EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2015-09-01 Aldizkari honetan argitaratua: 2015165

AGINDUA, 2015eko abuztuaren 28koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Europako Gizarte Funtsaren finantzaketa eskatzeko deialdian parte hartzeari buruzkoa; deialdi hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan sartzen da.

Xedapenaren data: 2015-08-28
Hurrenkenaren zenbakia: 201503696
Maila: Agindua
Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketaren eskaera sustatu zuen 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren esparruan, 2015eko urtarrilaren 20ko Aginduaren bidez, 2015eko urtarrilaren 12ko Agindua ordezkatzen duena, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuarena, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzeko egiten den deialdian parte hartzeari buruzkoa; deialdi hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan sartzen da; 2015eko urtarrilaren 19ko 11. zenbakidun aldizkarian argitaratu da (EHAA, 19. zk., 2015-01-29koa).
Gazte Enplegurako Programa Operatiboa Estatu Espainiarrean Gazte Enpleguaren Ekimena ezartzeko tresna nagusia da, eta, horren bidez, Gazte Bermerako sistemak abiarazten dira, gazteen langabezia-tasa altuari aurre egiteko helburuarekin, zehazki, lanean, ikasten eta inolako prestakuntzarik jasotzen ari ez diren gazteena. Gazte Bermearen esparruan Gazte Enplegurako Programa Operatiboak batera finantzatutako jarduketen onuradun izateko, Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren Fitxategian izena eman beharko da.
Uztailaren 4ko 18/2014 Errege Lege Dekretuak, hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna handitzeko premiazko neurriak onartzen dituenak ezartzen zuen bezala (hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna handitzeko premiazko neurriak onartzen dituen urriaren 15eko 18/2014 Legea baliozkotu ondoren) Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren Fitxategian izena emateko, pertsonek honako baldintza hauek bete behar zituzten: 16 urte baino gehiago eta 25 baino gutxiago izatea, edo 30 baino gutxiago, % 33ko edo hortik gorako desgaitasun-maila duten gazteen kasuan. Baldintza horiek, argitaratu ziren unean indarrean zegoen legediari jarraikiz, agindu honetan jaso ziren: Agindua, 2015eko urtarrilaren 20koa, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko urtarrilaren 12ko Agindua ordezkatzen duena, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzeko egiten den deialdian parte hartzeari buruzkoa; deialdi hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan sartzen da; 2015eko urtarrilaren 19ko 11. zenbakidun aldizkarian argitaratu da.
Uztailaren 28ko bigarren aukeraren mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta ordena sozialeko beste neurri batzuei buruzko 25/2015 Legearen bidez, Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren Fitxategian izena emateko bete behar diren baldintzak aldatu dira. Beraz, Enplegu eta Gizarte Politika Sailak 2015eko abuztuaren 27ko Aginduaren bidez atzera egin du 2015eko urtarrilaren 20ko Aginduak hasitako prozeduran (agindu horrek Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren 2015eko urtarrilaren 12ko Agindua ordezkatzen du, eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzeko egiten den deialdian parte hartzeari buruzkoa da; deialdi hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan sartzen da; 2015eko urtarrilaren 19ko 11. zenbakidun aldizkarian argitaratu da).
Agindu honen bidez, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan sartzen den Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketa lortzea egungo esparru arauemailera egokitzen du.
Halaber, Europako Gizarte Funtsaren baterako finantzaketaren ehunekoa doitu da eta honako erabaki honen bidez ezarri da azkenean: Batzordearen 2014ko abenduaren 12ko Betearazpen-erabakia, «Gazte Enplegua» programa operatiboaren osagai zehatzak onesten dituena; programa horretarako, Europako Gizarte Funtsaren laguntzak eta Gazte Enpleguko Ekimenerako diru-kopuru espezifikoa eskatzen dira, Espainiarako enplegu eta hazkunde arloko inbertsioko helburuaren esparruan (K(2014) 9891 azkena). Beraz, erkidegoko funtsek % 91,89 finantzatuko dute, eta ez % 92,5.
Bestalde, agindu honen I. eranskinean zerrendatutako helburu espezifikoen zehaztapena Batzordeak Gazte Enplegurako Programa Operatiboan azkenean onetsitako testuaren hitzez-hitzezkotasunera egokitu da, idazketa kontua bakarrik dela eta ez duela edukian eraginik ahaztu gabe.
2015eko urtarrilaren 20ko deialdirako baliozko proposamena aurkeztu duten entitateei dagokienez, eta edukirik aldatu nahi ez badute, ez dituzte agiriak deialdi honetan berriro aurkeztu beharko, aurkeztutzat joko dira, baldin eta eskabideak aurkezteko epearen barnean egoera hori azaltzen duen idazkia aurkezten badute. Nolanahi ere, bazter utzitako deialdiaren araberako eskabideak aurkeztu ostean eragina izan edo aldatu diren proposamenek deialdi berri honetarako eskatzen den edozein gairi buruzko edozein aldaketa aurkeztu beharko dute.
Dena den, 2015eko urtarrilaren 20ko deialdira proposamena aurkeztu duten entitateek, proposamena aldatu nahi badute, eskabide berri bat aurkeztu beharko dute nahitaezko agiriekin batera, eta ez da kontuan hartuko 2015eko urtarrilaren 20ko deialdira aurkeztutako eskabidea.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1304/2013 (EB) Erregelamenduak, Europako Gizarte Funtsari buruzkoak, Kontseiluaren 1081/2006 (EB) Erregelamendua indargabetzen duenak, 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, Europako Gizarte Funtsak helburu hauek ditu: enplegu-maila eta enpleguaren kalitate-maila altuak sustatzea, lan-merkaturako sarbideak hobetzea, langileen mugikortasun geografikoa zein profesionala bultzatzea, langileak garapen iraunkorra bermatzeko beharrezkoak diren industria-aldaketara zein beharrezko ekoizpen-sistemen aldaketetara moldatzen laguntzea, pertsona guztiek hezkuntza- eta prestakuntza-maila altua edukitzea, gazteei heziketatik lanerako bidean laguntzea, txirotasunaren aurka borrokatzea, gizarteratzea babestea eta genero-berdintasuna, bereizkeriarik eza zein aukera-berdintasuna bultzatzea. Guzti horrekin, ekonomia-, gizarte- eta lurralde-kohesioa hobetzeko bidean Europar Batasunaren lehentasunei erantzuten lagunduko du.
