EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-02 Aldizkari honetan argitaratua: 2015166

AGINDUA, 2015eko irailaren 1ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena; horren bidez, unibertsitatez kanpoko ikasketak –heziketa-zikloak izan ezik– ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei dei egiten zaie hezkuntzaren bikaintasuneranzko prestakuntza-proiektuak egin ditzaten, 2015-2016 ikasturtean.

Xedapenaren data: 2015-09-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201503733
Maila: Agindua
«Heziberri 2020» Planak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onetsiak, 2020rako Europako markoak ezarritako berrikuntza eta garapenerako ildo estrategikoak elkartzeko asmoari erantzuten dio, hezkuntza eta prestakuntzari dagokienez eta gure testuinguru eta ingurunearen berezko hezkuntza-erronkak kontuan hartuta. Plan horretan, «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa» jasotzen da, hezkuntza-eredu pedagogikoaren lerro nagusiak jasotzen dituen proiektua. Proiektu horrek paradigmaren aldaketa garrantzitsua dakar; izan ere, gaitasunetan oinarritutako hezkuntza planteatzen du. Gaitasunen araberako pedagogiaren ikuspegiaren ezaugarria hauxe da: eskuratutako ikaskuntzak transferitzea, bideratzea eta konbinatzea egoera funtzional konplexuak konpontzera.
Aipatutako markoan zehaztutako lerro estrategikoetako bat hezkuntza-eredu pedagogikoa ezartzeko eta hobetzeko hasierako prestakuntzari eta irakasleen etengabeko prestakuntzari buruzkoa da. Horrekin bat, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Prest_Gara Plana onetsi du, unibertsitatekoak ez diren irakasleen etengabeko prestakuntzarako, 2014-2017 aldirako; horren jardun-ildo nagusietako bat da «Bikaintasuna helburu, jardunbide egokietatik eta ekintzailetzatik abiatuta», eta horrek «Heziberri 2020» Planak hezkuntza-prozesua gaitasunak eskuratzera bideratutako planteamenduari erantzuten dio, eta ikasgelan hezkuntza-praktiken hobekuntza du xede.
Aipatutako jardun-ildoak, «Bikaintasuna helburu, jardunbide egokietatik eta ekintzailetzatik abiatuta», oinarri du ikasleek izan behar dutela hezkuntza-erkidego osoaren (zentroa, irakasleak, familiak, ingurua) eta edozein prestakuntza- eta berrikuntza-jardueraren ardatz. Ikaslea da hezkuntza-sistemaren azken hartzailea. Hala, zuzentasunetik abiatuz eta bikaintasuneranzko bidean, hizkuntza-, zientzia-, matematika- eta gizarte-gaitasunetan trebatu nahi da ikaslea; horretaz gainera, tresna eta estrategia egokiak eta nahikoak eman nahi zaizkio gizarte demokratiko, zuzen, berdintasunezko eta parte-hartzaile bateko kide izan dadin.
Zuzentasun eta bikaintasun hori lortzeko, etengabe hausnartu, gaurkotu eta hobetu behar da ikastetxeko heziketa-lana eta ikasketa. Ikastetxea zein irakaslea funtsezkoak dira irakatsi eta ikasteko prozesuan, eta parte aktiboa hartu behar dute etengabe hobetzeko prozesuan.
Horregatik, Prest_Gara planak proposatzen du prestakuntza- eta berrikuntza-jarduerak eta -proiektuak ikastetxeen barrutik eta haien premietatik abiatzea, soluzioak ikastetxean bertan aplika daitezen, eragin nabaria izan dezaten, eta hasierako egoera aldatzen dela ikus dadin. Ikastetxe jakin baten barruko bikaintasun-proiektuek eta -esperientziek eragin handiagoa dute, irakasleei, gainerako langileei eta ikasle guztiei eragiten baitie, eta antolaketa aldatzeko bidea izan daitezke.
Testuinguru honetan, «Heziberri 2020» Plana eta «Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoa» aukera ezin hobea dira, ikastetxeek beren hezkuntza-ereduen eta ikasgelako jardunbideen gainean hausnartzeko, eta ikasleek gaitasunetan beharrezko gaikuntza lortzeko prestakuntza-ekintza eta hobekuntza egokiei ekiteko. Hori dela eta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak ikastetxe guztiak gonbidatzen ditu proiektuak aurkez ditzaten, irakasleen etengabeko prestakuntza berrikuntzaren bidetik eramateko, eragin positibo bat sortuz ikastetxearen ohiko dinamikan eta lan-praktika egokiak partekatuz, bai ikastetxean bertan bai beste ikastetxeekin, eta horrela «inter pares» prestakuntzaren balioa azpimarratuz.
