EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2015170

HUTSEN ZUZENKETA, honako dekretu honena: 119/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Xedapenaren zenbakia: 201500119
Xedapenaren data: 2015-06-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201503796
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2015/07/09an argitaratutako 2015/06/30reko 201500119 DEKRETUA akatsen zuzenketa

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuaren 18.2.b) artikuluan xedatzen denez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Zuzenketa egiteko eskaria, testua argitaratzeko agindua eman duen organoak egingo du.
Aipatu bezalako hutsak atzeman dira honako dekretu honen testuan: 119/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena (2015eko uztailaren 9ko EHAA, 128. zk.). Horregatik, dekretua osorik argitaratuko da.
119/2015 Dekretua, ekainaren 30ekoa, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Gernikako Autonomia Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoari, besteak beste, kultur arloko eta funtzioak Euskal Autonomia Erkidegoan betetzen dituzten fundazio eta elkarteen arloko eskumen esklusiboak aitortzen dizkio. Halaber, Autonomia Estatutuko 6. artikuluaren bidez, gure Autonomia Erkidegoari euskara Euskadiko hizkuntza ofizial propio gisa bultzatzeko eta sustatzeko proiektu, programa edo jarduerak garatzeko agindua eta eskuduntza ematen zaizkio.
Eskumen-esparru horren testuinguruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari, bere helburu nagusien artean, euskal kultura sustatzea dagokio, Euskadin garatzen diren kultura-adierazpen guztiak –eta bereziki, gure nortasunaren adierazpide direnak– biltzen dituela ulertuta. Euskara eta euskal kultura –azken hori edozein hizkuntza ofizialetan eta moldetan eginda dagoela ere– gure idiosinkrasiaren funtsa biltzen duten elementuak dira, beraz, haien iraupena, hedapena eta sustapena bermatzea euskal gizarte osoari dagokio, baina, batez ere, botere publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.
Arlo guztietan pentsamenduaren azterketa, ikerketa eta garapena sustatzea eta hedatzea oso lagungarria da helburu hori lortzeko, eta arloen artean, politiko, sozial eta kulturala nabarmendu daitezke.
Beste alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan garatzen duten fundazioak eta elkarteak sustatzea, laguntzea eta koordinatzea ere badagokio.
Ildo horretan, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteek Euskal Autonomia Erkidegoan pentsamendu arloa eratzen eta garatzen ekarpen handia egiten dute, azterketa, ikerketa eta garapenerako askotariko proiektu, programa edo jarduerak eginez, azken hartzaile gisa euskal gizartea duten ikastaro, mintegi, hitzaldi, erakusketa, batzar, bilera, prestakuntza-jarduera eta argitalpenen bitartez.
Hori guztia kontuan hartuta, aipatutako fundazioek eta elkarteek beren izaera juridikoaren eta egiten dituzten jardueren ondorioz aurretik deskribatutako Administrazio Orokorraren jarduera-eremuetan eragina daukatenez, dekretu honen xedea zera da: diru-laguntzen araubide bat ezartzea eta erregulatzea, baita diru-laguntzak emateko prozedura arautzea ere, fundazio eta elkarte horiei egiten dituzten pentsamendua aztertu, ikertu eta garatzeko proiektu, programa edo jardueren ondoriozko funtzionamendu-gastuak finantzatzen laguntzeaz gain, proiektu, programa eta jarduera horiek gauzatzea bultzatzeko.
Orain arte, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen irailaren 30eko 164/2008 Dekretuak Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio eta elkarteei pentsamendu politikoa, soziala eta kulturala aztertzeko eta garatzeko proiektuak, programak edo jarduerak egiteko diru-laguntzak emateko modua arautu du. Baina, aipatutako dekretuaren muinari eutsiz, edukia eguneratu egin behar da, 164/2008 Dekretuaren indarraldian sortutako errealitate eta behar berriei jarraiki, diru-laguntzetara aurkezten diren jardueren artean euskal herriaren kultura gure nortasunaren erreferentetzat hartzen dutenetan arreta handiagoa jartzeko eta diru-laguntzak esleitzeko prozedura horretara egokitzeko.
Ondorioz, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak ekainaren 30ean egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua. Helburua.
1.– Dekretu honen xedea da Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzea.