Orobat, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1303/2013 (EB) Erregelamenduak (batetik, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari, Landa Garapeneko Europako Nekazaritza Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari dagozkien xedapen komunak ezartzen dituenak, eta, bestetik, Eskualde Garapeneko Europako Funtsari, Europako Gizarte Funtsari, Kohesio Funtsari eta Itsasoaren eta Arrantzaren Europako Funtsari dagozkien xedapen orokorrak ezartzen dituenak) 9. artikuluan xedatzen du gaikako zein helburutara bideratuko diren Funtsak, hazkunde adimentsu, iraunkor eta integratzailea lortzeko Batasunaren estrategiari laguntzeko, bai eta Funtsen misio bereziei ere, Itunean oinarritutako helburuak aintzat hartuta.
Europako Gizarte Funtsari buruzko 1304/2013 (EB) Erregelamenduak, 2013ko abenduaren 17koak, Funts horrek sustengatuko dituen inbertsio-lehentasunak ezartzen ditu, 1304/2013 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluak lehen lerrokadako 8., 9., 10. eta 11. puntuetan zehazten dituen gaikako helburuen arabera.
Euskal Autonomia Erkidegoan, apirilaren 9ko 19/2013 Dekretuari eta horren idazketa aldatzen duen maiatzaren 20ko 79/2014 Dekretuari jarraikiz, Enplegu eta Gizarteko Politiketako Sailari dagokio Europako Gizarte Funtsaren plangintza, kudeaketa, kontrola eta jarraipena egiteko beharrezko jardunak gauzatzea.
Era berean, Sail horrek du eskumena deialdi hau eta dagokion eragiketa-hautaketa egiteko, Programa Operatiboaren Kudeaketa Agintaritzak eginkizunak eskuordetzan emateko sinatutako akordioak ematen dion ahalmena dela medio.
Subsidiariotasunaren, proportzionaltasunaren, finantza-kudeaketa onaren eta osagarritasunaren printzipioak bermatzeko, arlo publiko eta pribatuaren parte-hartzea bultzatzeko eta asoziazio- zein gobernantza-printzipioak hainbat mailatan sustatzeko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du beste organismo eta erakunde batzuei Europaren finantziazioan parte hartzeko aukera ematea, Europako Gizarte Funtsaren esku-hartzeko arloen barruan eta, zehazki, Agindu honetan zehazten diren gaikako helburuetan eta inbertsio-lehentasunetan sartzen diren jarduketa-ildoen deialdi bat eginez.
Europako Gizarte Funtsetik datorren finantziazioaz gainera, parte hartzeko eskabidea aurkezten duten erakundeek beren jarduketa-proposamenen guztizko kostua ordaintzeko adina finantziazio dutela bermatu beharko dute, bai beren baliabideekin edo bai erakunde publiko zein pribatuetako finantzaketaren bidez.
2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboa Europako Gizarte Funtsaren esparruan garatzen da, 2014-2020 aldirako, Gazte Enplegurako Ekimena bideratu eta Gazte Bermerako sistemak abian jartzeko helburuarekin eta, azken buruan, gazteen langabeziari aurre egiteko. Espainiako gobernuak erabaki du lurralde osoko onuradunen kolektiboari eman beharreko arreta programa bakar batean biltzea; programa horren barruan tarte nazionala (Estatuko Administrazio Orokorrak finantzatu eta kudeatua) eta tarte autonomikoa (autonomia-erkidegoek finantzatu eta kudeatua) daude.
Lanean, ikasten eta inolako prestakuntzarik jasotzen ari ez diren eta eskualde hautagarrietan bizi diren gazteei zuzentzen zaie Gazte Enplegurako Ekimena; hautagarritzat jotzen dira 2012an % 25etik gorako gazte-langabezia zuten eskualdeak.
Gazte Bermea Kontseiluaren 2013ko apirilaren 22ko Gomendioan oinarritzen da (2013/C 120/01), eta estatuei eskatzen die gazteek enplegu-eskaintza ona, etengabeko hezkuntza, ikastun-prestakuntza edo praktika-aldia jaso behar dutela langabezian geratu ondorengo edo heziketa formala bukatu ondorengo lau hileetan.
Gazte Enplegurako Programa Operatiboan sartutako ekintzen hartzaileei Espainian «nini» gazteak deritze: langabezian daude eta ez dute ikasten ez inolako prestakuntzarik jasotzen. Kontzeptu hori NEET gazteen («neither in employment, nor in any education and training») ohiko definizioaren baliokide gisara ulertu behar da, Eurostatek adierazitakoaren harira Europako Batasuneko Enplegu Batzordeak 2010eko apirilean kontzeptu hura ezarri ondoren. Era berean, gazte horiek Gazte Bermerako Sistemaren fitxategian izena emanda egon beharko dute eta, horrenbestez, izena emateko eskakizunak bete beharko dituzte, modu horretan Gazte Bermeko neurri eta ekintzen hartzaile izan ahal izateko.
2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan, ekintza batzuk gazteei bideratzen zaizkie, zuzenean; beste batzuk, ordea, ekintza horien oinarrian dauden egiturekin eta sistemekin lotuta daude. Gazte Enplegurako Ekimenean (GEE), zehazki, «nini» gazteei zuzenean bideratutako ekintzak sartzen dira soilik, eta Ekimen horretatik kanpo gelditzen dira zuzeneko jarduketen garapenean sostengua ematen duten zeharkako jarduketak. Zuzeneko jarduketa horiek 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren 5. ardatzean jasotzen dira; ardatz horretara bideratzen da, hain zuzen, EBren GEErako aparteko ekarpena eta % 91,89ko finantziazioa jasotzen du.