Horiek horrela, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutako EAEko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. tituluan ezarritako xedapenekin (EAEko herri-administrazioaren diru-laguntzak arautzen dira titulu horretan) eta aplikazio orokorreko bestelako xedapenekin bat etorriz, abenduaren 23ko 5/2014 Legeak onartutako kredituak aintzakotzat hartuta aurrekonturik badagoenez (5/2013 Legearen bidez EAEko 2015eko Aurrekontu Orokorrak onartu ziren), honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da diru-laguntzak ematea 2015-2016 ikasturtean zehar hezkuntza-sistemaren bikaintasuneranzko bidean jarraian zehaztuko den prestakuntza-proiektu motaren bat egiten duten unibertsitatez kanpoko edozein maila eta motatako ikasketak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuei eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoei –heziketa-zikloak soilik ematen dituztenei izan ezik–:
– Berrikuntza-proiektu integralak.
– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
– «Partekatuz ikasi» esperientziak.
2. artikulua.– Onuradunak.
Deialdi honetako diru-laguntzen onuradun izan daitezke itunpeko ikastetxe pribatuak eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mendekoak ez diren ikastetxe publikoak, baldin eta EAEn unibertsitatez kanpoko edozein irakaskuntza-maila edo mota emateko baimena badute, heziketa-zikloak soilik ematen dituztenak izan ezik.
3. artikulua.– Deialdiaren hornidura ekonomikoak eta diru-laguntzak emateko prozedura.
1.– Helburu hori lortzeko, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako ezarritako aurrekontu-sailen kontura, guztira 550.000 euro bideratuko dira.
2.– Hornidura hori honela banakatuta geratzen da, diruz lagun daitezkeen proiektu-modalitateen eta lurralde historikoen arabera:
a) 80.000 euro berrikuntza-proiektu integraletarako (11.000 euro Arabarako, 40.000 euro Bizkairako eta 29.000 euro Gipuzkoarako).
b) 386.000 euro hezkuntza-berrikuntzarako prestakuntza-proiektuetarako, lurraldeka honela banatuta: 64.000 Araban, 182.000 euro Bizkaian eta 140.000 euro Gipuzkoan.
c) 84.000 euro «Partekatuz ikasi» esperientzien zentro tutoreetarako.
3.– Lurralde historiko bakoitzeko eta diruz lagun daitekeen proiektu mota bakoitzeko zenbatekoa esleitzeko, lehiaketa bidezko prozedura baliatuko da. Aurkeztutako eskabideak konparatuko dira, lehentasunak finkatzeko, eta, horretarako, I. eranskineko balorazio-baremoa hartuko da kontuan. Honako hauek soilik hornituko dira diruz, betiere, agindu honek ezartzen duen gehieneko zenbatekoa kontuan hartuta: 14. artikuluak ezartzen duen gutxieneko puntu kopurua lortzen dutenen artean puntu gehien eskuratzen dituztenak. Balorazio-fasean lortzen duten puntu kopuruari jarraituz hornituko dira diruz, goitik behera, onuradunen gehieneko muga bete arte edo, dagokionean, dagokion prozedurari esleitutako diru kopurua agortu arte.
4.– Berrikuntzako proiektu integralei dagozkien prozedurak ebatziko dira lehenik eta behin, eta prozeduraren batean esleitutako diru-hornidura agortzen ez bada, bai eskatutako baldintzak betetzen dituzten proiektu integral nahikoa aurkeztu ez delako bai eman diren zenbatekoak gehienez eman daitezkeenak baino baxuagoak direlako, soberan geratzen den zenbatekoa lurralde historiko horretako berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagokien hornidurari gehituko zaio. Ondoren, praktika egokien esperientziei dagokien prozedura ebatziko da. «Partekatuz ikasi» esperientzien prozedura hori ebatzi ondoren, gehiegizko kopururik badago, kopuru horren bidez, proportzioan areagotuko da lurralde bakoitzari berrikuntzako prestakuntza-proiektuetarako esleitutako zuzkidura. Azkenik, berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak ebatziko dira. Aldi berean, berrikuntzako prestakuntza-proiektuei dagozkien prozedurak ebatzi ondoren gehiegizko kopururik geratzen bada, kopuru horren bidez gainerako lurraldeei esleitutako zuzkidura handituko da, proportzioan.
4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak eta diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– Deialdi honen kargura, zentro eskatzaile bakoitzak proiektu-modalitate bakarrerako eskuratuko du finantzaketa. Nolanahi ere, proiektu mota guztietarako eskabideak aurkez ditzakete ikastetxeek. Horrelakorik egiten badute, honako hau izango da onuradunak hautatzeko modua:
– Ikastetxe batek proiektu mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia bera bada, aukeraketa-prozeduretatik kanpo geratuko dira biak.