2.– Diru-laguntzen xedea, alde batetik, pentsamenduaren arlo guztiak –batez ere, politikoa, soziala eta kulturala– aztertzeko, ikertzeko eta garatzeko askotariko proiektu, programa edo jarduerak bultzatzea eta sustatzea da, eta beste alde batetik, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei jarduera horiek egiteko dituzten funtzionamendu-gastuak finantzatzen laguntzea.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Dekretu honetara bideratuko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan zehazten diren urteko aurrekontu-kredituak izango dira, eta eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa ikusita kredituak handitzeko aukera izango da, fundazioen eta elkarteen arloan eta kultur arloan eskudunak diren sailen beste programa batzuk gauzatu ondoren agortu gabeko aurrekontu-baliabiderik baldin badago, azken horren inguruko ebazpena eman aurretik. Handituz gero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian horren berri emango da, kultur arloko eskuduntza duen saileko titularraren agindu baten bidez.
3. artikulua.– Onuradunak.
1.– Dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak izateko, fundazio eta elkarteek ondorengo baldintzak bete behar dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan edo Euskal Autonomia Erkidegoko Elkarteen Erregistro Orokorrean izena emanda egotea.
b) Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura izatea.
c) Beren estatutuetan jasota dituzten interes orokorreko helburuetako bat kultur arloko proiektu, programa edo jarduerak garatzea izatea.
d) Hurrengo artikuluan deskribatuko diren diruz lagundu daitezkeen jardueretako batzuk egitea edo egiteko asmoa izatea.
e) Gizarte Segurantzarekiko zerga-eginbeharren betetzean eguneratuta egotea.
f) Oro har, euren eraketarako, jarduerarako eta diru-laguntzetarako deialdi publikoetan parte hartzeko Euskadiko Erkidego Autonomoan aplikagarria den araudiak xedatzen dituen eskakizunak betetzea.
2.– Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoek osatutako formazio politikoekin lotura duten fundazioak eta elkarteak ere dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak izan ahalko dira. Formazio horiek, dekretu honetan araututakoari dagokionez, alderdi politikotzat joko dira, aurreko paragrafoan finkatutako baldintzak betetzen baldin badituzte.
3.– Halaber, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazioak eta elkarteak ere dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak izan ahalko dira, artikulu honetako 1. paragrafoan zehaztutako baldintzez gain zuzenbidean ontzat ematen den edozein frogabidez ziurtatzen bada mendekotasuna duen alderdi politikoaren Legebiltzarrean dituen eserlekuak edo berau ezagutzeko era. Zuzenbidean ontzat ematen diren frogabideen artean, ondoko hauek onartuko dira:
a) Formazio politikoa arautzen duten estatutuetan edo arauetan dekretu honetan araututako diru-laguntzak eskatu dituen fundazioari edo elkarteari dagokion alderdi politikoaren partaidetza-ehunekoa adierazten bada, formazio politikoko alderdi bakoitzak Eusko Legebiltzarrean zenbat eserleku dituen zehaztu ahal izateko.
b) Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen diren hautesbarruti guztietako hautagai-zerrendetan hautagai bakoitza zein alderditakoa den adierazita egotea.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo erakunde autonomoek ezaugarri bereko laguntza edo diru-laguntza batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigorren bat ezartzeko prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura bukatu arte ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.
5.– Halaber, jasotako diru-laguntza bere diru-sarreren artean berriz sartu ez izana, itzultze-prozedura bat bukatutakoan, berriz ez sartzeko agintzen duen ebazpen bat eman bada, ezingo da diru-laguntza onartu, eta hala badagokio, ordaindu.
6.– Zigor edo administrazio arloko zehapen baten ondorioz diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten entitateek eta horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek ezingo dituzte dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak jaso. Horri lotuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioagatik ezarritako zigor eta debekuak barne hartuko dira.
7.– Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen alderdi politiko edo formazio politiko berarekiko lotura duten fundazio eta/edo elkarteen artean, bakar bat izan ahalko da dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuraduna. Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen alderdi politiko edo formazio politiko berarekiko lotura duten fundazio eta/edo elkarte bat baino gehiagok diru-laguntzok eskatzen dituenean, 8. artikuluan araututako irizpideen arabera lortutako puntuaziorik handiena lortzen duenak izango da onuraduna.
Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden formazio politikoak osatzen dituzten alderdi politikoekin lotura duten fundazioak eta/edo elkarteak ezingo dira dekretu honetan araututako diru-laguntzen onuradunak izan, formazio politiko berarekin lotura duen beste fundazio edo elkarte batek eskatu baditu.
4. artikulua.– Diruz lagunduko diren proiektuak, programak edo jarduerak.
1.– Dekretu honen 1. artikuluan aipatzen diren ekintzentzat diru-laguntzak emango dira, ondorengo baldintzak betetzen badituzte:
a) 15. artikuluan zehaztutako deialdiko aurrekontu-ekitaldiaren barruan gauzatzea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzea. Horrek ez du eragozten euskal pentsamendua eta kultura kanpoan zabaltzeko helburua duten jarduerak eremu horretatik kanpo egitea.
c) Azterketa, ikerketa eta garapenerako askotariko jarduerak izatea eta horiek, besteak beste, ikastaro, mintegi, hitzaldi, erakusketa, batzar, bilera, oroitzapen-ekitaldi, foro eta topaketa, sari eta lehiaketa, prestakuntza-jarduera, argitalpen, dokumentazio-zentro eta artxibategi, informazio eta Internet bidezko komunikazioen bitartez egingo dira.
d) Hartzailea euskal gizartea izatea. Hala ere, jarduera batzuen ezaugarri eta helburuak direla-eta, pertsona edo kolektibo jakin batzuk izan daitezke hartzaileak, edo herritarrak, oro har.
e) Diru-sarrera eta gastuen aurrekontu orekatu bat aurkeztea, eskatutako diru-laguntza aurrekontuko diru-sarreren artean barne hartuta.
f) Diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuko % 30eko edo hortik gorako finantziazio maila izatea eta diruz lagundu ezin diren gastuen % 100ekoa. Horri dagokionez, dekretu honetan araututako diru-laguntza ez beste edozein iturritik datorrena hartuko da finantziaziotzat.
2.– 15. artikuluan arautzen duen deialdiak xedatutakoaren arabera, fundazioek edo elkarteek dekretu honetan araututako diru-laguntzak proiektu, programa edo jarduera baterako edo bat baino gehiagotarako eskatu ahal izango dituzte, 3. artikuluan zehaztutako debekuei kalterik egin gabe.
3.– Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera bi sexuen arteko tratu-berdintasuna bermatzen ez duten proiektu, programa edo jarduerak ezingo dira diruz lagundu, ezta Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko azaroaren 24ko 10/1982 Legearen arabera euskal herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzen ez dituzten jarduerak ere.
5. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen gastuak.
1.– Dekretu honetan araututako diru-laguntzak diruz lagundu daitezkeen proiektu, programa edo jarduerak egitearekin zuzenki lotuta dauden funtzionamendu-gastuak finantzatzera bideratuko dira, betiere proiektu, programa edo jardueraren gastu-aurrekontuan jasota eta kuantifikatuta baldin badaude.
2.– Hala ere, hurrengo gastu hauek ez dira diruz lagunduko:
a) Higiezinetako obren gastua.
b) Ekipamendu-gastuak, fundazio edo elkarte onuradunaren ondarea handitzea eragingo duten gastuak direla ulertuta, adibidez: makinak, altzariak, informatikako ekipoak eta garraiorako elementuak eskuratzea.
c) Amortizazio-gastuak.
d) Zerga-gastuak.
e) Irakasle, hizlari eta aurkezleen ordainsariak, jasotzailea diru-laguntzaren onuraduna den fundazioko edo elkarteko zuzendaritza-organoetako kidea bada.
3.– Ondorengo gastuak diruz lagundu ahal izango dira, jarraian adieraziko ditugun mugekin:
a) Protokolo- eta ordezkaritza-gastuak: emandako diru laguntzaren zenbatekoaren % 5, gehienez.
b) Bidaia-, janari-, dieta-, garraio- eta lokomozio-, ostatu- eta bertaratze-gastuak: Zerbitzuen ordainezko kalte-ordainei buruzko otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuan zehaztutakoaren arabera lagunduko dira diruz, gehienez.
6. artikulua.– Emateko prozedura.
Dekretu honetan araututako diru-laguntzak lehiaketa bidez ebatziko dira. Horrela, aurkeztutako eskaera guztiak alderatu egingo dira, hurrenkera jakin batean jartzeko, 8. artikuluan zehaztutako balorazio-irizpideei jarraiki.
