EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-04 Aldizkari honetan argitaratua: 2015168

AGINDUA, 2015eko uztailaren 28koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzen programa arautzen duena, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartzeko (Indartu Programa).

Xedapenaren data: 2015-07-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201503772
Maila: Agindua
2014-2016 Industrializazio Planean jasota dagoen bezala, enplegua sortzeko inbertsio produktiboa sustatzea funtsezko ardatz estrategikoetako bat da, arlo horretan Jaurlaritzak garatuko dituen ekintzak bideratzeko.
Horretan oinarrituta, planak tresna eta programa egokiak egituratzen ditu enpresa-inbertsioak bultzatzeko eta sustatzaile berriei laguntza integrala emateko, enplegu-aukera berriak sortuko baitituzte. Horrela, diskriminazio positiboa ezartzen du, bereziki inbertsio hauek sustatzeko: Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatutako inbertsioak eta estrategikotzat eta lehentasunezkotzat jotzen direnak.
Aipatutako plana aplikatzeko, programa berri bat diseinatu da, Indartu Programa izenekoa. Programa horrek enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzak jasotzen ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea bultzatzeko. Indartu Programak aurreko sustapen-programak aplikatzerakoan hartutako esperientzia jasotzen du, eta bere edukiak egokitzen ditu gure ekonomia-ingurunearen baldintza berrietara eta Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako dituen jarduera-lehentasunetara.
Baldintza berri horien barruan, bereziki garrantzitsua da 2014ko maiatzean Europako Batzordeak onetsitako Eskualde Laguntzen Mapa berria indarrean egotea. Izan ere, mapa horrek adierazten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko zati bat hautatua izan daiteke, enpresa-inbertsioa sustatzeko eskualde-pizgarriak emateko. Hautatua izateko aukera hori Gobernuaren lehentasunetara egokitu behar da, gure autonomia-erkidegoko eremu batzuen aldeko diskriminazio positiboa lortzeari dagokionez (Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea).
Indartu Programa berria, labur esanda, oinarrizko ezaugarri hauen inguruan egituratzen da:
Programaren xedea da enplegua sortzeko inbertsio produktiboa sustatzea eremu horietan, enpresa berriek zein lehendik dauden enpresek eginikoa. Lehentasuna izango dute zuzenean honako hauekin lotuta dauden inbertsioek: produktuaren transformazio-prozesuan hobekuntzak egitea, gaitasunak handitzea edo jarduera berriak garatzea.
Lurraldea kontuan hartzen duen diskriminazio positiboko ahalegina ezarri da, langabezia-egoera larriagoa jasaten duten zenbait eremutarako. Izan ere, eremu horietan ekonomia-krisiak eragin handiagoa izan du, edo eremuaren garapena zailtzen duen egitura-hondatzea jasan dute.
Enplegua sortzea funtsezko faktorea da programa honetan. Beharrezkoa da muga egokiak ezartzea, inbertsioak jaso ahal izateko; inbertsio horiek enplegua sortzen eta industria-egitura trinkoa eratzen lagunduko dute, eta, egitura horri esker, aberastasun eta enplegu gehiago sortu ahal izango da etorkizunean. Ondorioz, enplegua sortzeko inbertsioak gutxieneko bolumenak behar izango ditu, eragin nabarmena bermatzeko.
Askotan, finantza-egitura eskasaren ondorioz sortzen dira gure enpresen zailtasun asko eta asko. Ildo horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartze aldera enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako diru-laguntzen programan (Indartu Programa), bereziki aipatzen da inbertsioek behar bezala finantzatuta egon behar dutela. Horrela, programaren hasieran, baliabide propioen gutxieneko estaldura eskatzen da, enpresa berrientzat zain lehendik daudenentzat. Estaldura hori laguntza jaso dezaketen inbertsioen guztizkoaren % 25ekoa da, laguntza publikoak kenduta. Laguntzak, halaber, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak dira, eta, horri eta lehen aipatutako eskakizunari esker, enpresek finantza-egitura saneatuak izango dituzte, eta inbertsioak sendotu arteko aurreko urteei eusteko gai izango dira.
Aipatutako irizpideekin bat etorriz, enpresa bakoitzeko hiru milioi euroko gehieneko diru-laguntza ezarri da, laguntza jaso dezakeen inbertsioaren arabera, sortu beharreko enplegu-bolumena kontuan hartu gabe.