– Ikastetxe batek proiektu mota bakoitzerako eskabide bat aurkezten badu eta bi proiektuen edukia ezberdina bada, berrikuntza-proiektu integrala baloratuko da lehenik, eta, dirurik ematen bazaio, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua ez da sartuko balorazio-fasean, eta dagokion esleipen-prozeduratik kanpo geratuko da.
2.– «Partekatuz ikasi» modalitateari dagokionez, zentro tutorea izango da diru-laguntzaren hartzailea, tutoretzapean duen zentro-kopuruaren arabera.
3.– Zer proiektu finantzatzeko ematen den dirua, hura garatzeko eta gauzatzeko zuzeneko gastuak ordaintzeko baino ez da erabiliko diru-zuzkidura; nahi izanez gero, gastu guztiak ordaintzeko, hala nola hizlariak kontratatzekoak eta proiektuan parte hartzen duten irakasleek haren barruko jarduerak egitekoak. Prestakuntza-jardueraren gastu gisara hartu ahal dira honako hauek: prestakuntza-jardueraren kostua –prestakuntza ematen duen erakundearen aurrekontuaren arabera–, eta hizlariaren lekualdatze-dietak edo ostatu- edo jan-edanetarako gastuak, prestakuntza ematen duen erakundeaz kanpokoa denean eta prestakuntza-saio horiek beharrezkotzat jotzen direnean. Inolaz ere ez dira prestakuntza-jardueraren kostutzat joko jardueran parte hartzen duten irakasleen lekualdatze- edo jan-edanetarako gastuak. «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez, ordea, aukera izango da diru-zuzkidura esperientzia batean parte hartzen duten ikastetxeen artean ibiltzeko gastuak ordaintzeko baliatzeko.
4.– Proiektuaren barruan diruz lagun daitezkeen gastuen % 100 finantzatuko dira, honako muga hauen barruan:
– 3.000 euro gehienez berrikuntza-proiektu integraletarako.
– 2.000 euro gehienez 2014-2015 ikasturtean diruz lagundu ziren berrikuntza-proiektu integralen bigarren urterako.
– 2.000 euro gehienez hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetarako.
– 1.500 euro «Partekatuz ikasi» esperientzien zentro tutoreetarako, tutoretzapeko zentro bakoitzeko.
5. artikulua.– Baztertzeak.
Baztertu egingo dira deialdi honetako baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak, bai eta honako hauek ere:
a) «Eleaniztasunerantz» eleaniztasuna bultzatzeko lerroaren ildoko berrikuntza-proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, lerro hori beste deialdi batzuen barruan dagoelako.
b) Ikastetxe batek aurkezten dituen berrikuntza-proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta haien edukia bera bada.
c) Irakasleentzako jarduerak bakarrik garatzen dituzten eta irakaskuntza-lanaren ondorio diren berrikuntza-proiektu integralak eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta ikastetxeko ohiko jardunaren parte badira eta ez irakatsi eta ikasteko prozesuena.
d) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
e) Heziketa-zikloei baino ez dagozkien hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak, baldin eta aurkezten dituzten ikastetxeek horrelako proiektuak egiteko zuzkidurarik eskuratu bazuten 2014-2015 ikasturtean eta proiektua berria ez bada edo aurreko ikasturtean landutako gaiak garatzen ez baditu.
f) «Partekatuz ikasi» esperientzietan parte hartzeko eskaerak, baldin eta ikastetxeak ez baditu haiek aurrera eramateko hiru pertsona gutxienez.
6. artikulua.– Berrikuntzarako Proiektu Integralak.
1.– Ikastetxeak bultzatu nahi duen hezkuntza-ereduaz sakon hausnartzeko proiektuak dira, eta aldatu nahi den hezkuntza-jardueraren zeharkako alderdi nagusiei ekitea dute helburu. Garrantzitsuak direla eta, ikasturte bat baino gehiago behar dute horrelako gaiek, baita hezkuntza-komunitatearen akordioa ere. «Heziberri 2020» Planaren esparruan, hezkuntza-berrikuntzari buruzko proiektu integralek ikastetxeei prestakuntza-jarduerak proposatzeko eta zentroaren hezkuntza-ereduaren gainean hausnartzeko aukera ematen die, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan beharrezko hobekuntzak sartzeko, gaitasunetan oinarritutako ikuspegitik.