Nolanahi ere, izapidetzen den prozeduran, publizitate, gardentasun, objektibotasun, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak bete beharko dira, eta prozedura ofizioz abiatuko da, dekretu honetako 15. artikuluan aipatzen den deialdi publiko baten bidez. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
7. artikulua.– Balorazio-organoa.
1.– Eskaerak aztertzea eta ebaluatzea Balorazio Batzorde baten zeregina izango da eta honako hauek izango dira kideak:
a) Kultura sustatu, bultzatu eta hedatzeko eskuduntza duen Zuzendaritzako teknikari bat: Balorazio Batzordeko presidentea izango da, Zuzendaritza horretako titularrak proposatuta izendatua.
b) Fundazioen eta Elkarteen Erregistroaren arloko eskuduntza duen Zuzendaritzako teknikari bat: Balorazio Batzordeko presidenteordea izango da, eta bestela, Zuzendaritza horretako beste teknikari bat, Zuzendaritzako titularrak proposatuta izendatuak.
c) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko teknikari bat: Balorazio Batzordeko idazkaria izango da –bai hitz egiteko bai bozkatzeko eskubideak izango ditu–, eta bestela, aipatutako erakundeko beste teknikari bat, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak proposatuta izendatuak.
d) Hizkuntza-politikaren arloan jarduten duen teknikari bat, eta bestela, arlo horretako beste teknikari bat, aipatutako arloko eskumena daukan sailburuordetzako titularrak proposatuta izendatuak.
2.– Honako eginkizun hauek izango ditu Balorazio Batzordeak:
a) Aurkeztutako eskaerak aztertzea. Horretarako, Balorazio Batzordeak fundazio eta elkarteek 3. artikuluan diru-laguntzen onuradun izateko zehaztutako baldintzak betetzen dituzten egiaztatuko du, baita 4. eta 5. artikuluetan diru-laguntzetara aurkeztutako proiektu, programa eta jarduerei dagokienez adierazitako baldintzak betetzen dituzten ere.
b) Aurkeztutako eskaeretan eta dokumentazioan zuzendu beharreko akatsik aurkitu bada, instrukzio-organoari jakinaraztea.
c) Diru-laguntzetara aurkeztutako proiektu, programa eta jarduerak konparatiboki baloratzea, 8. artikuluan araututako irizpideen arabera.
d) Prozeduraren instrukzioan eskuduntza duen Zuzendaritzari txosten bat helaraztea. Txostenaren edukiak honako hau barne hartu behar du: zein fundazio eta elkarteri eman zaien diru-laguntza, diruz lagundutako programa, proiektu edo jarduera adierazita, balorazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa eta diru-laguntzaren zenbatekoa; zein fundazio eta/edo elkarteri ukatu zaien proiektu, programa edo jardueretarako diru-laguntza eta ukatzeko arrazoia; zein fundazio eta/edo elkarteren proiektu, programa eta jardueretarako diru-laguntza eskaera ez den onartu eta ez onartzeko arrazoiak.
3.– Balorazio Batzordeko kideen osaketan, emakumeen eta gizonen presentzia orekatua izateko ahalegina egingo da, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean zehaztutako irizpideen arabera.
4.– Balorazio Batzordeak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko II. tituluko II. kapituluan kide anitzeko organoei buruz xedatutakoaren arabera jardungo du. Nolanahi ere, Balorazio Batzordeak esleituta dituen eginbeharrak betetzeko komenigarritzat jotzen dituen txostenak eta iritziak eskatu ahal izango ditu.
8. artikulua.– Baloratzeko irizpideak.
Proiektuak, programak edo jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzordeak ondorengo irizpideak eta ehunekoak hartuko ditu kontuan:
a) Fundazio edo elkarte eskatzailearekin lotuta dagoen alderdi politikoak Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan lortutako ordezkaritza: lortu daitekeen puntuazio maximoaren % 40ko balioa izango du, gehienez, ondorengo formularen arabera kalkulatuta:
Pi = (eserleku kop. x Pm)/E
non,
Pi: Entitate onuradun bakoitzari dagokion puntuazioa.
Eserleku kop. Fundazio edo elkarte bakoitzarekin lotuta dagoen alderdi politikoaren eserleku kopurua.
Pm: Irizpide honen araberako puntuazio maximoa.
