.
Hamabigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmen hau izenpetzen denetik 2016ko abenduaren 31raino izango da aplikagarri, edo, hala egokituz gero, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraituz ematekoa den maileguen gehieneko bolumena agortu arte, data hori baino lehen hala gertatuz gero.
Aurreko paragrafoan adierazitako epearen bukaeran, eta alderdi sinatzaileetako edozeinek aurrez berariaz denuntziatu ezean, hitzarmen hau bere zehaztapen guztiekin egutegiko urtez urte luzatuko da, baldin zazpigarren klausulan adierazi den emateko maileguen bolumena agortu ez bada.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren, Finantzen Euskal Institutuaren eta hitzarmena sinatu duten finantza-erakundeen konpromisoek iraun egingo dute haren babesean emandako maileguen muga-eguneraino.
Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua.
Ogasun eta Finantzetako sailburua.
Finantzen Euskal Institutuko Zuzendari nagusia.
Kred. Soz. Koop. Mugatua.
1. finantza-erakundea, S.A.
2. finantza-erakundea, S.A.
I. ERANSKINA
DEFINIZIOAK
Hitzarmen honen ondorioetarako, zentzu honetan ulertu behar dira jarraian datozen definizioak:
1.– Enpresa txiki edo ertaina: Europako Batzordearen 651/2014 Erregelamenduko (EB) I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen dituen enpresa.
2.– Laguntzaren intentsitatea: laguntzaren intentsitate gordina, proiektuan diruz lagun daitezkeen kostuen ehunekoaren bidez adierazia. Kopuru guztiak zergetakoak edota bestelakoak diren kenkarien aurretikotzat hartuko dira.
3.– Diru-laguntzaren baliokide gordina: arriskua finantzatzen laguntzeko neurrien azken onurak neurri horietatik ateratzen duela jotzen den abantailaren edo onuraren tamaina. Laguntzaren intentsitate gordina maileguaren zenbateko osoaren gaineko ehunekotan kalkulatuko da, onuradun bakoitzarentzat.
4.– Erakunde arduraduna: Europako Inbertsio Bankua eta Europako Inbertsio Funtsa, Estatu kide bat akzioduntzat duen nazioarteko finantza erakunde bat, edo agintaritza publiko baten kontrolpean, zuzenbide publikoko erakunde baten kontrolpean edo zerbitzu publiko baten eginkizunak dituen erakunde pribatu baten kontrolpean interes publikoa lortzeko asmoa duen eta Estatu kide batean ezarrita dagoen finantza-erakunde bat. Erakunde arduraduna zuzenean izendatua edo hautatua izan daiteke, obra-, hornidura- eta zerbitzu-kontratu publikoak esleitzeko prozedurak koordinatzeari buruzko 2004/18/CE Zuzentarauan (1) edo zuzentarau hori ordezten duen geroztiko edozein arautan ezarritakoari jarraituz.
5.– Inbertitzaile pribatu independentea: bere inbertsioaren xede den eta diruz lagun daitekeen enpresaren akziodun ez den inbertitzaile pribatu oro. Bereziki, probidentziazko inbertitzaileak (business angels) eta finantza-erakundeak, edozein dela ere haien titulartasuna, bere inbertsioei dagokienez arrisku osoa bere gain hartzen duen neurrian. Enpresa berri bat sortzen denetik aurrera, inbertitzaile pribatuak, fundatzaileak barne, enpresa horretatik independentetzat jotzen dira.
6.– Arriskuko finantzaketako inbertsioa: Diruz lagun daitezkeen enpresentzako maileguak, finantza-errentamenduak, bermeak eta modalitate horien konbinazioak barne, inbertsio berriak egiteko helburua dutenak.
7.– Pertsona fisikoa: erakunde juridikoaz besteko pertsona oro, enpresa bat ez dena, Ituneko 107. artikuluko 1. idatzi-zatian ezarritakoari jarraituz.
8.– Lehenengo merkataritza-salmenta: enpresa batek produktu- edo zerbitzu-merkatu batean egindako lehen salmenta, merkatua zundatzeko egindako salmenta mugatuak izan ezik.
9.– Enpresa txiki edo ertain kotizatugabea: balore-burtsa batean ofizialki kotizatzeko onartu ez den enpresa txiki edo ertain oro, negoziazio-plataforma alternatiboak izan ezik.
10.– Hasierako inbertsioa: a) Establezimendu berri bat sortzeari, lehendik dagoen establezimendu baten ahalmena handitzeari, establezimendu batean lehenago ekoizten ez ziren produktuetara establezimendu horren ekoizpena dibertsifikatzeari edo lehendik zegoen establezimendu baten ekoizpen-prozesu globala eraldatzeari lotutako aktibo material eta immaterialetako inbertsioa; edo b) itxi den edo bestek erosi izan ez balute itxita legokeen eta saltzaileari lotuta ez dagoen inbertitzaile batek erosi duen establezimendu batenak diren aktiboak erostea; enpresa baten akzioak eroste hutsa ez da hasierako inbertsiotzat hartuko.