Estatuaren 2014-2020rako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerro berriak (2014-07-23ko AO, C 209) eta 2014ko ekainaren 17ko EB 651/2014 Erregelamendu berria –horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187)– argitaratu ondoren, eta Europako Batzordeak Estaturako 2014-2020 eskualde-laguntzen mapa onetsi eta gero, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea indartze aldera enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresentzako laguntzen programaren (Indartu Programaren) baldintzak garatzea esparru horretan, honako hauek lortzeko: enplegua sortzen duten eta arauan zehaztutako xedeak betetzen dituzten inbertsio guztiek diru-laguntzak lortu ahal izatea; inbertsio horien egikaritze dinamikoa ahalbidetzea, eta, inbertsioak amaitu ostean, onuradunek diru-laguntzak emateko kontuan hartu ziren baldintzei eustea gutxieneko epe batean.
Horregatik, honakoa
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea bultzatzeko programa (Indartu Programa) arautzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean eta Oiartzualdean enplegua sortzeko inbertsio produktiboa egingo duten enpresei diru-laguntzak emateko, arau honetan jasotako baldintzetan. Inbertsio horiek enplegu-bolumen handia sortu beharko dute.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Aurreko artikuluan azaldutako xedera bideratutako baliabide ekonomikoak horretarako gaitutako kredituetatik hartuko dira; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onesten dituen Legean jasotzen dira kreditu horiek.
2.– Diru-laguntzak emateko ezarritako kreditua agortuz gero, egoera horren berri emateko, industria-arloan eskumena duen Sailburuordetzako titularrak administrazio-ebazpena egingo du, eta, ebazpen horretan, kreditua noiz agortu den azaldu beharko du. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ez da onartuko kreditua agortu den unetik aurrera aurkezten den eskabiderik.
3.– Dagoeneko aurkeztu diren eta izapide-fasean dauden eskabideak ezin badira erantzun kreditu-muga agortuta egoteagatik, ezetsi egingo dira arrazoi hori dela-eta, industria-arloan eskumena duen Sailburuordetzako titularraren administrazio-ebazpen bitartez ezetsi ere.
4.– Ekitaldi ekonomikoan aurkeztu diren eta laguntzarik izan ez duten enplegua sortzeko inbertsioak (ezarritako muga ekonomikoa gainditu delako), aurretik aipatutako moduan ezetsi badira, hurrengo ekitaldiko baliabideez balia daitezke, betiere, inbertsio horiek agindu honetan ezarritako betekizunak betetzen badituzte, salbu eta inbertsioaren hasierari buruzko betekizunei dagokienez; izan ere, betekizun horiek lehenengo eskaeraren urtean bete ahal izan dituzte. Horretarako, beste eskabide bat aurkeztu beharko dute, baina, lehentasuna emango zaie, ezetsitako lehen eskabidearen data hartuko baita kontuan.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak enpresa hauek lortu ahal izango dituzte: enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), baldin eta erauzketa, eraldaketa edo produkzioko industria-enpresak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak); horrez gain, diruz lagundu beharreko inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldean edo Oiartzualdean kokatu behar dira. Alde horiek Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Diru-laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014-05-21eko SA 38472 (2014/N) zenbakiko Erabakian identifikatuta daude.
2.– Mikroenpresa, enpresa txiki eta ertainen (ETE) kategorian enpresa hauek sartzen dira: 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dieten enpresak, eta, gehienez ere, 50 milioi euroko urteko negozio-bolumena dutenak, edo, gehienez ere, 43 milioi euroko urteko balantze orokorra dutenak.
ETEen kategorian, enpresa txikitzat joko dira 50 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 10 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak.
ETEen kategorian, mikroenpresatzat joko dira 10 langile baino gutxiago izanik urteko negozio-bolumenean edota urteko balantze orokorrean 2 milioi euroko kopurua gainditzen ez dutenak.
Beste batzuekiko lotua edo elkartua den enpresari dagokionez, enpresa-taldeak bete beharko ditu aipatutako baldintzak.
Arestian adierazitakoa beste edozein modutan interpretatzeko, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko AO, L 187) laguntza-kategoria jakin batzuk barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dituen 2014ko ekainaren 17ko EB 651/2014 Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoa edota hura ordezten edo aldatzen dutenetan xedatutakoa aplikatuko da.
3.– Industria-taldeen enpresa-inbertsioei dagokienez, bakarrik lagunduko zaie eremu ahulean kokatuta dauden enpresei, baldin eta % 100ekoa bada taldeko enpresa guztien arteko akzio-partaidetza, eta haien prozesuak erauzketetakoak, eraldaketarakoak edo produkziokoak badira edo zerbitzu teknikoak egiten badituzte era horretako enpresentzat (produktu-prozesuari lotuak), eta proiektuan definitzen bada.