E: Legebiltzarrean ordezkaritza handiena daukan alderdi politikoaren eserleku kopurua.
b) Proiektu, programa edo jardueraren autofinantziazioa 4.1.f) artikuluan eskatutakoa baino handiagoa izateari gehienez ere lortu daitekeen puntuazio osoaren % 10eko balioa emango zaio. Ehunekoa zehazteko ez dira kontuan hartuko ez eskatutako diru-laguntza, ezta beste herri-administrazio batzuei eskatutako edo haiengandik jasotako laguntza edo diru-laguntzak ere. Kalkulua egiteko, irizpide honi jarraiki eman daitekeen puntuazio maximoa autofinantziazio maila handiena daukan fundazio edo elkarteari emango zaio; gainerakoei, berriz, horrekiko proportzionala.
c) Arlo guztietako pentsamendua –eta bereziki, pentsamendu politikoa, soziala eta kulturala– aztertu, ikertu eta garatzeko proiektu, programa edo jardueraren interesa eta kalitatea. Irizpide horri lortu daitekeen puntuazio osoaren % 15eko balioa emango zaio gehienez ere.
d) Proiektu, programa edo jarduerak euskal kulturaren sustapen eta hedapenean egiten duen ekarpena, Euskadiko kultur nortasunaren adierazpide gisa. Irizpide horri lortu daitekeen puntuazio osoaren % 15eko balioa emango zaio gehienez ere.
e) Fundazio edo elkartearen hizkuntza-politikari eta proiektu, programa edo jarduera osoan bi hizkuntza ofizialak egoki erabiltzeari lortu daitekeen puntuazio osoaren % 10eko balioa emango zaio gehienez.
f) Proiektu, programa edo jardueraren gauzatzean informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzeari puntuazio osoaren % 5eko balioa emango zaio gehienez.
g) Proiektu, programa edo jardueraren lurralde-eragin eta gauzatze-lurraldeari puntuazio osoaren % 5eko balioa emango zaio gehienez.
9. artikulua.– Zenbatekoa zehaztea.
1.– Balorazio Batzordeak, diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, deialdian erabilgarri dagoen aurrekontu-kreditu finkatuaren banaketa proportzionala egingo du, aurkeztu diren eskaeretatik izapidetzeko onartu direnen artean, lortutako puntuazioaren eta kasu bakoitzean eskatutako zenbatekoaren arabera. Horretarako, ondorengo formula erabiliko du:
Si = (Ei X Pi)/100
non,
Si = proiektu, programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko diru-laguntza zenbatekoa.
Ei = kasu bakoitzean eskatutako diru-laguntza zenbatekoa.
Pi = Batzordeak proiektu, programa edo jarduera bakoitzari emandako puntuazioa.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitako moduan kalkulatutako kopuruen batuketak aurrekontuaren muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren diru kopurua formula hau erabiliz kalkulatuko da:
non,
Si = proiektu , programa edo jarduera bakoitzari aurreko formularen arabera dagokion hasierako diru-laguntza zenbatekoa.
S´i = proiektu, programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko diru-laguntza zenbatekoa.
D = diru-laguntza jasotzekoak diren proiektu, programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko diru kopurua.
3.– Emandako diru-laguntzak ez du inolaz ere diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontuko % 70 gaindituko, ezta fundazioak edo elkarteak eskatutako zenbatekoa ere.
10. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Dekretu honetan araututako diru-laguntzak erakunde onuradunei helburu bererako eman dakiekeen beste edozein diru-laguntzarekin bateragarriak izango dira. Hala ere, diru-laguntzen zenbatekoak ezingo du izan, inolaz ere, bakarka edo beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako diru-laguntza eta laguntzekin batuta, ezta helburu berarekin jasotako ezein diru-sarrera edo baliabiderekin batuta ere, fundazio edo elkarte onuraduna garatzekoa den proiektu, programa edo jardueraren kostua baino handiagoa.
11. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Dekretu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek betebehar hauek izango dituzte:
a) Emandako diru-laguntza idatziz onartzea diru-laguntza eman zaiela jakinarazten dien Ebazpena jaso eta hamabost eguneko epean.
b) Diruz lagundu diren proiektu, programa edo jarduerak burutzea, aurreikusitako gauzatze- eta justifikazio-epeak betez, baita burutzearekin lotuta dauden gainerako alderdi guztiak ere.
c) Emandako diru-laguntza proiektu, programa edo jarduerak egiteak eragindako gastuak ordaintzeko erabiltzea, diru-laguntza onartzeko aurkeztutako aurrekontuaren arabera.
d) Jarduera egin izana frogatzea, deialdian aurreikusitako dokumentuak aurkeztuz.
e) Egiaztatze-jardueren pean jartzea eta kultur arloko eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzak zertarako erabili diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia ematea.
f) Diru-laguntzak kudeatzen dituen organoari exijitutako baldintzekin lotutako edozein egoera-aldaketaren berri ematea, baita diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein egoera objektibo edo subjektiboren inguruko aldaketen berri ere.
g) Beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak emanez gero, diru-laguntza hauek kudeatzen dituen organoari horren berri ematea.
h) Diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduera dela-eta egiten diren sustapen-elementu eta testu edo dokumentuetan kultur arloko eskuduntza duen Eusko Jaurlaritzako sailak babestu duela aipatzea. Babesaren inguruko aipamen hori euskaraz idatzi behar da, edo bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan.
Konpromiso honek ez ditu lotzen diru-laguntza onartu izanaren jakinarazpena proiektu, programa edo jarduera egin ondoren jasotzen duten erakunde onuradunak.
i) Kultura arloko eskuduntza duen sailak eskatuz gero, hari proiektu, programa edo jarduera egitearen ondorioz sortutako produktuen (adibidez, liburuak, aldizkariak, artxiboak, softwarea) kopia bat edo ale bat helaraztea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak material horiek irabazi asmorik gabe eta egile-eskubideak errespetatuz erabiltzea ontzat hartzea.
j) Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean xedatutakoari jarraiki, erakunde onuradunek diruz lagundutako proiektu, programa edo jardueren garapenean eta gauzatzean hizkera sexistarik ez erabiltzeko konpromisoa hartzen dute, eta emakumeen eta gizonen rolei dagokienez, estereotiporik ez erabiltzea bermatuko dute.
k) Diru-laguntzen arloan indarrean dagoen araudianfinkatutako beste edozein, eta bereziki, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan finkatutakoak.
12. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Emandako diru-laguntzak ordainketa bakar batean ordainduko dira, diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu ondoren, deialdiaren arabera.
13. artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.
1.– Diru-laguntza emateko aintzat hartutako baldintzetan aldaketaren bat gertatuz gero, betiere diru-laguntzaren helburua betetzat jotzen bada, eta kasuan kasu, beste edozein erakunde publikoren edo pribaturen diru-laguntzak eta laguntzak lortuz gero, edo helburu bererako bestelako diru-sarrera edo baliabideak jasoz gero, eta hala fundazio edo elkarte onuradunak garatu beharreko proiektu, programa edo jardueraren kostua gainditu bada, horrek diru-laguntzak emateko Ebazpena aldatzea eragin dezake, eta hala badagokio, hurrengo paragrafoan zehaztutako neurriak hartzea.
2.– Diru-laguntza justifikatzeko helarazitako dokumentazioa aztertu ondoren, edozein arrazoi dela-eta, osoki edo zatiki deuseztatu beharko balitz, edo kasuan kasu, dagoeneko jasotako zenbateko osoa edo zati bat Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar izanez gero, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan diru-laguntzak itzultzeko ezartzen den prozedura orokorraren arabera egingo da. Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen ditu.
3.– Justifikatutako gastu-zenbatekoa eskaerarekin batera aurkeztutako gastu-aurrekontua baino handiagoa izateak ez du onartutako diru-laguntzaren zenbatekoa handitzeko eskubiderik emango.
14. artikulua.– Arauak ez betetzea.
1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Gastuak justifikatzeko eginbeharra ez betetzea.
b) Diru-laguntza eskatutako baldintzak bete gabe eskuratzea.
c) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat diruz lagundutako proiektu, programa edo jarduerak ez beste batzuetarako erabiltzea.
d) Diru-laguntzaren zati bat edo osoa itzuli behar izanez gero, zehaztutako epean ez egitea.
e) Kontrol-jarduerei uko egitea edo haiek oztopatzea.
f) Dekretu honetan edo urteroko deialdian finkatutako baldintzak ez betetzea.