2.– Ikastetxeko hezkuntza-proiektua eta hobekuntza-plana izango dute erreferentetzat hezkuntza berriztatzeko proiektu integralek –ebaluazio diagnostikoaren ondorio da ikastetxeko hobekuntza-plana–, eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finkatutako oinarrizko gaitasun eta/edo ildo nagusi bati edo gehiagori helduko diote. Honako atal hauek sartu behar dira barruan:
– Diagnostikoa.
– Helburu estrategikoak.
– Helburu orokorrak.
– Hartzaileak.
– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
– Aurrekontua.
– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.
– Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.
3.– 2014-2015 ikasturtean berrikuntza-proiektu integral bat egiteko diru-laguntza eskuratu zuten ikastetxeek ere aurreko paragrafoan aipatutako atalak adieraziko dituzte proiektua 2015-2016 ikasturtean zehar luzatzeko eskabidean, proiektuaren bigarren urteari dagokionez.
4.– Hezkuntza berriztatzeko proiektu integralean sartuta egon behar du klaustro osoak. Proiektu bakoitzak gutxienez 45 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.
7. artikulua.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak.
1.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuen helburua da ikastetxean garatzen den hezkuntza-jardueraren arloren batean ekitea, ikasturte bakar baten barruan. «Heziberri 2020» Planaren esparruan, hezkuntza-berrikuntzarako prestakuntza-proiektuek ikastetxeei zeharkako gaitasunak lortzeko irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren inguruan prestakuntza-jarduerak proposatzeko aukera ematen diete eta ikasleek eskuratutako jakintzak praktikan jartzeko eta gaitasunetan oinarritutako hezkuntzaren ikuspegitik edukitik esanguratsuenak hautatzeko egoera-arazoak aztertzeko aukera eskaintzen diete.
2.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuek kontuan izango dute ikastetxearen hobekuntza globala, eta, hortaz, honako hauek izango dituzte erreferentzia nagusitzat: batetik, ebaluazio diagnostikotik sortzen den hobekuntza-plana eta, bestetik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak finkatutako ildo nagusiak. Gainera, arreta berezia jarriko dute irakatsi eta ikasteko prozesuetan eta oinarrizko gaitasunen garapenean. Gutxienez hezkuntza-etapa batean aplikatuko da eta hango irakasleek parte hartu beharko dute. Honako atal hauek sartu behar dira barruan:
– Diagnostikoa.
– Helburu estrategikoak.
– Helburu orokorrak.
– Hartzaileak.
– Irakasleentzat aurreikusitako prestakuntza-jarduerak.
– Aurrekontua.
– Plangintza eta gauzatzeko egutegia. Garapen-faseak eta epeak.
– Proiektua ebaluatzeko eta emaitzak neurtzeko irizpideak.
3.– Ez da eskaerarik onartuko baldin eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak ez badira 2014-2015 ikasturteko deialdian ikastetxe berek aurkeztutako proiektuen errepikapena besterik.
4.– Hezkuntza-berrikuntzarako prestakuntza-proiektuak haren garapenerako beharrezkoak diren prestakuntza- eta/edo berrikuntza-jarduera guztiak jaso beharko ditu, eta, behintzat, hezkuntza-etapa baten gaineko esku-hartzea aurreikusiko du, dagozkion irakasleen inplikazioarekin. Diseinuan, balioespenerako bost atalak hartu beharko dira kontuan, I. eranskinean jasotako balioespen-baremoaren arabera.
5.– Hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eragiten dien irakasleen % 80 inplikatu behar da gutxienez, eta kontuan hartuko dira proiektuko ataza bakoitzean parte hartzen duten lagunak. Proiektu bakoitzak gutxienez 30 ordu izango ditu garatzeko eta gauzatzeko.
8. artikulua.– «Partekatuz ikasi» esperientziak.
1.– Irakasleak bikaintasunerako prestatzeko modu bat dira: ikastetxe batek laguntza eta orientabidea eska diezaioke ikastetxe «tutore» bati, bikaintzat jotzen diren eta eredugarriak diren praktika pedagogikoen berri izateko eta haiek gauzatzeko lehenengo pausoak emateko.
2.– Deialdi honen II. eranskinean datoz ikastetxe eskatzaileen eskura dauden «Partekatuz ikasi» esperientziak eta erreferentziazko ikastetxeak. Eskabidean, ikastetxe bakoitzak adieraziko du zer «Partekatuz ikasi» esperientziatan parte hartu nahi duen; gehienez, hiru adieraziko ditu, eta bere lehentasunaren arabera ordenatuko ditu. «Partekatuz ikasi» esperientzia eskatzeko, ezinbestekoa da zentro eskatzaileak eta zentro tutorea itunpeko ikastetxe pribatuen elkarte edo federazio berekoak izatea. Ez da onartuko zerrendan ez dauden jardueretarako eskaerarik.