4.– Arau honetan araututako diru-laguntzek honako hauek bete beharko dituzte: Estatuaren 2014-2020rako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerroak eta 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 zenbakiko salbuespeneko Erregelamendu orokorraren 14. paragrafoan ezarritakoa –horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187)–, betiere Espainiarako 2014-2020 eskualde-laguntzen mapak baimendutako gehieneko intentsitateak errespetatzen badira. Diru-laguntza horizontalei buruzko arauak eta diru-laguntza sektorialei buruzko araudiak ere errespetatu beharko dira.
5.– Ogasunarekiko eta Gizarte-segurantzarekiko betebeharrak egunean dituzten erakundeek lortu ahal izango dituzte agindu honetan jasotako diru-laguntzak.
6.– Diru-laguntzen onuradun izateko, enpresa eskatzaileak ez du egon behar zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta, ezta horretarako ezgaitzen duen legezko debekuen eraginpean ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean ezarritakoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne hartuta.
4. artikulua.– Erakunde baztertuak.
1.– Diru-laguntza hauen onuradun izatetik baztertuta geratuko dira krisialdian dauden enpresak. Enpresa bat krisialdian egongo da, Krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko Gidalerroetan xedatutakoaren arabera (2014-07-31ko 2014/C 249/01), gutxienez baldintza hauetakoren bat betetzen bada:
erantzukizun mugatuko sozietate bat bada, harpidetutako kapital sozialaren erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz; hori gertatzen da, metatutako galerak erreserbetatik (eta sozietatearen funts propiotzat hartzen diren gainerako elementu guztietatik) kentzearen ondorioz metatutako zenbateko negatiboa handiagoa denean harpidetutako kapital sozialaren erdia baino;
sozietate batean gutxienez bazkide batzuek sozietatearen zorraren gaineko erantzukizun mugagabea dutenean, kontabilitatean ageri diren euren funts propioen erdia baino gehiago desagertu denean metatutako galeren ondorioz;
enpresa porrot edo kaudimen gabezia prozeduran dagoenean edo bere Zuzenbide nazionalean ezarritako irizpideak betetzen dituenean porrot edo kaudimen gabezia prozedura baten pean jartzeko, hartzekodunek hala eskatuta;
ETEa ez den enpresa bat bada, aurreko bi urteetan enpresaren zorra/kapitala ratioa 7,5etik gorakoa izan bada eta enpresaren interesen estaldura ratioa, EBITDAren oinarriaren gainean kalkulatuta, 1,0tik behera egon bada.
2.– Arau honetan araututako diru-laguntzarik ez zaie emango Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 13. artikuluak baztertutako sektoreetako enpresei; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria.
3.– Ez da diru-laguntzarik emango eskatzaileak eskaeraren aurreko bi urteetan Europako Esparru Ekonomikoan jarduera berdin edo antzekoari amaiera eman badio edota, laguntzaren eskaera aurkezteko unean, jarduera horri amaiera emateko plan zehatzak baditu bi urteko gehieneko epean inbertsioa osatu eta gero.
4.– Kanpoan geratuko dira autonomia-erkidegoko erakunde-administrazioa osatzen duten erakundeak.
5.– Kanpoan geratuko dira, halaber, berreskuratzeko agindu baten mende dauden enpresak, Batzordeak aurretiaz hartutako erabaki baten bidez laguntza bat legez kanpokotzat eta barne-merkatuarekin bateraezintzat jo izanaren ondorioz.
5. artikulua.– Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea.
Agindu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea honela definitzen dira: alde horiek, ezaugarri sozioekonomikoengatik eta langabezia-indize handiagatik, industria-krisialdiak alde horietan eragin handiagoa izan duelako edota egitura-hondatze egoeran daudelako, ekonomia sustatzeko tratamendu diferentziala behar dute.
Zehazki, arau honen ondorioetarako, honako eremu hauek izango dira Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea: Espainiarako 2014-2020 Eskualdeko Diru-laguntzen Mapa onesten duen Estatu Laguntzari buruzko Batzordearen 2014-05-21eko SA 38472 (2014/N) zenbakiko Erabakian jasota daudenak.
Erabaki horretan oinarrituta, Euskal Autonomia Erkidegoko Nerbioi itsasadarraren ezkerraldea eta Oiartzualdea honako eremu hauek dira:
Oiartzualdea (Gipuzkoa), udalerri hauek osatua: Errenteria, Pasaia, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun eta Hernani.