Eusko Jaurlaritzak Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboan sartzen dituen finantziazioa jaso behar duten jardueren osagarritasun- eta gehigarritasun-printzipioak bermatze aldera, Agindu honek ezartzen du zer lan-arlotan sartu beharko diren aurkeztutako proposamenak –arlo horiek Programa Operatiboan garatutako Europako araudian zehaztutako gaikako helburuen eta inbertsio-lehentasunen barruan daude–, bai eta zer helburu espezifiko izan behar duten ere. Hau da, 8.2 inbertsio-lehentasuna, 8. gaikako helburua lortzen laguntzen duena: «Enpleguaren iraunkortasuna eta kalitatea sustatzea eta lan-mugikortasuna bultzatzea». GEEko funtsak 2014 eta 2015 urteetan programatu beharko direnez gero, Agindu honek bi urte horietan soilik izango du finantza-zuzkidura; nolanahi ere, N+3 araua aplikatuta, jarduerak 2018an bukatzeko aukera dago.
Hori guztia dela bide, eta Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 19/2013 Dekretua indarrean dagoelarik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
1.– Deialdi honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeek 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan lehia bidez parte har dezaten sustatzea; era berean, agindu honek ezartzen ditu Europako Gizarte Funtsaren finantziazioa jaso ahal izateko baldintzak, bai eta proposamenak zein entitateak balioesteko irizpideak ere.
2.– Deialdi honetan parte hartzen duten entitateek aurkezten dituzten jarduketa-ildoen esku-hartzeko eremuak zuzenean lotuta egon beharko dute Batasuneko araudiak ezarritako 8. gaikako helburuarekin eta 8.2 lehentasunarekin. Azken horiek gazteak eta, bereziki, langabezian daudenak eta ikasten ez inolako prestakuntzarik jasotzen ari ez direnak, lan-merkatuan iraunkorki integratzea sustatzeko ezarri eta hautatu ziren. Esparru horren barruan gara daitezkeen ekintzak agindu honen I. eranskinean zerrendatu dira.
3.– Aurkeztutako jarduketa-ildoak gauzatzeko epea deialdi hau argitaratzeko unean hasiko da, eta 2018ko abenduaren 31n bukatuko da, 1303/2013 Erregelamenduak 136. artikuluan xedatutakoaren arabera.
2. artikulua.– Finantza-zuzkidura.
1.– Hamabi milioi eurokoa (12.000.000 euro) izango da, gehienez ere, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren barruan deialdi honen bidez eman daitekeen laguntza, Europako Gizarte Funtsaren EAEko Programa Operatiborako tarte autonomikoari dagokiona.
EAEko Gazte Enplegurako Programa Operatiboan, Batasuneko funtsen finantzaketa % 91, 89koa izango da 5. ardatzean (ekintza zuzenak). Hala, bada, erakunde eskatzaileek ekintzen guztizko kostuaren gainerako % 8,11 bermatu beharko dute.
2.– Aurkeztutako partaidetza-proposamenen kostuen aurrekontuei dagokienez, honako muga hauek ezarri dira, Europako Gizarte Funtsaren laguntzaren zenbatekoari dagokionez: gutxienez 500.000 euro eta gehienez bi milioi euro.
3.– Europako Gizarte Funtsaren finantziazioan parte hartzeko agindu honen barruan, erakunde bakoitzeko bi eskabide onartuko dira gehienez ere, eta inolaz ere ez dira emango Europako Gizarte Funtseko diru-laguntzaren bi milioi euro baino gehiago erakunde eskatzaile bakoitzeko.
3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Aurkeztutako proposamenen babesean gauzatuko diren ekintzak, oro har, enplegua sustatu eta laneko mugikortasuna bultzatzeko gaikako helburuaren barruan (8. gaikako helburua) sartu beharko dira, Programa Operatiboaren 1. ardatzean; bereziki, inbertsio-lehentasunean (8.2) eta Agindu honen I. eranskinean zerrendatzen diren helburu espezifikoen barruan sartu beharko dira.
Ekintzak Gazte Bermearen esparrutik eratorritako ekintzaren baten onuradun izan daitezkeen pertsonei zuzentzen zaizkie eta, uztailaren 28ko 25/2015 Legeak, bigarren aukeraren mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta ordena sozialeko beste neurri batzuei buruzkoak, aldatutako urriaren 15eko 18/2014 Legeak, hazkundea, lehiakortasuna eta eraginkortasuna handitzeko premiazko neurriak onartzen dituenak, ezarritakoaren arabera, Gazte Bermerako Sistema Nazionalaren Fitxategian izena eman beharko dute.
Ekintzak Programa Operatiboaren Kudeaketarako Agintaritzak hautatutako operazioetara eta Jarraipen Batzordeak onartutako hautaketa-irizpideetara doituko dira (1303/2013 Erregelamenduaren 2., 110. eta 125. artikuluak).
4. artikulua.– Printzipio horizontalak.
1303/2013 (EB) Erregelamenduak 7. eta 8. artikuluetan Europako Egiturazko eta Inbertsioko Funtsen laguntzei buruz ezarritako printzipio horizontalak bermatze aldera, aurkeztutako jarduketa-ildoek berariaz eta programazioaren, gauzatzearen zein ebaluazioaren fase guztietan aplikatu beharko dituzte printzipio horiek, hots:
a) Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bultzatzea, ekintzen programatzeko zein gauzatzeko fase guztietan genero-ikuspuntua sartuz.
b) Bazterkeria-eza sustatzea eta gizarte-bazterketaren aurka borroka egitea.
c) Garapen iraunkorra.
5. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 Gazte Enplegurako Programa Operatiboan honako erakunde hauek izan ahalko dira finantziazioaren onuradunak:
a) Foru-aldundiak eta foru-sektore publikoa.
b) EAEko udalak eta tokiko sektore publikoko entitateak.
c) EAEko sektore publikoko entitateak.
d) EAEko tokiko edo eskualdeko garapenerako agentziak eta horiekin lotutako elkarteak.
e) EAEn egoitza edo ordezkaritza duten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak, legez osatuak, baldin eta horien jarduera eta gizarte-helburua bat badator 2014-2020ko EAEko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan parte hartzeko hautatutako gaikako helburuekin eta inbertsio-lehentasunekin, eta indarreko legeriak laguntza horien onuradun izateko ezarritako gainerako eskakizunak betetzen badituzte.
f) EAEn egoitza edo ordezkaritza duten entitateak, baldin eta horien merkataritza-jarduera xede sozial baten mende badago, lehentasunez, eta azken hamar urteetan bere irabazien % 70 xede sozial horiek lortzean inbertitu badute.
Zuzendaritza kudeatzaileak hori egiaztatzeko egokitzat jotzen dituen agiriak eskatu ahalko ditu, hala nola: ikuskapen-ziurtagiriak, emaitzen kontuak, irabaziak xede sozialetan aplikatu izanaren egiaztagiriak, etab.
2.– Hainbat erakundek lankidetzan aurkeztutako partaidetza-proposamenetan lehen onuradunaren irizpidea aplikatuko da; horrela, entitateek bat izendatuko dute arduraduntzat, eta entitate hori arduratuko da ordezkaritza-lanak egiteaz eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jartzeaz.
3.– Entitate eskatzailea pertsona juridiko bat denean, eskatzaile horri atxikitako beste pertsona juridiko batzuek diru-laguntza funtsatzen duten jarduera guztiak edo horietako batzuk haren izenean eta haren kontura gauzatzeko konpromisoa hartzen badute, kide horiek ere onuraduntzat joko dira.
6. artikulua.– Entitate onuradunen betebeharrak.
1.– Eusko Jaurlaritzaren aurrean solaskide gisara jardutea, bai eta, hala dagokionean, Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzailearen (aurrerantzean EGFUA) eta Europako Batzordearen aurrean ere.
2.– Europako Gizarte Funtsaren 2014-2020 Programa Operatiboaren babesean finantzatutako jarduerei buruzko jatorrizko agiriak gorde eta zaintzea Europako Batzordeak Programa Operatiboa itxi arte, agindu honen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
3.– Jarduerak garatu eta iraunarazteko adina aurrekontu-zuzkidura izatea.
4.– Kontabilitate-sistema berezia gordetzea Batasunaren finantziazioa jasotzen duten operazio edo ekintzekin lotutako transakzioetarako edo, gutxienez, kontabilitate-kodifikazio egoki bat edukitzea, transakzio horiek modu argian identifikatzeko modua ematen duena.
5.– Parte-hartzaileen datuak behar bezala erregistratzea, mikrodatuen mailan.
6.– Aplikazio informatikoen bidez tratatzen den informazioa behar bezala biltegiratzen dela eta osorik eta segurtasunez gortzen dela bermatzea.
7.– Hainbat entitatek batera parte hartzen duten jarduketa-ildoetan, entitate eskatzaileek bakoitzaren eginkizunak eta jarduerak zein diren azaldu beharko dute lankidetza-proposamenaren barruan. Eginkizun-banaketa egiteak esan nahi du, orobat, helburuak lortzeko eta adierazleak betetzeko entitate bakoitzak duen pisu finantzarioa ere esanbidez azaldu behar dela, eta zer erantzukizun finantzario hartu behar dituzten beren gain baldin eta Batasuneko laguntza itzultzeko eskatzen bazaie, finantza-zuzenketaren bat dela medio.
8.– Genero-ikuspuntua aplikatzeko gaitasuna ziurtatzea. Genero-arloan espezializatutako langilerik ez badute, adituren baten aholkularitza kontratatu beharko dute aurkeztutako jarduketa-ildoak garatzeko. Horren berri aurrekontuan jaso beharko da, esanbidez.
9.– Europako Gizarte Funtsaren laguntza jaso izana esanbidez adierazita uztea eta informazioa eta publizitatea bermatzea, aplikagarria den Batasuneko araudiaren arabera (1303/2013 Erregelamenduko XII. eranskina).
10.– Automatikoki egiaztatuko da eskaera egiten duten erakundeek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituztela, eta, horretarako, ez da eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duenak, 50.3 artikuluan.
11.– Eskualde-esparruko hainbat entitatek (Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoa) zein Europako Batasunekoek (Europako Batzordea eta Europako Kontuen Auzitegia) Europako Gizarte Funtsaren esparruan esleituta dituzten egiaztapen- eta kontrol-ekintzen mende jartzea.
12.– Entitateek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatu beharko dute, parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharrekoa, behean jasotzen diren baldintzak betetzeari dagokionez:
Entitate onuradunak ez duela jasotzen, deialdi honen babesean emandako jarduera-ildoetarako, Europako Egiturazko eta Inbertsioko Funts batekin finantzatutako beste programa operatibo bateko laguntzarik, ezta Batasuneko beste finantza-tresnaren bateko laguntzarik ere, eta ekintzak gauzatzeko unean halakorik jasotzen badu horren berri emateko konpromisoa hartzen duela.
Entitate eskatzailea ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion administrazio- edo zigor-arloko zehapen baten pean, eta ez daukala horretarako legezko debekurik.
7. artikulua.– Jarduketa-ildoen definizioa eta ezaugarriak.
1.– Agindu honen ondorioetarako, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan parte ahalko dute beren artean lotutako eta koordinatutako jarduera-multzoek, helburu espezifiko batzuk lortzeko esku-hartze integratua osatzen badute, aurreikusitako ekintza, produktu eta emaitzen arteko kausazko loturak erakusten dituen esku-hartzeko logika egoki batean oinarrituta, eta beharrezko giza baliabideak, baliabide materialak eta denbora-tarte jakin bat eskura izanik.
2.– Partaidetza-proposamenek emaitzetan oinarritutako ikuspuntua izan beharko dute. Eskakizun hori proposamenaren gauzatzearen eta emaitzen adierazleen bidez kalkulatutako balioen arabera aztertuko da, Europako Gizarte Funtsari buruzko 1304/2013 Erregelamenduak I. eta II. eranskinetan xedatutakoaren arabera.
8. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik.