3.– «Partekatuz ikasi» esperientzia baterako eskabideak gehiegizkoak badira ikastetxe «tutoreen» ahalmenerako, honako hauek izango dute lehentasuna, ikastetxe gehiagok izan dezaten metodologien berri: lehenik, aurrez esperientziarekin zerikusirik izan ez duten eta erreferentziazko ikastetxeekin edo prestakuntza-sareekin lotutako prestakuntza-saio eta mintegietan parte hartu ez duten ikastetxeek; Horren harira, txostena eskatuko zaio ikastetxe eskatzaileari dagokion elkarteari edo federazioari. Bigarrenik, 2015-2016 ikasturteko deialdian berrikuntzarako prestakuntza-proiektu bat egiteko finantzaketarik lortzen ez dutenek; eta, hirugarrenik, ikasle bekadunen ehunekorik handiena duten ikastetxeek. Ikastetxeek ez badute eskuratzen lehenengo adierazten duten esperientzian parte hartzeko finantzaketarik, bigarren adierazten duten esperientzian parte hartzeko diru-zuzkidura esleitzeko prozeduran parte hartuko dute, eta, ez badute eskuratzen bigarren adierazten duten esperientzian parte hartzeko finantzaketarik, hirugarren adierazten duten esperientzian parte hartzeko diru-zuzkidura esleitzeko prozeduran.
4.– «Partekatuz ikasi» esperientziek barnean hartuko dituzte garatzeko beharrezkoak dituzten prestakuntza- eta/edo berrikuntza-jarduera guztiak: bisitaldiak (hiru gutxienez ikastetxe eskatzailera, eta bat ikastetxe «tutorera»), batzarrak, ikasgelarako sarrera, materialen eskuratzea, prestakuntza-saioak... Akordio batean, «Partekatuz ikasi» esperientzia gauzatzeko lan-egitasmoa adostu eta sinatuko dute ikastetxe eskatzaileak eta «tutoreak», III. eranskineko ereduari jarraiki.
5.– Edukiaren arabera, departamentu batek, arlo batek, hezkuntza-etapa batek edo klaustro osoak edo haren zati batek parte hartu ahalko dute «Partekatuz ikasi» esperientzietan. «Partekatuz ikasi» esperientzia bakoitzak 15 ordu izango ditu gutxienez garatzeko eta gauzatzeko.
9. artikulua.– Baldintza orokorrak eta haien egiaztapena.
1.– Honako ikastetxe hauek ez dituzte jasoko deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak: zigor- eta administrazio-arloko diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona fisikoak eta horretarako ezgaitzen duten legezko debekuen eraginpean daudenek. Halakoetan aipatu behar dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen, otsailaren 18koaren, arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak.
2.– Titulartasun pribatuko ikastetxe eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izan beharko dituzte. Horren harira, organo kudeatzaileak behar beste aldiz egiaztatuko ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioak, horretarako ez du haien baimenik behar izango, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren arabera (1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena).
3.– Eskabideetan, diru-laguntza eskatzen duen zentroaren titularrak berariaz adieraziko du onartzen duela gainerako datuak edo agiriak kudeaketa-organoak lortzea edo egiaztatzea, herri-administrazioari dagozkion egiaztatze-, kontrol- eta ikuskatze-eskumenak baztertu gabe.
4.– Eskaeran sartutako erantzukizunpeko aitorpen baten bidez, hauek egiaztatuko dira:
– Ez dela eskuratu helburu bererako inolako diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako bitartekorik edozein administrazio zein erakunde publiko nahiz pribatutatik.
– Ez duela administrazio- edo zigor-zehapenik, laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko aukera kentzen dionik, eta ez duela laguntza horiek jasotzeko legezko debekurik.
– Eskabideko eta harekin batera doan dokumentazioko datuak egiazkoak direla, eta zentroak betetzen dituela diru-laguntza horiek jasotzeko indarrean dagoen araudian ezarritako baldintzak.
– Eskabidea egin duen ikastetxeko ordezkaritza-organo gorenak ezagutzen duela proiektua eta onartu egin duela.
– Proiektuaren datuak bete dituela proiektuak.net-en.
10. artikulua.– Proiektua aurrera eramateko laguntzak.
1.– Ikastetxeko zuzendaritza-taldeak zaindu behar du proiektu integrala eta hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua martxan jartzen direla; eta ikasketa-burutzak garapen guztia koordinatu behar du, edo, bestela, irakasle bat jarri behar du koordinatzaile moduan. Hori eginez gero, irakasle hori bera arduratuko da aldian behin ikasketa-burutzari proiektuaren garapenari buruzko eta egindako ekintzei buruzko informazioa emateaz, eta zuzendaritza-taldearen bileretara joan ahal izango da horrekin zerikusia duten gaiak lantzen direnean.