2.– Ez-betetze horietako edozein gertatu dela egiaztatuz gero, kultur arloko eskumena duen sailak ez du laguntza edo diru-laguntza eman beharrik izango, eta kasuan kasu, ordaindutako kopuruak itzuli egin beharko dira eta laguntza ordaindu denetik sortutako legezko interesak exijituko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuari eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraiki eta horietan zehaztutako baldintzen arabera.
3.– Aurreko lerrokadan adierazitako itzulketa-baldintza betetzeak ez du esan nahi zigor-prozeduraren bat irekiz gero, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza eta diru-laguntzei buruzko xedapenak urratu dituen entitatea zigor-prozedura horren ondorioetatik libre geratuko denik.
15. artikulua.– Deialdia.
1.– Kultur arloko eskuduntza duen saileko titularrak, aurrekontuak ahalbidetzen badu, urtero, Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekin lotura duten fundazio eta elkarteei dekretu honetan araututako diru-laguntzak eskatzeko deialdia egingo die. Deialdi horretan, ondorengo edukiak zehaztu beharko dira:
a) Dekretu honen erreferentzia, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariko zein zenbakitan argitaratu den adieraziz, baita zein arau osagarri edo gehigarri aplika dakiokeen ere.
b) Diru-laguntzak finantzatzeko aurrekontu-hornidura osoa.
c) Eskaerak aurkezteko tokia, epea eta modua, baita fundazio eta elkarte eskatzaileek zein dokumentazio aurkeztu behar duten ere.
d) Deialdia ebazteko epea –deialdia indarrean sartzen den egunetik hasita gehienez ere sei hilabetekoa izango da– eta fundazio eta elkarte eskatzaileei jakinarazpena egiteko modua.
e) Emandako laguntza justifikatzeko epea eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
f) Balorazio Batzordeko kideen izendapena.
g) Deialdiaren beraren kontra zer errekurtso jar daitezkeen, zer epetan eta zer organori aurkeztu behar zaizkion.
2.– Nolanahi ere, Dekretu honetan araututako diru-laguntzen jasotzaileek bitarteko elektronikoz egin beharko dituzte eskabidea, kontsultak eta beharrezkoak diren bestelako izapide guztiak. Halaber, diru-laguntzen jasotzaileei egin beharreko jakinarazpen, komunikazio eta eskabidearen ondoko bestelako izapideak bitarteko berberak erabiliz egingo dira.
Aurreko paragrafoan aipatutako izapideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko «nire kudeaketak» atalaren bitartez egingo dira, https://www.euskadi.net/nirekudeaketak, deialdian ezarritakoaren arabera.
16. artikulua.– Kudeaketa eta instrukzioa.
Kultura sustatzeko eta hedatzeko eskuduntza duen zuzendaritza arduratuko da dekretu honetan araututako diru-laguntzak kudeatzeaz, baita urtean behingo deialdietako ebazpen-prozeduraren instrukzioaz ere.
17. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidea izapidetzea onartzeko eskatzen diren dokumentu batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea baloratzeko aurkeztutako dokumentazioan akatsak aurkituz gero, hamar laneguneko epea emango zaio interesdunari huts-egitea zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzan, eta jakinaraziko zaio ezen, hala egiten ez badu, eskabidea atzera botatzen duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, hartarako, aldez aurretik ebazpen bat emango da.
18. artikulua.– Ebazpena.
1.– Administrazio-espedientea aztertu ondoren, Balorazio Batzordearen txostena aurrean izanda, prozeduraren instrukzioan eskuduntza duen zuzendaritzak behin-behineko ebazpen bat emango du eta fundazio eta elkarte interesdunei ebazpen horren berri emango die, egokitzat jotzen dituzten alegazioak egin ditzaten, jakinarazten zaien egunetik hasita 15 egun naturaleko epean.
2.– Dena den, fundazio eta elkarte interesdunek azaldutako egitate, alegazio, dokumentu eta frogak bakarrik agertzen badira prozeduran, eta horiek bakarrik hartzen badira kontuan, ez da beharrezkoa izango aurreko paragrafoan aurreikusitako izapidea egitea.