Nerbioi itsasadarra (Bizkaia), udalerri hauek osatuta: Sestao, Ortuella, Trapagaran, Abanto, Muskiz, Zierbena, Portugalete, Santurtzi, Barakaldo, Alonsotegi eta Erandio.
6. artikulua.– Diru-laguntzak eskuratzeko irizpideak.
Laguntza jaso dezakeen inbertsioak agindu honetan aurrez ikusitako diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, inbertsioa ezin izango da hasi eskaera aurkezteko data baino lehen, eta data horretatik aurrera egin beharko da, gehienez ere hurrengo bi urte naturaletan, bere ezaugarrien eta enpresa-planen arabera; horrez gain, betekizun hauek bete beharko ditu:
Enpresa handiek, gutxienez, 3 M euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta, gutxienez, 20 lanpostu garbi sortu beharko dituzte; ETEek, aldiz, gutxienez 750.000,00 euroko inbertsio onartua egin beharko dute, eta gutxienez 5 lanpostu garbi sortu beharko dituzte. Enpresa hauen inbertsioak ere onartuko dira: aurreko paragrafoan adierazitako gutxieneko inbertsio onartura iritsi ez arren, gutxienez 100 lanpostu sortzen badituzte (enpresa handien kasuan) edota gutxienez 25 lanpostu garbi sortzen badituzte (enpresa txiki eta ertainen kasuan).
Enpresaren baliabide propioak, diru-laguntzak kanpoan utzita, gutxienez laguntza jaso dezakeen inbertsioaren zenbatekoaren % 25 izatea.
Kontuan hartu beharreko enplegu-sorkuntza zein inbertsioak erakunde juridiko bakarrak egin beharko ditu, eta, enpresa-taldeen kasuan, % 100eko akzio-partaidetzarekin, zenbait produkzio-zentro badituzte, arau honetako irizpideak betetzen dituzten eta inbertsioen xede diren produkzio-zentroetan edo produkzio-zentroan baino ez.
Enpresa onuradunek bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta finantzarioa oinarritu beharko dute.
7. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen inbertsioa.
1.– Diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktiboari gehituko zaizkion aktibo finkoak eskuratzeko inbertsioa, baldin eta, agindu honetan eta berau garatzeko xedapenetan ezarritakoez gainera, baldintza hauek betetzen baditu:
Honako kategoria hauetakoren batean dauden aktiboak izatea, horretarako azaroaren 16ko 1514/2007 Errege Dekretuan bildutako Kontabilitate Plan Orokorrak ezarritako definizioaren arabera:
– 203 Jabetza industriala eta patenteak
– 206 Informatika-aplikazioak
– 210 Lurrak eta ondasun naturalak
– 211 Eraikuntzak
– 212 Instalazio teknikoak
– 213 Makineria
– 214 Tresneria
– 215 Beste instalazio batzuk
– 217 Informazio-prozesuetarako ekipoak
«Lurrak eta ondasun naturalak» eta «Eraikuntzak» epigrafeetako inbertsioaren kopurua, gehienez ere, laguntza jaso dezaketen gainerako aktibo guztiak batera bestekoa izango da. Gehienezko kopuru hori gaindituz gero, soberako inbertsioa ez da laguntza jaso dezakeen inbertsio gisa zenbatuko.
Edonola ere, aktiboek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.
Aktiboen preziotzat haien balio «garbia» hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.
Lehenengo aldiz erabilitakoak edo lehen aldiz funtzionamenduan jarritakoak izatea. Honako hauek ere laguntza jaso ahal izango dute: establezimendu baten aktiboak eskuratzea (establezimendu hori itxita badago) edota establezimendu batetik datozen aktiboak eskuratzea (hirugarren batek merkatu-baldintzetan eskuratu izan ez balitu, establezimenduak ateak itxiko zituen). Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezalako tratamendua emango zaie.
c) Gutxienez, hiru urteko amortizazio-aldia ezarrita izatea, eta hiru urte irautea, gutxienez, enpresaren aktiboan.
d) Hirugarrenei lagata ez egotea, ordainik jasota zein ez.
e) Enpresa eskatzaileak berak egindakoak ez izatea (edozein modutan, haien balioa ez da inoiz izango eragiten duten kanpo-kontsumoa baino handiagoa).
f) Bazkideren batek egindako kapitalerako gauzazko ekarpenek ezin izango dute laguntzarik jaso.
g) Finantza-errentamendu bidez finantzatutako inbertsioa laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat hartuko da, betiere enpresak esanbidez hartzen badu dagokion erosteko aukera betetzeko konpromisoa.
h) Ordezkapen-inbertsioei ez zaie inongo laguntzarik emango.
i) Laguntza jaso dezaketen aktibo immaterialak onuradunaren establezimenduan soilik ustiatu beharko dira, aktiboko elementu amortizagarritzat jo beharko dira, hirugarren bati erosi beharko zaizkio merkatuko baldintzetan eta gutxienez hiru urte egin beharko dituzte enpresaren aktiboan.