2.– Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoaren barruan jarduketa-ildoak garatu nahi dituzten entitateek Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Erregistroan aurkeztu beharko dute bere eskabidea (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edota azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietako batean.
3.– Eskabidea agindu honen II. eranskinean jasotako inprimakia bete eta aurkeztuz egingo da.
4.– Hona hemen eskabide-orrian bete beharreko datuak: entitate eskatzaileari buruzko informazioa, beste entitate parte-hartzaileen izenak, partaidetza-proposamenaren izena eta helburuak, eta proposamen hori zer gaikako helburu, inbertsio-lehentasun eta helburu espezifikoren barruan sartzen den.
5.– 2015eko urtarrilaren 20ko deialdirako baliozko proposamena aurkeztu duten entitateek, edukirik aldatu nahi ez badute, ez dituzte agiriak deialdi honetan berriro aurkeztu beharko, aurkeztutzat joko dira, baldin eta eskabideak aurkezteko epearen barnean egoera hori azaltzen duen idazkia aurkezten badute. Hala balegokio, jarduketen egokitzapen kronologikoa aurkeztuko da, hots, aurkeztutako jarduketa-ildoen betetzeko denbora-eremuaren hasiera-data berria.
Nolanahi ere, bazter utzitako deialdiaren araberako eskabideak aurkeztu ostean eragin edo aldatutako proposamenek deialdi berri honetarako eskatzen den edozein gairi buruzko aldaketak aurkeztu beharko dituzte.
6.– Dena den, 2015eko urtarrilaren 20ko deialdira proposamena aurkeztu duten entitateek proposamena aldatu nahi badute, eskabide berri bat aurkeztu beharko dute nahitaezko agiriekin batera, eta ez da kontuan hartuko 2015eko urtarrilaren 20ko deialdira aurkeztutako eskabidea.
9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira jarraian zehaztuko diren agirien bina ale, bat paperean eta bestea informatika-euskarri batean (USB memoria edo CDa):
A) Memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa, osagai hauek azaltzen dituena:
1.– Jarduketa-ildoen deskribapena: Izenburua. Partaidetza-proposamenaren osagai nagusiak, xede-taldeak, esku-hartzearen logika, ezarpen-estrategiak eta, hala badagokio, parte hartzen duen kide bakoitzaren ekarpena.
2.– Jarduketen kolektibo hartzaileen egoeraren analisia.
3.– Lan-programa: helburuak ekintzak eta horien hurrenkera eta integrazioa, giza baliabideak eta baliabide materialak, kronograma.
4.– Gauzatzearen eta emaitzen adierazleak helburu espezifikoari dagokionez. 2016 eta 2018 urteetarako dagozkion helburuak zehaztu beharko dira.
5.– Guztizko aurrekontua, ekintzen eta urteen arabera zehaztuta. Aurrekontuan sartu beharko da, dagokionean, 6.8 artikuluan aipatutako genero-arloko aditu-aholkularitza kontratatzeko beharra.
6.– Informazio-sistema, ekintzen jarraipena eta ebaluazioa egiteko eta datuak elkartrukatzeko balioko duena.
7.– Erabilitako kudeaketa-sistemen deskribapena, aukera hauen artean: 1) diru-laguntzen deialdia; 2) zuzeneko kudeaketa; 3) hitzarmena; 4) zerbitzuak kontratatzea.
Kudeaketa-sistema diru-laguntzen deialdia eta hirugarrenekin hitzarmena bada, memorian honako hau azaldu beharko da:
– Deialdiaren barruan operazioak hautatzeko baliatutako irizpideak.
– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoan emandako laguntzen trazabilitatea eta egokitasuna ziurtatzeko modua ematen duten alderdi guztiak.
8.– 6.7 artikuluaren arabera, proposamen batean hainbat entitatek batera parte hartzen badute, zehaztapen hauek jasotzen dituen agiri bat aurkeztu beharko da: entitate bakoitzaren jarduera eta pisu finantzarioa, helburuak lortzeko orduan entitate bakoitzak duen eginkizuna, eta zer erantzukizun finantzario hartu behar dituzten beren gain baldin eta Batasuneko laguntza itzultzeko eskatzen bazaie, finantza-zuzenketaren bat dela medio.
B) Entitatearen memoria, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa, osagai hauek azaltzen dituena:
1.– Entitateak azken hiru urteetan egindako lanak, honako hauek nabarmenduz: ohiko desberdintasun-eskemak haustera bideratutako proiektuak (halakotzat jotzen dira nazionalitatea, sexua, arraza edo jatorri etnikoa, erlijioa edo sinesmenak, desgaitasuna, adina edo sexu-joera direla medio sortutakoak), eta garapen iraunkorraren ikuspuntua barne hartzen duten jarduerak edo prozesuen kudeaketak.
2.– Entitateak kudeatutako proiektuen artean, erakunde nazional zein europarren diru-laguntzak jaso dituztenen zerrenda.
3.– Halakorik balego:
a) Entitate eskatzaileak berdintasunaren arloan izan ditzakeen enpresa-ziurtagiri edo -bereizgarriak, edo emakume eta gizonen arteko aukera-berdintasunaren arloko laguntzaile gisara jasotakoa.
b) Kudeaketaren kalitatearen edo bikaintasunaren arloko ziurtagiri edo bereizgarriak.
4.– Jarduketak gauzatu eta kudeatzeko beharrizanak estaltzera bideratzea aurreikusten diren giza baliabideak.
C) III. eta IV. eranskinak, behar bezala beteta, eta entitate eskatzailearen legezko ordezkaritzaren kreditazioa irabazi asmorik gabeko entitate pribatuen kasuan edo, 5. artikuluko e) eta f) atalen arabera, beren merkataritza-jarduera lehentasunez gizarte-helburu baten mende duten entitateen kasuan. Entitate publikoen kasuan, eskariak eskumeneko organoak egin beharko ditu.
10. artikulua.– Eskabidean egindako hutsak zuzentzea.