3.– Fundazioak edo elkarteak diru-laguntza lortu arren, onartutako zenbatekoa eskatutakoa baino txikiagoa baldin bada, diru-laguntzaren onarpena jaso duen proiektu, programa edo jarduera berriz formulatu ahal izango du, 1. paragrafoan zehaztutako epean, onartutako zenbatekora egokitzeko; bereziki, diru-sarrera eta gastuen aurrekontua. Aurrekontuak 4. artikuluan eskatutako orekari eutsiko dio. Horretarako, proiektu, programa edo jardueraren formulazio berrian, zein aldaketa egin diren adierazi beharko da. Nolanahi ere, eskaeraren formulazio berriak diru-laguntzaren xedea betetzat jotzea ahalbidetzen duten diruz lagundutako proiektu, programa edo jardueraren betebeharrak, baldintzak, jarduerak eta helburuak bete beharko ditu. Gainera, diru-laguntzaren zenbatekoaren eta eskaeran aurkeztutako proiektu, programa edo jardueraren zenbatekoaren arteko orekari eutsi beharko dio.
4.– Proiektu, programa edo jardueraren aurreko paragrafoan zehaztutako baldintzen araberako formulazio berria onartzeko, Balorazio Batzordeak onetsi beharko du.
5.– Aurreko paragrafoetan deskribatutako izapidetzea egindakoan, prozeduraren instrukzioan eskuduntza duen Zuzendaritzak kultur arloko eskuduntza duen sailari ebazpen-proposamen bat egingo dio. Sail horrek dagokion ebazpena emango du. Ebazpen horrek arrazoitua izan behar du, eta kasu guztietan, ondorengo alderdiak barne hartu behar ditu:
a) Eskatzaileak eta diruz lagundu diren haien proiektu, programa eta jarduerak identifikatu beharko ditu, baita diru-laguntzaren zenbatekoa eta balorazio-irizpide bakoitzean lortutako puntuazioa zehaztu ere.
b) Eskatzaileen eta diru-laguntzarik jaso ez duten haien proiektu, programa eta jarduerak identifikatu beharko ditu eta diru-laguntzarik ez jasotzeko arrazoia zehaztu.
c) Eskatzaileen eta eskaera izapidetzea onartu ez zaien haien proiektu, programa eta jarduerak identifikatu beharko ditu eta izapidetzea ez onartzeko arrazoia zehaztu.
6.– Deialdiaren inguruko ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du eta interesdunek bere aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan. Horretarako, bi hilabeteko epea izango dute, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera. Era berean, nahi izanez gero, kultura arloan eskuduntza duen saileko titularraren aurrean berraztertzeko errekurtso bat aurkeztu ahal izango da, hilabeteko epean, jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
7.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara emango dira artikulu honetako 5. zenbakiak deialdiaren Ebazpenari buruz aipatzen dituen alderdiak.
19. artikulua.– Uko egitea.
Fundazio edo elkarte onuradunen batek ez badu diru-laguntza onartzen edo horri uko egiten badio, organo emaileak hari onartutako diru-laguntza gainerako fundazio eta elkarteen artean banatzea erabakiko du, dekretu honetako 9. artikuluan zehaztutakoaren arabera, eta aipatutako fundazio eta elkarteek hamar eguneko epean onartu beharko dute. Ildo horretan, erakunde onuradunek, horren berri ematen dien idazkia jaso eta hamar eguneko epean ukoa idatziz eta berariaz adierazten ez badute, erabakia onartu egiten dutela ulertuko da. Dena dela, birbanaketa hurak Dekretu honetan ezartzen diren mugak gorde beharko ditu.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Dekretu honetan araututako diru-laguntzei, dekretuan aurreikusitako araubide juridikoaz gain, arau hauek aplikatuko zaizkie: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra erregulatzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea; Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioen Zehatzeko Ahalari buruzko otsailaren 20ko 2/1998 Legea; eta kultura arloko eskuduntza duen saileko titularrak urtean behin egiten duen deialdian jasotzen diren oinarriak eta aplikagarria zaion beste edozein arau ezarriko dira.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio eta elkarteei diru-laguntzak emateko modua arautzen duen irailaren 30eko 164/2008 Dekretuaren arabera emandako diru-laguntzen inguruan sortzen diren auziak aipatutako dekretuari eta haren araubide osagarriari jarraiki arautuko dira.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Bertan behera geratuko dira Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi politikoekiko mendekotasun organikoa duten fundazio eta elkarteentzako diru-laguntzak emateko modua arautzen duen irailaren 30eko 164/2008 Dekretua, baita berarekin bat ez datozen maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak ere.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2015eko ekainaren 30ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.