2.– Enpresa elkartu edo lotuei erositako aktiboetatik datozen inbertsioak esanbidez adierazi beharko dira eskaeran, eta kanpo-kontroleko auditoriatan oinarrituta baloratuko dira.
Enpresa elkartu edo lotuaren ondorioetarako, Salbuespenen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren I. eranskina aplikatuko da; erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria.
8. artikulua.– Laguntza jaso dezakeen enplegua.
1.– Gutxieneko enplegu-sorrera kopuru garbietan neurtuko da. Horretarako, egun dauden enpresen kasuan, deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa abiapuntutzat hartuta kalkulatuko da hasierako plantilla.
Aurreko idatzi-zatian ezarritakoa horrela bada ere, diru-laguntzak eskatu aurreko azken hiru urteetan batez besteko plantillak izandako bilakaera ere kontuan hartuko da, baita diru-laguntzak eskatu dituenak hiru urteko epe horretan beste enpresa-proiektu batzuetan parte hartu duen ere. Hori dela-eta, enpresa eskatzaileak alderdi horiek justifikatu beharko ditu, eta aurkeztutako agiriak aztertuta enplegu-galerak izan direla egiaztatzen bada, ez da abiapuntutzat hartuko deialdia argitaratu aurreko azken hamabi hilabeteetako batez besteko aritmetikoa, aztertutako informaziotik ondorioztatzen diren benetako datuak baizik.
2.– Sortutako enplegua, 6.a) artikuluan eskatutako gutxieneko baldintzetan oinarrituta, onetsitako denbora-horizontea amaitu eta hurrengo 6 hilabeteen barruan gauzatu beharko da gehienez ere.
Konpromisopean hartutako enplegua gutxienez hiru urtez iraunarazi beharko da, lanpostu bakoitza sortzen denetik hasita.
3.– Industria-taldeen enpresa-inbertsioei dagokienez, enpleguaren justifikazioa eta jarraipena taldeko enpresa hauei buruzkoak bakarrik izango dira: Nerbioi ibaiaren ezkerraldean eta Oiartzualdean kokatuta dauden enpresak, proiektuan zehazten den industria-jarduerari lotuta dauden prozesuak dituztenak; horien arteko akzio-partaidetzak % 100ekoa izan beharko du.
9. artikulua.– Diru-laguntzen modalitatea eta zenbatekoa.
Agindu honen esparruan eman beharreko diru-laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioaren % 10 izango dira.
Diru-laguntzek gehieneko muga izango dute, eta muga hori ezin izango da 3.000.000,00 eurotik gorakoa izan enpresa bakoitzeko.
2014ko ekainaren 17ko 651/2014 zenbakiko salbuespeneko Erregelamendu orokorraren 4. artikuluan xedatutakoaren arabera –horren bidez, zenbait laguntza-kategoria barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira, Itunaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzearen ondorioz (2014-06-26ko AO, L 187)–, diruz lagundu daitezkeen 100 milioi eurotik gorako kostuak dituzten inbertsiorako eskualde diru-laguntzak Europako Batzordeari jakinarazi beharko zaizkio.
10. artikulua.– Diru-laguntzak metatzea eta mugak.
Agindu honetan jasotako diru-laguntzen xede berarekin beste administrazio publiko batzuek emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira, baldin eta laguntza guztien baturak ez badu gainditzen estatuaren 2014-2020rako eskualde-laguntzei buruzko Gidalerroen 5.4 paragrafoan (2014-07-23ko AO, C 209) ezarritako muga. Halako laguntzarik jasoz gero, horren berri eman behar zaio Industria Sustatzeko Zuzendaritzari.
Adierazitako muga gaindituz gero, soberakinari dagokion kopurua kenduko zaio agindu honen babespean jasotako laguntzari.
11. artikulua.– Prozeduraren hasiera.
1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak urtean behin egingo diren deialdi publikoen bidez iragarriko dira eta publikotasun, lehia eta objektibotasunaren printzipioei jarraituz emango dira, espedientea osatuta dagoen unearen arabera.