11.– Jarraipeneko inbertsioa: arriskuko finantzaketako inbertsioen sail bat edo gehiago egin eta gero sozietate batean egiten den inbertsio gehigarria.
12.– Mailegua: edozein hitzarmen, zeinaren bitartez mailegu-emaileak mailegu-hartzailearen esku jartzen duen hitzartutako diru kopuru bat, hitzartutako epe baterako. Akordio horrek mailegu-hartzailea kopuru hori hitzartutako aldian itzultzera obligatzen du. Maileguaren edo beste finantzatze-tresna baten forma har dezake, baita finantza-errentamendu batena ere, zeinak mailegu-emaileari gutxieneko etekineko osagai nagusi bat eskaintzen baitio. Lehendik dauden maileguak birfinantzatzea ez da diruz lagun daitekeen mailegua izango.
13.– Bermea: idatzizko edozein konpromiso, zeinaren bitartez norberaren gain hartzen den hirugarren baten mailegu-eragiketa guztien edo zati baten erantzukizuna, berrikitan eginiko zor-tresnen, errentamenduaren edo kuasikapital-tresnen eran.
14.– Krisiak jotako enpresa: Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko 1. artikuluko 18. paragrafoan ezarritako betekizunak betetzen dituen enpresa.
15.– Itzulketa: laguntza jasotzeko eskubidea galtzea, eta, hala egokituz gero, jasotako laguntza itzultzea, pertsona edo erakunde onuradunak bere betebeharrak bete ez izanaren ondorioz.
16.– Berme-tasa: dagokion Estatu-laguntzaren neurriari jarraituz diruz lagun daitekeen eragiketa bakoitzaren inbertitzaile publiko batek duen galeren estalduraren ehunekoa.
II. ERANSKINA
MAILEGUEN EZAUGARRIAK
Xedea: Hitzarmen honen esparruan ematen diren maileguen xedea da nekazaritzaren, basogintzaren, arrantzaren, elikagaien eta landa-garapenaren arloetako onuradunen hasierako eta jarraipeneko inbertsioak finantzatzea.
Gehieneko zenbatekoa: Arriskuko finantzaketaren gehieneko zenbatekoa, guztira, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduko (EB) 21. artikuluan ezarritakoa izango da, egindako inbertsioaren % 80 izanik maileguaren muga.
Interes tasa: Aldakorra izango da, eta honako erreferentzia hauek aplikatuko dira:
– Euribor urtebetera, gehi % 1,75, zazpi urterako maileguetarako.
– Euribor urtebetera, gehi % 2, hamar urterako maileguetarako.
Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren tronkoaren gainean, eta egutegiko hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.
Epea: 7 edo 10 urtekoa izango da. Bi urteko gabealdia egiteko aukera.
Oro har, maileguen itzulketa sei hilean behin egingo da, gehienez bi urteko gabealdiaren ondoren ordaintzekoak diren kuota berdinen bitartez.
Besteren finantzaketa: Hitzarmen honen eraginez egindako hasierako edo jarraipeneko inbertsioen finantzaketak ezingo du egindako inbertsioaren % 80 baino gehiago izan. Horrenbestez, galdatzen da eskatzaileak funts propioen ekarpen bat egitea, gutxienez inbertsio osoaren % 20, hitzarmen honi lotutako finantzaketak alde bat utzita. Balioztapen eta Segimendu Batzordeak galdatutako funts propioen kopurua aldatu ahalko du.
Aurretiaz amortizatzea: Mailegu-hartzaileak aurretiazko entregak egin ahalko ditu, mailegatutako kapitalaren kontura, tronkoaren % 10eko gutxieneko zenbatekoaz.
Bermeak: Finantzen Euskal Institutua izango da eskatzailearen edo, behar izanez gero, erlazionatutako pertsona fisiko nahiz juridikoen bermeak eskatu eta lortu ahalko dituen erakunde bakarra.
Mailegu horietan, emandako bermea, lehen batean, enpresa eskatzailearen ondarearena izango da. Ekarritako bermeei eta proposatutako eragiketari buruz egiten den ebaluazioaren gorabeheran, Finantzen Euskal Institutuak berme osagarriak –direla pertsonalak, direla errealak– eskatu ahalko dizkie bazkideei, beste sozietate batzuei edo elkarren bermerako sozietateei. Bestalde, parte hartzen duten finantza-erakundeek ezingo dute sozietate eskatzailearengandik berme gehigarririk hartu, Finantzen Euskal Institutuak eskatutakoez beste.
Kredituen hurrenkera: Mailegu-hartzailea obligatzen da, mailegu honen indarraldian, bere aktiboetako edozeinen gainean eskubide errealik, kargarik edo zerga nahiz pribilegiorik ez sortzera, aurrez Finantzen Euskal Institutuaren baimena izan ezean.
Era berean, onuradunak maileguaren indarraldi osoan ez pribilegiatuak eta ez mendekoak diren bere beste hartzekodunen maila bera mantenduko du.