2.– Ikastetxeak bere burua antolatzeko duten autonomiaren barruan, koordinatzaileen eskola-orduak egokitu ahal ditu proiektuetan egiten duten lanera, hala eskola-orduen kopurua nola horien banaketa; betiere, kasuan kasuko ikasturte-hasierako zirkularretan jasotako araudia betez eta ikastetxearen ordutegi-aukeren arabera.
3.– Proiektu integral bat edo hezkuntza berriztatzeko prestakuntza proiektu bat onartuta duten ikastetxe guztiek erreferentziako aholkulari bat gutxienez izango dute Berritzegunean, eta hura arduratuko da, ikastetxean proiektua koordinatzeaz arduratzen den pertsonarekin batera, proiektuaren jarraipen- eta ebaluazio-lanak egiteaz.
4.– «Partekatuz ikasi» esperientziaren tutorearena egiten duen ikastetxeak egingo ditu prestakuntza-jardueraren ebaluazio- eta jarraipen-lanak, ikastetxe eskatzaileko koordinatzaikearekin batera. Horretaz gainera, koordinatzaile horrek jardueraren garapenaren berri emango dio Berritzeguneko aholkulariari.
11. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
1.– Eskabideak baliabide elektronikoz aurkeztu beharko dira euskadi.net-en, https://www.euskadi.net, egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoen bidez, 2015eko irailaren 22 arte, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunetik aurrera.
2.– Eskaera-eredua egoitza elektroniko honetan egongo da eskuragarri: https://www.euskadi.net/diru_laguntza/2015/bikaintasunerantz/y22–izapide/es. Interesa duten ikastetxeek 1. artikuluko modalitate baterako edo gehiagorako eskabidea egin ahalko dute ikastetxeek.
3.– Zentro eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurkez dezakete, nahi duten eran. Prozedura osoan zehar, pertsona eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeari buruzko 1982ko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezartzen den moduan.
Eskabidea egin ostean, hura onartzeko edo ukatzeko ebazpena eman arte egin beharreko izapide guztiak https://www.euskadi.net/misgestiones-en bidez egin beharko dira.
4.– Interesa duen ikastetxeak Proiektu Integralaren edo Hezkuntza Berriztatzeko Prestakuntza Proiektuaren datu teknikoak eta aurrekontuen datuak bete behar ditu http://www.proiektuak.net helbideko aplikazio informatikoan, eta Ikastetxeko Hobekuntza Plana gehituko du. «Partekatuz ikasi» esperientziei dagokienez, ikastetxe eskatzaileak dagokion itundutako ikastetxeen elkartearen edo federazioaren txostena erantsiko du, honako hauek bilduko dituena: ikastetxe bakoitzak esperientziaren edukian egindako bidea, parte hartzen ari den proiektuen zerrenda eta parte-hartzearen egokitasunari buruzko balorazio bat, aurreko gaiak aintzat hartuz.
5.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, eskabidea egin duen ikastetxeari eskatuko zaio hamar eguneko epean bete gabe utzitakoa betetzeko edo falta diren agiriak aurkezteko, eta, hala egin ezean, eskaerari uko egin diola ulertuko dela ohartaraziko zaio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluaren arabera; aldez aurretik, horretarako ebazpena eman beharko da, 42. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
12. artikulua.– Organo kudeatzailea.
Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusitako laguntza ekonomikoak.
13. artikulua.– Ebaluazio Batzordea.
Ebaluazio-batzorde bat eratuko da aurkezten diren eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, eta hauek osatuko dute batzorde hori:
– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuaren arduraduna, batzordeburu.
– Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzen arduradunek edo haiek izendatutako ordezkariek.
– Berritzeguneko zuzendari batek, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatuta.
– Irakaslegoa Hobetzeko Zerbitzuko teknikari batek, idazkari-lanak egingo dituena, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak izendatua.
14. artikulua.– Eskabideak hautatzea.
1.– Proiektuak aukeratzeko, I. eranskinean eskaerak baloratzeko finkatzen den baremoa hartuko da kontuan. Ukatu egingo dira gutxienez 12 puntu lortzen ez dituzten proiektuak. Proiektuak egokiro baloratzeko, ebaluazio-batzordeak ikastetxeek aurkeztutako proiektuei buruzko txostenak eskatu ahalko dizkio laguntza-zerbitzuei.
2.– «Partekatuz ikasi» esperientzia bakoitzeko ikastetxe tutoreek bi ikastetxe eskatzaile lagunduko dituzte gehienez. Eskatzaile bi baino gehiago badaude esperientzia bera egiteko, 8. 3 artikuluan xedatutakoari jarraituz aukeratuko dira.