2.– Industria arloan eskumena duen Sailburuordetzaren titularraren Ebazpenaren bitartez egingo da deialdia, eta honako hauek zehaztuko dira bertan: ekitaldi horretan emango diren diru-laguntzen gehieneko zenbatekoa, eskabideak aurkezteko epea eta tokiak, eskabide-ereduak onetsiz eta, hala badagokio, erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak eta eginiko inbertsioak justifikatzeko ereduak ontzat emanez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritakoa alde batera utzi gabe.
12. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Agindu honetan ezarritakoaren arabera aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten enpresek eskabidea eta gainerako agiri osagarriak aurkeztu beharko dituzte industria arloan eskumena duen Sailean, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean zehaztutako bideetako edozein erabilita, deialdia egiteko ebazpenean finkatzen den epean. Eskabidea industria arloan eskumena duen Zuzendaritzari zuzenduko zaio.
2.– Eskabidea egiteko eredu estandarizatua, erantzukizunpeko adierazpenarena eta justifikazioena Interneteko http://www.euskadi.eus/ helbidean bete eta/edo deskargatu ahal izango dira, diru-laguntzen deialdia egin eta gero.
3.– Eskabideak deialdian adierazten den aldian aurkeztu beharko dira. 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 Erregelamenduaren 2. artikuluaren 23. paragrafoaren arabera –erregelamendu horren bidez, Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2014-06-26ko AO, L 187), barne-merkatuarekin bateragarritzat jotzen dira zenbait kategoria–, diru-laguntza jaso dezaketen inbertsioak ez dira hasi behar eskabideak aurkeztu baino lehen. Horrenbestez, ezin izango dira sartu aldez aurretik eginikoak, salbu eta agindu honetako 2. artikuluko kasuetan. Kasu horretan, lehenengo eskabidearen data hartuko da kontuan.
4.– Eskabidea erakunde eskatzailearen ordezkari izateko lege-gaitasuna duen pertsonak sinatuko du, eta eskabide bakar bat baliatuko da enpresak egitea aurreikusten dituen jarduera guztietarako.
5.– EAEko bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eta Sailarekin izaten dituzten ahozko zein idatzizko harremanetan hizkuntza horietan hartuak izateko eskubidea dute enpresek.
6.– Diru-laguntzako eskaera bat aurkezten baldin bada, ekintza horren bidez eskatzaileak baimena emango dio organo emaileari zuzenean eskura ditzan zerga-betebeharren eta gizarte-segurantzarekiko betebeharren gaineko egiaztapenak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu.
13. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskatzaileek, eskabidearekin batera, enpresaren informazio orokorra aurkeztu beharko dute, bai eta agiri hauek ere:
a) Egin beharreko inbertsioei buruzko memoria zehatza. Memoria horretan, hauek jasoko dira: industria-plana, enpresaren plan ekonomiko-finantzarioa, horrekin lotutako lan-plana eta horiek egiteko epeak.
b) Eratze-eskritura, identifikazio fiskaleko txartelaren kopia konpultsatuak eta pertsona eskatzailearen ordezkaritza-ahalordearenak.
c) Urteko kontuen eta haien dokumentazio osagarriaren kopia konpultsatuak, Merkataritza Erregistroan azken bi ekitaldietan aurkeztuak; halakorik aurkeztu ezean, sozietateen gaineko zergaren azken aitorpen biak edo –hala badagokio– pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren azken bi aitorpenak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa-taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
d) Hala badagokio, azken hiru ekitaldi ekonomikoei dagokien enpresako plantillaren bilakaeraren txosten zehatza, urteen araberakoa, eta urteko deialdia argitaratu aurreko 12 hilabeteei dagozkien TC1 eta TC2 agiriak. Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta edo haiekin lotuta badago, dokumentazio horrek horrela eratutako enpresa-taldeari buruzkoa ere izan beharko du.
e) Honako alderdi hauek egiazkoak direla dioen erantzukizunpeko adierazpena (ikuskatze-fasean egiaztatu ahal izango dira):
Eskatzailea enpresa handia edo enpresa txiki edo ertaina izatea, eta enpresako eta, hala gertatuz gero, berarekin elkartu edo lotutako gainerako enpresetako enpleguaren, negozio-bolumenaren eta balantze orokorraren urteko datuak eta taldearen datu orokorrak, diru-laguntza eskatu aurreko bi ekitaldienak.
Proiektu bererako beste erakunde publiko edo pribatuei eskatu eta/edo haiengandik jasotako diru-laguntzak.
Formalki konpromisoa hartzen duela sortutako enpleguari hiru urtez eusteko.