Diru-laguntza eskaerak oso-osorik eta behar bezala betetzen ez badira edo derrigor aurkeztu beharreko agiriekin aurkezten ez badira, eskatzaileari hamar eguneko epea emango zaio, akatsa zuzendu dezan edo falta diren agiriak aurkez ditzan, eta ohartaraziko zaio ezen, agindutakoa bete ezean, eskariari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, Administrazioak eskariari buruzko ebazpena esanbidez eman beharra dauka, baita jakinarazi beharra ere, hala xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71.1 eta 42.1 artikuluetan.
11. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzea. Zuzendaritza hori Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiken Sailari atxikita dago.
12. artikulua.– Eskabideen Balioespen Batzordea.
1.– 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoaren barruan Europako Gizarte Funtsaren finantziazioa jasotzeko eskabideak Balioespen Batzordeak aztertuko ditu; Batzorde hori berariaz sortuko da eginkizun horretarako.
2.– Honako kide hauek izango ditu Balioespen Batzordeak:
Eusko Jaurlaritzako Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako zuzendaria edo horrek ordezkaritzat izendatutakoa; berdinketaren kasuan, kide honek kalitate-botoa izango du.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendaria.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko edota Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko teknikari-profila duten lau pertsona, berariaz izendatuak; horietako batek idazkari-lanak egingo ditu, eta hitza adierazteko zein botoa emateko eskubidea izango du.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko berdintasuneko teknikaria edo, bestela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko berdintasuneko teknikaria.
3.– Balioespen Batzordea osatu behar duten pertsonak izendatzerakoan, gaitasun, ahalmen eta prestakuntza egokiak dituzten emakume eta gizonen presentzia orekatua sustatuko da, Emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Balioespen Batzordeak ezaguera-arlo jakin batzuetako adituen aholkularitza eskatu ahalko du eskabideak aztertzeko orduan, ebaluatu beharreko irizpidearen edo azpi-irizpidearen izaerarengatik gomendagarria denean.
5.– Eskabideak aztertzean, Balioespen Batzordeak agiri gehiago aurkezteko eskatu ahalko diete eskatzaileei aurkeztutako proposamena hobeto ulertzeko beharrezkoa bada.
6.– Agindu honen 13. artikuluan zehaztutako balioespen-irizpideetan oinarrituta, Balioespen Batzordeak aurkeztutako eskabideei buruzko ebazpen-proposamena egin eta igorriko dio eskumeneko organoari.
7.– Agindu honetan aurreikusi gabeko alderdi guztietarako, Balioespen Batzordea kide anitzeko organoen funtzionamenduari buruzko arauei lotuko zaie, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak II. Tituluaren II. Kapituluan xedatutakoaren arabera.
13. artikulua.– Laguntza emateko prozedura eta eskabideak hautatu eta balioesteko irizpideak.
1.– Agindu honetan araututako laguntzak emateko prozedura publizitate, lehia eta objektibotasun printzipioekin bat etorrita gauzatuko da.
2.– Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoren hasiko da aurkeztutako eskabideen balioespena.
3.– Eskabideak balioestean aurkeztutako proposamenen kalitatea hartuko da oinarritzat, entitate eskatzaileen memoriak eta gaitasun tekniko zein administratiboak aintzat hartuta. Era berean, proposamenen edukia agindu honen 9. artikuluan xedatutakoari lotu beharko zaio.
4.– Eskabideen balioespena 0 eta 100 puntu bitarteko eskalan egingo da. Honako hauek dira balioespen-irizpideak eta horien puntuazio-baremoa:
4.1.– Proposamenaren kalitatea 82 puntu.
a) Jarduketa-ildoen diseinua: argitasuna, beharrezkotasuna eta garrantzia 20 puntu.
b) Aurreikusitako emaitzak 20 puntu.
c) Planteamendu metodologikoa 20 puntu.
d) Printzipio horizontalak betetzea eta, bereziki, genero-ikuspuntua jarduketaren fase guztietan sartzea 12 puntu.
e) Berrikuntza 10 puntu.
4.2.– Entitate eskatzaileen gaitasun tekniko eta administratiboa 18 puntu.
a) Gaitasun teknikoa 10 puntu.
b) Gaitasun administratiboa 8 puntu.
Entitate eskatzaileen proposamenak eta gaitasunak balioesteko azpi-irizpideak agindu honen V. eranskinean kontsulta daitezke.
5.– Balioespen-irizpideen arabera gutxienez ere 60 puntu lortzen dituzten proposamenek izango dute finantziazioa jasotzeko aukera. Gutxieneko puntu-kopuru horretara iristen ez diren proposamenak ez dira aintzat hartuko.
6.– Entitateek eskakizunak betetzen dituztela aztertu eta proposamenen kalitatea balioesteko prozesua bukatu ondoren, eskabideak lortutako puntuen araberako hurrenkeran sailkatuko dira, puntu gehien duenetik gutxien dituenera; ondoren, diru-laguntzak entitate onuradunen artean banatuko dira, agindu honen 2. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
7.– 60 puntu baino gehiago lortu dituzten proposamenei eman beharreko Europako Gizarte Funtseko laguntzaren kopuruak 2.2 artikuluan ezarritako muga gainditzen badu, puntu gehien duten proposamenak hautatuko dira, muga horretara iritsi arte.
8.– Balioespen-prozesuan lortutako puntuen araberako hurrenkerari jarraikiz azken proposamen hautagarriari dagokion kopuruak 2.2 artikuluan ezarritako gutxieneko muga gainditzen ez badu, baina kopuru hori eskatutako zenbatekoaren guztizkoa estaltzeko nahikoa ez bada, jarduketa-proposamena eskuragarri dagoen zenbatekora birdoitzeko aukera emango zaio entitate eskatzaileari.
9.– Batasuneko finantziazioaren soberakina 2.2 artikuluan ezarritako gutxieneko mugatik beherakoa bada, 2014-2020ko Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren tarte autonomikoaren esparruan finantzatu beharreko programak eta jarduketa-ildo propioak aurkezteko gordetzen duen funtsera erantsiko dio Eusko Jaurlaritzak.