3.– Ebaluazio-batzordeak egingo ditu ebazpen-proposamenak, eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari helaraziko dizkio. Onartzeko proposatzen diren berrikuntza-proiektu integralak, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuak eta «Partekatuz ikasi» esperientziak adieraziko ditu proposamenean, baita bakoitzari ematea proposatzen duen zenbatekoa ere. Baztertutako eskaeren zerrenda eta haiek baztertzeko arrazoiak ere jasoko dira.
15. artikulua.– Ebazpena.
1.– Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, ebaluazio-batzordeak egindako proposamena ikusita, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta sei hileko epean emango du deialdiari buruzko ebazpena.
2.– Ebazpena modu elektronikoan jakinaraziko zaizkie interesa duten ikastetxeei, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da denek jakin dezaten.
3.– Epe horretan jakinarazpenik eman ezean, eskabideak ezetsi egin direla ulertu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ohartemandako ondorioetarako.
4.– Ebazpenak ez du agortuko administrazio-bidea, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango zaio hezkuntza-sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpena elektronikoki jakinarazi, eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Erakunde onuradunei diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaiera ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiei.
16. artikulua.– Ziurtagiriak.
Proiektuan parte hartzen duen irakasle bakoitzak proiektua garatu eta burutzeko jarritako orduen % 80 gainditzen badu, eta proiektu horren egikaritze-memoriak balorazio positiboa jasotzen duen bakoitzean, parte-hartzaile bakoitzari ofizioz eta banaka ziurtatuko zaizkio proiektu mota bakoitzerako ezarritako orduak: 45 ordu, proiektu integrala bada; 30 ordu, hezkuntza berritzeko prestakuntza-proiektu bat bada; 15 ordu, «Partekatuz ikasi» esperientzia bat bada. Hala ere, ikastetxe batek ikasturte berean deialdi batean baino gehiagotan parte har dezakeenez, irakasle bakoitzak gehienez ere 90 orduren ziurtagiria jaso ahal izango du Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako deialdien barruan egindako prestakuntza-proiektuengatik.
17. artikulua.– Diru-laguntzen bateraezintasuna.
Diru-laguntza hauek bateraezinak dira helburu bererako beste edozein laguntzarekin, nahiz iturri publikoetakoak nahiz pribatuetakoak.
18. artikulua.– Hautatutako ikastetxeen berariazko betebeharrak.
Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzen onuradun diren ikastetxeek honako betebehar hauek dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, hamar eguneko epean –deialdiaren ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera–, ikastetxe onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartutzat joko da.
b) Proiektua Ikastetxeko Urteko Planean sartzea.
c) Zertarako ematen den diru-laguntza, horretarako erabiltzea; hau da, onartutako berrikuntza-proiektu integrala, hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektua edo «Partekatuz ikasi» esperientzia eta bertako jarduerak egiteko erabiltzea.
d) Tokiko Berritzegunearekin, Hezkuntza Ikuskaritzarekin eta Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin kolaboratzea proiektuaren eta/edo esperientziaren aholkularitza-, ebaluazio-, jarraipen- eta kudeaketa-lanetan.
e) Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren funtzioak betetzeko eskatutako informazio guztia bidaltzea, deialdi honen kontura jasotako dirua dela eta.
f) Proiektua eta/edo esperientzia gauzatu izana justifikatzeko agiriak ezarritako epean eta moduan aurkeztea.
g) Berrikuntza-proiektu integralak egiteko dirua esleitzen zaien ikastetxeei dagokienez, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzarekin eta EHUrekin elkarlanean arituko dira, etorkizuneko irakasleak ikastetxe berritzaileetako benetako hezkuntza-praktiketan integra daitezen laguntzeko (Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako graduetako praktiketako ikasleak onartzea, baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterreko praktiketako ikasleak ere).
19. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea eta justifikatzea.
1.– Ikastetxe onuradunei eman beharreko diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:
a) Lehendabizikoan, hautatutako parte-hartze proiektu bakoitzari dagokion zenbatekoaren % 67; zenbateko hori esleipen-ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, berariazko ukapenik egon ezean.
b) Bigarren igorpena 2016an egingo da, hurrengo idatz-paragrafoan aurreikusitako baldintzen arabera emandako diru-laguntza justifikatu ondoren egindako likidazioaren ondoriozko zenbatekoan.
2.– 2016ko ekainaren 15a baino lehen, zentro onuradunek proiektuaren garapenari eta haren ebaluazioari edota egindako esperientziari buruzko txosten bat eta proiektuak eragindako gastuen justifikazio-kontu erraztua aurkeztu beharko dute http://www.euskadi.net/nirekudeaketak webgunean.