Honako hauei buruz: erakunde eskatzailea ez dago itzulketako edo zehapeneko prozeduraren batean sartuta; erakunde eskatzaileak ez du diru-laguntzak edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez dauka horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean zehaztutakoarekin bat etorriz.
Enpresa ez dela ari armak egiten, merkaturatzen eta finantzatzen; betiere Herrialde Txirotuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutunari buruzko abenduaren 28ko 14/2007 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Jasotako diru-laguntzen ondoriozko itzulketa-betebeharretan egunean dagoela.
2.– Nolanahi ere, beharrezko dokumentazio edota informazio osagarri guztia eskatu ahal izango zaio enpresa eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko; arau honetan esanbidez aurreikusten ez den guztiari dagokionez, berriz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa aplikatuko da.
3.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo dokumentazio osagarriko agiriren bat falta dela hautemanez gero, errekerimendua egingo zaio interesdunari, akatsa zuzendu edo beharrezkoak diren agiriak aurkez ditzan 10 egun balioduneko epean. Halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela; eta horretarako dagokion ebazpena emango da, hala xedatzen baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean.
4.– Ez da beharrezko izango zenbait agiri aurkeztea, baldin eta, indarrean dauden agiriak izanda, dagoeneko diru-laguntza hauen deialdia egin duen sailaren esku badaude. Kasu horretan, eskabide-orrian adierazi beharko du eskatzaileak zein egunetan eta zein organo edo bulegotan aurkeztu zituen aipatutako dokumentuak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako baldintzei jarraiki.
14. artikulua.– Diru-laguntzak ematea.
1.– Industria arloan eskumena duen Sailburuordetzako titularrak, organo kudeatzaileak txostena egin eta gero, espedientea osatuta dagoenetik gehienez ere sei hilabeteko epean, administrazioaren ebazpena emango du. Ebazpen horretan, baiezkoa bada, onartutako inbertsio-plana jasoko du, eta laguntza jaso dezakeen inbertsioa eta sortu beharreko enplegua zehaztuko ditu, eta, ondorioz, emandako diru-laguntza. Ebazpena ezezkoa bada, horren arrazoiak zehaztuko ditu.
Ebazpen horien aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio industria arloan eskumena duen Sailburuordetzako titularrari.
Industria arloan eskumena duen Zuzendaritza izango da agindu honetan aurrez ikusitako diru-laguntzen organo kudeatzailea.
2.– Urte anitzeko proiektuen kasuan, ebazpenak hauek adieraziko ditu: laguntza jaso dezakeen inbertsioa, sortu beharreko enplegua eta itzuli beharrik gabe emandako diru-laguntzaren zenbatekoa, ekitaldi bakoitzean, onetsitako inbertsio-planaren arabera.
3.– Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie enpresa interesdunei eta, horrez gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian esleipendunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira urtean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan xedatutakoari jarraituz (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartu zen testu bategin hori).
4.– Agindu honek arautzen dituen diru-laguntzak enpresa onuradunei eman eta ordaindu aurretik, buruturik egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek antzeko laguntzak edo diru-laguntzak enpresa horiei itzularazteko edo haien zioz zehapenak ezartzeko oraindik izapidetze-fasean dauden prozedura guztiak.
15. artikulua.– Diru-laguntzak justifikatzea eta ordaintzea.
1.– Diru-laguntzak ordaintzeko, enpresak gauzatutako inbertsioen aitorpena eta fakturen koadroa aurkeztu beharko dizkio industria arloan eskumena duen zuzendaritza kudeatzaileari, emandako ereduaren arabera.
Aitortutako inbertsio horiek ikuskatu egingo dituzte industria arloan eskumena duen saileko lurralde-ordezkaritzek eta/edo kanpo-auditorien bitartez egiaztatuko dira. Enpresa onuradunak ikuskatze-zerbitzuaren eskueran jarriko ditu 13. artikuluko erantzukizunpenko adierazpenean aipatzen den dokumentazio guztia eta behin betiko fakturak; behin betiko faktura horiek goian adierazitako faktura-koadroan zehaztutakoekin bat etorri beharko dute.
Horrez gain, beharrezkotzat jotzen dituzten informazio eta agiriak eskatu ahal izango dituzte adierazitako erakundeek.