Komisioak eta gastuak: ez da komisiorik aplikatuko maileguaren nominalaren gainean. Mailegu-hartzailearentzako gastu gehigarri bakarra fede-emaile publikoen edota jabetza-erregistroaren (hala egokituz gero) esku hartzetik datorrena izango da.
III. ERANSKINA
MAILEGUEN FINANTZAKETA
Finantzen Euskal Institutua
1.– Finantzen Euskal Institutuak emandako maileguen finantzaketa, eragiketa bakoitzean parte hartzen duten erakundeen kopuruaren proportzioan estaliko da, Finantzen Euskal Institutua barne.
2.– ................. finantza-erakundearen asmoa da Sendotu proiektuak finantzatzera ............... eurorainoko kopurua bideratzea. Finantzen Euskal Institutuak zenbateko hori Sendotu programako maileguak finantzatzera soilik bideratuko du.
3.– Aurrekoaren ondorioz, finantza-erakunde bakoitzak Finantzen Euskal Institutuaren eskura jartzen du zenbateko irekiko kreditu bat. Alde horretatik, Finantzen Euskal Institutuak kreditu-baliatzeak egin ahalko ditu, zenbatekoa erabat baliatzen duen arte.
4.– Funts horiek baliatu baino lehen, Finantzen Euskal Institutuak eta finantza-erakundeak baliatze horri dagokion baliatze-orria izenpetuko dute, honekin batera doan ereduari jarraituz.
5.– Behin baliatze-orria izenpetuta, Finantzen Euskal Institutuak hitzarmen honetan aipatzen den banku-kontuan kargatuko du, hitzarmen honen bidez araututako kreditu-baliatzearen azalpenarekin, baliatze-orrian eskatutako zenbatekoa.
6.– Hitzarmen honen eraginez alderdietako edozeinek beste bati ordaindu, itzuli edo entregatu behar dizkion kopuru guztiak hitzarmeneko eragiketa-kontuan sartuko dira. Ondorio horietarako, alderdiek kontu korronte horiek jakinaraziko dituzte gehienez hamabost (15) egun naturaleko epean, hitzarmen hau izenpetzen den egunetik zenbatzen hasita. Gainera, alderdietako edozeinek bere kontu korrontea alda dezake; horretarako, aski du beste alderdiari jakinaraztea.
7.– Baliatzea egiaz gauzatutakoan, baliatzea eskatzearen xede diren Sendotu maileguak formalizatu beharko ditu Finantzen Euskal Institutuak, gehienez 30 eguneko epean.
8.– Aurrekoaren ondorioz, Finantzen Euskal Institutuak egiten duen kreditu-baliatze bakoitzari aplikatzekoak izango zaizkio lankidetza-hitzarmenaren baldintzak. Baldintza horiek baliatze-orrian jasoko dira. Finantza-erakundeak baliatzearen zenbatekoaren arriskuaren zati bat bere gain hartzea, orobat, hitzarmen honetan jasotako zehaztapenek eta baldintzek arautuko dute.
9.– Baliatze bakoitzaren tronkoaren amortizazioak Finantzen Euskal Institutuak finantza-erakundeari ordaindu beharko dizkio, baliatze horri dagozkion maiztasuna, zenbatekoak eta abar betez; baliatze-orrian araututa geratuko dira horiek guztiak.
10.– Finantzen Euskal Institutuak edonoiz ordaindu ahalko du kreditutik ordaintzeke dagoen tronko osoa edo zati bat, sortu diren eta ordaintzeke dauden interesekin eta gainerako kopuruekin, eta dagokion konpentsazioarekin batera. Horretarako, finantza-erakundeari jakinarazi beharko dio gutxienez hamabost (15) egun natural lehenago.
Parte hartzen duten finantza-erakundeak:
1.– Finantzen Euskal Institutuari hitzarmen honen babesean formalizatutako eragiketetarako ematen dioten finantzaketaren kostua hau izango da:
– Euribor urtebetera, gehi % 1,75, zazpi urterako maileguetarako.
– Euribor urtebetera, gehi % 2, hamar urterako maileguetarako.
2.– Finantzen Euskal Institutuari ez zaio komisiorik edo gastu gehigarririk aplikatuko.
3.– Horregatik, finantza-erakunde sinatzaileek, bermatzaile erabat autonomoak diren aldetik eragiketa aztertu eta baimendu ondoren, Finantzen Euskal Institutua finantzatuko dute, hitzarmen honetan hitzeman dituzten ehunekoetan.
4.– Interesa urtero berrikusiko da. Interesak egunero sortuko dira, maileguaren tronkoaren gainean, eta egutegiko hiruhilekoz hiruhileko likidatuko dira.
5.– Finantza-erakundeek Finantzen Euskal Institutuari emandako finantzaketak, epearen, gabealdiaren eta amortizazio-sistemaren aldetik, elkarrekin finantzatuko dituzten azken onuradunentzat emandako maileguen baldintza berak izango ditu.