EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2015165

EBAZPENA, 2015eko abuztuaren 17koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, 2015eko ekitaldirako prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenari buruzko ebazpenak argitara emateko dena.

Xedapenaren data: 2015-08-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201503698
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2015/05/15ean argitaratutako 2015/05/06ko EBAZPENA [201502117]

GERTAKARIAK
1.– 2015eko maiatzaren 15ean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honako ebazpen hau eman zen argitara: Ebazpena, 2015eko maiatzaren 6koa, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiarena, 2015eko ekitaldiari dagokionez prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenaren eta diru-laguntzaren deialdia egiten duena.
2.– 2015eko ekainaren 2an amaitu zen eskabideak aurkezteko epea; eta Araban 16 eskabide aurkeztu ziren, Bizkaian 28, eta Gipuzkoan 25; hortaz, guztira, 69 eskabide, zehazki, enpresekin zerbitzuak itundurik izanik, haien prebentzioko ordezkariei dagokienez akreditatutako prebentzio-zerbitzuek, prestakuntza-zentroek (publikoek zein pribatuek) eta erakunde sindikalek egindako eskabideak, betiere egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dutelarik.
3.– 2015eko uztailaren 13an egindako batzarrean, Ebaluazio Batzordeak ebaluatu zituen eskabideak, betiere deialdiko oinarrietan ezarritako betekizunekin bat etorriz. Proposamena Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiari helarazi zitzaion, hark ebazpena eman zezan.
4.– 2015eko uztailaren 17an, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak ebazpenak eman zituen, 2015eko ekitaldiari dagokionez prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenarenari buruzkoak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– 2015eko maiatzaren 6an Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak emandako Ebazpenaren bidez, 2015eko ekitaldiari dagokionez prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenaren eta diru-laguntzaren deialdia egiten da. Bada, ebazpen horren 2. artikuluan xedatzen denez, «2015eko ekitaldiari dagokionez prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimena lortu ostean, diru-laguntza eskatu ahal izango dute honako hauek: prestakuntza-zentroek (publikoek zein pribatuek), sindikatuek, eta, orobat, enpresekin zerbitzuak itundurik izanik, haien prebentzioko ordezkariei dagokienez akreditatutako prebentzio-zerbitzuek, betiere egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badute».
2.– Aipatutako ebazpenaren 8.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, «eskabideak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izango da, deialdi hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera».
3.– Aipatutako ebazpenaren 9.1 artikuluak hau xedatzen du: «Ikastaroak emateko baimenari dagokionez, Osalaneko zuzendari nagusiari dagokio ebazpen honetan araututako deialdia ebaztea, Ebaluazio Batzordeak proposamena egin ondoren.»
4.– Aipatutako ebazpenaren 9.5 artikuluak honako hau ezartzen du: «publikotasunaren ondorioetarako, prestakuntza emateko baimen-eskabideei buruzko ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira».
Ondorioz, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2015eko ekitaldirako prebentzioko ordezkarien oinarrizko prestakuntza emateko baimenari buruzko ebazpenak argitara ematea, ebazpen honetako I. eranskinean jasota dauden erakundeei dagokienez.
Bigarrena.– Ebazpenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.
Hirugarrena.– Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osalaneko zuzendari nagusiari hilabeteko epean, edo bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa txandaz dagokion Bilboko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiaren aurrean, bi hilabeteko epean; bi kasuetan, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.3. eta 46.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Barakaldo, 2015eko abuztuaren 17a.
Osalaneko zuzendari nagusia,
IZASKUN URIEN AZPITARTE.