14. artikulua.– Diru-laguntzak emateko ebazpena.
1.– Agindu honen 13. artikuluan aipatutako Balioespen Batzordearen ebazpen-proposamena ikusi ondoren, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Laneko sailburuordeak adostuko du, berariazko ebazpenaren bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan Europako Gizarte Funtsaren Programa Operatiboan parte hartu duten laguntzak ematea.
2.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie eskatzaile guztiei, aurkeztu duten proiektuaren arabera; hala eta guztiz ere, eskatzaile guztiek izango dute espedientea osorik kontsultatzeko eskubidea, eta ebazpena argitara emango da, artikulu honen 7. zenbakian aipatzen den bezala.
3.– Entitate interesatuek laguntza emateko ebazpenaren jakinarazpena jaso ondorengo 10 egun baliodunetan adostutako laguntzari esanbidez uko egiten ez badiote, Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Enplegurako Programa Operatiboan parte hartzea onartu dutela ulertuko da. Finantziazio-eskaera onartzen ez bada, ebazpenak horren arrazoi zehatzak adieraziko ditu, ezarritako eskakizun eta balioespen-irizpideetan oinarrituta.
4.– Emateko ebazpenak honako eduki hauek izango ditu, gutxienez:
a) Erakunde onuradunaren izena eta onartutako jarduketa-ildoen izendapena.
b) 2014-2020ko Euskal Autonomia Erkidegoko Gazte Enplegurako Programan parte hartzeko ildoen helburua eta indarraldia. Onartutako jarduketa-ildoen deskribapen laburra.
c) Europako Gizarte Funtseko laguntzaren zenbatekoa.
d) Justifikazio- eta ordainketa-sistema.
e) Ikuskapen-, jarraipen- eta kontrol-sistema.
5.– Ebazpen horiek ez dute administrazio-bidea agortzen, eta horien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean jakinarazpen-egunaren biharamunetik zenbatzen hasita, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 107. eta hurrengo artikuluetan xedatutakoari jarraikiz.
6.– Ebazpena entitate eskatzaileei jakinaraziko bazaie ere, emandako laguntzen berri emango da legeak ezarritako baldintzetan.
15. artikulua.– Ebazteko epea eta administrazio-isiltasuna.
Ebazpen honen babesean egindako jarduketa-ildoak onartzeko eskaerak ebazteko eta jakinarazteko gehienezko epea hiru hilabetekoa izango da, eskabideak aurkezteko azken egunetik zenbatzen hasita.
Epe horretan esanbidezko ebazpenik eman ez bada, aurkeztutako eskabideak ukatu direla ulertuko da, hala xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 44.1 artikuluan. Horrek ez du esan nahi, ordea, Administrazioak esanbidez ebazteko betebeharrik ez duenik.
16. artikulua.– Jarduketen eta gastuen justifikazioa.
1.– Laguntzaren entitate onuradunak urtero aurkeztu beharko du aurreko urteari dagokion Gauzatze Txostena, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikitako Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzak eskatutako data eta baldintzetan.
Urteko Gauzatze Txosten horrek jarduketa justifikatu beharko du agindu honetan ezarritakoari dagokionez, bai Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzailearen aurrean eta bai, azken buruan, Europako Batzordearen aurrean ere. Txosten horretan jarduketaren azken hartzaileen datuak jasoko dira, horrela jarraipen- eta ebaluazio-arloko eskakizunak bete ahal izateko, Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Legeak ezarritakoari men eginez.
2.– Laguntzaren entitate onuradunak jarduketak gauzatzetik eratorritako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkio Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, horrek emandako jarraibideei eta agindu honen 6. artikuluan aurreikusitako komunikazio- eta publizitate-betebeharrak aintzat hartuz, beti ere. Jarraibide horiek, berriz, 1303/2013 Erregelamenduak 67. eta 68. artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduak 14. artikuluan xedatutakoari men egin beharko diote sinplifikatutako kostu-aukerei dagokienez. Gai horrekin lotuta, kudeaketa-metodo gisara diru-laguntzen deialdia edo hitzarmenak dituzten entitateei agintzen zaie 1304/2013 Erregelamenduak 14.4 artikuluan xedatutakoa bete behar dutela aurreko artikuluetan aipatutako sinplifikatutako kostu-sistemak aplikatzean, baldin eta laguntza publikoaren zenbatekoa 50.000 eurokoa edo gutxiagokoa bada.
Jarduketak gauzatzeko gastuen agirizko justifikazioak bermatu beharko du gastuak itzultzeko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko modua ematen duen kontu-ikuskapeneko pista bat dagoela.
3.– Txostenarekin eta gastuen urteko justifikazioarekin batera, entitateak Urteko Jardueren Plangintza bidali beharko du, hurrengo urteko plangintza jasoko duena, xehetasun hauekin: helburuak, adierazleak, ekintzak eta horietara bideratutako aurrekontua, eta hasieran emandako jarduketa-ildoekiko aurreikusitako desbideratzeak. Plangintza horrek Plangintzako eta Enpleguaren Berrikuntzako Zuzendaritzaren esanbidezko onarpena jaso beharko du eta ikuskapen-lan horrek urteko esleipena aldatzea eragin dezake, Agindu honen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat.
17. artikulua.– Gastuak diruz laguntzeko aukera.
1.– Gastuak diruz laguntzeko aukera Agindu hau Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta 2018ko abenduaren 31n amaituko da.
2.– Diruz lagun daitezkeen gastuak 1303/2013 Erregelamenduko 65. artikuluan eta 1304/2013 (EB) Erregelamenduko 13. artikuluan araututa daude, bai eta Egiturazko Funtsen finantziazioa jasotzen duten operazioetako gastuak finantzatzeari buruz aplikagarriak diren Batasuneko, estatuko, eskualdeko zein tokiko araudietan ere.