Proiektuaren garapen eta ebaluazioari buruzko txostenean, gainera, honako hauek jasoko dira, eraginaren adierazle gisa: landutako material digitalen kopurua eta edukia; baliabide digitalak ezarri dituzten taldeen kopurua; egindako prestakuntza-jardueren kopurua eta edukia; horietan parte hartu duten irakasleen kopurua eta ehunekoa eta ea prestakuntzaren barruan ikasgelan prestakuntzaren bat ezarri den.
Justifikazio-kontuan jarduerak eragindako gastu eta inbertsioen zerrenda sailkatua jasoko da eta zerrendan hauek zehaztuko dira: hartzekodunaren eta dokumentuaren identifikazioa, zenbatekoa, data eta, ordainduta badago, noiz ordaindu zen. Diru-laguntza aurrekontu zenbatetsi baten arabera eman bada, gertatutako desbiderapenen berri ere eman beharko da.
3.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak justifikazio-kontuan aipatutako gastuen frogagiriak bidaltzeko eskatuko die proiektu integralak aurkeztu dituzten hiru zentro onuraduni (bat lurralde bakoitzeko) eta berrikuntzarako prestakuntza-proiektua aurkeztu duten zortzi ikastetxe onuraduni (bi Arabakoak, hiru Bizkaikoak eta beste hiru Gipuzkoakoak), diru-laguntza egoki aplikatzen dela arrazoitzen duen ebidentzia jasotzeko.
20. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetako bat aldatuz gero, jakinarazi egin behar da eta diru-laguntza eman duen ebazpena ere aldatu ahal izango da. Proiektuari egoztekoak diren justifikatutako gastuek ez badute emandako diru-laguntzaren zenbatekoa gainditzen, laguntza hori murrizteko ebazpena emango da eta, hala badagokio, sobera emandako zenbatekoa itzultzeko eskatuko zaio ikastetxe onuradunari.
21. artikulua.– Jarraipena eta ebaluazioa.
1.– Ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion Berritzeguneko batzorde pedagogikoak txosten bat egingo du hezkuntza berriztatzeko aukeratutako prestakuntza-proiektuen garapenaren gainean. Txosten horiek Irakaslegoaren Hobekuntzarako Zerbitzuari eta Hezkuntza Berriztatzeko Lurralde-burutzari igorriko zaizkio, eta ikastetxe bakoitzaren eskura egongo dira bertan.
2.– Baldin eta ikasturtean zehar gorabeheraren bat gertatzen bada hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektuetako edozeinen garapenean, eskualdeko Berritzeguneko zuzendaritzak Lurralde-burutzari jakinarazi eta egoki irizten dion txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, Zuzendaritza horrek deialdi hau egoki betetzeko bidezko neurriak hartu ahal izan ditzan.
3.– Hezkuntzako Ikuskaritzak ikastetxeetara egiten dituen bisitaldietan kontrolatuko du zenbateraino betetzen diren hezkuntza berriztatzeko prestakuntza-proiektu onartuak; proiektu horiek ikastetxeko urteko planean jaso behar dira, eta, hala ez bada, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari jakinaraziko zaio.
22. artikulua.– Ez betetzearen araubidea.
1.– Erakunde onuradunak esleitutako eta jasotako zenbatekoa itzultzeko betebeharra izango du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere, baldin eta honako egoera hauetakoren bat gertatzen bada:
a) Erakunde onuradunak diru-laguntza ez erabiltzea eskatu zen eta eman zen berariazko xederako.
b) Ez gauzatzea diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera.
c) Ez justifikatzea interesa erakutsi zuen xede jakinetarako aplikatu izana.
d) Ez betetzea, oro har, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren VI. Tituluan ezarritako betebeharrak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA), agindu honetan ezarritakoak edo emakida-ebazpenean ezarritakoak.
2.– Dirua itzultzeko, abenduaren 17ko 698/91 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
23.– artikulua.– Datu pertsonalak.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honetako parte-hartzaileek baimena ematen dute deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak tratatu eta argitaratzeko. Datuok, bestalde, «Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Prestakuntza eta Berrikuntza Proiektuak» izeneko fitxategian sartuko dira, 19. zenbakiaz, diru-laguntzen deialdi hau kudeatzeko eta deialdira biltzen direnei deialdiaren garapenaren berri emateko. Fitxategi horren arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz.
Era berean, deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako dokumentuak egiazkoak direla.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Prozedura-gaietan Agindu honek aurreikusten ez duen guztirako azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da, hau da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta biharamunean izango da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko irailaren 1a.
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.