2.– Laguntza ordaindu baino lehen, aurreko paragrafoan adierazitako alderdiak egiaztatu ostean eta industria arloan eskumena duen Zuzendaritzako langile teknikoek sinatutako ordainketa-proposamenaren txostena aztertu eta gero, Zuzendaritza horretako titularrak ebazpena emango du. Ebazpen horretan, enpresa onuradunari ordaindu behar zaion zenbatekoa (osoa edo partziala) adieraziko du. Diru-laguntzak, gehienez ere, urtean bi aldiz ordainduko dira. Ordainketa horien zenbatekoa justifikatutako inbertsioekiko proportzionala izango da.
3.– Inbertsioak egiteko epea amaituta, bi hilabete izango ditu enpresak azken inbertsio-aitorpena aurkezteko. Epe hori igarota, eginiko inbertsioak ebaluatuko dira, ordura arte aurkeztutako inbertsioen aitorpenetan oinarrituta. Diru-laguntzak kudeatzeko Zuzendaritzak diru-laguntzaren azken likidazioaren txostena egingo du, justifikatutako inbertsioen partidari buruzkoa. Horrek guztiak bete egin beharko ditu agindu honetan ezarritako gutxieneko enplegua eta justifikazio-epeak.
4.– Enpresa batek laguntza ez-legitimo bat badu, zeinaren gainean Europako Batzordeak kontrako erabakia hartu baitu hura berreskuratzeko aginduarekin, eta laguntza hori itzulita ez badago, azken ordainketaren eskaerarekin batera hori ezeztatzeko justifikazioa aurkeztu beharko du. Izan ere, programa honen esparruan emandako laguntza ez da ordainduko harik eta aipatutakoa justifikatu arte.
16. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek edozein kasutan ondoko obligazio hauek bete behar dituzte:
1.– Emandako laguntza onartzea. Hala, bada, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean enpresa onuradunek esanbidez eta idazki bidez laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.
2.– Laguntza eman den helbururako erabiltzea.
3.– Konpromisopean hartutako inbertsioa eta enplegua gauzatu direla justifikatzea.
4.– Inbertsioa egikaritzeko eta sortutako enpleguari eusteko aldian, eskatzen zaien informazio osagarria bidaltzea organo kudeatzaileari, Administrazioak proiektuaren garapen eta gauzatzeari buruz egoki iritzitako egiaztapenak egin ditzan.
5.– Inbertsio-proiektuarekin lotutako behin betiko fakturak artxibatzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urtez.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunak gauzatuz, eskatzen duten informazioa ematea, Agindu honen kargura jasotako laguntzaren inguruan.
7.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta hori garatzeko arauetan aurreikusitakoari jarraikiz eska daitekeen beste edozein betebehar.
17. artikulua.– Laguntzaren baldintzak aldatzea.
1.– Laguntza eman zuen ebazpena aldatu ahal izango da, baldin eta laguntzaren xedea betetzat jotzen bada, eta laguntzak ematerakoan kontuan hartu zen betekizunetakoren bat aldatzen bada, edota, aldi berean, beste laguntza edo diru-laguntza bat lortzen bada beste edozein erakunde publiko batetik; nolanahi ere, bete egin beharko dira agindu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko betekizunak. Halakoetan, eskumena duen organoak ebazpen bat emango du emandako diru-laguntzen zenbatekoak eta/edo epeak berregokitzeko.
2.– Halaber, enpresa onuradunak aldez aurretik eskabidea egin eta justifikatuz gero, onetsitako denbora-horizontea amaitu baino lehen, diru-laguntzak eman zituen administrazio-organoak luzapen bakarra eman ahal izango du egin beharreko inbertsioak egiteko, betiere alegatutako arrazoiek hori justifikatzen badute. Luzapen hori ez da 12 hilabetetik gorakoa izango. Luzapen horrek ez du aldaketarik eragingo emandako laguntzaren zenbatekoan.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Enpresa onuradunak ez badu betetzen agindu honetan eta ezar daitezkeen gainontzeko arauetan ezarritako betekizunen bat, edota diru-laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, eskumena duen organoak, ez-betetzearen ondoriozko espedientea hasi eta interesdunari entzun ondoren, administrazio-ebazpenaren bidez, interesdunak laguntza jasotzeko eskubidea galdu egin duela adieraziko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako diru-laguntzak eta horiei dagozkien legezko interesak itzuli beharko dizkiola, honako hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hori garatzeko arauak. Itzulitako kopuruak sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.
2.– Ez-betetzeen artean, honako hauek daude:
Agindu honen 6. artikuluko a idatzi-zatian inbertsioari eta enpleguari buruz ezarritako gutxienekoak ez gauzatzea.
Proiektua beste eraren batera desbideratzea, edo ez betetzea diru-laguntzak emateko ebazpenean ezartzen den beste edozein betebehar.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 28a.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.