Oro har, entitate onuradunak ordaindu dituen eta jarduketekin zuzenean lotuta dauden gastuak onartuko dira, gastu hauek salbu: zeharkako zergak, horiek berreskuratu edo orekatzeko aukera dagoenean; errentaren gaineko zerga pertsonalak; zorren interesak; altzariak, ekipamendua, ibilgailuak, azpiegiturak, ondasun higiezinak eta lursailak erostea, berriak zein bigarren eskukoak direla; interesak, gainordainak eta administrazio-zehapenak zein zehapen penalak; eta prozedura judizialen gastuak.
Erakunde batek baino gehiagok parte hartzen duten jarduketa-ildoen kasuan, entitate horien artean zerbitzuak azpikontratatzen badira, kontratazio hori merkatu askeko baldintzetan egin beharko da.
18. artikulua.– Ordaintzeko sistema.
1.– Europako Batzordeak arlo honetan egin ohi duenari jarraikiz, ordainketak laguntzaren entitate onuradunek gauzatu eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutako kostuen justifikazio-prozeduren arabera egiaztatutako gastuetan oinarrituta egingo dira.
2.– Hala eta guztiz ere, Europako Batzordeak 1303/2013 (EB) Erregelamenduko 81. artikuluan araututako aurrefinantzaketa gertatzen bada, entitate onuradunari aurrefinantzaketa horri dagokion zatia ordainduko zaio, Eusko Jaurlaritzak jasotzen duen unean.
3.– Europako Gizarte Funtsaren Unitate Administratzailearen bidez igorritako diru-itzultzeak jaso ondoren ordainduko da Europako Gizarte Funtsaren finantziazioa, Europako Batzordearengandik jaso eta gero. Hala eta guztiz ere, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Programa Operatiboan parte hartzen ari zirela hasitako itzulketa- edo zigor-prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.
19. artikulua.– Laguntzen entitate onuradunen programazio-proposamen berriak eta ebazpenaren aldaketak.
Gizartearen, ekonomiaren edo lanaren egoera nabarmenki aldatzen bada eta aldaketa horiek modu adierazgarrian eragiten badiete EGFren laguntzarekin lotutako beharrizanei eta hartzaile izan daitezkeen pertsonei, edo entitateren batek ez badu gauzatzen, edo hein batean soilik gauzatzen badu esleitu zaion urteko zenbatekoa, Programa Operatiboaren entitate onuradun horiek programazioa-proposamen berria egin ahalko dute, behar bezala argudiatuta, beti ere. Hona hemen proposamena nola egin behar den:
1.– Plangintzako eta Enplegu Berrikuntzako Zuzendaritzak proposatutako aldaketen edo entitateari gertatutako desbideratzeen azalpen-txostena aztertuko du, bai eta, hala dagokionean, entitate onuradun horrek igorritako Urteko Jardueren Plangintza ere. Informazio horretan oinarrituta, urteko esleipen berri bat egingo da, iraunaldiaren bukaerara arte, 1303/2013 Erregelamenduaren 136. artikuluan araututako n+3 araua aintzat hartuta.
2.– Aurreko zenbakian azaldutako esleipen berriaren ondorioz funtsak aske gelditzen badira, lehen aukera gisara funts horiek entitate berari esleituko zaizkio, Programa Operatiboaren esparruan onartutako beste jarduketa-ildoren bat badu. Entitate horrek funts gehiago jasotzeko biderik ez badu, berriz, aske gelditutako funts horien berri emango zaie Programa Operatiboan parte hartu duten entitateei, beren jarduketa-ildoak osatu eta hobetzeko gastu hautagarriaren esleipena igotzeko eskaera justifikatua aurkez dezaten. Eskaera horiek 12. artikuluan aurreikusitako Balioespen Batzordeak aztertuko ditu eta, eskaera berriei 13. artikuluan bildutako balioespen-irizpideak aplikatuz, gastua berriz esleitzeko proposamena igorriko dio Enplegu eta Laneko sailburuordeari, azken horrek dagokion emateko ebazpena eman dezan.
3.– Nolanahi ere, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak askatutako funts horiek Eusko Jaurlaritzaren jarduketetara bideratzeko aukera gordetzen du, jarduketa horiek deialdi honen xede den Programa Operatiboaren gaikako helburuen, inbertsio-lehentasunen eta helburu espezifikoen barruan sartzen diren heinean, beti ere.
4.– Era berean, hautemango balitz entitate onuradunen batek ez duela betetzen eman zaion esleipenaren ibilbide finantzarioa (n+3) eta horren ondorioz, 1303/2013 Erregelamenduak 136. artikuluan aipatzen duen bezala, Batzordeak aurrekontu-konpromisoa askatzeko arriskua eragiten badu, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak baliatu ahalko du gauzatu gabeko zenbatekoa, entitateari horren berri eman eta datuak alderatu ondoren, edo gastu-gaitasuna duen beste entitate bati esleitu (kasu horretan 2. atalean ezarritakoaren arabera jokatu beharko da) edo Eusko Jaurlaritzaren ekintzetara bideratu ahalko du.
5.– Baldintza jakin batzuetan beharrezkoa izan daiteke programazio berria Europako Batzordeak edo Programa Operatiboaren Jarraipen Batzordeak onartzea.
20. artikulua.– Agirien eskuragarritasuna.
Laguntzaren erakunde onuradunek hiru urtez gorde beharko dituzte, eragiketaren gastuak sartuta dauden kontuen aurkezpenaren ondorengo abenduaren 31tik zenbatzen hasita, finantzatutako gastuei buruzko ziurtagiri guztiak edo jatorrizko agiriekin bat datozen kopia egiaztatuak, oro har onartutako datu-euskarrietan.
Agiri horiek jatorrizkoetan edo jatorrizkoen kopia konpultsatuetan gordeko dira, edo oro har onartutako datu-euskarrietan, bereziki jatorrizko dokumentuen bertsio elektronikoak edo bertsio elektronikoan soilik dauden agiriak.
AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA
Agindu honetan administrazio-prozedurari dagokionez aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea bete beharko da.
AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, hala xedatzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, 107. eta hurrengo artikuluetan. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke, zuzenean, EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak 10.1.a) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2015eko abuztuaren 28a.
Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua,
ANGEL TARSICIO TOÑA GÜENAGA.